Argitalpen-data: 2015/01/28

Arabar Errioxak bere oliba olioaren ekoizpena eta kalitatea handitu ditu

Aparteko oliba olio birjinaren ekoizpenak oso maila onak izan ditu, kalitatea ez ezik kantitatea ere handitu da, eta 140.000 kilo oliba ekoitzi dira, 2013an baino %43 gehiago.

Arabar Errioxako OlioaArabar Errioxako Olioaren eta Olibondoaren Mahaiko (MAORA) presidente Gorka Mauleonek jakinarazi duenez, aparteko oliba olio birjinaren ekoizpenak oso maila onak izan ditu dastatze-paneletan, eta, horrenbestez, “kalitate-maila bikainak ditugu”. Kalitatea ez ezik kantitatea ere handitu da, eta 140.000 kilo oliba ekoitzi dira, 2013an baino %43 gehiago.

Itxura denez, Arabako eskualdeko oliba-ekoizle kopuruaren handitzea eta duela hamar urte landatutako olibondo asko ekoizpenean sartu izana dira handitze horren arrazoiak.

90.000 kilo inguru oliba Eusko Label zigilua duen Aparteko Oliba Olio Birjina egiteko erabiliko direla estimatzen da, oliba jasotzeko eta olioa ateratzeko prozesuan produktuaren ezaugarriak eta kalitatea mantentzen dituzten hainbat neurri bermatuta.

Sektorearen profesionalizatzea hobetzeko interesa ere azpimarratu behar da, olibondoa ekoizteko prozedurak hobetzeko prestakuntza-saioak programatuta eta olio-errotetan jardunbide egokiak sustatuta. Eskualde horretako olioaren ekoizpenean inplikatutakoak biltzen dituen eta Eusko Jaurlaritza ere partaide duen MAORAko arduradunaren hitzetan, ekintza horiek ekoizpenaren kantitatea eta kalitatea hobetzea dute xede; izan ere, prozedura horiekin “Arroniz barietateko oliben potentzialtasun asko atera ditzakegu oraindik”.