1.- Euskal gizarteak irtenbideak nahi
ditu.
Euskal gizartea zain dago. Guri begira dago. Irtenbideak
eskatzen dizkigu ordezkari politikooi. Lehendakariak eta
bere Gobernuak ez diote huts egin nahi itxaropen horri.
Ez dugu etsiko, eta ez gara sartuko ETAk eskaintzen duen
kale itsuan. Ez gara abiatuko gorroto eta frustrazioaren
bidetik. Inora ez doan bidetik. Ez dugu etsiko eta ez gara
inmobilismoan, blokeoan eta etengabeko ezetzean eroriko,
Alderdi Popularrak eta Alderdi Sozialistak planteatzen duten
bezala. Bide horrek ez gaituelako bakera hurbiltzen, eta
gizartearen krispaziora garamatzalako.
Euskal gizarteak ez du berriz egin nahi iraganari buruzko
eztabaida antzurik. Era berean, ez du nahi inork arrastaka
eramatea gizarte-eraso eta zatiketaren eszenatoki iraunkorrerantz.
Euskal gizartea aspertuta, nekatuta dago indarkeriarekin.
Nekatuta dago inposaketa eta xantaiekin. Nekatuta dago mezu
ezkorrekin.
Gure gizartea ez da heldugabea, azken hauteskundeak izan
ondoren norbaitek esan zuen bezala. Gure Herria zentzuduna
da; milurteko batzuk bete ditu eta adinez nagusia da bere
etorkizunaren jabe izateko. Euskal gizarteak irtenbideak
nahi ditu. Etorkizunari begiratu nahi dio, iraganari uko
egin gabe. Aurrera egin nahi du.
Estatuarekiko Itun Politiko berriaren beharra, irtenbiderako
egitasmoaren giltzarri.
Itxaropen horri erantzuna emateko, itun politiko berria
eratu behar da, gure autogobernuaren markoa egungo euskal
gizartearen gehiengoak dituen nahi eta helburuei egokitzeko,
Gernikako Estatutuak berak ezartzen dituen tresnak eta ahalmenak
erabiliz.
Hauxe da, nik, Lehendakariak, euskal gizarteari planteatu
nahi dizkiodan etorkizunerako apustu estrategikoa eta irtenbiderako
egitasmoa.
Kontua ez da egindako ibilbideari uko egitea, edo indarrean
dagoen Estatutuaren bidez gureganatu ditugun konpetentzien
kudeaketa eraginkorrari esker lortu dugun ongizate-maila
gutxiestea.
Kontua da elkarbizitzarako egitasmo berria eraikitzea,
atxikimendu librean eta partekatutako subiranotasunean oinarrituta;
eta ez menpekotasunean eta Estatuaren ikuspegi zehatz baten
inposaketan oinarrituta eta Euskal Herriaren borondatea
alde batera utzita.
Lehen Legebiltzar honi adierazi diodan bezala, behin betikoz
onartu behar dugu, normalizazio politikoaren arazoa konpontzeko,
ez dela erabaki behar nork gestionatu behar duen konpetentzia
hau edo beste hori. Normalizazio politikoaren arazoa konpontzeko,
onartu behar dugu Euskal Herria ez dela Estatuaren menpeko
zati bat, baizik eta nortasun propioa duen Herria, barneko
harremanen marko propioa ezartzeko eta benetako estatu nazio
anitz bati askatasunez atxikitzeko ahalmena duena.
Euskal gizarteak hartutako erabaki demokratiko batzuei
sordina interesatua jarri badiote ere, errealitatea tematia
da eta hor dago. Beste alde batera begiratzeak ez du inolako
laguntzarik emango, oraindik sufritzen ari garen normalizazio
politikoaren eta elkarbizitzaren arazo historikoa konpontzeko.
Errealitatea tematia da eta 1990eko otsailaren 15ean, Eusko
Legebiltzarrak, 38 boto alde jasota, gehiengo absolutuarekin
beraz, eta Herri Batasunaren laguntzarik izan gabe, honako
hau aldarrikatu zuen: "Euskal Herriak autodeterminazioaren
eskubidea dauka. Bere status politiko, ekonomiko, sozial
eta kulturala era libre eta demokratikoan erabakitzeko bere
hiritarrek duten ahalmenean datza eskubide hori; bai marko
politiko propioaren bidez, bai bere subiranotasuna, osorik
edo zati batean, beste Herri batzuekin partekatuz".
Errealitatea tematia da eta azken hauteskunde autonomikoetan
Euskal Autonomia Erkidegoko 10 biztanletik 8k eman zuten
botoa eta gehiengoak programa zehatz bat berretsi zuen,
euskal gizarteak etorkizuna erabakitzerakoan zein iritzi
duen jakinarazteko eskubidea defendatzen zuena.
Errealitatea tematia da eta Eusko Legebiltzarrak uztailaren
12an gaurko Estatutuaren potentzialtasunak garatzea eta
Estatuarekiko itun politiko berria egiteko lehen urratsak
egitea onartu zuen, euskal gizartearen gehiengoak askatasunean
eta demokrazia erabiliz azaltzen dituen asmoei erantzuteko.
Hauxe da errealitatea, eta horri aurpegia ez emateak, erantzukizun
politiko eza ezezik, euskal gizartearen gehiengoak zilegitasun
osoz dituen nahi eta asmoei egindako iruzurra ere adierazten
du, konponbiderako eta elkarbizitzarako egitasmoan aurrera
egin nahi baitu euskal gizarteren gehiengoak.
Beharrezkoa da, beraz, errealitateari aurpegia ematea eta
itun politiko berria bat planteatzea, euskal gizartearen
borondate demokratikoa bildu eta bereganatzeko gauza izango
dena.
Zuek ongi dakizuenez, iazko urriaren 25ean egin zen Osoko
Bilkuran, Estatutuaren ahalmenak garatu behar genituela
adierazi nuen, itun berria lortzeko, elkarbizitzarako bilgune
berria lortzeko. Itun berri horren egitasmoa eratzeko beharrezkoak
iruditu zitzaizkidan oinarri eta printzipioak aurreratu
nituen. Proposamen irekia erabili nuen horretarako, beti
ere, autogobernuari buruzko batzordea bat berariaz eratu
ondoren batzorde horretan gauzatuko zen eztabaidan laguntzeko.
Gainontzekoa ongi ezagutzen duzue, Legebiltzarreko Batzorde
horretan buru belarri egin baituzue lan sei hilabetetan.
Lan horren ondorioz, Legebiltzarraren Osoko Bilkurak diktamen
bat onartu zuen uztailaren 12an eta diktamen horretan 2001eko
urriaren 25ean proposatutako oinarriak osorik berretsi ziren.
Ildo horretan, euskal iritzi publikoari, eta baita espainolari
ere, jakin arazi nahi diet Lehendakariak eta Eusko Jaurlaritza
osatzen duten hiru alderdiek borondate sendoa dutela irtenbiderako
egitasmo honetan aurrera egiten jarraitzeko. Azkeneraino
iritsiko gara, uste osoa dugulako hori dela euskal gizartearen
gehiengoaren asmoa ordezkatzen duen bidea.
Prozesuaren ateak irekita egongo dira beti, euskal gizarteko
sentsibilitate guztien ordezkariek parte har dezaten; baina
oraintxe bertan aditzera eman nahi dut ez dugula onartuko
putzuaren hondoari lotuko gaituen beto-eskubiderik. Bidea
pausoz pauso egiten da, eta ibilbidea guk bakarrik hasi
behar badugu, bakarrik hasiko dugu, horretarako behar den
sendotasun politikoa eta gizarte-zilegitasuna daukagulako.
Azkenean, euskal gizarteak berak berretsi, saritu edo zigortu
beharko du lortutako emaitzaren egokitasuna.
Ni neu izango naiz konponbide hau bultzatzen jarraituko
duena. Hori dela eta, beste bi urrats eman nahi ditut Egoera
Politikoari buruzko Eztabaida honetan.
Lehendabizi, egitasmoa argitu nahi dut; hau da, Elkarbizitzarako
Itun berriaren proposamenaren edukia azalduko dut.
Bigarrenik, ituna garatu eta gauzatzeko jarraitu behar
den prozesuaren zedarririk garrantzitsuenak aurkeztuko ditut.
2.- Egitasmoa: Espainiako Estatuarekin
askatasunez elkartzeko status berri bat etapa berri baterako.
2.1 Zutabeak:
Elkarbizitzarako itun bat lortzea da helburua, Euskal Herriak
bere etorkizuna erabakitzerakoan bere borondatea zein den
jakitera emateko duen eskubidea onartzea oinarritzat hartuta.
Itun honek hiru zutabe nagusi ditu:
a) Euskal Herriak berezko nortasuna du... b) eta bere
etorkizunaz erabakitzeko eskubidea du... c) gaur Euskal
Herria eratzen duten eremu juridiko-politikoetako herritarren
erabakiak errespetatuta.
a) Berezko nortasuna duen Herria
Euskal Herriak berezko izaera du, Europako Herrien multzoaren
barruan. Euskal Herriak ondare historiko, sozial eta kultural
paregabea gordetzen du. Ondare hori Araba, Bizkaia, Gipuzkoa,
Nafarroa, Lapurdi, Zuberoa eta Behe Nafarroako biztanle
guztiena da, Pirinioen bi aldeetan dauden lurralde horietako
biztanle guztiena, eta ezin du inork monopolizatu.
Euskal Herria historian zehar finkatu den eremu geografikoak
izen asko izan ditu: Baskonia, Nafarroako Erresuma, Euskal
Herria edo Euskadi.
Euskal Herria, gaur egun, hiru errealitate juridiko-administratibo
ezberdinetan eta bi estatutan egituratzen da. Alde batetik,
Euskal Autonomia Erkidegoa -Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako
lurralde historikoak, alegia- eta Nafarroako Foru-Erkidegoa
daude, biak Espainiako Estatuan. Eta, bestetik, Iparraldeko
lurraldeak daude -Lapurdi, Zuberoa eta Behe Nafarroa-; horiek
guztiak Frantziako Estatuan daude eta ez dute berariazko
egituraketa politikorik.
Euskal Herria historian zehar ez da inor baztertzeko eratu,
eta ez da inoiz inor baztertzeko eratuko -lehen ez da inor
kanpoan utzi eta orain ere ez da inor kanpoan uzten, kanpoan
geratzerik nahi ez badu-; aitzitik, gizarte bizia da, norberak
euskal identitate sentimenduarekin bat egin nahi izatearen
emaitza; gainera, kasu askotan, sentimendu hori bateragarria
da beste nazio edo estatu batzuen parte sentitzearekin.
Euskal Herriaren parte sentitze horrek arau juridikoak
edo muga politikoak gainditzen ditu. Identitate nazionalaren
sentimenduak ezin baitira inposatu, ezin baitira debekatu
inolako dekretu, lege edo konstituzioren bidez. Naturaltasun
osoz onartu behar da pertsona bakoitzak nahi duen partaide
izate edo identitate sentimendua izan dezakeela, Giza-Eskubideen
Kartan bereriaz adierazten den bezala.
b)
Eta bere etorkizunaz erabakitzeko
eskubidea du
Euskal Herriak bere etorkizunaz erabakitzerakoan zein iritzi
duen jakinarazteko eskubidea du. Eskubide hori Legebiltzar
honek 1990. urtean gehiengo absolutuz onartu zuen, herrien
autodeterminazio-eskubidearen arabera. Herrien autodeterminazio-eskubide
hori Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean eta
Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunean
ere onartzen da. Hona zer aldarrikatzen duten hitzarmen
horiek lehenengo artikuluan: "Herri guztiek askatasunean
erabakitzeko eskubidea dute. Eskubide hori dela-eta, izaera
politikoa askatasun osoz erabakiko dute, eta garapen ekonomiko,
soziala eta kulturala bultzatuko dute".
Bi itun horiek, gainera, Espainiako Estatuaren konstituzionalitate-blokeari
gehitu zaizkio, 1977ko apirilaren 13ko berrespen-tresnaren
bidez.
c)
Gaur Euskal Herria eratzen duten eremu
juridiko-politikoetako herritarren erabakiak errespetatuta.
Euskal Herriak bere etorkizunari buruzko erabakiak hartzeko
duen eskubideaz baliatzeko, gaur egun Euskal Herriari egitura
ematen dioten eremu juridiko-politikoetako herritarrek bere
etorkizunaz erabakitzerakoan zein iritzi duten jakinarazteko
eskubidea arduratsu errespetatu behar da. Hau da, Euskal
Autonomia Erkidegoko herritarren erabakiak, Nafarroako Foru
Erkidegokoenak eta Iparraldekoenak errespetatu behar dira,
elkarren artean izan nahi dituzten barne-harremanak nahiz
bakoitzaren Estatuarekin izan nahi dituztenak ezar ditzaten.
2.2 Proposamena eta bere edukia
-
Euskal Herriaren parte garenez, Euskal Autonomia
Erkidegoak erabaki-eremu bat osatzen du.
-
Jatorrizko subiranotasuna dugu, gure eskubide
historioak berariaz jaso baitira Konstituzioan eta indarrean
baitaude eguneratuta.
-
Gernikako Estatutuaren Xedapen Gehigarria eta
Eusko Legebiltzarrak 1990eko otsailaren 15ean Autodeterminazio-Eskubidea
aldarrikatzeko hartu zuen Erabakiaren Xedapen Gehigarria
erabili nahi ditugu.
Hori guztia dela eta, elkarbizitzarako Itun Politiko berri
bat aurkeztu nahi diogu Espainiako Estatuari, gure nortasun
nazionala onartzean eta nazio anitzek osatutako estatu bati
askatasunez elkartzean oinarritutako itun bat.
Azken batean, Euskal Autonomia Erkidegoa Euskal Herriaren
parte eta erabaki-eremu denez, eta gure etorkizuna askatasunean
eta demokrazia erabiliz erabaki nahi dugunez, Espainiako
Estatuarekiko harreman-aro berria planteatu nahi dugu, elkartutako
nazio librearen status berri batean oinarriturik.
Itun berriaren edukia:
Gernikako Estatutuak gaurko autonomia erregimenari ezartzen
dizkion ahalmenetatik abiatuta, gure autogobernua ondoren
adieraziko ditudan terminoetan sakontzea planteatzen dugu,:
1) Gure nortasun nazionala eta gure etorkizunaz
erabakitzeko eskubidea legez onartzea.
· Euskal Herriak etorkizunaz erabakitzerakoan zein
iritzi duen jakinarazteko eskubidea onartzea; hau da, egun
Euskal Herria eratzen duten lurralde, lege eta politika
eremu ezberdinetako borondatea errespetatuz, Euskal Herriak
izan nahi dituen barneko eta kanpoko harreman markoa onartzea.
· Euskal Autonomia Erkidegoa Euskal Herriaren parte
eta erabaki-eremu denez, etorkizunaz erabakiak hartzeko
dugun eskubidea eratu nahi dugu, euskal gizarteari erreferendumaren
bidez kontsulta demokratikoak egitea arautu eta kudeatzeko
ahalmen osoa onartuz.
· Halaber, eta Estatuaren nazio aniztasunaren arabera,
euskal nazionalitatea nahi duenari naturaltasun osoz aitortzea
planteatzen dugu, lege, politika eta administrazio ondoriok
ditzan.
2) Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldeen eta Nafarroako
Foru Komunitatearen arteko harreman-askatasuna.
Askatasun horren euskarria honako hau da: EAEko lurraldeetako
herritarrek (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoek, alegia) eta
Nafarroako Foru Komunitatekoek eskubidea dute bere garapen
eta ongizate politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala lortzeko
egokienak diren lokarri politikoak eta barne-harremanak
ezartzeko, eta horretarako muga bakarra beraien borondatea
da.
Argi eta garbi utzi nahi dut, behingoz, bakarrik nafarrei
dagokiela bere etorkizunari buruzko erabakiak hartzea. Errespetuaren
premisa honetatik, inork ezin ditu inposatu, ezta eragotzi
ere, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Komunitateko
herritarrek askatasunez ezarri nahi dituzten harreman bideak
eta tresnak.
3) Frantziako Estatuan kokatutako euskal lurraldeekin,
Iparraldekoekin, harremanak izateko ahalmena.
Pirinioetako bi aldeetara dauden euskal lurraldeen arteko
harreman-markoa sakontzea planteatzen dugu, Iparraldeko
lurraldeekin -Frantziako Estatuko euskal lurraldeekin, hain
zuzen- ditugun lotura historiko, sozial eta kultural bereziak
estutzeko. Horretarako, araudi komunitarioa eta Europar
Batasuneko estatu ezberdinen lurraldeen arteko mugaz bestaldeko
lankidetza bideratzen duten itunak ahalik eta zabaltasun
eta malgutasun handienez erabiltzea proposatzen dugu.
4) Euskal botere judizial autonomoaren eraketa
Euskal botere judizial autonomoa eratzeak, botere legegilea
eta botere betearazlearekin batera, gure autogobernua osatuko
du. Botere judizial hori eratuta, instantzia judizial guztiak
Euskadin agortuko dira eta gure Erkidegoak ordezkatuko du
Estatua justizia-administrazioan. Estatuan indarrean dauden
prozesu-printzipio eta oinarrizko eskubide berak ezartzea
izango du muga, eta Estatuaren eremuarekin eta Europarenarekin
koordinatu eta lankidetzan aritzeko esparrua ezarriko zaio.
5) Euskadiko erakunde politikoak eratzeko bermea
Hau da, autonomia osoa autogobernu politikoaren erakunde
propioak diseinatzeko. Horrek esklusibotasuna ekarriko du
antolaketan, segurtasun publikoan, foru eta toki administrazioan
eta zuzenbide pribatuan, auzotasun, familia, ondare-harreman,
enpresa eta gizarte zibilaren eremuan.
6) Gure izaera kulturala gordetzea
Kultura-identitatearen ezaugarriak heziketaren eta ezagutzaren
transmisio-sistema osoan gordetzea ekarriko duen herri-politika
autonomoa garatuta. Horrek eskuduntza esklusiboa dakar kultura,
hizkuntza eta heziketaren arloan; baita zenbait alor enblematikotan
ere, hala nola, kultura-jarduerak eta kirolen euskal federakuntzen
nazio-selekzioak nazioartean ordezkatzean, horiek hori nahi
badute.
7) Eremu propioa garatzea gizarterako eta lanerako,
ekonomiarako eta babes sozialerako.
Horretarako, geure politika ekonomikoa, zerga eta fiskalitate
sistema, lan harremanetarako sistemak eta aurreikuspenerako,
ongizaterako eta gizarte segurantzarakoak era autonomoan
kudeatuko dira, Estatuarekiko eta Europarekiko elkartasun
eta lankidetzarako behar diren tresnak ezarriz.
8) Gure baliabide naturalen eta azpiegituren kudeaketa
bermatzea
Hau da, jarduera publikoen esklusibotasuna, euskal lurraldeari
dagokionez, ingurumenaren jasangarritasunean, lurraren erregimenean,
baliabide naturalen eta komunikabide-azpiegitura guztietan
titulartasunean.
9) Estatuarekin bi aldeko berme-sistema ezartzea,
izenpetutako Ituna alde bakar batek alda ez dezan
Itun batez eta askatasunean eta boluntarioki partekatzen
den subiranotasun-kidetzaren eredu batez ari bagara, elkarrekiko
berme-erregimena ezarri beharra dago, izenpetutako ituna
alde bakar batek murriztu, aldatu edo interpretatu ez dezan.
Horretarako, hainbat formula plantea daitezke, hartzen
diren konpetentzien motaren eta izaeraren arabera.
Esklusibotasunez burutzen diren herri-politiken kasuan,
politika horiei eragiten dieten kanpoko arau juridikoek
Euskadin eraginkortasun osoa izateko, Eusko Legebiltzarrak
berretsi beharko ditu.
Gainontzeko materien kasuan, adiskidetze gune eta arauak
eratu beharko dira, desadostasunik egonez gero, gatazkak
bakea eta demokrazia erabiliz konpondu ahal izateko.
10) Europan eta munduan ahots propioa izateko ahalmena
Euskal Herria Europaren parte da historiaren hastapenetatik
eta gaur egun Europako Batasunak osatzen duen espazioan
gauzatu beharko dituzte etorkizunean gizarte, ekonomia,
politika eta kulturaren arloko harremanak euskal erakundeek,
Espainiak eta Europako erakundeek.
Europan, zorionez, sozialki eta intelektualki gainditu
dira Espainiako Estatuan oraindik konpontzeke dauden eztabaidak.
Hainbat printzipio demokratiko -hala nola, elkartze librea,
herriek erabakitzeko duten eskubide demokratikoa, partekatutako
subiranotasuna, mugakideen arteko lankidetza edo estaturik
gabeko nazioen izaeren errespetua- normaltasun osoz onartzen
dira Europan, eta Espainiako Estatuak jarraitu beharreko
arauak markatu behar dituzte.
Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeok zuzenean egon nahi
dugu Europako erakundeetan, gure eskuduntza esklusiboak
defendatzeko eta gure identitate propioa ordezkatzeko. Planteatzen
duguna Europako Batasunaren Itunean ezarrita dago, eta horren
lekuko da Europako erakundeetan herrialde eta nazio askok
parte hartzea eta batzuetan kontseiluen buru izatea ere.
Horri dagokionez, Europarekin izan nahi dugun harremana
"elkartutako herrialde edo nazioaren status"aren
bidez planteatzen dugu; parte hartzeko formula aurreratu
hori, Konbentzio Europarra bera aztertzen ari da, 2004.
urtean
Batasunaren itunak aldatzen direnerako. Hau da, gure berezitasunek
eta Europako beste nazioenek berariaz azaldu behar dute
Europako konstituzio berrian.
Halaber, eta nazioarteko zuzenbidearen ezarpenik zabalenaren
arabera, ahots propioa izan nahi dugu munduan eta nazioarteko
erakundeetan; era berean, ekonomian, kulturan eta erakundeetan
ditugun interesak sustatzeko eta gure Herriaren identitatea
defendatzeko, nazioarteko itunak izenpetzeko ahalmena izan
nahi dugu.
2.3 Tresnak:
Euskal herritar askorentzat, Foruak, Euskal Herriaren Eskubide
Historikoak, dira gure benetako konstituzioa, oraindik ere.
Edonola ere, borondate politikoa baldin badago, euskal
arazoa deritzana konpondu nahi baldin bada, normalizazio
politikorako eta elkarbizitzarako benetako egitasmoa gauzatu
nahi bada, gaurko ordenamendu juridikoan dauden hainbat
prozedura eta tresna erabil daitezke.
Prozedura Gernikako Estatutuaren 46. artikuluan aurreikusten
da, eta tresnak honako hauek dira:
- Gernikako Estatutuaren Xedapen Gehigarria:
"Estatutu honetan ezarri den autonomia-erregimenaren
onarpenak ez du esan nahi, Euskal Herriari herri gisa historian
barrena dagozkiokeen eskubideei uko egiten zaienik, ordenamendu
juridikoak erabiltzen duenaren arabera gaurko daitezkeelarik".
- Konstituzioaren lehenengo Xedapen gehigarria:
"Konstituzioak babestu eta onartzen ditu forudun
lurraldeetako eskubide historikoak. Forudun erregimenaren
gaurkotze orokorra, dagokionean, Konstituzio eta Autonomia
Estatutuen barnean egingo da".
- Konstituzioaren bigarren Xedapen indargabetzailea.
"Inolako iraupenik gorde ahal baldin badu, 1839ko
urriaren 25eko legea, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko probintziei
dagokiena, behin betiko derogaturik geratuko da.
Era berdinetan, 1876ko uztailaren 21eko legea behin betiko
derogaturik geratuko da".
- Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Hitzarmena,
1966ko abenduaren 19koa.
Espainiako Erresumak berretsia, 1977ko apirilaren 13ko
berrespen-tresnaren bidez, eta 1997ko apirilaren 30ean 103
zenbakiko Estatuaren Aldizkari Ofizialean argitaratua.
- Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko
Hitzarmena, 1966ko abenduaren 19koa.
Espainiako Erresumak berretsia, 1977ko apirilaren 13ko
berrespen-tresnaren bidez, eta 1997ko apirilaren 30ean 103
zenbakiko Estatuaren Aldizkari Ofizialean argitaratua.
- Euskal gizartearen borondatearen zilegitasun demokratikoa,
erreferendumaren bidez adierazia eta ordezkatzen duten erakundeen
bitartez eratua.
Arazo politiko bat dagoela onartuz gero, itundutako irtenbide
politikoa aurkitu behar dugu. Ez da egia arazo juridikoa
dugunik; arazoa borondate politiko eta demokratikoa ez izatean
datza.
Planteatzen dugun harreman-eredu berria, guztiz bat dator
Konstituzioaren interpretazio ireki eta malguarekin, Estatuaren
nazio aniztasunean oinarritzen baita Konstituzioa, Espainiako
konstituzionalista adituek defendatzen dutenaren arabera.
Gainera, planteatzen dugun ereduak ez du bakarrik Euskadirentzat
izan nahi. Espainiako Estatuko beste herri eta nazionalitateentzako
harreman eredua izan liteke, Estatua egitura federal asimetriko
gisa ulertu ezkero, Alderdi Sozialistako ordezkari ezagunek
defendatzen dutenaren arabera, eta, noski, Ezker Batuak
aldarrikatzen duen elkartzee libreko federalismoaren kontzepziotik
ulertuz gero.
Baina gehiago esango dizuet: elkartze librean eta partekatutako
subiranotasunean oinarritutako harreman-eredu hau Europan
eta nazioartean erabilia eta onetsia da. Eredu hau Europaren
eraikuntzaren oinarrian dago eta, are gehiago, Europako
estatuen eta mendebaldeko beste estatu batzuen oinarria
izan da.
Azken batean, proposamen honek zenbait oinarri juridiko
eta politiko biltzen ditu; beti ere, Estatu baten barruan
bereizitako nazionalitateak izatetik edo estatu ezberdinak
eragiten dituzten arazo nazionalengatik sortutako harreman-gatazkak
bakea eta demokrazia erabiliz konpontzeko Europako Mendebaldean
erabili izan diren eta orain ere erabiltzen direnak.
Hauxe da XXI. mendean munduak aurrez aurre duen eztabaida
handienetako bat; hau da, nola bildu nazio-errealitateak
eremu juridiko, sozial eta politikoan. Nola errespetatu
estatua osatzen ez duten nazioen nortasuna. Nola bideratu
bere presentzia, bere eskubideak eta bere kezkak. Nola ezarri
harreman-markoa munduaren antolaketa berrian, horretarako
ezin baita oinarritu nortasun ezaugarrien ezabapenean eta
inposaketan, errespetuan eta elkartze librean onarritu behar
baita.
Hori gure erronka eta gure desafioa ere bada. Elkarrizketaren
bidez aurre egiteko gaitasunaren menpe dago etorkizunean
izan dezakegun elkarbizitza.
3.- Prozesua: Euskal gizartearen borondate
demokratikoaren errespetuan bukatzen den bidea.
3.1 Oinarriak
Formalki iragarri nahi dut Egoera Politikoari buruzko Eztabaida
honek bidea hasten duela, elkarbizitzarako itun politiko
berria eratuta bukatzeko, prozesu ireki, malgu, legezko
eta demokratiko baten bitartez, euskal gizarteak berretsi
dezan.
a) "Irekitasuna".
Prozesua ez zaio mugatuko ordezkari politikoen eremuari;
aitzitik, gizarteak ere parte hartzeko aukera izango du.
Irekitasunaren printzipioak bazterketarik eza dakar; hau
da, euskal gizartean dauden eta horrela nahi duten sentsibilitate
politiko eta sozial guztiek askatasunez har dezakete parte.
Prozesua beti irekita egongo da, bazterketarik ezaren printzipioa
indarrean egongo da aldi guztietan; baina, era berean, betorik
ezaren printzipioa funtsezkoa izango da; ez dugu oztopatzerik
eta blokeoa erabiltzerik onartuko.
b) "Malgutasuna".
Prozesua malgutasunez planteatuko da, azken emaitza
aurretik epaitu gabe, eta aldi ezberdinetan sar daitezkeen
ekarpen sozial eta politikoak kontutan hartuta.
c) "Legezkotasuna".
Indarrean dauden estatutu-arauetan eta konstituzio-arauetan
ezarritako prozedura-bidea jarraituko da.
Euskal Autonomia Erkidegoan hain zuzen, gaurko Autonomia
Estatutuaren 46. artikuluan ezarritako aldatze-prozedura
legala jarraituko da.
d) "Demokrazia".
Euskal gizartearen gehiengo demokratikoak berretsiko
du behin betiko egitasmoa erreferendumaren bidez.
Behin betiko berrespen hori baldintza egokietan egingo da,
euskal gizartea askatasunez mintzo dadin, indarkeriarik
eta bazterketarik gabeko eszenatoki batean.
3.2 Aldiak
Irekitako prozesuaren garapena zuzenduko duten printzipio
edo oinarriak finkatu ondoren, nire iritziz, horiek lortzeko
bidea markatu behar duten aldi eta konpromiso azalduko ditut.
Prozesuaren aurkezpen eta irekiera:
Lehenago azaldu dudan bezala, formalki iragarri nahi dut
Estatuarekin itun politiko berria lortzeko prozesua hasiko
dela. Egoera Politikoari buruzko Eztabaida honek prozesua
irekiko du ofizialki.
Horren inguruan, aurreratu nahi dizuet hurrengo astetik
aurrera bi aldeko bilerak egingo ditudala Legebiltzar honetan
ordezkatuta dauden indar eta sentsibilitate politiko guztiekin,
ireki den prozesuan parte hartzera pertsonalki gonbidatzeko
eta hasierako aldian edo ondorengo aldietan lan egin edo
parte hartzeko asmorik duten ezagutzeko.
Halaber, lehendabiziko aldi horretan, nik neuk azalduko
dizkiet egitasmoaren eta prozesuaren oinarriak Euskadiko
enpresarioen eta sindikatuetako ordezkariei eta gizarte
eta kultura erakundeei.
Gizartearen partaidetza
Formazio politikoekin eta ekonomia, gizarte eta kultura
eragileekin bi aldeko aurkezpenaren lehenengo fase hori
egin ondoren, euskal gizarteari irekiko diogu informazio
prozesua. Euskal gizarteak eskubide osoa du irtenbide-egitasmo
honen oinarri eta printzipioak ezagutzeko, bertan parte
hartzeko eta iritzia emateko. Gizartearen beraren iritzi
eta ekarpenak ezagutu nahi ditugu, gure gogoetei eransteko.
Atal-testu baten zirriborroaren elaborazio eta aurkezpena.
Eusko Jaurlaritzak, bere erantzukizuna betetzeko eta Gernikako
Estatutuak ematen dizkion atribuzioak erabiliz, konpromisoa
hartzen du, gehienez hamabi hilabetetan, atal-testu baten
zirriborroa egin eta aurkezteko, Legebiltzar honetan onartutako
oinarrietatik abiatuz, eta tarte honetan egin diren ekarpen
sozial eta politikoak aintzat hartuz.
Eztabaida politiko eta soziala, eta negoziazioa Estatuarekin.
Lehen zirriborro horretatik, eztabaida politiko eta sozialerako
prozesu berria irekiko da, behin betiko proposamena egin
ahal izateko.
Proposamen hori euskal gizarteari ezagutaraziko zaio, kontrasta
dezan, Eusko Legebiltzarrari tramitatzeko bidali aurretik,
Gernikako Estatutuan ezarritako prozeduraren arabera. Ondoren,
Estatuarekin negoziatu eta ituntzeko prozedura egokiak irekiko
dira.
Berrespena Erreferendumean.
Euskal gizarteak behin betiko berretsiko du, erreferendumean,
Estatuarekin lortutako Itun politikoa edo, hala balegokio,
Eusko Legebiltzarrak onartutako egitasmoa, indarkeriarik
eta bazterketarik gabeko eszenatoki batean.