|
|
I
Euskal Autonomia Estatutuak 10.3. atalean jasota duen
eskumena betez, Eusko Legebiltzarrak 5/1990 Legea onartu
zuen ekainaren 15ean, hain zuzen ere Eusko Legebiltzarrerako
hauteskundeei buruzkoa, aurretik zegoen legea, azaroaren
25eko 28/1983 Legea, ordezkatzeko.
Zortzi urte igaro dira Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetarako
Legea indarrean sartu zenetik, eta bitarte horretan Estatuko
hainbat lege organiko sartu da indarrean: martxoaren 13ko
8/1991 Lege Organikoa (Hauteskundeen Erregimen Orokorraren
Lege Organikoa hausteskundeetako administrazio eta jardunbidearen
arloan aldatzen duena); martxoaren 30eko 13/1994 Lege Organikoa
(hauteskundeetako gastuak murrizteari buruzkoa); martxoaren
23ko 3/1995 Lege Organikoa (hauteskundeetako erroldari buruzkoa);
apirilaren 8ko 19/1991 Lege Organikoa eta abenduaren 22ko
14/1995 Lege Organikoa, azken biak udal irrati eta telebisten
bidez lurreko uhinen bidezkoak hausteskundeetako
iragarkiak egiteari buruzkoak. Lege horien bidez, azken
urteotan oinarrizko agindu berriak sortu dira, eta horien
ondorioz, hauteskundeei buruzko euskal legean esaten zena,
bai araudia dela nahiz eskumenak direla, bazter batera geratu
da; hori alde batetik, eta bestetik, gai berri batzuk ere
arautu dituzte Estatuko lege horiek, hausteskundeei buruzko
autonomia erkidegoko legerian arautu gabe zeudenak.
Bukatzeko, kontuan izan behar da Konstituzio Auzitegiak
otsailaren 14ko 28/1991 epaia eman zuela, eta epai horretan
bateraezinak jo zituen eusko legebiltzarkidea eta Europako
legebiltzarkidea izatea; kontu hori ez zegoen aurreikusita
5/1990 Legean, lehen aipatutakoan, eta, gainera, jakin beharrekoa
da lege honetan bozketa elektronikoa egiteko aukera ere
arautu dela, eta esandako guztiagatik, erabat beharrezkoa
da ekainaren 15eko 5/1990 Legea, Eusko Legebiltzarrerako
Hauteskundeei buruzkoa, aldatzea.
II
Gizarte demokratiko guztiek bermatu behar dute herritar
guztiek beren ordezkariak hautatzeko hauteskundeetan parte
hartzeko duten eskubidea, boto askearen, berdinaren, zuzenaren
eta isilpekoaren bitartez. Horixe da, hain zuzen ere, gizarte
demokratiko guztien ezaugarrietako bat. Botoa emateko eskubidea
erabatekoa izateko, betiko formulak erabiltzeaz gain, bide
berriak ere ireki behar dira, hautesleek eurek modu errazean
dagokien hauteskunde-mahaian botoa emateko eskubidea izan
dezaten.
XXI. mendearen atarian egonda, Europako hauteskundeei
buruzko zuzenbidean arautzen diren bozketa-modurik aurreratuenak
aztertu eta ikertu ondoren, autonomi erkidegoko hauteskunde-sisteman
ere bozketa elektronikoa indarrean jartzea da erronka.
Lege honetan hauteskunde sistemarako bozketa elektronikoa
arautzea aurrerapen teknologikoari zor zitzaion berrikuntza
da, eta sistema horren bidez, botoa emateko paperak euskarri
magnetikoa izango du. Teknologia berriei esker, herritarrek
res publica deitutakoan parte hartzeko beste modu bat dute,
eta aukera horietaz baliatu beharra dago. Aukera horretaz
baliatzea teknologiaren aurrerapenari esker lortu da. Teknologia
berriek lekua izan behar dute ekintza publikoen barruan,
baina ez soilik kontrolatzeko teknologia gisa, baita askatasunari
bidea erraztuko dioten teknologia moduan ere.
Boto elektronikoaren bidez, botoa emateko betiko moduarekin
bezalaxe, askatasun publikoak gauzatzea erraztu egin da.
Gainera, herritarren heziketari ere mesede egiten dio, teknologia
modu horietatik gertuago egongo baitira, eta kontuan izan
behar da bizitzako hainbat arlotan gero eta gehiago erabiltzen
direla. Herritarren bizitza arruntean eragiten dute teknologia
berriek eta, beraz, denek teknika horien berri izatea utziezineko
baldintza da gizarteak eta ekonomiak aurrera egiteko. Teknologia
berriak gehien eta modu hedatuenean erabiltzen dituzten
gizarteak izango dira aurreratuenak; hau da, herritar gehienek
eta gizarteko arlo gehienetan erabiltzeko aukera izango
dutenek.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan boto elektronikoaz
baliatzeko aukera izatea Euskal Autonomia Erkidegotik teknologia
berrien erronkari emandako lehen erantzuna da, teknologia
horiek prozesu demokratikoan aurrera egiteko nolako eragina
izan dezaketen kontuan izanda. Bizitza politikoa modernizatzeko
bidean emandako lehenengo pausoa da; izan ere, hauteskundeetan
aurretik zeuden jardunbideak hobetu eta herritarrak teknologia
berrien nondik norakora hurbilduko ditu. Eta gogoan izan
behar da teknologia horiek demokrazian parte hartzeko moduetan
aukera eta bide garrantzitsuak zabaltzen ari direla.
Boto elektronikoaren bidez ere, hauteskundeen argitasuna
eta objektibotasuna eta botoaren benetakotasuna areagotu
egiten dira, herritarrak botoa bere kabuz emango duelako,
eta botoa emateko beste moduetan dauden baldintza batzuk
gainditu egiten direlako, hau da, orain arte ez baitzen
beharrezkoa botoa emateko orria isilpean eta bakoitzak bere
aldetik aukeratzea. Era berean, boto elektronikoaren bidez
erabat bermatzen da botoa emateko eskubidea isilpekoa eta
askea izatea, eta euskal hauteskunde-sisteman kontu berria
bada ere hori, Europa mendebaldeko demokrazia batzuetan
sistema hori erabili eta emaitzak aztertzeko aukera egon
da.
Beste alde batetik, boto elektronikoa sistema eraginkorragoa
izango da isilpekotasuna, segurtasuna, erraztasuna, azkartasuna
eta modernotasuna dituelako ezaugarri. Ondorengo arrazoiek
ere hori erakusten dute: hauteskunde-mahaiak osatzen dituztenentzako
lan gutxiago eragingo du botoa ematean; botoak zenbatzerakoan
ziur asko ez da arazorik egongo; hauteskunde-mahai bakoitzean
botoak zenbatzeko askoz ere denbora gutxiago behar izango
da; eta, azkenik, hauteskundeetako behin-behineko emaitzen
berri herritarrei emateko orduan, erabateko zehaztasunaz
eta azkartasun handiaz jardungo da.
III
Autonomia Erkidegoan gaur egun indarrean dagoen hausteskundeei
buruzko legeria zati batean aldatu duen erreforma honek
5/1990 Legearen (Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei dagokiena)
I. eta II. idazpuruan aurreikusitako hauteskunde-sistemaren
muina errespetatu egin du. Gainera, gaur egungo hauteskunde-prozesuaren
oinarrizko ezaugarriak ere gorde egin ditu.
Egitura kontuan hartuta, legeak lau zati nagusi ditu:
lehenengo, bigarren eta hirugarren atala, eta xedapen indargabetzailea
eta azken xedapenak. Ondoren azalduko dugu zein den horien
edukia:
- Berrikuntzaren lehenengo zatia lehen atalean arautu
da, eta bertan, beharrezko aldaketa eta zuzenketa teknikoak
egin dira hauteskundeen euskal legea hobetu eta gaur egun
indarrean dagoen araudira egokitzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko
hauteskunde-batzordeak zein eskumen eta eginkizun izango
dituen zehaztu da batez ere, eta batzorde horren eskumenak
bere jurisdikzioaren barrura mugatu dira. Legearen erreforman
hobekuntza teknikoak ere sartu dira, eta baita hauteskunde-administrazioaren
oharrak eta iradokizunak ere. Era berean, hauteskundeen
arloan Konstituzio Auzitegiak doktrina zuzentzeko eta interpretatzeko
egindako aldaketak ere kontuan hartu dira, eta baita hauteskundeetako
kontularitza kontrolatzeko prozesuan izandako aldaketak
ere, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Autonomia Erkidegoko
hauteskunde-batzordeak emandako oinarrizko gomendioak jarraituta.
- Bigarren zatian lege honetako berrikuntza nagusia
jaso da, bigarren atalean bozketa elektronikoaren prozedimendua
arautu delako. Zati honetan, beste batzuen artean, ondorengoak
jaso dira: boto elektronikoaren osagaiak zeintzuk diren;
Euskal Autonomia Erkidegoko eta lurralde historikoetako
hauteskunde-batzordeek dituzten bermerako gaitasunak, hauteskundeetako
software-aren inguruan hauteskundeen garbitasuna eta gardentasuna
bermatzeko; hauteskunde-mahaiek dituzten baliabide materialak;
botoa eman aurreko eragiketak; botoa emateko prozedimenduaren
nondik norakoak, botoak zenbatzeko modu elektronikoa eta
posta bidezko botoen zenbaketa. Hori guztia hautesleek argi
eta erraz ulertzeko moduan arautu da.
- Berrikuntzaren hirugarren zatiak botoa posta arruntaren
bidez emateko jardunbidea arautzen du, hirugarren atalean,
eta horretarako legeria aplikagarrira igortzen du.
- Laugarren zatian azken xedapenetatik lehenengoak ezartzen
du 1998an izango diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan
5/1990 Legean aurreikusten den paper bidezko bozketa-sistema
egongo dela indarrean. Gainera, Eusko Legebiltzarra gaitzen
da aurreerantzean izango diren hauteskundeetan bozketa elektronikoa
zein hauteskunde-barrutitan, sekziotan edo udaletan ezarriko
den zehazteko, Eusko Jaurlaritzak aurretik egindako proposamenaren
arabera; baita paper bidezko botoarekin bateragarria izango
den edo ez eta, hala egokituz gero, bozketa elektronikoa
pixkanaka-pixkanaka nola ezarriko den.
Bukatzeko, erreforma honekin batera bozketa elektronikoaren
inguruko kontzeptuen definizioak jaso dituen eranskin bat
ere badoa, legearekin diharduenarentzat oso erabilgarria
eta argigarria.
(1)
15/1998 Legeak aldarazia
|