EGITURA
 
SAILAK
 
INSTITUZIOAK
 
Akordioak
Administrazioak
Prentsa Notak
Helbide Gida
 
 
Adierazpenetara buelta  
Lehendakariaren agerraldia Legebiltzarrean (2000ko urriak 19)


 
 
adierazpenak
 
 

 

Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkuran agertzen naiz, helburu bikoitz bat lortzeko:

Lehenengoz -eta irailaren 22an Egoera Politikoari buruzko Eztabaidan egin nuen hitzaldian azaldu nizuenez-, nire asmoa hau zen: Legebiltzar honen aurrean, ekimen politiko eta instituzional bat berehala aurkeztea, Talde Politiko ezberdinek, Euskadi eta Estatuaren arteko bizikidetza arautzen duen itun politikoa, hau da, Gernikako Estatutua, osorik betetzearen inguruan duten jarrera eskatzeko, Eusko Legebiltzarrak 1995ko urriaren 20an era positiboan baloratu zuen txostenaren arabera. Era berean, etorkizunean, horretarako behar diren gehiengoak lortu ezkero, Estatutua aldatu eta eguneratzeko aukeren zilegitasun demokratikoa onartzea nahi nuen. Konpromiso hau gauzatzeko, Legebiltzarreko Mahaiaren aurrean eskaera bat aurkeztu nuen 22an bertan, Eusko Legebiltzarrean hitzaldia egin ondoren.

Baina, bigarrenez, eta kontutan harturik, Egoera Politikoari buruzko Eztabaidan, oposizioko taldeek ez zituztela ez baloratu, ez aztertu aurkeztu nituen ekimenak, erabaki bat hartu nuen: goizean aurkeztutako agerraldi-eskaera, beste eskaera bati lotzea, aurkeztu nuen Ekimen politikoaren eduki globala, eztabaida berezi batean planteatzeko.

Konpromiso hirukoitz batean oinarritutako ekimen politiko bat da, hain zuzen ere:
Konpromiso etiko bat, norbanakoen askatasuna eta bizitzeko eskubidea defendatzeko.
Konpromiso demokratiko bat, gure Erakundeak, egun indarrean dagoen autogobernu markoa eta Gernikako Estatutuan ezarritakoaren arabera, markoa aldatu eta eguneratzeko aukerak errespetatzeko. Hau da, gaur garena errespetatzea.
Eta, elkarrizketa politikoa bultzatzeko konpromiso bat, gaur dugun izaera eta euskal hiritarren borondatearen arabera orain arte eraikitakoa errespetatuz, etorkizunean nolakoak izan nahi dugun denon artean erabaki ahal izateko.

Lehen esan dudan bezala, Eztabaidan, ez zen posible izan aipatutako konpromiso bakoitza baloratu eta horren aurreko jarrera azaltzea. Eztabaidaren helburua euskal gizarteari ostu zioten, eta eztabaidaren garapen osoa, Alderdi Popularrak eta Alderdi Sozialistak zentsura mozioak aurkezteko egin zuten iragarkiaren menpe geratu zen. Horrela, eztabaida politiko osoa, bai Egoera Politikoari buruzko Eztabaidan, bai ondoren, urriaren 5ean aurkeztu ziren zentsura mozioetan eta hauteskundeak aurreratzeari buruzko eztabaidan zentratu zen.
Ez dut ukatu nahi, inolaz ez, oposizioak hauteskundeak aurreratzea eskatzeko duen zilegitasuna. Baina zerbait azpimarratu nahi dut: hauteskundeetarako deia egitea, Lehendakariaren zeregina dela, eta Egoera Politikoari buruzko eztabaida bat ez dela momentu eta foro egokia, bakarrik gai horren inguruan aritzeko.

Orain -eta agerraldi hau eskatu nuenean ere- ez dut nahi Legebiltzar honetan irailaren 22an eta urriaren 5ean egin genituen Eztabaidak berriro piztu.
Lehenengo kasuari dagokionez, ez dut berriz ireki nahi Egoera Politikoari buruzko Eztabaida, aurkeztutako Ekimen politikoaren inguruan. Hasteko aukerarik izan ez zuen eztabaida bat berriz irekitzea, guztiz ezinezkoa da. Denek aurretik pentsatutako estrategia bat zekarten eta, ondorioz, ez zuten entzun Lehendakariaren proposamenen edukia.
Bigarren kasuan, ez dut berriz ireki nahi urriaren 5ean izan genuen Eztabaida. Ez dauka inolako zentzurik agortutako Eztabaida bat berriz piztea, hauteskundeak aurreratzeko eskariari mugatuta zegoelako eta, nire iritziz, ez ziolako ezer berririk emango euskal gizarteari. Agerraldi honen helburua, beraz, oraindik hasi ez dugun Eztabaidari ekitea da eta gaur aipatuko ditudan konpromiso etiko, demokratiko eta politikoak gauzatzeko helburuz, ekimen zehatzak proposatu ahal izateko.
Nire ustez, gizarteak eskubide osoa du argi eta garbi ezagutzeko, talde guztiek duten jarrera, aro berri bat eratzea helburu duen ekimen politikoaren inguruan.

Agerraldi hau, planteamendu argi baten bidez bideratu nahi dut: nire asmoa, aro bat behin betirako ixtea da. Itxi nahi dudan aro horretan, batzuk eta besteok oker ibili gara eta Bakea eta politika nahastu ditugu. Aro horretan, bizitzeko eskubidea defendatzen dugun Alderdi Politikoen arteko erasoak nagusitu dira. Aro hori, inkomunikazio eta elkarrizketa faltan oinarritu da. Horregatik, aro berri bat zabaldu nahi dut, erreferente eta paradigma berriekin, jarrera berriekin, eta konpromiso eta ekimen politiko berriekin.

Eta, helburu horrekin, nire hitzaldia, irailaren 22an Eztabaida planteatu nuen moduan, zintzotasun politikoan oinarritutako konpromisu batekin, hastea gustatuko litzaidake.
Zoritxarrez, Herri honetara Bakea ekartzeko saiakera guztiek porrot egin dutela esaten nuen. Bere garaian, Lizarrako Akordioaren aldeko apustua egin genuen Alderdi Politiko eta gizarte erakundeek, egitasmo batekin konprometitu ginen, oso-osorik, Herri honi bakea ekarriko ziola uste genuelako, zintzotasun osoz. Ez dugu lortu. Saiatu gara, baina ez dugu lortu. Hau egia da. Baina egia da ere, historian era askotako saiakerak, batzuk zilegiak, eta beste batzuk zilegitasun gabeak, egon direla, baina hauek ere ez zutela helburua lortu.
Eta ez dugu lortu, beti bakea politikarekin nahastu dugulako. Beti, ukatzen bagenuen ere, lotuta eta bereizi gabe aztertu ditugu terrorismoa eta politika, batzuk eta besteok.

Ni ziur nago indarkeriak desagertu behar duela, egitasmo politikoak kontutan izan gabe. Gatazka politikoak politikatik konpondu behar dira. Euskal gizartea bera da, era bakezale eta demokratikoan, bizikidetza eta normalizazio arazoak konpondu behar dituena, eta bere etorkizunari buruzko erabakiak hartu behar dituena, indarkeria dagoen ala ez kontutan hartu gabe.

Bakea ez da subiranotasuna, bakea ez da eraikuntza nazionala, bakea ez da Konstituzioa. Hauxe izan zen eta hauxe da, oraindik ere, nire hausnarketa politikoaren gakoa. Proposatzen dudan helburua, beraz, Herri honetan aro berri bat zabaltzea da, bakea eta politika bereiziz. Bakea, indarkeriarik ez izatea, lehentasun osoa da gure Herriarentzat. Bizitza lehen eskubidea, oinarrizkoena eta nabarmenena da. Gure ahalegin guztiak bake prozesu hori irekitzeko erabili behar dira, gure artean dauden eta bakoitzak zilegitasunez defendatzen dituen egitasmo politiko desberdinak kontutan izan gabe. Ez ditugu nahastu behar bakoitzaren egitasmoa eta bakearen bilaketa.

Nik ondo dakit Eusko Legebiltzarrean elkarren aurkako salaketa larriak egin ditugula. Eta kurtso honetako lehendabiziko bi bilkurek, zerikusi handiagoa eduki dute, eraso eta polemika antzuekin, proposamen eta aukerak planteatzeko eztabaida lasai eta zibilizatuekin baino.
Era berean, ondo dakit euskal gizarteak ez duela ongi ikusten, indarkeria terrorista berriz agertzen denean, ordezkari politikook elkarren arteko oldarkortasun eta zatiketaren bidez erantzuten dugula. Are gehiago, nire iritziz, euskal hiritarrek ez dute merezi ezezkortasun eta gaitzondoz betetako beste jardunaldi ekaiztsu bat.
Erasoaren kulturak ez garamatza inora eta, azkenaldi honetan, erasoaren kulturan murgildu gara, erabat.
Horregatik, gauza bat esango dizuet: Eztabaida hau era lasai eta arrazoizko batean planteatzeko prest natorrela. Irain eta deskalifikazioaren aroa bukatutzat jotzea gustatuko litzaidake. Iritziak aldatzea, desadostasun zilegiak azaltzea eta elkarrekiko errespetua nagusitzea gustatuko litzaidake.

Guztion artean eginahal bat egin behar dugu aurreko aroa behin betirako ixteko, eta denok elkarrekin aro berri bati ekiteko. Gure arteko ezberdintasunak onartuz; gure egitasmo politikoak ez direla bat etortzen onartuz, baina besteen ideiak demonizatu gabe; bide politiko eta demokratikoen bidez defendatzen diren egitasmo politiko guztien zilegitasuna onartuz.
Are gehiago, uler dezaket hauteskundeen aurrerapena behartzeko interes alderdikoiak, eztabaida politikoan tentsioa areagotu dezakeela, eta planteatzen den edozein proposamen blokeatzeko joera sor dezakeela.
Baina, zirkunstantzia horrek gaurko egoeran zailtasun gehiago sor badezake ere, ziur nago gure eginkizuna, hemendik aurrera, bide berri batean ibiltzen hastea da. Ezin dugu gehiago itxaron, hurrengo egunean, aurreko egunean genituen arazo berberak izango ditugulako; elkarrekin bizitzen jarraitu behar izango dugulako; eta etorkizunerako egitasmo eta aukeren inguruan eztabaidatu behar izango dugulako, berriz ere.
Nik ez dut hutsarterik nahi. Ez dut zubiak hondatzea nahi, gero asko kostatuko zaigulako berriz eraikitzea. Horregatik, ez dugu jarraitu behar gorren arteko elkarrizketa batekin, proposamenik gabe, inolako itxaropenik gabe.

Gure aukerak, guztion aukerak ezagutzeko garaia da. Gizarteak bakea lortu eta iraganera ez bueltatzeko ekimenak eta proposamenak ezagutu behar ditu. Euskal gizartean kohesioa, integrazioa eta normalizazio politikoa lortzeko planteatzen ditugun egitasmoak ezagutu behar ditu gizarteak.

Gure Herriak ez ditu etsipenez errepikatu nahi, indarkeriaz beteta egon diren azken 30 urteak. Iragana gainditu behar dugu eta etorkizunari begira jarri behar dugu, proposamenak planteatzeko. Euskal gizarteak ilusio eta itxaropena behar du. Erantzunak behar ditu. Euskal gizarteak alderdi eta ordezkari politikooi hauxe galdetzen digu: Ea elkarren arteko irain, deskalifikazio eta erasoez gain, indarkeria gaitzesteaz gain, gizarteari eustea eskatzeaz gain, zer gehiago proposatu dezakegu bakea lortzeko eta gure Herrian bizikidetza politikoaren arazoak behin betirako konpontzeko?

Gure konpromisoa, galdera horiei erantzuna ematea eta itxaropenari ateak zabaltzea da. Hauexek dira Lehendakariak gaur, berriz ere, Eusko Legebiltzar eta euskal gizartearen aurrean planteatzen dituen konpromiso eta erronkak. Legebiltzar honetan eztabaida sendo bat egitea nahi dut, konpromiso hirukoitz baten gainean planteatu nuen ekimen politikoaren inguruan.
· Lehenengoz, konpromiso etiko bat, pertsonen askatasuna eta norbanakoen eskubideak defendatzeko.
· Bigarrenez, konpromiso demokratiko bat, gure gizarteak era demokratikoan hartzen dituen erabaki kolektiboak defendatzeko; euskal hiritar gehienen borondatez eraikitako autogobernu markoa, eta hau aldatu eta eguneratzeko aukerak defendatzeko. Hau da, "Gaur dugun izaera errespetatzea".
· Hirugarrenez, konpromiso politiko bat, alderdien arteko elkarrizketa foro bat bultzatzeko. Bertan, orain arte eraikitakoa errespetatuz, eta denok elkar banatzen ditugun gutxienezko eta oinarrizko Akordioetatik abiatuz, etorkizunean izan nahi dugunari buruzko erabakiak, elkarrekin hartu ahal izateko.

Zertarako konpromiso etiko bat?
· Jakina, euskal alderdi demokratiko bakar batek ere ez ditu alde batera utzi pertsona guztien bizitza eskubidearen eta giza eskubideen aldeko printzipio etikoak, gizartean elkarbizitzarako eta praktika politikorako oinarrizko baloreak baitira horiek.

Baina, hauxe da lehenengo aldia, behar bada, zenbait printzipio etikoren aldeko konpromisoa eta alderdi bakoitzaren helburu politikoak bereizteko aukera duguna.
Alderdion artean nahiz gure proiektu politikoen artean aldeak baditugu ere, euskal gizarteak banaketa marra bat ezartzeko eskatzen digu indarkeria ekintza politiko tresnatzat argi eta garbi gaitzesten dugunon artean eta bestela pentsatzen dutenen artean, horiek ez baitaude prest pausu hori emateko.

Konpromiso etiko hori, beraz, izenpetzen dutenentzat ezezik, dena delakoagatik izenpetzen ez dutenenentzat ere bada.
Horrelako konpromiso bat ez da alferrekoa eta ez dator berandu, gizarteak erreferentzia argiak behar baititu zenbait proiektu politiko defendatzea ez dadin nahas indarkeria eta intolerantzia erabiltzearekin.
· Bigarrenik, zergatik konpromiso demokratiko bat, euskaldunek Gernikako Estatutuan berretsitako itun politikoa oso osorik betetzeko eta itun hori aldatzeko eta eguneratzeko aukera errespetatzeko? Uste dut denok berritu behar dugula konpromiso demokratiko hori. Beharrezkoa ezezik, egokia ere bada; Gernikako Estatutua onartu zela 21 urte igaro badira ere, Lege Organiko hori oraindik betetzeke baitago, tamalez.
Horregatik, uste dut konpromiso hori guztiona dela; eta ondo esan dut, guzti-guztiona. Euskaldunen gaurko eta etorkizuneko nahia errespetatzeko prest gauden guztiona, Gernikako Estatutua Euskal Herriak lortu ahal duen autogobernu maila gorena dela uste dutenena eta gaurko Estatutua Euskal Herriaren identitate nazionala eta autogobernua behar bezala aitortzeko balio ez duela uste dutenena ere.
Izan ere, ez du errespetatzen euskaldunon legitimotasun demokratikoa Gernikako Estatutua Estatuarekiko itun politikoa dela onartzen ez duenak eta Estatutua oso-osorik betetzeko konpromisoa hartzen ez duenak; halaber, ez du errespetatzen legitimotasun demokratiko hori Estatuaren Xedapen Gehigarria erabiliz egungo Estatutua aldatzeko eta erakundeak garatzeko aukerari behin-betiko uko egin diezaiola eskatzen dionak Euskal Herriari. Aukera hori erabiltzeko, beti ere, behar diren gehiengoak lortu behar dira, sistema demokratiko aurreratuetan erabiltzen diren arauei jarraiki.

Ezin da inolako gizarte demokratikorik eratu, gizarte horretako kide edo talderen baten aukera politikoak -bide politiko eta demokratikoak soilik erabiliz- ezin burutu direla uste bada.

Beraz, euskal herritar gehienek onartutako autogobernu esparrua eta gure erakundeak legitimoak direla aldarrikatzen dugun guztiok bildu behar gaitu Gernikako Estatua oso-osorik betetzearen aldeko konpromisoak.

Jakina, gaur zer garen errespetatzeak aukera legitimoa ematen die alderdi politikoei euskal gizartearen aurrean aurkez ditzaten egungo autogobernu esparrua aldatzeko bideak, euskal gizarteak askatasunez eta demokratikoki erabaki dezan gero.

Ikuspuntu horretatik, onartezina izango litzateke ETAk, indarkeriari uzteko, proiektu politiko jakin bat erdiesteko baldintza jartzea, euskal herritar gehienen nahiari muzin eginez. Halaber, itsukeria politikoa eta intolerantzia demokratikoa izango litzateke, egungo Estatutua oso-osorik betetzeko, garatzeko, eguneratzeko edo, behar bada, aldatzeko, ETA desagertzeko baldintza jartzea.
Gaur egungo eztabaidan bakea demokraziaren ordez eskaintzen denean, herritarrak kikiltzea baino ez da lortu nahi, herritarrok bakean uzteren truke askatasunari uko egin diezaioten. Eta demokrazia erabiltzeko, aurrez bakea lortzeko baldintza ezartzen denean, demokrazia saboteatu nahi dutenen mendean jartzea baino ez da egiten.

Indarkeria, alde batekoa nahiz bestekoa, ezin da erabili aitzakiatzat edota baldintzatzat Euskal Herriaren oraingo edo etorkizuneko nahia ez errespetatzeko. Horrela egiten badugu, gure oraina eta gure etorkizuna definitzeko erreferentzia politikoa -lema, alegia- ETAri emango diogu.

· Hirugarrenik, zergatik elkarrizketa politikorako konpromiso bat eta zertarako? Euskal gizarteak eraman behar duen indarkeria, intolerantzia eta terrorismoari aurre egiteko, zuzenbidezko estatu batek askatasuna eta herritarren segurtasuna bermatzeko dituen tresnak erabili behar dira; hau da, neurri polizialak eta judizialak erabili behar dira.

Hala baina, euskal gizarteak dituen indarkeria arazoez harantzago, ETA izan baino askoz lehenago, badago normalizazio politikoari buruzko arazo bat, polizia eta errepresiozko neurriekin bakarrik konpondu ezin daitekeena, eta bide politiko eta demokratikoak erabiliz konpondu behar dena. Arazo politikoak tresna politikoekin konpondu behar dira, elkarrizketarekin, negoziazioarekin eta akordio demokratikoarekin konpondu behar dira.

Nik ez dakit hitz honako hitz hauek -arazo, gatazka edo auzi politikoa, alegia- egokiak diren, baina badakit Herri honetan autogobernua, subiranotasuna edota identitatea ulertzeko era bat baino gehiago ditugula.
Euskadin badaude pertsona batzuk euskaldunak eta euskaldunak huts-hutsik sentitzen direnak zilegitasun osoz, eta badaude beste batzuk euskaldunak eta espainiarrak sentitzen direnak zilegitasun berberaz. Beraz, elkar errespetatuz identitate sentimendu horiek integratzeko eta kohesionatzeko moduaz hitz egin behar dugu.

Gure Herri honetan zenbait pertsonentzat gaur egungo marko juridikoa -Konstituzioa eta Estatutua-, osorik garatu gabe badago ere, nahikoa da dituzten asmoak betetzeko; beste zenbaitentzat, ordea, ez da horrela, eta gaur egungo autogobernu tresnak aldatu eta eguneratu nahi dituzte edota ņabardurarik gabeko independentzia erregimen bat nahi dute.

Azken finean, nahi dugun autogobernu maila, nazio baten kide sentitzea eta gaur egungo zuzenbide, politika edota lurralde markoa aipatzen dugunean, euskal gizartean sentsibilitate bat baino gehiago daudela eta guztiak zilegi direla aitortu behar dugu.

Eta horietaz ere hitz egin behar dugu, konplexuak eta aurreiritziak alde batera utzita.

Bestalde, ETAren atentatuek gora egin dute eta euskal biztanleek pertsekuzio-indarkeria jasaten dute. Horrek euskal alderdi politikoen arteko amorrua eta borroka ekarri du, alde batetik; eta bestetik, herritarren arteko elkarbizitza hondatzeko eta euskal gizartea ezin adiskidetuzko bi zatitan banatzeko arriskua.

Premiazkoa da, beraz, egoera bideratzea, kale itsu batean geratuko baikara bestela. Horregatik, euskal gizarteak, ekintza terroristen kontra sendo mobilizatzeaz gain, elkarrekin hitz egiten saia gaitezen eskatzen digu alderdi politikooi gaur egun dugun zatiketa gainditzeko.

Hori dela eta, eta ekainaren 16an Legebiltzar honek onartutako ezlegezko proposamenari jarraiki, "elkarrizketa prozesu bati ekin behar diogu, gaur egungo inkomunikazio politikoa gainditzeko, Euskal Herriak behar duen aditze giroa berreskuratzeko eta normaltasun demokratikoan behar diren gutxieneko baldintzei bidea emateko, beti ere, Euskadin orain arte erdietsi ez diren oinarrizko adostasunei ekiteko etorkizunean".

Helburu hori lortzeko tresna ezin da besterik izan honako hau baino: "elkarrizketa foro bat eratzea, zentzuzko epe batean, Euskadiko politika eta kulturaren pluralismoaren islada dena, herritarren integrazio politikoa indartzeko eta, ahalegin guztiak erabiliz, gizartearen haustura saihesteko eta herritarren sektore bat, ideologia dela eta, alde batera ez uzteko" (eta hitzez hitz irakurri dut).

Beraz, gai izan behar dugu gaur egun dugun inkomunikazio politikoa gainditzeko eta elkarrizketarako oinarriak ezartzeko lehenbailehen, Euskadin orain arte erdietsi ez diren oinarrizko adostasunei ekiteko etorkizunean.

Horixe da, ez besterik, aurkeztu dudan elkarrizketa politikorako konpromisoaren helburua.

Eskuzabaltasun politikoa proposatzen dut, izan gaitezen zentzudunak, izan dezagun guztiok zintzotasun handiena aurkeztutako konpromiso bakoitza eztabaidatzeko eta aztertzeko.

Azter ditzagun, bada, hiru konpromiso horien edukiak eta konpromisook gauzatzeko bideak, horiexek baitira bakegintzaren eta normalizazio politikoren bidean aro berri bati hasiera emateko Ekimen politikoaren ardatzak.

Lehenengo, konpromiso etikoa,

Konpromiso etikoa...
· ETAk euskal gizarte osoaren aurka egindako hilketa ugariei aurre egiteko.
· mehatxu eta indarkeria kanpainari aurre egiteko, kanpaina horrek euskal biztanle askoren askatasuna mugatzen baitu.
· inongo arrazoirik gabe eskatzen zaien txantajea ordaintzen ez badute, mehatxua jasan behar dutenen ondasunen eta gorputzen segurtasun faltari aurre egiteko.
· gure gazte gutxi batzuk erabiltzen duten intolerantziari aurre egiteko, gazteok beldurra eta erasoa erabiltzen baitute gainontzekoei beraien ideiak inposatzeko.
Egoera horien guztien aurrean konpromiso etiko bat bultzatu behar dugu bizikidetasuna hondatu dela eta oinarrizko giza eskubideak eta pertsonen askatasuna urratu dela salatzeko.

Horretarako, nire asmoa da konpromiso etiko hori honako adierazpen hauek jasotzen dituen Aitorpen batean gauzatzea:
- Indarkeria erabat gaitzesten dugula eta bizitza eskubidea etsi gabe defendatzeko konpromiso argia berresten dugula, bizitza eskubidea baita elkarbizitzarako oinarria. Hau da, gizakien urratu ezinezko eskubidea errespetatzea, gizakien segurtasun fisiko eta morala errespetatzea, eta gizakien adierazpen askatasuna errespetatzea oinarriak dira gizakion arteko elkarbizitza eratzeko.
- Pertsona guztiek giza eskubideak erabili ahal dituztela bermatuko dugula, eta, beharrezkoa izanez gero, helburu hori beste edozein helbururen aurretik jarriko dugula.
- Euskal herritar guztien askatasun indibiduala defendatuko dugula:
- Askatasuna, koakzio, pertsekuzio eta hilketa mehatxurik gabe bizitzeko. Askatasuna, euskal herritar guzti-guztiek bermea izan dezaten pertsonei dagozkien giza eskubideak erabiltzeko.
- Askatasuna baita ere, ideiak izateko, edozein ideia izateko. Askatasuna edozein proiektu defendatzeko eta, behar izanez gero, bide politiko eta demokratikoak soilik erabiliz proiektuok gauzatzeko. Aukeratzeko askatasuna, pentsatzeko askatasuna, inposizio eta txantajerik gabe erabakitzeko askatasuna.
- Indarkeria, intolerantzia eta terrorismoa edonola sufritu behar izan dutenei nahiz sufritu behar dutenei elkartasun aktiboa eta esker on etikoa, politikoa, soziala eta materiala erakutsiko diegula.
- Eta prest gaudela edozein ekimen bultzatzeko; beti ere, ekimenok indarkeria errotik mozteko eta euskal biztanleen arteko elkarbizitza baketsu eta demokratikoa lortzeko badira.

Konpromiso etiko hori garatu eta gauzatzeko Legebiltzar honetan hilaren 5ean aurreratu nizuena eta denok dakizuena egin dut; hau da, euskal biztanle guztiei dei egin diet manifestazio bateratu eta isil bat egin dezaten ETAren indarkeriaren kontra eta Bakearen alde.

Dei horrek hiru helburu ditu:
- Argi eta garbi bereiztea Bakearekiko konpromiso etikoa eta eskaera politiko legitimoak. Bakea ez da Konstituzioa, eta bakea ez da autodeterminazioa. Bakea ezin da inolako proiektu politiko edo ideologikoren menpe egon.

- Horren protagonismoa euskal gizarte osoari dagokiola.

- Bakearen aldeko erabateko adierazpena eta ETAren indarkeriaren aurrez aurreko gaitzespena izan dadila.

Helburu horiek bi mezu argi eta garbi jasotzen dituen lema batean bilduko dira: BAKEA / ETA EZ. BAKEA, giza eskubideak eta pertsona guztien askatasuna errespetatzen dugula adierazteko.

ETA EZ, ETAren indarkeria sendo gaitzesten dugula adierazteko.
Manifestazio hori, guztiok dakizuen bezala, etzi izango da, urriaren 21ean, larunbatarekin, Bilbon arratsaldeko 5etan. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiet manifestazio horretan parte hartuko dutela agindu duten alderdi politikoei eta erakunde publiko nahiz pribatuei; eta errespetua erakutsi nahi diet manifestazio horretan parte hartuko ez dutela erabaki dutenei, horiek ere askatasun bera erabili baitute hori erabakitzeko.

Aukera honetaz baliatu nahi dut, halaber, terrorismoaren biktimen senideak gonbidatzeko berriro, gogoeta egin eta herritarren deialdi honetan parte har dezaten eta, horrela, euskal gizarte osoaren laguntza, elkartasuna eta maitasuna jaso dezaten.
Badut beste asmo bat ere konpromiso etiko hori gizartean zabaltzeko: aditzera eman ditudan oinarriak hartuta, Adierazpen Instituzional bat bultzatzea, giza eskubideak eta norbanakoen askatasuna defendatzeko. Adierazpen hori Gernikan aurkeztuko diot euskal gizarteari hurrengo asteetan.

Denon arteko konpromiso etiko hori elkarrekin eman behar dugun lehenengo urratsa izan behar da, bakoitza bere bidetik joan arren elkarrekin egiteko bidea, demokraziaren kodigo etikoak desberdintasunak errespetatzeko eskatzen baitu, gehienek erabakitakoa onartuz eta gutxienei aukera emanez baldintza publiko berak erabiliz herriaren babesa lortzeko.

Bidezoru egonkorra bilatu behar dugu lehendabizi, gero elkarrekin egiteko bidea. Jakin badakigu euskal gizartea osatzen dugun taldeok ideologia eta proiektu bat baino gehiago ditugula. Horregatik, zer den legitimoa erabaki behar dugu denon artean akordio etiko baten bitartez gizarte, kultura eta politika gatazkak konpontzeko koakzioa, hilketa, txantajea edo beste edozein oinaze erabiltzea alferrikakoa dela erakusteko.

Nire agerraldiaren hasieran aurreratu dizuedan bezala, Ekimen politikoaren bigarren zatia konpromiso demokratiko bat ezagutaraztea da.

Konpromiso demokratiko bat gaur garena errespetatzeko, eratu ditugun erakundeak, talde erabakiak eta itun politikoak errespetatzeko, gizartearen gehiengoaren nahia adierazten baitute horiek guztiek.
Konpromiso demokratiko horrek hiru alderdi ditu:
- Konpromiso demokratikoa gure Erkidegoko biztanle gehienen nahiaren bitartez eratutako erakundeak defendatzeko. Jaurlaritza, Legebiltzarra eta autogobernurako ditugun gainontzeko tresna guztiak ordezkatzen gaituzten erakunde legitimoak dira, euskal biztanleok aurkeztu zaizkigun proiektu politikoen artean aldiro-aldiro kontsulta demokratikoetan askatasunez berresten ditugun erabakien emaitza baitira erakundeok.
- Konpromiso demokratikoa Eusko Legebiltzarrak 1995eko urriaren 20an xedatutakoaren arabera, Gernikako Estatua oso-osorik betetzeko, estatutu hori baita Euskal Herriaren autogobernu nahiaren eta Euskadik eta Estatuak elkarbizitzarako duten itunaren adierazgarria.

Eta konpromiso demokratikoa, baita ere, euskal biztanleek gure autogobernua eguneratu eta aldatu nahi badute biztanleon nahia errespetatzeko; beti ere, Gernikako Estatutuak Euskal Herriari historiaren arabera dagozkion eskubideak jasotzeko ezartzen dituen tresna eta prozedura demokratikoak erabiliz.

Gernikako Estatutua onartu zela 21 urte igaro direnez, uste dut gogoeta egin behar dugula guztiok urte horietan gertatu denaz eta ahalegina egin behar dugula hiru konpromiso demokratiko horiek berritzeko; horrela itxaropena eta ilusioa berreskuratuko baititugu gure autogobernu markoek euskal gizartearen gehiengoaren nahiak jasotzeko duten aukeran eta malgutasunean.

Egin dezagun, bada, Gernikako Estatutuari eta horren garapenari buruzko gogoeta lasai eta beharrezko hori.

1979ko urriaren 25ean euskal gizartearen gehiengoak Gernikako Autonomia Estatutua onartu zuenean, ate bat ireki zion itxaropenari, autogobernu eskariari eta Euskal Herriaren identitate berezia onartzeko eskariari erantzuteko tresna baitzen estatutu hori.

Gernikako Estatutua elkarbizitzarako bilgune gisa aurkeztu zen. Ikuspuntu horretatik, Gernikako Estatutuaren emaitzak ontzat eman behar ditugu eta aitortu behar dugu oso garrantzitsua izan dela gure autogobernua garatzeko azken 21 urteotan, eta, horren ondorioz, euskal biztanleek ongizatea eta oparotasuna gehitzea lortu dutela.

Egia da, baita ere, estatutua osorik garatu eta bete gabe dagoenez, euskal gizartearen zati garrantzitsu batentzat estatutuak ez duela balio izan estatutuan bertan ezarritako eskumen maila erdiesteko eta Euskal Herriaren naziotasuna aitortzeko eta Europa berrian toki egokia bilatzeko behin betiko.

Azken 21 urteotan -geure eta besteen hutsegiteen ondorioz, tamalez- Gernikako Estatutua gero eta bilgune lausoagoa eta zehaztugabeagoa bilakatu da. Zergatik?
- Lehendabizi, Estatutuaren gaur egungo garapena ez datorrelako bat euskal gizarteak, bai alde bai kontra zeudenen arrazoiak entzun ondoren, erreferendum bidez demokratikoki berresteko erabili zuen espirituarekin eta letrarekin.

- Hasierako eredu autonomiko hura, berariazko tratamendua izan behar zuten izaera bereizgarrietan oinarritutakoa, hautsi egin zen 1981eko itun autonomikoen eta LOAPAren ondorio homogeneizatzaileen eraginez. LOAPA Konstituzioaren aurkakotzat jo bazuten ere, haren eraginak orain arte nabaritu dira.

- Izaera bereizgarriei toki egokia bilatu ordez, "kafea guztiontzat" delako aukera erabili zen, nortasun historikoak autonomien erregimen orokor batean -"erregionalismo onuragarri" antzeko batean, alegia- diluituko zirelakoan.

- Horren emaitza, sarri askotan, eskumenen eta baliabideen deszentralizazio administratiboa baino ez da izan. Emaitza horrek, alde batetik, Estatuaren antolatzeko konplexutasuna gehitzea ekarri du; eta bestetik, ez du balio izan nazionalitate historikoen bereizgarriak behar bezala onartzeko, nazionalitate historikoek itxaropen handia jarri baitzuten nazionalitate aintzek osatutako eta Konstituzioak berak onartutako Estatu autonomiko batean.

- Bigarrenik, eta aurrekoaren eraginez, Gernikako Estatutua osorik betetzeke dago, erreferendumean onartu zela 21 urte igaro badira ere.

Ikuspuntu horretatik, Gernikako Estatutua da, tamalez, Espainiako Estatuak 21 urte igaro ondoren bete ez duen Lege Organiko bakarra, nahiz eta Eusko Legebiltzarrak aho batez eskatu behin eta berriro bete dezala.

- Hirugarrenik, Gobernu Zentralak PSOEren garaian naiz PPrenean Estatutua garatzeko erabili duen estrategia erabat aldendua izan delako Estatua sortzeko erabili zen berdinen arteko itun hartatik.

- Oraindik bukatu gabeko transferentzia prozesua beti egon da kontraprestazio politiko eta bidesariak ordaintzearen menpe, nahiz eta kontraprestaziook eta bidesariok zerikusirik ez duten Lege Organiko bat betetzearekin. Ez horixe!

- Laugarrenik, alde batek -Espainiako Administrazio Zentralak, alegia- hautsi duelako Estatutuan onartutako autogobernu maila, oinarrizko legeak berak bakarrik onartuz eta gure autogobernuaren erabilera auzitara eramanez etengabe. Jarrera horren azken adierazgarria Kontzertu Ekonomikoaren egoera da, zoritxarrez.

- Bosgarrenik, gure autogobernu markoa, duela 21 urte onartu bazen ere, ez delako behar bezala eguneratu Europako Batasunaren egoera berrira egokitzeko. XXI. mendearen atarian eta Europan muga fisiko, ekonomiko eta politikorik ez dagoen honetan, ez du zentzurik autonomia erkidego batek, zenbait alorretan eskumen esklusiboak dituenak, ezin defendatzea bere iritziak Europako erakundeetan, beste estatu batzuetako eskualde autonomiadunek egiten duten bezala.

Espainia nazio anitzez osatutako Estatua dela dioen definizioarekin ez dator bat Estatuak zenbait gai eta erabakietan iritzi eta ahots bakarra, homogeneoa eta era batekoa izatea; gai eta erabaki horiek ez baitira "kanpo harremanen" alorrekotzat hartu behar, euskal biztanleen ongizate ekonomiko eta sozialari eragiten dieten alorrekotzat baizik; euskal biztanleek, beraz, aukera izan behar dute dituzten iritziak eta interesak zuzenean defendatzeko Europan.

Estatutu Itunean jasotakoa ez betetzeren ondorioak transferentzien lehentasunari buruzko txostena
-Legebiltzar honek 1995eko urriaren 20an onartu zuena, hain zuzen- aurkeztu zenean aztertu genituen. Tamalez, ezin nabariagoak izan dira azken urteotan ondorio horiek:
a) Ondorio politikoak, Ajuria-Eneako Itunean antzemandakoak gainera: Euskadin berretsitako elkarbizitza politikoaren eredua atzeratu egiten da edo zalantzan jartzen da, estatutu bidea deslegitimatzeko planteamenduak bultzatuz eta, horrela, Euskadiren normalizazioan eraginez.

b) Ondorio sozialak, euskal aginte publikoei jardun politikorako mugak jartzen zaizkielako. Estatutua aginteen erreserba fondoa bada ere, euskal biztanle guztien bizi baldintzak hobetzeko ekimenen abiapuntua da funtsean.

c) Ondorio ekonomikoak, Kontzertu Ekonomikoa osorik ezartzea galarazten duelako, behin betiko finantzazio maila eragotziz eta, jardunbide publiko bikoitzari eutsita, gastu publikoa gehituz bidegabe.

d) Ondorio juridikoak, Estatutua, hitzarmen politiko bat ezezik, aginte publiko guztiak biltzen dituen Lege Organiko bat ere badelako. Gainera, Estatuaren eredu bera ere ez da eratzen Estatutua bete gabe.

Estatutua Euskal Herriaren autogobernurako oinarrizko Legea bada, Estatutua aurrerapenerako tresna bada, Estatutua -testuak berak dioen bezala- Euskal Herriari historiaren arabera zor zaizkio eskubideak eguneratuz Euskal Herriaren nahiari erantzun egokia emateko bidea bada, aitortu behar dugu itun hori ez betetzeak hankamotz utzi duela Estatutua, akatsetan gogortua.

Estatutua, aurrera egiteko adostasun guneak biltzeko baino gehiago, frustrazioa eragiteko tresna bilakatu da, Estatuak Estatutuaren irakurketa murriztailea egin baitu eta, zenbaitetan, Espainiako Estatuaren berdintasuna arriskuan jartzen duen gehiegizko autonomiaren eredu onartezintzat aurkeztu baitu Estatutua.

Gogaitu arte adierazi dugu Estatutua sentsibilitate eta proiektu politiko ezberdinen arteko itun politiko bat izan zela, hainbestetan aipatutako bilgunea.

Azaldu nahi dut euskal autogobernua ulertzeko bi bide aurkako behintzat izan zirela aldi berean eta orain ere badirela. Alde batetik, kontuan har dezagun Estatutuaren bidea egokia izan daitekeela Estatuaren eratze deszentralizaturako proiektuak erabiliz autogobernu kuotak lortu nahi dituztenentzat.

Bestetik, kontuan har dezagun, baita ere, Estatutuaren bidea egokia izan daitekeela prozesu historiko foralean oinarritutako proiektu nazionalistak erabiliz autogobernu kuotak lortu nahi dituztenentzat edota Gernikako Estatutu Itunean onartuko eskubide utziezinezkoak erabiliz autogobernu kuotak lortu nahi dituztenentzat. Eskubide horiek egungo marko juridikoan jasota daude eta euskaldunok marko hori aldatzeko aukera dugu, beti ere demokraziaren arauak betez.

Aukera eta proiektu politiko guzti-guztiak, bakar batean jasotako asmo edota helburuak deslegitimatu gabe, jasotzeko balio duen erakunde marko bat lortzea da benetako elkargunea. Horixe da Gernikako Estatutuaren alde egin zutenek onartu zuten isilbidezko itun politikoaren emaitza.

Nire ustez, itunaren espirituak funtzionatu egin zuen 80ko hamarkadan, nahiz eta zenbait gizarte-estamentu eta alderdi politiko bat etortze horretatik kanpo geratu edota mesfidantza izan, Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko konpromiso instituzionalak ere funtzionatu zuelako. Baina "Itunaren espiritu" hura urtu egin zen, azukre koskorra uretan bezala, mota guztietako ekimenek desnaturalizatu egin baitute eta ezagutezina bihurtu baitute.

Gogora ekarri nahi dut 1995eko urriaren 20an Legebiltzarrean egin zen eztabaidan Eusko Jaurlaritzaren txostenak "Gernikako Estatutua betetzea egitura arazo bihurtzen ari da" aipatzen zuenenean, iragartzen ari ginela Estatutua onartu genuen guztiok hartutako konpromiso demokratikoak suntsitzen hasiak zirela.

Horretaz gain, nire ustez, beste zerbait ere galtzen ari gara -lehenago aipatu ditudan ondorio politikoen artekoa bada ere-; alegia, hasiera batean legitimotasunez Estatutuarekiko atxikimendutik kanpo geratu zirenak Estatutuak adierazten duen adostasunera biltzeko aukera galtzen ari garela. Horrek gogoeta eragin behar digu guztioi, guztion erantzukizuna baita aukera politiko guztiak garatzeko bidea izatea, eta ziur nago Estatutuak badituela.

Ez dezala inork uste nire hitzak euskaldunen nahiaren bitartez orain arte eraikitakoa arbuiatzeko edo Estatutua salatzeko direnik. Salatu nahi dudana ez da Estatutuak adierazten duen itun politiko eta elkarbizitza markoa, Estatutuan jasotakoa ez dela bete baizik.

Salatu nahi dudana ez da Estatutuak elkargune berriak bilatzeko duen ahalmena, orain arte eraikitakoa euskal gizartearen nahiaren mugatzat hartzen dutenen jarrera baizik. Salatu nahi dudana aukera politiko batzuk demokraziaren aurkakotzat jotzea da, aukera politiko horien bitartez Estatutua aldatzeko, berritzeko eta eguneratzeko eskatzen bada legezkotasun osoz, estatutu hori Europako egoera berriari eta euskal gizartearen bilakaerari egokitzeko.

Beraz, argitu beharra daukagu zeintzuk diren Gernikako Estatutuarekin ditugun konpromisoak, zeintzuk diren dialektika politikoaren alorrean dauden gaiak eta zeintzuk diren gutxieneko etika demokratikoaren alorretik kanpo geratzen direnak.

Lehenago aipatu dudan bezala, ezin baita inolako gizarte demokratikorik eratu, gizarte horretako kide edo talderen baten aukera politikoak -bide politiko eta demokratikoak soilik erabiliz- ezin burutu direla uste bada.

Ados bagaude demokrata izateak tolerantzia eta berdintasun baloreak aintzat hartzeko eta giza eskubideak errespetatzeko jarrera eta konpromisoa dakartzala berekin, ezin dugu jarraitu demokrata izatea marko juridikoekin eta marko juridiko horiek direla-eta politikaren antolaketa eta moldeetaz bakoitzak egiten duen irakurketarekin lotzen.

Politikaren antolaketa dela eta, Estatutua bera dela eta, eta gai honek eragiten dion Konstituzioaren zatia dela eta, ados egoteak edo ez egoteak ez du zerikusirik norbanakoen eskubide eta askatasunen alde konstituzionalarekin, alde kontituzional hori dela eta bakoitzak legezkotasun osoz defendatzen dituen aukera politikoek demokraten hesiaren alde batean edo bestean jartzen bagaituzte ere. Bereizketa hori ikusten ez duenak helburu politikoak ezarri nahi ditu giza duintasunaren aurretik.

Horretarako, norbanakoen eskubideak errespetatzen dituen elkarbizitza lortzeko, guztioi zor zaigun legitimotasun demokratikoa aitortzetik hasi behar dugu.

Iritzi horiek guztiak kontuan hartuta, uste du konpromiso demokratiko bat berritu eta berretsi behar dugula:
- Lehendabizi, euskaldunen nahiaren bitartez orain arte eratutako erakunde eta marko juridikoen legitimotasun demokratikoa errespetatu behar dela eskatzeko,

- Bigarrenik, Legebiltzar honek 1995eko urriaren 20an onartutakoari jarraituz, Gernikako Estatutuaren bitartez berretsitako Itun Politikoa errespetatzeko eta betetzeko, itun hori errespetatzea eta betetzea legezko eskakizuna ezezik, etika demokratikorako eskakizuna ere baita, eta
- Hirugarrenik, erakundeak eta marko juridikoak aldatu eta eguneratzeko aukerak legitimotasun demokratikoa dutela aitortzeko; beti ere, aukera horietaz baliatzeko gehiengoak lortzen badira etorkizunean.

1979an "Estatutua bai" bilgune eta adostasun gune egokia izan zen, euskal biztanle gehienak bildu baitziren iritzi horretara. Orduan ezer gutxi genekien edo ezer ez genekien lege organikoez, oinarriez, transferentziez, LOAPAz, eta abarrez. Gizartearen gehiengoak kontzeptu bat berretsi zuen, Estatutua alegia, eta tresna erabilgarritzat eta egokitzat jo zuen diktaduraren garai historikoari amaiera emateko.

Ordutik hona gauza asko gertatu dira, batzuk onak eta beste batzuk txarrak. Hala ere, Estatutuak ezin izan ditu bere alde bildu 1979an Estatutua konponbide egokitzat jo ez zuten pertsonak; eta garai hartan Estatutua onartu zuen gizarte zatiarentzat ere ez da dagoeneko Estatutua erreferente eztabaidaezina, Estatutua garatzeko gora behera ugari izan baitira eta oraindik orain osorik betetzeke baitago.

Nola eman berrio Estatutuari hasieran izan zuen erreferentzia balore hura? Nire iritziz, behar beharrezkoa da euskal gizarteak 2001ean elkargune berri hori zehazteko azaldu dudan konpromiso hirukoitz hori guztiok hartzea gure gain: eraikitakoa errespetatu, betetzeke dagoen itun politikoa errespetatu, etorkizuna errespetatu.
Estatutuak behar adina prozedura eta baliabide ditu konpromiso hori gauzatzeko eta elkargune berri horretara iristeko.
Oraindik miatu gabeko autogobernu ahalmena duelako eta, baita ere, Xedapen Gehigarrian jasotako klausulak irekiak direlako.

Xedapen Gehigarri hori, Espainiako Konstituzioaren Lehenengo Xedapen Gehigarria betez, nazionalismoaren eta ez nazionalismoaren arteko adostasuna lortzeko giltza izan zen trantsizio prozesu konstituziogilean. Eta adostasun giltza horretatik ez dugu inolako ondorio juridiko nahiz politikorik atera. Are gehiago, Xedapen Gehigarri hori ezin dela inolaz aplikatu eta ez duela eduki praktikorik defendatu dute zenbait aukera politikok, itun politikoaren funtsezko giltza izan zena nostalgia historikoaren zati bihurtuz.

Xedapen Gehigarriak ez du dena esaten. Irekia da etorkizunean zehazteko. Ez da ixte klausula, irekitze klausula baizik. Baina, dena esaten ez badu ere, Xedapen Gehigarriak asko dio. Konstituzioaren eta Estatutuaren Xedapen Gehigarriak bilduta, honako gogoeta hauek egin ditzakegu:
- Euskal Herria bere eskubide propioak dituen subjektu politikoa dela.
- Eskubide horiek, autonomien sistema orokorra ez bezala, Konstituzioaren aurretikoak direla. Eskubide horiek ez dira Konstituziotik sortzen, aurretikoak dira, Konstituzioak aitortu eta gorde egiten baititu.
- Konstituzioaren aurretiko subjektu politikoaren berariazko nortasun bitxi hori alor guztietan aitortu eta gorde behar dela: Euskadiren beraren alorrean, Espainiako Estuarekiko harremanen alorrean eta, baita ere, Europako Batasunarenean. Horixe da Eskubide Historikoak eguneratzea, eskubide propioak dituen subjektu politikoa izatearen ondorioak XXI. mendera eguneratzea.

Horrela bada, uste dut ibili gabeko bide zati bat dagoela Estatutua euskaldunon elkargune dela esaten duen adierazpenean.

Egunera dezagun adierazpen horren esanahia Estatua onartu zela 21 urte igaro direnean, eta eguneratze prozesu horretan elkarbizitza politikorako gunea aurkituko dugu. Hain zuzen ere, asmo horrekin proposatzen dut Ekimen Politikoaren hirugarren konpromisoa elkarrizketa politikoa bultzatzeko Alderdien arteko Foroa eratzeko. Geroago aipatuko dut hirugarren konpromiso hori.

Baina, ekimen hori aurkeztu aurretik eta errespetu demokratikorako konpromiso hori -"gaur garena" errespetatzeko eta euskaldunok gure nahia erabiliz eratu ditugun marko juridikoak errespetatzeko konpromiso hori, alegia- gauzatzeko, Legebiltzar honetan publikoki jakinarazi nahi dut urriaren 25ean ordezkari politiko eta sozialak biltzeko deia egingo dudala Gernikako Estatua osorik betetzeko konpromisoa eta estatutu hori aldatzeko eta eguneratzeko aukerak errespetatzeko konpromisoa bultzatzeko euskal gizartean.

Estatutua eboluzioa eta etorkizunean izango ditugun gehiengo historikoek adostutako gaitasuna da; eta Estatutua mugatzat hartzea Euskadin elkarbizitza bultzatzeko duen ahalmena indargabetzea da.

Iritsi da garaia estatutuaren adostasuna oinarri berriak erabiliz eguneratzea pentsa dezagun guztiok. Guztion konpromisoa izan behar du horrek, eta nirea batez ere, euskal aukera demokratiko guztien Lehendakaria bainaiz. Konpromiso demokratiko horren oinarria izango da, jakina, Gernikako Estatua osorik betetzeko eskatzea eta Legebiltzar honetako indar politiko guztiei eskatzea gauza izan gaitezela eratu behar diren elkarrizketa foroak eratuz estatutu itunaren potentzialtasunak gauzatzeko eta, hartara, guztion artean, elkarbizitzarako elkargune berria bultza dezagun.

Azkenik, eta gure konpromiso demokratikoa sakontzeko eta eguneratzeko asmoz, hirugarren zutabea, Ekimen politikoaren hirugarren konpromisoa aurkeztu nahi dut Lehendakari naizen honek: elkarrizketa politikoa bultzatzea ALDERDIEN ARTEKO FORO bat eratzeko, orain arte eraikitakoa errespetatuz, gaur garena errespetatuz, etorkizunean zer izan nahi dugu erabaki dezagun foro horretan.

Horretarako, eta zuen iritziak ezagutzeko aukera izan dezadan, banan-banan azalduko dizkizuet, lehenago aurkeztu ditudan konpromiso etiko eta demokratikoetatik abiatuta, Oinarrizko Akordioak era ditzaketen printzipioak, oinarrizko akordio horien bitartez Euskadin oraindik lortu ez diren oinarrizko adostasunak etorkizunean erdiesteko. Horixe agintzen du Legebiltzar honek aurtengo ekainaren 16an onartu zuen ez legezko proposamenak hitzez hitz.
Kontuan hartuta guztion helburua dela Bakea eta normalizazio politikoa lortzea, azken finean euskal gizartea gizatiarragoa egitea, hona hemen guztion adostasuna jaso dezaketen printzipioak, zuek eta euskal gizarte osoak azter ditzazuen:
1) Giza eskubidea eta bizitza errespetatzeko konpromisoa. Hori dela eta, guztiok gaitzesten dugu indarkeria ekintza politikorako erabiltzea eta guztiok defendatzen ditugu norbanakoen bizitza eskubidea eta giza eskubideak.

Argi eta garbi berretsi nahi dugu bide politiko eta demokratikoak soilik erabili ahal direla normalizazioa lortzeko eta gure gizarteak jasaten duen elkarbizitza gatazka gainditzeko. Horretaz, konprometitzen garela adierazi nahi dugu indarkeria era guztiak kentzeko ekimenak bultzatzera eta euskal biztanle guztion elkarbizitza baketsu eta demokratikoa lortzeko baldintzak bideratzera.
2) Euskal gizartearen pluralitatea aitortzea eta onartzea. Uko egiten diogu euskal gizarteak nortasun bakarra duela adierazten duen ikuspegiari eta norbanakoen giza eskubideei zor zaien errespetua eskatzen dugu, Erkidego integratu eta plurala osatzeko.
Iritzi horretatik abiatuta, gure errespeturik arduratsuena adierazi nahi dugu pluralitate horren adierazpen politiko, sozial eta kulturaletan. Geure gain hartzen dugu, baita ere, norbanakoen askatasuna errespetatu eta babesteko konpromisoa, guztiok izan dezagun aukera bakoitzaren nahi pertsonal eta politikoak adierazteko, mugarik eta koakziorik gabe.

3) Elkarbizitzarako proiektuak proiektu horietara askatasunez bilduz bakarrik eraiki daitezke. Euskaldun izatea eta sentitzea ezin zaio inori inposatu, eta, era berean, ezin zaio inori ukatu ere. Norbanakoen eskubidea da, legitimoa eta Euskal Herriaren patua konpartitu nahi duten herritar guzti-guztioi atxikitakoa.

Euskal gizarte osoarentzako elkarbizitza proiektu bat ezin da eratu, beraz, inposatuz eta koakzionatuz.

Euskal gizarte integratua eraikitzeak nortasunak, baloreak eta jarrerak konpartitzea dakar berekin, gaur zer garen kontuan hartuta, etorkizunean zer izan nahi dugun eztabaidatzeko. Elkarrekin eraiki nahi dugu etorkizuna, pertsona guztiei zor zaizkien eskubideak errespetatuz, proiektu guztiak guztiok onartuz, eta joko demokratikoaren arauak argi eta garbi onetsiz, unean-unean euskal gizarteak erabakitzen duena onar dezagun.

4) Edozein indarkeria eta terrorismok eragindako biktimei aitorpen etikoa, morala eta materiala eskaintzea.
Edonolako indarkeria eta terrorismoa eraman behar duten biktimentzat, aitorpen etikoa eskatzen dugu, bidegabeko kaltea -eta askotan, konpondu ezina- eragin baitzaie; eta zenbait ekimen parlamentario, politiko eta sozial aurrera eramango ditugula hitz ematen dugu, ideiak defendatzearren indarkeria, pertsekuzioa, intolerantzia, txantajea, koakzioa eta mehatxu fisiko nahiz psikologikoak jasan behar dituzten pertsonak babesteko.

5) Distentsio keinuak areagotzea gure gizartean konkordia eta kohesioa berreskuratzeko. Euskal gizarteak normaltasunez onartzen du politikan eta ideologian sentsibilitate eta aukera ezberdinak izatea. Ordezkari politikook, beraz, erantzukizun historikoa daukagu hitzari armak kentzeko eta distentsio keinuak areagotzeko; hartara, Gizarte anitz batek dituen elkarbizitza-zubiak zutik iraun dezaten, gizarte anitz horren kideek gizarte bakar bat osatzen dutela uste baitute. Bakegintzarako adiskidetze borondate gizatiarra ere erakutsi behar dugu. Hori dela eta, kartzela politikako erabaki eta konpromisoak betetzeko eskatu behar dugu, giza eskubideak errespetatzea eskakizun etiko eta morala baita; eta ezin da talde bakar bat ere eskakizun horretatik kanpo utzi, ezta kartzelan daudenak ere, egin dituzten delituengatik legez eta bidez bete behar duten zigorra zigor.

6) Normalizazio politikorako prozesu bati ekin behar diogula onartzea.
Onartu behar dugu euskal gizartean sentsibilitate ugari daudela -eta guztiak legitimoak direla- nahi dugun autogobernua dela-eta, nazio identitatea eta nazio horren parte sentitzea dela-eta, eta egungo marko juridiko, politiko eta territoriala dela-eta.

Errealitate hori onartzeak berekin dakar elkarrizketa prozesu bat hastea, gai horietaz ditugun adostasunak zabaldu ahal izateko -beharrezkoa balitz, beti ere- eta, horrela, gizartearen haustura eta euskal gizartearen zati baten ideiak direla-eta gizarte zati horren bazterketa saihesteko.

7) Indarkeria elkarrizketaren bitartez amaitzeko konpromisoa.
Askatasuna defendatzea, elkarrizketa eta indarkeria ez erabiltzea dira Bakea eta normalizazio politikoa lortzeko printzipioak.
Elkarrizketa prozesu bati ekiteko, elkarrizketakide guztiek hitz eman behar dute aurretik giza eskubideak errespetatuko dituztela eta bide politiko eta demokratikoak soilik erabiliko dituztela. Hitz eman behar dute, halaber, orain arte eraikitakoa errespetatuko dutela, euskaldun gehienon nahiak sortu dituen erakunde eta eremu juridiko-politikoak legitimotzat hartzen dituztela; eta errealitate eta legitimotasun horretatik abiatuta, euskal gizarteari ahalmena aitortzen diotela etorkizunean zer izan nahi duen erabakitzeko; izan ere, prozesu demokratiko batean euskal biztanle gehienek legitimoki adierazten duten nahia unean-unean indarrean dagoen araubide juridikoan izan behar baitu isla.

Hauexek dira Eztabaida honetan jakin arazi nahi dizkizuedan oinarri eta Akordioak. Nire ustez, lanean hasteko oinarri egokiak dira, denon artean aro berri bati ekiteko elkarrizketa politikorako konpromisoaren bitartez. Aro berri hau guztiok batera eraiki behar dugu eta horretarako, iraganeko tresnak erabili beharrean, etorkizunera begira hartu behar ditugu konpromisoak.

Helburu horiek lortzeko bide bakarra dago: elkarrizketa politikorako Foro berri bat eratzea. Bertan, gakoa ez da besteei gure egitasmo politiko ezberdin eta zilegiak inposatzen saiatzea. Kontua da, orain arte lortutako bizikidetzaren oinarrizko akordioak zabaltzeko helburuz, Bake eta normalizazio politikoaren prozesuari ekiteko behar ditugun prozedurak adostasunean ezartzea. Era berean, etorkizunean lor ditzakegun Akordio edo adostasun berrien emaitzak baieztatzeko prozedura elkar banatua adostu behar dugu.

Zehatz-mehatz azaldu dut hiru konpromisotan -konpromiso etikoan, konpromiso demokratikoan eta elkarrizketa politikorako konpromisoan, alegia- oinarritutako Ekimen Politikoaren edukia eta garapena, aro politiko berri bati ekiteko; hain zuzen, norgehiagokaren kultura utzi eta elkar ulertzeko kulturara igarotzeko aroari ekiteko.

Aro berri horri ekiteko ekimen eta proposamen horiek aurkeztu dizkizuet legebiltzarkideoi eta euskal gizarte osoari azter ditzazuen. Benetan uste dut gure egoera sozial eta politikoak ahalegin handia eskatzen digula, adostasuna lortzeko aukera guztiak izpiritu irekiaz aztertu ahal izateko. Eskerrik asko.

 

 

Homepage
Indice
LEHENDAKARITZA