EGITURA
 
SAILAK
 
INSTITUZIOAK
 
Akordioak
Administrazioak
Prentsa Notak
Helbide Gida
 
 
   
"Elkarbizitzarako Itun Politiko berri bat".
Lehendakariak Politika Orokorrari buruzko Osoko Bilkuran egindako hitzaldia.
(2002ko irailaren 27an)

Vuelta a Declaraciones  Adierazpenetara buelta                 Word Artxiboa

 
 
Adierazpenak
 
 

 

Lehenengo zatia
Bakearekiko eta Elkartasunarekiko gure konpromisoa.

1. atala:
Etorkizunerako alternatiba euskal gizartearentzat.a


1.- Indarkeria, autoritarismoa, bazterketa "Iraganerako tunelak"

Azken gertaerek argi erakusten dute euskal gizartea egoera larri batera eraman nahi dela; krispazio sozialera eta liskarrera, hain zuzen.
Euskal gizartearen gehiengoak berretsi zuen esperantzarako bidea, etorkizunerako alternatiba maiatzaren 13ko hauteskundeetan, 10 euskal biztanletik 8k parte hartuz.
Gehienen gogo horren kontra, ordea, zenbait indar bidea oztopatzen saiatzen ari dira. Ez dute irtenbiderik ekartzen mahai gainera. Ez dute etorkizunerako aukerarik aurkezten.
Ikasturte politiko hau indarkeria eta autoritarismoa areagotuz eta Batasuna legez kanpo utziz hasi da. Hiru tunel iraganera bultzatu nahi gaituztenak eta zatiketa eta konfrontazio zurrunbilo batean sartu nahi gaituztenak

a) Indarkeriaren tunela

ETA behin eta berriz saiatzen da Euskal Herria indarkeriaren eta sufrimenduaren tunelera eramaten. Euskal gizarteak argi esan eta eskatu dio ez dezala beste inor hil. Gure Herriak bere etorkizunaren jabe izan nahi du indarkeriarik, inposaketarik eta xantaiarik gabe. Hau da Euskal Herriaren hitza eta ahotsa. Horregatik, ETAk gaixotasun terminala du, Euskal Herriak, Batasunaren gehiengoa barne, ez duelako indarkeria onartzen.

Ezin dugu ahaztu 10 euskaldunetik 9k defendatzen dutela arazo politikoak konpontzeko ez dela indarkeriara jo behar. Hori da indarkeriaren ahultasunaren adierazlerik nagusiena; baina hori termometro bat ere bada, arazoak konpontzeko neurri politikoetan konfiantza gorantz doala adierazten duena. Hori da, beraz, ordezkari politikoon erantzukizuna, gizarteari konponbide politikoak proposatzea.

b) Autoritarismoaren tunela

Espainiar Estatuan gero eta nabarmenagoa da gu autoritarismoaren eta inposaketaren tunelera eramateko prozesua.

Segurtasuna aitzakiatzat hartuta, askatasunen eta norbanakoen eskubideen murrizketara goaz, askatasunen eta norbanakoen eskubide zibilen eta politikoen murrizketara, hain zuzen.

Hiru botereen banaketa eta independentzia -betearazlearena, legegilearena eta judizialarena, hain zuzen- gero eta ilunagoa da, banaketa eta independentzia hori demokraziaren indarraren giltza bada ere. Edozein begiralek, azkenaldian hartu diren erabakien arabera, esango luke dependentzia argia dagoela botere legegile eta judizialaren eta Espainiako Gobernuaren erabakien artean.
Larria da, baita ere, salbuespenak salbuespen, laugarren boterea bezala ezagutzen duguna, hau da, komunikabideek, kontzentrazio prozesu kezkagarria jarraitu eta bat egin dute euskal arazoa dela eta Espainiaren ikusmolde unilateralarekin, pentsamendu bakar eta ofizialaren atzetik.

Dena den, bistakoa da inboluzio demokratikoa eta atzerakada autonomikoa bizi ditugula.
Kalitate demokratikoa dela eta, diktadura frankistatik egindako bide luzean atzeraka goaz. Hainbat arlotan -hala nola seguritatean eta indarkeriaren aurkako gatazkan- helburu zintzoak lortzeko aitzakia erabiliz, demokrazian jaiotako belaunaldiak harriduraz ikusten du askatasun konstituzionalak mugatzen ari direla. Adierazpen-askatasuna, errugabetasun-presuntzioa, askatasun ideologikoa, elkartzeko eta manifestatzeko askatasuna segurtasun juridiko ezari gero eta lotuago dauden eskubideak dira.

Modu osagarrian eta inboluzio demokratikoari lotuta, atzerapen autonomikoa bultzatzen da. Konstituzioak onartutako estatu nazioaniztunetik ikusmolde uniformizatzaile eta ukatzaile batera goaz atzeraka, estatuaren baitan dauden nazio eta herrien izaera onartzen ez duen ikusmoldera. Berriro, frankismo garaian Espainiako Estatu nazional bezala ezagutzen zen tunelerako bidea ari gara egiten. Hau da, Estatuaren "jabe" den nazio eta kultura menperatzaile bat menpekotzat hartzen diren beste nazio, kultura eta herri batzuen aurrean. Ez da nahastu behar txikia menpekoarekin, ezta handia menperatzailearekin. Ez da neurri arazoa, errespetu eta duintasun arazoa baizik.

c) Bazterketaren tunela

Lehendakaria naizen aldetik, jakinarazi nahi dizuet ez nagoela bat ere ados ekimen batekin, niri iritzian, juridikoki Konstituzioaren aurkakoa eta politikan eta gizartean norgehiagoka eragiten duen ekimen batekin. Alderdi politikoen lege berriaz ari naiz eta lege horretatik datorrenaz, hau da, Batasunaren ilegalizazio prozesuaz, legearen bultzatzaileak gure arazo guztien konponbide gisa defendatzen badute ere.

Euskal gizarteak jakin badaki bazterketa ez dela konponbidea. Horrela adierazi baitu egin zaizkion kontsulta guztietan eta adierazpen sozial askotan. Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkurak berak joan zen maiatzaren 17an baztertu zuen bide hori Bakearen eta normalizazio politikoaren kontrakoa zela iruditu baitzitzaion.
Beraz, Espainiako Gobernuko Presidenteak bultzatutako erabaki hori euskal gizartearen kontrakoa izan da, huts egin duen estrategiaren porrota estaltzeko. Estrategia horren bitartez ETArekin bukatuko zuela agindu zigun; eta, orain, denbora hori bukatu ondoren, estrategia horrek sakrifizio eta sufrimendu gehiago iragartzen digu.
Azken finean, Britainia Handiko Gobernuak Ipar Irlandako indarkeria arazoa konpontzeko egin zuen alderantzizko bidea egiten ari da Espainiako Estatua.

Legebiltzar honetan norbaitek pentsatzen al du 200.000 pertsona klandestinitatera bidalita ETAren indarkeria desagertuko dela? herritarren seguritatea gehituko dela? krispazio eta zatiketa soziala gutxituko dela? Bakera gerturatuko garela?

Nik ez dut sinesten bazterketa eta istiluen zurrunbiloa elikatzen dituen tunel batetan; alderantziz, indarkeriaren estrategia indartzen laguntzen duela uste dut. Euskal herritarrak dira hauteskunde demokratikoen bidez bakoitza bere tokian jarri behar dutenak.

Benetan, bide egokia ez da bazterketa, aniztasunaren errespetua baizik.


2. Bakea, elkarbizitza eta elkartasuna, "Etorkizunerako aukera"

Indarkeria eta terrorismoaren zurrunbiloaren aurrean eta autoritarismoaren eta bazterketaren zurrunbiloaren aurrean euskal gizarteak etorkizunaren alde apustu egin du, eta etorkizuneko aukera hau hiru ardatz hauetan oinarritzen da:
- Euskadiren eraikuntza sozialean.
- Bizitza eta giza eskubideen errespetuan.
- Euskal Herriaren nahiaren errespetuan.

Hiru ardatz horiek honako hiru konpromiso hauek dituzte oinarri:
- Konpromiso soziala, ongizatearen giltzarria
- Konpromiso etikoa, bakearen giltzarria
- Konpromiso demokratikoa, elkar bizitzaren giltzarria

Horiek dira Jaurlaritzaren programari - eusten dioten ardatzak eta konpromisoak, euskal gizartearen bide nagusia ordezkatzen duten hiru alderdik babestutal.

Lehendakari gisa dudan erantzukizuna betez, Kursaalean hasitako bide hau egiten jarraitzeko ekimen politiko berriak azaldu nahi ditut Politika Orokorreko Eztabaida honetan.

 

2. atala:
Elkartasunarekiko eta garapen jasangarriarekiko konpromiso soziala, ongizatearen giltzarria.

1.- Hazkunde jasangarria eta solidarioa lortzeko eredu propioa eraikitzea

Neoliberalismo ekonomikoaren estrategiak gizabanakoaren lehiakortasuna hartzen du oinarri. Estrategia horren kontra, gure autogobernuaren bitartez gizartea eraikitzeko eredu propioa garatu dugu Euskadin, garapen jasangarrian eta elkartasunean oinarrituta.
Hazkundea, jasangarritasuna eta elkartasuna; horiexek dira gure gizartea osatzen duten pertsona guzti-guztien ongizatea areagotzeko hartu dugun konpromisoaren gakoak.
Aurreko ekitaldian zehar, Jaurlaritzak hainbat eta hainbat oinarri, ekimen eta egitasmo gauzatu ditu gizartea eraikitzeko geure eredu propioa eratzen jarraitzeko.
Horretarako, argi ez zeuden zenbait gai argitu ditugu gure finantza-harremanetarako ereduaz, hala kanpoko finantza-harremanetarakoez nola barneko finantza-harremanetarakoez. Negoziazio prozesu luze eta korapilatsu baten ondoren -ez dut hemen aipatuko guztiok ezagutzen baituzue prozesu hori-, Estatuarekin dugun Kontzertu ekonomikoa berretsi eta finkatu dugu otsailaren 20an. Barneko finantza-banaketaz, berriz, uztailean Jaurlaritzaren eta foru aldundien arteko Ekarpen Lege berria adostu dugu.
Jaurlaritzak, gainera, estrategia plana zehaztu du legegintzaldi honetan jarduteko. Estrategia plan horrek honako bi zutabe hauek ditu: planen eta programen egutegia, apirilaren 16an onartutakoa; eta legegintza egitasmoa, martxoaren 5ean onartutakoa. Bi tresna horiek agiri edo kontratu-programa batean jaso ditugu eta agiri horretan Eusko Jaurlaritzak euskal gizartearekin dituen 200 helburu eta konpromiso zehaztu ditugu. Helburu eta konpromiso horiek gure jardunaren erreferente izango dira legegintzaldi osorako.


Ez ditut banan-banan eta zehatz mehatz deskribatuko Euskadiko gizartea eraikitzen jarraitzeko sailek abian jarri dituzten ekimenak eta programak. Aurrekoetan bezala, informazio hori Legebiltzarraren esku dago, xede horretarako prestatu dugun eranskin batean. Baina utziko didazue horietako bat edo beste aipatzen, betiere, elkartasunaren eta gizarteratzearen alorrean nahiz hazkunde jasangarria bultzatzearenean aipagarrienak.

a) Elkartasuna eta gizarteratzea.

Esparru honetan gobernu honek euskal gizarteko desoreka nagusienei aurre egiteko abian jarri dituen ekimenak aipatuko ditut. Hona hemen zenbait desoreka aipagarri: lana eta familia bateragarri egitea, gizarte-bazterketa, lanaren behin-behinekotasuna -batez ere, gazteen artekoa-, emakumeen kontrako bereizkeria eta indarkeria, etxebizitza duina eskuratzea, etorkinei laguntzea eta horiek gizarteratzea, eta osasungintza eta irakaskuntzaren kalitatea hobetzea. Horiek gidatu dute gure jarduna lehenengo urte honetan eta horiek izango dira gure helburua legegintzaldi osorako.
Hona hemen horietako zenbait ekimen:

Familiei laguntzeko Erakundearteko Plana onartu dugu, eta plan horretan zerbitzu sozialei buruzko neurri ekonomiko ugari bildu ditugu, lana eta familia bateragarri egiteko. Beste neurri batzuen artean, familia ugariek dirulaguntza zuzenak jasoko dituzte hirugarren edo hurrengo semea edo alabarengatik -1998tik aurrera jaio badira- eta 1993tik aurrera izandako erditze anitzengatik. Aurtengo inbertsioa 100 milioi eurokoa izango da eta 15.000 familia izango dira onuradunak.

Otik 3 urtera bitarteko Hezkuntza eta Laguntza Antolatzeko proiektua laster onartuko da. Proiektu hori hurrengo urteetan apurka hedatzeak eta haurtzaindegietan 3.500 plaza sortzeak ere asko lagunduko digu lana eta familia bateratzen.
Halaber, Emakundek genero berdintasuna bultzatzeko eta etxeko indarkeriaren kontra egiteko Ekintza Positiborako planak burutzen ditu. Plan horiek ere funtsezkoak dira emakumeen bereizketari aurre egiteko, eta azken finean, familiari laguntzeko. Ildo beretik, akordio aitzindari batean -Erakundearteko Akordioan, hain zuzen- jasotako neurriak indarrean jarriko ditugu sexu-erasoen eta etxeko indarkeriaren gaitza auzitara eraman eta desagerrarazteko, gaitz hori XXI. mendeko lotsabideetako bat baita.
Horrez gainera, berdintasunerako lege bat prestatzen ari gara, emakumeei egindako tratu txarrei eta etxeko indarkeriari buruzko atal berezia izango duena. Gizarte osoak ohartu behar du hori lotsabide ikaragarria dela XXI. mendean. Beti uste izan dut ez duela merezi bidegabeko mundu batean bizitzea, mundu hori aldatzeko ez bada.

Gazteria da, beharbada, egoera sozial berrira egokitzeko zailtasun handienak dituen biztanle taldea. Apirilean Legebiltzar honi aurkeztu ondoren, Gazte Ekintzaren II Plana onartu genuen, lehenengo planaren ondorio onuragarriei eutsi eta horiek areagotzeko, ekimen positiboak bultzatuz zenbait arlotan, hala nola, lan eta laneratze arloan, heziketa eta prestakuntza arloan, etxebizitza arloan, osasun arloan eta aisialdi arloan.

Lanaren behin-behinekotasuna da gazteei eta ongizateari okerren eragin dien arazoetako bat. Espainiako gazteen behin-behinekotasunaren tasa %55etik %85era bitartekoa da, adinaren arabera. Euskadin ere badaukagu arazo larri horren berri eta, horregatik, Jaurlaritzaren jardunaren helburu nagusienetako bat izango da gazteen behin-behinekotasun hori gutxitzea, bidegabekoa eta iraingarria iruditzen baitzaigu lanean ari diren gazteen behin-behinekotasun hori.

Baina denok dakigu horretarako estatu mailako araudia aldatu behar dela eta ez daukagula araudi hori aldatzen esku hartzerik. Hori guztia dela eta, etsipenez beterik ikusten dugu Estatuko Gobernuak lan merkatua modernizatzeko burutzen dituen neurriek ez dutela egoera hori kontuan hartzen.

Horregatik, industriaren, enpleguaren eta gazteriaren alorretan burutzen ditugun politikez gain, Estatu osorako legegintza-ekimen bat eskatuko dugu lanaren behin-behinekotasuna sustatzeari utzi eta lan egonkorra lehenesteko.

Etxebizitza dela eta, Eusko Jaurlaritza esku hartze publikorako asmo handiko politika ari da burutzen Etxebide II. Planaren bitartez. 2001eko balantzearen arabera, sustapeneko 4.284 etxebizitza eskaini dira, helburua 3.500 eskaintzea zenean; 2002an, berriz, sustapen publikoko 4.500 etxebizitza baino gehiago eskainiko dira. Alderatzeko aukera izan dezazuen, babestutako etxebizitzen merkatu kuota %28koa izan zen Euskadin 2001ean; Espainian, ordea, %9koa izan zen. Hala eta guztiz ere, aitortu behar dugu higiezinen merkatuaren egoerak diru sarrera urriak dituen biztanle kopuru handia baztertzen duela. Horregatik, Jaurlaritzak nabarmen gehitu ditu aurrekontuko diru hornidurak, babestutako etxebizitzak eskaintzeko Plana sendotzeko. Ildo beretik, alokairuko etxebizitzen eskaintza berezia bultzatuko dugu hilean 200 euro baino gutxiagoko errenta dutenentzat, gazteek eta diru sarrera txikienak dituztenek eskura ditzaten etxebizitzok.

Etxebizitza alorreko ekimenen osagarri, gizarte-bazterketaren aurkako neurri bereziak sustatzen jarraituko dugu. Horretarako, nabarmen gehitu ditugu larrialdi sozialerako laguntzak, sendotu egin dira oinarrizko zerbitzu sozialak, eta diruz lagundu dira, Auzolan programaren bitartez, mila pertsona baino gehiago laneratzeko hainbat esperientzia, erantzuna emanez gizarte bazterketaren aurkako borrokaren hirugarren mailari.
Halaber, oinarrizko errenta egokitzeko egutegia betetzen jarraitu dugu -gutxieneko soldataren %80koa da orain-, %52 igo ondoren 1998tik hona.
Ekimen horiei beste zenbait ere gehitu behar dizkiegu, hala nola %40ko igoera izan dute gizartean baztertutako sektoreekin lan egiten duten taldeentzako diru kopuruek eta abian ezarri dugu dagoeneko Emigratzaileei Laguntzeko Plan bat, Estatuan aitzindari dena. Halaber, Eusko Jaurlaritzak Emigrazioaren Euskal Foroa eratuko du aurten bertan, foro horretan gogoeta eta proposamenak eginez eta erakundeak koordinatuz etorkinak errazago gizarteratu eta laneratu daitezen.

Bestalde, eta alor honekin bukatzeko, hirugarren osasun plana onartu dugu uztailean -2002-2010 Osasun Plana, hain zuzen-, euskal biztanleen osasuna hobetzeko. Plan horren helburuak dira, besteak beste, biztanleen bizi-itxaropena 1,4 urte luzatzea eta %25 murriztea gizarteak osasunean dituen aldeak, gutxien dutenen bizi-baldintza okerragoek eragindako aldeak, hain zuzen.

b) Garapen jasangarria..

Pertsona eta gizatalde baztertuenekiko birbanatze eta elkartasun politikaz gain, ongizatea gehitzeak beharrezkoa du produkzio-ehun osasuntsua eta lehiakorra, garapen jasangarria eragiteko bestekoa. Hori lortzeko, euskal administrazioek, Espainiako Gobernuak ez bezala -Espainiako Gobernuaren iritziz, industria politika onena ez dagoena baita-, hainbat eta hainbat ekimen publiko bultzatu ditugu hazkundea sustatzeko.
Ez ditut zehatz-mehatz azalduko energian, inbertsioa bultzatzen, merkataritza garatzen, nekazaritzako elikagaien sektorea suspertzen, teknologia programetan, enplegurako prestatzen, eta abarretan burutu ditugun ekimen eta politika guztiak, luzeegi joko bailuke horrek. Hiru arlo aipatuko ditut berariaz, interesgarriak iruditzen baitzaizkit oso. Hauexek dira hiru arlo horiek: informazioaren gizartea garatzea; foru aldundiekin batera azpiegitura programa berri bat abian jartzea, eta hazkunde jasangarrirako ingurumen estrategia bat burutzea.

Informazioaren gizartea garatzea.
Aurreko legegintzaldian, Jaurlaritzak etorkizuneko helburu estrategikotzat hartu zuen Euskadin informazioaren gizartea garatzea.
Euskadi 2003 ekimenak eraginda, sailen zenbait ekintza bildu eta indartu ziren "Euskadi Informazioaren Gizartean" izeneko plan integral baten. Plan hori otsailean onartu zen eta 433 milioi euroko inbertsioak biltzen ditu hurrengo lau urteetan informazioaren gizartea bultzatzeko.

Plan hori garatzeko, hainbat programa burutzen ari dira: batzuk herritarrentzako dira, hala Konekta Zaitez Programa nola KZ Gunea; eta beste batzuk barnerako dira, hezkuntzaren eraginkortasuna, osasungintza eta administrazio publikoa hobetzeko.
Ekimen horiek arrakasta nabaria izan dute. Icebergaren daturik agerikoena ematearren, honako hau aipatuko dizuet: duela bi urte inguru, Euskadi 8. erkidegoa zen Internet-en erabiltzaile kopuruan; orain, ordea, Estatuko lehenengo erkidegoa gara, burutu ditugun politikei esker.

Azpiegiturak bultzatzea
Maiatzean Euskadi 2003 Azpiegitura Planaren betetze-balantzea aurkeztu genuen. Plan horrek Europa'93 Planaren eta Euskadi XXI Planaren emaitza onuragarriak bildu ditu eta 486,8 milio euroko (81.000 milioi ptako) inbertsioak ekarri ditu lehenengo bi urteetan, azpiegiturak hobetzeko eta baztertutako lurraldeak suspertzeko.
Euskadi 2003 Planak hurrengo ekitaldi honetan ere jarraituko du eta azpiegituretarako berariazko programa bat izango du osagarri, foru aldundiekin koordinatuta eratu dena eta Ekarpenen Legeari buruzko Akordioan jaso dena.
Plan hori laster onartuko du Jaurlaritzaren Kontseiluak eta Legebiltzar honi bidaliko diogu, Legebiltzarrak planaren berri izan dezan. Egitasmo horrek 600 milioi euroko diru-kopuru izango du 2003-2007 aldirako eta berariazko inbertsioak finantzatuko dituzte, bide-azpiegituretan, obra hidraulikoetan eta sail ureztatuetan, batez ere.

Garapen jasangarrirako ingurumen estrategia bat.
Duela gutxi Johanesburgon Lurreko Gailurra izan zen. Gailur horren amaiera txostenak hainbat eta hainbat argilun jaso arren, han berriro agerian geratu zen mundu osoan hazkunde jasangarrirako ingurumen estrategia bat burutu behar dela premia osoz, planeta egoera atzeraezinean jarri nahi ez badugu behintzat.
Euskadin ohartu gara arrisku horretaz eta eginbeharrak eginda joan gara gailur horretara. 2020. urtea mugatzat hartuta, hazkunde jasangarriaren esparru-programa onartu genuen ekainean; eta esparru-programa horretan 200 konpromiso eta helburu zehatz jaso genituen honako bost alor hauetan: a) aire, ur eta lurrarenean; b) baliabideen eta hondakinenean; c) izadia defendatzean; d) mugikortasunaren, azpiegituren eta garraioenean; eta e) klimaren aldaketaren eta isuriak murriztearenean.

Jaurlaritza aitzindari da Espainiako Estatuan eta Europan ingurumen estrategia zehatz bat onartzen. Johanesburgon duela gutxi izandako gailurrean, gure estrategia aurkeztu diegu nazioarteko parte hartzaile guztiei eta, bost kontinenteetako beste zenbait herrialde eta eskualderekin batera, "Garapen Jasangarrirako Mundu Foroa" eratzea bultzatu dugu; foro horren bitartez estatua baino erakunde txikiagoek geure eskumenak erabiliz planetaren garapen jasangarrian parte hartzea eskatzen dugu. Janarazi nahi dizuet Munduko Gailur hori eratzeko lehen bilera Donostian izango dela hurrengo udaberrian.

2.- Aurrera doan herri baten argazkia.

Euskadi eraikitzeko burutu dugun estrategiaren balantze orokorra oso positiboa da.
Herri baten ekonomiaren nahiz gizartearen garapena islatzen duen adierazle bat, argazki bat, aukeratu behar izanez gero, adierazgarriena, agian, nazio batuen giza-garapenaren indizea izango litzateke. Konparazio-indize horrek errenta eta ondasun faktoreak eta hezkuntza, eskolatze eta bizi-itxaropen tasak batzen ditu. Adierazle horren arabera, Euskadi munduan giza-garapen handiena duten 10 herrialdeen artean dago, Herbehereen ondoan eta beste hainbat herrialde garrantzitsuren aurretik, hala nola, Japonia, Suitza, Luxenburgo, Frantzia, Espainia edota Erresuma Batua.

Aurrera doan herri baten argazkia da, beraz. Europako biztanleko errentaren batezbestekoa gainditu dugu, %8 inguruko langabezia tasetan bateratzea lortu dugu, planetako bizi-itxaropen handiena dugu, eta, ikerketan eta garapenean egin dugun ahalegin endogenoari esker, Europarekiko bateratze teknologikora goaz, nahiz eta hori oraindik lortu ez dugun helburua izan.

3.- Erantzun beharreko erronkak

Adibide horiek Euskadi aurrera doala erakusten dute. Ez da baikor eta norberaren buruaz atsegin aritzea. Badakigu emaitza horiek guztion ahalegin etengabeak ekarri dituela, zeren ongizatea hobetzen inoiz ez da amaitzen. Jakinaren gainean gaude, baita ere, munduko ekonomian eta politikan zalantzak eta mehatxuak ageri direla eta horiek enpresa-jardunaren bultzada eragozten dutela. Baina baikorrak gara. Iraganeko zailtasunak gainditu baditugu, seguru gaude etorkizuneko erronkei eta mehatxuei aurre egingo diegula, erronka eta mehatxu horiek oso nahasiak izan arren. Euskal gizarteak lehiakortasun-lasterketaren buruan jarraitzeko kemena duela erakutsi du.
Gure moldatze-gaitasunean konfiantza izatea ez da oztopo hazkunde ekonomikoan, elkartasunean eta gizarte-justizian erantzun beharreko erronkak digula aitortzeko. Asko dugu egiteko, baina bi erronka aipatuko ditut bereziki, izugarrizko garrantzia baitute bi erronka horiek.
Lehenengo erronka Babes Soziala da.
Espainiako Estatua, zoritxarrez, Europako Batasunean azkena da erosketa ahalmenaren parekotasunaren arabera biztanleko babes sozialean egindako gastuan, Europako batezbestekoaren %59 baino ez baitu gastatzen horretan. Euskadiko datuak ez dira hain txarrak -%72, hain zuzen-, baina oso urruti gaude Europan biztanleko babes sozialean egiten den gastuaren batezbestekotik.

Gure Herrialdeak Europarekiko bateratzea lortu behar du babes sozialean ere. Horretarako, Estatutuak aitortzen dizkigun autogobernu-baliabide guztiak izan behar digu. Bereziki, geure gain hartu behar dugu gizarte segurantzaren ekonomia-erregimenaren gestioa, gestio hori geuri esleitzen baitigu Gernikako Estatuaren 18.2 artikuluak, Euskadin babes sozialerako benetako eredu integratua eta unibertsala osorik garatzeko.

Nolanahi ere, eta gizarte segurantza sistemaren lagungarri, ahalegina egingo dugu osagarrizko aurreikuspen soziala diru sarrera mailarengatik zailtasunak dituzten gizatalde guztietara iritsi dadin eta lan munduan heda dadin eragile sozialen lankidetzaren bitartez.

Beste erronka handia Europarekiko Bateratze teknologikoa da.
Estatutuaren 10.16 artikuluak Euskadiri ematen dio ikerketa tekniko eta zientifikorako eskumen esklusiboa Estatuarekin koordinatuta. Bada, 23 urte igaro dira eta transferentzia hori ez da gauzatu oraindik. Erreferentzia datu bat izan dezazuen, esango dizuet transferentzia hori ez izateak 838 milioi euro -hau da, 139.500 milioi pezeta- gutxitu dizkiela I+Grako finantza-baliabideei azken hamar urteotan. Baliabide horiei eta zeharkako ondorioei esker, erdietsita izango genuke Europarekiko bateratze teknologikoa.
Zailtasunak zailtasun, azken 22 urteetan ahalegin endogeno itzela egin dugu Ikerketa eta Garapenean, eta horri esker, 1979ko %0,069tik oraingo %1,5era igaro gara. Legegintzaldi honetarako gure helburua Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Planaren bitartez inbertsio ahalegin hori sendotzea izango da eta 2005erako %1,85 inguruan aritzea.

Asko egin dugu aurrera. Lan asko egin dugu. Baina oraindik egiteko asko dago; eta hori lortzeko, gure ahalegin eta ilusio ezarriko ditugu.

3. atala:
Konpromiso etikoa. Pertsona guztien giza eskubideak defendatzea, Bakearen giltzarria

1.- Giza eskubide guztiak errespetatzea, Bakearen giltzarria.

Ziur nago, pertsona guztien giza eskubide guztiak errespetatzea -eta pertsona guztiena azpimarratzen dut- bai gizabanakoenak nahiz taldeenak Bakearen giltzarria dela.
Horregatik esaten dugu bai bizitzari, bai askatasunari, bai aniztasunari, eta argi eta garbi ez hilketei, ez estortsioari, ez torturari eta arrazoi politiko eta sozialak direla eta baztertzeari.
Hau da gure bidea. Badakit batzuetan zaila dela pertsona guzti-guztien eskubideak defendatzea indarkeriaren, torturaren edo hilketaren baten aurrean. Baina argi eduki behar dugu edozein indarkeria mota bidegabekoa dela, ez dagoela tortura justifikaturik edo ez justifikaturik eta ez dagoela hilketa onik edo txarrik.

Euskal Herriak hori argi du, eta argi du bere historian zehar, azken aldian batez ere, indarkeria gehiegi jasan izan duelako. Gerra zibila, atzerria, jazarpena, diktadura frankista eta, batez ere, ETA gure Herriaren bizitzaren gogoan daude indar handiegiz. Ez da sufrimendu gehiagorako unea, Bakearen garaia da. Hori da Euskal gizartearen nahia , beraz, hori da gure helburu nagusiena.
Horregatik, ez ditugu onartuko norbanakoen eskubideak ukatu eta Herrien eskubideak defendatzen dituztela esaten dutenen salaketa demagogikoak. Ezta ere, norbanakoen eskubideak defendatzen dituztenenenak gero talde eskubideak ukatzeko. Ezta ere, tortura eta dispertsioa salatu eta ETAren hilketak gaitzesten ez dituztenenak. Ezta, diktadura frankistaren hilketak oraindik kondenatu ez dituztenenak, nahiz eta orain ere areketatik gorpuak ateratzen ari. Ezta ere, GALen hilketa izugarriak direla eta kartzelan dauden pertsonen indultua txalotzen dutenenak. Ezta, beraien interes politiko, pertsonal edo profesionaletarako indarkeriaz baliatzen direnenak ere. Ez ditugu onartuko, ezta ere, ETAk mehatxatu, torturatu eta hil dituen pertsonekin solidaritatea adieraztea ukatu eta norberaren bazterketa politikoaren aurrean solidaritatea eskatzen dutenen lezio etikoak, ETAk mehatxatu, torturatu eta hil dituen pertsonek sufritu behar baitute bazterketarik ankerrena.

Nahastu gaitezke eta hobetu beharko dugu. Egiteko prest gaude. Baina esan dudan bezala ez gaude lezioak hartzeko prest. Gure bide propioan irmoak izango gara. Giza eskubide guztien defentsan zorrotzak izango gara. Horrela adierazi nuen Kursaalean, horrela jaso dugu gure Jaurlaritzaren programako konpromiso etikoan eta horrela berretsi nuen hemen, Eusko Legebiltzarrean, 2001eko irailaren 28ko bakegintzarako izan zen lehenengo Osoko bilkuran.

2.- Gure bidea, lotsatu gabe

Konpromiso etiko hau garatzeko urte honetan zehar ekimen ugari bultzatu ditugu. Konpromiso etiko honetan alderdi guztien adostasuna izatea nahi izan dugu, baina batzuetan ezin izan dugu. Kasu honetan, lagundu nahi izan gaituenarekin joan gara, lotsarik gabe eta gure printzipioei eta indarkeriaren aurkako ibilbide historikoari uko egin gabe eta pertsona guzti-guztien giza eskubideak defendatuz.

Jaurlaritzatik EUDELekin eta Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiekin Adierazpen Instituzionala bultzatu eta izenpetu genuen, adierazpen hori bizitzaren eskubidearen alde izan zen, eta Gernikan ospe handiz berretsi genuen, ekitaldi publiko batean Euskadiko 200 zinegotzi eta alkate baino gehiagoren aurrean
Terrorismoaren aurkako Zuzendaritza ere sustatu dugu eta Jaurlaritzan Giza eskubideen alorra ere garatu dugu.
Halaber, Federico Mayor Zaragoza jaunari Giza Eskubideen eta askatasunen Behatokia diseinatzeko ardura eman genion, ardura hori dagoeneko bete du eta aurrerago arituko naiz horretaz.

Baina, gure ekimen hauetaz gain, giza eskubideen defentsan eta indarkeriaren gaitzespenean alderdien hurbiltze sakonagoa lortu duten ekimenez arituko naiz.
Dakizuenez, joan zen otsailaren 21ean Aniztasuna Defendatzeko Mahaia deitu nuen, ordezkari politiko eta instituzionalekin. Lehenengo bilera honek EUDELen ondorengo adierazpena eta Arkauteko Seguritate Mahaiko Akordioak ekarri zituen.
Bi ekimen hauek jasota utzi nahi ditut, nire ustetan giza eskubideen defentsaren aldeko gure apustuaren adierazle argiak direlako.
a) Eudelen Adierazpena Aniztasunaren defentsan.
Maiatzaren 3an, Eudeleko Batzorde Betearazleak hiri-adierazpen bat onartu zuen "euskal gizartearen demokrazia, askatasuna eta aniztasunaren errespetuaren defentsan", eta hiru hilabetetan Euskal Autonomia Erkidegoko 175 udalek berretsi dute adierazpen hori.
Adierazpen honek ordura arte izan ez genuen topalekua ekarri zigun. Ganbera honetako inori ez zaio ezkutatzen Alderdi Politikoen legeak, geroago onartutakoak, denok defendatu genuen aniztasunaren errespetuaren kontrakoa dela erabat, eta horrela adierazi nuen maiatzaren 31n egin genuen Mahai Politiko-Instituzionalaren azkeneko bileran.
Gai izan behar dugu sortu diren desadostasunak gainditzeko eta udal alorrean beste instantzia politiko batzuentzako edo goiko mailako erakundeentzako hain zaila dena aurrera eramateko.
Horregatik, Lehendakari gisa tresna honen alde apustu egiten jarraituko dut eta herritar guztiei bakoitzak bere udalean lanean jarraitzeko eskatuko diet, aniztasunaren alde eta bazterketaren aurka, bizitzaren alde eta hilketen kontra. Bene-benetan, uste dut udaletan eztabaidarako eta elkarbizitzarako foroak sortzea guztion ardura dela, eta hiri-plataforma egokia izan daitezkeela -lan-mahaia, hain zuzen- gizartea adiskidetzeko.

b) Arkauteko Seguritate Batzordean hartutako erabakiak

Otsailaren 21ean izan zen mahai politiko eta instituzionaleko bileran onartu genituen konpromisoei erantzuteko, Arkauteko Batzordea martxan jarri zen alkateen eta zinegotzien seguritate neurriak proposatzeko. Batzorde honetan ez zuen parte hartu Barne Ministerioak, nahiz eta bilerarako deituak izan, eta zoritxarrez, Alderdi Popularrak ere aipatutako Batzordetik alde egin zuen modu ulertezinean.
Hala ere, Batzordeak bere lanak eraginkor egiten jarraitu zuen eta maiatzaren 21ean izan zen bileran akordio garrantzitsuak erdietsi ziren, akordio horiek ganbara honek onartu zituen ez Legezko proposamen bidez ekainaren 28an. Era berean, Jaurlaritzako Kontseiluak, Legebiltzarraren aginduz uztailaren 2an onartutako neurriak garatzeko agindua eman zion Barne Sailari.

Halaber, uztailaren 4an Arkauteko Batzordean akordio garrantzitsuak erdietsi genituen, terrorismoaren biktimei laguntzeko eta pertsekuzio indarkeriaren biktimen aldeko programa berri bat martxan jartzeko. Alderdi Popularra orduan ere akordio haietatik kanpo geratu zen, kanpo geratu izana ulergaitza izan arren.

Bitxia bada ere, erabaki horien kontra egiteko aitzakia edo arrazoia ez da izan erabaki horien edukia; aitzakia edo arrazoia Alderdi Politikoen legea izan da, horrela aitortu baitu jende aurrean Alderdi Popularrak. Ba al dago froga argiagorik Alderdi Politikoen legeak zatitzen duela erakusteko?

Jaurlaritzak, dena den, bere erantzukizuna bete eta bere ekimenak garatuz, asteartean bertan dekretu berri bat onartu du, Terrorismoaren Biktimentzako Laguntzak arautzen dituena. Dekretu horretan hobekuntza nabarmenak jaso ditugu; eta azpimarratu behar dugu hori guztia alderdi politikoekin eta terrorismoaren eragina jasaten duten taldeekin hitz eginez lortu dugula.

Beraz, aurrean ditugun ekimenek izugarrizko garrantzia dute eta sentiberatasun berezia eragiten dute kaltetutako taldeengan. Ekimen hauek erakunde guztien parte hartzea eta konpromisoa eskatzen dute.

Nire ustetan, hauteskunde eta alderdien kalkuluetatik kanpo egon beharko lirateke alkateen eta zinegotzien seguritatea eta pertsekuzio indarkeriaren biktimen defentsa.
Horregatik, dei egin nahi diet Alderdi Popularrari eta Espainiako Gobernuari bidea alda dezaten, beraien erantzukizunak bete ditzaten eta hartutako erabakiak eta aurkeztutako neurriak betetzen lagun diezaguten.

Baina hori esanda, oso garbi utzi nahi dut, baita ere, Jaurlaritza honek ez duela atseden hartuko gure gizartean mehatxatutako pertsona bakarra dagoen bitartean.

3.- Giza eskubideen eta askatasunen Behatokia.

Jakingo duzuenez, Euskal Herrian Giza eskubideen eta askatasunen Behatokia diseinatzeko agindua eman genion Federico Mayor Zaragoza jaunari otsailean. Agindu hori bete da eta irailaren hasieran proiektua formalki eman dit Mayor Zaragoza jaunak.

Lan eta ahalegin handia egin du eta jakin badakit ordezkari politikoen eta gai horretan pertsona eta erakunde adituen laguntza eta iritzia jaso dituela. Horregatik, publikoki beraien lana eskertu nahi dut eta aurreratu nahi dizuet, nire iritzian, egindako lanak eskatutako helburua eta proposatutako agindua bete dituela. Behatokia oso tresna baliagarria izango da Euskadiko pertsona guzti-guztien giza eskubideen eta askatasunen defentsaren alde egiteko.

Aurkeztutako behin betiko txostenean ezarrita dagoen legez, Behatokiak nazioartean izena duten pertsonei parte hartzeko aukera emango die eta giza eskubideen defentsan oinarrizko erreferentzia gisa erabiliko ditu mundu mailan giza eskubideen defentsari eusten dioten nazioarteko hiru itun hauek:
- Giza Eskubideen Nazioarteko Karta
- Eskubide Zibilen eta Politikoen Nazioarteko Ituna
- Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Ituna
Horiek guztiak Espainiako Gobernuak berretsiak dira.
Behatokia martxan jartzeko emango diren hurrengo urratsez, adierazi nahi dizuet Federico Mayor Zaragoza jaunaren proposamena irailaren 17an igorri zitzaiola Jaurlaritzari, ezagut dezan, eta Jaurlaritzaren Kontseiluan onartzeko behar diren txosten juridiko eta administratiboak biltzen ari garela. Proposamen hori bideratzeko, Lege proiektu bat aurkeztu nahi dugu Ganbara honetan, Behatokia 2003an guztiz eraginkorra izan dadin.


Bigarren zatia
Gure konpromisoa elkarbizitzarekiko eta normalkuntza politikoarekiko

Sarrera:
Euskal Herriak etorkizuna erabakitzerakoan bere borondatea zein den jakitera emateko duen eskubidea errespetatzea: elkarbizitzarako eta normalkuntza politikorako giltzarria

Hitzaldiaren hasieran euskal herritar bakoitzaren ongizaterako giltzarria Jaurlaritzak herri moderno, lehiakor eta solidarioa eraikitzeko duen konpromisoan datzala esan dizuet.
Horrez gain, gure konpromiso etikoaz ere hitz egin dut -pertsona guztien giza eskubideak defendatzeko konpromisoa duen gizartearen buru izateaz, alegia- Bakerako proiektuaren giltzarria baita hori.

Nire adierazpenaren bigarren zati honetan euskal gizartearen etorkizunerako proposatzen dugun bidearen hirugarren mugarriaz ariko naiz. Hirugarren ardatz hori konpromiso demokratikoa da, euskal gizartearen baitako normalkuntza politikoa eta Espainiarekiko elkarbizitza lortzeko egiten dugun apustuan islatzen dena.
Izan ere, konpromiso demokratiko hori sakontzea da euskal gatazka deritzonari irtenbidea emateko giltzarria, beti ere euskal gizartearen borondatearen errespetuan oinarrituta.

Horrela adierazi nuen Kursaaleko adierazpenean, 2001 urteko otsailean, eta horrela ulertu zuen euskal gizartearen gehiengoak ere azken hauteskunde autonomikoetan berretsi zuenez.
Autogobernuari buruzko Osoko Bilkuran nioenez, euskal gizarteak eman zuen gatazka politikoari buruzko bere iritzia iazko martxoaren 13ko hauteskundeetan, hots: euskal gizartearen zati handi eta politikoki plural batek bere etorkizuna askatasunean eta demokrazia erabiliz erabakitzeko duen eskubidea aldarrikatzen du.

Horrexetan datza, hain zuzen, irtenbidearen giltza gizartearen zati handi baten ustez. Inkesta soziolinguistikoetan azaltzen diren datuen arabera, euskal gizartearen %80ek, hau da, hamar lagunetik zortzik, uste dute euskal herritarrak eurak direla Euskal Herriaren etorkizuna askatasunean eta demokrazia erabiliz erabakitzeko eskubidea dutenak. Iritzi berberekoak dira abertzale, ez abertzale euskaldun eta federalista gehienak.

Gizartearen aldarrikapen horri erantzuteko, iazko urriaren 25eko Autogobernuari buruzko Osoko Bilkuran argi eta garbi jakinarazi nuen euskal gizartearen borondatea errespetatzeko konpromiso demokratikoa bi zutabe hauetan oinarritzen dela
:1) Euskal gizarteak bere borondatez eraikitako esparru juridiko eta politikoak errespetatzean, hau da, Gernikako Estatutua osorik betetzean.

2) Indarrean dagoen autogobernu esparru hori aldatu eta eguneratzeko euskal gizarteari legez dagokion eskubidean, hau da, euskal gizarteak elkarbizitzarako itun politiko berri bat aurkezteko duen eskubidean.

Bi zutabe horiek garatzeko Eusko Legebiltzarrean eratu zen Autogobernu Batzordeak bi erabaki hartu zituen uztailaren 12an: Estatutua osorik betetzea, bata; eta testu hori bera eguneratzeko Estatutuaren baitan eskaintzen diren aukerez baliatzea, bestea.

Lehendakari naizen aldetik, aurrera egitea dagokit. Horretarako, zenbait ekimen eta neurri garatuko ditut hurrengo ataletan banan-banan, bi helburu horiei -hau da, Estatutua osorik betetzeari eta elkarbizitzarako Itun Berri bat eratzeari-erantzuteko.

4. atala:
1979ko Estatutu Ituna osorik betetzeko konpromiso demokratikoa

1.- Betebehar demokratiko bat

Ez dut asmorik Politika Orokorreko Eztabaida hau behin eta berriz egindako aldarrikapen bat arrazoitzen erabiltzeko. Gernikako Estatutua osorik betetzeko eskaera ez da etorri euskal gizartearen, alderdi politikoen eta erakundeen aldetik bakarrik, Espainiako Kongresuak eta Senatuak berak ere eskatu izan dute. Eztabaida honetan, Estatutua onartu zenetik 23 urte igaro direnean, "Gernikako Estatutua osorik betetzea" izenburua duen atal bat ezarri beharra bera nahiko adierazgarria eta mingarria da. Ez dago lege hauste bat zigorrik gabe uztea baino gauza atsekabeagorik. Hasierako eredu hura -izaera bereiziko herrialdeak eta Estatuaren nazio-aniztasuna aitortzen zituen eredu hura, hain zuzen- indarra galtzen joan da eta azkenean "eskualde hutsak" bihurtu dira. Eta egiaztapen horrek berak Konstituzio blokearekiko hoztasuna dakar nahi eta nahi ez. Behin eta berriz frogatua gelditu da transferentziak unean uneko interes politikoen baldintzapean egon direla. Txosten teknikoak eskatu eta osoko bilkura monografikoak egin ditugu. Hainbat erabaki onartu da, ez bakarrik Eusko Legebiltzarrean, baita Diputatuen Kongresuan eta Senatuan bertan ere, oraindik ere lotsagarriagoa dena Espainiako Gobernuarentzat. Itunak sinatu ditugu. Maila goreneko Batzorde Politiko bat eratzea ere eskatu dugu. Jaurlaritzaren Kontseiluan erabakiak hartu ditugu. Hori guztia eta gehiago egin dugu eta dena alfer-alferrik izan da. Halere, ez dugu etsiko. Ez gara nekatuko, 23 urte eta gero, oraindik ere Estatutua osorik betetzea Konstituzioaren aurkakoa dela entzutera iritsi garen arren, Konstituzio Auzitegiak berak 209/1990 epaian, honakoa adierazi bazuen ere: "transferitu gabe dauden eskumenak Estatuak burutzea edo erabiltzea ezohikotzat jo beharra dago behin behinekoa delako, eta behin behinekoa ezin da betiko izan. Behin behinekotasun hori luzatzea eta konpetentziak eskuz aldatu gabe uztea eragozpen handia da eskumen horien banaketari dagokionez eta Estatua bera da horren erantzule handiena, berari baitagokio bitariko Batzordeen bidez akordioetara iristeko ardura".

Epai hori orain 12 urtekoa da. Salaketa politikoa egiteaz gain, publikoki deitzen diot Konstituzio Auzitegiari eta bere Presidenteari euskal gizartearen aurrean adierazi dezaten zeintzuk izan diren denbora guzti honetan Espainiako gobernuari bere epaiak betearazteko hartutako neurriak.
Ildo horretan, iragarri nahi dut Jaurlaritzaren Kontseiluak errekerimendu formal bat onartu eta aurkeztuko diola Konstituzio Auzitegiari bere epaiak betearazteko beharrezko neurriak har ditzan, kontuan izanik Espainiako gobernuaren jarrerak behin behinekotasuna hori bidegabe -eta nik esango nuke, inposatuta eta legez kontra- luzatzea dakarrela.

Beste gauza bat ere esango dut, hiritar guztiek ezagutzea nahiko nukeena. Ba al zenekiten, 1987 urtean, bai Kongresuak eta bai Senatuak, erabaki bana onartu zutela... "eskualdatu gabe zeuden transferentzien programa eta horiek negoziatzeko egutegia Eusko Jaurlaritzarekin zehaztu eta ados ditzala"... eskatzeko gobernu espainiarrari? Ez al zaizue Eusko Legebiltzarrak joan den uztailaren 12an, hau da, 15 urte geroago, onartutako erabakia antzekoa iruditzen?... Uztailaren 12 erabakian "lehenbailehen, bi hilabeteko epea baino lehen, Gernikako Autonomia Estatutua osorik betetzeko eta garatzeko proiektu eraginkorra eta horretarako egutegia zehazteko"…eskatu zitzaion Espainiako gobernuari.
Ez du pena merezi, beraz, egin diren adierazpen guztiak gogoraraztea. Aipatutakoa nahikoa esanguratsua da Espainiako gobernuak euskal gizartearekiko izan duen jarrera harroa -baita xantaia eta demagogia ere- agerian uzteko. Hona hemen horietako zenbait mezu…
- Estatutua beteko dugu baldin eta bere lehenengo xedapen gehigarrian testua aldatzeko eta garatzeko ematen dituen aukerei uko egiten bazaie… - Estatutua beteko dugu abertzaleek euren bidezko ideia eta proiektuei uko egiten badiete… - Estatutua beteko dugu Alderdi Politikoen Legeari eta Batasunaren ilegalizazioari baiezkoa ematen badiote… - Estatutua beteko dugu baldintza politiko egokiak ematen direnean… - Estatutua beteko dugu egokitzat jotzen ditugun zazpi eskumenei dagokienez… - Edo beste mezu hau, ez dugu Estatutua beteko konstituzioaren aurkakoa delako…

Horiek Espainiako gobernuak Estatutua betetzeko eskatu zaionean azken aldian, modu zuzenean edo estalian, emandako zenbait erantzun "bitxi".

Mehatxua izan ohi da harropuzkeria soberan dutenen eta arrazoirik ez dutenen erantzuna. Nik, egia esateko, uste dut Lege Organiko bat 23 urtez bete gabe uztea dela Konstituzioaren aurkakoa.

Gizarte demokratiko batean, gizabanakoak dira euren askatasunaren zaindari onenak, eta ez diote ohore egiten inongo erakunde edo egitura organikori, inongo ordenari, euren adostasunarekin eraikitakoa ez bada. Eta horrexegatik, herritarrek euren adostasuna eman eta gero euren borondateari muzin egin zaiola ikusteak, erakundeetan zuten sinismena galtzeko arrisku larria dakar, eta horren ondorioz, erakundeek sinesgarritasun hori galtzean, erakundeok nahitaez norabidea galtzeko.

Bi hilabete eta 23 urte igaro dira. Hala ere, ez gaude urduri jartzeko prest. 23 urte hauetan zehar, itxaroten dakigula erakutsi dugu. Gure agenda irekita dugu beti. Ateak zabalik ditugu hitz egiteko eta negoziatzeko, beti bezala. Nolanahi ere, lasaitasun berberarekin, baina irmo, jakinarazi nahi dut Eusko Jaurlaritza prest dagoela Legebiltzarraren agindua betetzeko.
Gure autogobernua aurrera egiteko aukera ematen diguten ekimenak bultzatzen jarraitzeko asmoa dugu, beti ere euskal herritarren onurarako bada.
Inor ez dadila orain aztoratu, horixe egin baitugu orain arte ere. Hara hor enplegua babesteko dirulaguntza eta laguntza politikak; langabetuak gizarteratzekoak; eta langileak etengabe trebatzeko eta prestatzeko laguntzak. Hara hor bazterketa sozialaren aurkako politika guztiak. Espetxeetako gizarte eta osasun laguntzarako politikak. Adin txikikoak babesteko politikak, foru aldundiekin elkarlanean burutzen ari garenak. Enpresa txiki eta ertainak sustatu, teknologia modernizatu, eta nazioartera bultzatzeko politikak. Ikerkuntza eta Garapen politika. Ureztatzeak, Euskadirentzat interes orokorrekoak diren obra hidraulikoak egiteko Estatuak azaldu duen atzerapen handia ikusita… eta abar eta abar.
Politika guzti horiek normaltasun osoz gauzatu ditugu euskal administrazioek azken urteetan, transferentziarik ez zetorrela ikusita.
Bistan denez, horrek ahalegin berezia ekarri du baliabide ekonomikoei, materialei, eta giza baliabideei dagokienez, baina horrela egin izan ezean, ez genuke gaur egun dugun ongizate eta zerbitzu mailarik izango aipatutako arloetan.
Argi eta ozen esan beharra dago: transferentziarik eza gobernu espainiarrak euskal gizarte osoa zigortzeko duen bidea da, eta zigor hori politikoa, soziala eta ekonomikoa da. Horixe da egia borobila.

2.-Gure konpromisoa: autogobernuan aurrera egitea, euskal gizartearen ongizatea hobetzeko.

Zalapartarik gabe, euskal gizartearen segurtasun juridikoa kolokan jarri gabe, urdurikeriarik gabe, eta legeetan jasotakoarekin bat etorriz, Eusko Legebiltzarrak uztailaren 12ko erabakian agindutakoa beteko dugu.
Horretarako, ekimenak bultzatuko ditugu Estatuak Euskadiren esku utzi nahi ez dituen esparruetan. Kasuan kasuko giza baliabideen eta baliabide materialen transferentzia bakoitza gauzatzen ez den bitartean, gure gain hartuko dugu ahalegin ekonomiko handiago hori, gero zuritzeko izango den aurrerakin gisa. Ezin diogu uko egin euskal gizartearen ongizate maila areagotzeko aukerari, jakin arren Espainiako gobernuak bere esku dituen finantza tresna guztiak behar ez bezala darabiltzala eta urtea joan urtea etorri euskal herritarrei milioika euroko iruzurra egiten diela esparru horietan.
Hona hemen Legebiltzarraren agindua betetzeko eta autogobernuan aurrera egiteko bultzatuko ditugun zenbait ekimen:

1. Ertzaintza handitzea
Ertzaintzan 200 ertzain berri hartzeko deialdia egingo da, hori egiteko premia larria ondotxo zehaztua eta frogatua geratu baitzen Segurtasun Batzordearen maiatzaren 21eko bileran eta Legebiltzarraren ekainaren 28koan.
Neurri horrek dakartzan diruen fluxua zuritzeko Estatuari ordaindu beharreko kupotik kenduko da, joan den martxoan negoziatu zen kupoaren azken akordioan jasota datorren bezala.

2. Ikerkuntza zientifikoa eta teknikoa
Sailen arteko programa bakar baten bitartez, arlo honetan sail desberdinek -batez ere, hezkuntzak, industriak eta nekazaritzak- ematen dituzten laguntza eta aurrekontuak bateratuko dira, beren jarduerak indartuko dira, Teknologiaren Euskal Sarea sustatuko da eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Planaren garapena areagotuko da.

3. Zinemagintzarentzako laguntza
Eusko Jaurlaritzak, bere sustapen jardueraren baitan eta transferentzia gauzatzen ez den bitartean, zinemagintzari laguntzeko programa berezi bat jarriko du abian Kultura Sailean legegintzaldi honetan zehar.

4. Herrilanetarako laguntza teknikoa eta ikerkuntza
Dauden laborategi autonomikoen funtzioak zabalduko ditugu, horien baitan, EAE-ko herrilanetarako laguntza teknikoa eta ikerkuntza burutu dadin, jarduera ekonomikoa sustatzeko, ekonomia garatzeko eta planifikatzeko ditugun eskuduntza esklusiboei esker.

5. Enpresa txiki eta ertainarentzako laguntza
Gobernu programan jasotako konpromisoekin bat etorriz, PYME deritzenei lagundu eta sustatzeko neurri desberdinak bateratu egingo dira, enpresa txikiari eta ertainari laguntzeko arlo-anitzeko programa bakar baten bidez, enpresa garapenerako PYME ekimenaren programa estatalei atxikitako aurrekontua oraindik ere transferitu gabe dagoen arren.

6. Lan segurtasun eta osasun arloko ikerkuntzarako eta laguntza teknikorako zentroa
OSALANek bere gain hartuko ditu Lan Segurtasun arloko Ikerkuntza eta Laguntza Teknikorako Zentroak bakarrik gauzatu izan dituen eskumenak ere, euskal langileen lan baldintzak hobetzeko eta jasaten ditugun istripu mailak jaisteko. Horretarako, lan alorreko legerian ditugun burutzapen eskuduntzetan oinarrituta jardungo dugu, eta baita EAEk laneko osasun, segurtasun eta higiene arloan dituen eskumen esklusiboetan ere.

7. Arrantza arloko produktuak sustatzeko laguntza
FROM delakoaren transferentzia gauzatzen ez den bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoak, beste alor batzuetan egiten duen bezala, arrantzatik datozen produktuen sustapenean ere lagunduko du, Estatuak arrantza arloa antolatzeko duen oinarrizko konpetentzia errespatatuta. Horrela, kofradia eta itsas-kooperatibei lagunduko zaie, arrantza alorreko erakundeen arteko akordioak sustatuko dira, eta arrantzatik datozen produktuen kontsumoa sustatzeko kanpainak ere diruz lagunduko da.

8. Itsas salbamendua
Ingurumenaren babeserako eta herri babeserako programak, itsas guneen babeserakoak eta itsas garraioaren inguruko neurri arautzaileak hartuko dira, horretarako segurtasun publikoan, herri babesean, ingurumenean eta nekazaritzan EAEk dituen eskumenez baliatuz.
Horrela lortuko dugu Euskadiko kostaldeko salbamenduari eta itsasora bideratzen diren isurkin kutsagarriei buruz Estatuko legerian ezarritakoa burutzea.

9. Portuak eta aireportuak
Foro berezi bat eratuko da portuetako jardueren kudeaketa hobetzeko eragingarriak diren arlo guztietan -garraioan, ingurugiroan, lurralde antolaketan, herri babesean eta osasungintzan, hain zuzen-, gaur egun euskal erakundeen aldetik garatzen ari diren arloz arloko politikak aztertzeko.
Aireportuen kasuan, Europan gertatu den liberalizazio prozesuaren ondorioz Estatuak zuzenean kudeatzeko modukoak ez diren zerbitzu osagarri jakin batzuk kudeatzen gure autonomia erkidegoak duen partehartzea zabaltzeko aukera aztertuko da.

10. Trenbideak
Eusko Trenbideekin lotutako egitura berri bat eratuko da, alde batetik EAEko trenbide azpiegiturak kudeatzeko eta bestetik trenbide zerbitzuen eragile izateko, EAEren esku dauden trenbideen kasurako eta baita Estatuaren esku daudenen kasurako ere, azken hauen artean beti ere garraioa EAEn hasi eta amaitzen bada. Aipatutako ekimen hori Europako araudi onartu berrian oinarrituta garatuko da, araudi berri horrek aukera ematen baitu trenbide azpiegituren kudeaketa eta garraio zerbitzuena banatzeko.

11. Justizia Administrazioa
Akordio sindikalak bultzatuko dira EAEn zerbitzu osagarrien, lanpostu zerrenden antolakuntzaren eta langileen administrazio erregimenari dagozkion beste hainbat alderdiren inguruan.
Horrez gain, inplikatutako alde guztien ordezkariak bilduko dituen erakunde aholkulari bat bideragarria den aztertuko da, EAEren esku egon daitezkeen zerbitzuak hobetzeko proposamenak egin ditzan erakunde horrek .

12. Nekazal aseguruak
Programa berezia jarriko da abian nekazal jarduerak aseguratzea bultzatzeko, EAEk nekazaritzan eta ekonomia sustatzeko dituen eskumenak erabiliz.
Beste alde batetik, inkonpetentzia errekerimendua aurkeztuko zaio Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari, hemendik aurrera zerbitzu horiek ENESAren bitartez betetzeari utz diezaion.

13. Enplegu politika aktiboak
Auzitegi Konstituzionalaren epai batek gai hau autonomi erkidegoei dagokiela dioenez, etengabeko trebakuntza programak eskaintzen jarraituko dugu gure erkidegoan.
Trebakuntza eta Enplegurako Euskal Zerbitzua diseinatuko dugu. Hasieran Fundazio bezala eratuko dugu zerbitzu hori, gaur egun zerbitzu desberdinen esku -hala nola, Lanbide Heziketaren Euskal Behategiaren, Enpleguaren Euskal Kontseiluaren, eta EGAILANen esku- dauden egitekoak zerbitzu batean biltzeko eta INEMen zerbitzuak beteko dituen erakundea aurrez antolatzeko.

14. Espetxe politika
Giltzaperatuen egoera hobetzeko programa bereziak diseinatu eta burutuko dira, heziketarako, osasunerako, zerbitzu sozialerako, adin txikikoen laguntzarako, segurtasun publikorako eta bergizarterako eskumenen babesean.

15. Turismoaren antolaketa
Eusko Legebiltzarrean onartu zen Turismoaren Antolaketarako martxoaren 16ko 6/1994 Legea arau bidez garatuko dugu, turismo arloko lanbideei, turismo arloko informazioari eta bidai agentzien titulu lizentziari dagokienetan. Lege horren bidez, EAEn dauden turismoko paradoreen jarduera ere arautuko da, sailkapen hori lortzeko baldintza eta betebeharrak finkatuz.

16. Kreditua, Banka, Aseguruak, Baloreen Merkatua
Inbertitzaile txikiaren babesa areagotzeko eta finantza arloko erreklamazio zerbitzu berezi bat sortzeko neurri arautzaileak abian jartzea planteatuko dugu, oinarrizko legeak arauz garatzeko eta burutzeko Estatutuak Euskadiren esku uzten duen eskumena ezarriz.

17. Garraio politika
Itsasozko, ibai bidezko, trenbidezko eta errepidezko garraio politikak arautuko dira, garraio zerbitzuak eta horiek emateko beharrezko diren eremu fisikoak eta azpiegiturak ere arautzeko.

18 Udal Hauteskunde Erregimena
Estatutuak lurralde historikoen esku uzten du Udal Hauteskundeen legeria, hauteskundeen estatu mailako oinarrizko araudia errespetatzeko muga bakarra ezarrita.
Horrela, foru lurraldeak dira eskudunak udal hauteskundeak antolatu eta arautzeko, beti ere LOREG delakoan zehazten den botoa emateko eskubidearen oinarrizko edukia errespetatzen badute.
Lurralde historikoek, kasuan kasuko foru arauen bidez, eskumen esklusibo hori burutzea erabakitzen balute, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartuko du udal hauteskundeak bultzatzeko eta horiek antolatzen laguntzeko, segurtasun baliabideak eta beharrezkoak diren baliabide informatikoak foru aldundien esku utziz.

19 Gizarte Segurantza
EAEri dagokio, alde batetik, Gizarte Segurantza arloko estatuaren oinarrizko legeria arauz garatzea eta burutzea eta, bestetik, Gizarte Segurantzaren ekonomia erregimena kudeatzea. Hori dela eta, arlo horretan araudi berezia garatuko da, EAEn ongizate eta Gizarte Segurantzarekin zerikusia duten zerbitzu guztiak koordinatuko dituen egitura bat sortzeko.


Esandako guztiarekin Legebiltzarrak agindutakoa betetzeko Jaurlaritzatik legegintzaldi honetan zehar abian jarri nahi dituen neurri eta ekimen jakin batzuk aurreratu dizkizuet.

Baina beste alde batetik, jakinarazi nahi dizuet Eusko Jaurlaritzak eranskin bat ezarriko diela urteko aurrekontuei, Estatuaren aldetik transferitzeke dauden gaiak ez transferitzeak dakartzan ondorio ekonomikoak islatzeko. Eranskin horretan Jaurlaritzak transferitzeke dauden gai horietan gastatzen duen kopurua ere jasoko da, horrekin guztiarekin, kupoa negoziatzen denerako Estatuarekin zuritu beharreko guztia argi gera dadin.

Oso argia izan nahi dut. Zuhurtasunez jokatuko dugu. Gure eskumenak eta indarrean dagoen legeria erabiliko ditugu. Baina ez diogu inoiz uko egingo gure autogobernuan aurrera egiteari, euskal gizartearen onerako bada.

Beraz, datozen hilabeteetan euskal gizarteak ikusi ahal izango du nola Jaurlaritzak, bere erantzukizunari aurre eginez, Estatuak oraindik transferitzeke edo finantza mailan arautzeke dituen gaietan inbertitzen jarraituko duen. Beste alde batetik, euskal gizarteak egiaztatu ahal izango ditu transferitzeke dauden zerbitzu publikoak administratzeko oinarriak finkatzeko ekimenak garatzen doazela enplegua, trebakuntza edo gizarte segurantza bezalako arloetan, horretarako erakunde edo egitura bereziak sortzeko araudiak onartzeari muzin egin gabe. Ez diogu muzin egingo, ezta ere, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dagoen industria, finantza, garraio edo beste edozein arloko sektore publiko estataletan ordezkapena egiteko edota erkidegoaren presentzia ahalbideratzeko araudia onartzeari.


5. atala:
Konpromiso demokratikoa euskal gizartearen borondatearekiko: elkarbizitzarako itun politiko berria.

1.- Euskal gizarteak irtenbideak nahi ditu.

Euskal gizartea zain dago. Guri begira dago. Irtenbideak eskatzen dizkigu ordezkari politikooi. Lehendakariak eta bere Gobernuak ez diote huts egin nahi itxaropen horri.
Ez dugu etsiko, eta ez gara sartuko ETAk eskaintzen duen kale itsuan. Ez gara abiatuko gorroto eta frustrazioaren bidetik. Inora ez doan bidetik. Ez dugu etsiko eta ez gara inmobilismoan, blokeoan eta etengabeko ezetzean eroriko, Alderdi Popularrak eta Alderdi Sozialistak planteatzen duten bezala. Bide horrek ez gaituelako bakera hurbiltzen, eta gizartearen krispaziora garamatzalako.

Euskal gizarteak ez du berriz egin nahi iraganari buruzko eztabaida antzurik. Era berean, ez du nahi inork arrastaka eramatea gizarte-eraso eta zatiketaren eszenatoki iraunkorrerantz.
Euskal gizartea aspertuta, nekatuta dago indarkeriarekin. Nekatuta dago inposaketa eta xantaiekin. Nekatuta dago mezu ezkorrekin.
Gure gizartea ez da heldugabea, azken hauteskundeak izan ondoren norbaitek esan zuen bezala. Gure Herria zentzuduna da; milurteko batzuk bete ditu eta adinez nagusia da bere etorkizunaren jabe izateko.
Euskal gizarteak irtenbideak nahi ditu. Etorkizunari begiratu nahi dio, iraganari uko egin gabe. Aurrera egin nahi du.

Estatuarekiko Itun Politiko berriaren beharra, irtenbiderako egitasmoaren giltzarri.
Itxaropen horri erantzuna emateko, itun politiko berria eratu behar da, gure autogobernuaren markoa egungo euskal gizartearen gehiengoak dituen nahi eta helburuei egokitzeko, Gernikako Estatutuak berak ezartzen dituen tresnak eta ahalmenak erabiliz.
Hauxe da, nik, Lehendakariak, euskal gizarteari planteatu nahi dizkiodan etorkizunerako apustu estrategikoa eta irtenbiderako egitasmoa.
Kontua ez da egindako ibilbideari uko egitea, edo indarrean dagoen Estatutuaren bidez gureganatu ditugun konpetentzien kudeaketa eraginkorrari esker lortu dugun ongizate-maila gutxiestea.
Kontua da elkarbizitzarako egitasmo berria eraikitzea, elkartze librean eta partekatutako subiranotasunean oinarrituta; eta ez menpekotasunean eta Estatuaren ikuspegi zehatz baten inposaketan oinarrituta eta Euskal Herriaren borondatea alde batera utzita.
Lehen Legebiltzar honi adierazi diodan bezala, behin betikoz onartu behar dugu, normalizazio politikoaren arazoa konpontzeko, ez dela erabaki behar nork gestionatu behar duen konpetentzia hau edo beste hori. Normalizazio politikoaren arazoa konpontzeko, onartu behar dugu Euskal Herria ez dela Estatuaren menpeko zati bat, baizik eta nortasun propioa duen Herria, barneko harremanen marko propioa ezartzeko eta benetako estatu nazio anitz bati askatasunez atxikitzeko ahalmena duena.

Euskal gizarteak hartutako erabaki demokratiko batzuei sordina interesatua jarri badiote ere, errealitatea tematia da eta hor dago. Beste alde batera begiratzeak ez du inolako laguntzarik emango, oraindik sufritzen ari garen normalizazio politikoaren eta elkarbizitzaren arazo historikoa konpontzeko.

Errealitatea tematia da eta 1990eko otsailaren 15ean, Eusko Legebiltzarrak, 38 boto alde jasota, gehiengo absolutuarekin beraz, eta Herri Batasunaren laguntzarik izan gabe, honako hau aldarrikatu zuen: "Euskal Herriak autodeterminazioaren eskubidea dauka. Bere status politiko, ekonomiko, sozial eta kulturala era libre eta demokratikoan erabakitzeko bere hiritarrek duten ahalmenean datza eskubide hori; bai marko politiko propioaren bidez, bai bere subiranotasuna, osorik edo zati batean, beste Herri batzuekin partekatuz".

Errealitatea tematia da eta azken hauteskunde autonomikoetan Euskal Autonomia Erkidegoko 10 biztanletik 8k eman zuten botoa eta gehiengoak programa zehatz bat berretsi zuen, euskal gizarteak etorkizuna erabakitzerakoan zein iritzi duen jakinarazteko eskubidea defendatzen zuena.
Errealitatea tematia da eta Eusko Legebiltzarrak uztailaren 12an gaurko Estatutuaren potentzialtasunak garatzea eta Estatuarekiko itun politiko berria egiteko lehen urratsak egitea onartu zuen, euskal gizartearen gehiengoak askatasunean eta demokrazia erabiliz azaltzen dituen asmoei erantzuteko.
Hauxe da errealitatea, eta horri aurpegia ez emateak, erantzukizun politiko eza ezezik, euskal gizartearen gehiengoak zilegitasun osoz dituen nahi eta asmoei egindako iruzurra ere adierazten du, konponbiderako eta elkarbizitzarako egitasmoan aurrera egin nahi baitu euskal gizarteren gehiengoak.

Beharrezkoa da, beraz, errealitateari aurpegia ematea eta itun politiko berria bat planteatzea, euskal gizartearen borondate demokratikoa bildu eta bereganatzeko gauza izango dena.
Zuek ongi dakizuenez, iazko urriaren 25ean egin zen Osoko Bilkuran, Estatutuaren ahalmenak garatu behar genituela adierazi nuen, itun berria lortzeko, elkarbizitzarako bilgune berria lortzeko. Itun berri horren egitasmoa eratzeko beharrezkoak iruditu zitzaizkidan oinarri eta printzipioak aurreratu nituen. Proposamen irekia erabili nuen horretarako, beti ere, autogobernuari buruzko batzordea bat berariaz eratu ondoren batzorde horretan gauzatuko zen eztabaidan laguntzeko.

Gainontzekoa ongi ezagutzen duzue, Legebiltzarreko Batzorde horretan buru belarri egin baituzue lan sei hilabetetan. Lan horren ondorioz, Legebiltzarraren Osoko Bilkurak diktamen bat onartu zuen uztailaren 12an eta diktamen horretan 2001eko urriaren 25ean proposatutako oinarriak osorik berretsi ziren.
Ildo horretan, euskal iritzi publikoari, eta baita espainolari ere, jakin arazi nahi diet Lehendakariak eta Eusko Jaurlaritza osatzen duten hiru alderdiek borondate sendoa dutela irtenbiderako egitasmo honetan aurrera egiten jarraitzeko. Azkeneraino iritsiko gara, uste osoa dugulako hori dela euskal gizartearen gehiengoaren asmoa ordezkatzen duen bidea.
Prozesuaren ateak irekita egongo dira beti, euskal gizarteko sentsibilitate guztien ordezkariek parte har dezaten; baina oraintxe bertan aditzera eman nahi dut ez dugula onartuko putzuaren hondoari lotuko gaituen beto-eskubiderik. Bidea pausoz pauso egiten da, eta ibilbidea guk bakarrik hasi behar badugu, bakarrik hasiko dugu, horretarako behar den sendotasun politikoa eta gizarte-zilegitasuna daukagulako. Azkenean, euskal gizarteak berak berretsi, saritu edo zigortu beharko du lortutako emaitzaren egokitasuna.
Ni neu izango naiz konponbide hau bultzatzen jarraituko duena. Hori dela eta, beste bi urrats eman nahi ditut Egoera Politikoari buruzko Eztabaida honetan.
Lehendabizi, egitasmoa argitu nahi dut; hau da, Elkarbizitzarako Itun berriaren proposamenaren edukia azalduko dut.
Bigarrenik, ituna garatu eta gauzatzeko jarraitu behar den prozesuaren zedarririk garrantzitsuenak aurkeztuko ditut.


2.- Egitasmoa: Espainiako Estatuarekin askatasunez elkartzeko status berri bat etapa berri baterako.a

2.1 Zutabeak:

Elkarbizitzarako itun bat lortzea da helburua, Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzerakoan bere borondatea zein den jakitera emateko duen eskubidea onartzea oinarritzat hartuta. Itun honek hiru zutabe nagusi ditu:
a) Euskal Herriak berezko nortasuna du... b) eta bere etorkizunaz erabakitzeko eskubidea du... c) gaur Euskal Herria eratzen duten eremu juridiko-politikoetako herritarren erabakiak errespetatuta.

a) Berezko nortasuna duen Herria
Euskal Herriak berezko izaera du, Europako Herrien multzoaren barruan. Euskal Herriak ondare historiko, sozial eta kultural paregabea gordetzen du. Ondare hori Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi, Zuberoa eta Behe Nafarroako biztanle guztiena da, Pirinioen bi aldeetan dauden lurralde horietako biztanle guztiena, eta ezin du inork monopolizatu.

Euskal Herria historian zehar finkatu den eremu geografikoak izen asko izan ditu: Baskonia, Nafarroako Erresuma, Euskal Herria edo Euskadi.

Euskal Herria, gaur egun, hiru errealitate juridiko-administratibo ezberdinetan eta bi estatutan egituratzen da. Alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoa -Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde historikoak, alegia- eta Nafarroako Foru-Erkidegoa daude, biak Espainiako Estatuan. Eta, bestetik, Iparraldeko lurraldeak daude -Lapurdi, Zuberoa eta Behe Nafarroa-; horiek guztiak Frantziako Estatuan daude eta ez dute berariazko egituraketa politikorik.

Euskal Herria historian zehar ez da inor baztertzeko eratu, eta ez da inoiz inor baztertzeko eratuko -lehen ez da inor kanpoan utzi eta orain ere ez da inor kanpoan uzten, kanpoan geratzerik nahi ez badu-; aitzitik, gizarte bizia da, norberak euskal identitate sentimenduarekin bat egin nahi izatearen emaitza; gainera, kasu askotan, sentimendu hori bateragarria da beste nazio edo estatu batzuen parte sentitzearekin.
Euskal Herriaren parte sentitze horrek arau juridikoak edo muga politikoak gainditzen ditu. Identitate nazionalaren sentimenduak ezin baitira inposatu, ezin baitira debekatu inolako dekretu, lege edo konstituzioren bidez. Naturaltasun osoz onartu behar da pertsona bakoitzak nahi duen partaide izate edo identitate sentimendua izan dezakeela, Giza-Eskubideen Kartan bereriaz adierazten den bezala.

b)… Eta bere etorkizunaz erabakitzeko eskubidea du
Euskal Herriak bere etorkizunaz erabakitzerakoan zein iritzi duen jakinarazteko eskubidea du. Eskubide hori Legebiltzar honek 1990. urtean gehiengo absolutuz onartu zuen, herrien autodeterminazio-eskubidearen arabera. Herrien autodeterminazio-eskubide hori Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean eta Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunean ere onartzen da. Hona zer aldarrikatzen duten hitzarmen horiek lehenengo artikuluan: "Herri guztiek askatasunean erabakitzeko eskubidea dute. Eskubide hori dela-eta, izaera politikoa askatasun osoz erabakiko dute, eta garapen ekonomiko, soziala eta kulturala bultzatuko dute".
Bi itun horiek, gainera, Espainiako Estatuaren konstituzionalitate-blokeari gehitu zaizkio, 1977ko apirilaren 13ko berrespen-tresnaren bidez.

c)… Gaur Euskal Herria eratzen duten eremu juridiko-politikoetako herritarren erabakiak errespetatuta.
Euskal Herriak bere etorkizunari buruzko erabakiak hartzeko duen eskubideaz baliatzeko, gaur egun Euskal Herriari egitura ematen dioten eremu juridiko-politikoetako herritarrek bere etorkizunaz erabakitzerakoan zein iritzi duten jakinarazteko eskubidea arduratsu errespetatu behar da. Hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren erabakiak, Nafarroako Foru Erkidegokoenak eta Iparraldekoenak errespetatu behar dira, elkarren artean izan nahi dituzten barne-harremanak nahiz bakoitzaren Estatuarekin izan nahi dituztenak ezar ditzaten.

2.2 Proposamena eta bere edukia

- … Euskal Herriaren parte garenez, Euskal Autonomia Erkidegoak erabaki-eremu bat osatzen du.
- … Jatorrizko subiranotasuna dugu, gure eskubide historioak berariaz jaso baitira Konstituzioan eta indarrean baitaude eguneratuta.
- … Gernikako Estatutuaren Xedapen Gehigarria eta Eusko Legebiltzarrak 1990eko otsailaren 15ean Autodeterminazio-Eskubidea aldarrikatzeko hartu zuen Erabakiaren Xedapen Gehigarria erabili nahi ditugu.

Hori guztia dela eta, elkarbizitzarako Itun Politiko berri bat aurkeztu nahi diogu Espainiako Estatuari, gure nortasun nazionala onartzean eta nazio anitzek osatutako estatu bati askatasunez elkartzean oinarritutako itun bat.
Azken batean, Euskal Autonomia Erkidegoa Euskal Herriaren parte eta erabaki-eremu denez, eta gure etorkizuna askatasunean eta demokrazia erabiliz erabaki nahi dugunez, Espainiako Estatuarekiko harreman-aro berria planteatu nahi dugu, elkartzeko libre den status berri batean oinarriturik.

Itun berriaren edukia:

Gernikako Estatutuak gaurko autonomia erregimenari ezartzen dizkion ahalmenetatik abiatuta, gure autogobernua ondoren adieraziko ditudan terminoetan sakontzea planteatzen dugu,::

1) Gure nortasun nazionala eta gure etorkizunaz erabakitzeko eskubidea legez onartzea.
· Euskal Herriak etorkizunaz erabakitzerakoan zein iritzi duen jakinarazteko eskubidea onartzea; hau da, egun Euskal Herria eratzen duten lurralde, lege eta politika eremu ezberdinetako borondatea errespetatuz, Euskal Herriak izan nahi dituen barneko eta kanpoko harreman markoa onartzea.
· Euskal Autonomia Erkidegoa Euskal Herriaren parte eta erabaki-eremu denez, etorkizunaz erabakiak hartzeko dugun eskubidea eratu nahi dugu, euskal gizarteari erreferendumaren bidez kontsulta demokratikoak egitea arautu eta kudeatzeko ahalmen osoa onartuz.
· Halaber, eta Estatuaren nazio aniztasunaren arabera, eta Gernikako Estatutuan espreski jasotako nazionalitate onarpenarekin bat etorriz, euskal nazionalitatea naturaltasun osoz aitortzea planteatzen dugu, lege, politika eta administrazio ondorioak ditzan.

2) Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldeen eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko harreman-askatasuna.
Askatasun horren euskarria honako hau da: EAEko lurraldeetako herritarrek (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoek, alegia) eta Nafarroako Foru Komunitatekoek eskubidea dute bere garapen eta ongizate politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala lortzeko egokienak diren lokarri politikoak eta barne-harremanak ezartzeko, eta horretarako muga bakarra beraien borondatea da.
Argi eta garbi utzi nahi dut, behingoz, bakarrik nafarrei dagokiela bere etorkizunari buruzko erabakiak hartzea. Errespetuaren premisa honetatik, inork ezin ditu inposatu, ezta eragotzi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Komunitateko herritarrek askatasunez ezarri nahi dituzten harreman bideak eta tresnak.

3) Frantziako Estatuan kokatutako euskal lurraldeekin, Iparraldekoekin, harremanak izateko ahalmena
Pirinioetako bi aldeetara dauden euskal lurraldeen arteko harreman-markoa sakontzea planteatzen dugu, Iparraldeko lurraldeekin -Frantziako Estatuko euskal lurraldeekin, hain zuzen- ditugun lotura historiko, sozial eta kultural bereziak estutzeko. Horretarako, araudi komunitarioa eta Europar Batasuneko estatu ezberdinen lurraldeen arteko mugaz bestaldeko lankidetza bideratzen duten itunak ahalik eta zabaltasun eta malgutasun handienez erabiltzea proposatzen dugu.

4) Euskal botere judizial autonomoaren eraketa Euskal botere judizial autonomoa eratzeak, botere legegilea eta botere betearazlearekin batera, gure autogobernua osatuko du. Botere judizial hori eratuta, instantzia judizial guztiak Euskadin agortuko dira eta gure Erkidegoak ordezkatuko du Estatua justizia-administrazioan. Estatuan indarrean dauden prozesu-printzipio eta oinarrizko eskubide berak ezartzea izango du muga, eta Estatuaren eremuarekin eta Europarenarekin koordinatu eta lankidetzan aritzeko esparrua ezarriko zaio.

5) Euskadiko erakunde politikoak eratzeko bermea
Hau da, autonomia osoa autogobernu politikoaren erakunde propioak diseinatzeko. Horrek esklusibotasuna ekarriko du antolaketan, segurtasun publikoan, foru eta toki administrazioan eta zuzenbide pribatuan, auzotasun, familia, ondare-harreman, enpresa eta gizarte zibilaren eremuan.

6) Gure izaera kulturala gordetzea
Kultura-identitatearen ezaugarriak heziketaren eta ezagutzaren transmisio-sistema osoan gordetzea ekarriko duen herri-politika autonomoa garatuta. Horrek eskuduntza esklusiboa dakar kultura, hizkuntza eta heziketaren arloan; baita zenbait alor enblematikotan ere, hala nola, kultura-jarduerak eta kirolen euskal federakuntzen nazio-selekzioak nazioartean ordezkatzean, horiek hori nahi badute.

7) Eremu propioa garatzea gizarterako eta lanerako, ekonomiarako eta babes sozialerako.
Horretarako, geure politika ekonomikoa, zerga eta fiskalitate sistema, lan harremanetarako sistemak eta aurreikuspenerako, ongizaterako eta gizarte segurantzarakoak era autonomoan kudeatuko dira, Estatuarekiko eta Europarekiko elkartasun eta lankidetzarako behar diren tresnak ezarriz.

8) Gure baliabide naturalen eta azpiegituren kudeaketa bermatzea
Hau da, jarduera publikoen esklusibotasuna, euskal lurraldeari dagokionez, ingurumenaren jasangarritasunean, lurraren erregimenean, baliabide naturalen eta komunikabide-azpiegitura guztietan titulartasunean.

9) Estatuarekin bi aldeko berme-sistema ezartzea, izenpetutako Ituna alde bakar batek alda ez dezan
Itun batez eta askatasunean eta boluntarioki partekatzen den subiranotasun-kidetzaren eredu batez ari bagara, elkarrekiko berme-erregimena ezarri beharra dago, izenpetutako ituna alde bakar batek murriztu, aldatu edo interpretatu ez dezan.
Horretarako, hainbat formula plantea daitezke, hartzen diren konpetentzien motaren eta izaeraren arabera.
Esklusibotasunez burutzen diren herri-politiken kasuan, politika horiei eragiten dieten kanpoko arau juridikoek Euskadin eraginkortasun osoa izateko, Eusko Legebiltzarrak berretsi beharko ditu.
Gainontzeko materien kasuan, adiskidetze gune eta arauak eratu beharko dira, desadostasunik egonez gero, gatazkak bakea eta demokrazia erabiliz konpondu ahal izateko.

10) Europan eta munduan ahots propioa izateko ahalmena
Euskal Herria Europaren parte da historiaren hastapenetatik eta gaur egun Europako Batasunak osatzen duen espazioan gauzatu beharko dituzte etorkizunean gizarte, ekonomia, politika eta kulturaren arloko harremanak euskal erakundeek, Espainiak eta Europako erakundeek.
Europan, zorionez, sozialki eta intelektualki gainditu dira Espainiako Estatuan oraindik konpontzeke dauden eztabaidak. Hainbat printzipio demokratiko -hala nola, elkartze librea, herriek erabakitzeko duten eskubide demokratikoa, partekatutako subiranotasuna, mugakideen arteko lankidetza edo estaturik gabeko nazioen izaeren errespetua- normaltasun osoz onartzen dira Europan, eta Espainiako Estatuak jarraitu beharreko arauak markatu behar dituzte.

Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeok zuzenean egon nahi dugu Europako erakundeetan, gure eskuduntza esklusiboak defendatzeko eta gure identitate propioa ordezkatzeko. Planteatzen duguna Europako Batasunaren Itunean ezarrita dago, eta horren lekuko da Europako erakundeetan herrialde eta nazio askok parte hartzea eta batzuetan kontseiluen buru izatea ere.
Edozein modutan, eta 2004. urtean Batasunaren itunak aldatzen direnerako Europarekin izan nahi dugun harremana "elkartutako herrialde edo nazioaren status"aren bidez planteatu nahi dugu; parte hartzeko formula aurreratu gisa, Konbentzio Europarra bera aztertzen ari da. Azken finean, planteatzen dugu gure berezitasunek eta Europako beste nazioenek berariaz azaldu behar dutela Europako konstituzio berrian.

Halaber, eta nazioarteko zuzenbidearen ezarpenik zabalenaren arabera, ahots propioa izan nahi dugu munduan eta nazioarteko erakundeetan; era berean, ekonomian, kulturan eta erakundeetan ditugun interesak sustatzeko eta gure Herriaren identitatea defendatzeko, nazioarteko itunak izenpetzeko ahalmena izan nahi dugu.

2.3 Tresnak:

Euskal herritar askorentzat, Foruak, Euskal Herriaren Eskubide Historikoak, dira gure benetako konstituzioa, oraindik ere.
Edonola ere, borondate politikoa baldin badago, euskal arazoa deritzana konpondu nahi baldin bada, normalizazio politikorako eta elkarbizitzarako benetako egitasmoa gauzatu nahi bada, gaurko ordenamendu juridikoan dauden hainbat prozedura eta tresna erabil daitezke.

-Prozedura Gernikako Estatutuaren 46. artikuluan aurreikusten da, eta tresnak honako hauek dira:
- Gernikako Estatutuaren Xedapen Gehigarria:
"Estatutu honetan ezarri den autonomia-erregimenaren onarpenak ez du esan nahi, Euskal Herriari herri gisa historian barrena dagozkiokeen eskubideei uko egiten zaienik, ordenamendu juridikoak erabiltzen duenaren arabera gaurko daitezkeelarik".
- Konstituzioaren lehenengo Xedapen gehigarria:
"Konstituzioak babestu eta onartzen ditu forudun lurraldeetako eskubide historikoak. Forudun erregimenaren gaurkotze orokorra, dagokionean, Konstituzio eta Autonomia Estatutuen barnean egingo da".
- Konstituzioaren bigarren Xedapen indargabetzailea.
"Inolako iraupenik gorde ahal baldin badu, 1839ko urriaren 25eko legea, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko probintziei dagokiena, behin betiko derogaturik geratuko da.
Era berdinetan, 1876ko uztailaren 21eko legea behin betiko derogaturik geratuko da".

- Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Hitzarmena, 1966ko abenduaren 19koa.
Espainiako Erresumak berretsia, 1977ko apirilaren 13ko berrespen-tresnaren bidez, eta 1997ko apirilaren 30ean 103 zenbakiko Estatuaren Aldizkari Ofizialean argitaratua.

- Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Hitzarmena, 1966ko abenduaren 19koa.
Espainiako Erresumak berretsia, 1977ko apirilaren 13ko berrespen-tresnaren bidez, eta 1997ko apirilaren 30ean 103 zenbakiko Estatuaren Aldizkari Ofizialean argitaratua.

- Euskal gizartearen borondatearen zilegitasun demokratikoa, erreferendumaren bidez adierazia eta ordezkatzen duten erakundeen bitartez eratua.


Arazo politiko bat dagoela onartuz gero, itundutako irtenbide politikoa aurkitu behar dugu. Ez da egia arazo juridikoa dugunik; arazoa borondate politiko eta demokratikoa ez izatean datza.
Planteatzen dugun harreman-eredu berria, guztiz bat dator Konstituzioaren interpretazio ireki eta malguarekin, Estatuaren nazio aniztasunean oinarritzen baita Konstituzioa, Espainiako konstituzionalista adituek defendatzen dutenaren arabera.
Gainera, planteatzen dugun ereduak ez du bakarrik Euskadirentzat izan nahi. Espainiako Estatuko beste herri eta nazionalitateentzako harreman eredua izan liteke, Estatua egitura federal asimetriko gisa ulertu ezkero, Alderdi Sozialistako ordezkari ezagunek defendatzen dutenaren arabera, eta, noski, Ezker Batuak aldarrikatzen duen elkartzee libreko federalismoaren kontzepziotik ulertuz gero.
Baina gehiago esango dizuet: elkartze librean eta partekatutako subiranotasunean oinarritutako harreman-eredu hau Europan eta nazioartean erabilia eta onetsia da. Eredu hau Europaren eraikuntzaren oinarrian dago eta, are gehiago, Europako estatuen eta mendebaldeko beste estatu batzuen oinarria izan da.
Azken batean, proposamen honek zenbait oinarri juridiko eta politiko biltzen ditu; beti ere, Estatu baten barruan bereizitako nazionalitateak izatetik edo estatu ezberdinak eragiten dituzten arazo nazionalengatik sortutako harreman-gatazkak bakea eta demokrazia erabiliz konpontzeko Europako Mendebaldean erabili izan diren eta orain ere erabiltzen direnak.

Hauxe da XXI. mendean munduak aurrez aurre duen eztabaida handienetako bat; hau da, nola bildu nazio-errealitateak eremu juridiko, sozial eta politikoan. Nola errespetatu estatua osatzen ez duten nazioen nortasuna. Nola bideratu bere presentzia, bere eskubideak eta bere kezkak. Nola ezarri harreman-markoa munduaren antolaketa berrian, horretarako ezin baita oinarritu nortasun ezaugarrien ezabapenean eta inposaketan, errespetuan eta elkartze librean onarritu behar baita.
Hori gure erronka eta gure desafioa ere bada. Elkarrizketaren bidez aurre egiteko gaitasunaren menpe dago etorkizunean izan dezakegun elkarbizitza.


3.- Prozesua: Euskal gizartearen borondate demokratikoaren errespetuan bukatzen den bidea.

3.1 Oinarriak

Formalki iragarri nahi dut Egoera Politikoari buruzko Eztabaida honek bidea hasten duela, elkarbizitzarako itun politiko berria eratuta bukatzeko, prozesu ireki, malgu, legezko eta demokratiko baten bitartez, euskal gizarteak berretsi dezan.

a) "Irekitasuna".
Prozesua ez zaio mugatuko ordezkari politikoen eremuari; aitzitik, gizarteak ere parte hartzeko aukera izango du. Irekitasunaren printzipioak bazterketarik eza dakar; hau da, euskal gizartean dauden eta horrela nahi duten sentsibilitate politiko eta sozial guztiek askatasunez har dezakete parte.
Prozesua beti irekita egongo da, bazterketarik ezaren printzipioa indarrean egongo da aldi guztietan; baina, era berean, betorik ezaren printzipioa funtsezkoa izango da; ez dugu oztopatzerik eta blokeoa erabiltzerik onartuko.

b) "Malgutasuna".
Prozesua malgutasunez planteatuko da, azken emaitza aurretik epaitu gabe, eta aldi ezberdinetan sar daitezkeen ekarpen sozial eta politikoak kontutan hartuta.

c) "Legezkotasuna".
Indarrean dauden estatutu-arauetan eta konstituzio-arauetan ezarritako prozedura-bidea jarraituko da.
Euskal Autonomia Erkidegoan hain zuzen, gaurko Autonomia Estatutuaren 46. artikuluan ezarritako aldatze-prozedura legala jarraituko da.

d) "Demokrazia".
Euskal gizartearen gehiengo demokratikoak berretsiko du behin betiko egitasmoa erreferendumaren bidez.
Behin betiko berrespen hori baldintza egokietan egingo da, euskal gizartea askatasunez mintzo dadin, indarkeriarik eta bazterketarik gabeko eszenatoki batean.

3.2 Aldiak

Irekitako prozesuaren garapena zuzenduko duten printzipio edo oinarriak finkatu ondoren, nire iritziz, horiek lortzeko bidea markatu behar duten aldi eta konpromiso azalduko ditut.

Prozesuaren aurkezpen eta irekiera:
Lehenago azaldu dudan bezala, formalki iragarri nahi dut Estatuarekin itun politiko berria lortzeko prozesua hasiko dela. Egoera Politikoari buruzko Eztabaida honek prozesua irekiko du ofizialki.
Horren inguruan, aurreratu nahi dizuet hurrengo astetik aurrera bi aldeko bilerak egingo ditudala Legebiltzar honetan ordezkatuta dauden indar eta sentsibilitate politiko guztiekin, ireki den prozesuan parte hartzera pertsonalki gonbidatzeko eta hasierako aldian edo ondorengo aldietan lan egin edo parte hartzeko asmorik duten ezagutzeko.
Halaber, lehendabiziko aldi horretan, nik neuk azalduko dizkiet egitasmoaren eta prozesuaren oinarriak Euskadiko enpresarioen eta sindikatuetako ordezkariei eta gizarte eta kultura erakundeei.

Gizartearen partaidetza
Formazio politikoekin eta ekonomia, gizarte eta kultura e