| Jaurlaritzaren Kontseiluak gaurko egunaren garrantzia eta sinbologia -urriaren 25aren garrantzia eta sinbologia, alegia- azpimarratzeko onetsi du adierazpen instituzional hau; izan ere, historian zehar gaurko egunez izan diren gertaerek izugarrizko garrantzia izan dute Euskal Herriaren bilakaera politikoan eta, batez ere, bilakaera sozialean.
Halabeharrak, gertaeren bilakaerak, eta abarrek eraginda, Euskal Herriak sufritzeko edota ospatzeko eguna izan du urriaren 25a hainbat urtetan, batzuetan askatasunez onartu edota bultzatu dituelako eta beste batzuetan gogoz kontra ezarri dizkiotelako zenbait lege erabaki; izan ere, lege erabakiok erabakigarriak izan baitira beti Euskal Herriari herria eta nazioa izateagatik dagozkion eskubide kolektibo nahiz indibidualak baliatzeko./p>
Batez ere etorkizunari begira ari da lanean Eusko Jaurlaritza; baina gaixoak iragana nahita edo nahi gabe ezagutzen ez duten herriak eta pertsonak! Tarte historikoa, esperientzia eta ikasketa aldetik, euskarririk seguruena da egungo eta etorkizuneko erabakiak hartzerakoan huts ez egiteko.
Horregatik, gaur 1839ko urriaren 25a gogoratu behar dugu gutxienez, egun horretan "Ley Abolitoria de los Fueros de las Provincias Vascongadas y de Navarra" delakoak monarkiaren batasun konstituzionala inposatu zielako historia zehar lehenengo aldiz gure Herriaren eskubide eta askatasunei muga eta langa modura. Edo gauza bera dena, muga eta langa ezarri zion gure Herriaren subiranotasunari, Espainiak artean subiranotasun hori elkar onetsi eta askatasunez elkartzeko aurrez ezarritako eta adostutako ereduei jarraiki konpartitu bazuen ere gurekin.
Lege indargabetzaile hark errespetuaren eta erabakitzeko askatasunaren gainean eraikitako elkarbizitza ohituraren haustura eragin zuen eta amaiera eman zion 1812ko Cadizeko Konstituzioak "Espainiako biztanle guztien batasun nazionala" zehaztu zuenean hasitako bideari.
Horrela sortu zen gaur ere konpondu gabe jarraitzen duen auzi bat; alegia, Espainiako Estatuak izaera plurinazionala duen ala ez duen. Auzi horrek berebiziko garrantzia du harreman historiko eta sozialak konpartitzen ditugun herrien elkarbizitza eta errespetu formulak zehazteko; eta erakusten digu egun eguneko dela gaur egun Eusko Legebiltzarrean eta nazio nortasunaren sentimendua duten Estatuko beste parlamentu batzuetan burutzen ari den eztabaida hori.
Urriaren beste 25 batean, 1979an, Gernikako Estatutua onartu zuen Euskadik. Hura ere une historiko erabakigarria izan zen, Estatutuak, legezko testu bat ezezik, honako hauek ere eskaini baitzizkion euskal gizarteari: batetik, diktaduratik demokraziarako bidea; bestetik, berezko erakundeetan, erakunde komunetan eta foru erakudeetan sinbolizatzen zen nortasun politikoa berreskuratzea; eta azkenik, eginkizun eta zerbitzu publiko garrantzitsuak hezkuntza, osasuna, Kontzertua, segurtasun publikoa, esaterako , gure erkidegoa Europako batezbesteko ongizate mailatik gora eramanez.
Hori guztia ontzat eman zuten biztanle gehienek, une hartako joera historikoa aldatzeko aukeratzat jo baitzuten Gernikako Estatutua. Une hartan oinarrizko eskubideak eta askatasunak falta baitziren eta politikaren, gizartearen eta kulturaren edozein ezaugarri euskara, batez ere zigortzen baitziren. Horregatik, herritar gehienek "Estatutua BAI" pankartaren azpian bildu ziren.
Eta gizartearen ikuspegi hark, alde batetik, eta, bestetik, haustura ezaren eta erreformaren aldeko apustu politikoak "Estatutua BAI"k adierazten zuen apustu politikoak, hain zuzen emaitza erabakigarriak eman ditu gure Herriaren elkarbizitza, ongizate politiko, sozial eta kulturalerako. Estatutuaren bidea egin dugulako gara gaur garena. Eta gaur, helburu kolektiboak izan ditzakegu, Estatutuak eman dizkigun erakunde eta politika publikoak garatzeko aukera dugulako batez ere.
Bi hamarkada eta erdi hauetan bi gertakari izan dira, oroimen kolektiboan naturaltasun osoz finkatu direnak gure ustez. Bat: euskal erakundeek (Jaurlaritzak, foru aldundiek eta udalek) bultzatu dute etengabe Herri honen garapena. Gure erakundeak aritu dira "gurditik tiraka" Estatutuaren garapena bermatzeko, eta batzuetan oztopo bat gainditu behar izan dute eta beste batzuetan oztopo horren kontra topo egin dute, Estatuko erakundeek etengabe Estatutua betetzearen kontra agertu direlako, atzeratu dutelako eta kaltetu dutelako.
Konstituzio sistemaren arabera, Estatuak autonomia sistema garatzeko ezinbesteko lankidea izan behar zuen; Estatuak, aitzitik, askotan beste zeregin bat bete du ikuspegi historikorik ez duela erakutsiz: eragile ez eraginkorrarena, ixteko eragilearena, mugatzailearena, uko egilearena. Hasieratik burutu zuen zeregin hori, Estatuko politikak "Adituen Batzordea" deitutakoaren estrategiak eta erabakiak onartu zituenean eta LOAPA sortu zuenean. Gaur egun ere zeregin horri eusten dio euskal eskumeneko zerbitzu publikoak erabiltzea boikoteatuz inongo argumenturik gabe, erraztasun handiz esanez halako transferentzia ez dagoela Gobernu Zentralaren agendan edo beste hura transferitzea ez dela komeni.
Euskadi eta Estatuaren arteko harremanetan etengabe erabili izan dute Estatutua alderdi politikoek beraien helburuetarako; Euskal Herriak berariaz onetsitako legei iruzur egin diete etengabe; joko arauak gutxietsi dituzte etengabe bi hamarkada baino gehiagotan.
Lehen aipatzen nuen bigarren gertakaria oso erraza da eta, gure ustez, oso zabaldua dago gizartean. Esan nahi dugu autogobernua eta gizartearen ongizatea bat datozela argi eta garbi gehienen ustez. Izan ere, euskal gizarteak argi egiaztatu ahal izan du zerbitzu publiko bat Euskadik antolatu eta eskaintzen duenean zerbitzu hori hobea eta eraginkorragoa izaten dela. Herritarrek uste osoa dute euskal zerbitzu publikoetan, zerbitzuon hurbiltasunean eta kalitatean./p>
Egia da zenbait joera politikok azken urteotan Euskadin eta Europako beste toki batzuetan berriro jabetu direla pentsamendu zentralizatzaileaz eta, modernitatearen eta globalizazio prozesuek eragindako premiaren itxura emanez, sistema partehartzaileen aldeko apustua egiten da, eta erabaki eremuak gutxiagotzeko eta murrizteko.
Neozentralismoa berpiztu bada ere, "pentsatu orokorrean, ekin tokian" ("Think globaly, Act localy") lemak egiaztatzeko aukera bikaina izan du gure Herrian, baita beste zenbait naziotan eta eskumen legegilea duten beste zenbait erkidegotan ere. Gure iritzian, autogobernu gehiagok ongizate gehiago dakar; autogobernu gehiagok zerbitzu publiko gehiago eta hobeak dakartza.
Azpimarratzeko hirugarren urriaren 25ean, 2003koan, Jaurlaritzak Gernikako Estatutua Erreformatzeko Proposamena onartu zuen eta Legebiltzarrari eta euskal gizarteari aurkeztu zien. Egitasmo hori legegintzaldi honetako eztabaida politikoaren ardatza izan da, jakina; argi eta garbi planteatu baitu testu artikulatu baten bitartez gure elkarbizitzarako ituna berriztatzea, Euskadin bizi garenon artean Espainiako Estatuarekiko.
Zer da Erreforma Proiektua?
- Proiektu eta alderdi politiko ezberdinen arteko elkarbizitzarako proposamen orekatu bat, Euskadin oraingoz lortu ahal izan den lehenengo adostasuna eta adostasun zabalena adierazten duena.
- Jaurlaritzak berariaz adierazitako konpromiso bat betetzea, Lehendakariak Legebiltzarrean behin baino gehiagotan berriztatu duena. Jaurlaritzak euskal gizarteari berretsi nahi dio beteko dituela agindutako konpromisoak, beti ere, euskaldunek etorkizuna bakean eta askatasunean erabakitzeko duten ahalmena defendatzeko eta bermatzeko.
- Eskubideen eta askatasunen gure sistema politikoa eguneratu eta berriztatzeko ekimen politiko bat. Gure autogobernua aldatzeko apostu garbia, gure autogobernuak dituen alde on ugariei eutsita eta zenbait alor hobetuz, hamarkada hauek zenbait alor indartu eta bermatu behar direla erakutsi baitigute.
- Jaurlaritzak eraginkor erabiltzea Gernikako Estatutua aldatzeko Estatutuan bertan gaur egun indarrean dauden joko arauen arabera dituen eskumenak, eta horrela legezko ekimena burutzea..
- Denboran zehar adierazpide ugari izan dituen elkarbizitza-itun historikoa berritzea. Azken finean, gure nortasuna bultzatu nahi dugu XXI. mendearen hasieran, Euskal Herria unitate soziologiko eta kulturala dela baietsita eta gure herria eratzen duten egitura politiko-administratibo desberdinen arteko hartu-emanerako tresnak aurreikusita.
- Ikuspegi herritarra ezartzea berdintasunaren eta elkartasunaren aldeko eskubide eta askatasunak aldarrikatzeko eta erabiltzeko, Euskadin bizi diren guztientzat aldarrikatzen baitira, jaioterria, pentsamoldea, sexua edo beste edozein egoera alde batera utziz.
- Beste konpromiso bat gure gizartearekiko oraingoa etorkizunerako , Euskadin bizi diren gizon eta emakume bakoitzarekiko, eskubide nagusi bat banan-banan bermatzeko; alegia, elkarbizitzarako proiektu honi buruzko borondatea eta erabakia adierazteko aukera izatea berariazko galdeketa baten bidez.
Bukatzeko, gaurko egunaren, urriaren 25aren, data bera duten gertaera historiko horiek aipatzeak erakusten du badela gatazka politiko bat eta oraindik ere konpondu gabe irauten duela gatazka politiko horrek Euskadiren nortasun nazionalari buruz eta elkarbizitzarako formulak bilatzeari buruz, Herri honetan bizi, lan egin eta etorkizuna eraikitzen ari diren herritarren baldintzak hobetzeko.
Gaurko egunak beste zerbait ere argi adierazten du; hau da, Euskal Herriaren eskubideak eta askatasunak oraingo Espainiako Konstituzioaren aurrekoak direla. 1978ko Konstituzioak Euskal Herriari ez dio eskubide politikorik ematen, ezta sortzen ere; aitzitik, eskubide historikoak izanik, onartu, babestu eta errespetatu egiten ditu eskubide horiek. Hauxe da Lehenengo Xedapen Gehigarria eta Xedapen Indargabetzailearen 2. idatz-zatia ulertzeko era bakarra.
Denboran zehar hain urruti egon arren, urriaren 25 horien bitartez irudikatu dugun prozesuan kokatzen da oraingo Gernikako Estatua. Prozesu horrek esanahi osoa eskaintzen dio une historiko zehatz honetan (1978/2004) Euskadik dituen eskubideak eta eskumenak eguneratze adostuari. Eta Estatutuak esanahi osoa hartzen duen denbora ikuspegi hori erabili behar dugu Estatutua erreformatzeko eta eguneratzeko gaitasuna ulertzeko, Jaurlaritzak onartu duen Proposamenean zehaztutakoari jarraituta. Izan ere, gure Herriaren nortasuna eta osotasuna eta gure herritarrek ez beste inork etorkizuna bakean eta askatasunean erabakitzeko konpromiso argia eta garbia bultzatu nahi baititu Jaurlaritzak Proposamen horren bitartez.
|