Argitalpen-data: 2014/10/29

Lanbidek enplegu bilaketari buruzko informazio stand bat izango du BIME azokan

Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta EURES-Europako Enplegu Sareak BIME Recruting-en parte hartuko dute bihar, hots, industria sortzaileen lehen enplegu-foroan.

Lanbidek enplegu-bilaketari buruzko informazio-stand bat jarriko du bihar, ostegunean, BIME azokan. Azoka gaur hasi da, Barakaldoko BEC!-en. Lanbiden txertatuta dagoen EURES izeneko Europako Enplegu Zerbitzuen Sareak ere standa izango du, eta Europan lan egiteko eskaintzak egingo dituzte.

BIME Recruiting du izena azokaren barruan enplegua bilatzeko espazioak, eta musikaren eta industria digitalen sektoreko enpresen, prestakuntza-zentroen, ikasleen eta profesionalen arteko topagune izateko sortu da. Musikaren industriaren negozio-bide berriak bideo-joko, app, marketin eta beste teknologia berri batzuen bidez sustatzeko espazio bat.

BIME Recruiting industria sortzaileetan enplegu-aukera berriak bilatzen dituzten profesionalei, unibertsitate-ikasleei eta titulua atera berri duten ikasleei zuzentzen zaie. BIME Recruiting-ek askotariko profilak ditu xede, eta hauek dira nabarmenenak: musika, artea eta diseinua, enpresa-ikasketak, ingeniaritza, zuzenbidea, humanitateak eta turismoa.

Azokara joango direnek beren hautagaitzak aurkeztu ahal izango dizkiete parte hartuko duten enpresei, eta bertatik bertara ezagutu sektorean gehien bilatzen diren profil profesionalak. Gainera, prestakuntza espezializatuko zenbait eskaintza aurkeztuko dira, profesionalei beren profilak osatzen lagunduko dietenak. Sherpa, Irontec, Ticketbis, Delirium eta King (Candy Crush) eta beste enpresa batzuek eskainiko dituzte lanpostuak.

Eskainiko diren profilen artean, programatzaileena, ingeniariena, sistema-administratzaileena, marketin-arduradunarena eta komertzialarena daude. Gainera, lan-orientazioko hitzaldiak eta tailerrak egingo dira, sektore horiei zuzenduta.

BIME Recruiting-era joatea doakoa da, baina aurrez izena eman behar da webgunean.

Informazio gehiagorako, jo hauetara: www.bimerecruiting.com eta http://bime.net