Eusko Jaurlaritza-URAk Busturialdeko Ur Partzuergoari helarazi dio lankidetzarako hitzarmen bat; saneamendu-sarea egin eta hondakin-urak Bermeoko araztegira bideratze aldera

Argitalpen-data: 

Urdaibai

URA-Eusko Jaurlaritzak Busturialdeko Ur Partzuergoari helarazi dio Lankidetzarako lan-hitzarmen bat, saneamendu-sarea eraiki eta hondakin-urak Bermeoko Lamiarango HUAra (Hondakin Uren Araztegira) bideratzea ahalbidetuko dituzten lanak burutze aldera.

Labur-labur esanda, lan-hitzarmenak aurreikusten dituen lanon artean honakoak daude: Mundakako itsasadarreko ezkerreko ertzeko kolektore nagusiaren atal desberdinak eraikitzea. Zehazki, Gernika-Lumo eta Busturia arteko tartea (Murueta auzoko hondakin-urak biltzeko bigarren mailako kolektore eta hodi biltzaile batzuk barne), Muxika Gernika tartea eta Sukarrietatik Lamiarango HUArainoko tartean ponpaketarako azpiegitura egitea barne.

Lan-hitzarmenaren arabera: alde batetik, URAren Euskal Agentziak — Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailera atxikia — 49.070.000€ inbertituko ditu 5 urteren buruan, 2003 geroztik Eusko Jaurlaritzak jada ordaindutako 35.000.000€-ei gehitzen zaiena; beste alde batetik, Busturialdeko Ur Partzuergoak konpromisoa hartu du kudeaketa plan bat zehazteko saneamendu azpiegituren mantentze teknikoa eta ekonomikoa ahalbidetze aldera, hartara, etorkizunean ur-hornidura eta hondakin-uren kudeaketarako beste administrazioen laguntza-eske jotzea ekiditeko.

Lan-hitzarmen horrek bat egiten du orain gutxi URA-Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Busturialdeko Ur Partzuergoak sinatu zuten beste lan-hitzarmen batekin: Urdaibaiko ur-hornidurarako Lurralde Ekintzarako Plana. Plan horrek Plangintza Hidrologikoan aurreikusitako ur-hornidurarako neurriak garatzeko oinarriak zehazten zituen; batit bat, Urdaibain maiz eman izan diren ur-hornidura eskasiei konponbidea emateko.

Horren harian, jakina da Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrogragikoko Plan Hidrologikoak zehaztu duela ur-horniduraren bermea eta hondakin-uren saneamendu egokiak uztartzeko ezinbesteko beharra. Derrigorrean behar dute erakunde-kudeatzaileak azpiegiturok eraginkor kudeatzea, kalte ekologikoak saihestu nahiko badira (kasurako emari ekologikoak aintzat ez hartzea, edota ibai-uren kalitate fisiko-kimikoa kalte lezaketen isurketak jarraitzea).

Lan-hitzarmen horretarako elkar hartzeak berebiziko garrantzia du Euskadiko ur-masen egoera ekologiko ona lortze aldera: bai URA-Eusko Jaurlaritzak egingo duten inbertsioaren kopuruagatik, baita Urdaibain ur-hornidura eta saneamendu arazoak denbora luzez jarraitu izanagatik ere.