|
Atzera begira
Urtebete esperantzaren bidetik:
1. Eszenatoki politikoa eta soziala
markatu dituzten hamabi hilabeteko klabeak
2. Atzera begira: bi ondorio
Lehenengo zatia:
Gure konpromisoa giza eskubideak
defendatzeko eta Euskadiren eraikuntza sozialean aurrera egiteko
I. atala Gure konpromisoa giza
eskubideak defendatzeko
II. atala Gure konpromisoa autogobernua
sakontzeko
III. atala Gure konpromisoa elkartasuna
eta justizia sozialarekiko
IV. atala Gure konpromisoa garapen
jasangarriarekiko
V. atala: Aurrera doan herria
Bigarren zatia:
Gure konpromisoa Elkarbizitzarako
Itun Politiko Berri bat garatzeko
I. atala Egindako bidea
II. atala Konpromiso bat betetzea:
elkarbizitzarako Itun politiko berri bat garatzea
III. atala Bide irekia legebiltzarrean
eztabaidatzeko eta ekarpen politiko eta soziala onartzeko.
Azken gogoeta: Elkarrizketari uko
egitea konponbidea ukatzea da
Atzera begira
Urtebete esperantzaren bidetik
“Elkarbizitzarako ekimena aurkeztu dizuet. Prozesua
hasi dugu. Argi eta garbi hitz egin nahi dut, eta euskal gizarteari
jakinarazi nahi diot konpromiso sendoa dudala ibilbide hori
egiteko. Badakigu ez dela erraza izango, baina itxaropena
aldarrikatu nahi dugu. Irtenbideak aldarrikatu nahi ditugu.
Etorkizuna aldarrikatu nahi dugu”.
----------
“Badakigu nora joan nahi dugun eta badaukagu aukera.
Baina beste zerbait garrantzitsuagoa da: konbentzituta gaude
hori lortzeko euskal gizartearen babesa dugula”.
Bi paragrafo horietan laburbildu nuen orain dela urtebete
Legebiltzar honetan Politika Orokorrari buruzko Eztabaidaren
Osoko Bilkuran egin nuen hitzaldiaren azken atala. Eta bi
paragrafo horietan biltzen dira zuzentzen dudan Gobernu honen
jarduera politikoaren hiru osagaiak:
- Gure borondate tinkoa hasitako bidean aurrera egiteko.
- Bidean aurkituko genituen zailtasunak eta oztopoak egiaztatzea.
- Konbentzituta geunden aurrera egiteko euskal gizartearen
gehiengoa gurekin zegoela.
Politika Orokorrari buruzko azkeneko eztabaida izan genuenetik
hainbat gertaera izan dira eta gertaera horiei lasai begiratzeak
emango digu aukera hiru osagai horiek noraino kontuan hartu
diren ikusteko Euskadiren eta Espainiaren bilakaera politiko
eta sozialean. Gainera, horrek eszenatoki zail eta konplikatu
baten klabeak ulertzen lagunduko digu; izan ere, eszenatoki
zail eta konplikatua izan du Eusko Jaurlaritzak euskal gizartearen
aurrean hartutako konpromisoei erantzuna emateko. Jaurlaritzak
gizartearen aurrean honako konpromiso hauek hartu zituen:
- Konpromisoa giza eskubideen defentsarako eta Euskadiren
eraikuntza sozialean aurrera egiteko.
- Konpromisoa Elkarbizitzarako Itun politiko berri baten
oinarriak garatzeko.
1. Eszenatoki politikoa eta soziala markatu dituzten
hamabi hilabeteko klabeak:
Ez da nire asmoa urte zorabiagarri honetan zehar izan diren
gertaera guztien deskribapen zehatza egitea; baina beharrezkoa
ikusten dut horietako gertaera batzuk azpimarratzea, gizartean
izan duten garrantzia eta eragin politikoagatik, inflexio
puntu bat markatu dutelako eta ondorioek etorkizun hurbilean
eragina izango dutelako.
Gertaera horietako batzuk gainditu egin dute euskal gizartearen
harritzeko gaitasuna. Zailtasun-zailtasun, gizarte honek heldutasun
eta lasaitasun gogoangarriak erakutsi ditu oraingoan ere.
Gure gizarteak bukatutzat eman nahi du indarkeriaz jositako
eta normalizazio politiko ezak markatutako garaia. Soluzioaren
bidean aurrera egin nahi du, pertsona guztien giza eskubideak
eta Euskal Herriaren talde erabakiak errespetatzean oinarritutako
bidean, hain zuzen ere.
Borroka hori, euskal gizarteak aurrera egiteko duen gogoaren
eta konponbideari trabak jartzen saiatzen direnen arteko borroka
hori, Euskadiko egoera politiko eta soziala markatu duten
gertaera klabeen atzean dago, eta nire iritzian, honako hauek
izan dira gertaera klabe horiek:
a) Elkarbizitzarako Proposamenaren aurkezpena. Garai
politiko eta sozial berri baten hasiera.
Euskadi aurrera doan herria da; ez geldi dagoena.
Ez da gizarte geldia, mugitzen den gizartea baizik. Nire hitzaldiaren
bigarren zatian zehatzago aztertuko ditugu Elkarbizitzarako
proposamenak —euskal gizartearen aldaketa gogoari erantzuteko
aurkeztu genuen proposamenak, hain zuzen— sortu duen
eztabaida prozesua eta gizartearen parte hartzea. Baina, inork
ezin du ukatu aurkeztutako Proposamenak garai politiko eta
sozial berri bat ireki duela behin betiko eta eragile politiko
guztien estrategiaren ardatza dela eta izango dela Euskadin
nahiz Estatuan aurrerantzean ere.
b) ETAren indarkeria . Eskubide oinarrizkoena —bizi
eskubidea,alegia— etengabe urratzea.
Zoritxarrez, ETAren indarkeriaren iraunkortasuna izugarria
da azkeneko berrogei urteetan, Lizarrako itunak ekarri zuen
su etena salbu.
ETAk oinarrizkoa den giza eskubide baten urraketaren adierazlerik
nagusiena izaten jarraitzen du , bizi eskubidearena, alegia;
eta horregatik, Euskal Herriaren gehiengoaren arbuioa sortzen
du, eta behin betiko desagertzeko eskaria egiten dio.
ETAren indarkeria elkarbizitzaren aurkako minbizia da, errugabeko
familien bizitza hondatzen du, eta Euskal Herriak munduan
duen imajina izugarri kaltetzen du.
ETAk, ziur aski, herriaren ahotsari entzungor egiten eta gizakien
ikuspuntutik mina eta oinazea eragiten jarraituko du. Baina,
argi dago Herri honen agenda politikoa eta soziala ETAk markatzen
zuen garaia bukatu dela. Euskal gizarteak gatazkak konpontzeko
bide politiko eta demokratikoen alde egin du apustu. Mahai
gainean proposamen irmo eta sendoa jarri dugu, Euskal Herriaren
gogoa errespetatzea oinarri gisa hartuta, ETAren indarkeriari
behin betiko ateak itxita eta ETA gure bizitzetatik botata.
Ikuspuntu honetatik, proposamen politiko honen aurkezpenak
garai berri bat irekiko du: ETA ondoko garaia. ETA jabetu
da horretaz, eta bere atentatuek komunikabideetan izan duten
oihartzunaz baliatu izan da bide hori publikoki arbuiatzeko,
jakin badakielako normalizazio politikoaren prozesuan aurrera
egiteak bere amaiera ekarriko duela.
c) Prestigek eragindako krisialdia eta Irakeko Gerrari
emandako laguntza. Espainiako Gobernuko politikaren bi adibide,
euskal gizartearen nahitik urrun.
Prestigen ingurumen hondamendia eta Irakeko Gerraren giza
hondamendia gertaera larriak izan dira eta lotura puntu bat
dute biek: euskal gizartearen eta Espainiako gobernuaren artean
dagoen ikaragarrizko amildegi eta dibortzioaren adierazlerik
nagusienak izan dira.
Lehenengo kasuak Europako Atlantikoko itsasaldean eragina
izan duen hondamendi ekologikorik handiena ekarri du, Gobernu
Zentralak jarrera arduragabea, urruna eta nagusikeriazkoa
hartu baitu, beste garai bateko jarrera eta ez gobernu serio
eta arduratsu batek hartu behar duena.
Eraginkortasun gabeko jarrera horren aurrean, Eusko Jaurlaritza
bera eta gure arrantzaleak lanean jarri gara gure hondartzak
eta gure itsasaldea garbitzeko.
Kostaldea garbitzeko, 40 milioi eurotik gora aurreratu ditugu
ekainaren 30era arte eta oraindik inork ez digu garbitasun
gastu horien ordaina eman. Kopuru horrek gora egingo du, jakina.
Inork ez dio euskal gizarteari barkamenik eskatu ingurugiroari
egindako kaltearengatik; ezta uda honetan gure hondartzetara
etorri diren milaka pertsonei sortutako eragozpenengatik ere.
Baina, larriagoa dena oraindik: Espainiako Gobernuko ordezkari
bat bera ere ez da gai izan hondamendi horren benetako eraginaz
eta etorkizunean izango duenaz informatzeko.
Espainiako Gobernuak sutsu lagundu zuen Iraken kontrako gerran,
pertsona askoren suntsiketa ekarriko omen zuten armak desegiteko.
Hori guztia dela eta, esan behar dut arma horiek ez direla
agertu eta erabaki hori Alderdi Popularrak eta Aznar jaunak
bakarrik hartutako erabakia dela.
Argi eta garbi esango dut erabaki hori legez kontrakoa, bidegabea
eta desegokia izan dela eta erabaki horrek oraindik ere milaka
eta milaka gizakien heriotza eta sufrimendua sortzen jarraitzen
duela. Bakarrik aipatuko dut Iraken inbasioan laguntzeko erabakia
Nazio Batuak alde batera utzita, Europako aliatuen kontra
eta euskal gizartearen borondatearen kontra hartu zela; beraz,
ez dugu uste erabaki horretan Espainiako Gobernuak orduan
ordezkatu gintuenik, ezta orain ere ordezkatzen gaituenik.
Horixe jakinarazi nion Nazio Batuen idazkari nagusiari, Kofi
Annan jaunari.
d) Askatasunen eta giza eskubideen murrizketa. Demokrazian
atzera pausua.
Alderdi Popularraren Gobernua “terrorismoaren kontra”
ari dela sinistarazi nahi digu; baina mozorro horren azpian
sistematikoki burutzen duen estrategiak askatasunen murrizketa
dakar; baita demokrazian larriki atzera egitea ere.
Alderdi Popularrak bultzatutako estrategia horrek konponbideak
gehiago urruntzen ditu, Alderdi Sozialistaren laguntza ulertezinarekin
eta “Askatasunen aldeko eta Terrorismoaren aurkako Ituna”
deitutakoaren babesean —izen hori guztiz desegokia bada
ere—. Konponbidea ez da demokrazia murriztea, zabaltzea
baino.
Alderdien Legea onartzeak eta horren atzetik Batasuna ilegaltzat
jotzeak elkartzeko askatasuna murriztu dute eta aukera politiko
bati botoa emateko eskubidea galarazi diete milaka euskal
herritarrei. Horrek ez gaitu hurbiltzen, urrundu egiten gaitu
irtenbideak bilatzetik.
Gainera, legebiltzar honek eta euskal gizarteak berak ere
gaitzetsi egin zuten Alderdien Legea. Ondorioz, Giza Eskubideen
Europako Auzitegian helegitea aurkeztu dugu, ez talde politiko
bat defendatzeko —gainera, talde horrek Konstituzionalean
helegitea aurkeztearen kontrako botoa eman baitzuen hemen,
Legebiltzarrean—, baizik eta aipatutako Legeak eta Lege
hori abalatzen duen Auzitegi Konstituzionalaren epaiak giza
eskubideen babeserako Europako Hitzarmenean jasotako oinarrizko
eskubideak hausten dituztela ikusi dugulako eta askatasun
demokratikoen murrizketa onartezina dakartelako. Murrizketa
horrek erabateko kezka eragin dio euskal gizarteari; eta Espainiako
gizarteari ere kezka eragin beharko lioke.
Bestalde, Alderdi Popularrak diseinatu eta burututako estrategiari
sor zaion mendetasunak zalantza eragin du euskal gizartean
Espainiako sistema demokratikoaren zutabetako baten sinesgarritasunaz,
hau da, botere judizialaren independentziaren eta objetibotasunaren
sinesgarritasunaz; eta batez ere, Espainiako epaileen gobernu
organoaren sinesgarritasunaz: alegia, Aginte Judizialaren
Kontseilu Nagusiaren sinesgarritasunaz.
Auzitegi Gorenak Eusko Legebiltzarraren aurka ireki duen gatazka
instituzional larriak eta Estatuko Fiskal Nagusiak legebiltzar
honetako lehendakariaren eta mahaiko zenbait kideren aurka
Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusian aurkeztu zuen kereilak
edozein muga politiko, juridiko eta instituzional gainditzen
ditu guztiz. Ekimen horrek, gainera, gatazka eragin du eta
Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiari aginpidea kendu
dio.
Horrek argi erakusten du justizia gero eta politizatuago dagoela
eta Espainiako demokraziako botereen banaketa gero eta zehaztugabeagoa
dela. Banaketa hori gero eta lausoagoa da; eta hori ez du
euskal gizarteak bakarrik ikusten, Espainiako gizartearen
zati batek eta mundu ere ikusten du. Fraser Institute-n “Economic
Freedom of the World 2003” txostenak adierazten du Espainiak
atzerakada handia izan duela askatasun ekonomikoan —14
postu, hain zuzen ere— PPk gehiengo osoz gobernatzen
duenetik eta hori, batez ere, gero eta independentzia judizial
gutxiago dagoelako izan dela.
Egoera horren aurrean, nire erabateko gaitzespena azaldu nahi
dut oraingoan ere publikoki, Botere Judizialak Eusko Legebiltzarraren
eskuduntzetan inolako justifikaziorik gabe esku hartu duela
iruditzen zaidalako. Adierazi nahi dut, baita ere, Legebiltzarreko
lehendakariak eta mahaiko kideek Jaurlaritzaren elkartasuna
eta laguntza guztia dutela, egin duten delitu bakarra euskal
gizartearen borondatearen ordezkari legitimoa den erakunde
honetako subiranotasuna eta autonomia defendatzea izan delako
eta bidegabe akusatu dituztelako. Elkartasun hori Legebiltzarreko
funtzionario eta langileei ere zabaldu nahi diet, eguneroko
lana baldintzatu dietelako eta profesionaltasunaz zalantza
egin dutelako.
Jokabide hori gehien eztabaidatu dena izan arren, ez da bakarra
izan. Terrorismo delituen zigorrak 40 urtetara zabaltzeko
kode penalaren ohiz kanpoko aldaketak “betiko kartzela
zigorraren ataria” dakar, Gesto por la Paz erakundeak
erabilitako hitzak erabiliz. Erabaki horretaz gain, Zaintzeko
Epaitegi Zentrala sortu da, Madriletik kontrolatzeko Entzutegi
Nazionalak ezarritako zigorrak oso osorik betetzen direla.
Horrek guztiak bergizarteratze politikaren bukaera dakar,
Ajuria-Eneako Itunaren zutabeetako batena.
Bestalde, Egunkaria itxi dute eta salaketa larriak izan dira
egunkariko zuzendariak eta beste bederatzi pertsonak tratu
txarrak jasan zituztela esanez. Horrek atxilotutako pertsonen
giza eskubideak urratu ez ote diren susmarazteaz gain, informazioa
jasotzeko eskubidea urratu eta euskarazko komunikabide baten
aurka neurrigabe jokatu dela erakusten du argi.
Ekintza horiek guztiak denon gogoan dauden adibide batzuk
baino ez dira, kate pisutsu baten mailak, seguritatea eta
terrorismoaren kontrako borroka aitzakiatzat hartuta pertsona
guztien askatasunak eta giza eskubideak larriki murrizten
dituen kate pisutsu baten mailak, hain zuzen. Kate hori Eusko
Legebiltzarraren gehiengoaren kontra eraikitzen ari dira,
baita euskal gizartearen borondatearen kontra ere.
e) Maiatzaren 25eko hauteskundeak. Euskal gizarteak konponbide
bat berretsi du.
Maiatzaren 25eko udal eta foru hauteskundeen aurretik hainbat
egoera eta konnotazio berezi izan ziren eta horrek balio berezia
ematen die hauteskunde horien emaitzei.
Alderdi Sozialistak eta Alderdi Popularrak euste horma modura
aurkeztu zituzten hauteskunde horiek, euste horma horrek “Ibarretxe
Plana” deitzen diotena trenbidetik aterako zuelakoan.
Aurrera egitea galarazi nahi zioten —Batasunaren boto
ilegalizatuek D´Hont Legean uzten zuten hutsuneaz baliatuz,
gainera — Euskal gizartean EAJ-EA eta EB koalizioak
ordezkatzen duen bide zentralari.
Bada, euskal gizarteak desafioa onartu zuen eta baietz erantzun
zuen.
Hasteko, abstentzioa diktadura jausi zenetik hona izan diren
udal hauteskundeetako txikiena izan da, nahiz eta eszenatokia
zailtasunez beteta egon. Euskaldunen %71 botoa ematera joan
ziren.
Bigarrenik, egun dagoen egoera aldatzearen aurka dauden jarrera
immobilistek, Alderdi Popularrak, Unidad Alavesak eta Alderdi
Sozialistak ordezkatzen dituzten jarrera immobilistek, emandako
botoen %37a lortu zuten.
Hirugarrenik, EAJ-EA koalizioa irabazle atera zen hiru euskal
lurraldeetan. Ezker Batuak, Gobernuaren hirugarren kideak,
bikoiztu egin zituen 1999ko hauteskundeetan lortutako emaitzak.
2. Atzera begira: bi ondorio
a) Lehenengo ondorio onarrizkoa: Euskal gizarteak elkarbizitzaren
aldeko apustua egiten du.
Azken hamabi hilabete hauek markatu dituzten bost klabe edo
gertaerek egungo egoera ulertzeko balio digute eta, nire iritzian,
oinarrizko lehen ondorioa ekarri digute: euskal gizartearen
gehiengoak elkarbizitzaren aldeko apustua egiten du eta krispazio,
immobilismo eta indarkeria proposamenak arbuiatzen ditu. Horixe
adierazten dute hauteskundeetako emaitzek eta egindako iritzi
inkesta guztiek.
Laburbiltzeko, euskal gizarteak:
- Bakearen aldeko apustua egiten du eta berariaz arbuiatzen
ditu terrorismoa, gerra eta bizitza eskubidearen urraketa
guztiak.
- Demokrazia eta aniztasunaren alde egiten du apustu eta berariaz
gaitzesten ditu demokrazian atzera egitea, euskal gizartearen
zati bat baztertzea eta pertsonen oinarrizko eskubide zibil
eta politikoak urratzea.
- Elkarrizketaren aldeko apustua egiten du eta ez ditu mehatxuak
eta irainak ulertzen. Elkarrizketa ukatzen duenak konponbidea
ukatzen baitu.
- Konponbideen aldeko apustua egiten du. Aldaketa onartu eta
babesa ematen dio ez dagoelako iraganeko gatazkak luzatzeko
prest. Konponbideak ekartzeko garaia da. Hori da euskal gizartearen
gehiengoak eskatzen duena.
b) Bigarren ondorioa: euskal gizartearen bide zentrala
gai da harresiak gainditzeko eta konponbidean aurrera egiteko.
Horixe da 2001eko otsailean Kursaaleko konpromisoarekin hasitako
bidetik ateratzen den bigarren ondorioa. Une hartan bide bati
ekin genion eta bide horretara elkartu da gizartearen gehiengoa,
aldaketarekin gero eta itxaropentsuago baitago. Horrela frogatu
zuen euskal gizarteak 2001eko maiatzaren 13ko hauteskundeetan
eta horrela berretsi du aurtengo maiatzaren 25eko hauteskundeetan.
Euskal gizartea gai izan da konponbidean jaso diren harresi
eta zailtasun guztiak gainditzen joateko.
Konponbide horrek honako hauek ditu oinarri:
- Konpromiso etikoa eta pertsona guzti guztien giza eskubideak
defendatzea.
- Euskadiren eraikuntza sozialarekiko konpromisoa, elkartasunean
eta garapen jasangarrian oinarritutakoa.
- Elkarbizitzarako proposamenarekiko konpromisoa, euskal gizarteak
etorkizunaz erabakitzeko eskubidea errespetatzean oinarritutakoa.
Jaurlaritza buru belarri ari da hasitako bidetik jarraitzeko
eta hiru konpromiso horiei erantzuteko. Konpromiso horiek
bete ditugula erakusteko, nire hitzaldia bi zatitan garatuko
dut.
Lehenengo zatian, giza eskubideak defendatzeko eta Euskadiko
eraikuntza sozialean aurrera egiteko hartutako konpromisoari
erantzuteko Jaurlaritzak egin dituen jarduera nagusiak azpimarratuko
ditut.
Bigarren zatia oso-osorik erabiliko dut Elkarbizitzarako Itun
Politikoaren proposamenaren oinarrien garapena azaltzeko eta
itun hori eztabaidatu eta tramitatzeko prozesua azaltzeko.
_ _ _ _ _ _ _ _ _
Lehenengo zatia:
Gure konpromisoa giza eskubideak defendatzeko
eta Euskadiren eraikuntza sozialean aurrera egiteko
I. atala: Gure konpromisoa giza eskubideak defendatzeko.
Pertsona guzti-guztien giza eskubideak defendatzea beti izan
da zuzentzen dudan gobernuaren oinarrizko lehentasuna eta
aurrerantzean ere horrelaxe izango da. Askotan esan dut hori
jendaurrean eta horixe esan nahi dut Legebiltzarreko oraingo
eztabaida honetan ere.
Bizitza errespetatzea bidearen hasiera da. Oinarri nagusia
da giza eskubideen defentsa eratzeko. Bizitzarik gabe, ez
dago eskubiderik, ez dago elkarrizketarik, ez dago askatasunik.
Bizitzarik gabe, ez dago ezer. Oinarrizko eskubide horren
gainean, giza eskubide guzti-guztiak defendatzeko konpromisoak
berekin dakar gure bihotzean hesi ikusezinak ez jasotzea,
hesi horiek gure ondokoen oinazea eta samina ikustea galarazten
baitigute.
Jaurlaritzak eutsi egingo dio euskal gizarte osoak hartu duen
konpromiso bati; alegia, indarkeria, terrorismoa eta giza
eskubide edota askatasunen edozein urraketa eraman behar dutenak
defendatzeko hartu duen konpromisoari.
Gure ekimen guztiek giza eskubideak defendatzeko dugun konpromisoa
sendotzeko dira. Ildo horretan, esan nahi dizuet Jaurlaritza
prest dagoela iradokizun eta ekimen guztiak biltzeko, iradokizun
eta ekimenok helburu hori egunez egun hobetzen laguntzen badute.
Gogora ekarri nahi ditut abiarazi edota abiaraziko ditugun
ekimen nagusienak:
a) ETA Kanpora.
Abenduaren 22an Bilbon manifestazio handi bat egiteko deia
egin zuen Eusko Jaurlaritzak “ETA kanpora” goiburu
argi eta sendotzat hartuta. Jende ugari bildu zen han eta
jendetza hark berriro eskatu zio ETAri behin betiko utz ditzala
armak.
Eusko Jaurlaritzak ankerkeria gehiago ez egiteko behar diren
baliabide guztiak eskaintzen jarraituko du, eta horixe erakusten
du duela gutxi Bizkaia komandoa atxilotzeak. Zoritxarrez,
ETAren atentatu basatiak deitoratu eta salatu beharko ditugu
berriro, inolako errurik ez dutenei nahigabea eta oinazea
baino ez baitiete eragiten; baina oinazeaz haraindi, itxaropena
aldarrikatu behar dugu. ETAk ez du ezer ez inor ordezkatzen.
Poliziaren eraginkortasuna, indarkeria erabiltzen dutenak
justiziaren eskuetan uzteko; gizartearen gaitzespena; eta
bide baketsuak eta demokratikoak erabiliz gatazkak konpontzeko
proposamen politikoak aurkeztea: horra hor hiru aldaba-hots,
ETAk etengabe entzun beharko dituenak eta aukera emango digutenak
politikatik indarkeria behin betiko botatzeko.
b) Terrorismoaren biktimei laguntzea.
Eusko Jaurlaritzaren Barne sailburuak eta Terrorismoaren Biktimei
Laguntzeko Bulegoaren zuzendariak lan egitasmo bat aurkeztu
zioten 2002ko urriaren 22an Legebiltzar honetan berariaz sortutako
batzorde txostengileari terrorismoaren biktimen egoera hobetzeko.
Lan egitasmo horretan hainbat ekimen jaso dira: esaterako,
epaiketetan biktimei laguntzeko zerbitzua sortzea; biktimek
dirulaguntza gehiago jaso dezaten legea aldatzea; baita sailek
elkarlanean informatzeko, sentsibilizatzeko eta hezteko hartu
behar dituzten beste zenbait neurri ere.
Legebiltzarreko batzorde txostengilearen lana aberastu egin
da beste ekarpen batzuekin eta ekainaren 25ean Legebiltzarrak
terrorismoaren biktimei laguntza areagotzeko proposamen sorta
handia onartu zuen. Lehendakaria naizenez, zorionak eman behar
dizkiot Legebiltzarrari egindako lanagatik eta lortutako adostasunagatik,
eta agintzen dut Jaurlaritzak gauzatu egingo dituela onartutako
neurri horiek, gure eskumeneko badira. Horrezaz gain, Gobernu
Zentralari eskatu nahi diot jende aurrean ager dezala bere
konpromisoa Eusko Jaurlaritzarekin lan egiteko eta plan honi
erantzun etiko eta ekonomikoa batera emateko.
c) Jazarpen indarkeriaren aurkako Plana.
Uztailaren 31n jazarpen indarkeriaren aurkako plan orokor
bat aurkeztu nuen, Biktimei Laguntzeko Bulegoaren zuzendariak,
Giza Eskubideen zuzendariak eta bi arlo horietaz arduratzen
diren sailburuek lagunduta. Jazarpen indarkeriak Euskadin
milaka pertsonei eragiten dienez, lehentasun osoa du euskal
gizarte osoarentzat.
Horretarako, Herri honen lehen arduradun politikoa eta buruzagia
naizenez, hitz eman dut gizartearen eta erakundeen laguntza
jasotzeko sare bat eratuko dudala, sare horren bitartez jazarpen
indarkeriaren biktimak babestu eta sistema demokratikoaren
defentsa sendotzeko. Horretarako, Giza Eskubideen Zuzendaritzak,
Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza eta nik neuk osatutako gestio
organo berezia eratu da —nik neuk zuzendu eta bultzatuko
dut organo hori—organo horren bitartez biktimei gizartearen
elkartasuna erakusteko behar diren baliabide politiko nahiz
sozialak mobilizatzeko eta orain dauden ekimenak koordinatzeko,
hala nola, EUDELEN adierazpen zibikoa, Biktimeen Zuzendaritzaren
Laguntza Plana, edota lehen aipatu dudan ez legezko proposamenetik
datozenak.
Bultzada politikoa eman nahi diogu konpromiso horri, konpromiso
hori bidea baita mehatxatutakoek gizartean moldatzeko baldintzak
berreskura ditzaten –mehatxatutakoek jazarpen indarkeria
eraman behar ez dutenek dituzten baldintza berberak berreskura
ditzaten, alegia eta aurrera egin nahi dugu elkarbizitza demokratikoaren
baloreak defendatzen, horixe baita Eusko Jaurlaritzaren helburu
politiko nagusiena.
d) Giza Eskubideen Behatokia.
Eusko Jaurlaritzak, Legebiltzar honetan iragarritako konpromisoa
betez, inolako zuzenketarik egin gabe onartu zuen UNESCOren
zuzendari nagusi ohiak, Mayor Zaragoza jaunak, aurkeztutako
proposamena eta urtarrilaren 16an bere horretan bidali zuen
Legebiltzarrera lege proposamen bezala eztabaidatzeko. Gure
helburua ez da zatiketa eragitea, baizik eta adostasun handiena
lortzea Behatokiak bere zeregin nagusiena bete dezan; alegia,
pertsona guzti-guztien giza eskubideak eta askatasuna zain
ditzan.
Jaurlaritzaren iritziz, adostasun zabala behar da Behatokiaren
eraginkortasunaz eta legitimotasun sozialaz, Behatokia giza
eskubideak defendatzeko eta euskal gizartea adiskidetzeko
tresna independentea izango bada. Bistan da orain arte ez
dela adostasun hori lortu. Hori dela eta, elkarrizketa eta
negoziazio prozesu berri bat aurkeztu nahi Legebiltzarreko
talde politikoei, Mayor Zaragoza jaunak aurkeztutako proiektuaren
zenbait alderdi berrazteko, horrek adostasun zabalagoa ekartzen
badu. Uste dugu Behatokiak nekez beteko dituela bere helburuak
babes politiko eta sozial nahikoa ez badu.
e) Atxilotutako pertsonen eskubideak errespetatzea.
Eusko Jaurlaritzak pertsona guztien giza eskubideak errespetatzearen
alde egiten du; atxilotutakoen eta delitu ikaragarriak egiteagatik
epaitu eta zigortu dituztenen eskubideak errespetatzearen
alde ere bai. Konpromiso hori betetzeko, honako erabaki hau
hartu zuen Jaurlaritzaren Kontseiluak apirilaren 8an: espetxeetan
sakabanatzeko politika gaitzestea eta askatasuna kendu dieten
euskal herritar guztiak familiarengandik hurbilago dauden
kartzeletara ekartzeko eskatzea. Erabaki horren berri eman
zitzaien Espainiako Gobernuari eta Europan nahiz nazioartean
giza eskubideen defentsarekin zerikusia duten beste zenbait
erakunderi.
Halaber, apirilaren 10ean Barne sailburuak eta Justizia sailburuak
inkomunikazio erregimenean atxilotutako pertsonei laguntzeko
protokoloa abiarazi zuten atxilotu horien eskubideak bermatzeko.
Estatu espainiarreko protokolo aitzindari horren arabera,
honako neurri hauek burutu dira, besteak beste: erabateko
azterketa mediku zehatzak egin dizkiete 24 orduro auzitegiko
mediku ezberdinek eta senitartekoei etengabe jakinarazi zaie
inkomunikazio erregimenean atxilotutako pertsonak non dauden,
nola dauden eta zergatik atxilotu dituzten.
f) Genero indarkeriaren aurkako borroka.
Emakumeen aurkako indarkeria edozein gizarte zibilizaturentzat
lotsagarria da. Ahulenen kontra indarkeria erabiltzea gaitz
larria da XXI. mendean eta gure eskuetan dauden baliabide
guztiak erabiliko ditugu gaitz horren kontra egiteko eta gaitz
hori eragozteko.
Ildo horretan, erakunde arteko hitzarmen bat izenpetu zen
tratu txarrak eta sexu erasoak jasandako emakumeei laguntza
hobea eskaintzeko. Hitzarmen horren arabera, segurtasun plan
zehatz bat onartu da, besteak beste, honako neurri hauek jasotzen
dituena: biktimei informazio hobea eta laguntza handiagoa
eskaintzea, laguntza juridikoa sendotzea, epai judizialak
azkartzea, harrera etxebizitzak gehitzea eta genero indarkeria
jasan behar duten pertsonak errazago laneratzea.
Horrezaz gain, adierazi nahi dizuet helburu hori — zuzenbidearen
eta gizartearen bitartez, genero indarkeriaren kontra tinko
borroka egiteko helburu hori, alegia—kontuan hartuko
dela Berdintasunari buruzko Legean. Lege hori gizarteari aurkeztu
bezain laster bidaliko dugu hona, Legebiltzarrera.
II. atala: Gure konpromisoa autogobernua sakontzeko.
Legebiltzar honetan iragarri nuen asmo sendoa nuela autogobernua
sakontzeko eta Gernikako Estatutua onartu ondoren 24 urte
pasa eta euskal erakundeei transferitu gabeko gaiak garatzeko.
Zergatik hartu genuen konpromiso hori? Ba, eskakizun demokratikoa
izateaz gain, euskal gizartearen ongizatea areagotuko duelako.
Prestige kasuak erakusten du hori argien, eta Eusko Jaurlaritzak
gure itsasertza garbitzeko egin duen lana ontzat hartu dute
euskal herritar gehienek.
Orain gizarteari Estatutu gehiago behar dela esatea goresgarria
da, baina ez da oso sinesgarria, hori esaten dutenek Estatutua
betetzeko erantzukizuna izan baitzuten Espainiako Gobernua
zuzendu zuten 14 urteetan, eta azkenaldi honetan, zoritxarrez,
PPrekin bat egin baitute “gurpiletan makilak sartzeko”
eta autogobernuari eraso egiteko estrategian.
a) “Gurpiletan makilak sartzea”
Lehenengo eta behin, zerbait adierazi behar dizuet: Administrazio
Publikoetarako ministroak ez du gurekin harreman epistolarra
baino izan eta ez da behin ere bildu azken bi urteotan, biltzeko
eskatu badiogu ere behin eta berriz. Tamalgarria, gero! Erakundeei
zor zaien errespetu falta ez ezik, Gernikako Estatutua betetzeko
gogo falta ere erakusten baitu horrek. Hori esatea ez da iritzi
subjektibo bat azaltzea, Espainiako Gobernuaren arduradunek
publikoki esan baitute garapen autonomikoa bukatu dela.
Hortik aurrera, autogobernuari etengabe egin diote eraso.
Irakaskuntzaren Kalitateari buruzko Lege Organikoak, 2002ko
abenduan onartu zenak, eta lege hori garatzeko ekainaren 27an
emandako dekretuek helburu bat dute, Hezkuntza ministroak
esandakoaren arabera: “una inequívoca visión
nacional” lortzea Historian, Geografian eta Literaturan.
Garbi dago hezkuntza berriro nazionalizatze horrek eskumenak
inbaditzen dituela eta autogobernua erasotzen duela.
Ekimen horiei beste debeku bat gaineratu behar diegu: Ministro
Kontseiluak 2003ko otsailaren 7an onartutako lege aurreproiektuaren
arabera, autonomia erkidegoek ezin dituzte bere gain hartu
prestazio sozialen alorreko zereginak.
Etengabeko prestakuntzarako eredu berriak 2004ko urtarrilaren
1ean hartuko du indarra; eta horrek aukera emango dio Espainiako
Gobernuari Auzitegi Konstituzionalaren 2002ko apirilaren 25eko
epaia saihesteko, epai horrek transferentzia hori autonomia
erkidegoei nahitaez eman beharrekoa dela adierazi arren.
Izatezko bikoteen Berdintasunari buruzko Legea Konstituzioaren
aurkakoa dela eta errekurtsoa aurkeztuko dela iragartzea;
Aurrezki Kutxen Euskal Legearen aurka errekurtsoak aurkeztea
PPk et PSOEk Auzitegi Konstituzionalean; Azalera Handiei buruzko
euskal Legearen aurka errekurtsoa aurkeztea; Euskal Y-aren
trenbide zatien lizitazioak eragindako polemika; eta batez
ere, kupoak osasun arloko 32,2 milioi euro erregularizatzea
dela-eta erakundeen artean eragin duen gatazka. Horra hor,
ongi zehaztutako eta milimetroz milimetro burututako estrategia
baten erakusgaiak; euskal autogobernuari eraso egiteko estrategiarenak,
alegia.
Arinkeria osoz leporatu zaio Eusko Jaurlaritzari norgehiagoka
politika burutzen duela; guk, ordea, euskal herritarren interesak
baino ez ditugu defendatzen.
Baina hauxe da egia: Gobernu Zentralak inolako justifikaziorik
gabe atzeratzen du nahi Prestigen hondamendiak eragindako
gastuak konpentsatzea edota Ertzaintza gehitzea finantzatzea.
Ezta behin eta berriz eskatutako hainbat gai —hala nola,
enplegurako politika aktiboak, etengabeko prestakuntza, ikerketa,
presondegiak administratzea, itsas salbamendua, udal hauteskundeak,
autobiak, lan eta gizarte segurantzaren ikuskaritza, eta abar—transferitzea
ere.
b) Autogobernua sakontzeko konpromisoa.
Dena dela, sendoa da autogobernua sakontzeko eta Estatutu
Ituna osorik betetzeko dugun konpromisoa. Ildo horretan, 2003ko
ekitaldirako onartu diren aurrekontuetan lehenengo aldiz jaso
dugu eranskin bat eta Eusko Jaurlaritzak transferitutako gabeko
gaietan egin duen gastu publikoa kuantifikatu da eranskin
horretan. Aurtengo gastua 168,4 milioi eurokoa da —28.000
milioi pezeta baino gehixeago garai batean—, Eusko Jaurlaritzaren
hainbat sailek gestionatzen duten diru kopurua baino gehiago.
Gastu hori hezkuntza eta ikerketa programetan eta enplegua
eta prestakuntza programetan banatzen da batez ere: 151 milioi
euro bi kapitulu horietan.
Baina aurrekontuetako diru izendapen horietaz gain, bestelako
neurri batzuk ere burutu ditugu transferitu gabeko eskumenez
baliatzeko: sailek ikerkuntza eta garapenerako dituzten programak
burutu dituzte; Osalan-ek lan segurtasunerako azterketa eta
laguntza teknikoa hartu du bere gain; Kalitatea fundazioak
arrantzagiak ezagutarazten lagundu du; Prestigen hondamendiari
aurre egin eta ingurumena zaintzeko programak burutu ditugu;
laster Euskal Trenbide Sarea sortuko dugu, sare horren bitartez
tren zerbitzuak eskaintzeko; Justiziaren Euskal Behatokia
abian jarriko da, justizia alorrean erantzun gabeko premiei
erantzuna emateko; Enplegurako Euskal Zerbitzu bat, Lanbide,
eratu da 2003-2006 Enplegu Planaren barruan; eta presondegi
politikaren gestioa hobetuko duten programak zehaztu eta burutu
ditugu.
Laburbilduz, Gobernu Zentralak behin eta berriz ezetz esan
arren, Gernikako Estatutua osorik betetzeko dugun konpromisoa
betetzen jarraituko dugu, uko egin gabe, kupoaren bitartez,
gai horietan egindako gastuak tinko negoziatzeari. Zergatik?
Ba, autogobernuak euskal herritarren ongizatea gehitzea ekarri
duelako eta aurrerantzean ere horixe ekarriko duelako. Konbentzituta
gaude autogobernu gehiago izateak ongizate gehiago ekarriko
diela euskal herritar guzti-guztiei. Beraz, alde batek gure
autogobernua murrizteko hartzen dituen neurriak eta ekimenak
Gernikako Estatutuaren espirituaren eta letraren aurkakoak
dira zuzenbidez, eta euskal gizartea bidegabe zigortzen dute.
Euskal erakundeek eta nik, lehendakaria naizen honek, ezin
dugu horrelakorik onartu.
III. atala: Gure konpromisoa elkartasuna eta justizia
sozialarekiko.
Giza eskubideak defendatzea gure lehentasun etikoaren bada,
elkartasuna eta justizia soziala bultzatzeko ekimenek Jaurlaritzaren
ardatz nagusia osatzen dute Euskadiren eraikuntza sozialean
aurrera egiteko.
Hori dela eta, hainbat neurri eta jarduera egitasmo abiarazi
ditugu aurreko urtea politikoan, euskal gizartearekiko ditugun
konpromisoei erantzuten jarraitzeko.
a) Gure konpromisoa hezkuntzarekiko, uztailaren 29an
Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko Legearen aurreproiektua
onartuz. Onartutako aurreproiektu horrek eratutako euskal
unibertsitate sistema integratua eta eleanitza da, Europara
begira dago eta kalitatean oinarritzen da.
Halaber, azpimarratu behar dugu egonkortasun hitzarmena erdietsi
dugula Euskal Unibertsitate Publikoarekin, 31 milioi euroko
ekarpen berezia eginez. Ekarpen hori eta hil honetako 23an
8,2 milioi euroko dirulaguntza ematea kalitatezko unibertsitate
sistema publikoa sendotzeko egin dugun apustuaren adierazgarri
onenak dira.
Bestelakoak direla eta, gogora ekarri behar dugu Jaurlaritzak
konpromisoa duela 1.000 plaza publiko gehiago sortzeko 0-3
urteko hezkuntza tartean. Bultzada horrekin arautu eta orekatu
egingo da hezkuntza tarte hori eta 43.000 plaza hainbanatuko
dira sare publikoan eta sare pribatuan.
Bestalde, Lanbide Heziketarako Planak bultzada erabakigarria
izan du, gure erkidegoko lanbide heziketako ikastetxe guztiak
ekipamendu aurreratuez eta banda zabaleko sistema batez hornitu
baititugu.
b) Gure konpromisoa integrazio sozialarekiko, 2003-2005
aldirako Gizarteratzeko Euskal Plana onartuz. Plan horrek
2.586 milioi euro ditu, euskal administrazioek txirotasunaren
eta bazterketa sozialaren kontrako ekimenak koordina ditzaten.
Plan horren bitartez, oinarrizko errenta jaso nahi da apurka
gutxieneko soldataren %86ra iritsi arte eta bazterketa soziala
izateko arriskua duten pertsonei gizarteratzen lagundu nahi
zaie.
Halaber, Bazterketa sozialaren aurkako Legearen proiektua
aldatu dugu eta oinarrizko errentaren laguntzak jasotzeko
gutxieneko adina 23 urteetara jaitsi dugu.
Azkenik, atal honetan azpimarratu behar dugu Inmigrazioaren
Euskal Behatokia abian jarriko dela EHUren lankidetzarekin.
Inmigrazioaren Euskal Planean sartutako behatoki hori eratzeko
lanak bukatzear daude; behatoki horren bitartez, Euskadiko
inmigrazioaren arazoak ezagutuko ditugu eta inmigranteei bana-banan
lagunduko diegu gizartean integratzen, aniztasuna errespetatzetik
abiatuta.
c) Gure konpromisoa berdintasunarekiko, Familiari laguntzeko
Plana garatuz. Plan hori onuragarria izan da Euskadiko
12.000 familia baino gehiagorentzat, eta plan horren bitartez
familia eta lana bateratzeko trabak gutxitzen ari gara.
Emakumeek eta gizonek batera eraiki behar dugu gure etorkizuna;
eta berdintasunarekiko konpromiso hau dela-eta, pozez iragarri
nahi dizuet Jaurlaritzak 2003. urtea bukatu baino lehen bidaliko
duela legebiltzar honetara berdintasunerako Legearen proiektua.
Aurreproiektua idatzita dago eta, erakundeen eta gizarte eragileen
ekarpenak jasotzen dituenean, aitzindaria izango da estatuan
eta erreferente aurreratua Europan, neurri sorta integratua
jasotzen baitu bazterketa saihesteko eta gizonen eta emakumeen
arteko benetako berdintasun erdiesteko gure erkidegoan.
Horrezaz gain, azpimarratu behar dugu, gertaera gogoangarria
baita, Izatezko Bikoteen Legea onartu dela maiatzean. Lege
horrek sexu-orientazioa dela eta sortutako bazterketa gainditzen
lagunduko du ezbairik gabe.
d) Gure konpromisoa enpleguarekiko eta laneko segurtasunarekiko,
uztailaren 22an 2003-2006 aldirako Enplegurako Euskal Plana
onartuz. Plan horrek arreta berezia eskainiko die lan merkatuan
barneratzeko zailtasunak dituztenei. Plan horren bitartez,
erakunde berri bat, Lanbide, eratuko da, enplegurako zerbitzu
integrala izan dadin eta langabetuei banaka, borondatez eta
doan eskaini diezazkien laguntza, orientazioa eta laneratze
programak.
Halaber, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Plan Zuzentzailea
onartu zuen Jaurlaritzak uztailaren 29an laneko ezbehar kopurua
jaisteko. Horretarako, besteak beste, lan ikuskatzaileen talde
propioa sortuko du euskal administrazioan eta ikuskatzaileok
Osalan Euskal Institutuaren bitartez gauzatuko dute euren
lana.
e) Gure konpromisoa etxebizitzarekiko,,Etxebizitzaren
Plan Zuzentzailea burutuz. Plan horren bitartez, 7.200
etxebizitza merkaturatuko dira aurten. Horietatik guztietatik,
4.700 babes ofizialeko etxebizitza berriak izango dira; eta
gainontzeko 2.500 lehenagoko etxebizitzak izango dira, erabilitako
etxebizitzak erosteko edota alokatzeko dirulaguntzen bitartez
merkaturatuko direnak. Gure erkidegoan etxebizitzen %35 babes
ofizialekoak dira; ehuneko hori Estatuko altuenetakoa bada
ere, zortzi urtetan kuota hori %50a baino gorago ezartzea
da gure helburua.
Horren osagarri, Lurzoruaren Legea adosten ari gara erakundeekin
eta udalekin, espekulazioari amaiera emateko eta euskal herritarrek
etxebizitza duina izateko duten eskubidea gauzatzeko.
f) Gure konpromisoa osasunarekiko, Osasun Plan berria
onartuz, euskal herritarren osasuna hobetzen gehien eragiten
duten faktore guztiei ekiteko. Argiak baino argiagoak dira
etengabeko ahalegin horren emaitzak. Osasunari buruzko azken
inkestak nabarmentzen duenez, euskal herritarrak dira mundu
osoan bizi itxaropen handienetakoa dutenak eta azken hamarkadan
6 urte gehitu dizkiote euskal herritarrek osasuntsu bizi diren
aldiari.
Ildo horretan, eta kalitatezko osasungintza eskaini asmoz,
Osasun Berrikuntzarako eta Ikerketarako Euskal Fundazioa sortu
dugu.
Azkenik, eta osasunaren eta gizatasunaren alorrean, azpimarratu
behar dugu Aurrez Adierazitako Borondateen Legea onartu dela.
Bizi testamentua ere deitzen zaion lege hori indarrean dago
eta iritzi onak bildu ditu osasun sistema osoan, Ekonomia
eta Gizarte Arazoetako Batzordean eta Aholku Batzorde Bioetikoan.
g) Gure konpromisoa kulturarekiko, gazteekiko eta kirolarekiko
Kulturaren Euskal Plana eginez. Plan horren ildo nagusiak
Villa Suso Jauregian aurkeztu ziren maiatzaren 28an. Urte
bete luze lanean aritu eta 400 pertsona baino gehiagok parte
hartu ondoren, euskal kulturgune anitza eta irekia osatzea
izango du helburu. Gizartearen integrazioan kultura erabiliko
du, gizarteko identitateak elkar onartu eta elkarrekin hitz
egin ondoren.
Ikus-entzunezkoen euskal sektorea ere indartu dugu, ekainean
Ikus-entzunezkoen Liburu Zuria onartuz eta euskal erakunde
guztiek parte hartzen duten batzorde bat osatu da etorkizuneko
sektore berri honi bultzada emateko.
Bestalde, Euskadiko II. Gazte Plana indartu dugu eta udaletan
ere ezartzen hasi gara foru aldundien lankidetzarekin.
Halaber, uztailaren 22an Kirolaren Euskal Plana onartu zen
2003-2007 aldirako, kirol zerbitzuak gehitzeko eta kirolaren
bitartez kultura transmititzeko eta gure herriaren irudia
Estatuan nahiz nazioartean zabaltzeko.
IV. atala: Gure konpromisoa garapen jasangarriarekiko.
Garapen jasangarria Jaurlaritzak “ipartzat” hartzen
du aurrerapen etikoa erdiesteko gestioetan. Euskadik garapen
jasangarria bermatuz baino ez du burutuko elkartasunerako
eta justizia sozialerako politika eraginkorra.
Konpromiso horri erantzuna emateko, hainbat jardunbide burutu
dira. Hona hemen aipagarrienak:
a) Gure konpromisoa Informazioaren Gizartearekiko,
Euskadi Informazioaren Gizartean izeneko Planaren burutuz.
Plan horri esker, gure erkidegoak hiru urte baino ez ditu
behar izan Interneten erabiltzaile kopurua %7tik %30era pasatzeko,
eta Estatuko bederatzigarren erkidegoa izatetik lehenengo
erkidegoa izatera iristeko.
6.030 ordenagailu jarri ditugu Hezkuntza Sare Publikoan eta
6.381 sare pribatuan, ordenadoreko ikasle kopurua 21etik 11ra
jaitsiz gure hezkuntza sisteman.
Halaber, sinadura elektronikoa sustatzeko erakunde publiko
bat, IZENPE, sortu da eta euskal erakunde guztiek hartzen
dute parte bertan. Konekta Zaitez programa ere arrakastaz
burutu dugu eta orain Euskadin ia 180.000 ordenadore gehiago
daude Interneti lotuta.
Hona hemen Informazioaren Gizartea bultzatzeko burutu ditugun
beste zenbait ekimen aipagarri: osasun txartel elektronikoa
abiarazi; arrisku kapitalaren fondo berezia eratu; Euskonix
puntu neutroa sortu; eta Landanet sarea abiarazi lehen sektorean.
b) Gure konpromisoa Ikerketa eta Garapenarekiko.
Eskura ditugun azken datuen arabera, 2002aren hasieran gure
I+G ratioa BPGaren %1,5ekoa izan da eta 20 aldiz biderkatu
dugu gure ahalegina azken hogei urteotan. Horrek berretsi
egin digu lauzpabost urteetan lortuko dugula Europarekiko
konbergentzia.
Helburu horretan aurrera egiteko, ikerketa alorreko sektore
estrategikoen garapena bultzatzen ari gara Zientzia eta Teknologia
Planaren eremuan. Horretarako, otsailean onartu zen “Biobask
2010” programa bakarrik aipatuko dut eredu gisa. Programa
horren bidez, bioteknologiarekin erlazioa duten 40 enpresa
berri sortuko dira eta horiek 3.000 lanpostu berri emango
dituzte. Programa hori martxan jartzeak eta Miramonen eta
Zamudion bi zentro bioteknologiko berri irekitzeak etorkizuneko
sektore ekonomiko berri bat sortzeko bultzada erabakigarria
ekarriko dute.
c) Gure konpromisoa ingurumen jasangarriarekiko.
Johannesburgoko Mundu Bileran garapen jasangarrirako eskualde
sarea abiarazi zen eta Euskadi sare horren burua da. Nazio
Batuen Erakundeak berariaz onartu du sare horrek funtsezko
zeregina duela.
Jasangarritasuna da Jaurlaritzaren kudeaketaren oinarrizko
tresna, “2002-2020 Garapen jasangarrirako Euskal Estrategia"
martxan jartzeak adierazten duen bezala. Estrategia honen
esparruan hainbat ekintza garatu dira: Hondakin Arriskutsuen
Kudeaketarako Plana onartzea; Lurzorua Babesteko Legearen
aurreproiektua bukatzea; Zona Hezeetako Lurralde Plan Sektoriala
eta Itsasertza Babesteko Plana onartzea; Babestutako natur
guneen euskal katalogoa onartzea, Uraren Legearen aurreproiektua
bukatzea, eta euskal industriarekin ingurumenari buruzko hitzarmen
sektorialak sinatzea, hondakin gutxiago sortzeko eta kutsadura
murrizteko
d) Gure konpromisoa azpiegitura eta garraioekiko.
Argi erakusten du hori Euskadi 2003 ekimenak eta, komunikazioen
eta hidraulikaren esparruko azpiegitura estrategikoak garatzeko,
Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundien artean izenpetutako Hitzarmenak.
Ahalegin horri esker, bultzada erabakigarria jasoko dute bi
proiektu garrantzitsuk: Eibar eta Gasteiz arteko autobiak
eta metroaren II. Lineak.
Aipamen berezia merezi du Jaurlaritzak abiada handiko tren-sarearekiko
hartu duen konpromisoak. Urte luzez atzeratuta ibili ondoren,
ez gaude prest etorkizuneko trena pasatzen uzteko. 2010. urtean
Madril-Gasteiz-Dax lotura eginda ikusi nahi badugu, ez dugu
denbora alferrik galdu behar.
Horixe izan da, eta ez besterik, Jaurlaritzak izan duen helburua
uztailean euskal Y aren Gipuzkako lau zatiak egiteko proiektuen
idazketa konkurtsora atera eta esleitzeko. Esleitutako zatiak
ez dituzte inondik inora Administrazio Zentralak aurrera eraman
dituen ekintzak oztopatzen, ezta estaltzen ere. Alderantziz.
Ildo honetan, berriro diot Jaurlaritzak hitzarmen bat egiteko
gogoa duela bi administrazioen arteko ekimenak koordinatzeko
eta abiadura handiko Europako sarearekin Euskadi ahalik azkarren
lotzeko. Ez gara geldi egongo, ez baitugu nahi euskal gizarteak
modernitatearen trena gal dezan.
Esparru horretan beste jarduera aipagarri batzuk ere izan
dira: Garraio Jasangarriaren Plan Zuzentzailea onartzea eta
Euskadiko Garraioaren Aginpide Legearen aurreproiektua idaztea.
Era berean, behin betiko bultzada eman zaio mugaren bi aldeen
arteko lankidetzarako proiektu enblematiko bati, Akitania
Euskadi Plataforma Logistikoa osatu baitugu.
e) Gure konpromisoa sektore ekonomikoekiko, Euskal
sektore energetiko sendotuz, Bizkaiko Badiako birgasifikaziorako
planta eta ziklo konbinatuko zentral elektrikoa inauguratu
eta martxan jarrita.
Halaber, Naturcorp-eko pribatizaio prozesua bukatu da, Europako
Batasunak pribatizazio prozesu hori onartu baitu ekainaren
20an. Pribatizazio prozesua amaituta, Naturcop berria energia
hornitzaile integrala bilakatuko da Euskadin eta bigarren
gas hornitzailea izango da Estatuan.
Halaber, euskal ekonomiaren beste alor batzuk ere bultzatu
dira: merkataritzaren alorra, sektore horretan 4.300 lanpostu
sortu baitira; turismoaren alorra, aurtengo lehenengo zortz
hilabeteetan 1.110.000 bisitariak izan baitira —euskal
turismoaren marka berria—; edota nekazaritzako elikagaien
alorra, lehen sektorerako 2003-2005 esparru estrategikoa garatuz.
V. atala: Aurrera doan herria
Nire hitzaldiaren lehenengo zati hau azken gogoeta batekin
bukatuko dut: Euskadin aurrera doan herria da.
Batzuk alarmismoa eta frustrazioa sortzen saiatzen dira eta
komunikabideak erabiltzen dituzte Euskadiko benetako egoera
ekonomiko eta sozialari buruzko berri katastrofistak zabaltzeko.
Horien guztien aurrean aldarrikatu nahi dut aurrera doan herri
baten errealitate baikorra eta itxaropentsua.
2002. urteko ekitaldian gure ekonomia, nazioarteko eskaeraren
beherakadaren ondorioz, %1,8 hasi zen, Estatuko batezbestekoa
baino bi hamarren gutxiago, eta Europako batezbestekoa baino
askoz gehiago. Baina datu horiek etorkizun zabalago batean
jarri behar dira. Ikuspuntu honetatik, azken bost urteetan
euskal ekonomia %3,8 hasi da bataz beste, Estatukoa a %3,2
eta Europakoa %2,1 hasi direnean. Frantzia, Italia eta Alemania
baino gehiago, beraz.
Euskadiko egoera positiboa baieztatzeko Espainiako erakundeetako
datu ofizialak erabiliko ditut.
Espainiako Estatistikako Institutu Nazionalak (EIN) 2000.
urteari buruz argitaratu dituen azken datuen arabera, biztanleko
bataz besteko errenta erabilgarrian Euskal Erkidegoa aitzindari
da bizitza mailan Estatu osoan; eta EINek 2002. urteari buruz
argitaratutako datuen arabera, Euskadik Europako bataz besteko
errentaren %105a lortu zuen urte horretan.
Espainiako Bankuaren arabera, Euskadi da Estatu osoan zorrik
gutxien duen Erkidegoa, BPGaren %2,2ko baita Euskadiren zorra;
Estatuko bataz besteko zorra, ordea, BPGaren %6koa da, hau
da , Euskadirena baino hiru aldiz handiagoa.
Gure langabezia kota %9an dago, Espainiako Biztanleria Aktiboaren
Inkestaren arabera, bi puntu behetik Estatuko bataz bestekoarenaz
alderatuz. Europako buru gara enplegua sortzen 1995etik eta
gure historia osoko okupazio mailarik altuena lortu dugu:
895.000 pertsona aurtengo bigarren hilabetean; hau da, 1995ean
baino 183.000 okupatu gehiago.
Hamar familia euskaldunetik seik senide guztiak dituzte lanean,
CAIXAren txosten baten arabera, Estatistikarako Institutu
Nazionalaren datuetatik abiatuta. Euskal langileen bataz besteko
soldatak Estatuko altuenen artean daude eta Euskadin jubilazio
pentsioak %30ean gainditzen du Espainiakoa, Gizarte Segurantzaren
Institutu Nazionaleko datuen arabera.
Estatistikako Institutu Nazionalak baieztatzen du Euskadin
beste erkidegoetan baino enpresa gutxiagok egin dutela kiebra
aurtengo lehenengo sei hilabeteetan eta Euskal Erkidegoa Estatuko
seigarrena dela enpresa kopuruan, 154.703 enpresa baitaude
hemen.
Euskal Erkidegoko delinkuentzia tasa Espainiako bataz bestekoa
baino 45 puntu beherago dago, Estatuko Fiskal Nagusiaren azken
memoriaren arabera.
Bada, horixe da egoera; eta egoera horren berri emateko ez
dut euskal erakundeen daturik erabili.
Nahikoa da, ez beldurtu gehiago euskal gizartea mehatxu ekonomikoa
erabilita. Zailtasunak ditugu. Oraindik ere, azaldu ditudan
arazo batzuentzako konponbidea falta zaigu. Indarkeriaren
arazoa dugu; indarkeria elkarbizitzarako zama jasanezina da
eta gure hazteko gaitasuna %10ean murrizten du, Harvardeko
Unibertsitateak egin berri duen ikerketaren arabera.
Baina ezin da ukatu Euskadi martxan dagoen herri bat dela,
etorkizuna duena. Indarkeria errotik kentzea lortzen dugun
egunean, Euskadi aurrerapenaren eta elkarbizitzaren eredua
izango da Europan. Horregatik, ziur nago bakea eta normalizazio
politikoa lortzea dela gure inbertsio onena eta horretan ezarri
beharko ditugu gure ahalegin guztiak.
Bigarren Zatia:
Gure konpromisoa Elkarbizitzarako Itun Politiko
berria garatzeko
I. atala. Egindako bidea
a) Elkarrizketa irekirako eskaintza…
Duela urtebete, nire gogoa eta Jaurlaritzarena ere azaldu
nuen, elkarrizketa politikoa, instituzionala eta soziala erabiliz,
denon artean konponbideari ekiteko, elkar errespetatuta. Etenik
gabe eutsi diot irekitzeko eskaintza horri, ez baztertzeko
eskaintza horri eta elkarrizketa demokratikoa izateko eskaintza
horri, eta Legebiltzar honetan ere eutsi nahi diot. Ajuria-Eneko
ateak beti egon dira eta beti egongo dira irekita.
b) Elkarrizketarako eskaintza horri blokeorako estrategia
sistematikoaz erantzun zaio.
Aldi desberdinetan antolatu izan da blokeorako estrategia
hori eta aldi bakoitzak maila bat gehiago erantsi dio krispazioaren
eskailerari, elkarrizketa normalizatua oztopatzea helburu
bakartzat hartuta.
Maila horietako bat elkarrizketa ukatzea eta Proposamena
manipulatzea izan da. Duela bi urtetik hona Lehendakariarekin
hitz egin ez duen bakarra Alderdi Popularra izan da. Eta,
gainera, honelako gezurrak aipatzen dira inolako lotsarik
gabe: “Plan independentista” dela, “Askatasunez
Elkartutako Estatua” nahi dugula, edo “ETAren
Plana” dela.
Eskailerako beste maila bat oztopatzen saiatzea izan da.
Honelako esaldiak erabili izan ziren eguneroko diskurtso politikoan
hauteskunde aurretik: “eraiki dezagun horma bat Ibarretxe
Planaren kontra”; edota PSOEko Askatasunen Idazkari
Lopez Aguilar jaunaren proposamena “Ibarretxe Planaren
aurka zerbitzu sekretuak erabiltzea”, El Socialista
aldizkarian jasotakoa.
Udal hauteskundeen emaitzak oztopatze helburuen aurkakoak
izan ziren eta irain eta mehatxuen eskaladan maila berri bat
ekarri dute. Horren adierazle argiak, besteak beste, erabili
diren esaldi hauek: “Legea bere ondorio guztiekin ezarriko
da”, “neurri berezietara jo beharko da Eusko Jaurlaritza
arrazoiaren bidean sarrarazteko” edo “erreferenduma
galaraziko dugu kosta ahala kosta”. Esaldi horiek hemeroteketan
aurki daitezke demokrazia defendatzen dutenak lotsa senti
dezaten.
Tentsio estrategia horren mailarik larriena erakundeak desestabilizatzeko
ahalegina izan da. Eusko Legebiltzarreko subiranotasunari
egindako eraso zuzena izan da azkena.
Ez dakigu zein izango den hurrengo maila krispazioaren eskaileran,
proiektu politikoen eztabaida normalizatua galarazteko; baina,
esan ahal dugu gure esku dauden tresna politiko, sozial eta
juridiko guztiekin defendatuko dugula gure erakundeen errespetua
eta subiranotasuna. Lasaitasunez eta gizabidez bai; baina
irmotasunez ere bai.
c) Dena dela, proposamenak “sustraiak egin ditu”
euskal gizartean…
Martxan dagoen herri bat garelako; ez, geldirik dagoen herri
bat. Eta gezurren, irainen eta deskalifikazioen gainetik,
Elkarbizitzarako Proposamenak sustraiak egin ditu euskal gizartean.
Gizarteak proposamen hau konponbidearen zatitzat hartu du.
Horregatik, gizarteak baietz erantzun du eta milaka ekarpen
egin ditu. Hainbat foro unibertsitario, profesional eta sozialetan
egindako eztabaidek eta mintegiek luze eta zabal aztertu eta
eztabaidatu dute proposamena eta ekarpenak bidali dizkigute;
horietako ekarpen asko argitaratu dira dagoeneko.
Halaber, 33.000 euskal familia baino gehiagok hartu dute
parte prozesu honetan iritziak eta galderak idatzita bidaliz.
Iritzi eta galdera horiek proiektua aberasteko balio izan
dute eta proiektuari buruzko 130 galdera-ereduri erantzuna
emateko aukera eman digute.
Euskadin, Estatuan eta kanpoan egindako ahalegin horrek parte
hartze zabala izan duen proiektua garatzea ekarri du. Milaka
ekarpen jaso ditugu ondoren aditzera emango dizkizuedan oinarriak
garatzeko.
II. atala Konpromiso bat betetzea. Espainiako Estatuarekin
Askatasunez Elkartzeko Estatutu berri baten oinarriak garatzea.
Eztabaida-prozesuaren eta izandako ekarpenen ondorio, gure
eskumen eta erantzukizunaren jardunean, barne-adostasunerako
ahalegina egin dugu, iazko irailean gizartearen aurrean geure
gain hartu genuen konpromisoari erantzuna emateko. Horri dagokionez,
Eusko Jaurlaritzaren izenean helaraziko dizuet Estatuarekiko
Itun Politiko berriaren proposamena, Legebiltzar honetan Politika
Orokorrari buruzko aurreko Eztabaidan aurreratu nituen 10
oinarriak garatuta.
Dena den, jakin ezazue proposamen honetan argi eta garbi biltzen
diren alderdi eta eduki guztiak Euskal Estatutu Politiko berri
baten testu artikulatuan gauzatuko direla ondoren; testu hori
Jaurlaritzaren Kontseiluak onartuko du datorren urriaren 25ean,
gaur egun indarrean dagoen Estatutua erreformatzeko legearen
proiektu gisa, eta ondoren Legebiltzar honi aurkeztuko dio,
proiektua ezagutu, aztertu, eztabaidatu eta bozkatzeko.
Elkarbizitzarako Itun Politiko berriaren Proposamenaren edukiak
xehatzen hasi aurretik, zenbait kontsiderazio zehaztu nahi
nituzke Proposamen hau kokatzeko:
Lehen Kontsiderazioa:
Eusko Jaurlaritzak legitimitate juridiko osoa du Legebiltzar
honetan 1979an onarturiko Estatutua erreformatu eta aldatzeko
proposamena aurkezteko.
46. artikuluan bilduriko estatutu-aurreikuspenen arabera egin
dezake hori, Eusko Jaurlaritzari, Legebiltzarrari edo Estatuko
Gorte Nagusiei Estatutua erreformatzeko ekimena esleitzen
baitiete aurreikuspen horiek.
Eusko Jaurlaritzak horretarako legitimaturiko beste bi erakundeei
eskubide hori baliatzeko gaitasuna ukatzen ez dienez, guk
ere, trukean, ekimen hau gauzatzeko dugun legitimitate juridikoa
errespetatu eta aintzat hartzea eskatzen dugu.
Bigarren Kontsiderazioa:
Eusko Jaurlaritzak legitimitate politiko eta sozial osoa du
Proposamen hau egiteko.
Gobernu hau sentsibilitate politiko desberdineko hiru alderdik
osatzen dute (EAJ-PNVk, EAk eta Ezker Batuak), eta legitimitate
demokratiko eta instituzionalaren gordetzaile da, 684.000
botok babesten baitute, hau da, emandako botoen %47,7k. Datu
konparatibo gisa, gaur egungo Espainiako Gobernuak, gehiengo
absolutua duela, boto-emaileen %44,2en babesa du.
Proposamenak, azken batean, legitimitate sozial osoa du, euskal
gizartearen gehiengo zabal baten eskaerari ?aldatzeko eskaerari,
hain zuzen ere? erantzuten baitio, elkarrekiko errespetuan
eta askatasunean oinarrituta gure etorkizuna erabakitzeko.
Hirugarren Kontsiderazioa:
Gobernuak eta Lehendakariak euskal gizartearekin duten konpromisoa
da Proposamena. Hortaz, Proposamen hau ez da inola ere
asmakizun bat edo "uda-gau bateko ametsa", baizik
eta euskal herritarren aurrean harturiko eta gure Gobernu
Akordioan bilduriko konpromiso bat; konpromiso instituzionala
ere bada, Legebiltzar honetako Osoko Bilkuran joan den 2002ko
uztailaren 12an onarturiko legegintzaldiari erantzuten diona.
Laugarren Kontsiderazioa:
Proposamena ez da haustura-moduan planteatzen, baizik eta
elkarbizitza-moduan.
Hortaz, ez dugu aurkezten hausteko, baizik eta elkarrekin
bizitzeko, elkar errespetatuz. Euskadi eta Estatu espainolaren
arteko harreman adeitsua proposatzen dugu, Konstituzioaren
interpretazio ireki eta malguari erantzunez, haren lehenengo
xedapen gehigarriaren eta bigarren xedapen indargabetzailearen
arabera, eta Gernikako Estatutuaren xedapen gehigarrian aurreikusitakoari
jarraiki.
Gure planteamendua harremanerako eredu politiko berria da,
euskal gizartearen borondate demokratikoan eta Euskal Herriaren
eskubidea historikoen errespetu eta eguneratzean oinarriturikoa.
EstatutuaK eta Konstituzioak jaso dituzte eskubide horiek.
Ez dago gainditu ezin daitekeen zailtasun juridikorik hartarako
borondate politikoa izanez gero. Ez da egia legezko testuek
Itun politiko berri bat lortzea saihesten dutenik. Ez ditzagun
oztopo juridikoak aitzakiatzat har. Euskal gizartearen gehiengoa
antolamendu juridikoan sar daiteke, eta bertan sartuta behar
du egon, gainera. Herritarren eta herrien borondate demokratikoari
erantzun behar diete arauek, eskubidea gizarteen zerbitzurako
tresna baita, elkarbizitza hobetzeko.
Bosgarren Kontsiderazioa:
Eztabaidarako eta ekarpenetarako irekita dagoen proposamena
da.
Aurkezturiko proposamena ez da, ez EAJ-PNVren, ez Eusko Alkartasunaren,
ez Ezker Batuaren proposamena, eta ez ditu haien estatutuak
ordezkatzen; Eusko Jaurlaritzaren proposamen instituzionala
da, horrek duen garrantzi osoarekin, eta, horrenbestez, ez
dio amaierarik ematen eztabaida politiko eta sozialari. Konponbidearen
zati garrantzitsu bat da, ez, ordea, konponbide osoa. Ordezkaritza
parlamentarioa duten alderdi guztiak, Gobernu hau osatzen
duten alderdiak barne, legitimatuta daude kontsiderazio eta
ekarpenak planteatzeko eztabaida parlamentarioan. Eusko Jaurlaritzak
aurkezturiko abiapuntua da proposamena, lehen komatik hasi
eta azkeneraino, eta eduki guztia zuzendu egin daiteke, aldaketa
horiek hasiera batean aurkezturikoak baino adostasun handiagoa
badute.
Seigarren Kontsiderazioa:
Proposamen demokratikoa da.
Garapen demokratikoak gidatzen du prozesu guztia eta haren
azken emaitza.
Demokrazian, edozein proiektu aurkeztu eta defendatu daiteke
modu baketsu eta demokratikoan, azken batean euskal gizartea
izango baita ?gizartearen herritar guzti-guztiak, alegia?
boto pertsonal eta aldaezinaren bidez, nahi dugun harreman
eta elkarbizitza eredua berretsiko duena, barne-mailarako
zein Estatu espainolarekiko.
Zazpigarren Kontsiderazioa:
Proposamen modernoa da Euskadi Estatuarekin, Europarekin eta
munduarekin erlazionatzeko.
Europako araudiak ez du inola ere saihesten edo debekatzen
atxikimendu librean eta subiranotasun konpartituan oinarrituriko
barne harremanetarako eredurik Euskadiren eta Estatu Espainolaren
artean. Ez du horrelakorik saihesten; aitzitik, sustatu eta
bultzatu egiten ditu Estatu desberdinetako eskualde eta lurraldeen
arteko mugaz gaindiko lankidetza-harremanak, lotura kultural,
historiko eta ekonomiko komunak badituzte eskualdeok eta lurraldeok.
Hortaz, ez dezagun Europa aitzakiatzat erabili.
Entitate azpiestatalek, eta nazionalitate eta eskualdeek Europako
Batasuneko erabakitzeko organo eta prozesuetan duten presentzia
normalizatua propio bilduta dago Europako Batasuneko araudian,
eta bere-berean aplikatzen dute hori estatu kide askok.
Zortzigarren Kontsiderazioa:
Proposamenak ez die ezer ukatzen Estatu espainolean dauden
beste nazio eta eskualdeei, eta ez ditu ezertara behartzen.
Proposamenak ez du aurretik juzgatzen, ezta baldintzatzen
ere, Estatu espainolaren egungo ereduaren garapena.
Proposamena bateragarria da Estatu osatu, nazio anitz eta
asimetrikoarekin, eta ez dagokigu guri aurretik juzgatzea
Estatu-ereduaren garapena eta beste herriek legitimoki eman
nahi dioten joera. Proposamena ez dugu planteatzen besteak
gure bidea jarraitzera behartzeko, ezta euren bideari jarraitzea
saihesteko ere. Elkarbizitza-formula bat aurkitu nahi dugulako
egiten dugu, euskal gizartearen borondateari erantzuteko eta
Estatu espainolean gure nortasun nazionalaren errespetua bermatzeko.
Bederatzigarren Kontsiderazioa:
Nafarroaren eta Iparraldearen borondatea errespetatzen duen
Proposamena da.
Aurkezten dugun Proposamenak Euskal Erkidegoa, Arabako, Bizkaiko
eta Gipuzkoako Lurralde Historikoek osaturiko erkidegoa, biltzen
du soil-soilik, Estatu espainolarekiko harremaneko Itun Politiko
berri batean. Ikuspuntu horretatik abiatuta, argi eta garbi
adierazten da Iparraldeko eta Nafarroako Foru Erkidegoko herritarrekiko
errespetua, haiek erabaki dezaten nolako esparrua nahi duten
kanpo eta barne harremanetarako. Eta proposamen horrek, zalantzarik
gabe, gehiago errespetatzen ditu bakoitzaren erabaki demokratikoak
Konstituzio espainolak biltzen duen "inkorporazioaren"
aukerak baino.
Hamargarren eta azken Kontsiderazioa:
Euskal Herriak bere etorkizuna askatasunean eta demokrazian
erabakitzeko duen eskubidea errespetatzen du Proposamenak.
Elkarbizitzaren eta demokraziaren oinarrietako bat herriek
etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea da, eta propio bilduta
dago hainbat nazioarteko hitzarmenetan: Giza Eskubideen Deklarazio
Unibertsalean, Nazio Batuen Erakundearen Gutun Eratzailean
eta Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko
Itunean, baita Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna
ere, horiek guztiak Espainiako Erresumak berretsi ditu.
Euskadiri dagokionez, eskubide hori instituzionalki ere aldarrikatu
zuen Eusko Legebiltzarraren gehiengo absolutuak 1990eko otsailaren
15ean.
_ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _
Kontsiderazio horiei jarraiki, Elkarbizitzarako Itun Politiko
berriaren edukia azalduko dut ondoren.
1.- Sarrera
Euskal Erkidegoaren Estatutu Politiko berriak sarrera izango
du, eta bertan hiru zutabe eta Deklarazio Politiko bat bilduko
dira.
Itun Berriaren zutabeak:
Lehen zutabea:
Euskal Herria nortasun propioa duen herri bezala existitzen
da Europako herrien multzoan, eta ondare historiko, sozial
eta kultural bereziaren gordetzaile da; zazpi lurraldetan
ezarrita dago geografikoki, gaur egun hiru esparru juridiko-politikotan
eta bi estatutan.
Bigarren zutabea:
Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea du.
Eskubide hori Eusko Legebiltzarrak 1990eko otsailaren 15ean
gehiengo absolutuz onartu zuen, herrien autodeterminazio-eskubideari
jarraiki. Herrien autodeterminazio eskubide hori Eskubide
Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean, eta Eskubide Ekonomiko,
Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunean ere onartzen da.
Hirugarren zutabea:
Euskal Herriari bere etorkizunari buruzko erabakiak hartzeko
duen eskubidea baliatzeko, gaur egun Euskal Herriari egitura
ematen dioten esparru juridiko-politikoetako herritarrek euren
etorkizunaz erabakitzerakoan zein iritzi duten jakinarazteko
eskubidea errespetatu behar da. Hau da, gaur egungo Euskal
Autonomia Erkidegoko herritarren erabakia, Nafarroako Foru
Erkidegoko herritarren erabakia eta Iparraldeko euskal lurraldeetako
erabakiak errespetatu behar dira.
_ _ _ _ _ _ _ _ _
Deklarazio politikoa:
Hiru zutabe horiekin ados egonik eta Euskal Herria osatzen
duten heinean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurraldeek osaturiko
egungo Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrok, gure borondate
demokratikoa gauzatuz eta Gernikako Estatutuan eta Konstituzio
espainolean bilduta dauden gure eskubide historikoen errespetu
eta eguneratzearen indarrez, Elkarbizitzarako Itun Politiko
berri bat gauzatzeko dugun borondatea adierazten dugu.
Itun Politiko hau estatu espainolarekiko harremanetarako
eredu politiko berri baten proposamenean gauzatzen da. Eredu
hori atxikimendu librean oinarritzen da eta bateragarria da
estatu konposatu plurinazional eta asimetriko baten garatzeko
aukerarekin.
2.- Itun berriaren oinarrien garapen artikulatua:
Gure nortasun nazionalaren onespen juridikoa,
gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea eta euskal herritarren
funtsezko eskubide eta betebeharren defentsa... (1. oinarria).
Euskal Herria, herri bezala, historiaren hastapenetatik existitzen
da, nortasun propioarekin existitu ere. Horregatik, eta Euskal
Herriko kide garen heinean, egungo Euskal Autonomia Erkidegoa
osatzen duten lurraldeetako herritarrok —Araba, Bizkaia
eta Gipuzkoako Lurraldeetako herritarrok— gure etorkizuna
erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu.
Eskubide demokratiko utziezina da hori; izan ere, erabakitzeko
ahalmena ukatzen digunak, lehendabizi herri bezala dugun nortasuna
ukatu beharko digu, eta ondoren, ebidentzia gainditu ondoren,
demokrazia ukatzen jarraitu beharko du, gure etorkizuna erabakitzeko
eskubidea ukatzen jarraitzeko.
Ondorioz, oinarri honen garapenak euskal naziotasunaren onespen
ofiziala eta euskal herritarrok beren etorkizuna erabakitzeko
eskubidea jasotzea dakar.
Era berean, oinarri honetan, honako konpromiso hau garatzen
da: euskal erakundeek euskal herritar guzti guztien funtsezko
eskubide eta askatasunen gauzatzea zaindu, defendatu eta bermatzeko
hartutakoa, bereziki giza eskubideekin, gizarte zibilaren
parte-hartzearekin eta gobernu onerako eta administrazio eraginkorrerako
eskubidearekin lotura handiagoa duten eskubideak eta askatasunak
kontuan izanik.
Hori lortzeko, proposamenaren erregulazio artikulatuan ondoko
alderdi eta edukiak hartzen dira kontuan, besteak beste:
Erabakitzeko eskubidearen gauzatze demokratikoaren artikulazioa:
Euskal herritarren erabakitzeko eskubidea gauzatzeko funtsezko
tresna denez gero, Eusko Legebiltzarrari erreferendum bidez
kontsulta demokratikoen burutzapena arautu eta kudeatzeko
ahalmena esleitzen zaio.
Jakina, kontsulta demokratikoak egiteko ahalmena ez da Estatuaren
egituraren funtsezko elementu bat. Beraz, erabakitzeko dugun
eskubidea gauzatzea, Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriarekin
eta euskal gizartearen autogobernurako borondate demokratikoarekin
koherentea da.
Kanadako Auzitegi Gorenak indarrean dagoen nazioarteko zuzenbidea
interpretatuz eman duen epaiarekin bat etorriz, autodeterminazio-eskubidea
aldebakar gisa ez gauzatzeko konpromisoa eta Estatuarekin
negoziazio eta ituntze-prozesu bat abiarazteko onespen esplizitua
jaso dira.
Ildo honi jarraituz, egiten diren kontsultek Estatu espainolarekiko
harreman politikoaren eredua eta erregimena eta Estatutu berrian
arautzen diren Europa eta nazioarte-mailako harremanak osorik
edo neurri handi batean aldatzea proposatzen dutenean, eta
euskal herritarrek, beren erabaki librearen gauzatze demokratikoan,
gai horri buruzko borondate argia eta nabaria adierazten badute,
euskal erakundeek eta Estatukoek negoziazio-prozesu bat bermatzeko
konpromisoa hartuko dute, euskal gizartearen borondate demokratikoa
modu adostuan gauzatzeko aukera emango duten baldintza politiko
berriak ezartzeko.
Euskal herritartasuna aitortzea
Euskal herritar izaera formalki aitortzen zaie Euskal Erkidegoko
edozein udalerritan auzotartasun administratiboa duten pertsona
guztiei. Honela, euskal herritar guztiek eskubide eta betebehar
berberak izango dituzte, inolako diskriminazio-motarik gabe.
Horretarako, euskal botere publikoek euskal herritarren funtsezko
eskubideen gauzatzea eta defentsa zainduko dituzte Euskal
Erkidegoaren esparruan.
Era berean, Eusko Legebiltzarrari esleitzen zaio Euskal Erkidegoko
bizitza politiko, ekonomiko eta sozialean euskal herritarren
parte-hartze eta ordezkatzearekin erlazionaturiko funtsezko
eskubideen garapen konstituzionala, horretarako alderdi politikoen,
erakunde sindikalen eta enpresa-elkarteen sorkuntza eta onespena
arautuz.
Euskal nazionalitatearen onespena
Estatu espainolaren nazio-aniztasunaren arabera, akusazio
demagogiko faltsuak saihestu nahi ditugu, euskal nazionalitate
baten existentzia eta onespena dela eta. Ildo horretan, ofizialki
ezartzen da euskal nazionalitatearen onespena euskal herritar
guztientzat, nazionalitate espainolaren baliozkotasun berarekin.
Ez da inor diskriminatua izango bere nazionalitatearen ondorioz,
eta ezin izango zaio berau arbitrarioki ukatu.
Eusko Legebiltzarrak euskal nazionalitatea arautzeko ematen
duen Legeak, Estatuak nazionalitate espainola eskuratu, galdu
edo egiaztatzeko eskatzen dituen betebehar berberak eskatuko
ditu. Euskal nazionalitatea erabat bateragarria izango da
nazionalitate espainolarekin, eta beraz, ez da beharrezkoa
izango nazionalitate espainolari uko egitea euskal nazionalitatea
lortzeko, eta alderantziz.
Giza Eskubideak eta Askatasunak
Estatutu Politiko berriak lehentasuna ematen die giza eskubideen
eta askatasunen defentsa eta babesari.
Horretarako, Eusko Legebiltzarrak giza eskubideen eta askatasunen
defentsa eta babesari buruzko kapitulu bat jasoko du berariaz,
euskal herritarren Eskubide eta Betebehar Zibil eta Politikoen
Gutun baten onespenaren esparruan. Gutun horrek Konstituzioan,
eta Europar Batasunaren Tratatuetan eta Giza Eskubideen Nazioarteko
Tratatuetan biltzen diren eskubide eta betebeharrak jasoko
ditu.
Era berean, Legebiltzarraren Garapen Lege batek Giza Eskubideen
eta Askatasunen Behatoki baten sorkuntza arautuko du, pertsona
guztien giza eskubideen bereizketarik gabeko defentsa zainduko
duen tresna independente gisa.
Gizarte zibilaren parte-hartzea
Euskal herritarren eskubideen artean, Estatutu Politiko Berrian
gizarte zibilaren parte-hartzea artikulatzen da, hala esparru
sozio ekonomikoan nola euskal erakundeen ekintza politikoa
osatzen duten gainerako gizarte, kultura eta hezkuntza-arloetan.
Era berean, herri-ekimen legegilearen funtsezko elementuak
arautuko dira Legebiltzarrean.
Gobernu Onerako eta Administrazio Onerako eskubidea
Halaber, atal espezifiko bat sortuko da euskal herritar guztiei
Administrazioaren funtzionamendu gardena, informaziorako eskubidea
eta zerbitzu publikoen kudeaketan eraginkortasuna eta efikazia
bermatzeko obligazioa aitortu eta bermatuko dizkiena.
Nafarroako Foru Erkidegoarekin eta Iparraldeko
Euskal Lurraldeekin harremanak izateko askatasuna (2. eta
3. oinarriak).
Oinarri hauen garapena Euskal Erkidegoko, Nafarroako Foru
Erkidegoko eta Iparraldeko herritarrek, Euskal Herria osatzen
duten heinean, beren garapenerako eta ongizaterako egokienak
iruditzen zaizkien lotura politikoak eta barne-harremanak
ezartzeko duten eskubidean oinarritzen da. Muga bakarra beren
borondatea izango da.
Ikuspuntu demokratikotik, zein arrazoi argudiatu daiteke Euskal
Erkidegoko, Nafarroako Foru Erkidegoko eta Iparraldeko herritarrek
beren harreman politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalak
estutu nahi badituzte, hori eragotzi, zaildu edo debekatzeko?
Nor mintzen dugu?
Norberaren erabaki demokratikoak errespetatzeko premisa horretan
oinarrituz, planteatzen duguna oso erraza da:
Lehena: Euskal Erkidegoak eta Nafarroako Foru Erkidegoak
egokientzat jotzen dituzten udal eta lurralde mailako lotura
politikoak eta barne-harremanak ezarri ahal izatea. Muga bakarra
bi erkidego horietako herritarren borondatea izango da.
Bigarrena: Ondorioz, Estatuak legezko trabarik ez
jartzea borondate demokratikoari eta bi erkidegoen artean
Lankidetza Hitzarmenak eta Akordioak egitea errespetatzea.
Hirugarrena: Gaur egungo Gernikako Estatutuak eta
Konstituzio espainolak Nafarroak nahi badu, Euskal Autonomia
Erkidegoan sartzeko aukera izatea biltzen badute ere, jakinarazi
nahi dizuet gure asmoa aurreikuspen hauek hobetzea dela, betiere
alderdien borondatea errespetatuz. Hala, adierazten dugu inork
ez duela inoren proiektu politikoan sartu beharko. Ondorioz,
Euskal Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko herritarrok
etorkizunean askatasunez eta demokratikoki inoiz erabakitzen
badugu baterako proiektu politikoak edo egitura politikoak
eraikitzea, euren izaera eta intentsitatea edozein izanik
ere, guk geuk erabaki dugulako izango da, lehendabizi nork
bere etxean, eta gero denok elkarrekin.
Laugarrena: Iparraldearekiko harremanei dagokienez,
Estatutu Politiko berrian bi aldeko tratatu eta akordioak
sinatzeko ahalmena planteatzen da, harremanak eta lankidetzarako
tresnak udal eta lurralde mailan estutzea ahalbidetzeko, Europa
osoan hainbeste aplikatzen ari den mugaz gaindiko lankidetzaren
ahalmenak erabilita.
Euskal Botere Judizial Autonomo baten konfigurazioa
(4. oinarria).
Oinarri hau garatzeko, botere judizial autonomoa gauzatzea
planteatzen da, Botere Betearazlearekin eta Legegintzako Boterearekin
batera euskal autogobernuaren botereak osatzeko.
Gure berezitasun politikoa Botere Judizial autonomo batean
ere modu zuhur eta arrazionalean gauzatzea nahi dugu. Euskaldunok
erabaki ahal izan dezagun nola nahi dugun antolatu eta kudeatu
hobeto Justizia-administrazioa; euskal epaile eta magistratuek
gobernu-organo propioak izan ditzaten, eta, azken finean,
euskal gizarteak harreman naturalagoa izan dezan Justiziarekin.
Botere Judizial autonomo baten erregulazioa Euskadiko Auzitegi
Nagusia euskal justizia-antolamenduaren gailurtzat hartzea
eta onestea da, eta Auzitegi Gorenari doktrina bateratzeari
eta eskumen zein jurisdikzio gatazketan aditzeari buruzko
atribuzioak gordeko zaizkio. Auzitegi Gorenarentzat atribuzio
hauek gordetzeak, Estatu osoan dituzten arau prozesal eta
oinarrizko eskubide berberak aplikatzeko bermearekin batera,
zalantzarik gabe jurisdikzio batasuna eta independentziarekiko
errespetu zorrotza bermatzen dute. Gainera, Estatuko eta Europako
eremuarekiko lankidetza-esparru bat ezartzen da.
Argudio hauetan oinarrituta, proposamenaren erregulazio artikulatuak,
besteak beste, ondoko alderdiak biltzen ditu:
- Euskal antolamendu judizialak Euskadiko Justizia Auzitegi
Nagusia du gailurra eta bertan agortuko dira ondoz ondoko
auzialdi prozesalak.
- Euskal Erkidegoko organo jurisdikzionalen eskumena ordena,
auzialdi eta maila guztietara zabaltzen da, aplikaturiko zuzenbidea
edozein izanik ere, eta salbuespenik gabe, hau da, gaur egun
Auzitegi Nazionalak dituen eskumenak barne.
- Auzitegi Gorenaren ardura doktrina bateratzea eta eskumen
zein jurisdikzio gatazketan aditzea izango da. Halaber, funtsezko
eskubideak babesteko, Auzitegi Konstituzionalari eta Giza
Eskubideen Europako Auzitegiari dagokien jurisdikzioa onespen
da.
- Euskal Kontseilu Judizial bat eratuko da, Euskal Erkidegoko
Botere Judizialaren gobernu-organo gisa, eta bere eginkizunak
zein eskumenak Estatuko Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekiko
lankidetzan beteko ditu.
- Euskal Kontseilu Judizialak Justizia Auzitegi Nagusiko Presidentea,
Sala, Entzutegi eta Dekano Presidenteak izendatuko ditu, eta
Botere Judizialaren Lege Organikoan ezarririko funtsezko irizpideak
garatzea eta aplikatzea egokituko zaio, Euskal Erkidegoko
idazkarien, epaileen, magistratuen eta fiskalen hautaketa,
hornitzea, karrera, prestakuntza, diziplina-erregimena eta
ordainsariei dagokienez, kontuan izanda euskal zuzenbidea
eta Euskara ezagutzea lehenetsiko direlarik.
- Euskal Kontseilu Judizialaren osaera Eusko Legebiltzarraren
Lege batek arautuko du. Lege horren irizpideak independentzia
eta osaera mistoa izango dira.
- Euskadiko Justizia Auzitegi nagusiko fiskalburua Euskal
Kontseilu Judizialak izendatuko du. Eusko Legebiltzarreko
lege batek Ministerio Fiskalaren funtzionamendua arautuko
du Euskal Erkidegoaren eremuan eta lege guztien defentsa esleituko
dio.
- Justizia-administrazioari dagokionez, Euskal Erkidegoak
ahalmen betearazle guztiak erabiliko ditu, Estatuan indarrean
dauden printzipio prozesal guztiak aplikatuta. Espainiako
Justizia Ministerioarekin lankidetza-esparru bat ezarriko
da Estatuko eta Europako eremuko lankidetza bermatzeko.
- Justizia Administrazioaren zerbitzupeko langileen funtzionario-kidegoak
Eusko Legebiltzarreko lege batek arautuko ditu.
- Ertzaintzak Polizia Judizial gisa jardungo du, Botere Judizialaren
zerbitzupean.
Azken batean, ez dugu batasun jurisdikzionala zalantzan jartzen,
ezta Auzitegi Gorenaren irudia ere; izan ere, honi egokituko
zaio Euskal Erkidegoko eta Estatuko organo judizialen arteko
doktrina-batasuna eta jurisdikzio-gatazkak aditzea.
Planteamendu hau egiten dugu, gure proposamenak Botere Judizialari
buruzko lege organikoetan aldaketak egitea eragingo duela
jakinik. Hala ere, inork ezin izango du esan lege organikoei
aldaketak egitea proposatzea Konstituzioaren kontrakoa edo
Estatu demokratiko baten funtsezko egituraren aurkakoa dela,
hori egia ez esatea izango bailitzateke.
Are gehiago, proposaturiko neurri asko Botere Judizialaren
Kontseilu Nagusiak berak ere aztertu izan ditu, Estatuko Justiziaren
zerbitzu publikoa hobetzeko asmoz.
Gure nortasuna bermatzea eta gure autogobernuan
sakontzea (5, 6, 7 eta 8. oinarriak).
Euskal Erkidegoan Botere Publikoaren jardunaren funtsezko
muina osatzen duten lau oinarriei tratamendu komuna emango
diet. Oinarri hauetan biltzen dira barne-instituzionalizazioarekin,
gure nortasun propioarekin eta gure autogobernuan sakontzearekin
zerikusi zuzena duten alderdiak. Bestela esanda, gure gizartearen
ongizatearekin.
Gaur egun dauzkagunak baino eskumen gehiago izan nahi ditugu,
euskal gizartearen gehiengoak hori nahi duelakoan baikaude.
Baina autogobernu gehiago ez ezik, autogobernu hobea ere izan
nahi dugu.
Euskal erakundeek politika, ekonomia, azpiegitura, kultura,
lan eta gizarte antolamendua ezartzeko duen ahalmena ez dugu
nahi Estatuaren aldebakarreko interpretazioaren araberako
adierazpen nominal hutsa izatea; ahalmen hori benetako errealitate
objektiboa izatea nahi dugu.
Horretarako, Estatutu politiko berrian Estatuak Euskadin zein
politika eta eskumen esklusibo dituen argi definitzea proposatuko
dugu. Zein politika eta eskumen esklusibo dituzten euskal
erakundeek, eta euskal erakundeen zein politika eta eskumen
esklusibok duen lankidetzako berariazko erregimena. Hori guztia,
elkarrenganako errespetuz, eginkizunen bikoizketa saihesteko,
eta ondorioz, euskal herritarrei emandako zerbitzu publikoen
kudeaketa eta prestazioa modu eraginkorragoan egiteko.
Ez dadila inor saia gure planteamendua eskumen-banaketa geure
kasa finkatzeko saiakera gisa aurkezten. Aurkeztu dugun proposamena,
nolanahi ere, Ganbera honetan eztabaidatu beharko da, ondoren
Eusko Legebiltzarreko gehiengo absolutuak onartu beharko du;
gero, Estatuarekin negoziatu beharko dugu, eta azkenik, euskal
gizarteak berretsi beharko du.
Planteamendu honi jarraiki, Estatuaren eta euskal erakundeen
artean botere publikoa ondoren adierazten den bezala banatzea
proposatzen dugu:
I.- Estatuaren politika publiko esklusiboak Euskal Erkidegoan
I. 1.- Euskal Erkidegoaren eremuan Estatuaren esku geratuko
dira, izaera esklusiboz, ondoko politikak eta arloak:
- Espainiar nazionalitatea, atzerritartasuna eta asilo eskubidea;
nolanahi ere, emigrazio eta inmigrazio politikak partekatuak
izango dira Euskal Erkidegoko gizarte-politiketan duten eraginaren
arabera.
- Defentsa eta indar armatuak.
- Arma eta lehergailuen produkzio, merkataritza, edukitza
eta erabilera erregimena.
- Moneta-sistema.
- Aduana eta muga-zergen erregimena.
- Merkataritza-nabigazioa, ontzien banderatzea, aireontzien
matrikulazioa eta aire-espazioaren kontrola.
- Nazioarteko harremanak, Estatutu honetan Euskal Erkidegoari
aitortzen zaizkion kanpo eragineko jardunak aparte utzi gabe.
I. 2.- Era berean, Euskal Erkidegoaren eremuan, jarraian
adieraziko ditugun eremuetan legeria komuna ematea dagokio
Estatuari; nolanahi ere, euskal erakundeek ahalmena izango
dute legeria hori garatu eta bere funtsezko zuzenbideari egokitzeko,
eta betearazpen-ahalez baliatzeko.
- Zigor, espetxe eta auzibide legeria, euskal funtsezko zuzenbidearen
berezitasunak aparte utzi gabe.
- Merkataritza-legeria; nolanahi ere, merkataritzako kontratu-betebeharren
oinarriak eta kontratuen eta administrazio-emakiden betebeharrak
garatuko dira.
- Legeria zibila, foru zuzenbide pribatu zibila (edo Euskadiko
zuzenbide pribatu propioa) aparte utzi gabe.
- Jabetza intelektualaren eta industrialaren legeria.
- Pisuak eta neurriak, metalen kontrastea eta ordu ofizialaren
finkapena.
Estatuak bere lurralde-eremuan garatzen dituen politika esklusiboei
dagozkien karga orokorrei erantzungo die Euskal Erkidegoak,
Kontzertu Ekonomikoaren esparruan zehaztutako kupo orokor
baten ekarpenaren bidez.
II.- Euskal erakundeen politika publiko esklusiboak
Euskal erakundeen eskumenak izango dira Estatutu Politiko
berrian Estatuarentzat berariaz gorde ez diren politika publikoak.
Horrela beraz, ondoko politika publikoei lotutako arlo eta
eskumen guztiak dagozkio Euskal Erkidegoari izaera esklusiboz:
< |