|
|
BIGARREN ATALA.- Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei
buruzko 5/1990 Legearen V. idazpuruan beste atalburu bat
eranstea, X. atalburua hain zuzen. Honela du izena: “Bozketa
elektronikoari dagokion prozedura”.
Bozketa elektronikoari dagokion prozedura Eusko Legebiltzarrerako
Hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legearen V.
idazpuruan erantsitako atalburu batean arautuko da, X. atalburuan
hain zuzen, ondoren adierazten den modura. Hala ere, bigarren
atal honetan aurreikusten ez den guztirako, orain indarrean
dagoen Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legean
ezarritakoa izango da aplikaziokoa.
132. atala. Bigarrena.- Boto elektronikoari
dagozkion elementuak, hauteskunde-batzordeen eta Eusko Jaurlaritzaren
eskurantzak, eta alderdien, federazioen, koalizioen eta
taldeen partehartzea.
I.- Honako elementu hauek sartzen dira boto elektronikoaren
sisteman:
a) Banda magnetikoa duen bozketa-txartela
b) Hautestontzi elektronikoa.
c) Botoa emateko pantaila.
d) Huteskunde-kabina.
e) Softwarea edo hauteskundeetako programa informatikoa.
II.-
1. Hautestontzi elektronikoaren eta botoa emateko
pantailaren hauteskunde-softwarea honako hau da: programa
informatikoen multzoa hautestontzia ireki eta ixteko, mahaiak
balioztatutako banda magnetikoa duten txartelen bidez botatzeko,
hautestontzian erregistratutako banda magnetikoa duten txartel-kopurua
kontrolatzeko, botoak zenbatzeko eta mahaiko hauteskunde-emaitzak
jakinarazteko; eta hori guztia lege honen arabera egiteko
aukera eman behar dute.
2. Horrezaz gain, hauteskundeetako softwareak ondoren
adierazten diren datu hauek eduki beharko ditu hauteskunde-barruti
bakoitzeko:
a) Hauteskunde-prozesuaren eguna
b) Aurkeztutako hautagai-zerrenda bakoitzaren izena
eta, hala egokituz gero, sigla eta sinboloa; baita boto
zuria emateko aukera eta boto baliogabea ematekoa ere,
lege honetako 132. Laugarren I.2. atalean azaltzen den
modura.
c) Hautagaien izenak, aurkeztutako hautagai-zerrendan
azaltzen diren hurrenkeran; ez dira ordezko hautagaiak
sartuko.
3. Hauteskunde-mahaietarako edukiko du, halaber, mahai bakoitzaren
identifikazioa eta kokapena. Honako datu hauek azalduko
dira: lurralde historikoa, udala, barrutia, sekzioa eta
mahaia; bai eta hautesleen kopurua, boto emaileen kopurua,
boto baliogabeen kopurua, boto zurien kopurua eta hautagai-zerrenda
bakoitzak eskuratutako boto-kopurua ere, aurkeztutako hurrenkeraren
arabera. Hautagai-zerrenda bakoitzaren izena eta siglak
adieraziko dira.
III.-
1. Boto elektronikoaren softwarean bozketa eta hauteskunde-mahai
bakoitzeko boto-zenbaketaren gardentasuna eta objektibotasuna
ziurtatu ahal izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskunde-batzordeak
honako hauek egin beharko ditu:
a) Lege honetako 132 Zazpigarren I.a) atalean aipatutako
hauteskunde-softwarearen funtzionamenduaren baliozkotasuna
onartu, aurreko 132 Bigarren II. 1. eta 3. atalean aurreikusitako
zehaztasunei dagokienez.
b) Hauteskunde-mahai bakoitzerako onartutako
hauteskunde-softwarea, aurreko atalean aipatutakoa,
landu.
c) Aipatutako hauteskunde-software egokitua egon
egongo dela, eta eskualdeko hauteskunde-batzordeetara
eta mahaietara banatuko dela ziurtatu, euskarri magnetikoan
banatuko ere eta behar adina kopia, lege honetako 132.
Hirugarren. II. 1. atalean aurreikusten dena bete dadin.
d) Hauteskundeen ondoren hauteskunde-softwarearen
euskarri magnetikoak jaso eta amaieran euskarri horiek
hautsi egingo direla ziurtatu.
e) Legeak hauteskunde-softwareaz agindutako beste
edozein egiteko edo xedapen.
2. Lurralde historikoko hauteskunde-batzordeek onartuko
dute beren barrutiei dagokien hauteskunde-softwarearen baliozkotasuna,
lege honetako 132. Bigarren II. 2. atalean aurreikusten
diren xehetasunei dagokienean. Lurralde historikoko hauteskunde-batzordeek
onartuko dute, halaber, banda magnetikoa duen bozketa-txartelaren
eredu ofiziala, IV. atalean adierazten den dekretuko irizpideetan
ezarritakoaren arabera.
3. Hauteskunde-batzordeek Eusko Legebiltzarreko
informatika-zerbitzuaren laguntza izango dute 1. eta 2.
puntuetan azaldutako egitekoak gauzatu ahal izateko, informatika-zerbitzu
hori baita laguntzeko eta aholkuak emateko organoa.
Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskunde-batzordeko
bileretan parte hartuko du Eusko Legebiltzarreko Informatika
Zerbitzuko arduradunak; arduradunak hitza izango du baina
botorik ez. Lurralde historikoko hauteskunde-batzordeek,
halaber, eskatu ahal izango dute aipatu berri dugun zerbitzuko
arduradunak beren bileretan parte hartzea, hitzarekin
baino botorik gabe, egoki iritzi dutenean. Arduraduna
joatea ezinezkoa bada ordezkoren bat bidaliko da.
4. Aurkeztutako hautagai-zerrenda bakoitzeko ordezkari
nagusiak, bere kabuz edo berak izendatutako informatikan
aditua den ordezko baten bitartez, eskatu ahal izango
dio autonomia-erkidegoko hauteskunde-batzordeari, lege
honetako 132 Bigarren II. atalean araututako hauteskundeetako
softwarearen funtzionamendu egokiari buruzko informazioa,
behin betiko onartu baino lehen. Hauteskunde-batzorde
horrek zehaztuko du horretarako egokia den prozedura.
IV.- 1. Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez zehaztuko ditu bozketa
elektronikorako eredu ofiziala, eta beharrezkoak diren elementuek,
atal honetako I. idazatian aipatutakoak, eta ekipamendu-gailuek
izan beharreko ezaugarri teknikoak eta homologatzeko baldintza
orokorrak. Hauteskunde-mahaietan izan beharrekoak ezarriko
dituzte eta, horrekin batera, lege honetan ezarritako fidagarritasun,
segurtasun eta isilpeko baldintzak bete behar dituzte.
Dekretuan ezarriko dira, halaber, hauteskunde-kabinen
ezaugarriak eta lege honetan aurreikusten diren hauteskunde-agiriak
nolakoak izango diren, eta nola inprimatu, prestatu eta
banatuko diren.
2. Eusko Jaurlaritzaren egitekoa izango da, Herrizaingo
Sailaren bitartez, hauteskunde-mahai bakoitzerako hautestontzi
elektronikoa, botoa emateko pantaila, eta hauteskunde-kabina
izango direla eta bozketa hasi baino gutxienez ordubete
lehenago banatuko direla ziurtatzea.
3. Herrizaingo Sailak, ez beste inork, prestatu eta
banatuko ditu banda magnetikoa duten bozketa-txartelak,
hauteskunde-agiriak eta beharrezkoak izan daitezkeen gainerako
elementuak, hauteskundeetako softwarea izan ezik, 1. puntuan
aipatu den dekretuan ezarritako moduan eta momentuan. Ziurtatu
behar du elementu horiek guztiak eskualdeko hauteskunde-batzordeei
emango zaizkiela, gero hauteskunde-mahaietara bidali ahal
izateko.
V.- Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan
azalduko dira hauteskunde-mahai bakoitzeko hautestontzi
elektronikoko softwarean eta botoa emateko pantailetan dauden
mezuak, eta bai hauteskunde-agirietako testua ere.»
«132. atala. Hirugarrena.- Mahaietako
baliabideak eta bozketa elektronikoaren aurretik egin beharreko
eragiketak.
I.-
1. Hautaslekutzat jotzen da hauteskunde-mahai bakarra kokatzen
den hautetegi batean dagoen esparrua, agindu honetan eta
Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko 5/1990 Legearen
38.1., 132. Laugarren eta 132. Bosgarren ataletan aurreikusten
den eraginetarako.
2. Hauteskunde-mahai bakoitzak bi hautestontzi
izango ditu, bat boto elektronikorako eta bestea posta
bidezko botorako, boto-txartelekin eta kartazalekin; gutxienez
hauteskunde-kabina bana ere izango du edo, kabinarik izan
ezean, hautesleari isolatzeko aukera emango dion lekuren
bat, botoa emateko pantaila batekin.
3. Bozketa elektronikoa egin ahal izateko
elementu eta ekipamendu-gailu guztiez gain, hauteskunde-mahaiak
agiriak eta beharrezkoa den gainerako dokumentazioa eduki
beharko ditu, eta bai hautesle-erroldaren zerrenda ziurtatua
ere.
4. Hauteskunde-mahaia eratzeko unean edo eratu
ondoren hautalekuan elementu horietakoren bat ez badago,
mahaiburuak berehala jakinaraziko dio eskualdeko hauteskunde-batzordeari,
falta diren gauzak ekar ditzan.
5. Hautategi bakoitzak dagokion hauteskunde-barrutian
aurkeztutako hautagaien eta hautagai-zerrenden izenak
jasotzen dituen boletin ofizialaren ale bat edukiko du,
hautesleek ikusteko moduan. Horren xedea informazioa ematea
besterik ez da.
II.-
1. Bozketa hasi aurretik, hauteskunde-mahai bakoitzeko mahaiburuak
hauteskunde-softwarea eta bozketa elektronikoa egiteko beharrezkoak
diren elementuak eskuratuko ditu, kartazal prezintatu batean.
Kartazal horretan dagokion mahaiaren identifikazioa idatzita
egongo da eta mahaiburuari emango zaio. Mahaiburuak jaso
izanaren agiria izenpetu beharko du.
Elementuren bat ez egon arren, bozketa hasi baldin
badaiteke, mahaiburuak bozketari hasiera emango dio, baina
gora-behera horren berri eman behar dio eskualdeko hauteskunde-batzordeari,
falta diren elementuak ekar ditzaten.
2. Hori eta gero, mahaiburuak hautestontzi elektronikoa
irekiko du eta banda magnetikoa duten txartelak gorde
behar dituen kutxa hutsik dagoela egiaztatuko du. Ondoren,
hautestontzia prezintatu edo irekitzeko gailua blokeatu
egingo du.
3. Horren ostean, mahaiburuak bozketa elektronikoa
hasi ahal izateko eragiketak gauzatuko ditu: hautestontzi
elektronikoa eta botoa emateko pantailak aktibatuko ditu,
eta guztia prest egongo da bozketa hasteko. »
«132. atala. Laugarrena.- Bozketa
elektronikoa
I.-
1. Hautesleak banan-banan inguratuko dira dagokien mahaira
eta mahaikidetako batek banda magnetikoa duen bozketa-txartel
balioztatu bana emango die.
2. Hori eta gero, hauteslea kabinara sartuko da
eta botoa emateko pantailan banda magnetikoa duen bozketa-txartela
sartuko du, nahi duen aukera egin dezan. Horretarako,
dagokion hauteskunde-barrutiko hautagai-zerrenden izenak,
siglak eta sinboloak azalduko dira pantailan. Lerroka
ipiniko dira, ezkerretik eskuinera, aurkeztu diren hurrenkerari
jarraituta. Boto zuria eta baliogabea emateko aukerak
ere azalduko dira, azken lerroetan.
3. Aukera egin ondoren, botoa emateko pantailan
hautatutako hautagai-zerrenda azalduko da, aukeraren bat
eginez gero behintzat, bertan aurkeztutako hautagaiekin.
Hautesleak egindako aukera baieztatu beharko du. Baieztatu
nahi ez badu, hautesleak beste aukeraren bat egin ahal
izango du.
Aukera baieztatu ondoren, hautatu den botoa banda
magnetikoa duen txartelean grabatuko da. Botoa emateko
pantailak txartel hori itzuli egingo du hautesleak eskura
dezan.
4. Ondoren, hauteslea hautestontzi elektronikoa
dagoen tokira joango da eta bere izen-abizenak esango
dizkio mahaiburuari. Mahaikideek eta artekariek erroldako
zerrendaren ale egiaztatua edo aurkeztutako errolda-egiaztagiria
ikusi ahal izango dute, boto-emailearen izen-abizenak
eta nortasuna egiaztatzeko. Nortasun Agiri Nazionala edo
Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko 5/1990 Legearen
105. atalean adierazten diren agiritakoren bat aurkeztuta
justifikatzen da nortasuna.
5. Hori eta gero, hautesleak banda magnetikoa duen
txartela mahaiburuari eskura emango dio eta mahaiburuak
guztien begi-bistan “botoa eman du” edo “vota” esango
du eta banda magnetikoa duen txartela hautestontzi elektronikoan
sartuko du. Txartela hautestontzi elektronikoan geratuko
da, daraman informazioa euskarri magnetikoan dagoen hauteskundeetako
softwarean erregistratu ondoren. Erregistro horien sekuentzia
ausazko prozedura baten bidez zehaztuko da.
6. Banda magnetikoa duen txartela hautestontzian
sartu ondoren, hautesleak botoa eman duela ipiniko dute
mahaikideek mahaiko hautesle-erroldaren zerrenda egiaztatuan.
Hautesle guztiek izango dute eskubidea botoa eman dutela
behar bezala ipini duten ikusteko, aipatutako zerrenda
egiaztatuan.
7. Mahaiko erroldaren zerrenda egiaztatuaren eranskin
batean idatziko dira mahaiko erroldan inskribatuta egon
ez arren bertan botoa eman duten hautesleen izena, hala
egokituz gero. Inskribatu gabe botoa eman ahal izateko
errolda-egiaztagiri berezia edo epai-agiria aurkeztu behar
da.
8. Hautesleek ezin dute, inola ere, hauteskunde-mahaia
dagoen hautategitik irten banda magnetikoa duen bozketa-txartela
hartuta, mahaiko baimenik gabe behintzat.
II.- Hautesleren batek banda magnetikoa duen bozketa-txartelean
botoa grabatzeko edo txartela mahaiburuari emateko eragozpenik
badu, bere konfidantzazko pertsonaren batek lagun diezaioke,
honako kasu hauetan:
a) Irakurtzen ez badaki.
b) Muga fisikoren bat badu eta horrek boto elektronikoaren
eragiketaren bat egitea galarazten badio.
c) Hirurogeita hamar urte baino gehiago baldin
baditu.
Hala ere, hautesle bati laguntzen dion konfidantzazko pertsonak
ezingo dio beste inori lagundu, ez hauteskunde-mahai berean
eta ez beste batean ere, odol bidezko lehenengo mailako zuzeneko
ahaideei eta bigarren mailako zeharkako ahaideei izan ezik.
III.-
1. Mahaiburua konturatzen denean banda magnetikoa duten
bozketa-txartelak falta direla edo ez dutela funtzionatzen,
edo lege honetako 132. Bigarren I. atalean bozketa elektronikorako
adierazitako elementu edo tresnaren bat ondo ez dabilela,
boto elektronikorako materialaren arduradunari esango dio.
Egoera aztertu eta boto elektronikorako materialaren arduradunari
entzun ondoren, mahaiburuak erabakiko du arazoa konpontzen
den bitartean bozketarekin jarraitu daitekeen edo, aitzitik,
bozketa eten egin behar den. Bozketa eteten bada, eskualdeko
hauteskunde-batzordeari jakinarazi behar zaio, batzorde
horrek falta diren elementuak ekarri edo konpondu ditzan.
Ondoren, bozketarekin jarraituko da eta etenaren iraupenaren
arabera luzatuko da. Mahaiburuak erabakiko du zenbat denboraz
luzatu, gainontzeko mahaikideekin hitz egin ondoren. Nolanahi
ere, jendeari jakinarazi egingo zaio bozketa luzatu egin
dela, hautategiko sarreran.
2. Irregulartasuna hautestontzian euskarri magnetikoan
sartutako hauteskunde-softwarea ez dabilelako gertatzen
bada, eta hautestontzia berriro martxan jartzea beharrezkoa
bada, hautestontzia hustu egingo da eta bertan dauden
banda magnetikoa duten bozketa-txartelak atera egingo
dira. Gero, berriro sartu eta erregistratuko dira hautestontzian.
Azkenik, mahaiburuak bozketa berriro hasteko agindua emango
du, aurreko zenbakian adierazitakoaren arabera.
IV.- Bozketa bertan behera uzten bada, mahaiburuak ezin
egin izango du boto-zenbaketa. Ostera, banda magnetikoa
duten txartel guztiak apurtu egingo ditu, hautestontzian
sartuta egon ala ez, eta euskarri magnetikoan dagoen hauteskunde-softwarea
atera egingo da hautestontzitik. Hauteskunde-softwarea eta
gainerako materiala eta agiriak dagokion lurralde historikoko
hauteskunde-batzordera bidaliko dira.
V.- Edozein arrazoi dela eta, hautesleren bati ezinezkoa
baldin bazaio banda magnetikoa duen bozketa-txartela erregistratzea
botoa emateko pantailan edo hautestontzi elektronikoan,
mahaiak txartela une horretantxe apurtuko du, eta hautesleari
beste txartel balioztatu bat emango dio botoa eman ahal
izateko.
VI.-
1. Bozketa-tramitea bitartean mahaikideek hauteslea
fede txarrez dabilela ikusten badute, hau da, behin eta
berriro banda magnetikoa duten bozketa-txartel balioztatuak
eskuratu arren ez duela botoa emateko eskubidea gauzatzen,
mahaiburuak egoki iritzi dituen neurriak hartuko ditu bozketaren
ohiko jarduera eragotzi edo oztopatu nahian burutzen diren
ekintzak ekiditeko. Nolanahi ere, hautesleak eskuratu arren
erabili ez dituen banda magnetikoa duten bozketa-txartel
balioztatuak apurtu egingo ditu mahaiak.
2. Hautesle batek mahaikideengandik banda magnetikoa
duen bozketa-txartela eskuratu ondoren, bere kabuz erabakitzen
badu ez duela botoa emateko eskubideaz baliatu nahi, mahaiburuari
jakinaraziko dio. Mahaiburuak aipatutako txartela itzultzeko
eskatu dio eta mahaiak une horretantxe apurtuko.
VII.-
1. Jendaurreko bozketa amaitu ondoren, mahaiburuak posta
bidezko boto-txartelak dituzten kartazalak sartuko ditu
posta bidezko boto-txarteletarako prestatutako hautestontzian.
2. Botoen kartazalen sarrera amaitu ondoren, mahaiburuak
hautestontzitik banan bana aterako ditu kartazalak. Ireki
eta ozenki irakurriko du bertan ageri den hautagai-zerrendaren
izena. Mahaikideei, artekariei eta bertan dauden eskudunei
boto-txartela erakutsiko die.
3. Ondoren, mahaiburuak ahots ozenez esango du
hautestontzitik zenbat bozketa-kartazal atera diren. Mahaikideetako
batek lehendakariari emango dizkio kopuru horrekin bat
datozen banda magnetikoa duten bozketa-txartel balioztatuak.
4. Horren ondoren, mahaiburuak botoa emateko pantailan
grabatuko du banda magnetikoa duen txartela, boto-txartel
bakoitzean azaltzen den aukera adierazita. Gero, grabatutako
txartela hautestontzi elektronikoan sartuko du eta dagokion
boto-txartela, paperean dagoena, hautsi egingo du, ondorengo
5. zenbakiaren arabera baliogabetzat aitortzen direnak
izan ezik. Eragiketa horiek behin eta berriro egingo dira
txartel bakoitzarekin eta posta bidezko boto-txartel bakoitzarekin.
5. Mahaiak baliogabetzat aitortutako boto-txartelak
mahaikideek errubrikatu egingo dituzte, eta bilkura-agirian
artxibatuko dira, mahaiko gainerako hauteskunde-agiriekin
batera, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko
5/1990 Legearen 115. atalean xedatzen denaren arabera.»
VIII.- Aurreko eragiketak burutu ondoren, artekariek
eman ahal izango dute botoa. Hautesle-erroldaren zerrenda
egiaztatuaren eranskin batean idatziko dira izen-abizenak
eta artekariak direla adieraziko da, baina hori guztia mahaiko
hautesle-erroldan agertzen ez direnean bakarrik. Horren
ondoren, mahaikideek eman ahal izango dute botoa eta, azkenik,
mahaiburuak. Mahaiburuari dagokion banda magnetikoa duen bozketa-txartela
mahaikideetako batek sartuko du hautestontzian.
«132. atala. Bosgarrena.- Hauteskunde-mahaietako
boto-zenbaketa elektronikoa eta boto-zenbaketa orokorra.
I.- Boto baliogabea izango da:
a) Banda magnetikoa duen txartelean grabatutako aukera
boto baliogabea izan bada.
b) Banda magnetikoa duen bozketa-txartelean inolako
aukerarik grabatu ez bada, txartela ez delako botoa emateko
pantailan erabili.
II.-
III.-
1. Mahaikideek botoa eman orduko, mahaiburuak bozketa
amaitutzat emango du eta hautestontzi elektronikoaren zirrikitua
prezintatu egingo du. Horrela, gero boto gehiago sartuta
ere ez da operatiboa izango.
2. Ondoren, mahaiburuak ixteko eragiketak eta hautestontzi
elektronikoan erregistratutako boto guztien zenbaketa
egingo ditu, etenik gabe, mahaiko boto-zenbaketa lortu
ahal izateko.
3. Mahaiburuak ozenki irakurriko ditu hautestontzi
elektronikoaren pantailan azaltzen diren bozketa-zenbaketaren
emaitzak, eta honako datu hauek emango ditu:
a) Mahaiko hautesle-erroldan dauden hautesleen zenbatekoa,
Hautesleen Errolda Bulegoaren Ordezkaritzaren arabera.
b) Hautestontzi elektronikoan erregistratutako
hautesle-kopurua.
c) Boto baliogabeen kopurua.
d) Boto zurien kopurua.
e) Hautagai-zerrenda bakoitzaren botoak.
4. Horren ostean, mahaiburuak mahaiko zenbaketa-egiaztagiriari
dagokion inprimakia beteko du. Horretarako, pantailatik
kopiatuko ditu aipatu berri ditugun datuak. Kopiatutako
datuak behar bezala transkribatu direla ziurtatuko da.
5. Datu horiek Eusko Jaurlaritzari bidaliko zaizkio,
hauteskundeen emaitzei buruzko behin-behineko informazioa
emateko, beste eraginik gabe. Inola ere ezingo da dagokion
hauteskunde-mahaiaren eta ordenadore nagusiaren artean
datuen komunikaziorik ezarri, boto-zenbaketa bukatu baino
lehenago. Datu horiek, halaber, legebiltzarrean ordezkaritza
duten alderdien, federazioen, koalizioen eta hauteskunde-taldeen
esku jarriko dira, ahalik eta azkarren eta modurik gardenenean.
Horretarako, Eusko Jaurlaritzak beharrezkoak diren terminalak
ezarriko ditu alderdien federazioen, koalizioen eta hauteskunde-taldeen
egoitzetan.
6. Hori eta gero, mahaiburuak boto-zenbaketaren
aurkako kexarik edo erreklamaziorik dagoen galdetuko du
eta bilkura-agirian idatziko dira. Azkenik, mahaiburuak,
mahaikideek eta artekariek zenbaketa-egiaztagiria izenpetuko
dute.
7. Eragiketa hori egin eta berehala, denborarik
galdu gabe, zenbaketa-egiaztagiriaren kopia ipiniko da
hautategiaren sarreran. Zenbaketa-egiaztagiriaren beste
kopia bat EAEko administrazioak izendatutako pertsonari
emango zaio, hauteskundeen emaitzei buruzko informazioa
emateko, beste eraginik gabe. Hala eskatzen duten artekariei,
eskudunei eta hautagaiei ere kopia bana emango zaie. Hautagai-zerrenda
bakoitzeko kopia bat baino ez da emango.
IV.-
1. Hautestontzi elektronikoaren zirrikitua prezintatu eta
lehenago aipatu diren zenbaketa-eragiketak hasi ondoren,
hauteskunde-mahaiko zenbaketa-egiaztagiria betetzea eragozten
duen gora-beherarik izanez gero, dagokion lurralde historikoko
hauteskunde-batzordeari eman behar zaio gora-behera horren
berri eta hautestontzi elektroniko prezintatua bertara eraman
beharko dute mahaiburuak, mahaikideek eta, nahi izanez gero,
artekariek eta eskudunek, gainerako agiriekin batera. Gora-behera
hori bilkura-agirian adierazi beharko da. Kasu horretan,
mahaiburuak ertzaintzaren laguntza eskatu ahal izango du,
bidaia egiteko erraztasunak eman ditzan, eta hautestontzia
eta hauteskunde-agiriak babestu ditzan, hauteskunde-batzordera
heldu bitartean.
2. Lurralde historikoko hauteskunde-batzordeak
hautestontzi elektronikoa eta hauteskunde-agiriak jasoko
ditu eta ahalik eta azkarren hasiko da mahaiko boto-zenbaketa
jakiteko eragiketak egiten, mahaikideen eta, hala nahi
badute, artekarien eta eskudunen aurrean. Ondoren, mahaiko
zenbaketa-egiaztagiria beteko da, lege honetako 132. Bosgarren
III. 3. atalean eta hurrengoetan ezartzen denaren arabera.
V.-
1. Lehenago adierazitako zenbaketa-eragiketak amaitu ondoren,
mahaiburuak, mahaikideek eta artekariek bilkura-agiria bete
eta izenpetuko dute. Bilkura-agirian zehatz-mehatz jarriko
dira datu eta gora-behera hauek:
a) Aurkeztutako errolda-egiaztagiri berezien zenbatekoa,
erroldan alta ematekoak direnak.
b) Aurkeztutako epai-agirien zenbatekoa.
c) Mahai horretan erroldatuta egon ez arren,
botoa eman duten artekarien zenbatekoa.
d) Izandako kexen eta erreklamazioen azalpen laburra,
kexa edo erraklamazioa egin duen pertsona ere adieraziko
delarik.
e) Egindako kexei eta erreklamazioei buruz mahaiak
hartu dituen erabakiak eta boto partikularrak, egon
baldin badaude.
f) Jakin beharrekoa dela irizten den beste edozein
gora-behera edo gertakari.
2. Azkenik, boto elektronikorako materiala zaintzeko
arduradunak banda magnetikoa duten bozketa-txartel guztiak
bilduko ditu, hautestontzian egon ala ez. Gero, txartel
horiek ezabatu eta, ahal izanez gero, berriro erabiliko
dira, Herrizaingo Sailaren ardurapean eta Eusko Legebiltzarreko
Informatika Zerbitzuaren ikuskapenarekin.
VI.-
1. Hauteskunde-agirien lehenengo kartazalak honako hauek
edukiko ditu:
- Mahaiaren eratze-agiriaren jatorrizko alea.
-Zenbaketa-egiaztagiriaren jatorrizko alea.
- Bilkura-agiriaren jatorrizko alea.
- Hauteskunde-mahaiko hauteskunde-softwarearen
euskarri magnetikoak.
- Hautesle-erroldaren zerrenda egiaztatua.
- Aurkeztutako errolda-egiaztagiriak eta epai-agiriak.
- Posta bidezko boto-txartelak, baliogabetzat aitortu
direnean, edo horiei buruzko erreklamazio edo zalantzaren
bat izan denean.
- Hauteskunde-mahaiko beste edozein agiri.
2. Bigarren, hirugarren eta laugarren kartazalek
honako agiri hauek edukiko dituzte:
- Mahaiaren eratze-agiriaren hitzez hitzeko kopia.
-Zenbaketa-egiaztagiriaren hitzez hitzeko kopia.
Mahaiburuak, mahaikideek eta bertan dauden artekariek
izenpetuko dituzte kopia biak.
VII.- Lurralde historikoko hauteskunde-batzordeak Eusko
Legebiltzarreko Informatika Zerbitzura, EAEko hauteskunde-batzordearen
laguntzako organora hain zuzen, bidali beharko ditu hauteskunde-mahai
bakoitzeko euskarri magnetikoak, agirien lehenengo kartazalean
daudenak, lege honetako 142. Bigarren III. 1.d) atalean
aurreikusitako eraginetarako. Gauza bera egingo dute eskualdeko
hauteskunde-batzordeek hauteskunde egunean erabili ez diren
hauteskunde-softwarearen kopiekin.
VIII.- Mahai bakoitzeko hauteskunde-agirien
lehenengo kartazala aztertu ondoren, mahairen bateko zenbaketa-egiaztagiria
falta dela ikusten bada, hautagai-zerrendetako ordezkariren
batek edo haren eskudunak aurkeztutako zenbaketa-egiaztagiriarekin
ordeztu ahal izango da. Ondoren, mahaiari dagokion epaileari
ofizioa bidaliko zaio eta epaileak ahalik eta azkarren aurkeztu
beharko du agirien laugarren kartazala, berak eskuratu duena
hain zuzen. Kartazal horretan dagoen zenbaketa-egiaztagiria
hautagaiak aurkeztutakoarekin bat datorren ikusiko da eta,
bat ez badator, epailearen zenbaketa-egiaztagiria hartuko
da aintzat. Ordezkariek edo eskudunek kontraesanean dauden
kopiak aurkezten badituzte, ez da bat bera ere kontuan hartuko
eta zenbaketa orokorraren bilkura-agirian bakoitzaren bozketa
ezberdinak jasoko dira. Nolanahi ere, boto horien zenbaketa
behin-behinekoa izango da, agiriak legeak ezarritakora egokitzen
direla adierazten duen ziurtapen fedeemangarria ematen den
arte. »
«132. atala. Seigarrena.- Hauteskundeei
buruzko arau-hausteak boto elektronikoari dagokionez.
Hauteskunde-batzorde eskudunak 20.000 pezetatik 200.000
pezeta bitarteko isunak jarriko ditu, agintarien edo funtzionarioen
kasuan, eta 5.000 pezetatik 100.000 pezeta bitartekoak,
partikularren kasuan, boto elektronikoaren jardunbidea dela
eta honako arau-hauste hauetakoren bat egiten dutenei, nahiz
eta ez diren hauteskunde-delituak. Hala ere, Eusko Legebiltzarrerako
Hauteskundeei buruzko 5/1990 Legean isunetarako zenbateko
handiagoak ezartzen badira, legeak dioena izango da aintzat
hartuko dena.
a) Nahita aldatzea, manipulatzea edo erabilgaitz uztea,
fisikoki nahiz mekanikoki, boto sistema elektronikoaren
erabilerarako eta jardunbiderako beharrezkoak diren elementu
teknikoak eta tresna elektronikoak.
b) Banda magnetikoa duten bozketa-txartelak zenbatzeko
programa elektronikoak aldatzeko asmoz jardutea hauteskunde-mahaian.
c) Banda magnetikoa duten bozketa-txartelak fabrikatzea,
banatzea, merkaturatzea eta desegoki erabiltzea, lege honek
beren beregi baimentzen dituen jardueretatik kanpo.
d) Banda magnetikoa duten txartelak apurtzea bozketaren
edo mahaiko boto-zenbaketaren edozein unetan, lege honetako
132. Laugarren IV., V. eta VI. ataletan aurreikusten den
kasuetan izan ezik.
e) Mahaiburuak emandako banda magnetikoa duen bozketa-txartel
balioztatua beste txartel batekin ordeztea.
f) Banda magnetikoa duen bozketa-txartel dagoeneko balioztatua
manipulatzea eta, horren ondorioz, hautesleari txartel horrekin
botatzea ezinezkoa gertatzea.
g) Banda magnetikoa duen bozketa-txartel balioztatua hartuta
hauteskunde-mahaia dagoen hautategitik irtetea, mahaiko
baimenik gabe, lege honetako 132. Laugarren I.8. atalean
xedatutakoaren arabera.
h) Bozketa etenez gero hauteskunde-mahaiko boto-zenbaketa
egitea, lege honetako 132. Laugarren IV. atalean aurreikusitakoaren
arabera; baita boto-zenbaketa bozketa-eguneko arratsaldeko
zortziak baino lehenago egitea ere. »
«132. atala. Zazpigarrena.- Amaierako
xedapenak.
I.- Herrizaingo Sailak laguntzako betebehar hauek
izango ditu, hauteskunde gaietan Euskal Autonomia Erkidegoko
organo eskuduna denez:
a) Hauteskunde-barruti bakoitzeko boto elektronikoaren
softwarea lantzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskunde-batzordeari
ematea, hauteskunde mahai bakoitzerako egokitu gabe. Hori
hautagai-zerrendak aurkeztu eta gero egingo da.
b) Botatzeko jardunbide automatiko berriak herritarrei
jakinaraztea eta azaltzea, hauteskundeetarako deialdia
egin baino lehen.
c) Hauteskunde-mahaietako kideei bozketa elektronikoaren
jardunbideari buruzko prestakuntza ematea. Horretarako,
kide horiek informazioa emateko antolatzen den bilerara
joan beharko dute.
II.- Hautagaien aurkezpenaren aurkako errekurtsorik jartzen
bada, I.a) atalean adierazi den hauteskunde-softwarea beranduago
banatuko da errekurtsoak izan diren hauteskunde-barrutietan,
errekurtsoak erabakitzen direnean hain zuzen, Eusko Legebiltzarrerako
Hauteskundeei buruzko 5/1990 Legearen 67. atalean ezarritakoaren
arabera.»
|