Legislación electoral  vasca
Legislación electoral  vasca

15/1998 LEGEA, EKAINAREN 19KOA, EUSKO LEGEBILTZARRERAKO
HAUTESKUNDEEI BURUZKO 5/1990 LEGEA ALDATZEN DUENA

 

AURKIBIDEA

Zioen adierazpena

Lehenengo atala
5/1990ko Legean 
egindako aldaketak 
 
Bigarren atala
Bozketa elektronikoari dagokion prozedura
 
Hirugarren atala
Posta arrunta bidez 
botatzeko prozedura 
 
Xedapenak
Indargabetze eta ezkenak  
 
Eraskina, boto elektronikoaren definizioak  
ZIOEN ADIERAZPENA

I
Euskal Autonomia Estatutuak 10.3. atalean jasota duen eskumena betez, Eusko Legebiltzarrak 5/1990 Legea onartu zuen ekainaren 15ean, hain zuzen ere Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzkoa, aurretik zegoen legea, azaroaren 25eko 28/1983 Legea, ordezkatzeko.

Zortzi urte igaro dira Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetarako Legea indarrean sartu zenetik, eta bitarte horretan Estatuko hainbat lege organiko sartu da indarrean: martxoaren 13ko 8/1991 Lege Organikoa (Hauteskundeen Erregimen Orokorraren Lege Organikoa hausteskundeetako administrazio eta jardunbidearen arloan aldatzen duena); martxoaren 30eko 13/1994 Lege Organikoa (hauteskundeetako gastuak murrizteari buruzkoa); martxoaren 23ko 3/1995 Lege Organikoa (hauteskundeetako erroldari buruzkoa); apirilaren 8ko 19/1991 Lege Organikoa eta abenduaren 22ko 14/1995 Lege Organikoa, azken biak udal irrati eta telebisten bidez —lurreko uhinen bidezkoak— hausteskundeetako iragarkiak egiteari buruzkoak. Lege horien bidez, azken urteotan oinarrizko agindu berriak sortu dira, eta horien ondorioz, hauteskundeei buruzko euskal legean esaten zena, bai araudia dela nahiz eskumenak direla, bazter batera geratu da; hori alde batetik, eta bestetik, gai berri batzuk ere arautu dituzte Estatuko lege horiek, hausteskundeei buruzko autonomia erkidegoko legerian arautu gabe zeudenak.

Bukatzeko, kontuan izan behar da Konstituzio Auzitegiak otsailaren 14ko 28/1991 epaia eman zuela, eta epai horretan bateraezinak jo zituen eusko legebiltzarkidea eta Europako legebiltzarkidea izatea; kontu hori ez zegoen aurreikusita 5/1990 Legean, lehen aipatutakoan, eta, gainera, jakin beharrekoa da lege honetan bozketa elektronikoa egiteko aukera ere arautu dela, eta esandako guztiagatik, erabat beharrezkoa da ekainaren 15eko 5/1990 Legea, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzkoa, aldatzea.

II
Gizarte demokratiko guztiek bermatu behar dute herritar guztiek beren ordezkariak hautatzeko hauteskundeetan parte hartzeko duten eskubidea, boto askearen, berdinaren, zuzenaren eta isilpekoaren bitartez. Horixe da, hain zuzen ere, gizarte demokratiko guztien ezaugarrietako bat. Botoa emateko eskubidea erabatekoa izateko, betiko formulak erabiltzeaz gain, bide berriak ere ireki behar dira, hautesleek eurek modu errazean dagokien hauteskunde-mahaian botoa emateko eskubidea izan dezaten.

XXI. mendearen atarian egonda, Europako hauteskundeei buruzko zuzenbidean arautzen diren bozketa-modurik aurreratuenak aztertu eta ikertu ondoren, autonomi erkidegoko hauteskunde-sisteman ere bozketa elektronikoa indarrean jartzea da erronka.

Lege honetan hauteskunde sistemarako bozketa elektronikoa arautzea aurrerapen teknologikoari zor zitzaion berrikuntza da, eta sistema horren bidez, botoa emateko paperak euskarri magnetikoa izango du. Teknologia berriei esker, herritarrek res publica deitutakoan parte hartzeko beste modu bat dute, eta aukera horietaz baliatu beharra dago. Aukera horretaz baliatzea teknologiaren aurrerapenari esker lortu da. Teknologia berriek lekua izan behar dute ekintza publikoen barruan, baina ez soilik kontrolatzeko teknologia gisa, baita askatasunari bidea erraztuko dioten teknologia moduan ere.
Boto elektronikoaren bidez, botoa emateko betiko moduarekin bezalaxe, askatasun publikoak gauzatzea erraztu egin da. Gainera, herritarren heziketari ere mesede egiten dio, teknologia modu horietatik gertuago egongo baitira, eta kontuan izan behar da bizitzako hainbat arlotan gero eta gehiago erabiltzen direla. Herritarren bizitza arruntean eragiten dute teknologia berriek eta, beraz, denek teknika horien berri izatea utziezineko baldintza da gizarteak eta ekonomiak aurrera egiteko. Teknologia berriak gehien eta modu hedatuenean erabiltzen dituzten gizarteak izango dira aurreratuenak; hau da, herritar gehienek eta gizarteko arlo gehienetan erabiltzeko aukera izango dutenek.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan boto elektronikoaz baliatzeko aukera izatea Euskal Autonomia Erkidegotik teknologia berrien erronkari emandako lehen erantzuna da, teknologia horiek prozesu demokratikoan aurrera egiteko nolako eragina izan dezaketen kontuan izanda. Bizitza politikoa modernizatzeko bidean emandako lehenengo pausoa da; izan ere, hauteskundeetan aurretik zeuden jardunbideak hobetu eta herritarrak teknologia berrien nondik norakora hurbilduko ditu. Eta gogoan izan behar da teknologia horiek demokrazian parte hartzeko moduetan aukera eta bide garrantzitsuak zabaltzen ari direla.

Boto elektronikoaren bidez ere, hauteskundeen argitasuna eta objektibotasuna eta botoaren benetakotasuna areagotu egiten dira, herritarrak botoa bere kabuz emango duelako, eta botoa emateko beste moduetan dauden baldintza batzuk gainditu egiten direlako, hau da, orain arte ez baitzen beharrezkoa botoa emateko orria isilpean eta bakoitzak bere aldetik aukeratzea. Era berean, boto elektronikoaren bidez erabat bermatzen da botoa emateko eskubidea isilpekoa eta askea izatea, eta euskal hauteskunde-sisteman kontu berria bada ere hori, Europa mendebaldeko demokrazia batzuetan sistema hori erabili eta emaitzak aztertzeko aukera egon da.

Beste alde batetik, boto elektronikoa sistema eraginkorragoa izango da isilpekotasuna, segurtasuna, erraztasuna, azkartasuna eta modernotasuna dituelako ezaugarri. Ondorengo arrazoiek ere hori erakusten dute: hauteskunde-mahaiak osatzen dituztenentzako lan gutxiago eragingo du botoa ematean; botoak zenbatzerakoan ziur asko ez da arazorik egongo; hauteskunde-mahai bakoitzean botoak zenbatzeko askoz ere denbora gutxiago behar izango da; eta, azkenik, hauteskundeetako behin-behineko emaitzen berri herritarrei emateko orduan, erabateko zehaztasunaz eta azkartasun handiaz jardungo da.

III
Autonomia Erkidegoan gaur egun indarrean dagoen hausteskundeei buruzko legeria zati batean aldatu duen erreforma honek 5/1990 Legearen (Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei dagokiena) I. eta II. idazpuruan aurreikusitako hauteskunde-sistemaren muina errespetatu egin du. Gainera, gaur egungo hauteskunde-prozesuaren oinarrizko ezaugarriak ere gorde egin ditu.

Egitura kontuan hartuta, legeak lau zati nagusi ditu: lehenengo, bigarren eta hirugarren atala, eta xedapen indargabetzailea eta azken xedapenak. Ondoren azalduko dugu zein den horien edukia:

- Berrikuntzaren lehenengo zatia lehen atalean arautu da, eta bertan, beharrezko aldaketa eta zuzenketa teknikoak egin dira hauteskundeen euskal legea hobetu eta gaur egun indarrean dagoen araudira egokitzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskunde-batzordeak zein eskumen eta eginkizun izango dituen zehaztu da batez ere, eta batzorde horren eskumenak bere jurisdikzioaren barrura mugatu dira. Legearen erreforman hobekuntza teknikoak ere sartu dira, eta baita hauteskunde-administrazioaren oharrak eta iradokizunak ere. Era berean, hauteskundeen arloan Konstituzio Auzitegiak doktrina zuzentzeko eta interpretatzeko egindako aldaketak ere kontuan hartu dira, eta baita hauteskundeetako kontularitza kontrolatzeko prozesuan izandako aldaketak ere, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Autonomia Erkidegoko hauteskunde-batzordeak emandako oinarrizko gomendioak jarraituta.

- Bigarren zatian lege honetako berrikuntza nagusia jaso da, bigarren atalean bozketa elektronikoaren prozedimendua arautu delako. Zati honetan, beste batzuen artean, ondorengoak jaso dira: boto elektronikoaren osagaiak zeintzuk diren; Euskal Autonomia Erkidegoko eta lurralde historikoetako hauteskunde-batzordeek dituzten bermerako gaitasunak, hauteskundeetako software-aren inguruan hauteskundeen garbitasuna eta gardentasuna bermatzeko; hauteskunde-mahaiek dituzten baliabide materialak; botoa eman aurreko eragiketak; botoa emateko prozedimenduaren nondik norakoak, botoak zenbatzeko modu elektronikoa eta posta bidezko botoen zenbaketa. Hori guztia hautesleek argi eta erraz ulertzeko moduan arautu da.

- Berrikuntzaren hirugarren zatiak botoa posta arruntaren bidez emateko jardunbidea arautzen du, hirugarren atalean, eta horretarako legeria aplikagarrira igortzen du.

- Laugarren zatian azken xedapenetatik lehenengoak ezartzen du 1998an izango diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan 5/1990 Legean aurreikusten den paper bidezko bozketa-sistema egongo dela indarrean. Gainera, Eusko Legebiltzarra gaitzen da aurreerantzean izango diren hauteskundeetan bozketa elektronikoa zein hauteskunde-barrutitan, sekziotan edo udaletan ezarriko den zehazteko, Eusko Jaurlaritzak aurretik egindako proposamenaren arabera; baita paper bidezko botoarekin bateragarria izango den edo ez eta, hala egokituz gero, bozketa elektronikoa pixkanaka-pixkanaka nola ezarriko den.

Bukatzeko, erreforma honekin batera bozketa elektronikoaren inguruko kontzeptuen definizioak jaso dituen eranskin bat ere badoa, legearekin diharduenarentzat oso erabilgarria eta argigarria.