Logo Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco Logo Euskadi.net
Inicio
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

Aldizkari honetan argitaratua: 2012107 zk.- 2012/06/01 Laburpena Pdf forma tuan
Lehenengo orria: 201202470 Xedapena Pdf formatuan

BESTELAKO XEDAPENAK

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila

EBAZPENA, 2012ko martxoaren 26koa, Industria Administrazio eta Segurtasuneko zuzendariarena, Uva Control, S.L. enpresari Egiaztapenerako Baimendutako Erakunde gisa baimena ematen diona, erradiazio ultramoreen bidezko beltzarantze artifizialeko aparatuen ziurtapenak egiteko, instalazioaren tokian bertan, jendeari beltzarantze-zerbitzua eskaintzera bideratutako kasuetan.

Erref.: DAI-MET/UV-02/12.

AURREKARIAK

Bat.- Kontsumo eta Industria Segurtasuneko zuzendariaren 2006ko uztailaren 21eko Ebazpenaren bidez, Uva Control, S.L. enpresari (helbidea: Kandelazubieta kalea 35, atzealdea, 48940 Leioa, Bizkaia) baimendu zitzaion EAEn instalatutako erradiazio ultramoreen bidezko beltzarantze artifizialeko aparatuen ziurtapen ofiziala egiteko egiaztatutako laborategi gisa.

Bi.- 2011ko urriaren 10ean, Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzan Jose Ignacio Verdel Acebes jaunak Uva Control, S.L. enpresaren izenean eta hura ordezkatuz egindako eskaera jaso zen, EAEn instalatutako erradiazio ultramoreen bidezko beltzarantze artifizialeko aparatuen ziurtapen ofiziala «in situ» egiteko Baimendutako Egiaztapen Erakunde gisa luzatzeko, egiaztatutako entsegu-laborategia den aldetik.

Horretaz gain, honako hauek ere aurkeztu ditu: ENAC - Egiaztapenerako Erakunde Nazionalaren egiaztapena (2011-12-16ko 535/LE 1096 eranskin Teknikoa —3. berrikuspena—), larruazala erradiazio ultramoreen eraginpean jartzeko aparatuetarako entsegu-laborategi izateko; eta Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzako zerbitzu teknikoen aldeko txostena, 2007ko martxoaren 8ko Aginduan ezarritako betekizunak eta 2007-04-24ko UV-01 (0. berrikuspena) Jarraibidea betetzen dituela egiaztatuz.

Espediente honi ebazpena ematerakoan, beharrezkoa izango da honako hauek kontuan hartzea:

OINARRI JURIDIKOAK

1.- Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen irailaren 22ko 514/2009 Dekretuaren (2009-09-24ko EHAA) 14. artikuluan ezarritakoaren arabera, Industria Administrazio eta Segurtasuneko Zuzendaritza da Ebazpen hau emateko organo eskuduna.

2.- Abenduaren 27ko 1002/2002 Errege Dekretuaren bidez, erradiazio ultramoreen bidez beltzarantzeko aparatuen salmenta eta erabilera arautu zen: 3. artikuluan, aparatuak erabiltzeko baldintzak ezarri ziren, eta 11. artikuluan, azterketa teknikoak administrazio eskudunak baimendutako erakunde batek burutu beharko dituela ezarri zen.

3.- Urriaren 28ko 265/2003 Dekretuaren bidez, erradiazio ultramoreen bidez beltzarantzeko jarduera arautu zen, eta bertan ezarritakoaren arabera, aparatuen ziurtapenak honako hauek egin behar dituzte: egiaztatutako entsegu-laborategiek edo baimendutako kontrol-erakundeek; bestela, baldin eta egiaztatutako erakunderik ez badago, laguntza teknikoko zerbitzu baimenduek egingo dute, behin-behingoz.

4.- Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2007ko martxoaren 8ko Aginduak beltzarantze artifizialeko aparatuen egiaztapen teknikorako erakundeen jarduerak arautu eta titularrek instalazioen egiaztapen teknikoa egiteko bete beharreko zereginak zehazten ditu. UV-01 Jarraibideak, bere aldetik, ikuskatzeko prozedura, egiaztatzeko erakundeen baimena eta horien aldizkako kontrola zehazten ditu.

5.- Uva Control, S.L. enpresak, aurkeztutako agirien bidez, beltzarantze artifizialeko aparatuak ziurtatzeko erakunde gisa baimentzeko baldintzak betetzen dituela egiaztatu du, egiaztatutako laborategia den aldetik.

Adierazitako legezko aginduak eta aplikazio orokorreko gainerako xedapenak aztertu ondoren, eta Industria Zerbitzuko buruak proposatuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.- Uva Control, S.L. enpresari —helbidea: Kandelazubieta kalea 35, atzealdea, 48940 Leioa, Bizkaia— baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoan baimendutako egiaztapen-erakunde gisa jarduteko erradiazio ultramoreen bidez beltzarantzeko aparatuen ziurtapenak egiteko, ofizialki egiaztatutako laborategia den aldetik.

Bigarrena.- Baimen horren edukia eta hedadura honako baldintza hauei loturik egongo da:

1) Orokorrak.

a) Erakundea sail honen Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzaren ikuskapen eta zaintzapean egongo da eta ordezkaritzako teknikariek beharrezkoak diren ikuskapenak egingo dituzte baimena emateko eskatu diren betekizunak oraindik ere betetzen direla egiaztatzeko.

b) Baimen horri jarraiki, Uva Control, S.L. enpresak egindako ziurtapenak ziurtagiri baten bidez eta aparatuan itsatsiko den ziurtapen-etiketa baten bidez bermatuko dira; ziurtapena egin duen enpresak identifikatuta agertu beharko du ziurtagirian eta etiketan.

c) Erakundeari honako zenbaki hau esleitu zaio:

(Ikus .PDF)

- Lehen bi digituen bidez Lurraldearen Kodea adierazten da (Araba: 01; Gipuzkoa: 20; Bizkaia: 48).

- Hiru letrek (LAB) egiaztatutako laborategia izendatzen dute.

- Hurrengo bi digituak Uva Control, S.L. enpresa beltzarantze-aparatuen ziurtapenak egiteko Zuzendaritza honen baimena duen enpresatzat identifikatzen duen zenbakiari dagozkio (01).

- Hurrengo letren bidez (UV) zerbitzu mota identifikatzen da.

d) Aparatuaren ziurtapena egin ostean, kanpoko behatzaile orok ziurtapen-etiketa bat dagoela ikusi ahal izan behar du; etiketa hori material bereziz egindakoa izango da, hain zuzen ere, aparatutik kentzen saiatuz gero, partikulatan puskatu beharko du, berriz erabiltzea ezinezkoa izan dadin.

2) Eskumenak. Uva Control, S.L. enpresak gaitasuna du edozein fabrikatzaileren beltzarantze-aparatuen ziurtapena eta egiaztapena egiteko, betiere aplikatu beharreko prozeduren arabera.

3) Kokapena: Uva Control enpresa honako helbide honetan dago: Kandelazubieta kalea 35, atzealdea, 48940 Leioa (Bizkaia).

4) Kalibrazioak eta metodoak:

a) Enpresak neurketak egiteko erabiltzen dituen bere tresnak legearen araberakoak dira eta organismo eskudun batek urtero kalibratu beharko ditu; Industria Administrazio eta Segurtasuneko Zuzendaritzak enpresaren tresnen zerrenda zehatza dauka.

b) Tresnerian aldaketarik izanez gero, Industria Administrazio eta Segurtasuneko Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio frogatzeko moduan, Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzaren bitartez.

5) Seihileko memoria. Sei hilean behin, erakundeak memoria bat aurkeztu beharko du Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzan eta memoria horretan egindako jarduerak adierazi beharko ditu, ziurtatutako beltzarantze-aparatuak, kokapenak eta emaitzak zehaztuta. Memoria horren formatua Zuzendaritzak onartutakoa izango da. Horretaz gain, enpresarenak diren eta kalibratu dituzten ziurtapen-tresnen berri ere emango du, dagozkien ziurtagiriak aurkeztuz.

6) Aplikatu beharreko gehieneko tarifak.

1.- Lehenengo ziurtapena aparatu bakoitzean:

Aparatu bat duten bezeroak: 150 euro + BEZa.

Bi dituzten bezeroak: 130 euro + BEZa.

Hiru dituzten bezeroak: 120 euro + BEZa.

Lau dituzten bezeroak: 110 euro + BEZa.

Bost edo gehiago dituzten bezeroak: 100 euro + BEZa.

2.- Aparatu berean egindako bigarren ziurtapena, irregulartasunak zituelako:

Tarifa: 0,40 € /km.

7) Baimen hau 2017-03-26an iraungiko da, eta interesdunak berritzea eskatu ahal izango du data hori heldu aurretik, betiere 2007ko martxoaren 8ko Aginduan beltzarantze artifizialeko aparatuen Egiaztapenerako Baimendutako Erakundeen baimena berritzeko ezartzen diren baldintza guztiak betetzen baditu.

Hirugarrena.- Ebazpen honen berri erakunde interesdunari ematea agindu da, baita Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea ere.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Industria eta Energia Sailburuordetzan, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen 4/1999 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko martxoaren 26a.

Industria Administrazio eta Segurtasuneko zuzendaria,

YOLANDA LÓPEZ FERNÁNDEZ.


Deskribatzailea: