Logo Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco Logo Euskadi.net
Inicio
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

Aldizkari honetan argitaratua: 2005177 zk.- 2005/09/16 Laburpena Pdf forma tuan
Xedapenaren lehenengo orria: 16952 Xedapena Pdf formatuan

Xedapen Orokorrak

Euskal Herriko Unibertsitatea

EBAZPENA, 2005eko abuztuaren 8koa, Euskal Herriko Unibertsitateko akademi antolakuntzako errektoreordearena, lehenengo eta bigarren zikloko ikasketen gestiorako araudia (2005-2006 ikasturtea) eta presondegietan dauden pertsonei buruzko EHUren protokoloa (II. eranskina) argitaratzeko dena.

Unibertsitateak, emanda dauzkan eskumenez baliatuta, arauak eta prozedurak onartu behar ditu gestio arloei dagozkien zereginak tramitatzeko. Akademi Gestioaren alorrean, esate baterako, unibertsitatean sartuko direnen eskaerak eta matrikula tramitatu behar ditu, lehen maila baino goragoko ikasleen matrikula egin, horretarako epeak eta prozedurak erabaki, eta ikasleon espediente akademikoak gestionatu.

Proposamen honen helburua, bestalde, indarrean dagoen araudia eguneratzea da 2005-2006 ikasturterako; eta lehenengo eta bigarren zikloetako ikasketak gestionatzeko oinarrizko araudia egituratzea, zerbitzu zentralen zein ikastegi eta sailen jardunak aurrera eramateko eta ikasleen eskubideak bermatzeko balio dezan.

Helburua gero eta beharrezkoagoa da aipaturiko ikasketen gestioa konplexua delako: titulazioak gero eta gehiago dira, eta ikasketa planen kasuistika gero eta anitzagoa. Eta, horrez gain, beste arautegi batzuen aplikazioa ere kontuan hartu behar da, hala nola aukera askea eta irakaskuntzaren plangintzari eta ikasleen ebaluazioari buruzkoa.

Gobernu Kontseiluak oinarrizko arautegia onartu eta gero, ikasturte bakoitzeko eguneratzea Akademia Antolakuntzako Azpibatzordearen esku utziko da, kasuan kasuko errektoreordetzek proposamena egin eta gero. Modu horretara, tramite hauek arinago egin ahal izango dira: testuaren itzulpena; EHAAn argitaratzea, araudian zehaztutako tramiteei ekin baino lehenago (izena ematea, matrikulak, automatrikulak, leku-aldaketak, praktikak, eta abar); eta dekanotza zein zuzendaritza eta idazkaritzetara bidaltzea.

Akademia Antolakuntzako Azpibatzordeak proposamen honen aldeko iritzia azaldu zuen 2005eko apirilaren 7ko bileran, eta Gobernu Kontseiluak onetsi egin zuen 2005eko apirilaren 27an egindakoan.

Bestalde, Gobernu Kontseiluak 2004ko urriaren 28ko bileran onartu zuen presondegietan dauden pertsonei buruzko EHUren protokoloa, ebazpen honen II. eranskin moduan agertzen dena.

Horregatik guztiagatik, eta Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legeko 10.2. artikuluaren arabera (2004ko martxoaren 12ko EHAA), honakoa

EBATZI DUT:

Bakarra: lehenengo eta Bigarren Zikloko Ikasketen Gestiorako Araudia (2005-2006 ikasturtea) Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea. Araudiaren testua ebazpen honen I. eranskinean dago, eta 2004ko maiatzaren 21ean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutakoa ordezkatuko du. Halaber presondegietan diren pertsonei buruzko protokoloa argitaratzen da (II. eranskina).

Leioa, 2005eko abuztuaren 8a.

Akademi Antolakuntzako errektoreordea, (2005-06-03ko Ebazpena, 2005-07-19ko EHAA).

Errektorea

Akademi Antolakuntzako Errektoreordea,

Eskumenak eskuordetuta (2005eko ekainaren 3ko Ebazpena, 2005-07-19ko EHAA),

EVA FERREIRA GARCÍA.

1.ERANSKINA

LEHENENGO ETA BIGARREN ZIKLOKO IKASKETEN GESTIORAKO ARAUDIA.

2005-2006 IKASTURTEA

AKADEMIA ANTOLAKUNTZAKO ERREKTOREORDETZA AKADEMIA GESTIORAKO ZERBITZUA

UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO/EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN PROTOKOLOA PRESONDEGIETAN DIREN PERTSONEI BURUZKOA

I KAPITULUA

LEHENENGO ZIKLORA SARTZEA

1. artikulua.– Plazak gordetzea.

1.– Plaza mugatuak dituzten ikasketetan plazen ehunek hauek gordeko dira honako talde hauetarako:

 

a.– Unibertsitateko titulatuentzat plazen % 3.

b.– Europako Batasunekoak ez diren ikasleentzat plazen % 3.

c.– Lanbide Heziketakoentzat plazen % 20 1. zikloa baino ez duten titulazioetarako, eta % 7, berriz, 1. eta. 2. zikloko titulazioetarako, baldin eta Ikastegiko Batzarrak beste kopuru bat zehazten ez badu, arautegi orokorrak ezarrita dauzkan mugen barruan.

d.– % 33ko ezintasun maila edo handiagoa duten ikasleentzat plazen % 3.

e.– Goi mailako kirolarientzat plazen % 3.

 

f.– 25 urtetik gorakoentzat plazen % 3.

 

2.– Barruti irekia. Lehenengo edo bigarren zikloko ikasketak egin nahi dituzten ikasle guztiek izango dute aukera hori, ohiko deialdikoek zein ezohiko deialdikoek.

Sarbide motak eta agiriak.

2. artikulua.– EHUn sartzeko eskaera egiteko orduan, honako sarbideak daude, ikasle motaren arabera:

– UBIko ikaslea izanda Hautaprobak EHUn egitea.

– IEEko ikaslea izanda Hautaprobak EHUn egitea.

– UBIko ikaslea izanda, Hautaprobak EHUtik kanpo egitea.

– Unibertsitateko titulatua izatea.

– Lanbide Heziketako ikasleak, lanbide moduluetakoak edo prestakuntza zikloetakoak izatea.

– Atzerriko ikaslea izatea.

– EHUn 25etik gorakoentzako gaitasun probak gainditzea.

– Ikasle ezindua izatea edo goi mailako kirolaria.

 

– LOGSEko ikasle izanda Hautaprobak EHUn egitea.

3. artikulua.– Unibertsitatean sartzeko eskaria egiteko honako agiriak aurkeztu behar dira:

a.– Izena emateko orria, behar bezala beteta.

b.– NANaren edo pasaportearen fotokopia.

c.– Ikasketen ziurtagiria (aukeratu den titulurako sarrera ematen duten ikasketena, gordetako plazen banaketa kontuan hartuta); Hautaprobetako txartela, Lanbide Heziketako ikasketen ziurtagiria, unibertsitateko titulua (EHUn lehenengo zikloa osatu dutenek edo tituludunek ez dute aurkeztu behar).

d.– Ikasle ezinduentzat eta goi mailako kirolarientzat gordetako plazen bidez sartu nahi duten ikasleek egoera hori frogatzen duen dokumentua aurkeztu behar dute, kasuan kasuko administrazioak emana.

Eskariak egiteko epeak eta tokiak eta aukera kopurua.

4. artikulua.– Eskariak honako epeetan egingo dira:

a.– Ekainaren 27tik uztailaren 1era, biak barne: Hautaprobetako ikasleak eta Lanbide Heziketakoak, aurtengo ikasturtean ohiko deialdian gainditu dutenak (bigarren hezkuntzako ikastegiaren bitartez egin ez badute) edo 2005a baino lehenagoko deialdietakoak; 25 urtetik gorakoentzat EHUn egiten diren gaitasun probak 2005eko deialdia baino lehen gainditu dutenak.

b.– Irailaren 1etik 5era, biak barne: ikasle titulatuak; 2. ziklora sartu nahi dutenak, baldin eta aurtengo ikasturteko edo aurrekoetako ohiko deialdikoak badira; Europako Batasunekoak ez diren ikasle atzerritarrak; Hautaprobetako ikasleak eta Lanbide Heziketakoak, ezohiko deialdikoak (bigarren hezkuntzako ikastegiaren bitartez egin ez badute), baldin eta titulazioan plaza hutsik badago.

c.– Irailaren 26tik 27ra, biak barne: izena emateko aparteko epea, plaza hutsak dituzten titulazioetarako.

 

5. artikulua.– Eskaera bakarra egin ahal izango da, eta honako bulegoetako batean:

Arabako campusa

Izardui komandantea k/, 2 Gasteiz

Gipuzkoako Campusa, Akademia Gestioko Bulegoa

 

Elhuyar plaza, 1 Donostia

Bizkaiko Campusa, Ikasleen Atala (Sarbideko Bulegoa)

I. ikasgelategia, beheko solairua - Leioa - Bizkaia

6. artikulua.– Eskariak ebazteko beharrezkoak iruditzen zaizkion dokumentu osagarriak eska ditzake unibertsitateak.

7. artikulua.– Ikasleek SEI titulazio eskatu ahal izango dituzte matrikulatzeko.

 

8. artikulua.– Izena interneten bidez ematea. EHUko ikasle izanda unibertsitate honetan bertan beste titulazio bat ikasi nahi dutenek, Idazkaritza Birtualaren bidez egin dezakete eskaera, ikastegietako sarreretan dauden ordenagailuetan. Bestela, Internetako honako helbidean ere egin dezakete: http://www.ehu.es/sarrera. Horretarako epeak honakoak dira:

a.– Ekainaren 1etik 30era, edozein titulaziotako lehen ziklora sartu nahi dutenentzat, Hautaprobetatik edo Lanbide Heziketatik etorrita edo 25 urtetik gorakoak izanda.

b.– Ekainaren 1etik irailaren 1era, unibertsitate titulua dutenentzat eta bigarren ziklora sartu nahi dutenentzat, titulazioa bi ziklokoa denean edo bigarren ziklokoa baino ez denean.

9. artikulua.– Giza Elikadura eta Dietetikako diplomaturan sartzeko bidea.

Giza Elikadura eta Dietetikako diplomaturara Lanbide Heziketatik sartzeko adarrak: «Analisia eta Kontrola», «Dietetika», «Farmazia Produktuen eta Antzekoen Fabrikazioa», «Elikagaien Industriak», «Prozesu Kimikoen Industriak», «Diagnostiko Klinikoetarako Laborategiak», «Ingurugiro Kimika», «Ingurugiro Osasuna», «Zaharberritzea», eta Lanbide Heziketako II. mailako gainontzeko adarrak eta «Osasuna» eta «Kimika» moduluetakoak.

 

10. artikulua.– Unibertsitateko ikasketak hasita dauzkaten ikasleak.

Unibertsitateko ikasketak hasita dituzten ikasleek prozedura hauetakoren bat erabiliz egingo dute eskaria, dagokienaren arabera:

 

a.– Ikasketa (titulazio) berbera egiten jarraitu nahi duten ikasleak, beste unibertsitate batetik edo EHUko beste ikastegi batetik datozenean (leku aldaketak).

Ikasketak egiten jarraitu nahi duten ikastegiko idazkaritzan aurkeztuko dute eskaria, 2005eko irailaren 15etik 30era bitartean. Ikastegiko dekanoak edo zuzendariak –errektoreak eginkizunak eskuordetuta– ebatziko ditu eskariak honako baldintza hauen arabera, gestio horren ardura duen organoak egindako proposamena ikusita:

1.– Lehenengo maila oso-osorik gaindituta izatea edo 60 kreditu gaindituta izatea.

2.– Iraute Arauetan zehaztutako deialdiak agortuta ez izatea.

3.– Ikastegiko zuzendaritzak onartu ahal izango ditu titulazio horretako lehenengo mailan sartzeko ezarrita dagoen kopuruarekin bateragarriak diren leku aldaketak. Horretarako, ikastegiko Akademia Antolakuntzako Batzordeak egindako irizpide objektiboak izango dira kontuan. Irizpideok iragarki oholean egongo dira izena emateko, epea hasi baino lehen.

Ikasleek, onartuak izan ondoren, espedientea ikastegi berrira aldatzea eskatu beharko dute jatorrizko ikastegian. Horretarako, onarpen gutuna eraman beharko dute jatorrizko ikastegira.

Aurreko 1. atalean zehaztutako baldintzak betetzen ez dituzten eskabideak 69/2000 EDn plazak esleitzeko ematen diren arau orokorren menpe geratuko dira. Horrela, bada, onarpen eskabidea (izena emateko orria) aurkeztu beharko dute Leioako Ikasleen Atalean edo Arabako edo Gipuzkoako errektoreordetzetan. Horretarako epea ekainaren 27tik uztailaren 1era bitartekoa izango da. Ikasle horiei espediente berria egingo zaie, 1. mailako agiriak oinarri hartuta; nahitaez aldatu beharko dute lekuz espedientea, eta tasak ordaindu.

 

b.– Unibertsitateko ikasketak hasita dituzten ikasleek beste ikasketa batzuk hasi nahi dituztenean.

 

Izena emateko beste eskari bat egin beharko dute, prozedura orokorrean ezarritako epe eta egunetan. Eskari horiek unibertsitatera lehenengoz sartzen diren ikasleen eskariekin batera aztertuko dira, hau da, Hautaprobetako kalifikazioaren edo horren pareko kalifikazioaren arabera. Ez da prozedura hori bete beharko lehendik egindako ikasketak eta egin nahi direnak antzekoak badira eta, hori dela eta, ikasleak lehenengo mailatik gorako maila batean sartzeko aukera badauka. Horrelakoetan, ikasleak ikastegiko Idazkaritzan aurkeztu beharko du eskaria irailaren 15etik 30era bitartean. Eskari horiek dekanoak/zuzendariak ebatziko ditu a) atalean adierazitako irizpideen arabera. Ikasle horiei espediente berria egingo zaie, 1. mailako agiriak oinarri hartuta; nahitaez aldatu beharko dute lekuz espedientea, eta tasak ordaindu.

c.– Unibertsitateko ikasketak atzerrian hasi dituzten ikasleak.

Matrikula egin nahi duten ikastegiko Idazkaritzan aurkeztuko dute eskaria, 2005eko irailaren 15etik 30era bitartean. Ikastegiko dekanoak edo zuzendariak ebatziko ditu eskariak –errektoreak horretarako eskumenak eskuordetuta– ikastegiko Baliozkotze Batzordeak 69/2000 Errege Dekretuko 21. artikuluari jarraiki ezarritako irizpideak erabiliz.

d.– Ikasleak espedientea lekuz aldatzeko eskaera egingo du, baina izena emateko prozesuan ere parte hartzeko aukera izango du, 2. artikuluan zehaztutako modalitateren bati jarraiki.

11. artikulua.– Izena emateko eskaria berrestea, plazak adjudikatzea eta matrikula.

Hautaprobak euskal barrutian gaindituta izanda 2005-2006 ikasturtean EHUn sartzeko eskaria egin duten ikasleek berretsi egin beharko dute eskaria, lehengoari eusteko edo aldaketak egiteko. Hori honako toki eta egunetan egin beharko dute:

a.– Hautaprobak ohiko deialdian (2005eko ekainean) gainditu dituzten ikasleek: ekainaren 20tik 24ra, biak barne, lehen aukeran hautatutako ikastegiko idazkaritzan, edo 5. artikuluan adierazitako bulegoetan.

b.– Hautaprobak ezohiko deialdian (2005eko uztailean) gainditu dituzten ikasleek: uztailaren 26tik 29ra, biak barne, 5. artikuluan adierazitako bulegoetan (bulego horietan baino ezin izango da egin).

12. artikulua.– Plaza mugarik ez daukaten ikasketetan ikasleek epearen barruan egindako eskari guztiak onartuko dira, sarbide mota dena delarik ere, hori guztia 69/2000 Errege Dekretuko 1.4. artikulua betez.

 

13. artikulua.– Plazak mugatzeko baimena duten ikasketetako plazen adjudikazioa 69/2000 EDn zehaztutako lehentasunei jarraituz egingo da, ikasleak adieraziriko hobespenak errespetatuz eta honako irizpide hauek kontutan harturik:

 

a.– Atzerritarrek, ezinduek eta goi mailako kirolariek osatzen duten taldeko plazak hautaprobetako edota LHko taldeari esleituko zaizkio printzipioz, eta talde horietako eskariak, halakorik egonez gero, dagokien ehunekora arte onartuko dira, salbu-eta ikasle horiek eurentzat gordetako plazak betetzen dituzten ikastegietan (aurreko ikasturteetako datuen arabera). Azken kasu horretan plazak ez zaizkio esleituko Hautaprobetako edo LHko taldeari.

b.– Titulatuen taldeko plazak, 25 urtetik gorakoenak eta Lanbide Heziketakoenak ere HAUTAPROBETAko taldeari esleituko zaizkio hasiera batean, ikasle horiek eurentzat gordetako plazak betetzen dituzten ikastegietan izan ezik (aurreko urteetako datuen arabera).

c.– Unibertsitateen Kontseiluak baimendutako muga igo egingo da, urriaren 31 baino lehen baliogabetutako matrikula kopurua gehituta. Igoera hori dagokien ikastegiekin erabakiko da, eta hautaprobetako edota LHko ikasleek beteko dituzte, lehentasunen hurrenkera zehatz-mehatz gordez.

14. artikulua.– 1.– 1. eta 2. zikloko ikasketetara sartzeko eskaerak ikaslearen batez besteko notaren hiru hamartarrak kontutan hartuta ordenatuko dira, dagokion balorazio irizpidea oinarri hartuta.

 

2.– Ikasleak unibertsitateko tituluren bat badu, unibertsitateko espedienteko batez besteko nota honela kalkulatuko da, baldin eta nota hori ikasketen ziurtagirian adierazita ez badago:

Sarbideko kalifikazioak homologatu ahal izateko, ondoko taulan adierazitako zenbakiak esleituko zaizkie kalifikazio kualitatiboei: baliozkotuta: 1 (kalifikaziorik gabeko irakasgaian), nahikoa: 1, oso ongi: 2, bikain: 3, ohorezko matrikula: 4.

 

Kreditutan egituratuta ez dauden ikasketa planetan honela kalkulatuko da batez besteko nota: kalifikazio bakoitza biderkatuko da taularen arabera dagokion puntuazioaz, eta gero emaitza guztiak batu egingo dira, emaitza hori zati egingo da titulazioko irakasgaien kopuru osoaz. Lauhileko edo seihileko irakasgaien kasuan, kalifikazioaren erdia hartuko da batuketarako eta irakasgaiaren erdia zatitzailean. Karrera amaierako proiektua urte osoko irakasgaitzat hartuko da.

 

Espedientea kreditutan egituratuta badago, honela kalkulatuko da batez besteko nota: irakasgai bakoitzeko kreditu kopurua biderkatuko da irakasgai bakoitzari dagokion kalifikazioaz (aurreko taularen arabera) eta emaitza guztiak batu egingo dira. Gero, batura hori zatituko da gainditutako kreditu kopuru osoaz.

Ikasketa planak egokituta dituzten ikasleen kasuan batez bestekoa egingo da ikasitako plan bakoitzerako (aurreko irizpideei jarraiki) eta, ondoren, plan bakoitzean gainditutako titulazioen ehunekoaz haztatuko da. Lehenengo plana izango da erreferentzia, eta bigarrena, berriz, ikasketak bukatzeko geratzen zaion aldea.

 

Batez besteko nota kalkulatzean ez dira hartuko kontuan kalifikaziorik ez daukaten kreditu onartuak.

 

Ministerioak homologatutako atzerriko tituluen kasuan, unibertsitateak, bere autonomia erabiliz, 1 kalifikazioa emango dio, baldin eta harekin batera tituluaren gehigarri europarra aurkezten ez bada.

15. artikulua.– Matrikula egiteko eguna eta ordua jakinarazteko zerrendak honakoetan argitaratuko dira: ikastegietako idazkaritzetan, 5. artikuluan adierazitako bulegoetan eta unibertsitateko web orrian. Zerrendok honako egunetan argitaratuko dira.

a.– Uztailaren 8an, Hautaprobak eta Lanbide Heziketa ohiko deialdian gainditu dutenena eta 25 urtetik gorakoena.

 

b.– Irailaren 9an, a) atalekoak izanik ezohiko deialdian gainditu dutenena, ohiko deialdiko titulatuena eta bigarren ziklora sartzen direnena, horiek ere ohiko deialdikoak, eta Europako Batasunekoak ez diren atzerriko ikasleena.

 

c.– Urriaren 3an, aurreko bi bideetatik datozenak onartu ondoren, oraindik plaza hutsak dituzten titulazioetakoak.

16. artikulua.– Nahiz eta EHUn matrikula egiteko deia Interneteko helbidean ere ikusi ahal izango den (http://www.ehu.es/sarrera), jakinarazpen ofizial bakarra zerrendak izango dira, aurreko artikuluan adierazitako bulegoetan argitaratuko direnak.

17. artikulua.– 1.– Matrikula unibertsitateak adierazitako bulegoetan egin beharko da, 32. artikuluan adierazitako epeetan. Matrikula egiteko 35. artikuluan zehaztutako agiriak eraman beharko dira.

2.– Esandako egunean eta orduan matrikula egiten ez duen ikasleak lehentasuna galduko du, eta matrikula egitera doanean plaza hutsak dauzkaten ikasketetan baino ezingo da matrikulatu.

18. artikulua.– Talde batetik baino gehiagotik eta batxilergoko bide batetik baino gehiagotik sartzeko eskariak.

1.– 69/2000 EDko 13.5. artikuluan zehaztutakoari jarraituz, sarrera bide batetik baino gehiagotik –orokorra edo/eta gordetako plazen bidez– egiteko baldintzak betetzen dituzten ikasleak eskaria egitean baliatu beharko dira posibilitate horretaz.

 

2.– Hautaprobetako ikasleak batxilergoa bi bidetatik egin badu, eta, beraz, bi kalifikazio baditu (bat bide bakoitzeko), matrikula egiteko hurrenkera zehaztean eta matrikularako deia egitean, lehengo eskatu duen titulazioa kontuan izanda daukan notarik onena hartuko zaio kontuan. Kontuan hartu ez zaion bidea erabili nahiko balu ikasleak, matrikula egitean adierazi beharko du, bide berri horretatik tramitatu dakion onarpena.

 

19. artikulua.– Onarpenari buruzko errekurtsoak ebazteko irizpideak.

Onartuen zerrenden aurka jartzen diren errekurtsoak Akademia Antolakuntzako Errektoreordetzak ebatziko ditu, honako irizpideon arabera:

a.– Ikasleek errekurtsoan eskatutako ikasketetan plaza hutsak geratzen direnean, onartu egingo zaie eskaria, nahiz eta izena eman zutenean ikasketa horiek ez jarri eskarian.

b.– Errekurtsoa jartzen duen ikasleak onartutako azkenak baino nota hobea izanda ere, eskaria ez zaio onartuko baldin eta titulazio horretako plaza guztiak beteta badaude.

c.– Sarbidea aldatu nahi duten ikasleen eskariak onartu egingo dira baldin eta eskatzaileak nota hobea badauka onartutako azken ikasleak baino.

d.– Aparteko tratamendua emango zaie arrazoi bereziengatik egindako eskariei, agiri bidez egiaztatzen badira (gaixotasun luzeak, ezintasun fisikoak etab.). Eskariok ebazteko Akademia Antolakuntzako eta Doktoregoko Batzordeari eskatuko zaio iritzia.

 

20. artikulua.– Tzulpengintza eta interpretazioa «Titulaziora sartzeko proba bereziak.

1.– 69/2000 Errege Dekretuko lehen xedapen gehigarrian zehaztutakoaren babesean, «Itzulpengintza eta Interpretazioa» lizentziaturan sartzeko, ikasleek zenbait baldintza bete eta sarrerako proba bereziak egin beharko dituzte.

2.– Proba horiek gainditzeak ez dakar lizentziaturan onartua izatea; izan ere, proba gaindituta izateaz gain, kapitulu honetan zehaztutako beste irizpide orokor guztiak izango dira kontuan, alegia, ikasleek izena emateko, ikasleak hautatzeko eta ikasleak onartzeko prozedura orokorrak.

3.– Proba gainditu arren ikasleak matrikularik egiten ez badu, hurrengo urtean matrikula egin nahi izanez gero berriro egin beharko du proba. Era berean, proba hori beste unibertsitate batean gaindituta izan arren, titulazioa Euskal Herriko Unibertsitatean ikasi nahi dutenek berriro egin beharko dute EHUn.

4.– Filologia eta Geografia eta Historia Fakultateko dekanoari eskuordetu zaio proba hori antolatzeko zeregina eta epaimahaia antolatzekoa, baina, beti ere, Akademia Antolakuntzako Errektoreordetzarekin aritu beharko da elkarlanean.

5.– Probetarako izena emateko epea hauxe izango da: maiatzaren 23tik 27ra, biok barne.

II. KAPITULUA

BIGARREN ZIKLORA SARTZEA

21. artikulua.– 1.– Bigarren ziklora sartzeko gestioa I. kapituluan eta ondorengo artikuluetan zehaztutakoaren arabera egingo da.

 

2.– Sarbide motak honakoak dira, ikasle motaren arabera:

– Unibertsitateko lehen zikloko ikasketak gaindituta baina unibertsitateko titulurik ez izanda eta behar diren baldintzak beteta, 2. zikloa baino ez duten ikasketetan sartzeko eskaera egiten dutenak edo beste titulazio bateko bigarren ziklorako eskaera egiten dutenak.

– Unibertsitateko titulua edo parekoa duten ikasleak.

3.– Bigarren ziklo hauetan onartua izanagatik ere, ikasleak ez du zertan utzi hasita dauzkan ikasketetako bigarren zikloa, hau da: aukera dago titulazio biko bigarren zikloak aldi berean egiteko.

4.– Sartzeko eskariak espediente akademikoaren arabera ordenatuko dira, 14. artikuluan zehaztutakoari jarraituz.

5.– Prestakuntza-osagarri diren irakasgaiak ikasturte bakoitzeko irakats-eskaintzan sartuko dira, eta plaza batzuk aukera askerako utziko dira eta beste batzuk ikasle berrientzat.

 

6.– Irakasgai horiek jatorrizko ikasketetako 1. zikloan egin ahal izango dira, aukera askeko eskaintzaren bitartez; edo, bestela, 2. zikloa baino ez daukan titulazioko beste irakasgaiekin batera. Azken kasu honetan ikaslea nahitaez matrikulatu beharko da gainditu gabeko irakasgaietan, gainditu arte.

 

7.– 2. zikloa baino ez daukaten ikasketetako prestakuntza-osagarri guztiak edo batzuk gaindituta izan arren, ikasleak ez du izango inolako lehentasunik 2. zikloa baino ez daukaten ikasketetan onartua izateko.

8.– Unibertsitateko ikasketetako 1. zikloa gaindituta izanda ikasketa horietako 2. zikloa beste ikastegi batean egin nahi duten ikasleek, unibertsitate honetan zein beste batean, espedientea lekuz aldatzeko eskaera egin beharko diote, zuzenean, aukeratu duten ikastegiari, irailaren 15a eta 30a bitartean. Ikastegietako dekano eta zuzendariek ebatziko dituzte eskaerok, ikastegiko Akademia Antolakuntzako Batzordeak onartutako irizpide objektiboei jarraiki. Irizpide horiek iragarki oholean emango dira argitara, eskaerak aurkezteko epea zabaldu baino lehenago.

III. KAPITULUA

IKASKETA DESBERDINAK ALDI BEREAN

22. artikulua.– 1.– Plaza mugatuak dauzkaten ikasketa desberdinak aldi berean egiteko eskaerak errektoreak onetsi beharko ditu. Erantzuna baiezkoa izateko, berriztatu gabeko ikasketen kasuan beharrezkoa izango da batez besteko nota oso ongi (2,0) izatea, eta lehen maila osoa gaindituta izatea. Berriztatutako ikasketen kasuan, berriz, 60 kreditu eduki beharko dira gaindituta. Hasitako ikasketen batez besteko nota kalkulatzeko gainditutako irakasgaiak hartuko dira kontuan, 14.2. artikuluan zehaztutako moduan.

Onarpen prozesua bukatu ondoren, baimena eman ahal izango zaie batez besteko notaren baldintza betetzen ez dutenei, baldin eta plaza hutsik badago.

 

2.– Plazak mugatuta ez dauzkaten ikasketa desberdinak aldi berean egiteko eskariak onartzeko beharrezkoa izango da, berriztatu gabeko ikasketen kasuan, hasitako ikasketetan gutxienez lehen maila osoa gaindituta izatea, eta berriztatutako ikasketen kasuan, berriz, 60 kreditu gaindituta izatea.

3.– Ikasketa desberdinak aldi berean egiteko, interesdunak lehendik hasita dauzkan unibertsitateko ikasketen ziurtagiri akademiko pertsonala eta Hautaprobetako txartela aurkeztu beharko ditu (EHUko ikasleek ez dute dokumentazio hori aurkeztu behar izango) eskariarekin batera. Eskaerak aurkezteko epea irailaren 1etik 5era bitartekoa izango da, biok barne, eta I. kapituluko 5. artikuluan adierazitako bulegoetan aurkeztuko dira.

IV. KAPITULUA

MATRIKULA ETA PREZIO PUBLIKOAK

23. artikulua.– Irakasgai berrietan matrikulatzea.

Ikasturte bakoitzean ikasleek muga hau izango dute irakasgai berrietan matrikulatzeko: titulazioaren kreditu kopuru osoa zati titulazioaren urteak eginik, hortik ateratzen den emaitzaren ehuneko jakin bat, ikastegi bakoitzak ezarriko duena [ hau da, (kredituak/urte kopurua)ren % jakin bat]. Ikasketa plan zaharretakoek ez dute halako mugarik izango. Ikastegiek ikasturte bakoitzeko maiatzaren 15a baino lehen jakinarazi beharko diote ehuneko hori Akademia Gestioko Zerbitzuari. Hala egin ezean, aurreko ikasturteetan erabilitako % 15a erabiliko da.

24. artikulua.– Hautazko irakasgaiak.

1.– Ikasleek ikasturte bakoitzean hautazko irakasgaiak aldatu ahal izango dituzte, nahiz eta aurreko ikasturtean hartutakoak gainditu barik izan edo haietara aurkeztu ez. Irakasgai berrietan zerotik hasiko dira kontatzen deialdiak, eta ikasleak egin dituen baina gainditu ez dituen irakasgaietan hurrengo ikasturteetan matrikulatzeko aukera baldintzapean geratuko da, gai horiek irakats eskaintzan sartu ala ez.

2.– Matrikulan eskaintzen diren hautazko irakasgaietarako muga bat dago bai irakasgai kopuruari bai talde bakoitzarentzako plaza kopuruari dagokionean, eta muga hori ikasturte bakoitzerako irakats eskaintzan zehazten da. Beraz, ez da nahastu behar ikasketa planetan ageri diren hautazko irakasgaien kopurua, eta ikasturte bakoitzerako eskainitako hautazko irakasgaiena.

3.– Ikasle bakoitzak matrikula egiteko txanda heltzen zaionean aukeratuko ditu hautazkoak, 33. artikuluan matrikulen hurrenkerarako zehaztutako irizpideak erabilita.

4.– Ikastegiek plaza bermatu beharko diete ikasle guztiei hautazko irakasgaietan, euren ikasketa planean euren mailarako ezarrita dauden kreditu guztietan matrikulatu ahal izan daitezen; era berean, automatrikula egitean ikasleek aukeratu ahal izateko adinako kopuruan eskaini beharko dituzte.

25. artikulua.– Irakasgai osagarriak edo gehiegizko kredituak.

Titulazioko kreditu guztiak eginda izan arren, ikasleek aukera izango dute, automatrikularako epea amaitu eta gero, hautazko irakasgaietan eta aukera askekoetan matrikulatzeko, 23. artikuluan zehaztutako mugaren barruan, Dekanotzak/Zuzendaritzak aurretik baimena emanda, eta titulua jasotzeko eskaria egin aurretik.

26. artikulua.– Eskolarik ez duten irakasgaiak.

Desagertzeko bidean dauden ikasketa planetako irakasgaiak honakoen arabera gestionatuko dira:

 

a.– Plan horietako ikasleak matrikulatu egin beharko dira gainditzeke dauzkaten eta desagertu aurreko azken urtean dauden mailetako irakasgai guztietan.

 

b.– Irakasgai horien deialdiak ekainean eta irailean izango dira. Otsaileko deialdia erabili gura duten ikasleek hala adierazi beharko dute ikastegietako idazkaritzetan, urtarrilaren 13tik 20ra. Otsaileko deialdia erabili, baina gainditu ez duten ikasleek ikastegiko idazkaritzan esan beharko dute, maiatzean, zein deialdi erabiliko duten: ekainekoa ala irailekoa. Ikasleak ezer esaten ez badu, ikasturte horretako bigarren deialdi bezala irailekoa erabiliko duela ulertuko da.

 

c.– Irakasgai horien kalifikazio orriak eta aktak beste irakasgai guztietakoak lortzeko prozedura berberaren bidez eskuratuko dira.

d.– Irakasgai horien azterketa egunak ikastegi bakoitzak jarriko ditu deialdi bakoitzerako, eskolak dauzkaten irakasgaietarako prozedura berbera erabiliz.

 

e.– Azterketak Ikastegiko Batzarrak izendatutako epaimahaiek epaituko dituzte, irakasgaia ematen zuten sailen iritzia entzunda. Epaimahaiok sail horietako hiruna irakasle numerariok osatuko dituzte, ahal bada irakasgaiari zegokion jakintza arlokoak. Bosgarren edo seigarren deialdiko ikasleentzako epaimahaia izendatuta balego (irakaskuntzaren plangintza eta ikasleen ebaluaziorako arauei jarraiki), epaimahai horrexek berak kalifikatuko ditu desagertuta dauden irakasgai horien azterketak, ikaslea edozein deialditan egonda ere.

 

 

27. artikulua.– Behin betiko matrikula.

Matrikula eskariak behin-behinekoz onartuko dira. Matrikula behin betikoa izango da eskatutako titulazioa ikasteko behar diren baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren. Baldintzak egiaztatzeko epea LAU hilabetekoa izango da, uztailean egindako matrikuletarako eta HIRU hilabetekoa, irailean eta urrian egiten direnetarako; epeok matrikula egiten denetik hasiko dira kontatzen. Epe horiek igarota (4 edo 3 hilabete) ikastegiak (dekanoak/zuzendariak) ez badu horren kontrako erabakirik hartzen, matrikula onartutzat emango da. Erabaki horren kontra gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio errektoreari.

28. artikulua.– Irakasleen matrikula.

Unibertsitateko irakasleen araubideari buruzko apirilaren 30eko 898/1985 Errege Dekretuko 12. artikuluak hauxe dio: «unibertsitateko irakasle guztiek debekatuta izango dute eurak irakasle dauden ikastegietan ikasle gisa matrikulatzea.

Hala ere, diplomatu titulua bakarrik daukaten unibertsitate-eskoletako irakasle titularrak lizentziaturako mailetan matrikulatu ahal izango dira, edo, lizentziatuak izanez gero, doktoregoko ikastaroetan. Errektoreak beren-beregi eman beharko du horretarako baimena».

 

29. artikulua.– Behin-behineko matrikula.

Beste unibertsitate batean onartua izateko zain dagoela agiri bidez frogatzen duen ikasleak behin-behineko matrikula egin ahal izango du EHUn —betiere lehenengoz sartzen bada— eta prezio publikoak behin betiko matrikula egitean ordainduko ditu. Hori guztia, unibertsitateko ikastegietan sartzeari buruzko 69/2000 EDko 20.6. artikuluari jarraiki.

30. artikulua.– Matrikula bakarra.

2005-2006 ikasturterako matrikula bakarra izango da bi lauhilekoetarako. 40. artikuluan aipatzen den bigarren matrikulaldia baino ezin izango da ireki.

31. artikulua.– Ikasleen banaketa nahitaezko irakasgaietako taldeetan.

1.– Ikasleak nahitaezko irakasgaietako taldeetan banatzerakoan hurrenkera alfabetikoari edo ikaslearen nahiari jarraituko zaio.

2.– Aukeratzen den irizpidea Ikastegiko Batzarrak onartu beharko du matrikularako epea hasi aurretik.

3.– Banaketa ikaslearen nahiaren arabera egitea erabakiz gero, ikasleek matrikula egitean aukeratu beharko dute taldea, une horretan dituzten aukeren arabera. Matrikula, bestalde, zehaztutako egun eta orduan egin beharko dute.

4.– Maila edo irakasgai batean matrikulatu ondoren, taldez aldatzeko eskaera egin ahal izango du ikasleak irakasgai konkretu batzuetarako, hizkuntza dela-eta.

 

5.– Ikasle guztiek aukera berberak edukiko dituzte aukera askeko irakasgaietan matrikulatzerakoan.

 

Matrikula epeak.

32. artikulua.– 1. mailako ikasleak.

1. mailakoak honako epe hauetan egingo dute matrikula:

Uztailaren 11tik 20ra: Hautaprobak eta Lanbide Heziketa ohiko deialdian gainditu duten ikasleek eta 25 urtetik gorakoek.

Irailaren 12tik 15era: Hautaprobak eta Lanbide Heziketa ezohiko deialdian gainditu dutenak; titulatuak, atzerritarrak eta 2. ziklora sartu nahi dutenak, denak ere ohiko deialdikoak.

 

Urriaren 4tik 5era: tituludunak, atzerritarrak eta 2. ziklora sartu nahi dutenak, guztiak ezohiko deialdikoak; ezohiko bezala izena eman dutenak, baldin eta eskatu dituzten ikastegietan plaza hutsik badago.

33. artikulua.– Lehenengotik gorako mailetakoak.

 

1.– Matrikula irailaren 19tik 30era egingo da, bi egunok barne. Ikasleak edo haren ordezkari akreditatuak matrikula egingo ez balu adierazitako egun eta orduan, espedientearen arabera daukan lehentasuna galduko luke eta ikastegiko idazkaritzara joan beharko luke, matrikula egiteko beste txanda bat eskatzera.

 

2.– Automatrikularen sistema erabiliko da. Ikasleak hautazko irakasgaiak eta aukera askekoak aukeratuko ditu, matrikula egiteko egun eta orduan eskaintzen zaizkionen artetik, eta ikastegiak onartutakoa kontuan hartuta.

3.– Lehenengo mailatik gorako ikasleek eta lehen mailako errepikatzaileek etxean jasoko dute matrikula egiteko hitzorduaren gutuna. Bertan adieraziko zaie zein egun eta ordutan joan behar duten ikastegira matrikula egiteko.

Jakinarazpena aurreko puntuan adierazitako eran ere egingo den arren, jakinarazpen ofiziala Interneten edo ikastegietako kontsulta-pantailen bidez egingo da. Hitzorduen zerrenda ikastegietan, Gipuzkoako errektoreordetzan, Arabakoan eta Ikasleen Atalean (Leioa) argitaratuko da irailaren 5ean.

 

4.– Ikasle bakoitzak matrikula zein egun eta ordutan egin behar duen zehazteko, irailaren 1ean unibertsitateak ikasle guztiak ordenatuko ditu espedientean data horretan azaltzen diren kalifikazioetan oinarrituta. Matrikula-zenbaki bana emango zaie, eta altuenetik txikienera izango da matrikula hurrnekera. Ondoko formula hau erabiliko da ikasleak ordenatzeko:

Matrikula-ordena M.O. = A-ren % 25 + M-ren
% 25 + F-ren % 50, non

A = gainditutako irakasgaien kalifikazioa baloratzen duen koefizientea den (espedientearen batez bestekoa).

 

M= matrikula egiten duten urtean ikasleek izandako etekina neurtzen duen faktorea den (ordenatze-egunerako ikasturte honetan gainditu dituen kredituak/ikasturte honetan matrikulatutako kredituak).

F = titulazioa bukatzeko gradua definitzen duen (ordenatze-egunerako gainditu dituen kredituak/titulazioko kreditu guztiak).

5.– Matrikula-ordena plan zaharrerako eman zaion arren plan berrira egokitu nahi duen ikasleak, ikastegiko Idazkaritzara joan beharko du izendatu zaion egunean, egokitzapena eskatzera eta automatrikula egitera.

34. artikulua.– 2004-2005 ikasturtean matrikulatu ez ziren ikasleak.

2004-2005 ikasturtean matrikularik egin ez zuten ikasleek, eta leku aldaketaren bidez onartuak izan direnek, ez dute jasoko etxean hitzordua emateko gutuna. Beraz, 2005eko urriaren 4tik 14ra bitartean pasatu beharko dute ikastegiko Idazkaritzatik, matrikula egiteko.

35. artikulua.– Matrikula egiteko aurkeztu behar diren agiriak.

1.– Lehenengo mailan lehendabiziko aldiz matrikulatzen diren ikasleek, edozein izanda ere titulazioa, honako agiriak aurkeztu behar dituzte:

a.– Datu estatistiko eta ekonomikoen inprimakia.

b.– NANaren edo pasaportearen fotokopia.

c.– Bi argazki, atzealdean izen-deiturak idatzirik.

 

d.– Matrikularen ordainketa helbideratzeko inprimakia.

e.– Diputazioak emandako familia ugariaren tituluaren fotokopia erkatua edo fotokopia eta jatorrizko agiria, biak parekatzeko, edo matrikularen prezioa murrizteko edo ordaintzetik salbuesteko eskubidea ematen duen beste edozein agiri.

f.– Unibertsitateko txartela eskatzeko orria. 2004-2005 ikasturtean unibertsitatean matrikulatuta egon diren ikasleek ez dute aurkeztu behar.

g.– Ikasleak beka eskatu badu, eskari horren gordekinaren fotokopia.

h.– Gizarte Segurantzan alta emanda egotearen agiria, eskola asegururako.

i.– Espedientea aldatzeko gastuak ordaindu izanaren agiria (hau da, ikaslea matrikulaturik egon deneko ikastegi edo unibertsitatetik ikastegi berrira lekuz aldatzeko gastuak).

2.– Aurrekoa gorabehera, ikasleak zein bidetatik sartuko diren titulazioan, honako dokumentuok ere aurkeztu beharko dituzte:

Batxilergoko ikasleak:

a.– Hautaprobetako txartelaren fotokopia erkatua edo fotokopia eta jatorrizkoa, biak parekatzeko.

b.– Ohorezko matrikula globala lortu duten LOGSEko ikasleek horren ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

LHko ikasleek, ikasle titulatuek eta 2. ziklora sartzera doazenek:

c.– Ikasketen ziurtagiri pertsonalaren, kalifikazio liburuaren edo kasuan kasuko titulaziora sartzeko bidea ematen dion tituluaren fotokopia erkatua, edo fotokopia eta jatorrizkoa, biak parekatzeko.

3.– Lehenengo mailatik gorako ikasleek eta lehenengoko errepikatzaileek honako agiriok aurkeztu behar dituzte:

a.– Datu ekonomiko eta estatistikoen inprimakia (aurreko ikasturtean matrikulatuta egon ez diren ikasleek bakarrik).

b.– NANaren edo pasaportearen fotokopia.

c.– Diputazioak emandako familia ugariaren tituluaren fotokopia erkatua edo fotokopia eta jatorrizko agiria, biak parekatzeko, edo matrikularen prezioa murrizteko edo ordaintzetik salbuesteko eskubidea ematen duen beste edozein agiri.

d.– Espedientea lekuz aldatzeko gastuak ordaindu izanaren gordekina (unibertsitate honetako beste ikastegi batetik edo beste unibertsitate batetik aldatutako ikasleentzat besterik ez). (...) Aurreko letran aipatutako dokumentazioa ez da aurkeztu behar. Beraz, e) letra desagertu egiten da.

 

e.– Gizarte Segurantzako zenbakia eskola asegururako (beste unibertsitate batetik hona aldatu direnek bakarrik).

f.– Ikasleak beka eskatu badu, eskari horren gordekinaren fotokopia.

36. artikulua.– Erasmus programako edo antzeko nazioarteko programetako ikasle atzerritarrak.

Ikasle hauek ez dute hemen matrikularik ordaindu beharko, euren unibertsitatean ordainduta izango dute eta.

Aurkeztu beharreko agiriak honakoak dira:

a.– Erasmus ikasle atzerritarrek edo antzekoek EHUn izena emateko inprimakia (orri horretan koordinatzaileak zehaztu beharko ditu ikasleak egingo dituen irakasgaiak, espedientean alta emateko).

 

b.– Nortasun-agiriaren edo pasaportearen fotokopia.

c.– Bi argazki.

d.– Jatorrizko unibertsitatean egindako matrikularen gordekinaren fotokopia.

e.– E-111 dokumentuaren fotokopia edo, ezinezkoa balitz, aseguru indibidualaren erreferentzia.

37. artikulua.– Seneka programaren bidez edo antzeko programen bitartez beste unibertsitate batzuetatik datozen ikasleak.

Ikasle hauek ez dute hemen matrikularik ordaindu beharko, euren unibertsitatean ordainduta izango dute eta.

Aurkeztu beharreko agiriak honakoak dira:

a.– Seneka programako ikasleek edo antzeko programetakoek EHUn izena emateko inprimakia (orri horretan koordinatzaileak zehaztu beharko ditu ikasleak egingo dituen irakasgaiak, espedientean alta emateko).

 

b.– Nortasun agiriaren fotokopia.

c.– Bi argazki.

d.– Jatorrizko unibertsitatean egindako matrikularen gordekinaren fotokopia.

e.– Eskola aseguruaren ordainagiriaren fotokopia edo, ezinezkoa balitz, aseguru indibidualaren erreferentzia.

38. artikulua.– Matrikula ordaintzea.

1.– Ikasleek unibertsitateari ordaindu beharrekoa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak zehaztuko du urte bakoitzerako.

 

2.– Prezio publiko murriztuak ordaintzeko edo preziook ordaintzetik salbuetsita egoteko eskubidea izateko, matrikula egiteko epearen barruan bete beharko dira horretarako baldintzak.

3.– Ikasle bakoitzak ordaindu behar duen matrikularen zenbatekoaren kalkulua era automatikoan egiten da, ikasleak ikastegiko idazkaritzan matrikula eskaria aurkezten duenean.

4.– Matrikula ordaintzeko erak:

 

– Ikasleak unibertsitateari kontu zenbaki bat eman eta ordainketa horra helbideratzea. Matrikulen ordainketa helbideratzeko azken eguna ikasturte bakoitzeko urtarrilaren 15a izango da, beka eskatu duten eta lehen ebazpenaren zain dauden ikasleentzat izan ezik; beka ukatuz gero, ikasleok horren jakinarazpena jaso bezain laster ordaindu beharko dute matrikula.

– Matrikula egiten duenean ikasleari ematen zaion ordainagiri pertsonalizatuaren bidez, eta Prezioen Aginduan zehaztutako epeetan, ikasleak epeka ordaintzea erabakitzen badu. Matrikula orrian adierazten diren hiru aurrezki kutxetako batean ordaindu beharko da diru hori. Aurrezki kutxak zigilatu eta baliozkotu egingo du ordainagiriaren bidez egindako ordainketa. Ikasleak ordainketa egin bezain laster, jatorrizko ordainagiria eraman beharko du ikastegiko Idazkaritzara. Ikasleak ordainagiriaren kopia bat gordeko du, ordaindu izanaren froga. Ikastegietako idazkariek ordainagiri pertsonalizatuaren jatorrizkoa baino ez dute onartuko ordainketa egiaztatzeko.

5.– Ikasleak epeka ordaintzea erabakitzen badu, Eusko Jaurlaritzak prezio publikoei buruzko aginduan zehaztutako epeak errespetatu beharko ditu.

6.– Irakasgai egokituek ez dute kosturik izango, prezioen aginduak bestela zehazten ez badu bederen

 

7.– Bigarren matrikulaldian eta beka ukatzen denean, matrikula ezin izango da zatika ordaindu.

8.– Ezohiko azterketaren kalifikazioen zain dauden ikasleek hiru epetan ordaindu beharko dituzte beti «behin-behineko» matrikulak, salbu-eta matrikulan ordaindu beharreko kopurua txikiagoa denean Prezioen Aginduan epeka ordaintzeko zehaztutako gutxienekoa baino. Lehenengo epea behin-behineko matrikularen arabera kalkulatuko da. Ikaslea kalifikatu eta behin betiko matrikula zein izango den jakin ondoren, automatikoki kalkulatuko dira bigarren eta hirugarren epeetan ordaindu beharreko diru kopuruak.

9.– Matrikularen prezioaren zatiren bat edo ezer ez ordaintzeak matrikula baliogabetzea ekarriko du, eta ikasleak ez du eskubiderik izango dirurik bueltan jasotzeko, hori guztia Iraute Arauetako 3.2. atalari jarraiki.

10.– EHUk ikusiko balu ikasleak ez duela betetzen matrikula egiteko baldintzaren bat, ez luke onartuko matrikula egiteko eskaera eta ordaindutako dirua itzuliko lioke ikasleari.

 

11.– Ikasleak urte bakoitzeko abenduaren 31 arte baliogabetu ahal izango du matrikula (Iraute Arauetan zehaztutakoaren arabera). Data horretatik aurrera ez da baliogabetuko matrikularik, baldin eta unibertsitateak baimena beren-beregi ematen ez badu, ikasleak eskaera egin eta gero.

Matrikula baliogabetu arren ikasleak ordaindu egin beharko du matrikula, konpromiso hori hartu baitzuen matrikula egitean.

12.– Ez ordaintzeagatik matrikula baliogabetzen zaien ikasleek galdu egingo dute ordura arte ordaindutako dirua, eta ordaintzeko geratzen zaiena zortzat hartuko da, unibertsitatearen alde. Erabaki batean zehaztuko da zorra zenbatekoa den, eta horren berri emango zaio ikasleari.

13.– EHUrekin zorrak dituztenek ezingo dituzte erabili unibertsitatearen zerbitzuak, bereziki honako hauek: ezingo dute egin beste ikasketarik, ez zaie emango titulurik edo ziurtagiririk, ezta ere espediente akademikoari buruzko informaziorik, eta ezingo dute egin beste matrikularik. EHUri zor dioten dirua ordaindu bezain laster berreskuratuko dituzte eskubideok. Eskubide horiek indarrean dagoen ikasturtean berreskuratu nahi dituzten ikasleek, urte horretako ekainaren 1a baino lehen kitatu beharko dute zorra.

 

14.– Matrikula baliogabetu duten ikasleek berriro eman beharko dute izena unibertsitatean ikasketak egiten hasi nahi badute.

15.– Ikasle bekadun gisa matrikulatzeko, beka deialdian eskatzen diren baldintza akademikoak matrikula egiterakoan bete beharko ditu ikasleak, eta aurretik beka eskaera egina eduki beharko du. Matrikulatzerakoan beka eskaeraren agiria aurkeztu beharko du, matrikulatzeko behar diren beste dokumentuekin batera. Bestela, matrikulako irakasgaien prezioak ordaindu beharko dituzte, nahiz eta horrek ez duen eragotziko beka eskatzea.

Hala ere, ikasle batek eskakizun akademikoak betetzeagatik bekadun gisa matrikulatu bada eta azkenean beka ukatzen bazaio, ukoa jakin ondoren beka baliogabetzea eskatzen badu ez da zorduntzat hartuko.

 

Matrikula lehen epean egiten duten ikasleak berriak badira eta matrikula egiterakoan bekaren agiririk ez badute, ikasle ez-bekadun gisa matrikulatuko dira. Behin beka eskaria eskuratuta, matrikula egin den ikastegiko Idazkaritzan aurkeztu behar dute, matrikula bekadun gisa eguneratzeko.

 

39. artikulua.– Ohorezko Matrikulak.

Ohorezko matrikulak prozedura honen arabera gestionatuko dira:

a.– Irakasgaietan ohorezko matrikulak eman ahal izango dira, matrikula bat hogei ikasleko multzo bakoitzeko edo hogeitik beherako ikasle multzo bakoitzeko. Irakasgai bateko ikasle guztiak zenbatzeko, bakartzat hartuko da akta, dauden taldeak kontutan hartu gabe.

b.– Ohorezko matrikulak eskubidea ematen du matrikulan deskontua izateko, baina hori aplikatzen da ikasketa berberetan egiten den hurrengo matrikulan, edo lehen zikloa egin ondoren bigarren zikloko ikasketak hastean.

Deskontua EHUko ikasleei bakarrik egingo zaie, ez beste unibertsitate batzuetatik etorritako ikasleei, unibertsitateok publikoak nahiz pribatuak izan.

c.– Murrizpena irakasgaika edo kreditu kopuruen arabera egingo da, ikasketa planaren egituraren arabera. Irakasgaien kasuan, % 100 edo % 50 aplikatuko da, ohorezko matrikula(k) urteko irakasgaian edo lauhilekoko irakasgaian lortu d(ir)en.

d.– Plan zaharretik plan berrirako egokitzapenen kasuan, deskontua egingo da zenbat kredituren parekoa den ohorezko matrikulaz gaindituriko plan zaharreko irakasgaia.

e.– Batxilergoko irakasgaietan lorturiko ohorezko matrikulek ez dute murrizketarako eskubiderik ematen. Batxilergoko kalifikazio orokorrean ohorezko matrikula edukita bakarrik egongo dira matrikula ordaintzetik salbuetsita unibertsitatera lehen aldiz datozen ikasle berriak.

40. artikulua.– Bigarren Matrikulaldia.

Bigarren lauhilabeterako bigarren matrikulaldia zabaltzen duten ikastegiek Ikastegiko Batzarrean onartu beharko dute horretarako erabakia. Matrikula berri hori idazkaritzetan egingo da, 2006ko martxoaren 3a baino lehenago. Bigarren matrikulaldi hori irakasgai hauetarako baino ez da zabalduko:

a.– Aldez aurreko baldintzak dauzkaten irakasgai edo mailak.

b.– Hautazko irakasgaiak eta aukera askekoak, plaza hutsik baldin badago.

c.– Enborreko irakasgaiak eta nahitaezkoak, Ikastegiko Batzarrak hala onartu badu.

V. KAPITULUA

IRAKASKUNTZAREN PLANGINTZA ETA IKASLEEN EBALUAZIORAKO ARAUDIA

IRAKASKUNTZAREN PLANGINTZA

41. artikulua.– Eskola edo fakultateko zuzendaritza arduratuko da ikastegian ematen diren titulu eta espezialitateen ikasketak berdintasunez gestionatu eta pareko baldintzetan irakats daitezen.

 

42. artikulua.– 1.– Ikasturtea astez asteko ordutegi baten arabera antolatuko da, eta eskola teoriko eta praktikoek osatuko dute. Ordutegia ikastegi bakoitzean argitaratuko da. Eskola praktikoen programazio zehatza aldez aurretik zehaztea ezinezkoa balitz, gutxienez aurreikuspen nagusiak ezarriko dira.

2.– Ikasturte bakoitzeko matrikula epea ireki aurretik, ikastegi bakoitzak ikasleen esku jarriko du sailek titulazioetako irakasgaiez onartu duten informazioa, hau da:

 

– Helburuak, programa eta oinarrizko bibliografia.

– Talde bakoitzaren eskola praktiko eta teorikoetarako aurreikusitako irakasleen izenak.

– Ebaluazio sistema.

– Azterketen aldia: noiztik noiz artekoa.

– Bestelako ikas-jarduerak.

Irakasgai berean talde bat baino gehiago denean, oinarrizko ikasgai zerrenda bera izango da talde hauentzat guztientzat, taldeko irakasleek, hala beharko balitz, adosturiko erabakiaren bidez. Adostasunik lortzen ez bada, Saileko Kontseiluak, irakasle guztien iritzia entzun ondoren, erabakiko du zeintzuk diren denek eman beharreko gaiak eta zein salbuespen onartuko den.

 

Hauez gain, interesgarritzat har daitezkeen bestelako xehetasun guztiak ere gehituko dira. Horretarako, ikastegiak beharrezkoa den informazioa eskatuko die sailei behar besteko aurretiaz. Informazio hau matrikula-epea hasi baino bi aste lehenago egongo da ikastegiaren esku.

3.– Eskola teoriko eta praktikoen ordutegian irakasleen izenak ere agertuko dira.

 

4.– Matrikulaturiko ikasleek talde zehatz batean sartzeko eskaria egin ahal izango dute, ikastegi bakoitzak horretarako zehaztutako epean. Eskarien kopurua taldeko plazen kopurua baino handiagoa izango balitz, ikasleak irizpide objektiboen arabera banatuko dira taldeetan. Irizpideok argitara emango dira taldez aldatzeko eskariak egiteko epea hasi baino lehen. Edonola ere, 5. eta 6. deialdietako ikasleek lehentasuna izango dute.

5.– Irakasleek Idazkaritza Birtualaren bidez lortu ahal izango dituzte euren taldeetako ikasleen zerrendak. Idazkaritza Birtualaren bidez egin ezean, berariaz eskatu beharko dute ikastegiko Idazkaritzan.

6.– Lehenago egiten ez bada, matrikularako azken epea amaitu eta lehenengo hamabost egunen barruan sailek eskola praktikoetako taldeak argitaratuko dituzte, ikastegiak ezarritako ordutegien arabera.

 

43. artikulua.– 1.– Ikastegi eta sailaren arteko harremanetarako, sailak ordezkari bat izendatuko du irakaskuntza eskaintzen duen ikastegi bakoitzean, ahal bada arduraldi osoa duena. Sailak pertsona horren izena jakinaraziko dio ikastegiko zuzendaritzari. Ikastegi bakarrean irakasten duten sailen kasuan, ordezkaria saileko zuzendaria bera izango da. Ikastegi batean baino gehiagotan irakasten duten sailen kasuan, berriz, ordezkari hori sailaren barne arauei jarraiki izendatuko da, baina, betiere, ikastegian eskolak eman eta ikastegiari atxikitakoa izango da.

 

2.– Ikastegiko dekanotza edo zuzendaritzak hurrengo ikasturterako irakaskuntzaren antolaketaren berri emango die horretan zerikusia daukaten sailei. Sailek ikastegiari jakinaraziko diote zelan banatu duten irakaslana ikastegi horretan eskola ematen duten irakasleek, eta euren tutoretza orduen berri ere emango diete. Informazio guzti hau ikastegiko iragarki oholean argitaratuko da lauhilabete bakoitzeko lehenengo 15 egunetan zehar eta bertan egongo da lauhilabete osoan. Tutoretza ordutegiak aldatu ahal izateko, ikastegiko zuzendaritzaren edo dekanotzaren baimena beharko da eta, gutxien dela, aldaketak indarrean jarri baino 3 eskola egun lehenago argitaratu beharko dira.

3.– Irakats eskaintza prestatzean, talde bakoitzeko irakasleen izenak Akademi Gestioko datu basean sartuko dira, NAN zenbakia ere adierazita; era honetara, kalifikazio prozesuan sortzen diren dokumentuetan eta aktetan euren izen-deiturak azalduko dira, 48.5. artikulua aplikatuz beharrezko izan litezkeen egokitzapenak eragotzi barik.

44. artikulua.– Ordutegiak egiterakoan ikastegiak arduratuko dira gutxienez astean bi ordu libre uzten bestelako jardueretarako, bai goizeko taldeentzat eta bai arratsaldekoentzat, halakorik balego.

 

45. artikulua.– Eskoletako zuzendariek eta fakultateko dekanoek talde bidaiak eta ikasketa bisitak egitea erraztu eta bultzatuko dute, euren baliabideen neurrian. Bidaiok behar besteko aurretiaz programatuko dira, egokiro antolatzeko eta behar diren baimen akademikoak jaso eta izan litezkeen laguntzak eskuratzeko.

 

IKASLEEN EBALUAZIOA

46. artikulua.– 1.– Ikasleek berdintasunez eta justiziaz ebaluatuak izateko eskubidea dute, bai eta jasotako irakaskuntzaren mailan ebaluatuak izateko ere.

2.– Ikasturtearen hasieran jakinarazi beharko da irakasgai bakoitzean erabiliko den ebaluazio sistema. Berdintasuna bermatzeko, sailak ahaleginduko dira era bereko ebaluazio sistemak ezartzen irakasgai bakoitzeko talde guztientzat. Horrela, bada, irakasleek ebaluaziorako proba eta irizpideak bateratu beharko dituzte ados jarrita, sailak oinarrizko baldintzetatik at utzi dituen alderdietan. Adostasunik ez balego, Saileko Kontseiluak, zerikusia duten irakasle guztiei entzun ondoren, erabakiko du, arrazoiak emanez, zein azterketa mota jarri, eta zein salbuespen izan lezakeen, izatekotan, erabaki horrek.

 

3.– Kredituen Sistema Europarra ezarri zaien talde edo irakasgaiak halako irakaskuntzarako ezartzen diren irizpideen arabera ebaluatuko dira. Irizpideok Saileko Kontseiluak onetsi beharko ditu.

 

3.a) Irakasgai baten ebaluazioa azterketen bidez, etengabeko ebaluazioaz edo lanen bidez burutu ahal izango da.

3.b) Edozein kasutan, ikasleak eskubidea izango du, nahi izanez gero, azken proba egiteko. Ikasle guztiek eskubidea izango dute azken proba hori egiteko, nahiz eta ikasgelako eskoletara ez joan.

4.– Erizaintzako Diplomaturako eta Irakasle titulazioetako practicumeko eskola praktikoetan ikasleak urtean deialdi bakarra izateko eskubidea izango du irakasgaia gainditzeko.

 

5.– Irakasgaien ebaluazio eta kontrolerako prozedurek, haien programak eta irakaskuntza-helburuek aldaketak eduki ahal izango dituzte Saileko Kontseiluak uste duenean horretarako arrazoi larri eta justifikatua dagoela. Irakasgaiaren ebaluazioa ezin izango da egin irakasleek ikasleekin behar bezala jorratu ez dituzten gaien inguruan, nahiz eta gaiok irakasgaiaren programan agertu.

 

6.– Azterketa egiterakoan, ikasleari identifikazioa eskatu ahal izango zaio.

7.– Sail edo ikastegiek ikasleak ezagutzeko bana ditzaketen identifikazio fitxak betetzea borondatezkoa izango da ikasleentzat. Edozein kasutan, fitxa honek ikaslea identifikatzeko ezinbesteko datuak besterik ez du jasoko, hau da: argazkia, izen osoa, maila, irakasgaia eta telefonoa.

 

47. artikulua.– 1.– Azterketak ahozkoak edo idatziak izango dira. Lehenengo kasuan publikoak izango dira eta ikasleak azterketa grabatzea eskatzeko eskubidea izango du.

2.– Irakasgaien ebaluazio zehatz eta etengabea egiteko, azterketa partzialak egin ahal izango dira, ikasturte bakoitzean irakasgai bakoitzerako zehazten diren baldintzetan.

3.– Ariketaren batean ikasleak iruzurrik egingo balu, horrek «gutxiegi» kalifikazioa ekarriko lioke, izan litzakeen bestelako erantzukizunez gain.

48. artikulua.– 1.– Irakasleak azterketa partzialen kalifikazioak argitaratuko ditu azterketa egin eta 20 laneguneko epean eta, betiere, irakasgai bereko hurrengo azterketa egin baino gutxienik 7 egun lehenago. Azterketa finalen kalifikazioa azterketa egin eta 20 laneguneko epean argitaratu beharko du talde bakoitzeko irakasleak. Kasu batean zein bestean, argi zehaztu beharko da argitalpenaren data, kalifikazioa berrikustea eskatzeko epea noiztik noiz artekoa den jakiteko.

 

Akademia Antolakuntzako Errektoreordetzak epe hauek bete ez dituzten irakasleen zerrenda bidaliko die dagokien sailei. Kalifikazioak dagokion datan argitaratu ezean, unibertsitateak zenbait neurri har litzake, EHUko Estatutuei jarraiki. Hori alde batera utzita, ikastegietako zuzendaritzak/dekanotzak oharra bidali ahalko die eginbehar hori bete ez duten irakasleei.

 

2.– Irakasgaiaren aktetan ikasleak lorturiko kalifikazio guztiak agertuko dira. Akta hauek, behar bezala beterik, ikastegiko zuzendaritzara bidaliko dira, eta ikastegiko idazkariak irakaslearen sinadura egiaztatu bezain laster argitaratuko dira. Aktetan gerora aurki litezkeen errakuntzak aktaren oinaldean gehituko diren diligentzien bidez zuzenduko dira.

 

3.– Ikasle guztiek kalifikazioen doaneko ziurtagiria jaso ahal izango dute, eskatuz gero. Ziurtagiri horretan ikasleak ikasturte horretan dituen irakasgaiak baino ez dira agertuko, eta informaziorako baino ez da izango. Ziurtagiria ikastegiko Idazkaritzak emango du eta administratzailearen edo Idazkaritzako buruaren sinadura izango du.

4.– 49. artikuluan aurreikusitakoari kalterik egiteke, 1. deialditik 4. deialdira bitartean, irakasgai bateko taldeek irakasle desberdinak dauzkatenean, irakasleok kalifikazio sistema bateratua erabili ahal izango dute. Kasuotan irakasle bakoitzak bere taldeari edo taldeei dagozkien aktak sinatuko ditu.

5.– Aurreko zenbakian aurreikusitakoa gorabehera, eta kasu berberetarako, ikastegietako arautegiek ezarri ahal izango dute ebaluazio bateratua 1. , 2., 3. eta 4. deialdirako. Ebaluazio bateratu hori kasuan kasuko irakasgaiko hiru irakaslek, edo guztiek, osatutako epaimahaiaren bidez egingo da. Epaimahaiok baldintza hauek bete beharko dituzte:

a.– Epaimahaiak irakasgai bereko taldeetako irakasleek osatuko dituzte. Taldeetako irakasleak gutxiago direnean epaimahaia osatzeko behar diren kideak baino, epaimahaia osatuko da jakintza arlo horretan antzinatasun handiena eta kategoria handiena daukan ikastegi horretako irakaslearekin.

 

b.– Epaimahai bakoitzean talde bakoitzeko irakaslea egon beharko da nahitaez, berari dagokion taldeko ikasleei kalifikazioa emateko.

c.– Irakasgaiko irakasleak epaimahaiak osatzeko behar diren kideak baino gutxiago direnean, taldeko irakasleez gain, epaimahaia osatuko dute jakintza arlo horretan ikastegian dauden kategoria handieneko irakasleek, eta haien artean, arloan antzinatasun handiena daukatenek, harik eta epaimahaian behar den kide kopurua osatu arte.

d.– Kategoria handiena eta arloan (edo bestela, administrazioan) antzinatasun handiena daukan irakaslea izango da epaimahaiko buru. Epaimahaiaren osaera ikasturteko lehen hiruhilekoan argitaratuko da.

 

e.– Kasu hauetan, bai kalifikazioak (sailetako iragarki oholetan argitaratuko direnak) bai aktak, talde(eta)ko irakasleak eta epaimahaiko buruak sinatuko dituzte.

 

49. artikulua.– Bosgarren, seigarren eta salbuespenezko deialdietako epaimahaiak Ikastegiko Batzarrak izendatuko ditu ikasturte bakoitzeko lehenengo hiruhilabetean, sailak entzun eta gero. Hauek saileko hiru irakaslek osatuko dituzte, ahal dela irakasgaiari dagokion jakintza arlokoak eta kontuan izanda irakasgaia zein hizkuntzatan ematen den; eginiko probaz gain, ikaslearen historial akademikoa eta egoera hartuko dituzte kontutan. Ikasturte bakoitzeko 1. hiruhilekoa argitaratuko da epaimahaiko kideen zerrenda.

 

Epaimahaiek emango dituzten erabakien kontra erreklamazioak jarri ahal izango dira, 50.2. artikuluan zehaztutako prozedurari jarraiki. Azterketa epaimahaiak berrikusiko du halakoetan.

 

50. artikulua.– 1.– Azterketa finalen zuzenketa eta berrikusketei buruzko erreklamazioak ebazteko, sail bakoitzak batzorde bat izendatuko du. Batzordea osatuko dute, gutxienez, hiru irakaslek eta ikasle batek jakintza arlo bakoitzeko. Batzordekide hauen ordezkoak ere izendatuko ditu sailak. Batzordeko burua irakasle numerarioa izan beharko da. Sailak egoitza daukan ikastegiko Ikasleen Kontseiluak proposatuko du ikaslea, edo, bestela, Unibertsitateko Ikasleen Kontseiluak, behin ikastegietako kontseiluen iritzia entzun eta gero. Sailak nahitaez onartuko du proposamen hori. Kalifikazioa aldatu behar izanez gero, aldaketa batzordeko irakasleek egingo dute, edo bozketa bidez edo batez besteko nota kalkulatuta.

2.– Honako prozedura hau beteko da:

a.– Kalifikazioa argitaratzean, azterketak berrikusteko tokia, eguna eta ordua zehaztu beharko dira; kalifikazioak berrikusteko epea, bestalde, gutxienez bi lanegunekoa eta gehienez zortzikoa izango da. Kalifikazioa berrikusten denean ikasleak bertan egoteko eskubidea izango du. Ikaslea ezin bada joan berrikuspenera arrazoi akademikoengatik edo behar bezala justifikatutako arrazoi pertsonal larriengatik, beste egun batean egiteko eskubidea izango du. Egun hori irakaslearekin adostu beharko du, gorago aipatu den epearen barruan. Berrikuspena amaiturik, irakasleak akta ofizialak sinatuko ditu, eta ikastegiak kalifikazioak berrikusteko epea amaitu eta, gehien dela, hiru laneguneko epearen barruan argitaratu beharko ditu.

 

b.– Ikaslea ados ez badago kalifikazioarekin, kexa idatzia aurkeztu ahal izango dio saileko zuzendariari bost laneguneko epean, aktak argitaratu ziren egunetik hasita.

c.– Batzordeak erreklamazioa aztertuko du eta, taldeko irakaslearen iritzia entzun ondoren eta egoki deritzen ekintzak burutu ostean, ikasleari entzun eta gero, erabaki arrazoitua hartuko du erreklamazioaz. Erabakia gehienez ere zortzi laneguneko epean hartu beharko du batzordeak, erreklamazioa jarri zen egunetik zenbatzen hasita. Ikasleari eta taldeko irakasleari eta ikastegiko Idazkaritzari jakinaraziko zaie erabakia, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren ondorioak sor ditzan eta, hala behar izanez gero, akta aldatuko da, ikastegiko idazkariaren diligentziaren bidez.

d.– Ikasleak azterketa berriro egiteko eskubidea izango du honakoetan:

d.1) Azterketa edo azterketaren zati bat programan ageri ez ziren gaien ingurukoa izan bada edo, programan agertu arren, irakasleak behar bezala landu ez bazuen gai hori.

d.2) Arrazoi oso larriengatik edo egoera fisiko edo bestelakoengatik ikasleak ezin izan duenean azterketa normaltasunez egin.

d.3) Irakasleak venia docendi-rik ez badu.

d.4) Azterketa egin aurretik ikasleek ezagutu ez duten ebaluazio sistema erabili badu irakasleak.

d.5) Ikastegiko Erreklamazio Batzordeak hala erabakitzen duenean. Irizpide akademikoak kontuan hartuta (hau da, titulazioaren testuingurua eta tartean dauden irakasgaiak) arrazoiz espero zitekeena baino askoz ere suspentso kopuru handiagoa egon denean.

 

e.– Ikaslea ados ez badago, erreklamazio idatzia aurkeztu ahal izango dio ikastegiko dekano edo zuzendariari bost laneguneko epean.

f.– Ikastegiko Batzarraren batzorde batek, hamar eguneko epean gehienez ere eta behar diren txostenak eskatu ondoren, kasua aztertuko du, eta erabaki arrazoitua hartuko du. Ikasleari eta saileko zuzendariari jakinaraziko zaie erabakia, eta zuzendariak, berriz, taldeko irakasleari eta ikastegiko idazkariari jakinaraziko die, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren ondorioak sor ditzan. Hala behar izanez gero, akta aldatuko da, ikastegiko idazkariaren diligentziaren bidez.

g.– Ikasleak, hilabeteko epean, gorako errekurtsoa jarri ahal izango du errektorearen aurrean. Honek, sailean hartarako osaturiko batzordearen eta Ikastegiko Batzarraren txostenak ikusirik eta beharko liratekeen aholkuak jasorik, erabakia emango du, honela administrazio bideari amaiera emanik.

3.– Ikasketa plan berrien arabera irakasgaitzat hartzen diren karrera amaierako proiektuen kasuan berrikuspena 50.2. artikuluan zehaztutako prozedurari jarraiki egingo da.

 

Hala ere, karrera amaierako proiektuak aztertzen dituzten epaimahaietan sailetik kanpoko osakideak ere egoten direnez, berrikuspena epaimahaiak egingo du. Erreklamazioa, lehendabizi, Ikastegi Batzarraren batzorde eskudunari aurkeztuko zaio.

 

51. artikulua.– 1.– Deialdi ofizial bakoitzeko azterketen egutegia Ikastegiko Batzarrak onartuko du; proposamena zuzendaritzak edo dekanotzak egingo du, sailen eta ikastegiko Ikasleen Kontseiluaren iritzia entzun ondoren, Gobernu Kontseiluak ikasturte bakoitzerako ezarritako muga orokorren barruan. Egutegi honetan, azterketa bakoitza egiteko data, ordua eta ikasgela ageriko dira, eta egutegi hau azterketak hasi baino, gutxienez, hilabete bat lehenago argitaratu beharko da.

Azterketen datak arrazoi justifikaturen bat dela-eta aldatzeko proposamena sailak egingo du, eta dekanoak/zuzendariak onartuko du, Ikasleen Kontseiluaren iritzia entzun ondoren. Aldaketak berehala argitaratuko dira ikastegiko iragarki oholean, betiere, gutxien dela, aldatutako azterketa egin baino 15 egun lehenago.

 

2.– Ikasleek, eskatuz gero, azterketara joan izanaren ziurtagiria jasoko dute.

3.– Irakasgairen bat errepikatzen duten ikasleen kasuan, enborreko edo nahitaezko irakasgai biren azterketen datak batera gertatuz gero, irakasgairen bat errepikatzen ari diren ikasleei kalterik ez egiteko, bien artean maila goragokoa den irakasgaiko irakasleek jarriko dute data berria.

4.– Enborreko edo nahitaezko irakasgai baten eta hautazko irakasgai baten azterketen datak batera gertatuz gero, hautazko irakasgaiaren eguna aldatu beharko da.

5.– Data berean azterketa bat baino gehiago dauzkan ikasleak gutxienez azterketa eguna baino gutxienez hamabost egun lehenago eskatu beharko dio irakasleari data aldatzeko.

6.– Bi azterketa data berean direla esango dugu baldin eta egun berean eta txanda berean (hau da, goizez edo arratsaldez) jarrita badaude. Txanda aldaketa 14:00etan da.

52. artikulua.– 1.– Praktiken memoriak eta lanak emateko data ikasleekin adostuko da eta lanok proposatzen direnean zehaztuko. Edozelan ere, lanok ebaluatzeko ezarritako datak behar besteko aurretiaz jarri beharko dira, ikasleak berme guztiekin erabili ahal izan dezan azterketa egiteko eskubidea.

 

2.– Praktiken lanak eta memoriak ikasleei itzuliko zaizkie, eurek eskatuz gero, kalifikazioa jarri eta hurrengo bi hilabeteetan. Lanok berriz argitaratu edo erreproduzitzeko, osorik edo zati batean, edo beste edozertarako erabiltzeko, ezinbestekoa izango da egilearen baimen ageria.

3.– Ikastegi bakoitzak karrera amaierako proiektu edo lanak egiteko indarrean duen arautegia ikastegiko iragarki oholean egongo da ikusgai.

53. artikulua.– Azterketa egin ondoren, saileko irakasleek ariketa praktikoen eta problemen emaitzak eta ebazpen metodoak jakinaraziko dituzte, ikasleek ahalik eta etekin handiena atera diezaieten eginiko probei.

 

54. artikulua.– 1.– Ikasketen egitura, garapen edo ebaluazioaren inguruan jar litezkeen salaketak zuzendari edo dekanoen aurrean aurkeztuko dira eta haiek organo eskudunei bideratuko dizkiete, hartu beharreko neurriak har ditzaten.

 

2.– Akademia Antolakuntzako Errektoreordetzak modu sistematikoan aztertuko ditu EHUko titulazioetako irakasgaietan ikasleek lortutako emaitza akademikoak. Horrela, kalifikazioak ikusita, behar diren neurriak hartuko dira ikasleen emaitzak emaitza orokorretatik desbideratzen direnean. EHUko Ikasleen Kontseiluari emaitzen berri emango zaio.

 

3.– Zuzendari edo dekanoaren eta Ikastegiko Batzarraren erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio errektoreari, eta errektorearen erabakiek agortu egingo dute administrazio bidea.

55. artikulua.– Ebaluazio probak gorde egin beharko dira, gutxienez, kalifikazioak behin betikoak izan arte. Ikastegiak erabakiko du proba horiek zelan gorde.

 

56. artikulua.– Abuztua baliorik gabea izango da epeak zenbatzeko.

EPAIMAHAI BEREZIAK

57. artikulua.– 1.– EHUko ikastegi guztiek izango dituzte epaimahai bereziak. Epaimahaiburua ikastegiko dekanoa edo zuzendaria izango da, baina dekanotza edo zuzendaritza taldeko edozein kideri eskuordetu ahal izango dio eginkizun hori.

2.– Epaimahaiko buruaz gain, epaimahaiko idazkaria egongo da, hitz egin ahal izango duena baina ez botoa eman. Ikastegiko idazkariak hartuko du bere gain eginkizun hori. Bestalde, epaimahaiburu eta idazkariarekin batera, ikastegiko sei irakaslek jardungo dute. Irakasle horiek jakintza arlo desberdinetakoak izango dira, eta Ikastegiko Batzarrak izendatuko ditu ikasturte bakoitzeko lehen hiruhilekoan. Epaimahaiaren bileretara Ikasleen Kontseiluak izendaturiko ikasle bat joango da, hitz egin ahal izango duena baina ez botorik eman.

3.– Titulazio bat baino gehiago irakasten duten ikastegiek epaimahai bana eratu ahal izango dute ikasketa bakoitzerako, baldin eta Ikastegiko Batzarrak hori erabakitzen badu.

4.– Gobernu Kontseiluak ere izango du epaimahai berezia. Epaimahaiburua Ikasleen errektoreordea izango da, errektoreak eginkizunak eskuordetuta. Epaimahaia, bestalde, Gobernu Kontseiluak berak ikasturte bakoitzeko lehen hiruhilekoan aukeratuko dituen bost irakaslek osatuko dute, bana arlo zientifiko bakoitzeko. Akademia Gestiorako Zerbitzuko teknikari bat izango da epaimahaiko idazkaria, eta hitz egin ahal izango du baina ez botoa eman. Gobernu Kontseiluaren epaimahai bereziko kideren batek kasuan kasuko ikastegiko epaimahai berezian jardun badu, ordezko bat izendatuko da. Epaimahaiaren bileretara Ikasleen Kontseiluak izendaturiko ikasle bat joango da, hitz egin ahal izango duena baina ez botorik eman.

5.– Epaimahai horrek ebatziko ditu ikastegietako epaimahai berezien erabakien kontra jarritako erreklamazioak.

58. artikulua.– 1.– Ikasturte bakoitzeko otsail eta iraileko deialdien ondoren eskatu ahalko dute ikasleek ebaluazio berezia. Azken eguna martxoaren 15a izango da lehen kasuan, eta urriaren 15a bigarrenean. Ikastegietako epaimahai bereziek martxoaren edo urriaren 31 baino lehen hartu beharko dute erabakia, hurrenez hurren.

2.– Erreklamazioak urte bakoitzeko apirilaren edo azaroaren 10a baino lehen (deialdiaren arabera) aurkeztu beharko zaizkio Gobernu Kontseiluko epaimahai bereziari, eta hil beraren 25a baino lehen ebatziko dira. Erreklamazioa behin ebatzita, eta ikaslea ados ez badago, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio errektoreari. Hilabeteko epea izango du horretarako, Gobernu Kontseiluko epaimahai bereziak erabakia argitaratzen duenetik hasita.

59. artikulua.– 1.– Ikasleek, irakasgaiak edo kredituak ebaluazio bereziaren bidez gainditzeko, matrikulatuta egon behar dute. Matrikulatuta egoteagatik euren esku dauzkaten bi deialdietako edozein erabili ahal izango dute.

2.– Ikasleek ebaluazio berezia eskatu ahal izango dute, egokitzat hartzen dituzten alegazioetan oinarrituta —baldin eta ez badituzte agortu irakasgaiaren deialdi guztiak— honako kasuotan:

Plan berritu gabeak (kreditutan egituratu gabeak)

a.– Urte osoko irakasgai bat edo lauhileko bi irakasgai diplomatura, arkitektura tekniko eta ingeniaritza teknikoetan, baldin eta urte osoko irakasgai bi edo lauhileko lau baino ez baditu gainditzeke ikasleak, gehienez ere. Urte osoko irakasgai bi edo lauhileko lau irakasgai lizentziatura, ingeniaritza edo arkitekturan, baldin eta urte osoko hiru irakasgai edo lauhileko sei baino ez baditu gainditzeke ikasleak. Urte osoko irakasgai bat lauhileko biren parekoa da, zenbaketarako.

 

b.– Ebaluazio berezia eskatu duten ikasleek hiru deialdi behintzat erabilita izan beharko dituzte, eta horietako batean lortutako nota 3 izan beharko da gutxienez.

c.– Inola ere ezingo da eskatu ebaluazio berezia karrera amaierako proiektu edo lanerako.

Plan berrituak (kreditutan egituratuak)

d.– Titulazioko kreditu guztien % 6ri dagozkion irakasgaien ebaluazio berezia eskatu ahal izango du ikasleak, gehienera, baldin eta egin beharreko kredituen
% 85 gainditu badu.

e.– Ebaluazio berezia eskatu duten ikasleek hiru deialdi behintzat erabilita izan beharko dituzte. Eta horietako batean lortutako nota 3 izan beharko da gutxienez.

f.– Inola ere ezingo da eskatu ebaluazio berezia karrera amaierako proiektu edo lanerako eta practicumerako.

60. artikulua.– 1.– Epaimahai bereziak balioz eratzeko beharrezkoa izango da kideen erdiak bertan egotea. Dena dela, epaimahaiburua eta idazkaria, edo ordezkoak, beti egon beharko dira.

 

2.– Erabakia ez bada hartu aho batez eta berdinketa gertatu bada, epaimahaiburuaren kalitate botoak izango du lehentasuna.

3.– Idazkariak bileraren akta egingo du. Kasu bakoitzean hartutako erabakia jasoko da aktan, hau da, eskaera onartzen den ala ez, arrazoiak azalduta. Akta publikoa izango da.

 

61. artikulua.– 1.– Eskaera aztertu baino lehenago, iritzia emateko eskatuko dio ikastegiko epaimahai bereziko buruak irakasgaiaren ardura duen sailari. Iritzi hori idatziz bidali beharko da, arrazoiak emanda, hamar eguneko epean. Epaimahaiko kideren batek irakasten duen irakasgaia agertzen bada eskaeran, ikastegiko dekano edo zuzendariak ordezkoa izendatuko du.

 

2.– Epaimahaiak, erabakia hartzeko, ikaslearen espediente osoa aztertuko du.

 

62. artikulua.– 1.– Epaimahai bereziak irakasgaia gainditutzat ematea erabaki badu, epaimahaiko idazkariak jakinaren gainean jarriko du ikaslea matrikulatuta dagoen ikastegiko idazkaria. Idazkariak «5, ebaluazio bereziaz gaindituta» nota sartuko da ikaslearen espedientean.

2.– Irakasgaia ebaluazio bereziaz gainditu denean ikasleak data horretara arte erabilita eduki duen deialdi kopuruari beste bat gehituko zaio.

3.– Ebaluazio bereziaz gainditutako irakasgaiaren balioa 1 izango da, espedientea barematzerakoan.

4.– Epaimahai bereziak ez badu ematen irakasgaia gainditutzat, ikasleak ez du deialdi hori agortuko.

VI. KAPITULUA

AUKERA ASKEA

63. artikulua.– Definizioa.

Aukera askea hauxe da: edozein titulu eskuratu ahal izateko ikasleak nahitaez amortizatu (curriculumean sartu) behar dituen eta kasuan kasuko ikasketa planean horrela definituta agertzen diren kredituak. Kreditu horiek lortzeko (amortizatzeko) moduak bi dira: izaera hori daukaten irakasgaiak gainditzea eta prestakuntza osatzeko ekintzak burutzea.

 

Irakats eskaintzaren eta aukera askeko gestioa koordinatzeko, EHUk ikasturte bakoitzean irakats eskaintzarako ematen dituen jarraibideek arautegi honetan xedatutakoa jasoko dute beren-beregi, aplikagarria denean.

Ezin izango dira inolaz ere aukera askean hartu norberaren titulazioan egindako gaien eduki bera edo antzekoa daukaten gai edo ekintza akademikoak, ez eta aurretiko baldintzen edo bateraezintasunen menpe egon daitezkeenak.

 

Ezinezkoa izango da ikasketa planak orotara eskatzen dituen aukera askeko kredituak baino gehiago egitea, salbu eta honelako irakasgai berri batean matrikulatzean kopuru hori gainditzen denean.

64. artikulua.– Kredituak irakasgaien bidez amortizatzea.

1.– Norberaren titulazioko hautazko irakasgaiak.

Ikasleak bere titulazioko hautazko irakasgai guztiak burutu ahal izango ditu kreditu horiek aukera askeko gisa konta daitezen, irakasgaiok ikasturte horretarako onartu den irakats eskaintzan azalduz gero. Hautazko kredituen soberakinak aukera askekotzat joko dira, ikasleak horretarako eskaera egiten badu. Ikasleak aukera askeko moduan egin duen irakasgaia bere titulazioko hautazko irakasgaia bada, aukera askeko irakasgaia espedientean hautazko irakasgai gisa agertzeko eskaria egin dezake ikasleak. Aipatutako kreditu horiek onartzea ziklo bakoitzaren amaieran baino ezin da egin.

 

2.– Beste titulazio bateko enborreko, nahitaezko edo hautazko irakasgaiak.

Titulazio hori egiten ari ez diren ikasleei aukera askeko gisa eskainiko zaizkie irakasgai horiek.

 

Lehenengo zikloa bukatu ondoren ikaslea bigarren ziklora pasatzen denean, hala zuzenean nola aurretik prestakuntza-osagarriak burutuz, bigarren ziklo horretako irakasgaiak ezin izango dira aukera askeko moduan ikasi.

Aukera askeko eskaintzan ezin izango dira eskaini plaza mugatuak dauzkaten titulazioen lehen mailako irakasgaiak, salbu eta ikastegiak eskatutako oso irakasgai berezituak direnean eta unibertsitateko irakats eskaintzan hala onartuta daudenean.

 

Jakintza arlo artekoak izateagatik beste karrera batzuetako ikasleentzat gomendagarriagoak izan daitezkeen irakasgaiak eskainiko dituzte sailek, eta zehaztuko dute zenbat plaza eskaintzen dituzten horretarako eta zein titulaziotako ikasleentzat.

 

Bigarren ziklo bateko aukera askeko kredituak ezin izango dira amortizatu ikasleari 2. ziklo horretara sartzeko bidea eman dion titulazioko lehenengo zikloan egindako kredituekin.

Ikasle bat edozein titulaziotako lehen mailan hasten bada (bigarren zikloa besterik ez daukaten titulazioak kenduta), aurretik unibertsitate honetako edo beste edozeinetako titulazio batean matrikulatuta egon eta gero, aukera askeko kredituak amortizatu ahal izango ditu gainditutako irakasgaien bitartez, baldin eta beste irakasgai batzuk baliozkotzeko erabili ez baditu. Dena dela, muga hauek izango ditu: ziklo bakarreko titulazio batera doan ikaslea denean 18 kreditu; ziklo biko titulazio batera doan ikaslea denean, 24 kreditu.

3.– Aukera askeko «bereziak».

Aukera askeko «bereziak» esaten zaie inongo ikasketa plani atxikita ez dauden gaiei. Sailek eskaintzen dituzte aukera askeko kredituak amortizatzeko. Prozedura honen bidez eskaintzen dituzte:

 

a.– Sailek aukera askeko irakasgai «bereziak» ikastegien bidez eskainiko dituzte. Ikastegiek kontuan hartu beharko dute horretarako leku egokiak (ikasgelak, mintegiak edo laborategiak) eduki beharko dituztela, dotazio berrien beharrik gabe. Irakasgai horiek ikasturte bakoitzerako onartuko dira, irakats eskaintza onartzeko prozedura orokorraren arabera.

b.– Eskaintza horiek honako datuak jaso beharko dituzte: irakasgaiaren izena, irakasle arduraduna, saila, irakagaiaren justifikazioa eta edukien laburpena, kreditu kopurua, ikasleen gehienezko kopurua, zelako ezagutzak eskatzen zaizkien ikasleei aldez aurretik eta, hala dagokionean, zein titulaziori zuzenduta dagoen.

c.– Irakasle arduradunaren erantzukizuna izango da gaia bere osoan irakastea eta ikasleen ebaluazioa egitea. Horretarako, gaian interesa daukaten irakasleen laguntza izango du.

d.– Irakasle guztiek eman ahalko dituzte halako gaiak, baldin eta horrek irakasle gehiago kontratatu beharra ez badakar.

4.– Matrikula.

a.– Titulazio bateko lehenengo zikloan lehenengoz matrikulatzen diren ikasleak ezin izango dira aukera askeko irakasgaietan matrikulatu.

b.– Aukera askekotzat egingo diren irakasgaien matrikula gainerako irakasgaien matrikularekin batera egingo da. Aukera askeko irakasgaietan matrikulatzeak ez dakar berez irakasgai horren ordutegia bateragarria izatea ikaslea matrikulatu den gainerako irakasgaien ordutegiekin.

c.– Prezio publikoen aginduan ezarriko da aukera askeko irakasgaien kredituen prezioa.

 

5.– Azterketen datak.

Aukera askeko irakasgaien azterketak ikaslea egiten dagoen titulazioko irakasgai hautazko edo nahitaezkoen azterketekin batera suertatzen badira, ikasleak eskubidea izango du aukera askeko irakasgaiaren azterketa beste egun batean izateko. Irakasleak proposatuko du beste egun hori.

6.– Aktak.

Irakasgaiotan matrikulatzen diren ikasleak ikasten egon diren taldearen kalifikazio orrietan azalduko dira. Titulazio horretako gainerako ikasleei legez kalifikatuko zaie. Talde horretako ikasle guztiekin akta bat egingo da, eta gero beste akta bat erantsiko da beste titulazio batzuetatik etorritako ikasle multzo bakoitzerako. Azken horiek behin sinatuz gero, dagozkien ikastegietako idazkaritzetara bidaliko dira.

 

Aukera askeko irakasgai berezien kasuan prozedura bera jarraituko da. Izan ere, nahiz eta irakasgai horiek inongo ikasketa planetan ez egon, ikastegi jakin bati atxikita azalduko dira.

65. artikulua.– Kredituak prestakuntza osagarriaren bidez amortizatzea.

1.– Sail eta ikastegientzako lanak egitea.

Ikasleak eska lezake aukera askeko kredituak amortizatzea honelako lanen truke: bibliografia erreseinak; ikerketa tekniken oinarriak ikastea laborategietan, biblioteketan edo bestelakoetan; gure unibertsitateko irakasle batek gidatutako bestelako lan oinarrizkoak egitea. Halakoetan irakaslea izan beharko da ikaslea egiten dagoen titulazioko jakintza arloren batekoa.

 

Hala eta guztiz ere, lan horiek ikasleak bere titulazioko irakasgaiak gainditzeko egin beharreko lanetik apartekoak izango dira. Lan horiek egiteagatik ez du dirurik jasoko eta aukera askeko kredituak amortizatzeko baino ez diote balioko, kreditu 1 30 orduko.

 

Ziklo bateko titulazioetan ezingo dira 20 kreditu baino gehiago amortizatu, eta bi zikloko titulazioetan 30 kreditu amortizatuko dira gehienez.

Jarduera horien arduradunek ziurtagiri bat emango diote ikasleari. Ziurtagiria ikastegiko dekano edo zuzendariak edo saileko zuzendariak bermatuko du, eta bertan jasoko dira ikasleak egindako lana azaltzen duen memoria eta dagozkion kredituen kopurua.

 

Ikasleak, 66. artikuluan aipaturiko epeetan, ziurtagiri hori aurkeztuko du matrikulatuta dagoen ikastegiko idazkaritzan, prezio publikoak (tasak) ordaindu ondoren kreditu horiek espedientean sar ditzaten.

 

2.– Praktikak enpresa, entitate eta erakundeetan.

Aukera askeko kredituak enpresa, entitate eta erakundeetan egindako praktiken bidez amortizatu nahi direnean, praktika horiek ez badira derrigorrezkoak ikaslea egiten ari den ikasketa planean, hauek hartuko dira kontuan:

a.– Praktikak hitzarmen baten barruan egiten badira, praktiken arduraduna gure unibertsitateko irakasle bat izango da eta berak erabakiko du zenbat kreditu aitortuko zaizkion ikasleari praktika horiengatik. Irakasle horrek egingo die jarraipena ikasleei eta ziurtagiri bat emango die, non azalduko duen ikasleak praktiketan zer egin duen eta horren truke zenbat kreditu aitortzen zaizkion.

 

Ikaslea, ziurtagiri hori hartuta, bere ikastegiko idazkaritzara joango da 66. artikuluan aipaturiko epeen barruan, kreditu horiek espedientean sar diezazkioten. Horretarako, prezio publikoak (tasak) ordaindu beharko ditu.

b.– Praktikak ez badira hitzarmen baten barruan egiten, ikastegietako baliozkotze batzordeek onartu beharko dituzte kredituak amortizatzeko eskariak. Batzorde horiek erabaki beharko dute ikasleari amortizatuko zaion kreditu-kopurua; gero, ikastegiko idazkari akademikoaren erabakiaren bidez ikaslearen espedientean sartuko dira kreditu horiek, ikasleak prezio publikoak ordaindu ondoren.

 

Kasu bietan, kreditu bat emango da 30 ordurengatik, baldin eta ikasketa planean bestelakorik adierazten ez bada. Ziklo bakarreko titulazioetan 20 kreditu emango dira gehienez ere, eta ziklo biko titulazioetan 30 kreditu gehienez ere.

3.– Nazioarteko hitzarmenen barruan egindako ikasketak.

Aukera askeko kredituak nazioarteko hitzarmenen barruan egindako ekintzen bidez amortizatzeko, kontuan hartu beharko dira Ikerketa eta Nazioarteko Harremanetako Errektoreordetzak ikasturte bakoitzerako markatzen dituen irizpideak. Errektoreordetza horrek eskaini eta argitaratuko ditu aukera askeko kredituak amortizatzeko baliagarri izango diren ekintzak, ekintza horietan parte hartzen duten ikasleen jarraipena egingo du eta ziurtagiria emango dio ikasleari, burutu den ekintza zein izan den adieraziz, bai eta zenbat kreditu amortizatzeko balio duen ere.

 

Era berean, ikastegi bakoitzeko Erasmus koordinatzaileak ere ziurtagiriak egin ahal izango ditu Sokrates-Erasmus Europako Programaren barruan ikasleek egindako jarduerak aukera askeko kredituak amortizatzeko balio izan dezaten, baldin eta hizkuntza ikastaroak ez badira. Dena dela, horretarako baldintza izango da jarduera horiek jasota ez egotea Ikasketen Balioa Onartzeko Aurretiko Konpromisoan.

Ikaslea, ziurtagiri hori hartuta, matrikulatuta dagoen ikastegiko idazkaritzara joango da 66. artikuluan aipaturiko epeen barruan, eta eskuratuta dituen kredituak espedientean sar diezazkioten behin prezio publikoak (tasak) ordaindu ondoren.

Jarduera horiengatik gehienez ere 20 kreditu onartuko dira ziklo bakarreko titulazioetan, eta 30 kreditu ziklo biko titulazioetan.

4.– Ikasleen ordezkaritzarako organoak eta ikasleen elkarteak

Titulazioa egin bitartean unibertsitateko ordezkaritza organo batean edo gehiagotan parte hartzeagatik ikasleen ordezkariek ezingo dituzte amortizatu aukera askeko 20 kreditu baino gehiago ziklo bakarreko titulazioetan eta 30 kreditu baino gehiago ziklo biko titulazioetan. Hauexek dira kasu honetan aplikatu beharreko irizpideak:

a.– Unibertsitateko Ikasleen Kontseiluko buruak 20 kreditu jasoko ditu urteko.

b.– Ikasleen Kontseiluko beste kideek 15 kreditu urteko.

c.– Ordezkarien Batzarreko kideek 3 kreditu urteko.

d.– Ikastegiko Ikasleen Kontseiluko buruak 10 kreditu urteko.

e.– Ikastegiko Ikasleen Kontseiluko gainerako kideek 6 kreditu urteko.

f.– Ikastegiko Ordezkarien Batzarreko kide ere diren ikastaldeetako ordezkariek 3 kreditu urteko.

 

g.– Saileko Kontseiluko partaide diren ikasleek 2 kreditu urteko.

h.– Ikastegiko Batzarrean dauden ikasleek 4 kreditu urteko.

i.– Campuseko Batzarreko ikasleek 2 kreditu urteko.

j.– Ikasle klaustrokideek kreditu 2 urteko.

 

k.– Gobernu Kontseiluan dauden ikasleek 6 kreditu urteko.

 

l.– Ikasleen elkarteetako buruek kreditu 2 jasoko dituzte gehienez ere, baldin eta gutxienez urte batean izan badira elkarteko kide eta kargua beste urte batean bete badute.

m.– EHUren jarduera instituzionaletan parte hartzeagatik ere aitortuko zaizkie kredituak ikasleei, errektoreak izendatu baditu horretarako.

Ikastegiko dekano edo zuzendariak ziurtagiri bana egingo die aurreko pasarteko d), e), f) eta h) ataletan aipaturiko ikastegiko ordezkaritza organoetan parte hartu duten ikasleei, hala eskatzen badute. Ziurtagirian adieraziko da zenbat kreditu amortizatu behar diren.

 

Ikasleen errektoreordeak, Ikasleen Kontseilu Nagusiaren bitartez, ziurtagiri bana egingo die lehen pasarteko a), b), c), i), j), k), l) eta m) ataletan aipaturiko ordezkaritza organo orokorretan parte hartu duten ikasleei, hala eskatzen badute. Ziurtagirian adieraziko da zenbat kreditu amortizatu behar diren.

 

Saileko zuzendariak ziurtagiri bana egingo die Saileko Kontseiluan parte hartu duten ikasleei, hala eskatzen badute. Ziurtagirian adieraziko da zenbat kreditu amortizatu behar diren.

 

Ikaslea, ziurtagiri hori hartuta, matrikulatuta dagoen ikastegiko idazkaritzara joango da 66. artikuluan aipaturiko epearen barruan, eskuratuta dituen kredituak espedientean sar diezazkioten, prezio publikoak (tasak) ordaindu ondoren.

5.– Kultur ekintzak.

Aukera askeko kredituak amortizatzeko bidea emango duten kultur ekintzak gure unibertsitateko kultur gestiorako bulegoek eta ikastegiek antolatutakoak izango dira. Azken kasuan beharrezkoa izango da kasuan kasuko Ikastegiko Batzarraren edo horren ordezko izango den batzordearen onespena, eta eskaintzak /EHUko ikasle guztientzat balioko du.

 

Ekintza horietan kreditu bat emango da 15 ordurengatik, oro har; baina gehienez 8 kreditu emango dira ekintza eta ikasturteko. Ekintzaren arduradunak bermatuko du onartuko diren aukera askeko kredituen kopurua. Arduradun hori EHUko irakaslea izan beharko da. Irakasle horrek egingo die jarraipena ikasleei eta berak emango dio dagokionari ziurtagiri bat, non azalduko duen ikasleak zer egin duen eta horren truke zenbat kreditu aitortzen zaizkion.

 

Ziurtagiri horrekin, ikaslea, 66. artikuluan aipaturiko epeetan, matrikulatuta dagoen ikastegiko idazkaritzan aurkeztuko da, prezio publikoak (tasak) ordaindu ondoren aipaturiko kredituak bere espedientean sartu ditzaten.

Jarduera horiengatik gehienez 20 kreditu onartuko dira ziklo bakarreko titulazioetan, eta 30 kreditu, gehienez, ziklo biko titulazioetan.

6.– Kirol ekintzak.

Kirol ekintzen bidez aukera askeko kredituak amortizatu ahal dira, betiere, Kirol Zerbitzuak egindako eskaintzan aukera hori zehaztuta badago jarduera jakin baterako. Eskaintza 2005eko urriaren batean emango da argitara, eta 2006ko otsailean argitaratuko denarekin osatuko da.

Kirol ikastaroak

a.– Kirol Zerbitzuak antolatutako ikastaroetan parte hartzen duten ikasleek lau kreditu amortizatu ahal izango dituzte, gehienez, ikasturtean. Kreditu bat amortizatuko da 15 orduko.

 

Kirol ikastarotzat hartuko dira kirol baten teknikei buruzko ezagutza teoriko eta praktikoak irakasteko programatzen direnak.

 

Gutxienez astean bi egunetan egin beharko da jarduera, eta egunean ordubete iraun; edozelan ere, astean bi ordu hartuko dira kontuan gehienez.

 

Eskaerak Kredituak eskuratu ahal izateko, ezinbestekoa da izena ematerakoan kredituak eskatzeko orria betetzea, bestela ikasleak ezin izango baitu bukaeran jaso I . atalean aipatutako ziurtagiria. Kredituak eskatzeko orriak EHUko Kirol Zerbitzuan jasoko ditu ikasleak.

 

Naturan egindako ekintzak

b.– Ingurugiroa zaindu eta ezagutzearekin zerikusia duten jardueretan eta hari lotutako kiroletan parte hartzeagatik ikasleak lau kreditu lortu ahal izango ditu, gehienera, ikasturte bakoitzean. Kreditu bat lortu ahal izateko gutxienez hiru saio oso egin beharko dira eta bi kirol jardueratan, gutxienez. Saio osoak dira goizez eta arratsaldez burutzen direnak. Goizez soilik edo arratsaldez soilik burutzen direnak, ordea, saio erdiak izango dira. Saio erdiak pilatu ahal izango dira eta, beraz, bi saio erdik saio oso bat egingo dute.

 

 

Eskaerak. Kredituak eskuratu ahal izateko, ezinbestekoa da izena ematerakoan kredituak eskatzeko orria betetzea, bestela ikasleak ezin izango baitu bukaeran jaso I . atalean aipatutako ziurtagiria. Inprimakiok EHUko Kirol Zerbitzuan jaso eta aurkeztu beharko dira.

 

Lehiaketak

c.– Campusetako txapelketetan parte hartzen duten ikasleek kreditu bat (1) lortuko dute lau (4) egun edo gehiagotan parte hartzeagatik txapelketetan. Kirol modalitate bakoitzeko talde txapeldunekoko kidea izateagatik edo banakako txapelketetan txapelduna izateagatik, ikasleak kreditu bat gehiago lortuko du, lehiaketan gutxienez lau taldek edo lau lehiakidek hartu badute parte. Izena emandakoak hogei baino gehiago badira, txapeldunak bi kreditu gehiago lortuko ditu, eta bigarrenak bat. Hogeita hamar baino gehiago badira izena emandakoak, txapeldunak hiru kreditu lortuko ditu, bigarrenak bi eta hirugarrenak bat.

d.– Kirol modalitate bakoitzeko talde txapeldunekoa izateagatik, edo banakako lehiaketetan txapelduna izateagatik EHUko txapelketetan kreditu bat eskuratuko da. Kreditu hori campusetako txapelketetan lorturikoei gehitu ahal izango zaie.

e.– Unibertsitate arteko estatuko txapelketetako finaletan parte hartzeagatik hiru kreditu lortuko dira. Gainera, urrezko domina lortuz gero, ikasleak bost kreditu eskuratuko ditu, zilarrezko dominagatik lau kreditu, eta brontzezko dominagatik, berriz, hiru. Kreditu horiek ezin zaizkie gaineratu EHUko barne txapelketetan lorturikoei.

f.– Nazioarteko unibertsitate txapelketetan parte hartzeko Kirol Kontseilu Gorenak aukeratzen dituen ikasleek zortzi kreditu eskuratuko dituzte.

 

g.– EHUk antolatu edo gestionatutako liga federatuetan parte hartzen duten taldeetako ikasleek eta unibertsitatearekin lankidetza hitzarmena izenpetuta duten klubetakoek hurren aipatzen diren kredituak lortu ahal izango dituzte ikasturte bakoitzean:

 

Kategoria Kredituak

Probintziakoa 2

Euskal liga / estatuko 2. maila 4

Estatuko ligak (tarteko kategoriak) 6

Estatuko 1. eta 2. kategoria gorenak

(ez profesionalak) 8

 

h.– EHUk antolatu eta gestionatzen ez dituen taldeak badira, ikasleak behartuta egongo dira EHUrekin parte hartzera campuseko edota EHUko txapelketetan, bai eta estatuko edo nazioarteko txapelketetan ere.

 

i.– Kirol Kontseilu Gorenak edo Eusko Jaurlaritzak goi mailako kirolaritzat hartutako ikasleek zortzi kreditu amortizatu ahal izango dituzte, gehienera, lortutako merezimenduen arabera, ikasturte bakoitzean. Espainiako edo Euskal Herriko Federazioak egiaztatutako kirol merezimenduak aurkezten dituzten ikasleek ere kreditu kopuru bera lortu ahal izango dute, bai eta eliteko kirola bultzatzen duten Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Fundazioek proposatutakoek ere. Atal honetan bakarrik sartuko dira Kirol Kontseilu Gorenak unibertsitate kirolerako urtero argitaratzen duen deialdian agertzen ez diren kirol modalitateak egiten dituzten kirolariak.

 

Prestakuntza ikastaroak

j.– Ikasleek 4 kreditu lortu ahal izango dituzte, gehienera, ikasturte bakoitzean honako hauen bidez: Kirol Zerbitzuak kirol baten teknikak lantzeko antolatutako ikastaroak eta kirolari buruzko bestelako ikastaro, mintegi edo hitzaldiak, edo Eusko Jaurlaritzan eta/edo Kirol Kontseilu Gorenean erregistratutako kirol federazioekin hitzartutakoak. Kreditu bat amortizatuko da prestakuntzako 15 orduko.

 

Laguntzaileak

k.– Kirol Zerbitzuaren jardueretan laguntzen duten ikasleek zortzi kreditu amortizatu ahal izango dituzte, gehienera. Kreditu bat amortizatuko zaie hogeita hamar orduko lankidetzagatik.

Ziurtagiriak

l.– 6. puntu honen arabera 2004-2005 ikasturtean egiten diren kirol jardueretarako 2005eko irailaren 30a baino lehen eskatu beharko da ziurtagiria; beraz, ikasleak egun hori baino lehenago joan beharko dira Kirol Zerbitzura eskaria egitera. Kirol Zerbitzuak jarraipena egingo die kirol ekintza horietan parte hartzen duten ikasleei, eta ziurtagiria emango die, egindako jarduera eta dagokion kreditu kopurua zehaztuta. Ikaslea, ziurtagiri hori hartuta, matrikulatuta dagoen ikastegiko idazkaritzara joango da 66. artikuluan aipaturiko epearen barruan, eskuratuta dituen kredituak espedientean sar diezazkioten, prezio publikoak (tasak) ordaindu ondoren.

 

m.– Jarduera hauen bidez 8 kreditu amortizatuko dira gehienera ikasturte bakoitzean; ziklo bakarreko ikasketetan, guztira, hogei kreditu amortizatuko dira gehienez ere, eta bi ziklokoetan, berriz, hogeita hamar.

7.– Hitzarmenaren barruko unibertsitateek eskaintzen dituzten aukera askeko ekintzak

Hitzarmenaren barruko unibertsitateetan (hau da, 9-U elkarteko kide diren unibrtsitateetan) egindako aukera askeko ekintza guztiek balioa izango dute EHUn, eta kreditu kopuru berbera amortizatzeko balioko dute.

8.– Hizkuntzak.

Ikasleek aukera askeko kredituak amortizatu ahal izango dituzte euskara eta atzerriko hizkuntzak jakiteagatik. Kreditu horiek ezin izango dira pilatu, eta baliozkotze hauen arabera amortizatuko dira:

a) Hizkuntza eskola ofizialetako tituluak:

1. maila gaindituta: 2 kreditu

2. maila gaindituta: 4 kreditu

3. maila gaindituta: 10 kreditu

4. maila gaindituta: 14 kreditu

5. maila gaindituta: 18 kreditu

b) Cambridge:

Preliminary: 2 kreditu

First Certificate: 10 kreditu

Advanced: 14 kreditu

Proficiency: 18 kreditu

c) British Council:

Oinarrizkoa: 2 kreditu

Erdikoa: 10 kreditu

Goikoa: 18 kreditu

d) Trinity College

5. maila gaindituta: 2 kreditu

8. maila gaindituta: 10 kreditu

10. maila gaindituta: 14 kreditu

11. maila gaindituta: 18 kreditu

e) DELF 1. maila: 10 kreditu

DELF. 2. maila: 14 kreditu

DALF: 18 kreditu

f) Alemana

Oinarrizkoa:

Zertifikat: 10 kreditu

Erdiko maila:

Zentrale Mittelstufenprüfung: 14 kreditu.

Deutsches Sprachdiplom. Stufe I: 14 kreditu.

Goi maila:

Kleines Deutsches Sprachdiplom: 18 kreditu.

Zentrale Mittelstufenprüfung: 18 kreditu.

Kleines Deutsches Sprachdiplom: 18 kreditu.

Deutsches Sprachdiplom Stufe II: 18 kreditu.

Deutsche Sprachprüfung: 18 kreditu.

g) Herri administrazioetako 1. hizkuntz eskakizuna: 4 kreditu.

Herri administrazioetako 2. hizkuntz eskakizuna edo irakaskuntzako 1. hizkuntz eskakizuna: 12 kreditu.

EGA, irakaskuntzako 2. hizkuntz eskakizuna/administrazioko 3. hizkuntz eskakizuna, baliokidea edo goragokoa: 18 kreditu.

h) Alfabetatzea:

1. maila gaindituta izateagatik: 10 kreditu

2. maila gaindituta izateagatik: 16 kreditu

i) Euskalduntzea:

5. maila gaindituta izateagatik: 4 kreditu

9. maila gaindituta izateagatik: 12 kreditu

12. maila gaindituta izateagatik: 16 kreditu

j) Hizkuntzak irakasten dituen beste edozein ikastegi ofizial, beti ere mailatan antolatuta dagoenean. Aurreko baliozkotzea aplikatuko da zuzenean edo, bestela, ikasleak aurkeztutako dokumentazioaren arabera gehien hurbiltzen dena aplikatuko da.

Baina ondoren zehazten diren kasuetan ezingo da amortizatu aukera askeko krediturik hizkuntzak jakiteagatik:

Frantses Filologiako ikasleek ezingo dute egin eskaerarik aukera askeko kredituak amortizatzeko frantsesa jakiteagatik.

Ingeles Filologiako ikasleek ezingo dute egin eskaerarik aukera askeko kredituak amortizatzeko ingelesa jakiteagatik.

Euskal Filologiako ikasleek ezingo dute egin eskaerarik aukera askeko kredituak amortizatzeko euskara jakiteagatik.

Aleman Filologiako ikasleek ezingo dute egin eskaerarik aukera askeko kredituak amortizatzeko alemana jakiteagatik.

Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasleek ezingo dute egin eskaerarik aukera askeko kredituak amortizatzeko, aukeratu duten A, B edo C hizkuntza jakiteagatik.

Irakasle Eskolako ikasleek, «atzerriko hizkuntza: frantsesa» espezialitatekoek, ezingo dute egin eskaerarik aukera askeko kredituak amortizatzeko frantsesa jakiteagatik.

Irakasle Eskolako ikasleek, «atzerriko hizkuntza: ingelesa» espezialitatekoek, ezingo dute egin eskaerarik aukera askeko kredituak amortizatzeko ingelesa jakiteagatik.

Ekintza hauen bidez 20 kreditu amortizatu ahal izango dira gehienera ziklo bakarreko titulazioetan eta 30 kreditu gehienera ziklo biko titulazioetan. Horretarako, jatorrizko dokumentuak eta kopiak aurkeztu beharko dira (erkatzeko) ikastegiko Idazkaritzan, 66. artikuluan aipaturiko epearen barruan, eta kasuan kasuko prezio publikoak (tasak) ordaindu.

9.– Musika.

Musika ikasketen bidez ere amortizatu ahal izango dira aukera askeko kredituak. Kasu honetan aplikatu beharreko irizpide eta baloreak hauek dira:

3 kreditu ikasketa hauengatik:

– Piano, biolin eta biolontxeloko 1., 2., 3. eta 4. mailak gaindituta (plan zaharra).

– Akordeoi eta perkusioko 1. maila gaindituta (plan zaharra)

– Beste tresnetako eta kantuko 1., 2. eta 3. mailak gaindituta (plan zaharra)

– Edozein tresnatako 1., 2., 3. eta 4. mailak gaindituta (plan berria)

9 kreditu ikasketa hauengatik:

– Piano, biolin eta biolontxeloko 5., 6., 7. eta 8. mailak gaindituta (plan zaharra).

– Organoko 4. eta 5. mailak gaindituta (plan zaharra)

– Klabezineko 1., 2. eta 3. mailak gaindituta (plan zaharra)

– Akordeoi eta perkusioko 2. eta 3. mailak gaindituta (plan zaharra)

– Beste tresnetako eta kantuko 4., 5. eta 6. mailak gaindituta (plan zaharra)

– Edozein tresnatako 5., 6., 7., 8., 9. eta 10. mailak gaindituta (plan berria)

– Maila ertaineko 1., 2., 3., 4., 5. eta 6. mailak gaindituta (plan berria)

15 kreditu ikasketa hauengatik:

– Piano, biolin eta biolontxeloko 9. eta 10. mailak gaindituta (plan zaharra).

– Organoko 6. eta 7. mailak gaindituta (plan zaharra)

– Akordeoi eta perkusioko 4. eta 5. mailak gaindituta (plan zaharra)

– Beste tresnetako eta kantuko 7. eta 8. mailak gaindituta (plan zaharra)

– Edozein tresnatako 11., 12., 13. eta 14. mailak gaindituta (plan berria)

– Goi mailako 1., 2., 3. eta 4. mailak gaindituta (plan berria)

Adierazitakoez gain, ondoren aipatzen diren titulu ofizialen bidez ere amortizatu ahal izango dira aukera askeko kredituak, pilatu ezin izango badira ere:

6 kreditu irakasle titulua izateagatik, edozein espezialitatetan: solfeoa edo musika tresna, talde korala, harmonia, talde instrumentala, bat-bateko saio instrumentala eta transposizioa, ganbara musika, estetika, konposizioa eta instrumentazioa, orkestra edo koru zuzendaritza...

9 kreditu goi mailako irakasle titulua izateagatik, edozein espezializatetan: solfeoa edo musika tresna, talde korala, harmonia, talde instrumentala, bat-bateko saio instrumentala eta transposizioa, ganbara musika, estetika, konposizioa eta instrumentazioa, orkestra edo koru zuzendaritza...

Ikastetxe hauetan egindako musika ikasketak onartuko dira: kontserbatorio ofizialetan, udal kontserbatorioetan, eta musika ikastetxe eta eskola baimenduetan, hau da, indarrean dagoen legeriaren araberako musika ikasketak irakasten dituztenetan.

Ekintza hauen bidez 18 kreditu amortizatu ahal izango dira gehienera ziklo bakarreko titulazioetan, eta 24 kreditu gehienera ziklo biko titulazioetan. Ikaslearen mailaren arabera emango dira kredituok, eta ezingo dira pilatu mailaka. Horretarako, jatorrizko dokumentuak eta kopiak aurkeztu beharko dira (erkatzeko) ikastegiko Idazkaritzan, 66. artikuluan aipaturiko epearen barruan, eta kasuan kasuko prezio publikoak (tasak) ordaindu.

10.– Dantza.

LOGSEko 39.1. artikuluan aipaturiko dantza ikasketen bidez kreditu hauek amortizatuko dira:

3 kreditu oinarrizko maila gaindituta.

9 kreditu maila ertaina gaindituta.

15 kreditu goi maila gaindituta.

Ekintza hauen bidez 18 kreditu amortizatu ahal izango dira gehienera ziklo bakarreko titulazioetan, eta 24 kreditu gehienera ziklo biko titulazioetan. Ikaslearen mailaren arabera emango dira kredituok, eta ezingo dira pilatu mailaka. Horretarako, jatorrizko dokumentuak eta kopiak aurkeztu beharko dira (erkatzeko) ikastegiko idazkaritzan, 66. artikuluan aipaturiko epearen barruan, eta kasuan kasuko prezio publikoak (tasak) ordaindu.

Euskal Dantzarien Biltzarraren eta elkarte diren dantza taldeen irakaskuntza eta ekintzei dagokienez, hiru kreditu amortizatzeko balioko dute, baina urte osoko jarduna frogatu beharko du ikasleak. Horretarako, elkarteak egindako ziurtagiria aurkeztu beharko du.

 

11.– Erakunde humanitarioak eta jarduera sozialak.

 

Gobernuz Kanpoko Erakundeetan (beti ere autonomia erkidegoetako erregistro ofizialetan izena emanda daukatenean) Gurutze Gorrian eta Errepideetako Laguntzarako Elkartean aritu diren ikasleek aukera askeko kredituak amortizatzea eskatu ahal izango dute.

 

Gizarte zerbitzuetako erakundeei laguntza ematen dieten ikasleek ere aukera askeko kredituak amortizatu ahal izango dituzte, betiere erakundeok autonomia erkidegoetako erregistro ofizialetan alta emanda badaude.

Ekintza horiek burutuz gero, ikasturte bakoitzeko gehienez 8 kreditu emateko modua izango da, ziklo bakarreko titulazioetan gehienez 20 kreditu eta bi ziklotako titulazioetan gehienez 30 kreditu. Kreditu bat lortzeko ikasleak 30 ordu egin beharko ditu dagokion ekintzan, eta bere parte hartzea egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko du. Ziurtagiria erakundeak egin beharko du, eta bertan azalduko da ikasleak ekintza horretan emandako ordu kopurua. Ikastegiko idazkari akademikoaren erabakiaren bidez, kreditu horiek ikaslearen espedientean sartuko dira, baina aurretik ikasleak prezio publikoak ordaindu beharko ditu.

 

Bestalde, EHUko «Ikasle Ezinduei Laguntza Emateko Programan» parte hartzen duten ikasleei ere aukera askeko kredituak emango zaizkie. Kasuak oso desberdinak izaten direnez, hala ere, kreditu kopuruak ere aldatu egingo dira ekintza batetik bestera. Edozelan ere, ikasturteko gehienez ere 8 kreditu emango dira, eta ziklo bakarreko titulazioetan gehienez 20 kreditu eta bi zikloko titulazioetan gehienez 30 kreditu.

Ikasleen errektoreordeak, Unibertsitateko Orientazio Zerbitzuaren bidez, laguntza programa horretan parte hartzen duten ikasleen jarraipena egingo du, eta ikasle bakoitzari, aurretik eskatuz gero, ziurtagiri bat egingo dio, amortizatu beharreko kreditu kopurua jasoko duena.

12.– Udako ikastaroak.

Bai EHUko udako ikastaroengatik eta bai beste unibertsitate batzuetakoengatik ere, aukera askeko kredituak aitortuko dira. Kreditu bat emango da 15 ordurengatik, 7. atalean aipatutako jardueretako bat denean izan ezik.

Erakunde horiek jarraipena egingo diete ikasleei, eta irakasle arduradunak ziurtagiri bat emango dio dagokionari, non adieraziko duen zein jarduera burutu duen ikasleak eta zenbat ordu egin dituen. Ikasleak, 66. artikuluan aipaturiko epeetan, ziurtagiri hori aurkeztuko du matrikulatuta dagoen ikastegiko Idazkaritzan, kreditu horiek espedientean sar ditzaten, prezio publikoak (tasak) ordaindu ondoren.

 

13.– Ikastaroak, mintegiak, hitzaldiak, jardunaldiak eta biltzarrak.

Ikastaroak, mintegiak, hitzaldiak, jardunaldiak eta biltzarrak egitearren aukera askeko kredituak amortizatzeko, irizpide hauek erabiliko dira:

a.– Ikastaro, mintegi, hitzaldi, jardunaldi eta biltzarrak ekintza osagarritzat joko dira aukera askeko kredituak onartzeko, baldin eta erakunde hauetakoren batek edo gehiagok antolatuak badira:

 

– Errektoreordetzak

– Unibertsitateko ikastegiak

– Unibertsitateko sailak

– Unibertsitateko institutuak

– Ikastetxe nagusiak

b.– Era berean, ikastaro, mintegi, hitzaldi, jardunaldi eta biltzarrak ekintza osagarritzat joko dira aukera askeko kredituak onartzeko, baldin eta erakunde hauetakoren batek edo gehiagok antolatuak badira

– Unibertsitateko ikastegiak

– Errektoreordetzak

– Sailak

c.– Berez emango dira aukera askeko kredituak baldin eta jardueren antolatzaileak beherago aipatzen den zerrendakoak badira. Dena dela, kredituak aitortu ahal izateko, lehenago eskaria aurkeztu beharko zaio Akademia Antolakuntzako errektoreordeari):

– Eusko Ikaskuntza

– Udako Euskal Unibertsitatea

– Euskal Herriko Adiskideen Elkartea

– Euskaltzaindia

Gorago aipatutako jarduerengatik unibertsitateko edozein ikasleri aitortuko zaizkio aukera askeko kredituak, alde batera utzita zein titulaziotakoak diren.

 

Erakunde horiek ikasleen jarraipena egingo dute eta irakasle arduradunak ziurtagiri bat emango die ikasleei, honakoak zehaztuta: ikasleak zein jarduera egin duen, zenbat ordu iraun duen jarduerak, nork baimendu duen eta noiz egin den.

 

Ikasleak, 66. artikuluan aipaturiko epeetan, ziurtagiri hori aurkeztuko du matrikulatuta dagoen ikastegiko Idazkaritzan kreditu horiek espedientean sar diezazkioten, prezio publikoak (tasak) ordaindu ondoren.

 

Jarduera hauetan kreditu bat emango da 15 ordurengatik; gehienez ere 20 kreditu emango dira ziklo bakarreko titulazioetan, eta gehienez ere 30 kreditu zi-
klo biko titulazioetan.

66. artikulua.– Kredituak onartzea.

1.– Prestakuntza osagarriaren bidez lortutako kredituak onartzeko, nahitaezkoa izango da ekintza horiek titulazioak dirauen eskolaldiaren barruan egin izana. 2. zikloa besterik ez daukaten titulazioetan eskolaldiaren barruan sartzen da titulazio horretara sartzeko bidea eman duen titulazioko lehen zikloa.

 

2.– Hizkuntza, musika eta dantzako titulazio ofizialetan ez da aplikatuko I. atalean adierazitako baldintza.

3.– Prestakuntza osagarriaren truke aukera askeko kredituak eskatzeko epea, oro har, urriaren lehen hamabostaldian izango da. Salbuespen moduan, ziklo edo titulazio bat bukatzen duten ikasleen kasuan edo oso justifikazio handia daukaten beste kasu batzuetan, ikastegi bakoitzak zehaztuko du epea.

4.– Adierazitako epeetan eskatu beharko du ikasleak kredituak bere espedientean sartzea. Horretarako, eskaera orria eta ziurtagiria aurkeztu beharko ditu bere ikastegiko Idazkaritzan.

 

5.– Ikastegiko idazkari akademikoak, ikasleak aurkeztutako dokumentazioa ikusita, kredituak onesteko erabakia emango du, kreditu horiek ikaslearen espedientean sar daitezen. Horretarako, prezio publikoak ordaindu beharko ditu aurretik ikasleak.

 

VII. KAPITULUA

EGOKITZAPENAK ETA BALIOZKOTZEAK

67. artikulua.– Egokitzapenak (plan zaharretik plan berrira aldatzea).

1.– Espedienteak ikasketa plan batetik bestera egokitzeko, taula batzuk erabiliko dira. Taulotan jasota egongo dira aurreko ikasketa planean gainditutakoengatik ikasleak ikasketa plan berrian egokiturik (gainditurik) izango dituen irakasgaiak. Taula hori automatikoki aplikatuko da ikaslea plan berrira sartzean.

2.– Egokitzapenak irakasgaika, irakasgai multzoka edo zikloka egin behar dira. Ezin izango da inola ere irakasgaien zatirik egokitu.

3.– Aurreko planean gaindituriko eta egokitzapenen taulan sartu gabeko irakasgaiek titulazio berrian aukera askeko kredituak amortizatzeko balioko dute. Kreditu hauek amortizatzeko 3 kreditu aitortuko dira asteko ordu bakoitzeko urte osoko irakasgaia bada; aldiz, irakasgaia lauhilabetekoa bada, 1,5 kreditu aitortuko dira asteko ordu bakoitzagatik. Amortizaturiko kreditu hauek plan berriak eskaturikoak baino gehiago balira, gehiegizko kredituak ezin izango dira bestelako kredituak (enborrekoak, nahitaezkoak edo hautazkoak) amortizatzeko erabili.

4.– Kreditu amortizagarri hauen kopurua plan berriak eskaturikoa baino txikiagoa bada, kopuru osotik amortizatuko dira, plana mailaka edo zikloka banaturik ez dagoenean; maila edo zikloka banatuta dagoenean, berriz, amortizazioa maila edo ziklo apalenetik hasiko da.

5.– Irakasgaiak egokitzeak eta aurreko planean gaindituriko irakasgaiengatik plan berriko aukera askeko kredituak amortizatzeak ez dute ikaslearentzako kosturik sortuko.

6.– Plan berrira sartzean ikaslea deialdi guztiekin hasiko da egokitu gabeko irakasgaietan, kontuan hartu barik zenbat deialdi erabili zituen aurreko planean irakasgai horien baliokideetan. Iraute Arauei jarraiki unibertsitatean jarraitu ezin duten ikasleak ezin izango dira sartu ikasketa plan berrian.

 

7.– Aurreko planetik plan berrirako egokitzapena ikasketa berberen artean egingo da beti. Hala ere, gerta liteke plan zahar batetik titulazio bat baino gehiago sortzea. Matrikula egitean ikasleak erabaki beharko du titulazio berri bietatik zeinetara nahi duen egin egokitzapena.

8.– Egokituriko irakasgaiek ez dute kalifikaziorik izango. Ikaslearen espedientean «Egokitua» hitza azalduko da haien alboan. Ikasle hauek bi espediente izango dituzte, aurreko planekoa eta plan berrikoa. Ziurtagiri bat eskatzerakoan, ikasleak espediente biak edo plan berrikoa bakarrik eskatu ahal izango ditu.

 

9.– Egokitzapenak prozedura honen arabera egingo dira:

A) Aurreko ikasturtean matrikulatutako ikasleentzat:

1) Titulazioa irakasten duen ikastegiak egutegia jarriko du.

2) Ikasleak ordenatuko dira, «Matrikula» izeneko atalean adierazitakoaren arabera, eta matrikularen kartazala bidaliko zaie, automatrikula egiteko eguna eta ordua adieraziz.

3) Automatrikula egin baino lehen eta hala nahi badu, ikasleak plan berrira egokitzea eskatuko du ikastegiko Idazkaritzan. Egokitzapena eskatu baino lehen, jakin beharko du plan berrian sartzen bada zeintzuk irakasgai geratuko zaizkion gainditu barik, plan berriko gidan agertzen den egokitzapen taula eta aurreko planean gaindituta dauzkan irakasgaiak alderatuta.

 

4) Derrigorrez egokitzapena egin behar duten ikasleei hauetako bat geratuko zaie automatrikula egiten dutenean: a) automatrikularen sistemak berak egingo duela egokitzapena, edo b) kasuen arabera, automatrikularen sistemak jakinaraziko diola ikasleari nahitaez egin behar duela egokitzapena, eta ikastegiko Idazkaritzara joateko esango diola, egokitzapena egin dezan.

5) Egokitzapena prozesu lantsua da, ikaslearen espediente osoa egiaztatu behar baita; beraz, behin eskatuz gero egokitzapena egitea, ikasleak ezin izango du atzera egin.

6) Askotan, automatrikula egiteko egunean ikasleak kalifikatu barik izango ditu artean irakasgai batzuk. Une horretan egingo den egokitzapena behin-behinekoa izango da, eta modu automatikoan egiaztatuko da irakasgai guztiak kalifikatuta daudenean.

7) Aurreko planean kredituak baliozkotuta dauzkaten ikasleek berriro onartzea eskatu beharko dute egokitzapena egiten dutenean. Onarpen hori ikasketa plan berrian ezartzen denaren arabera eta ikastegiko Baliozkotze Batzordeak ebatzitakoaren arabera egingo da.

 

B) Aurreko ikasturtean matrikulatu ez diren ikasleentzat.

Ikasle hauek ez dituzte etxean hartuko aurreko ataleko 2. puntuan adierazitako agiriak. Informazio hori Idazkaritzan emango zaie. Egokitzapen eta matrikularako prozedura, gainerakoan, A) atalean aipaturiko bera da.

68. artikulua.– Nork eska dezakeen egokitzapena (planez aldatzea).

1497/87 eta 1267/94 errege dekretuetan ezarritakoaren arabera, ikastegiak ikasketa-plan berria ezartzeko egutegia finkatu ondoren, ikasleak egokitu ahal izango dira egutegiak uzten dien mail(eta)ra edo ziklora. Bestela, behartuta egongo dira egokitzapena egitera, baldin eta desagertuko den mailan inoiz matrikulatuta egon ez badira edo atal honen hasieran esandako lau deialdiak erabili ondoren ikasleak lortzen ez badu desagertuko diren mailetako irakasgaiak gainditzea.

 

69. artikulua.– Lehenengo ziklo osoaren egokitzapena.

Aldatu egin dira EHUko ikasketa plan berrietako egokitzapen taulak. Ikasketa plan berriak 1497/87 EDren bidez homologatu ziren, dekretu horrek unibertsitateko titulu ofizialen ikasketa planetarako irizpide orokor komunak eman baitzituen. 1267/94 EDk, bestalde, lehengo dekretu hori aldatu zuen, eta berorren I. eranskineko 1. puntuaren arabera, bi ziklo dauzkaten unibertsitate mailako ikasketen kasuan, oso-osorik egokituko da lehen zikloa.

70. artikulua.– Baliokidetzak.

1.– Baliozkotze eskariak ikastegietako idazkaritzetan egingo dira, horretarako zehaztutako epeetan, eta ikastegi bakoitzeko Baliozkotze Batzordeak edo haren baliokideak ebatziko ditu abenduaren 1a baino lehen.

 

2.– Ebazpen horiei buruzko errekurtsoak Gobernu Kontseiluko Akademia Antolakuntzako Batzordeari aurkeztu zaizkio.

3.– Titulazio bat bertan behera utzi eta gero beste bide batetik titulazio berberera beste sarbide bat erabiliz sartzen diren ikasleek baliozkotuta izango dituzte lehen aldiz sartzean gainditu zituzten gaiak.

 

VIII. KAPITULUA

KREDITUAK BALIOKIDETZAZ

ONARTZEA

71. artikulua.– 1.– Ikasketa planean hala zehaztuta badago, kreditutzat hartu ahal izango dira titulazioko ikasketak egin bitartean enpresetan egindako praktikak, irakasle batek zuzendutako lan profesionalak, nazioarteko hitzarmen babesean egindako ikasketak, hizkuntzak eta beste jarduera batzuk. Kredituok ikasketa balioa izan dezaten, ikastegi bakoitzeko Baliozkotze Batzordeak baimena eman beharko du, eta irakasle arduradun bat izendatu; horrez gain, ikasleak kreditu horietarako matrikula egin beharko du, eta dagokiona ordaindu.

2.– Enpresetan egindako praktikengatik kredituak amortizatu ahal izateko, Baliozkotze Batzordeak ez ezik, irakasle arduradunak ere onartu behar ditu aldez aurretik.

3.– Ikasleak ikastegiko dekano/zuzendariari zuzenduko dio kredituak onartzeko eskaria.

 

4.– Ikastegiko Baliozkotze Batzordeak eskariak aztertuko ditu eta hilabeteko epean ebatziko ditu gehienez ere, lehenago irakasle arduradunaren iritzia entzunda. Erabakian honako datuok agertu beharko dira gutxienez:

a.– Ikasleari aitortzen zaion kreditu kopurua.

 

b.– Kreditu mota: enborrekoa, nahitaezkoa, hautazkoa edo aukera askekoa.

c.– Zein ziklo eta ikasturteri esleitzen zaizkion.

d.– Enborreko edo nahitaezko kredituak onartuz gero, ikasketa planeko zein irakasgai amortizatuko diren erabaki beharko da.

5.– Kreditu hauek ez dira kreditu teoriko eta praktikoetan banatuko: denak batera emango dira.

 

6.– Ikasleari erabakiaren berri emango zaio, eta hark matrikula egin eta onartutako kredituak edo irakasgaiak ordaindu beharko ditu.

7.– Ikasleak aukera askeko kredituengatik ordaindu beharreko zenbateko bera ordaindu beharko du titulazioko kredituengatik, prezio publikoei buruzko aginduan bestelakorik zehaztu ezean.

 

8.– Aitortutako kredituek ez dute kalifikaziorik izango, ez eta izen jakinik ere.

IX. KAPITULUA.

PRACTICUMA, PRAKTIKA GIDATUAK ETA KARRERA AMAIERAKO PROIEKTUAK

72. artikulua.– Definizioa.

1.– Practicuma, praktika gidatu edo integratuak, egonaldiak edo karrera amaierako proiektuak dira ikasleek lan mundua ezagutzeko unibertsitateko ikastegietan edo unibertsitatearekin hitzarmena duten guneetan egiten diren praktiken multzoa. Praktika horiek enborrekoak edo nahitaezkoak dira, hau da, ikasleak ezinbestez egin behar dituenak titulazioa lortzeko. Hori dela eta, unibertsitateak bermatu egin behar du ikasle guztiek dutela horrelakoak egiteko aukera.

 

2.– Tutorea unibertsitateko irakaslea izango da, eta honakoak izango dira haren betebeharrak: ikasleari jarraipena egitea eta hari laguntza ematea; unibertsitateko prestakuntza eta praktiketako prestakuntza koordinatzea; ikaslearen ikasketen ardura izatea eta ikaslearen ebaluazioa egitea praktiketako gunean horretarako zehazten diren bitartekoen bidez.

3.– Begiralea ikastegietan zehaztutako irizpideei jarraituz praktikak antolatzen dituen guneko kide bat izango da.

 

73. artikulua.– Antolaketa.

1.– Ikastegietako dekano eta zuzendarien zeregina da 72. artikuluan zehaztutako jarduerak antolatzea, koordinatzea eta gestionatzea, tartean diren sailekin lankidetzan eta, betiere, sail horien iritziak entzunda.

 

2.– Dekano eta zuzendariek proposatuta, ikastegietako batzarrek jarduera hauei buruzko oinarrizko araudia onartuko dute, bai eta sailekin lankidetzan aritzeko modua ere.

3.– Kasuan kasuko ikastegiek 72. artikuluan zehaztuko jarduerez arduratuko den dekanorde edo zuzendariordea izango dute, eta dekano/zuzendariak horretarako eginkizunak eskuordetuta, bera izango da jarduerok antolatzeko arduraduna. Beharrezko duenetan, laguntza eskatu ahal izango dio ikastegiko Praktika Batzordeari, edo, horrelakorik ez badago, Baliozkotze eta Akademia Antolakuntzako Batzordeari. Dekanordea edo zuzendariordea izendatzeko, arlo horretan indarrean dagoen araudia bete beharko da, eta izendapena egin bitartean, eginkizunok dekano/zuzendariak aukeratutako beste dekanorde/zuzendariorde batek beteko ditu.

4.– Aipatutako dekanorde/zuzendariordearen ardura izango da 72. artikuluan zehaztutako jarduerak koordinatzea eta ikasleek jarduerok betetzeko behar diren hitzarmenak bultzatuko ditu, campusetako kanpo harremanetako arduradunekin lankidetzan. Era berean, ikastegien eta lankidetzan dauden erakundeen arteko harremanak koordinatuko ditu.

 

74. artikulua.– Hitzarmenak.

1.– 72. artikuluan zehaztutako jarduerak unibertsitatetik kanpo egiten baldin badira, ikastegiek hitzarmena sinatu beharko dute, eta bertan jasota egon beharko dira betebeharrak eta eskubideak, bai lankidetzan dagoen erakundearenak, bai ikastegiarenak berarenak. Hitzarmen horretan jaso beharko dira, gutxienez, oinarrizko hitzarmenean (ikus araudi honetako 79. artikulua) zehaztutako baldintzak.

2.– Ikastegiak, campuseko kanpo harremanetako zuzendariarekin lankidetzan, hitzarmena sinatzeko tramiteak egingo ditu, eta hitzarmenaren edukia zehaztuko du, lankidetzan arituko den erakundearekin batera. Praktikak estatutik kanpoko enpresa edo erakundeetan egitekoak badira, horren berri eman beharko zaio Ikerketa eta Nazioarteko Harremanetako Errektoreordetzari. Hitzarmena sinatu ondoren, kopia bana bidaliko du Akademia Antolakuntzako Errektoreordetzara eta Idazkaritza Nagusira.

3.– Hitzarmena, unibertsitatearen aldetik, honakoek sinatuko dute: hitzarmenean ikastegi bakarrak hartzen badu parte, ikastegiko dekanoak/zuzendariak eta Campuseko errektoreordeak; ikastegi batek baino gehiagok hartzen badu parte, ikastegi guztietako dekano/zuzendariek eta Campuseko errektoreordeak. Bestalde, hitzarmenean campus batek baino gehiagok hartzen badu parte, Akademia Antolakuntzako errektoreordeari dagokio hura sinatzea, tartean diren ikastegiek hala eskatuta. Beraz, errektoreorde horrek sinatuko du –errektoreak eskumenak eskuordetuta–, bai eta ikastegietako dekano/zuzendariek ere.

4.– Praktikak egin bitartean, 28 urtetik beherako ikasleek eskola aseguruaren babesa izango dute. Adin horretatik gorakoek –eta gazteagoek ere, nahi izanez gero - cum laude istripuetarako talde-poliza sina dezakete.

 

5.– Oinarrizko hitzarmenaren eredua, hau da, lehenengo eta bigarren zikloko ikasleek nahitaezko praktikak unibertsitatetik kanpoko erakundeekin edo enpresetan egiteko erabiliko dena, 79. artikuluan dago zehaztuta.

75. artikulua.– Irakaslanaren banaketa.

Dagokien sailetako zuzendariek, ikastegi bakoitzean onartutako prozedurari jarraituz, proposamena egingo diete dekanorde edo zuzendariordeei praktiketako orduak saileko irakasleen artean nola banatuko diren zehazteko, matrikulatutako ikasleen kopurua kontuan hartuta.

76. artikulua.– Irakats-betebeharrak.

1.– Irakasleek 1. artikuluko jardueretan emandako denbora, eskola ordu eta tutoretza orduetako betebehartzat hartuko da.

2.– Irakasle bakoitzari, eskola ordu gisa, gehienez ere 8 kreditu esleituko zaizkio, unibertsitate eskolako irakasle ez-doktoreei izan ezik. Horiei, gehienez ere, 12 kreditu esleituko zaizkie.

 

3.– Irakats betebeharrak irizpide hauen arabera kalkulatuko dira:

a.– Practicumerako, praktika gidatuetarako eta egonaldietarako: aurreko ikasturteko ikasle kopurua kontuan hartuta, irakats betebeharrak izango dira, guztira, 0,01 kreditu ikasleko eta irakasgai bakoitzeko kredituko. Ikastegiak edo sailak banatuko ditu betebeharrak ikasleen artean, horretarako zehaztutako irizpideen arabera.

b.– Karrera amaierako proiektuak: aurreko ikasturteko ikasle kopurua kontuan hartuta, guztira, irakats betebeharrak, orotara, izango dira: 0, 5 kreditu karrera amaierako proiektu bakoitzeko, proiektua gehienez ere 8 kreditukoa bada; 0,75 kreditu, proiektuak 8 kreditu baino gehiago baina 12 baino gutxiago baditu; kreditu 1, proiektuak 12 kreditutik gora baditu. Ikastegiak banatuko ditu betebeharrak ikasleen artean, horretarako zehaztutako irizpideen arabera.

4.– Jarduera hauen jarraipena (tutoretza) unibertsitateko irakasle orok —898/85 Errege Dekretuan eta EHUko langileen lan baldintzak arautzeko hitzarmenean ezartzen den bezala— astean bete behar dituen tutoretzako 6 orduen barruan burutu behar da.

 

77. artikulua.– Karrera amaierako proiektuetarako matrikula eta azterketarako deialdiak.

Ikastegi bakoitzak zehaztuko du zein epetan egin beharko den karrera amaierako proiekturako matrikula, bai eta proiektua aurkeztu eta defendatzeko datak ere.

Karrera amaierako proiektua duten titulazioetako «azken» nota.

78. artikulua.– 1.– Ikasketa planaren arabera titulazioa lortzeko nahitaezkoa bada karrera amaierako proiektua egitea, planean zehaztuta egon beharko dira «karrera amaierako nota» lortzeko irizpideak. Izan ere, titulu ofizialaren atzeko aldean nota hori jarri beharko da.

2.– Titulazio bat ikastegi batean baino gehiagotan ematen bada, irizpide berak erabili beharko dituzte guztiek karrera amaierako nota kalkulatzeko.

79. artikulua.– Hona hemen ikasleek nahitaezko praktikak egiteko Euskal Herriko Unibertsitateak kanpoko erakunde edo enpresekin sinatu beharreko hitzarmenaren eredua:

 

IKASLEEN PRAKTIKETARAKO HITZARMENA. SINATZAILEAK: EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA ETA

TITULAZIOA:

Tokia eta eguna: .............., 200x.eko ..................aren .......a

 

BILDU DIRA:

Batetik
jauna/andrea

(errektorearen, Akademia Antolakuntzako errektoreordearen edo Campuseko errektoreordearen izen-deiturak, praktikak arautzen dituen araudiaren 3. paragrafoaren arabera hitzarmena sinatzea dagokiona, alegia),
gisa.

Eta bestetik:

............................................................................................. jauna/andrea

(erakundeko ordezkariaren izen-deiturak),

den aldetik

Erakundea/enpresa:

Herria: ..........................................................................
kalea: ..............................................................................

NAN/IFZ/IFK:

Biek aitortzen diote elkarri legezko gaitasuna heziketarako lankidetza hitzarmen hau sinatzeko.

ETA HONAKOA ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa: Estatutuetako 14. eta 243.1. artikuluekin bat etorrita, Gobernu Kontseiluak, ikastegien eta, kasua denean, sailen proposamenari jarraituta, baimena eman dezake, hitzarmen bidez, ikasleak irakaskuntzaren atal bat beste erakunde batean jasotzeko, ikasketen euren ezaugarriengatik.

Bigarrena: Euskal Herriko Unibertsitatearen helburuetariko bat da gizartearen eskariei erantzunez, etorkizuneko profesionalak hezi eta prestatzea, eta horrek eskatzen du titulazio eta espezialitate desberdinetako ikasleek lan munduko egoerarekin bat datorren prestakuntza praktikoa izatea. Beraz, oso interesgarria da praktikok gizarteko erakunde eta ekoizte sisteman bertan egitea.

 

Hirugarrena: Hitzarmen honen helburua EHU eta erakundearen/enpresaren arteko lankidetzarik estuena sustatzea da, horretarako erakunde bion giza baliabideen eta bitartekoen erabilerarik egokiena bultzatuta.

 

Laugarrena: Lankidetza honen bidez ikasleen heziketa praktikoa hobetu nahi da, ikasleen prestakuntza benetako lan egoerara egokituz eta ikasleei laneko gorabehera eta arazoak hurbiletik ezagutzeko bidea emanez, horren guztiaren bidez etorkizuneko titulatuen gaitasun profesionala hobetuko delakoan.

 

Adierazitako guztia aintzat hartuta, alde biek heziketarako lankidetza-hitzarmen hau sinatzen dute ondoko baldintzen arabera.

BALDINTZAK

Lehenengoa.– Titulazioaren ardura daraman ikastegiko dekanordeak/zuzendariordeak irakasle tutore bat izendatuko dio ikasle bakoitzari, erakunde edo enpresak izendaturiko begiralearekin batera ikaslearen heziketaren jarraipena egin dezan. Berak egingo dio ebaluazioa ikasleari.

Bigarrena.– Euskal Herriko Unibertsitateak, kasuan kasuko ikastegiaren bidez, titulaziorako praktika eta jardueren programa egingo du eta haren berri emango dio erakundeko/enpresako arduradunari ikasturtea hasi baino lehen. Programa horren barruan, gutxienez, honakoak zehaztuko dira:

 

a.– Praktikak egingo dituzten ikasleen zerrenda eta tutorearen izena.

b.– Ebaluazio eta kontrolerako sistemak.

c.– Programaren helburuak eta aurreikusitako jarduerak.

d.– Praktiken egutegi eta ordutegiaren proposamena.

Hirugarrena. – Titulazioaren ardura daukan ikastegiak bi ordezkari izendatuko ditu hitzarmen honen hamahirugarren baldintzan aipatutako Jarraipen Batzorderako.

Laugarrena.– Euskal Herriko Unibertsitateak venia docendi emango die automatikoki erakundeko begiraleei, eta ordainsaririk gabeko ohorezko irakasle izaera aitortuko die, Campuseko errektoreorde jaunak horretarako egingo duen izendapenaren bidez, ikastegiaren eta campuseko Kanpo Harremanetako arduradunaren proposamenari jarraiki. Era berean, begiraleok unibertsitateko instalazioak erabili ahal izango dituzte beren etengabeko prestakuntzarako (biblioteka, kirol instalazioak, mintegiak...).

 

Bosgarrena.– 1.– Euskal Herriko Unibertsitateak erantzukizun zibileko poliza dauka kontratatuta ikasleek praktikaldian sor litzaketen kalteetarako.

 

2.– Unibertsitateak ez ditu bere gain hartuko kalteak, ezta ikasleak berak ere, baldin eta kalteok enpresako/erakundeko begiraleak praktiketako programan zehaztuta ez dagoen aginduren bat ematearen ondorio badira.

3.– Eskola aseguruaren aseguru osagarria izan nahi duten ikasleek unibertsitateak hitzartuta duen «Cum laude» istripuetarako talde-poliza sina dezakete.

 

Seigarrena. – Erakundeak/enpresak, praktikak egiteko behar diren instalazio eta baliabideen erabilera bermatuko du, eta zehaztuko du zenbat ikasle har dezakeen eskura dituen baliabideen eta lortu nahi diren helburuen arabera.

Zazpigarrena.– Erakundeak/enpresak begirale bat izendatuko du ikasle bakoitzarentzat, eta eginkizun hauek izango ditu, gutxienez:

a.– Ikasleari harrera egitea.

b.– Ikaslearen zereginak antolatzea, erakunde edo enpresan dagoen bitartean.

c.– Erakunde edo enpresaren antolaketa eta funtzionamenduari buruzko informazioa ematea (helburuak, funtzioak, deontologia eta abar).

d.– Irakaskuntza praktikoa ematea.

e.– Ikaslearen zereginak gainbegiratzea.

f.– Unibertsitateak izendaturiko irakasle tutorearekin batera, programaren garapena koordinatzea

 

g.– Jarraipen Batzordeari praktikak egin bitartean gerta litezkeen gorabeheren berri ematea.

 

Zortzigarrena.– Erakundeak/enpresak bi ordezkari izendatuko ditu hitzarmen honen hamahirugarren baldintzan zehaztutako Jarraipen Batzorderako.

 

Bederatzigarrena.– Erakundeak/enpresak ez du dirurik jasoko ikastegiaren partetik bere instalazioetan egindako praktiken truke.

 

Hamargarrena.– Ikaslearen praktikak erakundeko/enpresako begiraleak eta unibertsitateko irakasle tutoreak kontrolatu eta gainbegiratuko dituzte, eta praktikak egin bitartean ikasleak erakundeko/enpresako arauak beteko ditu une orotan. Horrez gainera, ikasleak isilpean gordeko du praktikaldian barrena enpresa/erakundearen jardueraz bereganatua izan lezakeen informazio guztia.

 

Hamaikagarrena.– Praktiken ordutegia zehaztuko da praktiken ezaugarriak eta enpresak/erakundeak daukan disponibilitatearen arabera, eta, betiere, ahalegina egingo da erakunde/enpresa lankidearen ohiko jardueran ahalik eta gutxien eragozteko.

Hamabigarrena.– Praktikak egiten ari diren ikasleek ez dute inolako lan harremanik edo bestelako loturarik izango erakundearekin/enpresarekin eta ez dute ordainsaririk jasoko egindako lanaren truke.

 

Hamahirugarrena.– 1. Jarraipen Batzordea eratuko da, lau kidez osatua: bi kide unibertsitateko ikastegikoak eta beste bi ....................................................... ................................... enpresakoak/erakundekoak. Batzordearen eginkizunak, berriz, honakoak izango dira:

a) Titulazioaren ardura duen ikastegiak hitzarmen honetako bigarren baldintzari jarraituz prestatutako praktika eta jarduera programa aztertu eta, ontzat joz gero, onartzea.

b) Unibertsitateko ikastegiak proposaturiko ikasleen zerrendak onartzea.

c) Ikasle bakoitzak zein zerbitzutan egingo dituen praktikak zehaztea.

d) Praktiketan edo hitzarmen hau betetzean sor litezkeen gorabeherak ebaztea.

 

2.– Jarraipen Batzordeko burua ikasturte batean erakundeko ordezkari bat izango da, eta beste batean unibertsitatekoa, txandaka. Lehenengo txanda Euskal Herriko Unibertsitateak egingo du.

 

3.– Jarraipen Batzordeak ohiko bilera bi egingo ditu ikasturte bakoitzean; ezohikoak, berriz, presidenteak edo kideren batek eskatzen duen bakoitzean.

 

Hamalaugarrena.– 1.– Hitzarmen honek mugagabeko indarraldia izango du. Hala ere, sinatzaileek, nahi izanez gero, bertan behera utzi ahal izango dute, baina aurreko ikasturteko martxoa baino lehen adierazi beharko dute; hau da, alderdietako batek hitzarmenak hurrengo ikasturtean ondoriorik ez izatea nahi badu, aurreko ikasturteko martxoa baino lehen adierazi beharko du bertan behera utzi nahi duela.

2.– Hitzarmena bertan behera uzteko nahia idatziz adierazi behar da; bertan behera uzteak, edozelan ere, ez du eraginik izango lehendik hasita dauden praktiketan.

Eta adierazitako guztiarekin ados daudela adierazteko, bi alderdiek lankidetza hitzarmen honen bi ale sinatu dituzte, izenburuan aipatutako egunean eta tokian.

X. KAPITULUA

TESINAK, GRADU AZTERKETAK ETA LIZENTZIATURAKO SARI BEREZIAK

80. artikulua.– Definizioa.

Lizentziatu gradua unibertsitateko titulu ofizialean jasota ageri da eta lortu ahal izateko, ariketa ahozko, idatzi eta praktikoak egin behar dira, lizentziaturako gradu azterketa izenekoa osatzen dutenak. Honen ordez, doktore batek zuzenduriko tesina ere egin daiteke, epaimahai batekin jendaurrean defendatu beharrekoa.

Unibertsitateak, ikastegien bidez, behar diren baliabideak jarriko ditu pareko aitorpena egin dakien diplomaturei eta ingeniaritza, arkitektura, ingeniaritza teknikoa eta arkitektura teknikoa titulazioei.

 

81. artikulua.– Erakundea:

1.– Ikastegiek lizentziatura gradua lortzeko deialdi bat egin ahal izango dute urte bakoitzerako. Matrikula eta azken probetarako deialdia fakultate bakoitzeko dekanotzak egingo du.

2.– Epaimahaia hiru irakasle doktorek osatuko dute, Fakultateko Batzarrak Dekanotzaren proposamenez izendatutakoak.

3.– Deialdi bakoitzean titulazio bakoitzerako sari berezi bi eman ahal izango dira, titulua dohainik lortzeko eskubidea emango dutenak.

4.– Ikasturtean gradu azterketa Bikain kalifikazioaz gainditu duten ikasle guztiak aurkeztu ahal izango dira sari berezira. Era berean, aurkeztu ahal izango dira «gradua» izan ez arren batez besteko notan gutxienez 3 daukatenak.

 

5.– Sariok emateko fakultateak azterketa edo probarako deialdi publikoa egin ahalko du, edo, bestela, ikasturtearen barruan gradua eskuratu duten ikasleen espediente onenen balioespena (gradu azterketan lortutako Bikain kalifikazioa barne), edo «gradua» izan ez arren batez besteko notan gutxienez 3 izan duten ikasleen espedienteen balorazioa.

 

Espediente onenak baloratzen badira, ikasketen espedienteaz gainera, baloratuko dira, era berean, ikaslearen beste merezimendu batzuk, ikasketetan egin duen bidea eta, oro har, interes berezikoak izan litezkeen merezimendu guztiak. Irizpideak Ikastegiko Batzarrak onartuko ditu, eta sari berezien deialdiarekin batera argitaratuko dira.

6.– Ikasturtean behin fakultateak hiru irakasle doktorek osatutako epaimahaia eratuko du titulazio bakoitzeko bi sari bereziak nori eman erabakitzeko. Epaimahaia Fakultateko Batzarrak izendatuko du, Dekanotzaren proposamenez.

7.-.– Sariei buruzko ebazpena eman ondoren, epaimahaiak akta egingo du honakoak zehaztuta:

a.– Bileraren data.

b.– Epaimahaiko kideen izen-deiturak.

c.– Sari bereziok zein ikasturteri dagozkion.

 

d.– Proposaturiko ikasleen izen-deiturak.

 

e.– Epaimahaiko kide guztien sinadurak.

8.– Epaimahaiaren akta Akademia Antolakuntzako errektoreordeari igorriko dio ikastegiko dekano/zuzendariak, proposamena Gobernu Kontseiluak berrets dezan.

9.– Ikastegi bakoitzeko batzarraren esku uzten da arauon garatzea eta ikastegian ematen diren titulazioetara egokitzea.

XI. KAPITULUA

SALBUESPENEZKO DEIALDIA

82. artikulua.– Salbuespenezko deialdia (graziakoa).

Salbuespenezko deialdietarako eskariak honako irizpide hauen arabera ebatziko dira:

a.– Ziklo bakarreko titulazioetan gehien dela salbuespenezko deialdi bat emango da, eta bi zikloko titulazioetan, berriz, deialdi bi, ziklo bakoitzeko bat eta inoiz ere biak ziklo berean.

b.– Ikasleak gehienez hiru irakasgai izan ditzake gainditzeke salbuespenezko deialdiaz gainditu nahi duen irakasgaiaren zikloan. Kreditutan egituraturiko ikasketa planen kasuan, ziklo bakoitzean gehienez ere 36 kreditu izan ditzake gainditzeke.

 

c.– Akademia Antolakuntzako errektoreordeak
—EHUko errektoreak eskumenak eskuordetuta— deialdi gehiago eman ahal izango ditu, ikaslearen espedientea eta goiko ataletan sartzen ez diren bestelako xehetasunak kontuan hartuta, betiere behar bezala justifikatuta egonez gero.

d.– Ziklo bakoitzean gainditu gabeko irakasgaiak zenbatzerakoan, lau hilabeteko irakasgaiak irakasgai erditzat hartuko dira.

e.– Ikasleak aukera dezake salbuespenezko deialdia zein deialditan erabiliko duen, eta ikastegiko idazkaritzari jakinarazi beharko dio matrikula egiterakoan. (...)

XII. KAPITULUA

ESKOLA EGUTEGIA

83. artikulua.– 1.– 2005-2006 ikasturterako honakoa izango da EHUko eskola egutegia:

Lehenengo lauhilekoa: 2005eko irailaren 26tik 2006ko urtarrilaren 20ra.

Bigarren lauhilekoa: 2006ko otsailaren 13tik 2006ko maiatzaren 31ra (ekainaren 2ra).

Otsaileko azterketak: 2006ko urtarrilaren 23tik otsailaren 11ra.

Ekaineko azterketak: 2006ko ekainaren 3tik uztailaren 1era

Iraileko azterketak: 2006ko irailaren 1etik 9ra

 

Neguko oporrak: 2005eko abenduaren 24tik 2006ko urtarrilaren 8ra (biak barne)

Udaberriko oporrak: 2006ko apirilaren 13tik apirilaren 23ra (biak barne)

BESTE JAIEGUN BATZUK

Horrez gain, honakoak ere jaiegun izango dira: 2006ko urtarrilaren 28a, ikastegi bakoitzeko zaindariaren eguna, udalerriko jaieguna, Eusko Jaurlaritzak Autonomia Erkidegorako zehaztutakoak eta EHUren lan egutegian zehaztutakoak.

2006ko HAUTAPROBAK

Ohiko deialdia: 2006ko ekainaren 7, 8 eta 9a

Ezohiko deialdia: 2006ko uztailaren 5, 6 eta 7an

 

2.– Ikastegiek egutegi orokor honen arabera onartuko dute beren egutegia, salbu-eta Ikastegiko Batzarrak, dekano/zuzendariak proposatuta, edo Campuseko Batzarrak, errektoreordeak proposatuta, bestelako gauza berezirik onartzen duenean. Hala ere, halako aldaketarik eginez gero, horren berri eman beharko zaio Akademia Antolakuntzako Errektoreordetzari.

 

3.– Campus Birtualerako lehenengo lauhilekoa 2005eko azaroaren 2an hasiko da eta 2006ko martxoaren 10ean bukatu. Bigarren lauhilekoa 2006ko otsailaren 13an hasiko da eta maiatzaren 31n bukatu. Azterketak, berriz, honako egunetan izango dira:

Lehenengo lauhilekokoak: 2006ko martxoaren 16an.

Bigarren lauhilekokoak: 2006ko ekainaren 12an.

Irailekoak: 2006ko irailaren 14an.

 

XIII. KAPITULUA

INDARRALDIA ETA ESKUORDETZA

84. artikulua.– 1- Akademia Antolakuntzako Batzordeari ahalmena ematen zaio araudi hau garatzeko arau osagarriak emateko eta araudia ikasturte bakoitzerako eguneratzeko (hau da, datak, egutegiak eta eranskinak aldatzeko) Akademia Antolakuntzako errektoreordearen proposamenez.

2.– Araudi hau 2005-2006 ikasturtean jarriko da indarrean (ikasturte hori barne).

3.– Araudi hau nahitaez bete beharko dute EHUri atxikitako ikastegi guztiek.

4.– Akademia Antolakuntzako errektoreordearen gain uzten da araudi hau ezartzean sor daitezkeen gorabeherak interpretatu eta ebazteko ahalmena.

 

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Era berean, indargabetuta geratzen dira araudi honekin bat ez datozen gainerako xedapen guztiak.

 

II.ERANSKINA

UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO / EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN

PROTOKOLOA, PRESONDEGIETAN DIREN PERTSONEI BURUZKOA

 

1. artikulua.– Arauzko oinarriak.

1.– Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak presondegietan diren pertsonei buruz osatu duen protokoloak (aurrerantzean Protokoloa) honako arau-bloke hauetan du oinarria:

 

a.– Arautegi eta legeria orokorra

– Euskal unibertsitate-sistema arautzen duen legea, otsailaren 25eko 3/2004 legea.

– Estatuko legeria orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegokoa, Protokolo honen edukiari dagokionean

 

– Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Estatutuak: proiektua

– Indarreko sarrerarako arautegia, urriaren 22ko 1640/1999 Errege Dekretuan eta ekainaren 2ko 990/2000 Errege Dekretuan oinarrituriko jarraibideak dauzkalarik.

– Ekainaren 1267/1994 Errege Dekretua abiapuntu harturik, beste unibertsitate espainiarretan eginiko ikasketak baliokidetzeko arautegiaren garapena eta, otsailaren 20ko 285/2004 Errege Dekretuan oinarrituz, atzerriko goi mailako hezkuntz ikastegietan eginiko ikasketak baliokidetzeko arautegiaren garapena.

 

– Izaera orokorreko bekak arautzen dituen EAEko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren ekainaren 25eko 3260/2004 Agindua.

b.– Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleak ukitzen dituzten oinarrizko arauen barruan, ondoko hauek dira gobernu-kontseiluak edo gizarte-kontseiluak onarturikoak:

– Lehenengo eta bigarren zikloetako irakasketak gestionatzeko arautegia, indarrean dena 2004-2005 ikasturterako eta gobernu-kontseiluak (2004-02-25) onarturikoa.

– Gizarte-kontseiluak (1993-07-08) onarturiko Irauteko arautegia.

c.– UHUNek indarrean duen Presondegietarako unibertsitate-ikasketen programa (2004-2005eko deialdia), bai eta, eskaintzen dituen ikasketei dagokienean, aipatu unibertsitateak onartu dituen arautegi espezifikoak ere.

2.– Honako Protokolo honek, hala balegokio, egokitu beharra izanen du

– Aipatu diren arautegiek gerora izan dezaketen aldaketak aintzat harturik.

– Bestelako erakunde eskudunek, hala nola, Presondegietarako Zuzendaritza Nagusiak eta Espainiar Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak ezar litzaketen balizko erabakiek eraginiko arau-markora.

 

– Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak, Presondegietarako Zuzendaritza Nagusiarekin edo estatuko beste erakundeekin, Euskal Autonomia Erkidegoarekin edo beste autonomi erkidegoren batekin ezar litzakeen erabaki espezifikoetara.

 

– UPV/EHUren eta unibertsitate honetako ikaslerik duten espainiar estatutik kanpoko presondegiak administratzen dituzten erakunde publikoen artean lor litezkeen bestelako akordioetara.

2. artikulua.– Protokoloaren onuradunak.

1.– Protokolo honen babesean, UPV/EHUn matrikula egin ahal izateko administrazioaren arloan eskaturiko betebeharrak beteko lituzketen pertsonak jar daitezke, aipaturiko egoera berezian daudelarik.

3. artikulua.– Titulazioen eskaintza.

1.– Gobernu-kontseiluak titulazioen eskaintza onartu beharko du, beroriek eskaintzen dituzten unibertsitate-ikastegiekin kontsulta egin ostean:

a.– UHUNek gaztelaniaz irakatsita, UPV/EHUk euskaraz ere irakasten dituen titulazioen euskarazko eskaintza barne izanen du.

b.– UHUNek eskaini ez eta UPV/EHUk, honako artikulu honen irizpideekin bat etorrita, eskaini ahal izango diren titulazioak, euskaraz zein gaztelaniaz barne izango ditu.

c.– Eskaintzak, halaber, Protokoloari atxikitako ikasle guztiak ukituko ditu, ikasketak atzerrian kokaturiko presondegietan egiten badituzte.

 

d.– Eskainiko den titulazio guztietan esplizituko adieraziko da ikasketak protokoloaren barruan «amaitzeko» aukerarik dagoen edo ikasketa horiek «hasteko» aukera besterik ez dagoen, beroriek presondegi-erregimenean amaitu beharko direlarik.

e.– Protokolo honetan eskainita, titulazioek laboratorioko praktiken portzentaia aski garrantzitsua dutenean, beste era bateko egokitzapen pedagogikorik ez dutela, hauetan matrikula egin nahi duten ikasleek kontutan hartu beharko dute aipatutako laboratorioko praktikak eta hauei dagozkien kredituak bete ahal izateko, praktikak burutzeko aukera eskaintzen duen guneren batera joan beharko dutela, presondegietako legeriak ezartzen dituen baimenez baliaturik.

 

f.– Ikastegi batean baino gehiagotan eskaintzen diren titulazioei dagokienez, unibertsitate-ikastegi bakarrari esleituko zaio irakaskuntza-era hau.

2.– Gobernu-kontseiluak doktorego-tituluen eta bestelako berezko tituluen eskaintza onetsiko du, aldez aurretik sailei, lehenengoen kasuan, eta sail edo ikastegi edo bi hauei, bigarrenen kasuan, kontsulta egin ostean, baldin eta protokolo honi loturiko ikasleen egoera aintzat harturik bideragarri erizten bazaie eta tituluok lortu ahal izateko, presondegian ikasteko eta lan egiteko materiala jasoko direlako bermea ematen delarik

4. artikulua.– Lehenengo ziklora sartzeko betebeharrak.

1.– Plaza-erreserbak, aukeren kopurua eta aurkeztu beharreko dokumentazioa, literalki, UPV/EHUko ikasleentzako oinarrizko arauek arteztuko dituzte.

2.– Izena emateko dokumentazioa aurkezteko epeak eta tokiak gainerako ikasleentzat jarritako berberak izanen dira. Aurkezpena bera pertsona interesatuak zuzenean egin ahal izango du, eta kasu honetan dokumentazioa epean eta data egokian jaso delako ziurtapena bermatuko da, edo ikaslearen inguruko beste edozein pertsonaren bidez.

3.– Izena eman eta onarpenaren baieztapena hirugarren pertsona baten bidez edo telegrama, fax edo posta ziurtatuaren bidez egin beharko da eta noralekuan deialdi bakoitzean (ekain, irail edo urrian) izen ematea baieztatzeko aurreikusitako azken data baino lehen jaso beharko dira.

4.– Matrikulatu beharreko irakasgai-kopuru gutxienekoa irakasgai bat izango da.

5.– Matrikula egiteko epea irailaren bigarren hamabostaldia izango da eta zuzenean egingo da kasuan kasuko unibertsitate-ikastegiko idazkaritzan. Matrikularen ordaintzea gainerako ikasleek darabilten modu berean burutuko da eta, hala balegokio, protokolo honetan parte hartzen duten ikasleentzako beka-erregimenean ezarriko den moduan.

6.– Nolanahi ere, protokolo honi adskribituriko ikasleek matrikularen baliogabetzea edo aldatzea eskatu ahal izango dute urte bakoitzeko abenduaren 10a baino lehen, eskaera hau justifikatu beharrik gabe. Matrikula aldatzeko eskaria titulazioari berari dagokionean, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak izen ematea plaza hutsik duten titulazioetan bermatu ahal izango du soil-soilik.

 

7.– Sarbidearen tramitazioa eta, behar denean, unibertsitate-ikasketak hasita dituzten ikasleen kasuan, espedientea lekualdatzeko tramitazioa, hitzez hitz indarreko arauekin bat eginik burutuko da.

5. artikulua.– Bigarren zikloetarako sartzea eta ikasketa desberdinak aldi berean egitea.

1.– Bai bigarren zikloetarako sarrera bai ikasketa desberdinak aldi berean egiteko aukera, arautegi nagusiak aztertuko ditu, egin gura diren ikasketa berriak protokolo honi adskribituriko titulazioen eskaintzaren barruan egotea besterik eskatzen ez delarik.

6. artikulua.– Lehenengo mailatik gorako mailetan matrikulatzea.

1.– Matrikula egiteko epea irailaren bigarren hamabostaldia izango da eta zuzenean egingo da legokiokeen unibertsitate-ikastegiko idazkaritzan. Matrikularen ordaintzea gaineko ikasleei ezarritako baldintza berberetan egingo da eta, hala balegokio, protokolo honen beka-erregimenean ezarriko denaren arabera.

 

2.– Nolanahi ere, ikasle presoak matrikularen baliogabetzea edo aldatzea eskatu ahal izango dute urte bakoitzeko abenduaren 10a baino lehen, eskaera hau justifikatu edo aldatzeko beharrik gabe.

3.– Matrikulatu ahal den kreditu-kopuru gehienekoa kasuan kasu ezarritakoa izango da. Matrikulatu beharreko irakasgai-kopuru gutxienekoa irakasgai bat izango da.

7. artikulua.– Irakaskuntz plangintza eta ebaluazioa.

1.– Titulazio bakoitzean, presondegietako ikasleek talde espezifikoa eta bereizia osatuko dute matrikula, zerrendak osatu eta bestelako administrazio-tramiteei dagozkienean. Atzerriko presondegietan sarturiko ikaslerik egonez gero, hauekin talde espezifiko ezberdina eratuko da.

 

2.– Honako protokolo honi adskribituriko irakasgaien ardura lukeen sailak oro irakasgai bakoitzaren egokitzapen akademiko eta pedagogikoa egin beharko du eta egokitzapena justifikatu, egokitzapenak xedaturik lituzkeen helburuak, programa edo balioespen-sistema aldatuko balira. Egokitzapen hau erabilgarri egongo da, gainerako irakaskuntz eskaintza gertatzen deneko data eta baldintzetan.

3.– Sail bakoitzean epaimahai bana izango da ebaluazioak egin ditzan. Sailak besterik adierazten ez badu, epaimahai hori ikastegiak salbuespenezko 5. eta 6. deialdietarako izendatutako bera izanen da. Sailak zeregin honetarako epaimahai espezifikoa izendatzeko aukera hartuko balu, arestiko horiek hautatu eta ezeztatzeko arau, data eta prozedura berberak errespetatu beharko dira. Epaimahai honi ere egokituko zaio, bere ikastegiak edo –hala balegokio- ikasleen errektoreordetzak egin beharreko eskariaren bidez, ikasteko materiala eta informazioa presondegietara igorri eta jasotzeko baldintzak eta datak bermatzea.

 

4.– Examinak uztailaren 15a eta irailaren 15a baino lehen burutuko dira. Karrera amaitzeko irakasgai-kopuru gehienezkoa luketen ikasleentzako examina ezohikoak martxoaren lehenengo hamabostaldian egingo dira.

5.– Saio bakoitzean, gehien delarik, bi examina egin ahal izango dira. Nolanahi ere, bermatu beharko dira matrikulaturiko irakasgai guztietako examinak egin ahal izateko denbora-baldintzak.

 

6.– Presondegietako examinak UPV/EHUko irakasleen kontrol akademikoaren kontrol eta tutelaren menpe egingo dira, irakaslea bertan delarik. Liratekeen egoera ezberdinen arabera, ukituriko unibertsitateko fakultate eta eskoletako zuzendaritzei egoki iritzitako kontsultak egin ostean eta presondegietako zuzendaritza nagusiarekin batera egutegiak finkatu eta behar diren baimenak adostu eta gero, ikasleen errektoreordetzak izendatuko du presondegi bakoitzera joan behar duen irakaslea eta bermatuko du, aldi berean, jarri beharreko examinak eta hauek garatzeko forma eta denborari buruzko arauak bere esku egongo direla. Examinok postazal prezintatuan emango dira eta proba hasi aurretik irekiko dira, ez beste inoiz. Ikasle bat baino gehiago balira eta examinak hala eskatuko balu (ahoz diktaturik eskaini ezin denean), postazalaren barruan kopia-kopuru nahikoa eta examina egiteko jarraibiderik zehatzak egon beharko dira.

 

7.– Irakasgairen bat ikasleak eginiko lanen bidez balioetsiko balitz, bestelako probarik egin gabe, UPV/EHUko irakasleekin azken examina egiten duenean, saio hori izango du, hain zuzen, lan horiek, irakasle horren bidez, igorri ahal izateko azken aukera.

 

8. artikulua.– Iraute arauak.

1.– Protokolo honen babesean harturiko pertsonentzako deialdien erregimenean iraileko deialdia eta karrera-amaierako examina ezohikoena besterik ez da konputatuko, baldin eta ikasleak deialdi hauetara aurkezten badira.

2.– Matrikula daitekeen irakasgai-kopuru txikiena batekoa izanik, ez da ezarri ikasturte batean gainditu beharreko gutxieneko irakasgai-kopururik, matrikula berriro egin ahal izateko.

3.– 25 urtetatik gorakoentzako sarrera-ikastaroan, ez da deialdi-mugarik ezarri.

9. artikulua.– Estalduraren igortzea.

1.– Oinarrizko arauen artean, UPV/EHUko gaienerako ikasleen kasuan, aukera askea, egokitzapena eta baliokidetzak eta ezohiko deialdia arautzen dituzten xedapenak hitzez hitz aplikatuko dira.

10. artikulua.– Beka-erregimena.

1.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza sailak unibertsitateko ikasketak egiteko izaera orokorreko beken inguruan indarrean duen arautegia aplikatuko da.

 

2.– Akademi zerbitzuen prezio publikoak salbuestea mantendu ahal izateko irakasgai-kopuru gutxienekoari dagokionean, hiru irakasgai gainditu beharko dira matrikula egin deneko azken bi ikasturteetan.

 

3.– 4.4 eta 6.3 artikuluetan aurreikusitakoarekin bat etorrita, ezin izango zaio bekari-izateari denborazko mugarik jarri, bai material didaktikorako laguntzari bai konpentsazio-laguntzari dagokienean.

4.– Material didaktikorako laguntzaren gestioa, ikaslearen ikasketei dagokien unibertsitate-ikastegiko administrazioak burutuko du.

11. artikulua.– Protokoloari dagokion ikasleen Harrerarako Zerbitzuaz.

1.– Zerbitzu honetako pertsona arduraduna unibertsitate-orientaziorako teknikari bat izango da. Unitate hau ikasleen errektoreordetzaren menpe egongo da eta errektoreordetza honen egoitzan kokatuko da.

 

2.– Unibertsitate-orientaziorako zerbitzuko (UOZ) koordinatzailearekiko lankidetzaz, honako betekizun hauek izango ditu:

a.– Matrikulaturiko ikasleekiko harremanak, ohizko postaren bidez.

b.– Ikaslerik matrikulaturik duten presondegi guztietako hezkuntza-koordinatzaileekiko harremana, bai administrazio-gestioetarako bai koordinatzaileek eta ikasleek berek lituzketen zalantzak argitzeko.

 

c.– Ikasle presoen familiekiko harremana, akademi bizitzaren inguruko alderdi guztiak ebatzi eta konpontzeko bidean: titulazioen inguruko informazioa eta orientazioa eman, izen ematea, bekak tramitatu eta abar.

d.– Ikasle matrikulaturik duen ikastegi bakoitzeko idazkaritzako pertsonal laguntzaile arduradunarekiko koordinazio etengabea, akademi alderdiak edo/eta administraziokoak gestionatzeko.

e.– Sailei orientazio puntual eta espezifikoa eskaini ikasturtean zehar, akademi arazo eta gaien inguruan.

 

f.– Presondegietako zuzendaritza nagusiarekiko hartu-emana, kartzeletarako sarrera-baimenak gestionatzeko.

3.– Presondegietan ikasle matrikulaturik duten unibertsitate-ikastegi guztietan, administratzaileak idazkaritzako administrazio-laguntzaile bati esleituko dizkio artikulu honetan agerturiko zereginak. Ikasle matrikulatuak 20tik gorakoak direnean, pertsona baten (idazkaritzako administrazio-laguntzaile baten) astean lau ordutako arduraldia beharko da.

4.– Unibertsitate-ikastegiko akademi antolakuntzaren arloko pertsona arduradunarekiko lankidetzaz, honako betekizun hauek izango ditu:

a.– Harreman etengabea mantenduko du zerbitzuko teknikariarekin, informazioa eta lana behar bezala bideratzeko.

b.– Behar besteko aurrekotasunaz, teknikariarekin batera urteko egutegia osatuko du, lan egin beharreko arlo ezberdinak, informazioa, matrikula eta, bertan sartuz.

c.– Zeinek bere unibertsitate-ikastegian ikasketak egin nahi dituen ikasleen matrikula egingo du.

d.– Jarraipena egingo du, ikasturte osoan zehar.

 

e.– Bere unibertsitate-ikastegiko sailari jakinaraziko dio bertako irakasgaietan matrikulatutako ikasleen berri.

f.– Sailari eskatuko dizkio irakasgai horietarako programa, lan-materiala (apunteak, artikuluak, liburuak eta beste) eta gai horietarako betebeharrak.

g.– Materiala fotokopiatu eta presondegietako ikasleek harrerarako zerbitzuari igorriko dio.

h.– Examinak:

– Sailari eskatuko dizkio examinak eta zerbitzuari helaraziko. Examinon hartzea gain hartu eta jarraipena egingo du kalifikazioak aktetan agertu arte.

 

– Zerbitzuari justifikagiri bat igorriko dio ikasleek lorturiko emaitzak eta beste bertan agerita.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– Lehenengo eta bigarren zikloetako titulazioetan «lehenengo matrikulazioak» egin ahal izateko, mantenduko da UPV/EHUk 2002-2003 ikasturterako egindako eskaintza bera. Zerbitzu publikoa ahalik eta eraginkorren izan dadin, zenbait ikastegitan irakasten diren titulazioak horietako batean besterik ez da eskainiko.

Gipuzkoako Campusa

Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola

– Enpresa-administrazio eta zuzendaritzaren lizentziatura, 2. zikloa

Irakasleen Unibertsitate Eskola

– Hezkuntza bereziaren espezialitateko maisu-maistra

– Haur-hezkuntzaren espezialitateko maisu-maistra

– Lehenengo Hezkuntzaren espezialitateko maisu-maistra

Zuzenbide Fakultatea

– Zuzenbidearen lizentziatura

Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea

– Gizarte-hezkuntzaren diplomatura

– Gizarte eta kultur antropologiaren lizentziatura (2. ziklokoa besterik ez)

– Filosofiaren lizentziatura

– Pedagogiaren lizentziatura

– Psikopedagogiaren lizentziatura (2. ziklokoa besterik ez)

Psikologia Fakultatea

– Psikologiaren lizentziatura

Bizkaiko Campusa

Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola

– Enpresa-zientzien diplomatura

Lan Harremanen Unibertsitate Eskola

– Lan-harremanen diplomatura

Arte Ederren Fakultatea

– Arte ederren lizentziatura

Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea

– Enpresa-administrazio eta zuzendaritzaren lizentziatura

– Ekonomiaren lizentziatura

Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea

– Politika eta administrazio-zientzien lizentziatura

 

– Kazetaritzaren lizentziatura

– Publizitate eta harreman publikoek lizentziatura

– Soziologiaren lizentziatura

Arabako Campusa

Filologia, Geografia eta Historia Fakultatea

– Aleman Filologiaren lizentziatura

– Filologia klasikoaren lizentziatura

– Frantses filologiaren lizentziatura

– Hispaniar filologiaren lizentziatura

– Ingeles filologiaren lizentziatura

– Euskal filologiaren lizentziatura

– Geografiaren lizentziatura

– Historiaren lizentziatura

– Artearen historiaren lizentziatura

Bigarrena.– Honako Protokolo honetan ezarritako eskumen-banaketarekin bat eginik, egin beharreko akademi egokitzapena egingo da –kasuan kasu, presondegian egin daitezkeen irakasgaiak eta kredituak definituz–, 2002-2003 ikasturtean, kartzelara sartu baino lehenago goi mailako ikasketetan ari ziren ikasleek ikasten segitu ahal izan dezaten, ikasketak 3. artikuluan eskainitakoen artean egon ez arren.

 

 

Hirugarrena.– 2002-2003 ikasturtean unibertsitateko ikasketak «lehengo planen» bidez egiten ari ziren ikasleei, baldin eta ikasketa haiei zegokien komenioa baliogabetu ondoren, zegozkien examinak egin ezin bazituzten, eginen duten matrikula berrian aitortu egingo zaie aipatutako ikasturte hartan zegokien statusa.

 

Laugarrena.– Honako Protokolo hau indarrean sartuko denean, bertan ezarritako matrikulazio-epeak iragan balira, ikasleen errektoreordetzak, akademi antolakuntzarako errektoreordetzari kontsulta egin ostean, matrikulazio eta examina-daten egutegi berria ezarriko du aurtengo ikasturterako.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Protokolo hau osatzen duten xedapenak indarrean eta, arau moduan, eraginkorrak izanen zaizkie, kasuan kasu egin beharko liratekeen egokitzapenak egokitzapen, salbuespenezko egoera pertsonalak direla medio (jardun profesional edo egoera familiarretik at), hots, gaixotasuna edo ezintasuna, istripua edo ospitaleratzea, besteak beste, ikasketak UPV/EHUn modu presentzialean aldi baterako edo betiko burutu ezinean egonen diren ikasleei, ikasleen errektoreordetzak eskainiko dien harrerari dagokionean.

 

Beronen arautegia, hala balegokio, garatu arte, ikasleen errektoreordeari egokituko zaizkio protokolo hau bere babesa eskatzen duten ikasleei aplikatzeak lekartzakeen baldintzak analisatzea.

 


Deskribatzailea:

  • ARAUDIAK; IKASLEEN ONARPENA; PRESONDEGIAK; UNIBERTSITATE-IRAKASKUNTZAK

Aurreko Erreferentziak:

  • 2004/05/21ean argitaratutako 2004/03/31n ERABAKIA indargabetzen du

Geroko Erreferentziak:

  • 2006/06/29an argitaratutako 2006/05/26ko ERABAKIAK partzialki indargabetutakoa
  • 2013/12/11n argitaratutako 2013/07/18ko EBAZPENAK aldatutakoa [201305374]