|
|
Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuko 10.3 artikuluaren
garapenak Eusko Legebiltzarrak Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei
buruzko Legea onartzea ekarri zuen, ekainaren 15eko 5/1990
Legea, hain zuzen ere, bai eta lege horri aldaketak egin
zizkion ekainaren 19ko 15/1998 Legea ere. Horien bidez,
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte hartzen duten
indar politikoek artekariak eta ahalordedunak izendatzerakoan
bete beharreko eskakizunen gaineko guztia arautu zen, besteak
beste.
Gure hauteskunde-sisteman, Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako
herritarrei zegokien hauteskunde-mahaietako boto-emateen
eta boto-zenbaketen kontrola egitea, dela hauteskunde-mahaietako
mahaiburu edo mahaikide gisa, dela hauteskunde-prozesuan
parte hartzen zuten indar politikoek izendapen aske bidez
izendatzen zituzten ordezkarien bitartez, hau da, artekari
eta ahalordedunen bitartez.
Filosofia horren ildotik, 1984az geroztik egin diren Eusko
Legebiltzarrerako hauteskunde guztietan, artekari-eginkizunetan
aritzeko edo ahalordedun izendatua izateko eskakizun bat
ezarri izan da gure hauteskunde-legedian: erroldan egotea,
alegia.
Zehatz esateko, gaur arte, artekariak erroldan egon behar
zuen eginkizun hori beteko zuen hauteskunde-barrutian, eta
ahalordedunak nahikoa zuen Euskal Autonomia Erkidegoko edozein
udalerritan erroldatuta egotea.
Lehendakariak, bortizkeria terroristak mehatxatutako adierazpen-askatasuna
eta ekintza politikoa babesteko elkarguneak sustatze aldera,
alderdi politikoak bildu zituen 2002ko otsailaren 22an eta
maiatzaren 21ean, eta, horren ondoren, alderdi politikoek
prozesu bat jarri zuten abian; prozesu horretan, hainbat
akordio lortu ziren gai horren inguruan, eta Eusko Legebiltzarrak
bere gain hartu zituen 2002ko ekainaren 28an egindako osoko
bilkuran.
Alderdi politikoen eta Legebiltzarraren arteko akordio horiek,
hauteskunde-gaiei dagokienez, honetan dautza: "Euskal
Autonomia Erkidegoko Administrazioari eskatzea Eusko Legebiltzarrerako
hauteskundeen egungo araudia aldatzeko egitasmo bat aurkez
dezala, hartara, hauteskunde horietan ez dadin beharrezkoa
izan izendatu beharreko artekari eta ahalordedunak hautesle
izatea beren eginkizunak beteko dituzten hauteskunde-barrutietan.
Horrela, beren eginkizuna beteko duten hauteskunde-barrutian
hautesle ez direnean, ezingo dute botorik eman hauteskunde-barruti
horretan".
Azken batean, lege-erreforma honen helburua da Euskal Autonomia
Erkidegoko indarreko hauteskunde-legean artekarien eta ahalordedunen
izendapena arautzen duten artikuluak egungo gizarte- eta
politika-beharrizanei egokitzea, hauteskunde-mahaietan ordezkaritza
politikoa izateko eskubidea erabili ahal izatea ziurtatzearren,
hauteskunde-sistemak behar bezala lan egin dezan eta hauteskunde-mahaietan
botoa emateko eta zenbatzeko jarduna behar bezala egin ahal
izan dadin.
(1)
Modificada por Ley 1/2003
|