|
I. Aurkezpena.
Legebiltzarreko lehendakari jauna, Legebiltzarkideok, jaun/andreok,
egun on guzti-guztioi.
Ohore bat da niretzat, maiatzaren 13an izan genituen hauteskundeen
ondoren berritutako Ganbera honen aurrean, Eusko Jaurlaritzako
Lehendakari izateko nire kandidatura aurkeztea. Inbestidura-ekitaldi
honetako aurkezpena zuen iritzietara jarri nahiko nituzkeen
programa baten eta konpromiso batzuetan oinarritzen da.
Programa bat eta konpromiso batzuk gizarte plural honek dituen
behar eta itxaropenei erantzuna emateko -gizarte plurala,
hauteskundeak horrela baieztatu baitute-, baina, sentsibilitate
politiko desberdinetik harantzago guztiok kide garen sentimenduaren
inguruan batua eta helburu batekin: Bakea eta gure Herrirako
erabateko elkarbizitza lortzea.
Horregatik, eta euskal biztanleei hemen ordezkatutako aukera
politikoak aukeratzeagatik zor zaien errespetua erabiliz,
etorkizunerako programa bat aurkeztu nahi dut Legebiltzar
honetan, ez ateak ixteko programa bat, bideak urratzeko programa
baizik. Ez proiektuak inposatzeko, ez, printzipioak konpartitzeko
baizik.
Horrela bada, gure gizartearen arazoak gainditzeko Jaurlaritzaren
jarduna bideratuko duten konpromisoak azaldu nahi ditut, Legebiltzar
honen kide gehienen babesa izango dudalakoan.
Nire helburua -eta guztiona ere hori delakoan nago- ez da
zatiketa politikoa areagotzea, edo Euskadi gobernatzeko Legebiltzarreko
gehiengoak eta gutxiengoak erabiltzea, baizik eta inor kanpoan
utzi gabe etorkizuna eraikitzea guztion artean.
Horregatik, eta ni lehendakari izendatzeak izan ditzakeen
aldeko zuzenak alde batera utzita, aurreratu nahi dizuet garai
berri bati ekiteko asmoa dudala eta garai berri horretan norgehiagoka
alde batera utzita elkarrizketa izango dela nagusi euskal
gizartearengandik legitimotasun demokratikoa jaso duten alderdi
politiko guztien artean.
Lehenera ekarri behar dugu guztion artean gure iraganeko
jokabideek galarazitako konfiantza politiko eta pertsonala.
Egoerak eskatzen digunari erantzun nahi badiogu, ordezkari
politikook distentsioa, konfiantza eta normaltasuna berreskuratu
behar ditugu gure harremanetan, etorkizunean euskal gizarteak
dituen arazoei eta erronkei aurre egiteko egoki.
Legegintzaldi honetan gauza izan behar dugu gizarte integratu
eta kohesionatua eratzeko, Europan ongizatearen eta elkartasunaren
erreferente izango dena, eta horretaz gain Bakea eta elkarbizitza
lortu dituena.
Iraganean ekonomia eta gizarte mailako beste desafio batzuk
gainditu baditugu, ezin dugu etsi beste hogeita hamar urtetan
heriotza eta hilketaren atzaparkada ikaragarri eta dramatikoak
jasanez.
Gure gizarteko ekonomia, teknologia eta kultura etengabe
bilakatzen ari den mundu batera egokitzeko gure nerbioa, bizitasuna
eta ausardia frogatu badugu urte askotan zehar, "euskal
arazoa" deiturikoa konpontzeko gai izan behar dugu.
Konpromiso hori jarri du gure gain euskal gizarteak, eta lehenbailehen
eman behar diogu erantzuna konpromiso horri.
Hilketa berri bakoitza, indarkeria ekintza bakoitza, askatasuna
eta pertsonen seguritatearen aurkako eraso berri bakoitza
gizartearen kontzientzian gaztigua da; gizarteak, indarkeriaz
gogaituta, ETAren zentzugabekeria erabat arbuiatzen du eta
ordezkari politikooi biktimekiko batasuna eta elkartasuna
adierazteaz gain, erantzunak eta konponbideak eskatzen dizkigu,
heriotza, min eta sufrimendu gehiago izan ez dadin.
Hori da gure erantzukizuna, eta erantzukizun horren aurrean
ni ez nago prest beste aldera begiratzeko, ez nago prest ez
etsitzeko ezta atzera begiratzeko.
Berriz gerta ez daitezen beharrezkoa da iraganeko hanka-sartzeetatik
ikastea, baina beti etorkizunera begira, beti aurrera begira.
Hori da animatzen nauen helburua eta hori praktikan jartzeko
asmoa dut, Legebiltzar honen gehiengoa alde badut.
Ikas dezagun, beraz, iraganetik, azter dezagun egindako bidea,
baina balia gaitezen euskal gizarteak etorkizuna eraikitzeko
eskaini digun aukera berriaz.
Atal hauetan, hain zuzen, banatuko dut Lehendakaria izendatze-ekitaldi
honetan egingo dudan hitzaldiaren edukia.
Lehenengo eta behin, egindako bidea eta aurreko legegintzaldiko
esperientzia aztertuko dut.
Bigarrenik, duela gutxi izan diren hauteskundeek eskaini diguten
aukera berriaz gogoeta egingo dut.
Eta hirugarrenik, etorkizuna eraikitzeko, niri iritziz, behar
diren konpromisoak, jarduera ardatzak eta zutabeak zehaztuko
ditut.
Azken finean, bizitzaren, elkarrizketaren, errespetuaren
eta elkartasunaren kontzeptuei edukia ematea da, horiexek
izan baitziren Kursaal-en aurkeztu nuen konpromisoaren oinarriak
eta maiatzaren 13 euskal gizarteak abalatu zuen hauteskunde
programarenak.
Horixe da aurkeztuko dizuedan programaren helburua.
II. Egindako bidea. Iraganeko esperientzia.
Hau ez da gaitzespenak adierazteko atala, iraganetik ikasteko
konpartitu behar ditugun esperientziak adierazteko atala baizik.
1999ko urtarrilean aurreko Jaurlaritza eratu zenetik hona
denbora luzea igaro dela ematen badu ere, gogoan hartu behar
dugu aurreko legegintzaldiak erabat bestelako agertokia izan
zuela oraingoaren aldean.
Aspaldian lehenengo aldiz bake prozesu hasiberri baten lan
egiteko aukera izan genuen, baina, tamalez, itxaropen hori
zapuztu egin zen.
ETAk, 14 hilabete iragan ondoren, su-etena bertan behera
uztea erabaki zuen, eta horrela Euskal Herriko biztanle gehienen
ilusioa eta itxaropena zapuztu zituen, baita Euskal Herritarrok-en
militanteena ere.
ETA izan zen, bere paranoian, gure Herriari zorigaitza, bidegabekeria
eta heriotza ekarri dion erabaki horren errudun bakarra.
Agian, ETAk bere proiektua inposatzeko erabili zuen su etena,
etorkizunari buruz hartu beharreko erabakiak alderdi politikoen
eta euskal gizartearen beraren eskuetan utzi beharrean.
Beharbada ez genuen jakin bake prozesuari ondoen lagunduko
zioten baretze, leuntze eta elkartze keinuak gauzatzen.
Agian, nik neuk ere ez nuen jakin alderdi politikoen baldintzatzaileak
behar bezala ulertzen, eta uste izan nuen, gizarteak nahi
zuen bezala, bide bat zegoela harriak baino ez zeuden tokian.
Beharbada, Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko bitartekari
izan zenak esan zuen bezala, su-etena batzuen pazientzia ezagatik
eta besteen zorroztasunagatik geratu zen ezerezean.
Erantzun gabeko galderak ugariak dira. Ziurrenik, azalpen
guzti horiek egiaren zati bat izango dute. Ziurrenik, baita
ere, ez da denbora nahikoa igaro aukera horretaz baliatzea
eragotzi zuten arrazoiak inolako grinarik gabe aztertzeko.
Edozein modutan, bitxia izan daiteke, baina uste dut Nazio
Askapenerako Euskal Mugimenduaren barruan pizten ari den eztabaida
ezinezkoa izango zela su-eten hura izan ez balitz. Uste dut,
baita ere, izandako hilketa eta basakeriez gain, su-etena
hausteak ETA bere erabakiaren gatibu bilakatu duela. Uste
dut, azken finean, denbora ez dela alferrik igaro inorentzat.
Honako hau esaten zuen EHk duela gutxi: "begi bistakoa
da euskal gizartearen gehiengoa ez datorrela bat ETAren borroka
armatuarekin." Iritzi berberekoa naiz ni ere.
Arrazoi etiko, politikoak eta moralak alde batera utzita,
zer da ETA bezalako erakunde bati legitimotasun sozial gehien
kentzen diona? ETAk Euskal Herria defendatzen duela esan arren,
Euskal Herriaren borondatearen kontra egiten duela.
Hauxe da atera behar dugun lehenengo esperientzia, eta argi
adierazi behar dioguna ETAri: indarkeriarik gabeko beste agertoki
bat ez da sinesgarria izango, ETAk euskal gizartearen borondatea
errespetatzeko konpromisoa hartzen ez badu eta Herri honen
biztanleei bere proiektua indarrez ezartzeari uko egiten ez
badio.
Euskal alderdi politikook ere garai horretako gure esperientziak
atera behar ditugu.
Lehenago esan dudan bezala, ziur nago azterketa lasaia egiteko
urte batzuk igaro beharko dutela, baina ondorio bat aurreratzera
ausartzen naiz, begi bistakoa izan arren, sakon-sakona dena:
su-etenaren egoera ez zen sendotu distentsio eta elkarrizketaren
aldeko politikaren bitartez.
Alderantziz, euskal gizarteak lehen aldiz bizi zuen bakealdi
bat, bakealdi osoa ez bazen ere, heriotzarik eta hilketarik
gabekoa zena. Eta euskal gizarteak txundituta ikusi zuen inoiz
ez bezalako norgehiagoka politikoan ari ginela.
Elkarrizketak beldurra sortu zuen!
Elkarrizketarekiko beldur hark mesfidantzara eraman gintuen
lehenengo eta norgehiagokara gero.
Su-etenaren garaian harremanetarako zubi guztiak suntsitu
genituen eta gero ez ginen gauza izan zubi horiek berriro
eraikitzeko, gizartearen gehiengo zabalak lasaitasuna, kohesioa
eta batasuna eskatzen bazigun ere indarkeria berriro agertu
zenean.
Alde batetik, legez kontrako indarkeriaren presio anker eta
lazgarriak eta, bestetik, norgehiagokak eta elkarrizketa ezak
tentsio izugarria ezarri zioten politikaren eta gizartearen
egoerari eta aurrera egiteko edozein aukera zapuztu zuten.
Lehendakaria nintzenez, buru-belarri aritu nintzen alderdi
politikoei zentzutasuna eskatuz normaltasuna berreskuratzeko
gure harremanetan, baina ez zen posible izan.
Beraz, nire erantzunkizuna onartu eta euskal gizartera jo
nuen norgehiagoka politikoa desblokeatzeko, norgehiagoka polikoa
gizartera bertara hedatzeko arriskua baitzegoen.
III.- Oraingo egoera. Aukera berri
bat
Euskal gizarteak zentzuz eta sen onez erantzun zuen maiatzaren
13an. Berriro ere, parte hartze demokratikoaren, soseguaren,
aniztasunaren eta heldutasunaren eredu izan zen euskal gizartea.
Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiot euskal gizarteari Legebiltzar
honetan.
Hitz egin du euskal gizarteak. Euskal gizartearen hitza eta
erabakia errespetatu baino ez dugu egin behar. Ziur nago horixe
dela konponbidea: euskal gizartearen borondatea errespetatzea.
Tentagarria bada ere, ez ditut saria eta zigorra hitzak erabiliko
emaitzat ulertzeko. Aurreko estrategiak onesteko edo gaitzesteko
hitzak ere ez ditut erabiliko horretarako. Ezta zenbait proiektu
politikoren aldeko hitzak ere, ez horixe! Hementxe dugu Legebiltzarra
nola osatuta dagoen, eta horrexek adierazten du ondoen gure
gizarteak duen iritzia, nire hitzek baino askoz egokiago adierazi
ere.
Maiatzaren 13ko hauteskundeak izan ondoren, garai berri bat
dugu aurrez aurre, aukera berri bat, itxaropenerako ate bat.
Ezin diegu huts egin euskal biztanleei, euskal biztanleek
konfiantza osoa ezarri baitute guregan erantzunak eman ditzagun
eta konponbideak aurki ditzatzagun, ez arazoak sor ditzagun.
Horregatik, Legebiltzar honetan ordezkatutako proiektu politikoen
gainetik, uste dut nire eginbeharra eta nire erantzunkizuna
dela euskal gizartearen gehiengo zabalak igorri digun mezu
demokratikoa ulertzeko honako hitz hauek erabiltzea: helburuak,
printzipioak, jarrerak eta konponbiderako prozedurak.
Nire ustez, mezu argiak izan dira. Beste lehentasun batzuen
gainetik, euskal gizartearen gehiengo zabalak
- helburu nagusi bat du:
· Bakea nahi du. Normalizazio politikoa nahi du. Elkarbizitza
nahi du.
- printzipio batzuen alde egiten du:
· indarkeria-ezaren eta elkarrizketaren alde, binomio
banaezin horren bitartez helburu horiek lortzeko.
- jarrera batzuk defendatzen ditu:
· elkar ulertzearen kultura, norgehiagokaren kulturaren
ordez.
· gizartea integratzea, bi taldetan banatzeko estrategiaren
ordez.
- konponbiderako prozedura bat onartzen du, errespetua:
· errespetua gure izaerari, gure nortasunari.
· errespetua ideia aniztasunari.
· errespetua eratu ditugun erakundeei
· errespetua, azken finean, euskal gizartearen borondateari:
iraganean hartu ditugun erabakiei nahiz etorkizunean har ditzakegunei,
alegia.
Helburu, printzipio, jarrera eta prozedura horiexek gidatuko
dute nire jardunbide politiko eta pertsona legegintzaldi honetan,
aurrekoetan bezala.
Horien gainean konpromiso batzuk eraikiko ditut, Jaurlaritzaren
eta Jaurlaritza horri laguntza ematen dioten politika eta
gestio programaren ardatz izango direnak hurrengo legegintzaldian.
Nik horiei "etorkizuna eraikitzeko konpromisoak"
deitu diet eta horixek eratzen dute nire hitzarmen politiko
eta pertsonala euskal gizartearekiko.
IV.- Etorkizuna eraikitzeko konpromisoak:
Garai berri bati ekin diogu. Ziur nago aukera berri bat izango
dugula eta huts egiteko beldurrik gabe egin behar diogu aurre
aukera horri. Huts egiteko beldur diren gizarte eta herriek
huts egiten dute azkenean.
Nik uste osoa dut euskal gizartean. Nik uste osoa dut aukeretan;
horregatik, buru-belarri, zintzotasunez arituko naiz. Baiezkoa
emango diet euskal gizartearen eskariei eta irrikei, eta horretarako
honako lau konpromiso hauek gauzatuko ditut, Jaurlaritzaren
politika eta gestio ekimenen giltzarri izango direnak hurrengo
legegintzaldian:
1.- Konpromiso etikoa, pertsona guztien bizitza, giza eskubideak
eta askatasuna defendatzeko.
2.- Konpromiso politikoa, elkarrizketa erabiliz Bakea eta
elkarbizitza lortzeko.
3.- Konpromiso demokratikoa, euskal biztaleen erabakiak errespetatzeko.
4.- Konpromiso soziala, euskal gizarte orekatuagoa eta solidarioagoa
eraikitzeko.
Lau konpromiso handi horiek Legebiltzark honetan dauden alderdi
politiko guztiekin konpartitu nahi ditut.
Nire asmoa politika irekia, integratzailea, eta gizarte osoarentzat
garatzea da.
Euskadiren etorkizuna dugu jokoan. Etorkizuna hori zehazteko
inor ez dago sobera. Denok lagundu behar dugu, bakoitzak osatzen
dituen gehiengoak edo gutxiengoak gaindituz.
Ikas dezagun iraganetik, ez dezagun iragana ahaztu, baina
eskuzabaltasuna eta ikuspegi zabala erabiliz egin diezaiogun
aurre etorkizunari.
Jarraian, etorkizuna eraikitzeko lau konpromiso azalduko ditut,
hain zuzen ere, euskal gizartearekin hartu dudan konpromiso
pertsonal eta politikoa osatzen dutenak.
IV. 1.- Pertsona guztien bizitza,
giza eskubide eta askatasunarekiko konpromiso etikoa.
Atal hau hasi nahi dut indarkeria terroristaren biktima izan
direnen familia guztiak -eta batik bat, suetena bukatu zenetik
ETAk hil dituen 32 pertsonen familiak- gogoraraziz. Hemendik,
beraien mina eta sufrimenduarekin bat egin nahi dut eta nire
elkartasun pertsonala eta euskal Erakundeena adierazi nahi
diet. Zentzu honetan, aipamen berezi bat egin nahi diot Fernando
Buesari, aurreko legegintzaldiko Legebiltzarrean lankide eta
Alderdi Sozialistaren bozemaile izan zen baikenuen.
Gure Herriaren etorkizuna ezin da heriotza, hilketa eta pertsonen
zapalketan oinarritu.
Bizitza ondasun goren eta oinarrizkoena da. Inork ez du inongo
arrazoirik bizitza mozteko, eta are gutxiago Euskal Herriaren
izenean.
Konpromiso etiko hau elkarbizitzarako oinarrizko printzipio
bat da, eta bakoitzak defenda ditzakegun legezko desadostasun
eta sentsibilitate politikoen gainetik dago.
Horretan, ez dago zalantzarik. Horretan ez da ez Gobernurik
ez oposiziorik egon behar.
Nik ez dut inoiz izan, eta ez dut izango ere, inongo desadostasunik
edozein alderdi edo ordezkari politikorekin pertsonen Giza
Eskubideak hausten dituztenak gaitzesteko, gaitzespen hori
datorrenetik datorrela ere.
Hori izan da eta aurrerantzean ere hori izango da nire lehenengo
helburua, nire oinarrizko lehentasuna euskaldun eta demokrata
gisa.
Atzera pauso bat bera ere ez indarkeria eta terrorismoaren
biktimekin elkartasuna adieraztean. Atzera pauso bat bera
ere ez pertsona guztien giza eskubide eta askatasunen defentsan.
Eta azkeneko hori hau azpimarratu nahi dut "Pertsona
guztiena". Zeren pertsona guztiek, baita delituak egin
dituztenek ere, eskubideak dituzte eta botere publikoek errespetatu,
defendatu eta bermatu egin behar ditugu eskubide horiek.
Hemen ez dago gezurrezko distantziakidetasunik. Giza eskubideen
defentsak ez ditu neurtzeko bi makila. Ezin dugu fariseismo
politikoan erori eta giza eskubideen indarkeria kasu batzutan
salatu eta beste batzutan, interesatzen zaigunean, beste aldera
begiratu.
Gizartearen aurrean ez du sinesgarritasunik, ezta aginte moralik
ere, kartzelan dauden pertsonen urrutiratzea nahiz tortura
salatzen dituenak, baina gu bezalakoak direnen bizitza edo
askatasunaren aurka eraso egiten denean inolako salaketarik
egiten ez duenak.
Halaber, ezin du portaera etikoaz eskolarik eman terrorismoaren
aurka borroka egiteko indarkeria eta hilketaren ezlegezko
erabilera justifikatzen duenak edo frankismoaren garaiko diktadura
salatzen ez duenak.
Giza eskubideak inongo bereizketarik gabe pertsona guztiei
dagozkie, bakarrik pertsonak izateagatik, eta ordezkari politikook
gizaki guztien eskubide eta askatasunak errespetatu eta defendatzeko
gure konpromisoa jende aurrean erakutsi behar dugu.
Hori konpromiso etiko unibertsala denez, ezin dugu ahaztu
ETA dela gaur egun gure gizartean Giza Eskubideak eta askatasuna
urratzearen erantzule nagusiena. ETAk aurrean izango gaitu,
ez bakarrik indarkeria etikoki eta moralki salatzekoa delako,
gainera, borroka armatua behin betiko uzteko eskatzen dion
Herri honetako gehiengoaren borondatea errespetatzen ez duelako.
Nire lehentasuna beti izango da, -eta gauza guztien gainetik
-, pertsona guztien bizitza eta askatasunaren defentsa eta
seguritatearekin konpromiso etikoa.
Konpromiso hau garatzeko eta gauzatzeko, legegintzaldian
zehar ekimen batzuk bultzatzeko asmoa dut, bai arlo politikoan
eta sozialean baita arlo polizialean ere.
a) Arlo politiko-soziala:
Arlo honetan, martxan jarri behar ditudan ekimenen artean,
jarraian datozen hauek aurreratu nahi dizkizuet:
Lehenengoa.- Erakundearteko adierazpen etiko bat bultzatzea,
indarkeriaren aurkako jokaera eta portaeraren erreferente
politiko eta soziala izan dadin, honako hauek kontenplatuz:
· Inongo desberdintasunik gabe, pertsona bakoitzaren
eta guztien Giza Eskubideak eta Askatasuna arduratsu errespetatzea.
· Indarkeria eta terrorismoa eta bere osotasun fisikoa,
askatasuna eta seguritatearen kontrako mehatxuak jasan dituzten
eta jasaten dituzten pertsona guztiak eraginkor defendatzea
eta horiei elkartasuna adieraztea.
· Edozein motatako indarkeria eta estortsio gaitzestea,
eta ETAri armak behin betiko utz ditzala eta gure arazoen
konponbidea euskal gizartearen esku utz dezala eskatzea.
· Indarkeria mota guztiak kentzeko behar besteko ekimenak
garatzea eta elkarbizitza bakean eta askatasunean lortzeko
behar diren baldintzak sortzea.
Bigarrena.- Terrorismoaren biktimekin elkartasun aktiboan
sakontzea.
· Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Bulegoa sustatuko
da. Horretarako, EAEko aurrekontu orokorretan aurrekontu dotazio
berezi bat esleituko da pertsona egokiez osatutako azpiegitura
bat ezartzeko. Bulego honen bitartez, terrorismoaren biktimen
familiei indarkeria, txantajea, kaltea edo pertsekuzioa jasaten
dutenei emango zaien atentzioa hurbilagoa eta zuzenagoa izango
da.
· Jaurlaritzak atentzio, laguntza eta asistentzia batzorde
iraunkorra bultzatuko du terrorismoaren biktimentzako, sektore
sozialei, erlijiozkoei, mugimendu sozialei eta ordezkari politikoei
irekia, euskal gizartearen elkartasuna eta terrorismoaren
biktimei errekonozimendu etikoa, morala eta materiala proiektatzea
bideratzeko.
Hirugarrena.- Pertsona guztien Giza Eskubideen eta Askatasunen
defentsa aktiboa sustatzea.
· Pertsona guztien Giza Eskubide eta Askatasunak zainduko
dituen Behatoki bat bultzatuko da. Behatoki honek, nire iritzian,
izaera mistoa izan beharko luke eta bere kideen artean Sail
guztietako eta parte hartzen duten Erakunde guztietako arduradunak
izan beharko lituzke, baita Epailetza, Unibertsitate, Eliza
eta hiri eta bakearen aldeko mugimenduetan parte hartzen duten
kideak ere.
Erakunde honetatik indarkeria fisikoa eta psikologikoa bereziki
jasaten duten taldeei laguntza emango zaie, gizarte baten
balore etikoak degradatzen baititu indarkeriak.
Lehendakari legez, nire asmoa da proiektu horren diseinua
eskatzea Giza Eskubide eta Askatasunen aldeko defentsan ezaguna
den pertsona edo erakunde bati, adostasunik handiena lortzeko
asmoz bai proiektua onartu aurretik bai martxan jarri aurretik.
Laugarrena.- Euskal gizartea Giza Eskubideen aldeko konpromiso
etikora ekartzea.
Gai honen inguruan, asmoa dut gizartea informatu eta sentsibilizatzeko
kanpaina iraunkor bat bultzeko, batez ere, gazteen artean,
indarkeria-ezaren kultura, giza eskubideen errespetua eta
justiziaren aldarrikapena izan daitezen Herrien arteko elkarbizitzarako
oinarrizko balioak.
b) Eremu poliziala:
Biziaren eta giza eskubideen aldeko konpromiso etikoaren oinarrizko
zutabeetako bat indarkeria mota guztien aurkako segurtasun
politika garatzea da.
Uste dut iritsi dela garaia, Gobernu bidezko eta demokratiko
bati, edo euren historian zehar askatasunaren aldeko konpromiso
irmo eta etengabea erakutsi duten indar politikoei, indarkeriarekin
bat etortzea etengabe leporatzeak sortutako zauriak sendatu
eta hausturak gainditzeko.
Ondorio bereziak izan dituzte salaketok Ertzaintzari dagokionez,
bere eraginkortasuna zalantzan jartze hori urte askotako kontua
izan da, gainera. Indarkeriaren aurkako borrokan Euskadiko
erakundeek duten konpromisoa, eta bereziki Ertzaintzak duena,
edozein zalantza izpirik gabekoa behar du izan, eta euskal
erakundeek gai honen inguruan Estatuko erakundeekin jokatzen
duten leialtasun maila berbera behar litzateke Ertzaintzarekin.
Berriz adierazi nahi dut, Gobernuak borondate garbia duela
indarkeria ororen aurka gogor jarduteko eta gizakien segurtasun
eta askatasunaren aurka ari direnak atxilotzeko.
Hori dela eta, neurri polizialak eta segurtasun neurriak
areagotzen jarraituko dugu etengabe, Ertzaintzaren jarduera
ETAren aurkako borrokak dituen modu berrietara eta kale borrokako
ekintza mota berrietara egokitzeko.
Horretarako, Gobernuak hiru neurri multzo hartuko ditu:
1.- Estatuarekiko koordinazioa indartu.
· Eusko Jaurlaritzak bultzatuta, iazko urtean sortu
zen Segurtasun Komisioaren lanei bultzada emango zaie, eta
kargu publikodunen eta mehatxatuta dauden guztien zainketa
eta eskolta lan arloan lankidetza bultzatuko da, Gobernu honen
ekimenez Estatuko Segurtasun Batzordearen baitan bertan erabakitakoarekin
bat etorriz.
· Horrez gain, Schengen-eko Itunean ondorio guztietarako
sartzea eskatzen dugu, Legebiltzar honek 1999ko azaroaren
19an erabakitako eran.
· Espainia eta Frantziaren arteko lankidetza polizialeko
foroetan Ertzaintzaren partehartzea bultzatu nahi dugu. Erabateko
bategite operatibo hori lortzeko lehen urratsa Barne Ministerioko
Estatu Idazkaritzarekin koordinazio lana egingo duen gure
norbait izendatzea izango litzateke, Gobernu honek 1998ko
martxoan planteatu zuenetik egiteke dagoen gauza.
2.- Informazio atalak eta herritarren segurtasunerako atalekin
duten lotura indartu.
Gure segurtasun politikaren helburu nagusietako bat informazio
eta herritarren segurtasunerako atalen arteko koodinazio ahalik
eta handiena lortzea izango da aurrerantzean ere.
Izan ere, informazio lanetan jarduteko lanpostuak indartzen
saiatuko gara, lanpostuak era eraginkorrean betez, eta zonalde
jakin batzuetarako eta une eta egoera berezietarako diseinaturik
dauden polizi-jardunerako planen garapen koordinatua bultzatuz.
3.- Baliabide polizialei neurri egokia eman.
Polizien banaketa egokiagoa lortzeko etorkizunean gauzatu
beharreko ekimenen artean, hauek aurrikusten ditugu:
- Unitateen neurriratze eta berrantolaketarako Plan Nagusi
bat landu eta prestatzea, prebentzioko ratio hobeak lortzeko.
- Ertzaintzaren plantila handitzea, argi baitago Segurtasun
Batzordeak 2000ko azaroaren 20ko bileran onartu zituen 150
poliziak ez direla nahikoa. Arazo honi ikuspegi guztiz malgu
batetik egingo diogu aurre, hau da, etorkizunean indarkeriak
hartzen duen nondik norakoaren arabera, plantila egokitzen
joateko prest baikaude, erretiroak eta beste mekanismo batzuk
erabiliz horretarako.
- Udalerri nahiko handietan Udaltzaingoekiko prebentziozko
koordinazioa bultzatzea, azken hilabeteetan emaitza oso onekin
burutu diren esperientzietaz baliatuz.
Neurri multzo hori Herrizaingo sailburuak aurkeztuko die
Legebiltzarreko Taldeei, hau bezalako gai batek behar duen
diskrezio eta konfidentzialtasun osoa bermatzeko moduan.
Orain arte esan dudan guztia pertsona guztien biziaren, giza
eskubideen eta askatasunaren aldeko konpromiso etikoa bermatzeko
burutu nahi ditugun lehenengo neurri politiko, sozial eta
polizialak dira.
Konpromiso etiko horrek behar du izan guztiontzako abiapuntua.
Normalkuntza politikorako eta elkarbizitzarako bide berriak
bilatu behar horretan aurrera egiteko lehen urratsa baino
ez da.
Demokraziaren benetako handitasuna honetan datza: bakoitzaren
proiektu politiko bidezkoak baldintza berdinetan defendatzean,
gizartea bera izatean bere etorkizuna erabakitzen duena, indarkeria,
txantaia eta bortxa erabiltzea guztiz bidegabea eta alferrikoa
izanik.
IV. 2.- Bakea eta elkarbizitza lortzeko
elkarrizketaren aldeko konpromiso politikoa.
Nire bigarren konpromisoa, elkarrizketaren aldeko dudagabeko
konpromisoa da.
Elkarrizketa, alde batetik, bakea lortzeko tresna baita eta,
bestetik, elkarrizketa bidea ere baita, gure gizarteak bizi
duen normalizazio politikoren eta elkarbizitzaren arazoa konpontzeko.
Askotan esan dut indarkeria ez dela gatazka politiko baten
derrigorrezko ondorioa. Toki askotan gatazka politikoak izan
arren, ez dago indarkeriarik.
Bereizi egin behar ditugu, beraz, bakea eta gure bidezko proiektu
politikoak erdiestea.
Bakearen eta proiektu politikien arteko bereizketa azaldu
ondoren, hitzegin beharra dugu eta orain hitzegin behar dugu.
Ezin da egon etenik elkarrizketarako.
Orain gutxi bai batzuk eta bai besteek komunikabideetan izan
dugun liskar politikoan zehar irain eta deskalifikazio ugai
jaurti diogu elkarri, baina ez dugu hitzik egin.
Elkarri oihuka ibili gara, baina ez dugu hitzegin.
Irainen unea igaro da. Ekin diezaiogun elkarrizketa politiko
eta instituzionalari.
Elkarrizketari uko egitea irtenbideari uko egitea da. Elkarrizketari
uko egiteak irtenbide gabe uzten ditu arazoak.
Horregatik, nire iritziz, behar beharrezkoa da elkarrizketa
bultzatzea, distentsio, tolerantzia demokratiko eta elkarbizitzako
ekimenen bidez.
Ildo honetatik, elkarrizketen prozesu honetan zenbait etapa
izango lirateke:
- Distentsiorako lehenengo etapa bat.
Hizkeraren dintentsioa, distentsio politikoa eta distentsio
soziala, gure arteko konfidantza berreskuratzeko. Hausten
joan diren harreman pertsonalak berreraikitzen joan beharra
dago, edozein ekimen bultzatu aurretik.
- Tolerantzia demokratirako bigarren etapa bat.
Bizitzaren aldeko guztien konpromiso etikotik abiatuta, bakoitzaren
proiektu politikoak naturaltasunez, tolerantziaz eta errespetuz
onartzen ikasi beharrean gaude.
Inork ezin dio beste bati eskatu elkarrizketari ekin aurretik
eta baldintza bezala bere ideologiari edo proiektu politikoei
uko egiteko.
Ezin ditugu ideiak kriminalizatu. Ezin ditugu salaketa bezala
erabiltzen jarraitu guztiz bidezkoak diren kontzeptu eta proiektu
politikoak.
Konstituzioa, Estatutua, Burujabetza, Independentzia, ez dira
berba absolutuak, aldaezinak, itxiak, iraunkorrak, ñabardurarik
gabeak. Gizakien eta Herrien arteko elkarbizitzarako jarri
beharreko kontzeptuak, ideiak, tresnak baino ez dira, eta
hala ikusi behar ditugu, demokrazian errespetatu eta egokitzeko
moduan.
Proiektu politiko guztiak dira planteagarriak eta lortzeko
modukoak, beti ere bake bideetatik defendatzen badira eta
bide demokratikoak goitik behera errespetatzen badira.
Guztiok onartu behar dugun tolerantzia demokratikoko oinarrizko
printzipio bat da hori.
- Hirugarren etapa. Elkarbizitzaren aldeko kultura bultzatzea.
Premiazkoa da elkarrizketari jarritako oztopoak gainditzea.
Borrokaren kulturatik elkarbizitzaren kulturara joan behar
dugu.
Horretarako alde guztien arteko elkarrizketa bultzatu beharrean
gaude, besteen arrazoiak entzun eta ulertzeko. Denon arteko
elkarrizketa, inor kanpoan uztea bilatu gabe, integrazioaren
aldekoa.
Batera ibiltzen ikasi behar dugu elkar hartuz, errespetatuz,
eta elkarlanean jardunez. Bakea eraikitzeko denok baikara
beharrezkoak: alderdi politikoak, agente ekonomikoak, sindikatuak,
gizarte mugimenduak, Eliza, Unibertsitatea eta komunikabideak.
Denok dugu zeresana.
Orain arteko etapa hauek tresna politiko eta sozial desberdinak
erabiliz garatu ditugu. Lehenago ere, Bakea bilatu izan da
bide desberdinetatik, bidezko bideetatik kasu batzuetan eta
ez hain bidezkoetatik beste batzuetan.
Lehendakaria izendatzeko Bilkura honetan egiten dudan zinezko
proposamena hau da, jar dezagun Eusko Legebiltzarra, euskal
gizartearen bidezko ordezkari gorena, batetik Bakea eta bestetik
Normalkuntza Politikoa lortzeko ekimen guztien erdian.
Ez dugu foro berri bat asmatzen ibili beharrik. Erabil dezagun
gure gizartearen borondate demokratikoa ordezkatzen duen erakundea.
Ekin diezaiogun bideari.
Bide horri ekiteko, iragartzen dizuet asmoa dudala irailean
eztabaida monografiko bat planteatzeko Bakearen eta Normalkuntza
Politikoaren inguruan eta baita ere elkarrizketak gizarte
mailako elkarbizitza bilatzeko tresna moduan izan dezakeen
balioaren inguruan.
Osoko Bilkura horretan denok izango dugu kartak erakusteko
aukera, mozorro eta estalkirik gabe, irainik gabe. Tolerantzian
eta errespetu demokratikoan oinarrituta.
Hitzegin dezagun argi eta garbi gure artean eta hitzegin diezaiogun
argi eta garbi euskal gizarteari.
Euskal gizarteak jakin beharra duelako:
- Indarkeria eta gatazka politikoaren inguruan bakoitzak egiten
duen diagnostikoa.
- Zeintzuk diren, diagnostiko horren arabera, bakoitzak aplikatu
nahi dituen terapiak.
- Zein printzipiotan gatozen bat.
- Elkarrizketei dagokienez, zein prozedura planteatzen dugun.
Osoko Bilkura horren helburua, argi dago, ez da barren barreneko
arazoen inguruan bat etortzea, baina bai behintzat aurrera
egiteko aukera ematen diguten bideak eta tresnak finkatu eta
antolatzea.
IV. 3.- Euskal gizon-emakumeon erabakiak
errespetatzeko konpromiso demokratikoa.
Hirugarren ardatza, Erakunde honen aurrean hartzen dudan zinezko
konpromisoa, euskal gizartearen errespetuari dagokiona da.
Bere erabakiak beti errespetatzeko konpromisoa. Besterik ez,
baina bai horrek esan nahi duen guztiarekin.
Den denok hitz emango bagenu prest gaudela euskal gizartearen
gehiengoaren borondatea errespetatzeko, irtenbidearen atean
egongo ginateke. Bene benetan, uste dut errespetua dela gure
elkarbizitzarako "gakoa", eta denok jarri beharko
gara ispilu horren aurrean.
Errespetua euskal gizon-emakume guztien gehiengoaren borondatez
orain arte eraikitako esparru juridikoari, erakundeei eta
erabakiei;
Eta errespetua, baita ere, horiek aldatzeko edo eguneratzeko
har daitezkeenei.
Beraz, errespetua, euskal gizarteak atzo, gaur eta bihar askatasunez
adierazitako borondateari.
Eta nola gauzatzen da konpromiso hori?
Nire proposamena da datorren urrirako, -Gernikako Estatutuaren
hogeitabigarren urteurrenarekin bat eginez-, autogobernuaren
inguruko osoko bilkura monografiko bat planteatzea, burujabetza
mailaren inguruan euskal gizarteak adierazitako borondatea
betetzeko asmoz bakoitzak aurkezten dituen ekimenak aztertzeko
denon aurrean.
Osoko bilkura horretan denok izango dugu aukera Gernikako
Estatutuaren garapen osoa eskatzeko, Legebiltzar honek hartutako
erabakiak onartzen ditugun ala ez argi eta garbi esateko;
eta baita ere, Espainiako Gobernuak gure burujabetza murrizteko
bultzatutako zenbait ekimen politikoren ondorio kezkagarriak
baloratzeko.
Europako Elkartearen integrazio prozesuan, estatu mailakoak
ez garen errealitateak Europako erakundeetan izan dezakegun
partehartzearen eta subiranotasunaren inguruan gertatzen ari
den eztabaidaren eragina ere baloratzeko aukera izango dugu.
Eta, azkenik, gure Estatutuan bertan ezartzen diren bideei
jarraituz, Estatutua eguneratzeko eta egokitzen joateko adostasunetan
aurrera egiteko tresnak proposatzeko aukera izango dugu.
Uste dut eztabaida hau egokia ezezik luze gabe egin beharrekoa
ere badela, Estatutua onartu zenetik hogeita bi urte igaro
ondoren, eta Eusko Legebiltzarraren ahobateko jarrera eta
behin eta berriz egindako salaketa politikoa ikusi arren,
oraindik bete gabe dagoen Lege Organiko bat da Gernikako Estatutua.
Ohore tristea, bai horixe! Gernikako Estatutua garatzea Espainiako
Gobernuan agintzen ari izan den alderdiaren komenientziaren
mende izan da azkenaldian.
Baina hori ez da dena; horrez gain, azken garai hauetan gure
autogobernua etengabe murrizten ari zaigu, gureak genituen
eskuduntzak bere gain hartzen dituzten zenbait lege estatalen
bidez.
Duela gutxi, azken hauteskunde kanpainan zehar, Legebiltzar
honetan gauden alderdi politiko ia guztiak azaldu gara Estatutu
Itunaren alde. Ez bakarrik hori. Batzuek Estatutuaren aldarrikapen
sutsua erabili dute abertzaleen aurka eta Estatutua euren
proiektu politikoaren zutabe nagusi bezala aurkeztu dute.
Ondo da, azkenean iritsi zaigu denoi garaia hauteskunde kanpainan
agindutakoa betetzeko eta Gernikako Estatutu osoarekiko konpromisoa
gauzatzeko.
Iritsi da garaia orain hogeita bi urteko erreferendumean euskal
gizartearen gehiengoak adierazitako borondatea betearazteko.
Eztabaida hori mahai gainean jarri behar dugu behingoz, sendotasunez
eta seriotasunez.
Iritsi da garaia Estatutua bere osotasunean betetzeko bakoitzak
gure gain hartzen ditugun konpromisoak eta egiten ditugun
proposamenak zeintzuk diren euskal gizon emakumeei jakitera
emateko.
Eta hori egin beharrean gaude ez bakarrik euskal gizarteari
zor diogun errespetuarengatik, baita ere Eusko Legebiltzarrean
gai honen inguruan ahobatez onartutako erabakiekin koherenteak
izatearren ere -azkena, 1995eko urriaren 20an onartu zen,
hau da, duela ia sei urte-.
Ezin dugu berriro gelditu salaketa huts horretan, ordea.
Hitzetatik ekintzetara pasatu beharra dago.
Aurreratu nahi dizuet Jaurlaritzak borondate irmoa duela
beharrezkoak diren baliabide juridiko, politiko eta sozial
guztiak erabiltzeko legegintzaldi honetan Gernikako Estatutu
osoa bete dezaten lortzeko. 22 urte eta gero ez da erantzukizun
politikoko arazoa soilik, ez. Ez gaude prest euskal gizon-emakumeoi
geurea den burujabetza horren bitartez eskuratu ditzakegun
ongizate eta bizitza maila hobeak eskuratzeko orduan alde
batek jartzen dizkigun oztopoak onartzeko.
Baita ere, aurreratu nahi dizuet eztabaida horretan gure
autogobernuan sakontzeko Legebiltzarreko Batzorde berezi bat
eratzea proposatzeko asmoa dudala. Batzorde horrek honako
bi zeregin hauek izango ditu: alde batetik, gaur egungo itun
estatutarioa guztiz betetzeko eta errespetatzeko eskatzea,
eta bestetik, normaltasun osoz, itun hori eguneratzeko eta
egokitzeko aukera planteatzea; beti ere, itun horrek dituen
potentzialtasunen arabera eta euskal biztanleen borondatearen
arabera.
Gaur egungo itun estatutarioa guztiz betetzeko eta errespetatzeko
zeregin hori aurrera erameteko, aurreratu nahi dizuet Eusko
Jaurlaritzak, premia osoz, Estatuko Gobernuari proposatuko
diola maila goreneko Batzorde Politiko Negoziatzaile bat eratzea,
Legiltzarreko batzorde horrekin lankidetza estuan ari dadin.
Sei hilabete igaro ondoren, eta edozein modutan ere datorren
urte politikoa amaitu aurretik, Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarraren
Osoko Bilkura berri bat egitea eskatuko du lortutako emaitzak
baloratu eta, hala badagokio, egokitzat jotzen diren neurri
eta ekimen berriak abian jartzeko.
Bestalde, burujabetzan sakontzeko eratutako Batzorde berezi
horrek indarrean dagoen estatutuari buruzko ituna eguneratzeko
eta itun hori egokitzeko aukera legitimoen inguruko eztabaida
demokratikoa burutuko du.
Eztabaida demokratiko horrek euskal biztanleen borondatea
errespetatzeko printzipioa eta oraingo estatutuak jasotzen
dituen potentzialtasunak izan behar ditu euskarri.
Gogoan hartu behar baitugu Estatutuari buruzko ituna ez dela
berez marko itxi bat, eta ez dela aldaezina. 1979 urtean jaio
zenetik, adostasun politikora irekitako tresna bezala eratu
zen, euskal gizartearen borondatearen bilakaerari berari egokitzeko
modukoa.
Gernikako Estatutua, bere osotasunean planteatuta, tresna
zehatz eta bikaina da. Bere baitan elkarbizitzarako balio
dezaketen adostasun berriak lortzeko aukerak eskaintzen dituen
tresna, xedapen gehigarriari eta Estatutua bera aldatzeko
ezarritako prozedurei begiratzen badiegu.
Adostasun politiko eta soziala era zabalean eraikitzearen
alde jokatu behar dugu, euskal gizarteak bere garaian hartutako
erabakietan oinarrituta orain arte eraikitakoa errespetatuz,
eta gaur eguneko errealitate eta sentsibilitateetan oinarrituta,
adostasun horren eguneratzea eta egokitzea ere errespetatuz.
Zeren, ez baitu errespetatzen euskaldunen bidezkotasun demokratikoa
Gernikako Estatutua -Euskadi eta Estatuaren arteko itun politikoa
den neurrian- bere osotasunean betetzeko konpromisoa hartzen
ez duenak eta onartzen ez duenak. Eta ezta ere, ez du errespetatzen
euskaldunon bidezkotasun demokratikoa, Euskal Herriari Estatutua
xedapen gehigarria garatuz aldatzeko aukerei uko egitea eskatzen
dionak; beti ere etorkizunean Estatutua aldatzeko behar diren
gehiengoak sortzen badira.
Uste dut premiazkoa zaigula gai horien inguruan lasaitasunez
hitzegitea; horretarako, jarrera ireki eta demokratikoa erabili
behar dugu eta onartu behar dugu euskal gizarteak eskubidea
duela kontsulta dakion bere etorkizuna erabakitzeko. Zer du
horrek txarrik?
Europako egoera berriak definizio berri bat eskatzen digu
denoi, eta kontzeptu eta egoera berrietara egokitzea. Subiranotasun
konpartitu edo erdibanatua, subsidiaritatea, bat-egite askea,
errealitate ez estatalen partehartzea erabakiak hartzeko guneetan,
lankidetza erregionala eta mugen gainekoa, Europako Elkartearen
barruko harremanak, e.a. izango dira hurrengo urteetan esparru
europarra osatuko duten errealitateak. Inor ez da eskandalizatu
behar horregatik.
Hala eta guztiz ere, eta gure autogobernua eguneratzeko helburu
honi dagokionez, gai izan behar dugu denon artean aurretik
finkatzen dugun zentzuzko epe batean lortutako aurrerakuntza
eta adostasuna baloratzeko. Epe hori igarotzen denean, asmoa
dut Legebiltzarraren osoko bilkura bat eskatzeko gure adostasunen
berri emateko gizarteari eta bilgune gehiago bilatzeko proposamen
eta ekimen berriak finkatzeko helburuarekin.
IV. 4.- Euskadiren eraikuntza sozialarekiko
konpromisoa
Euskadiren eraikuntza soziala izango da Gobernuaren gestioan
benetako bizkarrezurra eta horrek bizitzea egokitu zaigun
aldakuntzen aurrean erakundeen aldetik ematen dugun erantzuna
islatzen du. Gizarte ireki bati dagozkion baloreetan oinarrituta,
ongizatearen eredu soziala bat eraiki nahi dugu, Estatuan
eta Europan erreferentea izango dena.
Gizakiari bizitzeko proiektu independiente bat aurrera eramateko
eskubidea dagokio eta gure helburua eskubide hori gauzatzen
laguntza da.
Ez dugu nahi, besterik gabe, bazterketa sozialeko egoeren
kronifikaziora daramaten politika pasiboen errukian babestu
gure buruak; aitzitik, estrategia aktiboak bultzatuko ditugu,
pertsona bakoitzari gizartean era eraginkorrean integratzeko
duen eskubideaz baliatzen lagunduz.
Hain zuzen ere, Estatu Sozial berria gizabanakoaren autonomian
oinarritzen delako, horregatixe bereganatzen ditu enpresa
ekonomiaren errealitate eta baloreak gizarte irekiaren arazo
ekonomikoari aurre egiteko aukera onenak bezala.
Estatu Soziala eraikitzea bere oinarri ekonomikoak sistema
lehiakor eta berriztatzaile baten bidez eraikitzea da, beti
ere argi izanik pertsonak merkatuaren gainetik daudela. Pertsonaren
izaera sozialak berak ematen dio bizitza duina izateko eskubidea
eta eskubide hori lana, hezkuntza, osasuna, etxebizitza eta
gizarte babesaren bidez gauzatzen da.
Bi ardatz hauetan oinarrituta -aberastasunaren sorreran,
alde batetik; eta integrazio sozialean, bestetik- hezurmamituko
da Euskadiren eraikuntza sozialaren aldeko gure konpromisoa.
Ondoren, oinarri ekonomikoak aipatuko ditut, gero berriz
alderdi soziala eta elkartasuna aipatzeko.
IV.4 A) Lehenengo ardatza: aberastasuna
sortzea, eraberritzea eta hazkunde iraunkorra
Euskadin era nabarmenean berreskuratu eta zabaldu da enpresa
izpiritua. Herri baten ekonomia bertako enpresa eta familien
ekonomian oinarritzen da. Azken hamarkadetan izan ditugun
emaitza onek erakusten dute batez ere ahalegin endogenoaren
fruitu direla emaoitzok eta ahalegin horrek, enpresen sorrerari
dagokionez, euskal ekonomia Estatuko lehen mailara eraman
du.
Kemen horrek etengabe gure inguruko ekonomien gainetiko hazkundea
izatera eraman gaitu eta kemen horri laguntzen jarraitzeko
asmoa dugu, Europako errenta mailara iritsi arte.
Gizarte bezala dugun hurrengo erronka enpleguan eta teknologian
Europarekiko konbergentzia lortzea da. Horretan erabiliko
ditugu gure indarrik handienak.
Horretarako, lehiakortasuna hobetzeko politikak sakonduko
ditugu, enpresen eraberritzea, prestakuntza, nazioarteratzea
etabar bultzatuz eta enplegua sortzeko inbertsioen bidez,
enpresa ertain eta txikiekin ahalegin berezia eginez, Enpresa
Txikien Europako Kartak ezarritakoaren ildotik.
Gure enpresa sarearen lehiakortasuna hobetzea da hazten eta
enplegua sortzen jarraitzeko oinarria, eta iraganean martxan
jarri ditugun eta etorkizunean bultzatuko ditugun politiken
erreferentea izaten jarraituko du.
Halere, kontua ez da gauzak ondo egitea; kontua da gauzak
besteek baino hobeto egitea. Horregatik, politika publikoetan
nolabaiteko jarraipena izango den arren, aplikatuko ditugun
estrategiak berriak izango dira, euskal gizartearen erronka
eta eskaera berrietara hobeto egokitzeko.
Hasteko, aberastasuna eta enplegua sortzeko gure azken helburu
hori nahitanahiez hazkunde iraunkorrarekin lotutako helburua
da. Gure ikusmuga ingurugiroko arauak betetzea baino askoz
haratago doa. Ingurugiroa politika ekonomikoetan eta sozialetan
integratzean datza, iraunkortasun kontzeptu hori ere hirien
garapeneko eta arlo desberdinetako irizpide nagusi izan dadin,
besteak beste, industria, nekazaritza, energia eta garraioa
bezalako arloetan.
Hazkundea iraunkorra egiteko, ingurugiro mailako politikei
bultzada berezia eman behar bazaie, hazkundea "bermeduna"
izan dadin, garaiari egokitutako estrategia berriak garatu
behar dira. Euskal gizarteak gaur bizi duen garapen maila
lortu ondoren, ezin du etorkizunera begiratu kanpoko teknologiak
ekarriz eta kostuak murriztuz; aitzitik, berrikuntzaren, kalitatearen
eta ezagutzen sorreraren erronkari aurre egin behar dio.
Gaur Euskadiren bigarren aldakuntza ekonomikoa ari gara planteatzen
eta aldaketa horrek honako hiru zutabe hauek ditu: 1) informazioaren
eta ezagutzaren gizartea sortzea, 2) Euskadi Europako ikerkuntzaren
eta teknologiaren erreferente bihurtzea, 3) edozein elkarte
kudeatzeko Kalitate Osoaren printzipioa hedatzea.
1) Azken urte t´erdian nabarmen aurreratu dugu guztiontzako
den informazioaren gizartea eraikitzeko proiektuan, horretarako
beharrezkoa zen aldaketa kulturala eraginez, herritarrei Internet
erabiltzeko laguntzak eskainiz, salerosketa elektronikoak
eta ekonomia berriko enpresak sustatuz, eta administrazioak
on-line eskaintzen diren zerbitzuak gehituz. Plan horretako
jarduera ardatzak izango dira etorkizun hurbileko lehentasunetako
bat. Gizarte guztia inplikatu nahi dugu informazio teknologia
berrien garapenean Euskadi erreferente eredu izatera hel dadin,
Internet-eko erabiltzaile kopuruan, telekomunikazioetako azpiegituren
hobekuntzan, garrantzizko edukien sustapen eta formakuntzan,
eta abarretan, Europako iparraldeko herrialde aurreratuenei
jarraituz.
2) Aldakuntza honetako bigarren zutabea politika zientifikoak
eta teknologikoak osatzen dute. Iraganeko arrakasta haundienetako
bat, geurea den zientzia eta teknologia sistema eraikitzea
izan da, gure sare produktiboaren premiei aurregiteko sortua.
600 milioi euroko aurrekontua duen 2001-2004 Zientzia eta
Teknologia Plan berriarekin, arlo publikoaren eta pribatuaren
arteko ahaleginen sinergia lortzeko oinarriak jarri ditugu,
horrela Europarekiko konbergentzia teknologikoa lortzeko.
Aipatu dut lehenago Estatutuaren garapena, baina aipamen
berezi bat egin beharrean aurkitzen naiz orain Estatutuaren
10.16 artikuluak euskal administrazioari ematen dion eskuduntza
eskublisibo bat eskualdatzeaz; Estatuarekin koordinaturik,
zientzien eta tekniken ikerkuntzako eskuduntza esklusiboa
eskualdaketaz, alegia. Nahiko nuke Legebiltzarreko talde guztiak
bat etortzea egoera hau aldatzeko premia larriarekin, gure
garapen zientifiko eta ekonomikoa era eraginkorragoan bultzatu
nahi bada.
3) Euskadiren aldakuntza ekonomikoa oinarritzeko erabiliko
dugun hirugarren zutabea, Kalitate Osoari eta Ezagutzaren
Kudeaketari eman beharreko bultzadarena da. Zertifikazio mailan
Euskadi hirugarren postuan jarri ondoren, bide horretatik
jarraitu nahi dugu eta enpresa guztietan eta edozein elkartetan
Kalitate Osoaren printzipioak ezartzen jarraitu nahi dugu.
Horretarako zenbait estrategia bultzatuko dira gestioan bikaintasuna
lortzeko, eraginkortasuna hobetzeko eta eraberritzeak bultzatzeko
asmoz enpresako langile guztien ahalmenez baliatuz. Gure helburua
da Kalitatea ezartzea gure enpresa guztietan eta Euskadi kalitatean
oinarritutako herri bezala aurkeztu ahal izatea kanpoan.
Nahi dugu euskal gizarteak argi ikustea Gobernu honek Euskadiren
bigarren aldakuntza ekonomiko handi honetarako hiru zutabe
hauekin hartu duen konpromisoa. Hori dela eta, Jaurlaritzaren
aurrekontu orokorretan urtero jasoko dira Zientzia, Teknologia
eta Berrikuntza izeneko atal berezi batean, helburu hauek
lortzeko erabiliko diren dirutzak.
Horrez gain, hiru hilabetetik behin, Ekonomia Gaietarako
Ordezko Batzordeak bilera berezi bat egingo du tartean diren
sailburu guztiekin, Jaularitzaren jardueran Atal honek duen
betetze mailaren jarraipena egiteko.
Jaurlaritzaren aldetik, Zientzia, Teknologia eta Eraberritzearen
Euskal Kontseilua eratuko da, erakunde publiko eta enpresa
eta elkarte pribatuen parte hartzearekin, nik neuk bultzatu
eta burutuko dudana, berrikuntzarako euskal sistema bat antolatzeko
eta gure gizarteari publikoki gure Europarekiko konbergentzia
eta aldakuntza prozesuan ezarritako helburuen garapena eta
aurrepenen urteroko balantzea egiteko.
Berrikuntzaren erronka hori faktore kritikoa da gure hazkunde
ekonomikoan eta oinarrizko zutabea gure ongizateko sistema
mantendu eta hobetzeko orduan.
Berrikuntza pertsonen zerbitzuan jarri beharra dago, politiketatik
eta aurrekontuetatik haratago, Euskadiren bigarren aldakuntza
ekonomiko hau burutzeko gakoa eta gure inguruko ekonomien
gainetik hazten jarraitzeko gakoa pertsonengan aurkitu beharra
dago. Gizalagunak dira XXI. mendeko asmakuntzarik onena. Pertsonak
eta euren heziketa dira Herri batek duen kapital nagusia.
Gizon-emakumeen eta euren heziketan oinarritu beharrean gaude
etorkizuna eraikitzeko.
Beraz, horiek dira, euskal gizon eta emakumeak, gure arreta
nagusia izango dutenak, eta lehenago aipatu dudan gizarte
bidezkoago bat, integratu bat, eta solidarioago bat eraikitzeko
bigarren ardatzaren onuradun nagusiak.
IV. 4. B) Bigarren ardatza: kohesioa,
berdintasuna eta gizarteratzea
Heziketa, aktiborik garrantzitsuena da norberaren errealizazioa
lortzeko. Era berean, heziketa ezinbestekoa da herriek arrakasta
izan dezaten.
Horregatik, gure lehenengo lehentasunak bi hauek dira: derrigorrezko
heziketa osoan kalitaterik gorena bermatzea eta lanbide eta
unibertsitate prestakuntza behar adinako baliabideez hornitzea.
Hortik aurrera, bizitza osoan ikasketa iraunkorra guztiontzat
errealitate bihurtzea da erronka.
- Derrigorrezko Heziketaren arloan, ezinezkoa da hemen biltzea
helburu horiek betetzeko egin behar diren ekintza-norabide
guztiak. Hori dela eta, batzuk aipatuko ditut, besterik gabe:
ikastetxeen autonomia sendotzea; oinarri eta tresna-gaiak
indartzea; irakasleen prestakuntza bultzatzea; baloreetan
oinarritutako heziketa, hiru hizkuntza ikastea eta teknologia
berriak sustatzea; Europan indarrean dagoen kalitatezko eredua
ikastetxeetan ezartzea, eta gaurko beka sistemaren dotazioa
handitzea, horrela pertsona guztiek heziketa egokia izan dezaten,
edonolako oztopo ekonomikoak ezabatu ahal izateko.
- Lanbide Heziketa arautu, iraunkor eta okupazionalari dagokionez,
Lanbide Heziketako Euskal Plana garatzen eta ezartzen jarraituko
dugu. Bigarren heziketa hartzen duten ikasleen %50a lortu
nahi dugu lanbide heziketarako (gaurko portzentajea %43koa
da). Prestakuntza iraunkorraren arloan, onartu behar dugu
prestakuntza honen finantziazioa Euskadik egin behar duela
HOBETUZen bitartez eta gure finantziazio sistema bereziaren
araberako prestakuntza kuoten bitartez. Era berean, prestakuntza
okupazionala eta laneratze diseinu pertsonalizatuak eman behar
dira, Lanbide Orientaziorako Euskal Zerbitzuaren bidez.
- Unibertsitate irakaskuntzaren arloan, deszentralizazio eta
autonomia irizpideen aplikazioan sakonduko dugu, malgutasuna,
baliabideen optimizazioa eta emaitzen ebaluazioa bultzatuz.
Unibertsitatearekin dugun konpromiso sendoa gauzatzeko, finantzazioa
handituko dugu, BPGaren terminoetan, euskal unibertsitateak
emandako heziketaren kalitatea handitzeko eta, horrela, bai
Estatuan, bai Europan, derrigorrezko erreferente eta eredu
bihurtzeko.
Garatu nahi dugun Gizarte-Estatuaren eredu aurreratuak apustu
argia egiten du oinarrizko zerbitzu unibertsalak egon daitezen,
berdintasunaren azalpenik onena baita hiritar guztien gizarteratzea.
Horixe da gure osasun sistemaren kasua. Jakina denez, kalitate
estandar handiak lortu ditu. Horiek aldatzen jarraitzeko asmoa
dugu; horretarako, unibertsaltasun, elkartasun eta orekaren
printzipioetan oinarrituko gara eta hiritarrak izango dira
sistema horren ardatz nagusiak.
Osasun Plan berriak kalitate osoaren kalitatea suspertuko
du eta, horretarako, itxarote zerrendak gehiago murriztuko
ditugu; gaixoei ematen zaien informazioa eta harrera hobetzen
ahaleginduko gara eta zerbitzuarekin pozik geratzeko aukerak
handituko dira.
Beste alde batetik, nolabaiteko premia izateagatik, gizarte
eta osasun zerbitzuak eskatzen dituzten adineko pertsonak
gero eta gehiago direnez, ekintza publikoak gehiago koordinatuko
dira, Erakunde arteko Plan baten bidez. Horrela, zahartzaroko
dementzia eta patologia kronikoak dituzten pertsonen arazoei
aurre egin nahi zaie; eta horretarako, baliabideak optimizatu
eta irabazteko asmorik ez duten elkarteen lankidetza sustatu
nahi dira.
Gizarte bazterketa eta pobreziaren aurka egiten duten politika
guztiek arlokako politiken koordinazioa eta eskuhartze globalen
diseinu bateratua izan behar dituzte.
Hori dela eta, gizarte politika birplanteatuko dugu, bazterketa
sortzen duten arloetan -etxebizitzan, heziketan, osasunean,
enpleguan, adibidez- dauden oztopoak gainditzeko eta, horrela,
beraien ondorioei aurre egin ahal izateko. Ondorioz, ongizatearen
arloko politika aktibo eta pasiboak integratu nahi ditugu,
aukerarik gutxien duten pertsonak gizarteratzeko.
Aurreko legegintzaldian Gutun Sozialaren inguruan piztu zen
eztabaidan, eta arlo sozialean burututako beste aldaketetan
oinarrituta, aurrerapauso handia eman genuen soilik arrazoi
ekonomikoek eragindako bazterketa saihesteko. Horretarako,
prestazioak %46an igo ziren, oinarrizko errentaren figura
onartu eta lanbide arteko gutxieneko soldataren portzentaje
batean ezarri genuen, eta hirurogeita bost urte baino gehiagokoei
prestazio hori jasotzeko aukera eman genien.
Legegintzaldi honetarako zehaztu dugun helburua oinarrizko
errenta era progresiboan egokitzea eta handitzea da, horrela,
oinarrizko errenta hori jasotzen duten pertsonei bizimodu
duina bermatu ahal izateko. Baina oinarrizko errenta eskubide
gisa eratzen bada ere, gizarteratze eraginkorra lortzeko diseinatzen
diren plangintza eta ibilbideetan era aktiboan parte hartzeko
erantzukizunari lotuta egon behar du eskubide horrek. Euskadi
2000Hiru Ekimenaren markoan, oinarrizko zerbitzu sozialen
giza baliabideak hobetu ziren, eta AUZOLAN programari esker,
atea zabaldu genien gizarte-lan eta prestakuntzaren esperientziei.
Gizarteratze politikaren alde aktiboak hobetzen jarraitu behar
dugu. Eta horretarako, ongizate sistemaren segmentuak biltzen
dituen antolakuntza eredua erabili behar dugu, erakundeen
artean behar den koordinazioa bermatuz eta benetako emaitzak
gizarteratze terminoetan behar bezala aztertzen dituen plangintza
eredu bat ezarriz.
Zentzu horretan, enplegu-politika guzti-guztiak, aukerarik
gutxien duten pertsonen zerbitzura egongo dira. Talde horretan,
bazterketa egoeran daudenak ez ezik, denbora luzean lanik
gabe egon diren pertsonak, adin handiagoa duten langabeak,
emakumeak, etorkinak eta gazteak ere sartzen ditugu.
Elkartasunak lurraldearen alderdia ere badauka, eta arreta
berezia emango diogu. Arlokako politiketan -esate baterako,
gizarte ongizatean, etxebizitzan eta ekonomiaren sustapenean-
premia duten eskualdeei zuzendutako diskriminazio positiboa
erabiliko dugu. Horretaz gain, IZARTU programa martxan jartzeak
ekarri duen aurrerakada gauzatzen joango da, ekimen honen
emaitzak aztertu ondoren, udalerri eta eskualde behartsuenen
premiei lotutako berpizte-ekintza integralak bultzatzen jarrai
dezaten toki entitateek berek.
Etxebizitza ezinbesteko politika sektoriala da, berdintasuna
eta elkartasuna sustatzeko. Horren inguruan, babestutako etxebizitzen
eskaintza areagotzeko eta eredu-marko propioa emateko asmo
argia dugu. Aldi berean, babestutako etxebizitzak sustatzearen
ikuspegi sozialean sakondu nahi dugu, alokairuaren figura
bultzatuz eta gizarteratzeko plangintzetako ekintzekin koordinatuz.
Justizia ere aipatu nahi dut, laburki bada ere, Gizarte-Estatuaren
oinarrizko zerbitzu publikoa delako. Epailearen babes eraginkorra
izateko eskubidea hobeto bermatuko litzateke, Justiziaren
antolaketa deszentralizatuta eta Euskadiko inguru eta gizarte
egoerari egokituta egongo balitz. Norabide horretan, Justizia
eta Botere Judizialaren erreforma posible izan arte, Eusko
Jaurlaritzak aurrera jarraituko du administrazioaren baliabideak
hobetzeko planarekin; orain arte, begi-bistako emaitzak lortu
ditu plan horrek. Legegintzaldi honetarako, egoitzen plana
bukatuko da; hirugarren informatika planari ekingo diogu eta
Bulego Judiziala egituratuko dugu, arrazionaltasun, arintasun
eta eraginkortasuna irizpide nagusiak izango direlarik.
Gizarte-eraikuntzarekiko konpromisoa, azken batean, berdintasunarekiko
konpromisoa da. Eta, gure ustez, berdintasuna denak aintzat
hartzea eta gizarteratzea denez, gizarte-zaintzaren politikek,
bazterketa egoerei aurre egiteko zuzentzeaz gain, talde eta
kolektibo zehatzen arazo bereziei eskaini behar zaien laguntza
izango dute helburu. Lehen, laguntza behar duten adineko pertsonen
beharrak aipatu ditut. Orain, familiari, gizon eta emakumeen
arteko berdintasunari, gazteriari eta etorkinei laguntzeko
politikak aztertu nahi ditut.
- Familiaren aldeko Erakundearteko Plana onartu berri dugu
eta hurrengo legegintzaldian jarriko dugu martxan, gure ustez,
berdintasunean aurrera egitea ezinbestekoa baita. Planaren
helburua, ekonomia, gizarte eta lan-arloetan dauden oztopoak
gainditzea da, horrela, familiek, askatasunez hartutako erabakien
ondorioz, nahi duten seme-alaba kopurua izan dezaten. Beste
herri batzuetako esperientzia arrakastatsuei jarraiki, neurri
sorta bat ezarriko da -hala nola, zerga-laguntza, haurtzaindegiak,
familia ugarientzako laguntzak, baloreak sustatzeko sentsibilizazioa,
aukera-berdintasuna, eta abar-, enplegua amatasunarekin eta
aitatasunarekin bateragarri egiten laguntzeko eta seme-alabak
dituzten familiak berdintasun egoeran jartzeko.
Familiaren arloan, izatezko bikoteei buruzko Legea ere bultzatuko
dugu, Eusko Legebiltzarrak onar dezan; lege horrek izatezko
bikoteen eskubide eta eginbeharrak arautu beharko ditu, ezkondutako
bikoteekiko berdintasuna lortzeko aurrerapausoak emateko.
- Gizon eta emakumeen artean berdintasuna lortzeko politika,
Eusko Jaurlaritzaren ekintzen lehentasunezko helburua izango
da.
Euskadi guztion artean, gizon eta emakumeen artean eraiki
behar dugu, berdintasunean. Mende berri honetarako gizarte
modernoa eraiki nahi badugu, gizon eta emakumeen arteko edozein
bazterketa mota ezabatu behar dugu, behingoz. Emakumeak benetan
integratu behar ditugu euskal gizartearen sektore guzti-guztietan.
Denok hartu behar dugu parte eginkizun horretan; hori ez da
bakarrik emakumezkoen lana; batez ere gizonezkoena da. Gizartea
sentsibilizatzeko eta egokitzeko prozesuan, gizonok erantzukizuna
dugula gureganatu behar dugu. Agian autokritika egin eta maskulinotasunaren
kontzeptua aztertu beharko dugu, horrela egiten ez badugu,
gizarte-integrazioaren prozesua ez delako era naturalean egingo;
aitzitik, beharrezkoak ez diren gatazkak ekarriko dituelako.
Gure etorkizuna, euskal gizartearen etorkizuna irabazteko,
pertsona guztien artean, gizon eta emakumeen artean, bizitzaren
eginkizun eta funtzio guztiak elkarbanatzea ezinbestekoa da.
Lehendakaria naizen aldetik, konpromiso pertsonal eta zuzena
hartu dut (eta horrela jarraituko dut aurrerantzean ere),
helburu hori errealitate bihurtzeko. Eta Eusko Jaurlaritzatik,
horretarako behar diren neurri guztiak bultzatuko ditugu.
Hain zuzen ere, Emakunderen bitartez martxan jarri diren ekintza
positiborako planak bultzatzeaz gain, legegintza aldi honetan,
Berdintasunerako Euskal Legea aurkeztuko diogu Eusko Legebiltzarrari,
gure gizartearen eremu guztietan -politikan, gizartean, kulturan
zein lan munduan- emakumeen integrazioa gauzatu ahal izateko.
Ziur nago gure bizitzan gauzak hobera egingo dutela Emakumeak
gure gizartearen alor guztietara iristen badira. XXI mendeko
aldaketa handi baten aurrean gaude, eta euskal gizarteari,
eta euskal gizonei batez ere, eskatu nahi diet aldaketa horren
aitzindari izan daitezela.
- Gazteria politika ere Jaurlaritzaren lehentasunezko helburu
izango da eta politika horri arreta berezia eskainiko diogu,
bere integrazioa errazteko eta adin horri lotutako arrisku-faktoreei
aurre egin ahal izateko. Euskal Erakundeen lankidetzaz, Eusko
Jaurlaritzak abian jarriko du bigarren Gazte Plana. Horri
esker, gazteei laguntzeko estrategia global bat garatu ahal
izango dugu. Aisialdia, heziketa eta lana planaren barruan
sartuko ditugu, eta ikuspegi berezia emango diegu osasun gaiei
eta etxebizitza arazoei. Azken kasu horretan, alokairuzko
etxebizitza suspertzeko ahaleginak egingo ditugu. Gure ustez,
horixe da, laneratzearekin batera, gazte askoren kasuan, independentziaz
bizitzeko zailtasun handienak sortzen dituen faktorea.
- Gazteria politikaren giltzarri izango da gero eta gehiago
hartzea kontuan gazteria bera. Horixe da iraganetik ikasi
duguna eta etorkizunean aurre egin beharreko erronka.
- Halaber, Etorkinei zuzendutako Plan bereziari ekingo diogu,
etorkinen giza-eskubideak bermatzeko xedez. Plan horretan
koordinatutako hainbat ekintza burutuko dira, heziketa, kultura,
osasun, herri-zaintza, gizarte laguntza eta enpleguaren arloetan.
- Euskaldunok gure historian zehar hainbestetan bilatu behar
izan dugun bezala, lan egiteko eta bizitzeko tokia bilatzen
ari diren pertsonak integratzea baino ez da.
Kultura Gizarte Estatua osatzeko politiken kateko azken maila
da. Bere garrantzia ohiz kanpokoa da, gizabanakoak aberasteko,
euskal lurraldeen arteko kohesioa lortzeko eta gizarte aurreratuetan
ekonomiaren garapena bultzatzeko. Kulturaren aldeko apustua
legegintzaldi osoan mantenduko dugu, Kulturaren Euskal Planaren
bidez. Plangintza horren ekintzetarako norabideak, honako
hauek izango dira: azpiegituren arloa, teknologiak eguneratzea
eta kultura sortzea eta sektore horretako industriak bultzatzea.
Euskara, euskal kulturaren emaitza den aldetik, belaunaldiz
belaunaldi iritsi zaigun milaka urteko ondarea da.
Euskara guztiona da eta guztion beharra dauka. Euskara komunikazio
eta harremanetarako tresna gisa bizirik mantentzea euskal
gizarte osoaren erantzukizuna da. Eta Eusko Jaurlaritzaren
betebeharra da, hain zuzen ere, benetako gizarte elebiduna
eraikitzeko behar diren ekintza positiborako tresnak, pertsona
guztien esku jartzea.
Demokrazian bizi izan garen azken urte hauetan, euskara eta
gaztelaniaren koofizialtasuna onetsi da eta, horren ondorioz,
gure Autonomi Erkidegoan, bi hizkuntzetako ahulena, euskara
alegia, sustatu eta bultzatzeko politika jarri dugu martxan.
Eta, horretarako, beti ere errespeturik handienaz jokatu dugu
eta alderdi politiko, sindikatu, irakasle, funtzionario eta
euskararen aldeko lana egiten duten pertsona ospetsu eta erakundeen
arteko akordiorik zabalena bilatu dugu. Horixe da gizarte
aurreratuenen ezaugarrietako bat: ahulenen aldeko neurriak
hartzen dituztela, baztertuta utzi gabe. Euskara, gaztelania
bezala, batzutan oztopo bihur daiteke norbaitentzat. Hala
eta guztiz ere, ahal den neurrian, horrelako egoerarik ez
egoteko edo konponbideak bilatzeko ahaleginak egin ditugu.
Inposaketarik gabe eta malgutasunez jokatu dugu, errealitate
soziolinguistiko ezberdinei egokitzeko. Hori izan da, orain
arte, gure jokabidea eta, etorkizunean ere, irizpide berberak
mantenduko ditugu.
Edonola ere, prozesu hasi berri honek, oraindik ezin du ziurtatu
euskarak bizirik iraungo duenik eta gaurko euskal gizartearen
beharrei erantzun egokia emateko hizkuntza gisa erabil daitekeenik
euskara.
Horri dagokionez, euskara eremu guztietan sustatzeko konpromisoa
mantenduko dugu, Euskadiko egoera soziolinguistikoari egokitutako
hizkuntza politika baten bidez, edozein pertsonak gure Erkidegoko
edozein hizkuntza ofizialetan bizitzeko eskubidea erabiltzeko
aukera izan dezan.
_ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _
Honaino, Eusko Jaurlaritzak aberastasunen sorkuntzan, berrikuntzan,
kohesioan eta gizarte integrazioan izango dituen jardueren
alderik nabarmenenak aipatu ditut.
Nire hitzaldiaren azken zatian, ezinbestekotzat jotzen ditudan
bi arlori buruz hitz egin nahi dut, aurreko horiei zeharka
eragingo diotelakoan. Euskadiren kanpo proiekzioaz eta herri-baliabideen
kudeaketa eraginkorraz ari naiz, hain zuzen ere.
Euskadiren kanpo proiekzioa.
Euskadiren gizarte eraikuntzak ez du bakarrik barruko dimentsioa,
kanpokoa ere badu.
Ez dugu Euskadi eraiki nahi, itxita eta bere baitan isolatuta
dagoela. Munduari irekita ikusi nahi dugu.
Gero eta interdependentzia handiagoa duen mundu globalizatu
bateko parte izan nahi dugu. Besteekiko harremanak eta ideiak
onartu nahi ditugu, bai, baina gure singulartasun propioa
mantenduz.
Horrexegatik, gure kanpo-politikaren bidez, Euskadi, munduan
ezagutarazi nahi dugu, Euskadiren interesen defentsa eginez
eta Euskadiren ohiko baloreen irudi positiboa emanez.
Hori lortzeko, Euskadiren kanpo-politika integrala garatu
behar da eta, ondorioz, Erakunde guztiak eta eskuduntza-arlo
ezberdinak sartu behar dira bertan. Laburbilduz, Euskadi nazioartean
ezagutzetik Euskadi nazioartean onartzera pasatzea da kontua,
Euskadi etorkizunari begira dagoela eta nortasun eta izaera
propioak dituela ezagutarazteko.
Helburu hori gauzatu ahal izateko, nire ustez ezinbestekoa
da Euskadiren presentzia bultzatzea, euskal interesei eragin
diezaieketen Europar Batasuneko eztabaida foro guztietan.
Hau ez da abertzaleon planteamendua, Herriaren aldeko planteamendua
baizik; Europar Batasuneko beste Estatuek frogatu dutenez,
guztiz normala baita nortasun propioa duten herrialdeek Batasunaren
organoetan parte hartzeko aukera izatea.
Halaber, uste dugu behar beharrezkoa dela mugen bi aldeekiko
lankidetza eraginkor bat garatzea, Europako Batasunean arlo
horretan aurrera eraman diren esperientziei eta arauei jarraituz.
Beharrezkoa da Euskadiren benetako errealitatea kanpoan ezagutarazteko
tresnak izatea. Zentzu horretan, eta Eusko Jaurlaritzak Brusselan
duen Ordezkaritzaren kasuan bezalaxe, presentzia zuzena izan
nahi dugu Madrilen eta, horretarako, bertan ordezkaritza propioa
izateko ahaleginak egingo ditugu. Gauza bera egingo dugu beste
toki eta herrietan ere, gure Erkidegoak arlo guztietan -ekonomian,
kulturan edo erakundeetan- dituen interesak defendatu eta
sustatzeko egokia dela jotzen dugunean.
Gaur egun eratuta dauden erakundeek edo etorkizunean sor
daitezkeenek izango dute ordezkaritza horietan sartzeko aukera,
beraien helburua, Euskadiren kultura, ekonomia edo erakundeak
kanpoan sustatzea bada. Horien artetik, Euskadi Erakundea
aipatu nahi dut; Euskadi Erakundea euskara eta euskal kultura
sustatzeko eta gure Herriaren errealitatea mundu osoan sakabanaturik
dauden gizatalde euskaldunei hurbiltzeko sortuko dugu.
Tresna bat: baliabideen kudeaketa eraginkorra
Orain arte, Gizarte Estatuaren eredu zabal eta aurreratua
eraikitzera eramango gaituzten helburuak deskribatu ditut.
Hemendik aurrera, baliabideak eta tresnak izango dira gaiak.
Hau da, baliabide, administrazio eta politiken eraketari buruz
hitz egiteko garaia da.
Gai honetako lehen hausnarketa zergen aldetik egin behar da.
Eusko Jaurlaritzaren berehalako eginkizuna, Foru Aldundiekin
batera, Kontzertu Ekonomiko berria negoziatzea izango da.
Gure iritziz, Kontzertu berria zuzendu behar duten printzipioak
honako hauek dira: mugagabeko iraupena izatea; arauak egiteko
ahalmena finkatu eta garatzea; zerga-figura berriak hitzartzea;
beharrezkoak diren lotura puntuak egokitzea; finantza ereduari
jarraikortasuna ematea; arbitrajea bideratzeko eta gatazkei
konponbidea emateko prozedura ez judizialak ezartzea; eta,
azkenik, Kontzertu ekonomikoa marko europarrarekin bateratzea.
Printzipio horiek guztiak arrazoizkoak direlakoan nago eta,
nire ustez, Eusko Legebiltzarraren adostasun orokorra bereganatu
dezakete.
Zerga-politikari dagokionez, gure zerga-sistema garatzen jarraituko
dugu, zuzentasuna, nahikotasuna, neutraltasuna, eraginkortasuna
eta foru erakunde eta erkidegoaren erakundeen arteko koordinazioa
printzipio nagusitzat hartuz, bai arauen aldetik, bai zerga-iruzurraren
aurkako borrokaren ikuspuntutik.
Izan ere, argi eta garbi esan nahi dut zergak tresnak direla
eta, horren ondorioz, gure Herriaren behar ekonomiko eta sozialen
zerbitzura egon behar dutela.
Gizarte-eraikuntzarekin dugun konpromisoa serioa da, eta
konpromiso hori ahalik eta gehien sendotzeko, proposatu ditugun
politika guzti-guztiak batera aztertuko ditugu, euskal sektore
publikoaren diseinu globalean sartzeko. Edonola ere, diseinu
hori bat etorriko da Egonkortasun eta Hazkunderako Itunaren
zuzenbide europarrekin, eta horretarako, aurrekontuen oreka
bilatuko dugu, ekonomiaren koiunturak edo gizartearen beharrek
horrela eskatzen dutenean, defizit edo superabiten aukera
baztertu gabe.
Zentzu horretan, azaldu behar dizuet ez nagoela bat ere ados,
Administrazio Zentralaren Egonkortasunerako Lege-Egitasmoarekin,
Administrazio Zentralak Europako erakundeen asmoa erabat itxuraldatu
duelako. Madrilgo Gobernuak, urte bakoitzean oreka edo superabita
aipatzen du, Europar Batasunak epe erdiko oreka aipatzen duenean.
LOAPA penagarri eta famatua da gure autogobernurako eta bere
funtzionamendu eraginkorrerako mehatxurik handiena.
Gure administrazioari dagokionez, aurrez aurre dituen erronkak,
mundu anglosaxoitik datozkigun bi esamoldetan laburbildu daitezkeela
uste dut: lehenik, itzulpena; hau da, erakunde maila guztiei
subsidiariotasun printzipioaren ezarpen sistematiko gisa ulertua.
Bigarrenik, berrasmaketa; hau da, hiritarrarentzat baliabide
ekonomiko berberetatik balio handiagoa lortzeko helburua duen
eskuhartze tresnak hobetzeko eta berriz diseinatzeko prozesua.
Gure itzulpenaren ondorioz, protagonismo handiagoa emango
diogu toki erakundeei, Udalen Legearen onartuz. Era berean,
erakundeen arteko harremanen erreforma onetsiko dugu, Lurralde
Historikoen Legea aldatuz. Itzulpenak, beraz, kudeaketa eremuak
beheko mailetarantz birbanatzea dakar; baina, aldi berean,
erakunde orokorrek aitzindaritza eta plangintza ahalmena indartu
behar dute, bat datozen ekintzak daudenean, politiken funtzionamendu
koordinatua bermatzeko. Horretarako, herri-politiken arlokako
koordinazioa bultzatuko da eta Eusko Jaurlaritza, foru aldundi
eta udalen ekintzak integratuko dira erakunde arteko partaidetzarako
erakunde izango den "Herri-Politiken Euskal Kontseilua"ren
bitartez.
Itzulpenak eta subidiariotasunak Europako Batasunera ere
iritsi behar dute. Europako Batasunaren ekintza markoa birdefinitu
beharra dago, eta eskualdaketa prozesuak bi norabideetan egin
behar dira. Guri eragiten diguten konpetentzia askoren titularrak
garenez, Europako Batasunean zuzenean parte hartzeko aukera
eta gure autogobernuaren onespena eskatzen ditugu.
Gobernuaren berrasmaketa martxan dagoen prozesua da "Comision
de Reforma de la Administración Pública-CORAME"ren
lanak hasi zirenetik eta Administrazio Publikoa Modernizatzeko
Planean jasotako neurriak ezartzen hasi zirenetik. Eta, gure
inguruan egon diren aldaketak ikusita, indar handiz jarraitu
behar dugu bide horretatik.
Alde batetik, teknologia berrien eraginak, on line zerbitzuak
emateko era berriak asmatzera behartzen gaitu; beste alde
batetik, aldaketak berak eragina dauka giza baliabideetan,
eta malgutasuna eta epe erdian sortuko diren beharrei aurre
egiteko ahalmena eskatzen ditu; era berean, Kalitatea kudeaketa
sistema gisa ezartzea ezinbestekoa izango da. Erronka horiei
aurre egiteko, on line administrazioa onartzea erabaki behar
dugu -hasiak gara bide horretan Euskadi Informazioaren Gizartean
Planaren bitartez- eta, beste alde batetik, giza baliabideak
planifikatu eta erakunde osoa zerbitzuen ebaluaketan eta Kalitatearen
kudeaketan inplikatu behar dugu.
* * * * * * *
Bukaera::
Nire hitzaldia bukatzeko, azken gogoeta bat egin nahi dut.
Interesatutako aurreiritzi eta distortsionatutako ikuspegien
aurrean, Euskadiren politika eta gizartea eraikitzeko egitasmoa
ez da, inolaz ere, Estatu nazional zaharkituen eraikuntza
prozesuen kopia berantiarra. Gaur egun, gero eta gehiago onartzen
da Nazio-estatuek joera izan dutela pluraltasuna ukatzeko,
aniztasuna demokraziaren aurka kudeatzeko eta hiritarrei homogeneotasuna
inposatzeko.
Gure egitasmoaren oinarria, pertsonen askatasunekiko eta
kulturen aniztasunekiko errespetua da. Hori derrigorrezkoa
da, globalizazio eta kultura-aniztasunaren munduan.
Konpromisoa dugu, eta etorkizunean ere izango dugu, Euskadik,
edozein momentutan nahi duen autogobernu maila izan dezan;
baina hori, gizabanakoen askatasunean oinarritutako adostasunaren
ondorioz irekitako eraikuntza prozesu gisa ulertzen dugu.
Ziur nago Euskadi herritarren borondatez sortutakoa izango
dela. Horretarako oztopoak jartzen dituenak, berriz ere, indarraren
arrazoia eta konkistatzeko eskubidea aplikatuko ditu, arrazoiaren
indarra eta erabakiak askatasunez eta demokratikoki hartzeko
eskubidea erabili beharrean.
Karl Popper-ek Gizarte irekia eta bere etsaiak izeneko liburuan,
honako hau dio:
"Gatazka bat planteatzen denean, horrek esan nahi du
grina eta emoziorik konstruktiboenek -begiruneak, maitasunak,
auzi komun batekiko mirespenak, eta abarrek-, hasieran gatazka
hori gainditzen lagun bazezaketen ere, arazoa konpontzeko
ezintasuna azaldu dutela. Orduan, bi irtenbide besterik ez
daude: bata, emozioak eta, azkenik, indarkeria erabiltzea
da; bestea, arrazoia, inpartzialtasuna eta arrazoizko konpromisoa
erabiltzea da."
Indarkeria aldenarazteko, bizitza eta giza-eskubideen aldeko
konpromiso etikoa proposatu dut. Elkarrizketa tresna gisa,
hau da, arrazoiaren "erabilpen ez dogmatikoa egiteko"
formula bakar gisa, erabiltzeko konpromisoa proposatu dut.
Euskal biztanleen erabakiak errespetatzeko konpromisoa proposatu
dut, inpartzialtasun eta arrazoizko konpromisoaren adierazpen
demokratikorik onena delako.
Eta, azkenik, Euskadiren gizarte eraikuntza lortzeko konpromisoa
proposatu dut, Euskadi Estatuan eta Europan erreferentzia
eta eredu izan dadin.
Azken batean, etorkizun eta itxaropen egitasmoa proposatu
dut, Euskadin, gozatu, lan egin eta bizitzeko arrazoiak ematen
dituen Herria bilakatzeko.
Egi bihur daitekeen amets bat proposatu dut eta denon artean
egi bihurtu behar dugu.
Eskerrik asko.
|