EGITURA
 
SAILAK
 
INSTITUZIOAK
 
Akordioak
Administrazioak
Prentsa Notak
Helbide Gida
 
 
   
Lehendakariaren adierazpena, 2003ko urriaren 25ean Jaurlaritzak Euskal Erkidegoko Estatutu Politikoaren proposamenaren testu artikulatua onartu duela eta

Vuelta a Declaraciones  Adierazpenetara buelta             Word Artxiboa (testu artikulatua)
 
 
Adierazpenak
 
 

LEHENDAKARIAREN ERAKUNDE-ADIERAZPENA

2003KO URRIAREN 25A

Gaur, 2003ko urriaren 25ean, Diktaduraren ondoko lehenengo Autonomia Estatutua abian jarri zenetik 24 urte betetzen direnean eta 1839ko urriaren 25ean Foruak indargabetu zirenetik 164 urte betetzen direnean, Eusko Jaurlaritzak ohiz kanpoko bilera egin du, hamar t`erdietan, Ajuria Enea jauregian eta Espainiako estatuarekin askatasunez elkartzeko Euskal Estatutu Politiko berriaren Proposamena onartzea erabaki du. Eusko Jaurlaritza demokratikoki hautatu du euskal gizarteak eta Eusko Alderdi Jeltzalea, Eusko Alkartasuna eta Ezker Batua alderdi politikoek osatzen dute. Egun historikoa da, beraz, gure herriarentzat.

Euskal gizartearekiko konpromisoa konponbideak lortzeko.

Euskadiren Estatutu Politiko berri hau, hain zuzen, Jaurlaritzak eta Jaurlaritza osatzen duten hiru alderdiek, euskal gizartearekin hartutako konpromisoari erantzuteko da. Konpromiso hori ilusioan eta itxaropenean oinarritzen baita. Konponbiderako konpromisoa baita. Onerako konpromisoa. Baietzarekiko konpromisoa. Bai, pertsona guztien giza-eskubide eta askatasunei. Bai, euskal gizarteak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea demokratikoki errespetatzeari, indarkeriarik gabe. Bai, euskal herritar guztientzako Euskadiren eraikuntza sozialari, inor baztertu gabe.

Estatutu berria belaunaldi berriarentzat.

Honelako hiru konpromiso horietan oinarrituta Eusko Jaurlaritzak aro berri bati ekin nahi dio, gure erantzukizun instituzionala gure gain hartuz eta Gernikako Autonomia Estatutuaren 46. artikuluak aitortzen digun agintea erabiliz. Estatutu berri bat eratu dugu euskal belaunaldi berriarentzat. Estatutu berri bat proposatzen dugu hobeto erantzuteko euskal gizarteak aldatzeko eta konponbideak bilatzeko duen gogoari. Proposamen moderno bat Euskadi Estatuarekin, Europarekin eta munduarekin erlazionatzeko.

Hobeto bizitzeko proposamena.

Euskaldunontzat autogobernua eta ongizatea gauza bera da. Horrela erakutsi digute Gernikako Estatututik garatu diren materiek. Uste osoa dugu autogobernu handiagoa izateak ongizate handiagoa ekarriko diela euskal herritar guzti-guztiei. Lanabes eta eskumen berriak behar ditugu, erabakitzeko ahalmen gehiago behar dugu, euskal gizarteak etorkizuneko erronkei aurre egiteko bermea izan dezan. Hobeto bizitzeko aurkeztu dugu Estatutu berri hau.

Proposamen baketsua eta demokratikoa. Elkarbizitzarako konpromisoa.

Estatutu berriak ez dakar hausturarik, baizik eta Espainiako estatuarekiko elkar bizitzarako esparru berria. Eztabaida lasaiari ekin nahi diogu. Elkarrizketa baketsua eta normalizatua proposatzen dugu. Espainiako herriei demokrazia-sena erabiltzeko eskatu nahi diegu euskal gizartearen gehiengoak bere borondatea, bakean eta demokrazian, adierazi dezan eta borondate hori errespeta dezagun guztiok. Ahotsa eta hitza baino ez dugu eskatzen.

Elkarbizitzarako, elkarrizketarako abiapuntua.

Gaur, Jaurlaritzaren Kontseiluan onartutako proposamena Jaurlaritza osatzen duten hiru alderdiek egindako ahaleginaren emaitza da. Guztion artean elkarrizketarako abiapuntua adostu dugu. Eusko Legebiltzarreko mahaiaren gainean testu arauemaile bat jarriko dugu euskal gizartean dauden sentsibilitate politiko eta ideologiko guztiak ordezkatzen dituzten legebiltzar taldeek ekarpenak eta aldaketak egin ditzaten askatasunaz, gure desberdintasunak handiak badira ere, guztion helburua baita adostasun handiagoa lortzea elkarrekin bakean bizitzeko.

Ilusioari eusteko eta parte hartzeko deia.

Euskal hiritar guzti-guztioi egin nahi dizuet dei, zuetako guzti guztiontzat ere baita elkar bizitzarako proposamen hau. Euskadin bizi garen guzti guztiok erabakiko dugu gure botoarekin gure etorkizuna. Gure eskubidea da eta horrek ez digu ez ezerk ez inork kenduko. Animatu nahi zaituztet ilusioari eta esperantzari eustera. Ez utzi beldurrak edo etsipenak zuek menderatzen. Ez zaitezte jausi irainean eta borrokan. Denon artean behin betiko irekiko dugu tunela gure etorkizunaren argia, gure ongizatearen argia, elkar bizitzaren argia eta bakearen argia ikusteko. Beraz, gonbidatzen zaituztet proposamenari buruzko informazioa jasotzera, konponbideen eztabaidan parte hartzera eta Euskadiko eta Espainiako ordezkari politiko guzti guztioi erantzukizuna, zintzotasuna, ikuspegi zabala eta, batez ere, elkarrizketa eskatzera.

Azken erabakia euskal gizartearen esku izango da. Merezi du denoi tokia eskaintzen digun prozesua irekitzea. Euskadin ez dago inor soberan. Iritzi guztiak, herritar guztiak garrantzitsuak dira. Guztion artean aukera dugu etorkizunerako alternatiba eraikitzeko. Guztion artean aukera dugu konponbidea aurkitzeko. Elkar bizitzarako konponbidea badagoela sinisten dugunak zenbat eta gehiago izan, orduan eta hurbilago izango dugu konponbidea. Azkenean euskal gizarteak berak eta gaur egun euskal gizartea osatzen duten lurraldeek -Arabak, Bizkaiak, eta Gipuzkoak, alegia- izango dute eskuetan Eusko Legebiltzarrean lortutako adostasuna behin betiko onestea erreferendum bidez, askatasunean, indarkeriarik gabe eta inor baztertu gabe.

Eskerrik asko. Eskerrik asko denoi.

 
 

Homepage
Indice
LEHENDAKARITZA