|
|
Emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioa, baita
sexuaren ziozko edozein bereizkeria-mota beren beregi debekatzea
ere, arau juridiko batzuetan daude jasota.
Emakumearen aurkako bereizkeria-era guztiak ezabatzeari
buruzko Konbentzioak (NBEren Biltzar Nagusiak 1979ko abenduan
onetsi zuen, eta Espainiar Estatuak 1984ko otsailean berretsi)
emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioa aldarrikatu
zuen. Konbentzio horren 2. artikuluan, ondoko konpromisoa
hartu zuten KBEko kideek: "printzipio hori legeen bidez
edo beste bitarteko egoki batzuk erabiliz benetan betearazten
dela bermatzea".
Beste alde batetik, 1999ko maiatzaren 1ean Amsterdamgo Ituna
indarrean jarri zenetik, emakumeen eta gizonen berdintasuna
Europar Batasunaren funtsezko printzipio bilakatu da. Europar
Batasunaren Ituneko 3.2. artikuluarekin bat, Batasuneko
eta kide diren estatuetako politika eta ekintza guztietan
integratu behar da emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunak
ezabatu eta horien berdintasuna sustatzeko helburua.
Euskadiko Autonomia Estatutuaren 9.1 artikuluak, Espainiako
Konstituzioan xedatutakoari aipamen bat eginez, berdintasunerako
eskubidea eta sexuaren ziozko bereizkeriarik eza aldarrikatzen
da. Horrez gainera, Estatutuaren 9.2d) artikuluan zera adierazten
da: herri-aginteek pertsonen eta taldeen berdintasunerako
baldintzak sustatzeko eta hori lortzeko oztopoak ezabatzeko
betebeharra dutela, berdintasun hori benetan eta modu eraginkorrean
gauzatu dadin.
Era berean, Eusko Legebiltzarrak, otsailaren 5eko 2/1988
Legea onartuta (Emakumearen Euskal Erakundea sortarazteari
buruzkoa da lege hori), lege horren zioen adierazpenean
jasotzen den bezala, lehen mailako gaitzat jo zuen emakumeekin
bereizkeriaz jokatzeko era guztiak benetan ezabatzea eta
emakumeek gure Erkidegoko alor guztietan esku hartzeari
bultza egiteko beharrezkoak izan daitezkeen neurriak hartzea;
halaber, bere gain hartu zuen arlo horretan ekintza bateratuari
indar egiteko lana ere.
2/1988 Legea garatze aldera, Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia
Erkidegoko emakumeentzako ekintza Positiboko hiru plan onetsi
ditu. Plan horietan euskal herri-administrazioen esku-hartzearen
oinarrizko gidalerroak jasotzen dira, emakumeen eta gizonen
berdintasuna bizitzako eremu guztietan bultzatzeari dagokionez.
(1)
4/2005 Legeak aldarazia
|