|
"Gizabanako orok badu bizitzarako,
askatasunerako eta bere buruaren segurtasunerako eskubidea"
(Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren 3. art.)
Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren espirituaren
eta bertan bildutako oinarrien errespetutik, eta indarkeria
irmoki gaitzesten dugula eta gizabanakoen askatasunen defentsarekin
konpromisoa dugula adierazteko helburuz, Gernikan bildu diren
gure Herriko ordezkarien aurrean, guretzat Bake, askatasun
eta tolerantziaren sinboloa den Arbolaren ondoan, Lehendakari
naizen aldetik, eta euskal gizartearen gehiengoaren iritzi
ozena azaldu nahian, pertsona guztien bizitzarako eskubide
eta askatasunen aldeko Deklarazio Etiko hau irmotasun osoz
egin nahi dut.
Bakea, Giza Eskubide
Unibertsala
Euskal gizarteak denbora luzeegia eman du indarkeriazko egoera
jasanezin baten ondorio izugarriak sufritzen; egoera horrek,
min eta sufrimendua ereiteaz gain, herri guztien erreferente
nagusia izan behar duten bizikidetzaren oinarri etiko eta
moralen degradazioa eragiten du. Elkarrekin Bakean bizitzea
funtsezko oinarria eta ezinbesteko baldintza da, pertsonen
gainontzeko eskubide eta askatasunen erabilpena bermatzeko.
Azken batean, Bakea oinarrizko giza eskubidea da. Bakea gure
helburu nagusia da, gure erantzukizun indibidual eta kolektiboa,
gure gizarteak duen eskubidea. Euskaldunok Bakerako giza eskubidea
aldarrikatzen dugu.Guretzat eta herri guztientzat aldarrikatzen
dugu, eta Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean Bakerako
eskubidea sartzeko martxan jartzen diren ekimen guztien aldeko
konpromiso aktiboa berresten dugu.
Euskal Herriak Bakerako eskubidea
du
Euskal Herriak eskubide osoa du bere etorkizuna Bakean eraikitzeko.
Etorkizun horretan, denok izan behar dugu tokia. Bertan, gorroto,
inposaketa eta ezinikusiaren ordez, adiskidetzea, tolerantzia
eta elkarrekiko errespetua nagusitu behar dira. Gure etorkizuna,
errespetutik eraiki nahi dugu, eta berea den eta maite duen
Herri honentzat, norberak nahi duena pentsatu eta adierazteko
askatasunaren defentsatik eraiki nahi dugu, horregatik, hilketa,
hertsapen, txantaje, edo bere osotasun fisiko eta moralaren
aurkako mehatxurik sufritu gabe. Etorkizun hori, Herri bakezale,
langile, ireki eta solidario honen borondatea errespetatuz
eraiki behar da. Gure Herriak indarkeria gaitzesten du, eta
ETAri bizitza errespetatzea eta borroka armatua behin betirako
uztea exijitzen dio. Gure Herriak ETAri eskatzen dio gatazka
politikoen konponbidea oztopatzeari uztea, arazo horiek hiritarren
konpetentzia eta beraiek zilegitasunez hautatzen dituzten
ordezkarien eskumen esklusiboa direlako. Herri honetako herritarrak
izanik, "Bakean eta askatasunean bizitzeko" dugun eskubidea
eta pertsona guzti-guztien bizitza eta duintasuna errespetatzea
aldarrikatzen dugu. Denok batera oihukatu nahi dugu gure gizartean
indarkeriak ez duela tokirik. Ondorengo belaunaldiei eskaini
diezaiekegun oparirik onena Bakea da. Guri dagokigu, beraz,
benetako "Bakearen kontzientzia" eraikitzeko erantzukizuna,
indarkeria eta intolerantziazko eszenatoki hau aldatu eta
elkarrizketa, adiskidetasun eta bizikidetza nagusi dituen
bestelako eszenatoki bihurtzeko.
Bakea eta Egitasmo Politikoen aniztasuna
Bakea ezin da lortu egitasmo zehatz bat besteen gainetik indarrez
inposatuz, norbanakoen askatasuna defendatuz baizik, gure
artean dauden egitasmo guztiak era demokratikoan defendatu
eta garatu ahal izateko, aukera berdintasunean. Berriz ere
esan behar dugu Bakea ez dagoela inolako egitasmo politikotan,
proiektua lortu eta defendatzeko eran baizik. Ikuspuntu horretatik,
demokraziaren aurkako inposaketa jasan ezina da ETAk indarkeriaren
bukaera bere egitasmoa lortzearen baldintzapean jartzea, euskal
hiritar gehienen borondatea kontuan hartu gabe; era berean,
demokratikoki ezin da onartu, ETAren desagerpenaren baldintza
ezartzea pertsona bakoitzaren zilegizko egitasmoak defendatu
eta gauzatu ahal izateko. Ez da zilegi hiritarrak beldurtzea,
bere askatasunari uko egin diezaioten, Bakean uztearen truke;
ezta demokraziaren erabilpena atzeratzea ere, Bakea lortu
arte; zeren, horrela egiten badugu, erreferente politikoa,
gure oraina eta geroa definitzeko lema alegia, ETAren esku
uzten ari baikara. Justizian oinarritutako Bake irmo eta iraunkor
baten eraikuntza, ezin da murriztu eta identifikatu, inolaz
ere ez, kontrakoaren ezabaketa soilarekin edo indarkeriarik
ezarekin. Benetako Bake prozesu sendo bat, pertsonen eta Herrien
duintasuna eta askatasuna errespetatzeko norbanakoen konpromisotik
eta borondate kolektibotik sortu behar da.
Bakea justizian eta demokrazian oinarritu
behar da
Justiziak eta demokraziak eutsitako Bakea bakarrik da koherentea
pertsona eta herrien duintasun eta askatasunarekin. Ez dago
gizarte justurik, ideiak eta egitasmo politikoak gizabanakoen
bizitza eta duintasunerako eskubidea urratuz defenda daitezkeela
onartzen duenik. Eta demokratikoa izan nahi duen gizarte bat
ezin da eraiki, gizarte horretarako zenbait kidek edo gizataldek
kanon eta bizikidetza-arau baketsuen barrutik soil-soilik
defendatzen dituzten helburu politikoak ezeztatu, gauzatu
ezin direla edo ezinezkoak direla dioen ideia abiapuntutzat
hartuta. Horregatik guztiagatik, elkarrizketaren bidea egokiena
da bake prozesu bat garatzeko; hau da, adostu eta gureganatu,
justizian eta demokrazian sostengatu, eta euskal hiritarren
erabaki librearen adierazpena den egitasmo batean oinarritutako
bake prozesu bat garatzeko, hain zuzen ere.
Pertsonen eskubideak, herrien bizikidetzaren
oinarria
Pertsonen eskubideak herrien bizikidetzaren oinarriak dira;
eta, horregatik, ezinbestean onartu eta defendatu behar dira
ondorengo jomuga politikoen lorpen errealak alde batera utzita.
Helburu politiko hipotetiko bat lortu arte, Giza Eskubide
hauen onarpen eta benetako errespetua indarrik gabe uztea,
pertsonak eta bere duintasuna erabiltzea da, eta horrela,
defendatu eta lortu nahi den helburua prostituitu egiten da.
Herrien eskubideak eta bere politika eta administrazio-eraketa
egokia ulertzeko moduan dauden desadostasunek ezin diote,
inola ez, zilegitasunik eman pertsonen aurka burututako indarkeriari,
pertsonen oinarrizko eskubideak herriak justiziaz antolatzeko
oinarria direlako. Horregatik, gizarte-bizikidetzaren printzipio
eta arau batzuen indarra errebindikatu nahi dugu; azken batean,
printzipio eta arau horiek gizarte guztiek bermatu behar dituzte,
eskubide naturalak direlako eta giza egoerari dagozkiolako.
Bizitzarako, osotasun fisikorako, askatasunerako eta ideiak,
arraza, sexu, erlijio edo bestelako arrazoiengatik baztertua
ez izateko eskubideak, pertsona guztien ukaezinezko eskubideak
dira, eta gizarte demokratiko eta aurreratu batean legezkotasun,
seguritate, aurrerakuntza, ongizate eta elkartasun baldintzapean
babestu eta erabili behar dira. Eskubide horiek guztiek izan
beharraren kategoriak ordezkatzen dituzte eta herri-agintariok
eta gutariko bakoitzak, herritarrak garen aldetik, errespetatu,
bermatu eta sustatu behar ditugu, gizarte justuago, solidarioago
eta, azken batean, bihozberagoa lortzeko. Eskubide horiek
euskal gizartearen iparra eta helmuga dira. Betidanik gure
Herriari norabidea eman dioten erreferentziako baloreak dira,
eta gure jarduera politiko eta soziala zuzentzen jarraitu
behar dute, gizabanako eta gizatalde gisa ditugun erantzukizunetan
egunero aritzen garenean.
Euskal Herria, giza duintasunaren
errespetuan finkatzen da
Izan ere, Euskal Herriaren zentzu historikoa giza duintasunerako
errespetuan finkatzen da. Bere aintzatespena gure Foruetan
adierazia, hain antzina eta argia da, ezen konstituzio askoren
aurrekaritzat hartu izan baita. Horrela, agerian geratzen
da Bizkaiko Foru Berriaren XXVI. Lege famatuan. "Euskal
Habeas Corpus-a" izenez ezagutzen den ebazpen honetan
azaltzen denez, eskuduntza duen epailearen agindurik gabe,
inor ezin izango da atxilotua izan. "... Que ningún prestamero
ni ejecutor alguno sea osado de prender a persona alguna,
sin mandamiento de Juez competente..." , edo-ta XII. Legea
aipatu daiteke. Orain dela bost mende, Gernikako Arbolaren
azpian, gure Herriaren ordezkariek hitzartu zuten hirritarrak
ezin zitezkeela izan tortura-gai. "... Que a vizcayno alguno
no se dé tormento alguno, ni amenaza de tormento, directa
ni indirecta, en Vizcaya, ni fuera de ella en parte alguna".
Honelako ebazpenak eten gabe errepikatu dira euskal kode guztietan,
eta aditzera ematen digute gure Herriak, pertsonen duintasun
eta askatasunaren errespetua, erreferente historikotzat hartu
duela.
Aniztasunaren aintzatespen eta onarpena
Euskal gizartearen aniztasuna errebindikatu nahi dugu abiapuntu
aberasgarri gisa; eta, horregatik, gure artean zilegitasun
osoz dauden ezadostasunei ekiteko, elkarrizketaren beharra
baieztatzen dugu, elkarrekiko tolerantzia eta errespetuan
oinarritutako guztiontzako etorkizunaren eraikuntza bermatzen
duen tresna gisa. Hori dela eta, gaur bildu gara, gizarte
anitz batean ohi denez, gure artean dauden bidezko ezberdintasunen
gainetik, oinarrizko premisa batzuetan ados gaudela adierazteko.
Oinarrizko Premisak:
Indarkeriak pertsonen oinarrizko eskubideak larriki urratzen
ditu, gizarte osoaren aurkako agresioa da eta bizikidetzarako
edozein sistemaren oinarri etiko eta moralei zuzenean erasotzen
die.
Gure Herriak ezin du, ez du nahi, bakerik gabe bizitzera
kondenatuta egon. Indarkeria ankerra da, giza duintasunaren
aurkakoa. Mina sortzen du, eta gorrotoa ereiten du. Argi
eta garbi baieztatu nahi dugu, Mahatma Gandhirekin batera,
"ez dagoela bakerako biderik, bidea bakea bera dela".
Gatazka politikoak elkarrizketa, elkarrekiko errespetu
eta tolerantziatik bakarrik konpon daitezke, politikak eta
demokraziak herrien borondatea eratzeko dituzten tresnak
soilik erabiliz.
Gure konpromiso etikoa
Premisa horietan oinarriturik, bizikidetzaren edozein arazori
konponbidea emateko, gizartearen parte izanik dugun eginkizunaz
konbentzituta, ekitaldi sinboliko honetan,
- Pertsona guztien eskubide eta askatasunak defendatzeko dugun
konpromiso etiko eta zibikoa azaldu nahi dugu.
- Injustiziaren aurka jaiki nahi dugu eta salatu nahi ditugu:
Terrorismoak bere postulatu totalitarioen aurkakoak diren
pertsona eta gizataldeen kontra burutu dituen hilketak,
giza eskubide oinarrizkoena, bizitzarako eskubidea alegia,
urratzen dutelako.
Estortsio eta txantaje ekonomiko eta moralak, mehatxu fisikoak
eta, oro har, askatasuna mugatu eta pertsonen seguritatearen
aurkako erasoa den jazarpen-indarkeria.
Bere egitasmo politikoak besteei inposatzeko, beldurra
eta erasoa erabiltzen dituen intolerantzia.
Adierazpen eta pentsamendu askatasunaren aurkako atentatuak,
bide bakezale eta demokratikoen bitartez defendatzen diren
bidezko ideiak kriminalizatzea lortu nahi dutelako.
Eta pertsona guztien giza eskubide ororen bortxapen guztiak.
Egoera horien guztien aurrean, euskaldunontzat Bake eta Askatasunaren
sinboloa den Gernikan bildurik, euskal gizartearen Lehendakari
eta bere ordezkari naizen aldetik, modu solemnean aldarrikatu
nahi dut:
Lehena. - Gure konpromisoa,
elkarbizitza sozialaren oinarriak diren bizitzarako eskubide
eta pertsona guztien askatasunen defentsarekin, eta, horren
ondorioz, edonolako indarkeriaren gaitzespena. Gizabanako
guztien eskubide bortxa ezinak, bere osotasun fisiko eta morala
eta bere adierazpen askatasuna errespetatzea, oinarri sendo
bakarra baita benetako giza bizikidetza eta zilegi diren egitasmo
politiko guztiak ezartzeko.
Bigarrena. - Gure konpromisoa,
gure hirikide guztien eskubide eta askatasunen erabilpena
defendatu eta bermatzeko. - Askatasuna, koakzio, jazarpen
eta hilketaren mehatxurik gabe bizitzeko, euskal hiritar guzti-guztiei,
inolako salbuespenik gabe, pertsona bezala dagozkien giza
eskubide guztien erabilpena gure gizartean berma dakien. -
Askatasuna ere, ideietarako, ideia guztietarako. Aukera-askatasuna,
pentsatzeko askatasuna, hautatzeko askatasuna eta erabakitzeko
askatasuna, inposaketa eta txantajerik gabe. - Askatasuna,
egitasmo guztiak defendatu eta, hala balegokie, gauzatu ahal
izateko, bakarrik bide politiko eta demokratikoak erabiliz.
Hirugarrena. - Gure
konpromisoa, indarkeria, intolerantzia eta terrorismoaren
ondorioak, bere azalpen guztietan, sufritu eta sufritzen dituzten
pertsona guztiei elkartasun aktiboa eta begiramen etiko, politiko,
sozial eta materiala azaltzeko. Biktimei elkartasun eta hurbiltasuna
adieraztea, gizartearen ezinbesteko bete beharra da, ausardi
osoz defendatu nahi dugun giza duintasunaren halabeharrezko
ondorioa delako.
Laugarrena. - Gure
konpromisoa, pertsonen askatasun eta seguritatea defendatzeko
zuzenbidezko estatu batek zilegitasunez bere esku dituen neurriez
gain, indarkeriari elkarrizketaren bidez bukaera emateko,
normalizazio politikoa lortzeko eta gure gizartea adiskidetzeko
behar diren baldintzak sor ditzakeen ekimen guztiak aurrera
eramateko.
Bosgarrena. - Gure
konpromisoa, elkarrizketa eta indarkeriarik ezarekin. Euskal
gizarteak ez diolako inori eskatzen bere ideiei uko egiterik;
aitzitik, politika eta demokrazia soilik erabiliz defendatzea
exijitzen dio.
Seigarrena. - Gure
konpromisoa, mundu osoari Gernikako Deklarazio hau zabaldu
eta jakinarazteko, horrela, Euskal Herriaren benetako iritzia
mundu osoan ezagut dadin, hau da, historian zehar Bake, Askatasun,
Justizia eta Giza Duintasunaren aldeko konpromiso sendoa azaldu
duen Herri ireki eta solidarioa ezagut dadin.
|