EGITURA
 
SAILAK
 
INSTITUZIOAK
 
Akordioak
Administrazioak
Prentsa Notak
Helbide Gida
 

 
Programa-Konpromioak
 
 
Egitaraua
 
 


PROGRAMA-KONPROMISOAK

Bakerako, bizkidetzarako eta normalizazio politikorako eszenatoki berria.

Ekonomi hazkunde jasangarrirako eredu berria.

Prestakuntza eta enplegu eredu berria, gizarteratzean sakontzeko eta Jakintzaren Gizartean aurrera egiteko.

Gizarte eta kultur eredu berria.

Autogobernuaren eredu berria.

 
 

Bakerako, bizkidetzarako eta normalizazio politikorako eszenatoki berria.

Euskal Herriak, bere etorkizuna Bakean eta askatasunean eraikitzeko, eta osatzen duten pertsona guzti-guztien duintasuna eta giza-eskubideak errespetatzeko eskubidea dauka. Euskal gizarteak behin eta berriz azaldu duenez, indarkeria eta estortsioa zalantzarik gabe eta argitasun osoz gaitzesten ditu, ETAri armak behin betirako uztea exijitu dio eta, gainera, bere ordezkari politikoei, distentsio eta elkarrizketa prozesu bati ekitea eskatu die, horrela, gure artean dauden indarkeriari eta normalizazio politikoaren gatazkari irtenbidea emateko.

Horregatik, Bakea, normalizazio politikoa, bizikidetza eta Euskadiko gizarte eraikuntza, EAJ/PNV eta EA-ren euskarriak dira, ez bakarrik hurrengo Legengintzaldi honetarako Gobernu Programa eratzeko; etorkizun hurbileko etorkizunean gure estrategia politika gidatuko duen zutabe nagusia da ere. Ondorioz, Bakeak, bizikidetzak eta elkarrizketa politikoak izango dute laster eratuko den Eusko Jaurlaritzaren lehentasun osoa.

Bakea, bizikidetza eta normalizazio politikoa lortzeko Eusko Jaurlaritzak aurrera eramango dituen ekintzen hiru zutabe nagusiak, Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak egindako Deklarazioetan azaltzen dira: konpromiso DEMOKRATIKOA ("estatutuaren ituna osorik bete eta errespetatzeko", 2000ko urriaren 25ekoa), ETIKOA ("pertsona guztien bizitzeko eskubidea eta askatasunak defendatzeko", 2000ko abenduaren 20koa) eta SOZIALA ("konponbidea", 2001eko otsailaren 8koa).

A) Konpromiso etikoa, pertsona guzti-guztien bizitza eta giza-eskubideak defendatzeko.

- - EAJ/PNV eta EA alderdiek, konpromiso osoa hartzen dute, Gobernuaren ekintzatik, pertsonen eskubideak, astasunak eta seguritatea defendatzeko behar diren giza eta material baliabide guztiak erabiltzeko. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak, hiritarren seguritatearen arloan dagozkion eginkizun guztiak garatuko ditu, indar bereziz, eta, horretarako, Zuzenbideko Estatuak botere publikoen esku jartzen dituen letgezko tresna guztiak erabiliko ditu. - Era berean, biolentzia eta terrorismoa jasan duten eta oraindik ere jasaten duten pertsona guztiekiko eta giza eskubideen edozein urratze jasaten duten pertsonekiko elkartasun-ekimenak eta onespen etiko, moral eta materiala bultzatuko ditu Eusko Jaurlaritzak. - Azkenik, Eusko Jaurlaritzatik konpromisoa hartzen dugu demokrazia eta bakea sendotzeko helburua duten borondate eta ahaleginak bateratzeko, eta indarkeria eta giza-eskubide eta askatasunen urratzearen aurkako gehiengo sozial eta politikoetarako espazioak sortzen dituzten erantzun bateratuak biltzeko.

B) Elkarrizketarekiko konpromiso politikoa, Bakea eta bizikidetza lortzeko tresna baita.

- Bakea lortzeko helburua ez da proiektu politiko zehatza ezartzearen menpe jarri behar; halaber, proiektu politiko demokratikoen legezko defentsa ere, ez da Bakea lortzearen menpe jarri behar. - Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzatik, alderdi politikoen arteko baretzea eta hurbilketa bultzatu eta beharrezkoak diren zubiak eraikiko ditugu, aurreko konfrontazioa gaindituz, elkarrizketa buru duen aro berri bati aurre egiteko, Bakea lortzeko tresna eta, gure gizartean, bai normalizazio politikoan eta bai bizikidetzan dagoen gatazkaren konponbidea delakoan. - Elkarrizketa irekia garatzea, eta aurretiazko baldintza politikorik jarri barik, inor kanpoan utzi gabe eta baldintzapen politikorik gabe, ideiak soilik bide baketsu eta demokratikoen bitartez defendatu behar direlako printzipioaren errespetutik.

C) Konpromiso demokratikoa, euskal gizarteak hartzen dituen erabakiak errespetatzeko.

- Euskal gizartearen gehiengoak, bere borondatez eraikitako Erakunde eta marko juridikoekiko errespetu osoz zuzenduko ditu Eusko Jaurlaritzak bere ekintzak, Erakunde eta marko juridiko horiek aldatzeko eta gaurkotzeko aukeren legitimitate demokratikoarekiko errespetuari utzi gabe. - Hori dela eta, bai Eusko Jaurlaritzak, bai osatzen duten alderdi politikoek, konpromisoa hartzen dute, elkarrizketa prozesutik sortzen den edozein akordio politiko, euskal gizarteak, bere etorkizuna askatasunez, bakean eta bide demokratikoen bidez aukeratzeko duen eskubidea erabiliz, berres dezan. Halaber, eszenatokiak erraztuko ditu, euskal gizarteak, horren inguruan kontsultatua izateko duen eskubidea errespeta dadin eta erabiltzeko aukera izan dezan.

Ekonomi hazkunde jasangarrirako eredu berria.

Benetan krisi ekonomiko larria pairatu ondoren, azken urte hauetan euskal gizartea gauza izan da gure ekonomia berriz ere lehiatzeko eta garatzeko parametroetara eramateko. Hala nola:

- 90eko hamarkadan, gure Barne Produktu Gordina Espainiakoa baino
%9 gehiago hazi da, eta Europar Batasuneko batezbestekoa baino %17 gehiago.
- Azken hamarkadan, Euskadin, Europar Batasuneko batezbesteko per capita errentara heldu gara eta, seguruenik, baita gainditu ere. - Azken hamarkada horretako hazkuntza ekonomikoari esker, ia 150.000 lanpostu garbi sortu dira. - Azken sei urteetan, gure biztanleria aktiboaren langabezia tasa %25etik %12ra jaitsi da.

Aurrera egiten jarraitu behar dugu. Lehiakortasunean eta ekoizkortasunean hazten jarraitu behar dugu. Elkartasuna eta oreka kontutan hartuta. Eusteko moduko hazkuntza eta lurraldeen arteko harmonia zainduta.

. Lortu ahal izateko, jakin badakigu euskal ekonomiaren lehiakortasun eta garapenaren motoreak Berrikuntza, Kalitatea, Prestakuntza eta Lankidetza bezalako baloreak sustatu behar direla.

. Halaber, argi daukagu horrek benetako iraultza kulturalean euskal gizarte osoa inplikatzeko aitinzdaritzarako konpromisoa eskatzen duela; iraultza horren ardatza pertsonak dira eta, oinarria, prestakuntza eta lankidetza publiko-pribatua, horrela, 2006. urtea baino lehen, Euskadi era eraginkorrean Informazioaren Gizartean integratuta egon dadin.

. Testuinguru hori dela eta, EAJ/PNV eta EA-ren erronkak honako hauek dira:

- Sustapen ekonomikoaren banatzaile nagusiak izango diren Enpresa Txiki eta Ertainak (PYMEak), berritzaileak izateko gaitasunaren bidetik ekiteko eta arriskuei aurre egiten jarraitzeko helburuz. - Gure ekonomia nazioarteko bihurtzea eta kanpoan bultzatzea. - Merkataritzako arlo modernoa, integrazio eta elkartze maila hobeak izango dituena. - Enpresa eta ekonomia mailan izari zehatz eta zurruna izango duen arlo turistikoa. - Landa-ingurune bizia, nekazaritzako ustiategiak modernizatuz, bertako biztanleria aktiboa gaztetuz, eta emakumeen integrazioa sustatuz. - Arrantza arlo indartua, oinarrizko zerbitzuak hobetuz eta arloaren aniztasuna bultzatuz. - Energiaren erabilgarritasuna baldintza ahalik eta onenetan bermatzeko helburua duen politika, horniduraren segurtasunari, kostuari eta ingurumenaren gaineko eraginari dagokionez.

. Beste alde batetik, gure ustez, hazkuntza eta garapen ekonomiko horiek eusteko modukoak izan behar dute, bitartekoen erabilera eta ingurumenaren sistemari dagokionez. Ildo horretatik, EAJ/PNV eta EA-ren proposamenak honako hauek dira:

- Lurraldeak antolatzeko politika orekatua, hirien garapen jasangarria bideratuko duena. - Ingurumenari buruzko politika, alde batetik ingurumen osasungarria eta, bestetik, ongizate ekonomikoa eta gizarte justizia bilduko dituena. - Garraio eta komunikazioen euskal sistema, Europan integratzeko eta lurraldeen arteko batasuna eskuratzeko. - Euskadiko trenbide sare berria. - Bide, portu eta aireportuetako azpiegituren kudeaketa propio berria.

. Erronka hauek guztiak gure ahaleginak erabiliz eskuratzeko, euskal hiritarrok hazkunde eta elkartasunaren zerbitzura egongo den zerga eta finantza politika garatuko dugu. Eta hori, gure autogobernurako funtsezkoa den tresna baten bidez egingo dugu: Ekonomi Itunaren bidez, alegia. Horregatik, EAJ/PNV eta EA, Eusko Jaurlaritza osatzearen erantzukizunetik:

-- Iraungipen datarik gabeko Ekonomi Ituna exijitzen dugu, euskal erakundeek duten arautzeko gaitasuna sendotu eta sakonduko duena, Europar Batasunak, gainerako zerga sistema orokorrekin egiten duen bezala, aintzatetsi eta kontuan hartuko duena eta gure zergen emaitzako bitartekoak Euskadin geratzea bideratuko dena. - Gure zerga sistema ekitatibo -gurean berdin ordaintzen dute berdinek, eta desberdin desberdinek- eta aske -beharrizan ekonomikoei eta gizartekoei aurre egiten jarraitzeko- bihurtzen duten baldintza horiek areagotu nahi ditugu, aurrerantzean gure Lurralde Historiko eta Euskadiko Erakunde Erkideen bitartez koordinatuz. - Gastu publikoaren arloan, egitura erreformei lehentasuna eman nahi diegu etorkizunean ere; era berean, ekonomia eta enplegua bultzatu nahi ditugu, gizon eta emakume guztion artean gizarte justuago eta soidarioago eraikitzen jarraitzeko, aurrekontu-orekaren oinarria mantenduz, Administrazioak, ekonomi gorabeheren aurrean, zikloen aurkako faktore jokatu dezan.

Prestakuntza eta enplegu eredu berria, gizarteratzean sakontzeko eta Jakintzaren Gizartean aurrera egiteko.

. Hezkuntza, prestakuntza eta lan arloetan martxan jarriko dugun politikaren oinarria, abiaburu batean datza: Euskadiko hiritar guzti-guztiek izan behar dute bizitza osoan zehar ikasteko modua, halako moldez non eskubide horrek bermaturik egon behar baitu, pertsonen adina, maila, baliabide edo lan-merkatuan duten egoera edozein delarik ere.

. Hori horrela izan dadin, EAJ/PNV eta EA alderdiok ondokoa proposatzen dugu:

- Gure hezkuntza-sistemak jarrai dezala etika zibila transmititzen lantzen, askatasun, begirune eta tolerantziaren balore unibertsalak barneratzen dituen etika zibila izaki. - Etorkizuneko gure eskolan, ezagutzen eta egiten ikasteari euts dakiola. Baita ere izaten eta elkarrekin bizitzen ere. - Adostasun zorrotz eta zabala dela bide, Eskola Akordio berria irits dezagula, XXI. mendeko eskola berri horretarako. - Lanbide Heziketarako gure politika orokorra izan dadila, eta enplegurako prestakuntza izan dezala xede. - Gure Unibertsitatea, geroz eta gehiago, euskal kulturaren bilgune sendo eta jardule eta Euskadiren garapenaren eragile izaten jarrai dezala.

. Era berean, gutxien dutenen zerbitzura dagoen enplegurako politika baten aldeko apustua egiten dugu. Enplegu politika horren lehentasunak honako hauek izango dira: erabateko enplegua lortzea; enplegu nahiz jarduera tasak Europar Batasunekoekin parekatzea, emakumeei lehentasunaz emanez; kontratazio baldintzen behin-behinekotasuna eta taldeen arteko diskriminazioak, bai soldata baldintzetan, bai zama eta erantzukizunetan zuzentzea; eta, azkenik, lan istripuen tasak murriztea. Enplegu zerbitzuen arloan erabakiak hartzeko eta kudeatzeko erabateko ahalmena ez badugu ere (gizarte-lanaren eta Gizarte Segurantzaren arloan legeak egiteko gaitasuna ere barne, enpleguko eta gizarte babeseko politikak lantzeko), errebindolatzeaz gain, EAJ/PNV eta EA ziur gaude, euskal hiritarren elkartasunezko ahaleginei esker, lanpostu gehiago eta kalitate handiagokoak lortu ahal izango ditugula.

Gizarte eta kultur eredu berria.

Gure erkidegoko pertsonarik baztertuenekiko gizarte elkartasunean oinarrituako eredu handi bat eratu nahi dugu Euskadin.

. EAJ/PNV eta EA-ren iritziz, eredu horrek aurrera egin behar du, erakundeen arteko koordinaziotik eta gizarte izaera duten herri politiken ebaluaziotik, honako oinarri hauekin: beharrik handienak dituzten taldeei eman beharreko lehentasunezko babesa; eskualderik baztertuenekiko konpromisoa; gizarte-prestazioen laguntzak egokitzeko eta arian-arian gehitzeko konpromisoa; seme-alabak dituzten familiei eman beharreko laguntza; adineko pertsonak eta nolabaiteko menpekotasuna dutenak zaintzeko gizarte eta osasun espazioa finkatzea; eta etorkinen gizarte fenomenoari eman beharreko erantzuna, aurreikuspen eta plangintzaren bitartez.

. Halaber, berdintasunerako politikak areagotu behar direla sinesten dugularik, EAJ/PNV eta EA alderdiok, honako hauek jandetsi nahi ditugu:

- Gizon eta emakumeen integrazioa eta elkarrekiko integrazio-politika gauzatzea, aukera berak eta tratu bera izan ditzagun. - Gure gazteek euskal gizartean protagonismoa eta hizpide erabakiorra izan dezaten hartu genuen konpromisoa berrestea, zeren eta horrela, gaur egun gazteek Euskadin dituzten arazo zehatzekiko erantzun orokorra ematea lortuko baitugu.

. Elkartasun-eredu hori eraginkorra eta kalitatezkoa izan dadin, EAJ/PNV eta EA-k, gizarte-kohesioa sortzen duten politikak garatzeko konpromisoa hartzen dugu. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzatik honako hau bultzatu nahi dugu:

- Etxebizitzaren arloko politika lantzea, pertsona ororen eskura etxebizitza duina izateko aukera eman ahal izateko. - Justiziaren arloko politika lantzea, Justizi Administrazioa zerbitzu arin eta eraginkorra, eta hiritar guztiek errazkiro iristeko modukoa bilakarazteko oztopoak kentzen dituena. - Osasunaren arloko politika lantzea, osasun zerbitzu orokorra eta kalitate handikoa sendotzen duena. - Kontsumitzaileak babesteko politika lantzea, ondasun eta zerbitzuen eguneroko kontsumoan eta erabileran, hiritarron interesez arduratzen dena.

. Beste alde batetik, EAJ/PNV eta EA alderdiok kultur politika elkarbiltzailea eta munduarekiko irekia nahi dugula baieztatzen dugu. Gure kultur politikak honako ezaugarri hauek izango ditu: anizkoitza, kohesiogilea, garapena bultzatuko duena, dinamikoa eta modernoa. Horretarako, kultura mantendu eta gizarteratzeko beharrezkoak diren kultur azpiegiturak garatu nahi ditugu; horrela, kulturaren azalpen ezberdinetan, sormen eta espresioaren sustapen eta bultzada eta Euskadiko kultur industriak sendotzeko neurriak bermatzeko.

. Ildo horri jarraiki, gure ustez ezinbestekoa da euskararen erabilera testuinguru eleanitzean sustatzeko politika sakontzeari eustea; Euskadiko errealitate soziolinguistikioari eta gure gizartearen gehiengoaren nahiari egokitutako hizkuntza politika egin nahi dugu, azken batean, benetako elebitasuna lortzeko xedez.

. Azkenik, EAJ/PNV eta EA-k, Eusko Jaurlaritzatik, industria, teknologia eta gizarte-prozesua bateratzea gauzatuko duen gizarte-komunikabideen arloko politika ahalbideratuko dugu. Horrela, ikus-entzunezko herri sektore sendo eta lehiakorra indartu nahi dugu, berdintasun eta tolerantziari dagozkion baloreak defendatu eta sustatzen dituena, programazioen kalitatea bermatzen duena eta, azkenez, gutxiengoei arreta berezia eginik, kultur partaidetzarako eremu irekia eratzen duena.

Autogobernuaren eredu berria.

A) Gure Autogobernua osatu eta gaurkotu.

. EAJ/PNV eta EA-ren iritziz, lehenbailehen bete behar da Gernikako Estatutua, Eusko Legebiltzarrak transferentziei buruzko txostenetan behin eta berriro adierazi izan duen bezala. Estatutua erabat betetzea baztertu ezinezko eta lehenetsi beharreko premia da.

.. Lehentasunezko helburu horren betetzea albora utzita, eta arestian aipatu ditugun abiaburuetariko bat gogoan (hau da, euskal gizarteari kontsulta egiteko aukera aintzakotzat hartu behar delakoan, bere etorkizun politikoa askatasunez, bakean eta demokrazian erabaki ahal dezan), baieztatu nahi dugu elkarrizketa eta negoziaketaren bideak jorratzeko prest gaudela ordezkaritza duten indar politiko guztiekin batera eta, horretara, ahalik eta adostasunik zabalena lortu nahi dugula, gure Herria erabateko normalizazio politikora irits dadin.

. Beraz, Euskal Herriak bere autodeterminazio-ahalmena aintzatetsi dakion dauka eskubidea Eusko Legebiltzarrak 1990ean onartutako eran geureganatu, defendatu eta arautu beharra abiapuntu harturik, Euskadiren marko politiko eta autogobernuaren inguruan gure programan zehazten diren konpromisoek, aintzat hartuko dituzte, Europa berriak politika, gizarte eta kulturaren alorretan euskal gizarteari ekartzen dizkion zirkunstantzia aldakor eta beharrizan berriak.

. Ondorioz, gaurko Estatutuak eta Euskadiko agintaritza politikoak ezartzen duten markoan oinarriturik, Gobernugintzaren bitartez, honako helburu hauek lortzeko konpromisoa hartzen dugu:

- Euskal gizartearen erabakiekiko begirunea ezartzea eta euskal gizarteak bere geroa erabakitzeko duen eskubidea aintzat hartzea. - Gure esparru juridiko-politikoa Europako errealitate berriari egokitzea eta Europan eta munduan geure ahotsa izatea. - Autogobernu politikoaren eduki material berria definitzea, oinarri hauek guztiak izango dituelarik: gai sozioekonomikoen lan-harremanen eta gizarte babesaren arloan, elkarbizitzaren eta eskumenen marko propioa osatzeko eskubidea; ekonomia, zerga eta finantza alorreko autonomia-araubide orokorra; erakundeen autoantolamendurako ahalmen osoa; hezkuntza, kultura eta kirol sistema propioak eta euskal erakundeek, eremu guztietan -nazioarteko eremuak barne direla-, bermeak izateko eta parte eraginkorra hartzeko markoa. - - Euskal lurraldeetako erakundeekiko harremanak bideratzea.

B) Gure barruko erakunde-egituraren garapena.

. Euskadiko barne-egitura, batik bat arlo politikoan eta gizartean, izugarri zabala da, erakundeen edo Administrazioaren ikuspegitik irudika litekeen baino mila aldiz zabalago eta joriagoa. Edonola ere, herri-aginteek elkarrekin koordinaturik jardutea nahi dugu, lehen-lehenik herritarren ongizateaz arduratuz, gure erakundeen saretik, denak herriaren zerbitzuan ari direla lanean, politika eta lurraldearen arloko erabakiak, Erkidego osoan, berdintasunezko araubide erkideekin errotzen direla bermatuz.

. Oinarri horien gainean, EAJ/PNV eta EA-k goberrnu-ekintza garatzeko konpromisoa hartzen dugu, Euskadiko erakundeen sarean, udalerriei eguneratutako tratamendua emateko; Autonomi Erkidegoko erakunde maila ezberdinen arteko harremanetarako arauak birformulatzeko; arlokako plangintza ezartzeko, herri erakundeen politikak taxutzeko modu gisa; eta, azkenik, Euskadiko Herri-Administrazioak eten gabe hobetzeko.

C) Europa: Proiektu erkidea.

. . Guk nahi dugun Europa era federalean baturik dago, eta askea eta solidarioa da. Bertan, nortasun propioa duten Herri guztiek eroso sentitu behar dute. Hori dela eta, gure autogobernua aintzatestea nahi dugu. Euskadik presentzia izan behar du Europar Batasuneko erakundeetan, bere erantzukizun eta autonomia propioekin; mugaz gaindiko lankidetza sustatzeaz gain, eskualdeen arteko lankidetza indartu nahi dugu eta, azkenik, Herrien Europa eraiki eta lortzeko ahaleginak egin nahi ditugu.

D) Euskadi: Mundura zabalduta dagoen herri bat.

. EAJ/PNV eta EA-k apustu argia egiten dugu, Euskadiren kanpo politika osoa eta integratua lortzeko, hainbat helburu estrategiko lortu ahal izateko. Hala nola, Euskadik Europako Batasunean duen eragin politikoa eta ekonomikoa areagotzea; Euskadi bi aldetako harremanetan eskubide osoko bazkide gisa duen lekua indartzea, bai Europar Batasunaren barruan, bai kanpoan ere; garatzen ari diren herriekiko elkartasuna areagotzea; eta kanpoan Eusko Jaurlaritzako Ordezkaritzak sortzea.

. Beste alde batetik, gure Gobernuaren ekintzen bidez, Kanpoko Euskal Gizataldeei laguntza politikak finkatu eta areagotu nahi ditugu; eta Hirugarren Munduekiko elkartasun programetarako orain arte erabili diren fondoak -1998tik hona, Euskal eta Foru Erakundeen aurrekontu operatiboaren %0,7a, hain zuzen ere- mantenduko ditugu.

Gazteiz, 2001eko uztailak 6

 
 

Homepage
Indice
LEHENDAKARITZA