Osakidetzak profesionalak gonbidatzen ditu lan-hizkuntza gisa euskara aukeratzera

Argitalpen-data: 

Lehentasunezko hizkuntzaren hautaketa Osakidetzakoa aplikazioaren bidez egin behar da, eta prozesua errazteko bideo tutoriala sortu da.

Osakidetzak bere profesionalak gonbidatzen ditu lan-hizkuntza gisa euskara aukeratzeko kanpainan parte hartzera. Lehentasunezko hizkuntzaren erregistroa Osakidetzakoa aplikazio korporatiboaren bidez egin behar da. Prozesua errazteko, bideo-tutoriala sortu da; bertan, labur-labur azaltzen da profesional bakoitzak eman behar dituen urratsak, nahi duen hizkuntza aukeratzeko. Horrela, lehentasunezko hizkuntzaren erregistroa sortu ahal izango da erakundeari euskarazko zerbitzuen eskaintza hobea antolatzeko aukera emango diona.

Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Planean jasotzen den bezala, Osakidetza lanean ari da euskara, zerbitzu-hizkuntza izateaz gain, lan-hizkuntza ere izateko.

e ikurra duen identifikagarri urdina

Euskara lehenesten duten pertsonen kasuan, telefono-direktorioetan eta barne-erabilerarako zerrendetan e letrako ikur urdina agertuko da haien izenen ondoan, euskararen lehentasuna azpimarratuta. Pertsona horiekiko komunikazio indibidualizatuetan, erakundeak euskara erabiliko du, eta, horrez gain, Prestakuntza eta Lan Osasuna bezalako zerbitzuak euskaraz eskainiko zaizkie apurka-apurka. Horretarako, ezinbestekoa izango da profesional bakoitzak bere lehentasunezko hizkuntza erregistratzea, Osakidetzakoa aplikazioaren bidez.

Jakina da hizkuntza batean lan egitea bermerik onena dela edozein harreman motatan hizkuntza horren erabilera zuzena eta egokia ziurtatzeko. Hori dela eta, Osakidetzak ildoak irekitzen jarraitzen du, nahi duten profesional euskaldunek, batez ere paziente eta erabiltzaileekin euskaraz aritzen direnek, beren lana euskaraz garatu eta hobetu ahal izan dezaten.

 

osakidetza euskaraz