|
|
I
Euskal Autonomia Estatutuak 10.3. atalean jasota duen eskumena
betez, Eusko Legebiltzarrak 5/1990 Legea onartu zuen ekainaren 15ean, hain zuzen
ere Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzkoa, aurretik zegoen legea,
azaroaren 25eko 28/1983 Legea, ordezkatzeko.
Zortzi urte igaro dira Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetarako
Legea indarrean sartu zenetik, eta bitarte horretan Estatuko hainbat lege
organiko sartu da indarrean: martxoaren 13ko 8/1991 Lege Organikoa
(Hauteskundeen Erregimen Orokorraren Lege Organikoa hausteskundeetako
administrazio eta jardunbidearen arloan aldatzen duena); martxoaren 30eko
13/1994 Lege Organikoa (hauteskundeetako gastuak murrizteari buruzkoa);
martxoaren 23ko 3/1995 Lege Organikoa (hauteskundeetako erroldari buruzkoa);
apirilaren 8ko 19/1991 Lege Organikoa eta abenduaren 22ko 14/1995 Lege
Organikoa, azken biak udal irrati eta telebisten bidez -lurreko uhinen
bidezkoak- hausteskundeetako iragarkiak egiteari buruzkoak. Lege horien bidez,
azken urteotan oinarrizko agindu berriak sortu dira, eta horien ondorioz,
hauteskundeei buruzko euskal legean esaten zena, bai araudia dela nahiz
eskumenak direla, bazter batera geratu da; hori alde batetik, eta bestetik, gai
berri batzuk ere arautu dituzte Estatuko lege horiek, hausteskundeei buruzko
autonomia erkidegoko legerian arautu gabe zeudenak.
Bukatzeko, kontuan izan behar da Konstituzio Auzitegiak otsailaren
14ko 28/1991 epaia eman zuela, eta epai horretan bateraezinak jo zituen eusko
legebiltzarkidea eta Europako legebiltzarkidea izatea; kontu hori ez zegoen
aurreikusita 5/1990 Legean, lehen aipatutakoan, eta, gainera, jakin beharrekoa
da lege honetan bozketa elektronikoa egiteko aukera ere arautu dela, eta
esandako guztiagatik, erabat beharrezkoa da ekainaren 15eko 5/1990 Legea, Eusko
Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzkoa, aldatzea.
II
Gizarte demokratiko guztiek bermatu behar dute herritar guztiek beren
ordezkariak hautatzeko hauteskundeetan parte hartzeko duten eskubidea, boto
askearen, berdinaren, zuzenaren eta isilpekoaren bitartez. Horixe da, hain zuzen
ere, gizarte demokratiko guztien ezaugarrietako bat. Botoa emateko eskubidea
erabatekoa izateko, betiko formulak erabiltzeaz gain, bide berriak ere ireki
behar dira, hautesleek eurek modu errazean dagokien hauteskunde-mahaian botoa
emateko eskubidea izan dezaten.
XXI. mendearen atarian egonda, Europako hauteskundeei buruzko
zuzenbidean arautzen diren bozketa-modurik aurreratuenak aztertu eta ikertu
ondoren, autonomi erkidegoko hauteskunde-sisteman ere bozketa elektronikoa
indarrean jartzea da erronka.
Lege honetan hauteskunde sistemarako bozketa elektronikoa arautzea
aurrerapen teknologikoari zor zitzaion berrikuntza da, eta sistema horren bidez,
botoa emateko paperak euskarri magnetikoa izango du. Teknologia berriei esker,
herritarrek res publica deitutakoan parte hartzeko beste modu bat dute, eta
aukera horietaz baliatu beharra dago. Aukera horretaz baliatzea teknologiaren
aurrerapenari esker lortu da. Teknologia berriek lekua izan behar dute ekintza
publikoen barruan, baina ez soilik kontrolatzeko teknologia gisa, baita
askatasunari bidea erraztuko dioten teknologia moduan ere.
Boto elektronikoaren bidez, botoa emateko betiko moduarekin
bezalaxe, askatasun publikoak gauzatzea erraztu egin da. Gainera, herritarren
heziketari ere mesede egiten dio, teknologia modu horietatik gertuago egongo
baitira, eta kontuan izan behar da bizitzako hainbat arlotan gero eta gehiago
erabiltzen direla. Herritarren bizitza arruntean eragiten dute teknologia
berriek eta, beraz, denek teknika horien berri izatea utziezineko baldintza da
gizarteak eta ekonomiak aurrera egiteko. Teknologia berriak gehien eta modu
hedatuenean erabiltzen dituzten gizarteak izango dira aurreratuenak; hau da,
herritar gehienek eta gizarteko arlo gehienetan erabiltzeko aukera izango
dutenek.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan boto elektronikoaz
baliatzeko aukera izatea Euskal Autonomia Erkidegotik teknologia berrien
erronkari emandako lehen erantzuna da, teknologia horiek prozesu demokratikoan
aurrera egiteko nolako eragina izan dezaketen kontuan izanda. Bizitza politikoa
modernizatzeko bidean emandako lehenengo pausoa da; izan ere, hauteskundeetan
aurretik zeuden jardunbideak hobetu eta herritarrak teknologia berrien nondik
norakora hurbilduko ditu. Eta gogoan izan behar da teknologia horiek demokrazian
parte hartzeko moduetan aukera eta bide garrantzitsuak zabaltzen ari direla.
Boto elektronikoaren bidez ere, hauteskundeen argitasuna eta
objektibotasuna eta botoaren benetakotasuna areagotu egiten dira, herritarrak
botoa bere kabuz emango duelako, eta botoa emateko beste moduetan dauden
baldintza batzuk gainditu egiten direlako, hau da, orain arte ez baitzen
beharrezkoa botoa emateko orria isilpean eta bakoitzak bere aldetik aukeratzea.
Era berean, boto elektronikoaren bidez erabat bermatzen da botoa emateko
eskubidea isilpekoa eta askea izatea, eta euskal hauteskunde-sisteman kontu
berria bada ere hori, Europa mendebaldeko demokrazia batzuetan sistema hori
erabili eta emaitzak aztertzeko aukera egon da.
Beste alde batetik, boto elektronikoa sistema eraginkorragoa izango
da isilpekotasuna, segurtasuna, erraztasuna, azkartasuna eta modernotasuna
dituelako ezaugarri. Ondorengo arrazoiek ere hori erakusten dute:
hauteskunde-mahaiak osatzen dituztenentzako lan gutxiago eragingo du botoa
ematean; botoak zenbatzerakoan ziur asko ez da arazorik egongo;
hauteskunde-mahai bakoitzean botoak zenbatzeko askoz ere denbora gutxiago behar
izango da; eta, azkenik, hauteskundeetako behin-behineko emaitzen berri
herritarrei emateko orduan, erabateko zehaztasunaz eta azkartasun handiaz
jardungo da.
III
Autonomia Erkidegoan gaur egun indarrean dagoen hausteskundeei
buruzko legeria zati batean aldatu duen erreforma honek 5/1990 Legearen (Eusko
Legebiltzarrerako hauteskundeei dagokiena) I. eta II. idazpuruan aurreikusitako
hauteskunde-sistemaren muina errespetatu egin du. Gainera, gaur egungo
hauteskunde-prozesuaren oinarrizko ezaugarriak ere gorde egin ditu.
Egitura kontuan hartuta, legeak lau zati nagusi ditu: lehenengo,
bigarren eta hirugarren atala, eta xedapen indargabetzailea eta azken xedapenak.
Ondoren azalduko dugu zein den horien edukia:
- Berrikuntzaren lehenengo zatia lehen atalean arautu da, eta
bertan, beharrezko aldaketa eta zuzenketa teknikoak egin dira hauteskundeen
euskal legea hobetu eta gaur egun indarrean dagoen araudira egokitzeko. Euskal
Autonomia Erkidegoko hauteskunde-batzordeak zein eskumen eta eginkizun izango
dituen zehaztu da batez ere, eta batzorde horren eskumenak bere jurisdikzioaren
barrura mugatu dira. Legearen erreforman hobekuntza teknikoak ere sartu dira,
eta baita hauteskunde-administrazioaren oharrak eta iradokizunak ere. Era
berean, hauteskundeen arloan Konstituzio Auzitegiak doktrina zuzentzeko eta
interpretatzeko egindako aldaketak ere kontuan hartu dira, eta baita
hauteskundeetako kontularitza kontrolatzeko prozesuan izandako aldaketak ere,
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Autonomia Erkidegoko hauteskunde-batzordeak
emandako oinarrizko gomendioak jarraituta.
- Bigarren zatian lege honetako berrikuntza nagusia jaso da, bigarren
atalean bozketa elektronikoaren prozedimendua arautu delako. Zati honetan, beste
batzuen artean, ondorengoak jaso dira: boto elektronikoaren osagaiak zeintzuk
diren; Euskal Autonomia Erkidegoko eta lurralde historikoetako
hauteskunde-batzordeek dituzten bermerako gaitasunak, hauteskundeetako
software-aren inguruan hauteskundeen garbitasuna eta gardentasuna bermatzeko;
hauteskunde-mahaiek dituzten baliabide materialak; botoa eman aurreko
eragiketak; botoa emateko prozedimenduaren nondik norakoak, botoak zenbatzeko
modu elektronikoa eta posta bidezko botoen zenbaketa. Hori guztia hautesleek
argi eta erraz ulertzeko moduan arautu da.
- Berrikuntzaren hirugarren zatiak botoa posta arruntaren bidez emateko
jardunbidea arautzen du, hirugarren atalean, eta horretarako legeria
aplikagarrira igortzen du.
- Laugarren zatian azken xedapenetatik lehenengoak ezartzen du 1998an
izango diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan 5/1990 Legean aurreikusten
den paper bidezko bozketa-sistema egongo dela indarrean. Gainera, Eusko
Legebiltzarra gaitzen da aurreerantzean izango diren hauteskundeetan bozketa
elektronikoa zein hauteskunde-barrutitan, sekziotan edo udaletan ezarriko den
zehazteko, Eusko Jaurlaritzak aurretik egindako proposamenaren arabera; baita
paper bidezko botoarekin bateragarria izango den edo ez eta, hala egokituz gero,
bozketa elektronikoa pixkanaka-pixkanaka nola ezarriko den.
Bukatzeko, erreforma honekin batera bozketa elektronikoaren inguruko
kontzeptuen definizioak jaso dituen eranskin bat ere badoa,
legearekin diharduenarentzat oso erabilgarria eta argigarria.
(1)15/1998
Legeak aldarazia
|