EGITURA
 
SAILAK
 
INSTITUZIOAK
 
Akordioak
Administrazioak
Prentsa Notak
Helbide Gida
 
 
   
Lehendakariak eginbiko adierazpenak
Bilbon, abenduak 22, igandean izango den manifestaldia dela ETA.
"ETA KANPORA".
Gasteiz, 2002ko abenduaren 20a


Vuelta a Declaraciones  Adierazpenetara buelta                 Word Artxiboa
 
 
Adierazpenak
 
 
Lehendakariarentzat beti izaten da atsegina, une kutun hau -urte berriari ongietorria egiteko familian biltzen gareneko une hau, alegia- zuekin konpartitzeko aukera izatea.


Oraingo hau, beharbada, abagune berezi horietako bat da, aukera ematen didana, nire ardura politikoaren gainetik, ikuspuntu hurbilagoa eta bihozberagoa erabiliz hitz egiteko zuekin.

Gure gizarteak sosegu, ilusio eta itxaropen uneak behar ditu, batez ere. Gutako bakoitzak ere, batzuek besteek baino gehiago, horrelako uneak behar ditu, aurrez aurrekotik urrundu eta besteekin biltzen saiatzeko.

Noizean behin, adore hitzak jasotzea merezi dugu; alde batetik, harro egon gaitezen geure buruaz, iraganeko oztopoak gainditzeko gauza izan garelako; eta bestetik, adore hitzok lagun diezaguten indarrak biltzen geure bidea egiten jarraitzeko.

Euskal gizarteak, bukatzear dagoen urte honetan zehar, krispazio politikoaren laztasuna - nire iritziz, gehiegizko krispazioaren laztasuna- sufritu behar izan du, ETAren indarkeriak eta terrorismoak gure Herrian eragiten dituen ondorio tamalgarri eta lazgarriez gain.

Euskal hiritarrek, zorionez, heldutasuna erakutsi dute behin eta berriro, arduradun politikook sarritan eztabaida eta elkarrizketa zuhur eta lasaia erabiliz erantzuten jakin ez badugu ere.

Gabonetako mezu honetan ez naiz ni izango, beraz, kezka eta egonezina gehituko dituena, sinetsita bainago politikaren alorretik bultzatutako aurrez aurrekoek nekea ezezik gogaita ere eragiten dutela.

Horregatik, aukera labur hau erabiliz, Bake eta elkartasun mezua baino ez dizuet helarazi nahi. Nire eginkizunak betetzean nahi gabe egin ditudan hutsak uler ditzazuela ere eskatu nahi dizuet eta, batez ere, 2002ko urte berrian zuen asmo guztiak bete daitezela opa dizuet bihotz bihotzez

Arduratsu eta esker onez erabili nahi dut aukera hau, euskal gizartetik berriro jaso baitut gure Herria bakearen eta elkartasunaren bidetik eramateko agindua. Eta bide hori guztiok batera egin behar dugu, inor bazterrean utzi gabe.

Ez diot huts egingo niregan ezarri duzuen konfiantzari. Lanean jarraituko dut egunero buru belarri Bakea lortzeko eta euskal hiritarren ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko. Guzti-guztiontzat.

Baina, batez ere, gure gizartean gutxien dutenak izango ditut gogoan lehenengo. Gizarteak elkartasuna erakusten ez badu, gizarteak besteen saminarekin sufritzen ez badu, gizartea gaixorik baitago, gizarteak ez baitu etorkizunik.
Baina, batez ere, gehien behar dutenak hartu nahi ditut gogoan oraingoan ere.
Lagun maiteren bat galdu duzuenok.
Bakardadea sufritu behar dutenak.
Hainbat herrialdetako pobreziatik eta premia gorritik alde egin eta guregana etorri direnak.
Gaixotasuna eta mina jasan behar dutenak.
Jai egun hauek seme-alabengandik eta senitartekoengandik urruti ospatu behar dituztenak.
Askatasunik ez daukatenak.
Indarkeriaren eta terrorismoaren atzaparkadak sufritu dutenak.
Lan duina ez izatearen zorigaitza dutenak.

Azken finean, besteen zoriona tristuraren kristal ilunetik ikusten duzuen guztiok jaso ezazue nire besarkadarik beroena, baita euskal gizarte osoarena ere. Guztiok batera lan eginez eta guztiok batera aurrera eginez lortuko baitugu gizartea bidezkoagoa eta solidarioagoa izatea gutxien dutenekin.

Berez baikorra banaiz ere, badakit urrutian hodei beltzak ageri direla.

Gizon-emakumeek ekonomiaren eta teknologiaren hazkundeak bultzatuta egin dute aurrera, baina ordainetan, espekulazioaren eta elkartasun ezaren bitartez, gero eta handiagoa egin dugu bidegabe banatzen gaituen zuloa.

XXI mendearen hasieran ere, gerraren eta terrorismoaren basakeria ezagutu dugu berriro. Goseak eta pobreziak milioika pertsonen etorkizuna kolokan jartzen dute. Milaka hizkuntza eta kultura galtzeko zorian daude, globalizazio eta uniformizazio kezkagarrien eraginez. Gure planetak ere mehatxu larriak ditu, guk geuk ingurumenean eragindako arazo larriengatik.

Bidegabekeria horiek ikusita, gizakiok ezin dugu berdin zaigula esan. Indarraren sendabidea, azalekoa litzateke hainbat arazori erantzuteko, arazo horiek konpontzeko elkarrizketa, elkartasun handiagoa eta munduko ondasunak eta boterea zuzenago banatzea behar baitira.

Ozenago hitz egin behar dugu. Guzti-guztiok lagundu behar dugu mundu gizatiarragoa eraikitzen.

Baina ezin gara pozik geratu kanpora begiratuta bakarrik. Etxean guk ere baditugu konpondu beharreko arazoak. Arazoak ditugu politikan, ekonomian eta gizartean, eta horretaz gain, gure Herriari gogor erasotzen dioten indarkeria eta terrorismoa sufritu behar ditugu.

Egia da arazoak ditugula, baina ez dezagun ikuspuntua galdu. Beti izan ditugu gainditu beharreko zailtasunak, zenbaitetan egoera askoz ere okerragoan, eta beti egin dugu aurrera.

Zailtasunek landu dute gure izaera. Olerkariak, harrizko euskaldunak ginela esan zuen, baina bihotz solidario eta zabaleko euskaldunak, historian zehar besteengana iristeko aukera eman digun itsaso zabalaren antzekoak.

Ez gaituzte beldurtzen garai berriek. Horregatik, uste dugu urteberriaren efemeridea gure arazoak konpontzeko eta bidean aurrera egiteko beste aukera bat dela.
2002. urtea, beraz, beste etapa bat da guretzat, beste aukera bat. Mendizale onak bezala, prest egon behar dugu bideari ekin eta gailurrera iristeko.

Ahalegin guzti-guztiak egingo ditugu aurrera jarraitzeko Europako ekonomiaren bataz bestekoarena baino gehiago hasten joateko, lanik ez dutenen kopurua jaisteko eta gure herritar askoren pobrezia eta premia egoerak leuntzeko.

Baina euskaldunok geure gailur batera ere iritsi behar dugu, aspalditik lortu ezin dugun gailurra. BAKEA. Eta ez dugu etsiko hara iritsi arte.

Bidaiariari egarriak erakusten omen dio ondoen iturrirako bidea.
Gure Herria Bake egarriz dago.

Bakea behar dugu, Bakea nahi dugu, eta Bakea eskatzen dugu. Guztiok elkarren ondoan egin behar dugu Bakearen bidea. Bide bat hor daukagu, euskal gizarteak aho batez elkarrizketaren alde eta indarkeriaren aurka egiteko adierazi duen borondatea errespetatzea baino ez da.

Egin dezagun, beraz, Bakearen bidea. Horixe da nire nahia eta gure Herriarena 2002. urterako.

Nahi horrekin eta konpromiso horrekin, Urteberri on opa dizuet.

 

Juan José Ibarretxe Markuartu
Eusko Jaurlaritzaren lehendakaria

 

 
 

Homepage
Indice
LEHENDAKARITZA