Ba al zenekien?
- 2011ko Udal Hauteskundeetan, Espainiako egoiliarren hauteskunde-erroldan inskribatuta daudenez gain, honako hauek daukate bozkatzeko eskubidea: Espainiako egoiliarrak diren Europar Batasuneko 26 estatuetako hiritarrek, eta Norvegia, Islandia, Peru, Txile, Bolivia, Ekuador, Kolonbia, Paraguai, Zelanda
Berria eta Cabo Verdekoak, beti ere udalerriren batean erroldatuta badaude. Hala eta guztiz ere, 2011ko Foru Hauteskundeetan ez dute bozkatzeko eskubiderik izango.
- Ballotage deitzen zaio lehen itzulian boto gehien izan dituzten hautagaien artean aukeratzeko bigarren itzulia egiteari, lehenengo itzulian inork ez badu gehiengo osoa lortu. Sistema hori Frantzian sortu zen, eta gaur egun bertako hauteskunde gehienetan erabiltzen da, bai eta Iberoamerikako hainbat herrialdetan ere.
- Erresuma Batuko Lorden Ganberaren izen osoa hau da: "The Right Honourable the Lords Spiritual and Temporal of the United Kingdom of Great Britain and Northern Ireland in Parliament assembled". "Parlamentuan bildutako Britainia Handiko Erresuma Batuko eta Ipar Irlandako Lord Txit Ohoragarri espiritual eta mundutarrak"
- Eusko Legebiltzarrerako 1984ko hauteskundeetan, hauteskunde-mahaiek bi kide soilik izan zituzten, mahaiburua eta kidea. Bozketaren egunean ez zen gorabeherarik izan.
- Autonomia-hauteskundeetan aldarrikatutako hautagai-zerrenda bat blokean erretiratzen bada, hauteskunde-batzorde eskumendunak 4.675 euro bitarteko isuna ezarri ahal izango dio.
- D´Hondt en ordezkaritza proportzionalaren formulak bere sortzailearen izena darama. Victor D´Hondt (1841-1901) matematikaria eta Ganteko Unibertsitateko zuzenbideko irakaslea izan zen. 1878an asmatutako metodo hori, askoz ere lehenago proposatu zuen Thomas Jefferson presidente iparramerikarrak.
- Filipinetako 2010eko maiatzeko hauteskundeetan, Ferdinand Marcos diktadore ohiaren alargun Imelda Marcos diputatu hautatu zuten, 81 urterekin, bere senarraren sorterri zen Ilocos Iparraldeko probintzian. Halaber, bere alaba Imee probintzia horretako gobernadore eta bere seme "Bongbong" senatari hautatu zituzten.
- Erresuma Batuko Lorden Ganbera, oinordetzako pareek, eliza anglikanoko apezpiku eta artzapezpikuek eta koroak lehen ministroak proposatutako pertsona garrantzitsuen artean izendatutako biziarteko pareek osatzen dute.
- Estatuan eta autonomia-erkidegoetan emakumeek hautagai-zerrendetan presentzia handiagoa izateko neurriak, lehenengoz, 2005eko apirilaren 17ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan aplikatu ziren.
- Arabako kontzejuetarako hauteskundeetan, hautagai-zerrendarik aurkezten ez denean, kontzeju bakoitzeko
biztanleen
erroldan ageri den edozein pertsona bozka daiteke, betiere ezin hautatu izateko auziren batean murgilduta ez badago. 2009ko hauteskundeetan, 336 kontzejuetako 72tan aurkeztu ziren hautagai-zerrendak.
- Azaroaren 25eko 28/1983 Legea, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzkoa, izan zen autonomia-erkidego batek gai horren inguruan estatuan onartu zuen lehen legea .
- Irlandako legegintza-hauteskundeetan, boto-txartelean, hautagaiaren izenaren ondoan, ordezkatzen duen alderdiaren izena eta haren helbidea eta lanbidea ageri dira.
- 1980, 2001, 2005 eta 2009ko Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeetan eserlekuak lortzeko aplikatutako gutxieneko muga %3 izan zen. Eta 1984, 1986, 1990, 1994 eta 1998koetan, %5.
- Sufragio unibertsala lorpen nahiko berria da eta 1789ko Gizakiaren eta Hiritarren Eskubideen Aldarrikapena rekin lotuta dago. Horren VI. artikuluak honako hau zioen: Legeak borondate orokorra adierazten du: hiritar orok du zuzenean edo ordezkarien bitartez legeak egiteko prozesuan parte hartzeko eskubidea.
- Turkmenistan independenteko lehen presidentea Saparmyrat Nyýazow izan zen, bere burua Türkmenbasy edo "turkmenistandarren aita" deitzen zuena. Agintaldian zehar (1991-2006) bere burua ikaragarri goratu zuen: hilabeteen izena aldatu zuen, urtarrila Türkmenbasy izango zelarik, bere omenez, eta apirilak bere amaren izena, Gurbansoltanedzhe, hartuko zuelarik; herrialde osoan hainbat estatua eraikiarazi zituen, eta horietariko bat 75 metroko arku batean jarrarazi zuen Ashabat hiriburuan eta eguzkiaren arabera birarazten zuen mekanismo bat zuen, aurpegian inoiz itzalik izan ez zezan.
- Nigeria n ohitura da iparraldeko presidente musulman baten ondoren, hegoaldeko kristaua izatea hurrena.
- Eusko Legebiltzarreko 2008ko Araudi berriak legebiltzarkideek boto eskuordetua emateko aukera biltzen du, amatasun edo aitatasunagatik osoko bilkuretako bozketetara joan ezin direnean. Ordezkaritza taldeko bozeramaileari edo beste legebiltzarkide bati esleitu ahal izango zaio.
- Parte-hartze handiena izan duten Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2001ekoak izan ziren, hautesle-erroldaren %78,97rekin. Parte-hartze txikieneko hauteskundeak 1994koak izan ziren, erroldaren %59,69rekin.
- Tory hitza erabiltzen da alderdi kontserbadore britainiarreko kide edo aldekoak izendatzeko.Thairide edo tóraighe hitz irlandarretik dator eta bidelapurra esan nahi du.
- Bizkaiko Lurralde Historikoan, udal hauteskundeen egun berean aukeratzen dira Urduña ko Udalerria Baino Eremu Txikiagoko 4 toki-erakundeetako auzo-alkateak. Honako hauek dira lau toki-erakunde horiek: Belandia, Lendoño Goikoa, Lendoño Behekoa eta Mendeika. Gipuzkoan, Hernaniko Udalerria Baino Eremu Txikiagoko den Ereñotzuko auzo-alkatea aukeratzen da.
- Indiako parlamentuko beheko ganberan edo Lok Sabha- n (indi hizkuntzan "herriko etxea" esan nahi du), 37 alderdik dute ordezkaritza.
- Arabako Biltzar Nagusietarako 1979ko hauteskundeetan ez zen bozketarik egin eta ez zen hautagai-zerrendarik aurkeztu lurralde horretako biltzarkideak izendatzeko, tradizioaren arabera hautatu baitziren, alegia, Arabako Biltzar Nagusietako hauteskunde-barrutiak osatzen dituzten udalerrietako zinegotzi hautetsiek hautatu zituzten.
- EAEko 2007ko udal hauteskundeetan 100 biztanle baino gutxiagoko 3 udalerritan (Arakaldo, Baliarrain eta Orexa) alkatea hautatu zen hautagai bozkatuenen artean, zerrenden sistemaren bitartez hautatu beharrean.
- 1933ko azaroaren 19ko hauteskundeetan, Bizkaia-hiriburuko barrutiko diputatu hautatu zuten 1936tik 1939ra errepublikako presidente izango zen Manuel Azaña, Ekintza Errepublikarra alderdiaren ordezkaria.
- Gorte Konstituziogileetarako 1931ko ekainaren 28ko hauteskundeetan, gero lehendakari izango zen Jose Antonio Agirre eta Lekube diputatu aukeratu zuten Nafarroan nahiz Bizkaia-probintziako barrutian eta, ondoren, Bizkaia-probintziari zegokion eserlekuari uko egin zion.
- Gorte Konstituziogileetarako 1931ko ekainaren 28ko hauteskundeetan, Alderdi Komunista nagusi izan zen euskal herri bakarra Muskiz udalerri meatzaria izan zen; bertan, alderdi horren hautagaiek botoen %48 inguru eskuratu zuten.
- Bozketaren egunean hauteskunde mahaiko titular edo ordezkari funtzioak betetzera ez joatea delitu gisa zigortuko da, 3 hilabete eta urte bat bitarteko gartzelaldi zigorrarekin eta isun ekonomikoarekin.
- Japonian hauteskunde gehienetan erabiltzen den boto-txartela paper bereziaz egiten da, hautestontziaren barnean zabaldu dadin, kontaketa-prozesurako beharrezko denbora eta kostua murrizteko.
- Libano n oinarri konfesionaleko demokrazia parlamentarioa dute eta presidenteak kristau maronita izan behar du, lehen ministroak musulman sunita eta parlamentuko presidenteak musulman xiita. Konfesionalismoa hauteskundeetan ere aplikatzen da. Parlamentuko 128 eserlekuen erdiak islamaren adar desberdinetarako gordetzen dira eta, beste erdia, erlijio kristauentzat; beraz, nahitaez, 27 musulman sunita, 27 xiita, 8 druso, 2 alauitar, 34 kristau maronita, 14 greko-ortodoxo, 8 greko-katoliko, 5 armeniar ortodoxo, 1 armeniar katoliko, 1 ebanjeliko eta gainerako eliza kristauetako beste bat hautatu behar dira.
- Uruguain, legegintza-hauteskundeetan nahitaezkoa da botoa ematea eta pisuzko arrazoiren batengatik bozkatu ezin izan zuela egiaztatzen ez duenak ezingo ditu soldatak, erretiroak, pentsioak edo estatuak edozein kontzepturengatik zor dion zenbatekorik kobratu, ez eta administrazio publikoan sartu edo irakaskuntza publikoko azterketetarako izena eman ere, edo horietara aurkeztu edo garraio-konpainiaren baten atzerritako bidaia-txartelik eskuratu.
- Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan (2009) hautesleek bozkatzeko aukera izateko 34.000 pertsona baino gehiago mobilizatu ziren.
- 2009ko autonomia-hauteskundeetan bozkatu ahal izateko, lan egin behar zuten pertsonei baimen ordaindua eman zien enpresak. Baimenaren iraupena lan-jarduna eta bozketa-ordutegia zenbatean bat zetozenaren araberakoa izan zen.
- Ellen Johnson-Serlief, "Mama Serlief" ezizenez ezaguna dena, 2006ko urtarrilaren 16an Afrikako herrialde bateko lehen emakumezko presidentea bihurtu zen, Liberiako estatuburu aukeratu zutenean.
- Suitzako Appenzell Innerhoden eta Glarus kantoietan zuzeneko demokrazia erabiltzen dute. Urtean behin, herria plaza publiko batean biltzen da Landsgemeinde edo lurralde-biltzarrean eta eskua jasozko botazioan erabakitzen ditu kantoietako hainbat organoen osaketa, legeak edo konstituzioaren aldaketak, aurrekontuak eta bestelako gaiak.
- Ameriketako Estatu Batuetan, estatuetako gobernadoreak eta legegintzako ganberak hautatzeko hauteskundeekin batera, erreferendum asko egiten dira. Adibidez, New Yorkeko estatuan, 2009ko azaroan, espetxeratutakoei irabazi asmorik gabeko erakundeentzako lan egiteko baimena ematea edo linea elektrikoak ordaintzeko estatuaren basoak saldu ahal izatea bezalako gaiak aztertu ziren erreferendumean.
- Eusko Legebiltzarrerako 2009ko hauteskundeetan:
- Mahaietan Braille sistemaren bidez botoa emateko aukera 31 pertsonak eskatu zuten lehenengoz.
- Aldi baterako atzerrian egoitza zuten 200 pertsonak eskatu zuten, lehenengo aldiz, posta bidezko botoa.
- 3 itsasgizonek eskatu zuten itsasoratutakoen posta bidezko botoa .
- Frantzia da Atzerrian dauden Egoiliarren Erroldan hautesle gehien dituena, 89.303.
- Botoa emateko gutxieneko adina 21 urte da Saudi Arabian, Omanen, Malasian edo Gabonen, eta 20 urte, Japonian. Aldiz, Brasilen, 16 urterekin eman daiteke botoa. Espainiako bigarren errepublikan, bozkatzeko eskubidea izateko gutxieneko adina 23 urte zen, aurreko legedian ezarritako 25 urteko adina jaitsi ondoren.
- Suitzan, 1971n ezarri zen emakumeen sufragio unibertsala estatu-mailan. Horretarako, erreferendum bat deitu zen, eta biztanleen %34k eskubide horren aurka bozkatu zuen; 1959an beste erreferendum bat egin zen eta emakumeen sufragioak porrot nabarmena izan zuen. Hala ere, zenbait kantoitan emakumeek ez zuten botorako eskubiderik izan, 1990eko azaroan, Auzitegi Goren Federalaren erabaki batek Appenzell Innerroden kantoian eskubide hori ezarri zuen arte. Kantoi horretako gizonak ziren eskubide hori aitortu nahi ez zuten azkenak.
- Erresuma Batuan, hauteskunde orokorretarako hautagai-zerrenda aurkezteko , 500 libera ordaindu behar dira eta hautagaiari itzuli egiten zaizkio bere barrutiko baliozko botoen %5 lortzen badu.
- Gaur egun arte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako barrutietan egin diren Diputatuen Kongresurako hauteskundeetan eserleku -kopuruak desberdinak izan dira. Horrela, 1977 eta 1989 arteko 5 hauteskundeetan, hautatu beharreko diputatuak 21 izan ziren (Arabak 4, Bizkaiak 10 eta Gipuzkoak 7). Ondoren, 1993tik 2004rako lau hauteskundeetan, 19ra murriztu zen kopurua (eserleku bana gutxiago Bizkaiak eta Gipuzkoak), eta azken hauteskundeetan, 2008koetan, 18 izan ziren (Bizkaiak eserleku bat gutxiago).
- Espainiako 2. errepublikako legegintza -hauteskundeetan, gaur egungo Euskadiko Autonomia Erkidegoko barrutietan 17 diputatu hautatzen ziren, honela banatuta: Araban 2, Gipuzkoan 6, Bizkaia-hiriburuan 6 eta Bizkaia-probintzian 3.
- 1933ko azaroaren 19ko legegintza-hauteskundeak izan ziren, 1931ko Konstituzioaren 35. artikuluan oinarrituta, Espainiako estatuan emakumeen sufragio unibertsala lehenengoz aplikatu zutenak. Hala ere, Primo de Riveraren diktaduran onartutako 1924ko Udal Estatutuak onartzen zuen emakumeen botoa udal hauteskundeetan, betiere 23 urtez gorakoak eta emantzipatuak baziren, ezkonduak eta "bizimodu txarreko etxeetako jabe eta apopiloak" baztertuta.
- Ramiro de Maeztu idazle arabarra eta Renovación Española alderdiko kidea monarkiko eta tradizionalisten arteko koalizioarekin aurkeztu zen 1933ko azaroaren 19ko hauteskundeetara eta Gipuzkoako diputatu aukeratu zuten.
- K.A. VI. mende inguruan sartu zen Atenasen ostrazismoa . Urtean behin herriari norbait kanporatu behar zen galdetzen zitzaion eta baietz bozkatzen bazuten, beste bilera bat deitzen zen eta, bertan, hiritar bakoitzak, zeramika edo ostraka zati batean, bere ustez Atenasetik kanporatu behar zirenen izena idazten zuen. Boto gehien zituen pertsonak hiritik alde egin behar zuen 10 urterako, betiere 6.000 pertsonako gutxieneko quoruma lortu bazen.
- Udal hauteskundeetan, zinegotzigoak D'Hondten sistema proportzionalarekin hautatzen dira, 100 biztanle baino gutxiagoko eta 100-250 biztanleko udalerrietan ezik; horietan 3 edo 5 zinegotzi aukeratzen dira, hurrenez hurren. Hauetan guztietan, zinegotzi-kargua hautagairik bozkatuenen artean izendatzen da.
- Komunen Ganbera Europar Batasun guztiko legegintzako beheko ganbera rik handiena da eta 650 kide ditu. Ziprekoa da txikiena, 56 kiderekin.
- Irlandan, hauteskundeetan, boto bakar transferigarriaren sistema erabiltzen da. Hautesle bakoitzak bere barrutian aurkezten diren hautagaien lehentasun-ordena marka dezake. Sistema oso konplexua denez, boto-kontaketa bereziki geldoa da, bi egun iraun dezakeelarik.
- Irlandako goiko ganbera ez da lurralde-ordezkaritzakoa, profesionala baizik; beraz, unibertsitateek, intelektualek, kulturak eta merkataritzak, besteak beste, ordezkaritza dute. Gauza bertsua gertatzen da Esloveniako Kontseilu Nazionalarekin, goiko ganberarekin.
- Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, Udalak 5.842 euroko isunarekin zigortu ahal izango du hautagaiek baimenduta ez dauden lekuetan propaganda grafikoa jartzea. Horrez gain, hautagai-zerrendek propaganda bozketaren ondorengo 15 egunetan kendu beharko dute. Ez badute hala egiten, udalek kenduko dute eta horrek eragindako gastuak hauteskundeetarako diru-laguntzetatik deskontatuko zaizkie araua urratu duten hautagai-zerrendei.
- Atenaseko antzinako demokrazian , kargu politiko gehienak hiritarren artean zozketaz aukeratzen ziren eta gutxiengoa ziren hautaketarako bozketa baliatzen zutenak.
Hauteskunde Administrazio, Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritza
Azken aldaketa 2012/02/28
© 2011 - Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco