Logo Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco Logo Euskadi.net
Inicio
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

Aldizkari honetan argitaratua: 2012107 zk.- 2012/06/01 Laburpena Pdf forma tuan
Lehenengo orria: 201202467 Xedapena Pdf formatuan

BESTELAKO XEDAPENAK

Justizia eta Herri Administrazio Saila; HAEE

EBAZPENA, 2012ko maiatzaren 11koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, 2012-2013ko aldirako Herri-Administrazioarekin, Zuzenbide Publikoarekin edo Administrazio Zientziarekin zerikusia duten gai batzuei buruzko ikerketa sustatzearren hiru diru-laguntza emateko merezimendu-lehiaketarako deialdia egiten duena.

Administrazio-jardunbideen plangintza ona egiteko ezinbestekoa da herri-administrazioa, Zuzenbide Publikoa eta Administrazio Zientzia aztertu eta ikertzea.

Uztailaren 27ko 16/1983 Legeak, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea sortu zuen legeak, erakunde horri, beste batzuen artean, honako xede hauek aitortzen dizkio: Lege, finantziazio, eta estatistika arloetan Euskal Herriko administrazio publikoetako berezitasunak ikertzea, irakastea eta zabaltzea; eta Administrazio-zientzia ikertzea, irakastea eta zabaltzea.

Deialdi honen helburua ikerketa-arlo horiek suspertzea da eta, burutuko diren lanen bitartez, Euskadiko herri-administrazioen eraginkortasuna areagotzea.

Ondorioz, Herri-Administrazioarekin, Zuzenbide Publikoarekin edo Administrazio Zientziarekin zerikusia duten hainbat gairi buruzko ikerlanak egiteko hiru diru-laguntzatarako deialdia zabaltzen da.

Hori horrela, honako hau

EBAzten DUT:

Artikulu bakarra.- Hiru diru-laguntzatarako deialdia egitea, Herri-Administrazioarekin, Zuzenbide Publikoarekin edo Administrazio Zientziarekin zerikusia duten ikerlanak burutzeko, ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren oinarri-arauen arabera.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean eragina izango du.

Bigarrena.- Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 114. artikuluaren eta hurrengoen arabera. Horretarako, hilabete bat izango da ebazpen honen argitalpena egin den eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Errekurtso hori ebazpena hartu zuen organoari aurkez dakioke edota, bestela, Justizia eta Herri Administrazio sailburuari. Errekurtsoari erantzuna ematen ez bazaio, ezezkotzat hartu beharko da.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko maiatzaren 11.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARIA ENCARNACIÓN ECHAZARRA HUGUET.

I. ERANSKINA

HERRI-ADMINISTRAZIOAREKIN, ZUZENBIDE PUBLIKOAREKIN EDO ADMINISTRAZIO ZIENTZIAREKIN ZERIKUSIA DUTEN GAI BATZUEI BURUZKO IKERLANAK BURUTZEARREN HIRU DIRU-LAGUNTZATARAKO DEIALDIA EGITEN DUEN EBAZPENARENA.

OINARRI-ARAUAK

Lehendabizikoa.- Deialdi honen helburua hiru diru-laguntza ematea da, Herri-Administrazioarekin, Zuzenbide Publikoarekin edo Administrazio Zientziarekin zerikusia duten gai batzuei buruzko ikerlanak egitearren. Diru-laguntza horiek Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuak kudeatuko ditu.

Hau da, aurkez daitezkeen ikerlanek edo ikerlan-proiektuek Herri-Administrazioa, Zuzenbide Publikoa edo Administrazio Zientzia jorra ditzakete hainbat ikerkuntza ikuspuntutik: juridikoa, politikoa, soziologikoa, historikoa, ekonomikoa aurrekontuetakoa edo beste edozein arlo zientifikoa; eta hori gaur egungo Herri-Administrazioaren, Zuzenbide Publikoaren eta Administrazio Zientziaren errealitateari dagokionez, bai horien eraketari eta etorkizunari dagokienez ere.

Bigarrena.- Diru-laguntzak eskatu ahal izateko hurrengo baldintza hauek bete behar dira:

a) Pertsona fisikoa izatea eta norberaren izenean parte hartzea.

b) Administrazio-auzotartasuna Euskal Autonomia Erkidegoan izatea 2011ko urtarrilaren 1az geroztik edo lehenagotik.

c) Goi-mailako unibertsitate-tituluduna izatea.

Ezin dira deialdi honetara aurkeztu:

a) Diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekua, administrazio-zehapen edo penalen bat izan duten pertsona fisikoak. Emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legean sartutako debekuak eta zehapenak ere barruan direla.

b) Azken hiru urteetan diru-laguntza hauetako bat edo Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolako ikerketa-talde batentzako bekaren bat hartu dutenak.

Era berean, diru-laguntza hauek ekintza berbera burutzeko beste edozein beka edo laguntzarekin, publiko zein pribaturekin, bateraezinak izango dira.

Hirugarrena.- Diru-laguntzak jasotzen dituztenek beraiek aukeratutako gairen bati buruzko ikerlana garatu, eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundean aurkeztu beharko dute; ikerlana monografia bat izan behar da eta hori dena deialdi honetan ezarritako epearen eta baldintzen arabera. Ikerlanaren gaiak Herri-Administrazio, Zuzenbide Publiko edo Administrazio Zientziaren inguruan izan behar dira.

Jasotzaileak IVAPekin bildu beharko du, hala eskatzen bazaio.

Era berean, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antola-arauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren arabera, laguntza hauen jasotzaileen betebeharrak honako hauek ere izango dira:

a) Diru-laguntza jasotzeko baldintzak betetzea.

b) Diru-laguntza ematen duen erakundeari frogatu behar dio eskatzen diren beharkizunak eta baldintzak bete direla eta jarduera egin dela.

c) Erakunde emaileak beharrezko ikusten dituen egiaztatze-jarduketak onartu behar ditu jasotzaileak. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura jasotzen diren laguntza eta diru-laguntzei dagokienez,Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egiten dituen kontrol-jarduketen esanetara egon behar du, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoenetara ere.

d) Erakunde emaileari jakinarazi behar dio bestelako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortu dituela helburu berbereko, edozein dela ere administrazio edo erakunde (publiko zein pribatu) emailea.

e) Diru-laguntza emateko arrazoiren bat, bai objetiboki, bai subjektiboki, aldatzen bada, Erakunde emaileari jakinarazi behar dio.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetako edozein aldatzen bada, eta, edozein kasutan, dirulaguntza horrekin batera bestelako administrazioetatik edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik bestelako dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo, hala badagokio, helburu berbera lortzeko bestelako dirusarrera nahiz baliabideak erdiesten badituzte, emate-erabakia ere aldatu ahal izango da.

Laugarrena.- Diru-laguntza bakoitza bost mila (5.000) eurokoa da, bi zatitan ordainduta.

Laguntza onartzearekin batera, lehenengo ordainketaren izapidetzeari, mila eta bostehun (1.500) eurokoa, hasiera emango zaio ikerlana aurrera eraman ahal izateko.

Bigarren ordainketaren kopurua gehienez jota, hiru mila eta bostehun (3.500) eurokoa izango da. Bigarren ordainketaren kopuruaren zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko da ikerlan monografia horiek jasotako kalifikazioa hautaketa-batzordeak eginiko analisian. Kalifikazioari dagokionez, gehienez ere hamar puntu jaso ahal izango dira. Esleipendun bakoitzak jasotako kalifikazioa eta bigarren ordainketaren zenbatekoa elkarloturik daude, ondoren adierazten den moduan:

a) 8,5 edo hortik gorako puntuazioa jaso duten monografiek: 3.500 euro. Ikerlan hauek argitaratu egingo ditu Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak.

b) 7 eta 8,4 bitarteko puntuazioa (biak barne) jaso duten monografiek: 1.000 euro. Ikerlan hauek Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko liburutegian gorde egingo dira.

c) 5 eta 6,9 bitarteko puntuazioa (biak barne) jaso duten monografiek: ez dute bigarren ordainketarik jasoko. Ikerlan hauek Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko liburutegian gorde egingo dira.

d) Ez gai kalifikazioa (5etik beherako puntuazioa) jaso duten monografiek: ez dute bigarren ordainketarik jasoko eta lehenengo ordainketa atzera botatzeko prozedurari hasiera emango zaio. Emandako diru-laguntza atzera botatzea, dagozkion kasuetan, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz egingo da. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu.

Bosgarrena.- Diru-laguntza jasotzen duten ikerlanak aurkeztu beharko dira, burututa, 2013ko uztailaren 16a baino lehenago, hurrengo klausulan adierazitako moduan eta lekuetan.

Seigarrena.- Eskabideak aurkezteko epea 32 egun naturalekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Diru-laguntza hauek eskuratzeko eskaerak aurkeztu ahal izango dira bulegoetara bertaratuta edo baliabide telematikoen bidez.

A) Bulegoetara bertaratuta aurkezten diren eskabideak.

Diru-laguntza horiek eskuratzeko eskari-orriak deialdi honen II. eranskinean dagoen ereduaren arabera egingo dira eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundean aurkeztu behar dira, helbide hauetako edozeinetan:

a) Donostia kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz.

b) Errekalde zumarkalea 18. 48009 Bilbao.

c) San Bartolomé, 28. 20007 Donostia-San Sebastián.

d) Unibertsitatea z/g. 20560 Oñati (Gipuzkoa).

Jendaurreko ordutegia hurrengoa da:

Astelehenetan eta asteazkenetan: 09:00etatik 14:30era.

Asteartetan eta ostegunetan: 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 16:30era.

Ostiraletan: 09:00etatik 14:00etara.

Udako ordutegia (ekainaren 4tik irailaren 30era): astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara.

Halaber, eskabideak aurkeztu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzako Herritarren Arretarako Bulegoetan, Lurralde Ordezkaritzetan eta beste erakunde laguntzaile batzutan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipaturiko edozein eratan.

B) Baliabide telematikoen bidez aurkezten diren eskabideak.

Interesdunek egin dezakete eskaera bera ondorengo helbide elektronikoan: www.ivap.euskadi.net/r61-2347/eu/contenidos/ayuda_subvencion/ayudas_invest igacion_2012/eu_ayud_inv/ayudas_investigacion.html.

Norberaren burua identifikatzeko ezinbestekoa da NAN elektronikoa edo ONA Txartela (Osasun Nortasun Agiria) erabiltzea.

Norberaren espedientean sartzeko eta haren jarraipena eta izapideak egiteko www.ivap.euskadi.net egoitza elektronikoko «Nire Gestioak» atal berezira jo behar da. Amaitutako ikerlana, baliabide elektronikoen bidez ere aurkeztu daiteke aitaturiko atal horretan.

Zazpigarrena.- Eskabideekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Ondoko atal hauek izango dituen curriculum vitae-a:

- Datu pertsonalak

- Prestakuntza akademikoa

- Lan-esperientzia

- Egindako lanak eta argitalpen zientifikoak

- Hizkuntzak

b) Diru-laguntzak irauten duen bitartean burutu nahi den ikerlanari buruzko xehetasunezko txostena, gehienez ere 10 orrikoa. Txosten horretan agertu behar dira proposatzen den ikerlanaren gai zehatza zein den, ikerketa-egitasmoaren ildo nagusiak, eta baita hori aurrera eramateko erabiliko den metodologia ere.

c) Unibertsitate-titulua eta horri dagokion ikasketa-espedientea.

d) 2011ko urtarrilaren 1az geroztik edo lehenagotik Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritako administrazio-auzotartasuna adierazten duen errolda-egiaztagiria.

e) Erantzukizunpeko aitorpenak, zeinetan adierazten den bigarren klausulan ezarritako baldintzak betetzen ez dituela, baldintza hauek deialdian parte hartzea galarazten baitute. Erantzukizunpeko aitorpenak eskabidearen ereduaren barne daude.

Merezimenduak, aintzat hartu ahal izateko, behar bezala frogatu behar dira. Horrela egiten ez bada edo eskabideak aurkezteko epez kanpo aurkezten ba dira, merezimenduen egiaztagiriek ez dute baliorik edukiko.

Eskabideak edo horrekin batera aurkeztu behar den dokumentazioak deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, edo horien edukia nahikoa ez balitz, eskatzaileari jakinaraziko zaio hamar egun dituela osatzeko edo akatsa zuzentzeko; eta horrela ez egitekotan, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta horretarako administrazioak 30/92 Legearen —Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen legea— 71.1 eta 42.1 artikuluen arabera, dagokion erabakia hartu eta jakinaraziko duela.

Merezimenduak eta betekizunak egiaztatzeko erari buruzko informazio gehiago behar izanez gero honako helbide elektroniko honetara jo daiteke: www.ivap.euskadi.net/r61-2347/eu/contenidos/ayuda_subvencion/ayudas_invest igacion_2012/eu_ayud_inv/ayudas_investigacion.html.

Zortzigarrena.- Aurkezturiko proiektuak helburuari ondo egokitzen zaizkion ala ez hartuko da kontuan, baita proiektuak egokiro burutuko direla ziurtatzen duten bermeak ere. Esleipen-lehiaketaren baremoa honako hau da:

a) Ikerlanaren proiektua: 50 puntu.

b) Ikasketa-espedientea: 10 puntu.

c) Doktoregoa:

c.1) Gai kalifikazioa jaso duen doktoregoa: 5 puntu.

c.2) Gai baino gehiago eta bikain baino gutxiagoko kalifikazioa jaso duen doktoregoa: 7 puntu.

c.3) Bikain kalifikazioa jaso duen doktoregoa: 8 puntu.

d) Aukeratutako ikerketa arloan lan esperientzia (gehienez ere 5 urtetakoa): 5 puntu.

e) Aurkezten den proiektuarekin zerikusi zuzena duten argitalpenak: 5 puntu.

f) Aurkezten den proiektuarekin zerikusi zuzena duten egindako ikerlanak: 3 puntu.

g) Aurkezten den proiektuarekin zerikusi zuzena duten emandako ponentziak, komunikazioak eta antzekoak: 3 puntu.

h) Aurkezten den proiektuarekin zerikusi zuzena duen bestelako prestakuntza (unibertsitate-tituluak, edo 40 ordu baino iraupen handiagoko biltzar, jardunaldi edo mintegietara joatea): 4 puntu.

i) Euskaraz jakitea: 10 puntu.

j) Beste hizkuntzak: 2 puntu.

Oinarri-arau honetako a) idatzi-zatian 25 puntu baino gehiago lortu ez dutenei ezin izango zaie diru-laguntza eman.

Merezimenduak hobeki balioesteko egokitzat jotzen bada, elkarrizketa egin ahal izango zaie hautagaiei.

Bederatzigarrena.- Honako hauek izango dira hautaketa-batzordekideak:

Mahaiburua:

- Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Idazkari Nagusia edo berak izendatutako ordezkoa.

Mahaikideak:

- Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Azterlan eta Argitalpen zerbitzuburua edo berak izendatutako ordezkoa.

- Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Prestakuntza-Zerbitzuko burua edo berak izendatutako ordezkoa.

- Deialdiko gaietan aditu bi.

Idazkaria:

- Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuko teknikari bat edo berak izendatutako ordezkoa. Idazkariak hitza eta botoa ditu.

Hautaketa-batzordea osatzerakoan, ahaleginak izango dira trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua egon dadila bermatzeko. Ondorio horretarako, ordezkaritza orekatua izango da sexu bakoitzak gutxienez %40ko ordezkaritza baldin badu.

Edozein sexuari dagokionez, aurrean adierazitako ehunekoa betetzea ezinezkoa edo oso zaila gertatzen bada, ezintasuna edo zailtasun hori zurituko da hautaketa-batzordea osatzen duten aditu biak izendatzen dituen Ebazpenean.

Halaber, hautaketa-batzordeak, egoki baderitzo, aholkulari espezialistak edukiko ditu bere kideei laguntza emateko. Aholkulariok beren espezialitate teknikoetara mugatuko dute jarduna, izaera horrekin bakarrik hartzen baitute parte kalifikazio-organo horretan.

Erabakiak hartzeko botoen gehiengoa behar da.

Hamargarrena.- Diru-laguntzen esleipena Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpenaren bidez egingo da. Ebazpen horretan, esleitutako ikerketa-proiektuak adieraziko dira; eta, hala badagokio, ordezkoak izango diren ikerketa-proiektuen eta esleipendunen zerrenda. Ebazpena deialdiaren helbide elektronikoan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, deialdia indarrean jartzen den egunetik sei hilabete igaro baino lehenago.

Laguntzaren jasotzaileak onarpena idatziz jakinarazi beharko du, hamar eguneko epean. Epe hori esleipen Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta deialdiaren interneteko helbide elektronikoan argitaratu eta hurrengo egunetik hasiko da.

Laguntza onartzeak deialdi honen oinarri-arauetan ezarritako baldintzak onartu beharra dakarkio jasotzaileari eta baita, ikerlanaren jarraipenari begira, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaritzak har litzakeen ebazpenak onartu beharra ere.

Hamaikagarrena.- Laguntzari uko eginez gero, idatziz jakinarazi behar da. Ukoa beste tramiterik gabe onartuko da, eta esleipenari dagozkion eskubide ekonomiko guztiak galtzea ekarriko du. Kasu horietan, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak erabakiko du, uko egitearen data kontutan hartuta, puntuazioaren hurrenkeraren araberako hurrengo lehiakideari diru-laguntza emango zaion.

Hamabigarrena.- Laguntzaren jasotzaileak esleitutako ikerlana jabetza intelektualaren erregistroan jaso beharko du, ikerlana Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundean jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita urte beteko epean, gehienez ere. Esandako epean inskripzioa egitea ezinezkoa izango balitz, eta beti ere epe hori igaro aurretik, jasotzaileak, arrazoiturik, agerian jarriko du ezintasuna. Lehen aipatutako urte beteko epean inskribatzeko ezintasuna guztiz egiaztatzen den kasuetan, inskripzioa egiteko epe berri bat ireki ahal izango da. Lehen aipatutako epean inskribatzeko ezintasuna adierazten duen jakinarazpena jasotzen ez bada, eta beti ere epe hori igaro eta gero, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ikerlana inskribatu egin duela ulertuko du.

Hamahirugarrena.- Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko liburutegian gordeko diren burututako ikerlanak, jabetza intelektualerako eskubideari buruzko arauei loturik baino ezin izango dira erabili.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko liburutegian gordetako ikerlana, argitaratuta izateko puntuazio nahikorik lortu ez duelako, ez badu Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak argitaratzen, eta beste erakunde batek argitaratzen badu, egileak argitalpen horren berri eman beharko dio Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari eta bi ale bidaliko ditu. Argitalpenaren berri eta bi aleak jaso eta gero, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak lehen liburutegian gordetako ikerlana kenduko du.

Hamalaugarrena.- Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak beretzat gordeko ditu deialdi honetatik sortutako ikerlanen gaineko argitaratze eskubideak, beti ere hautaketa-batzordeak egindako analisian argitaratuta izateko kalifikazio nahikoa lortu badute. Helburu horretarako, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak lau hilabeteko epean egileari eskuragarri jarriko dio edizio kontratua, formalizatzeko. Lau hilabeteko epea, hautaketa-batzordeak ikerlana aztertu duen bilkura egunaren biharamunetik zenbatzen hasiko da. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, kontratua formalizatu eta urtebeteko epean ikerlanaren argitalpena aurrera eramateko konpromisoa hartzen du.

Aurreko lerroaldean ezarritako epeak zenbatzeko, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak edo-eta Erakunde horren argitalpen zerbitzuen esleipendunak diren enpresek bete behar dituzten tramiteak eta betebeharrak burutzeko denborak besterik ez dira kontuan hartuko.

Edozein modutan ere, deialdi honetatik sortutako ikerlanen edizio guztietan, bai lan osokoa izanda bai zati batekoa, egileek Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundetik diru-laguntza eskuratu dutela adierazi behar dute.

Hamabosgarrena.- Aipaturiko laguntzak ez dakar inolako kontratu-loturarik Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen eta jasotzailearen artean.

Hamaseigarrena.- Deialdia indarrean jartzen den egunetik sei hilabete igarota, deialdiaren interneteko helbide elektronikoan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ez badago esleipena egiteko erabakirik argitaratuta, interesdunek ezezkotzat hartu beharko dute beren eskaera. Hori dena Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 44.1 artikuluaren arabera.

Hamazazpigarrena.- Prozesu honetan jasotako datu pertsonalak «Ikerketen sustapena» fitxategi automatizatuan bilduko dira. Fitxategi horren helburua prozesu hau kudeatzea baino ez da izango. Fitxategi horren erabilera eta jarduera antolatzeko datu pertsonalak eta datu pertsonalak dituzten jabetza publikoko fitxategiak babesteko legeriak zehaztutakoari jarraituko zaio (Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25ko 2/2004 Legea, eta garapenerako bestelako arauak). Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria da fitxategiaren arduraduna. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko edo ezabatzeko, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaritzara jo beharko da.

(Ikus .PDF)


Deskribatzailea:

Geroko Erreferentziak: