Argitalpen-data: 2014/04/03

Eusko Jaurlaritzak Nekazaritza Ekologikoari ematen dion babesa indartu du

Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetza eta, ENEEK Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua elkarlanean ari dira Euskadiko Nekazaritza Ekologikoaren Sustapenerako Plana lantzen. Azken urte honetan, bai operadore kopuruak bai labore ekologikoetarako erabiltzen den azalerak %8 egin dute gora.

El viceconsejero de Agricultura, Pesca y Política Alimentaria del Gobierno Vasco, Bittor Oroz, acompañado del presidente del Consejo de Agricultura y Alimentación Ecológica de Euskadi (ENEEK)Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek, Elikagaien Kalitatearen eta Industrien zuzendari Peli Manterolarekin eta ENEEK Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko lehendakari Roman Bengoarekin batera, Euskadiko Nekazaritza Ekologikoaren 2013ko datuak aurkeztu ditu.

Aurkezpenean Oroz sailburuordeak esan duenez, “Euskadin nekazaritza ekologikoak hazteko aukerak dauzka eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailaren lehentasunetako bat da nekazaritza ekologikoaren ekoizpen eredua bultzatzea, ingurumenaren iraunkortasuna hobetzen aurrera eginez". Helburu hori lortzeko, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordetza eta ENEEK Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua elkarlanean ari dira Euskadiko Nekazaritza Ekologikoaren Sustapenerako Plana lantzen.

Era berean, ekoizpen mota horri pisu espezifiko handia ematen ari zaio une honetan idazten ari den 2014-2020 aldirako Lan Garapenerako Programaren baitan.

ENEEK erakundeko lehendakari Bengoak adierazi zuenez, Kontseiluaren helburua da “2016rako ekoizle kopurua eta landatutako hektarea kopurua 2013an zeudenen bikoitza izatea".

Orozek azaldu zuenez, Eusko Jaurlaritzak Kataluniako Generalitatearekin berriki izenpetu duen lankidetza hitzarmenean “lan eremuetako bat nekazaritza ekologikoaren bultzada eta laguntza izango da”. Ezagutzak transferitzea bultzatuko da eta lantalde euskaldun-katalan bat eratuko da, ekoizpen ekologikoa bultzatzeko lankidetza proiektu zehatzak abian jartzeko.

Sustapen Planaren barruko jarduketak

Euskadiko Nekazaritza Ekologikoaren Sustapen Planean jasotako jarduketen artean hauek azpimarratzen dira:

- Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluari (ENNEK) bere zereginetan laguntzea.

- Eremu honetako prestakuntza eta informazio transferentzia bultzatzea.

- Eremu honetan aholkularitza zerbitzuak emateko eta erabiltzeko egitura indartzea.

- Ekoizpen ekologikoan lehenengo aldiz parte hartzen duten nekazariei eta nekazari taldeei zuzendutako laguntzak ezartzea.

- Bereizgarri hau sustatzen laguntzen jarraitzea.

- Aktibo fisikoetan inbertitzeko laguntzak, besteak beste, nekazaritza ustiategiei, eraldaketa enpresei eta merkaturatze zirkuituak bultzatzen dituzten ekimenei, bereziki bide motzak bultzatzen dituztenei. Ekoizpen eredu honek lehentasuna izango du.

- Produktu ekologikoak ekoizten dituztenek jasotzen dituzten laguntza zuzenekin jarraitzea, ekoizpen eredu honek ohiko nekazaritzarekiko dituen aparteko kostuak behar bezala konpentsatzeko.

- Lankidetza erabakigarritasunez aktibatzea, eta bereziki berrikuntza aurreikusten dituzten jardueretan.

Zenbait datu

ENEEK erakundeak emandako datuen arabera, azken ekitaldian, operadore ekologikoen kopuruak %8 egin du gora Euskadin 2012ko datuekin alderatuta. Hori horrela, ekoizpen ekologikoan inskribatutakoak 2012koak baino 28 gehiago dira, 389. Bizkaiak %10eko igoera izan du, Gipuzkoak %8koa eta Arabak %5ekoa, eta Euskadiko operadore guztiak hartuta, Gipuzkoan guztirako operadoreen %40 daude, Araban %30 eta Bizkaian beste %30a.

Labore ekologikoaren azalerari dagokionez, 2012ko datuekin alderatuta %8ko igoera izan du, halaber, eta une honetan 2.627 ha daude labore ekologikora bideratuta. Bizkaiko azalera ekologikoak %6 egin du gora iazko datuekin alderatuta; Arabak, berriz, %8 eta, azkenik, Gipuzkoak %9.

Azalera horietatik guztietatik %59 larre, belardi, bazka eta proteaginosoak dira, %20 mahastiak, %6 zerealak eta lekale aleak, %6 fruta arbolak, %5 beste labore batzuk eta %4 ortuariak.

Mahastia Euskadiko landaketa ekologiko nagusia da, mahasti azalera iaz baino %13 txikiagoa bada ere. Euskadin landatuta dauden mahasti ekologikoen 521,5 ha-tik 502,06 Araban daude, 11,7 Gipuzkoan eta 7,2 ha Bizkaian. Mahastiek bezala, lekale aleen azalerak ere %23 gutxiago dira 2013arekiko, eta horietatik 28,7 ha Arabakoak dira.

Gora egin duten landaketen artean, nabarmendu egiten dira ortuariak, 2013aren bukaeran 104,4 ha hartzen zituztenak (%44ko hazkundea), landaketa industrialak, 23,3ko ha-rekin (%525eko igoera), olibondoak %93rekin (13,1 ha) eta tuberkuluak %23ko hazkundearekin (21,9 ha).

Abeltzaintza ekologikoari dagokionez, abeltzaintzako ustiategiak 77 dira Euskadin; horrek esan nahi du %11 gutxitu direla. Arrautzatarako hegazti hazkuntza (%23), okelatarako behiak (%21), eta okelatarako ardiak (%18) jarduera nagusiak dira.

Nekazaritzako elikagaien industriak

Euskadin ekoizpen ekologikorako erabiltzen den azalera oso handia ez bada ere, nekazaritza ekologikoko elikagaien eraldaketan diharduten enpresak asko dira estatuko beste erkidegoko batzuekin alderatuz gero.

Nekazaritzako elikagaigintzako jarduerak 128 dira eta aurreko urtetik Euskadin ez da zifra hori ez handitu ez txikitu. Bizkaian nekazaritzako elikagaien enpresen %23 elkartzen dira, %25 Araban eta %52 Gipuzkoan. Jardueraka, landare jatorriko produktuen enpresen barruan, azpimarratzekoak dira ogiaren elaborazioa (%35), ardoak egitea edota botilaratzea (%15) eta ardoak ez diren edari alkoholdunak egitea, esaterako sagardoa (%13). Animali jatorriko elikagaien enpresen artean, azpimarratzekoak dira gaztandegiak (%28), arrautzak ontziratzea (%21) eta arrainen kontserbak egiten dituztenak (%16).

Euskadiko operadore ekologiko guztien fakturazioak gora egin du 2013an zehar, 2012koaren %30 handiagoa izateraino, 13 milioi euro fakturatzeraino.