Argitalpen-data: 2014/09/19

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak salatu du diru sarrerak bermatzeko errentari buruzko zurrumurru faltsuak hedatzen ari direla sare sozialetan

Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila.

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak salatu du etorkinek Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta familientzako laguntza gisa jasotzen dituzten zenbatekoei buruzko zurrumurru faltsuak hedatzen ari direla sare sozialetan.

Eusko Jaurlaritzak argi utzi nahi du Euskadin, behar ekonomikoko egoera duten pertsona guztiek dutela Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edo Etxebizitzaren Prestazio Osagarria jasotzeko eskubidea, beren jatorria gorabehera, baldin eta hiru urtez bizi eta erroldatuta egoteko betekizuna betetzen badute.

Hiru seme-alaba edo gehiago dituen familia batek 875 euro jaso ditzake gehienez Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta gisa (920 euro hiru seme-alaba edo gehiago dituzten guraso bakarreko familiek). Kopuru horri 250 euro gehi zaizkioke Etxebizitzaren Prestazio Osagarri gisa, alokairua ordaintzeko, dagokion kontratuarekin justifikatuta eta ordainketa-agiria aurkeztuta.

Kopuru horietatik gorako nominak –sare sozialetan modu interesatuan hedatzen ari direnak, esaterako– prozedura izapidetzerakoan izandako atzerapenen ondoriozko ordainketei dagozkie. Zenbait hilekoak izan daitezke atzerapenok.

Bestalde, 7 urtetik beherako seme-alabak izateagatik familiei ematen zaizkien laguntzei dagozkien nominak adingabeen kopuruaren araberakoak dira, eta urtean behin, nomina bakarrean, ordaintzen diren laguntzak dira.