Logo Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco Logo Euskadi.net
Inicio
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

Aldizkari honetan argitaratua: 2012077 zk.- 2012/04/19 Laburpena Pdf forma tuan
Lehenengo orria: 201201762 Xedapena Pdf formatuan

BESTELAKO XEDAPENAK

Justizia eta Herri Administrazio Saila

AGINDUA, 2012ko martxoaren 6koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, «Puntueus Fundazioa» Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Aztertu da «Puntueus Fundazioa» Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.- 2012ko otsailaren 8an, Justizia eta Herri Administrazio Sailean eskari bat sartu zen, «Puntueus Fundazioa» delakoaren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko (Puntueus elkarteak sortu zuen fundazio hori).

Eskabideari espedienteko agiriak erantsi zitzaizkion.

Bigarrena.- 2012ko otsailaren 28an Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoa bildu zen fundazioaren helburuak zilegi eta guztiontzako onuragarri direla egiaztatzeko, eta fundazioa erregistroan inskribatzearen aldeko txostena eman zuen.

Hirugarrena.- Fundazioen Erregistroak, 2012ko otsailaren 21eko idazkiaren bidez, dokumentazioan ikusitako akatsak zuzentzeko eskatu zien interesdunei, eta 2012ko martxoaren 5ean, espedientean ageri den dokumentazioa sartu zen Justizia eta Herri Administrazio Sailean.

Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek aztertu egin dute aurkeztutako dokumentazioa, eta jasota utzi dute eskatutakoarekin bat datorrela.

Laugarrena.- Honako hauek dira fundazioaren helburuak, estatutuen 6. artikuluan ezarritakoaren arabera:

«Fundazioaren helburu orokorra Interneten euskara eta euskal kultura sustatzea da. Horretarako Fundazioaren helburu zehatzak honakoak dira: «.eus» edo antzeko Interneteko domeinua eskatzeko beharrezkoak diren dokumentu eta eskakizun guztiak betetzea eta, behin onartuta, ICANN erakundearekin kontratua sinatzea, zeinaren bitartez, irabazi asmorik gabeko Puntueus Fundazioa eskatutako domeinuaren kudeaketa, kontrol eta administrazioaren arduraduna bilakatuko den.

Interneteko domeinu horren ardura izateak suposatzen du: domeinuen erregistrorako eskariak jasotzea, domeinua erabiltzeko ezinbestekoak diren baldintzak betetzen direla ziurtatzea, betetzen baditu, erregistrorako baimena ematea; eta azkenik, erregistroa teknikoki mantzentzen dela ziurtatzea».

Bosgarrena.- Estatutuen 4. eta 5. artikuluetan jasotakoaren arabera, fundazioaren egoitza EHUko Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetza, Julianategi eraikina, Arriola pasealekua, 2an dago, eta batik bat Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen ditu bere jarduerak.

Seigarrena.- Hasierako dotazioa 30.000 eurokoa da. Kopuru hori ordaindu dela -agiri bidez- jasota geratu da erregistro-inskripzioko espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak 37.1.c) artikuluan.

Zazpigarrena.- Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek doan beteko dituzte beren egitekoak, fundazioaren estatutuetan xedatutakoaren arabera.

Zortzigarrena.- Patronatuko kideak, hasieran, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hauek izango dira:

(Ikus .PDF)

Guztiek onartu dituzte beren karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritako moduetariko baten arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.- Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari dagokio Fundazioaren eraketa inskribatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala agintzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan, eta Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuaren 4. artikuluan.

Bigarrena.- Horretarako legitimazioa daukan pertsona juridiko pribatu batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa betez. Lege eta erregelamenduzko manuen arabera egin da Fundazioaren eraketa.

Aipatutako arauak eta, oro har, kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak ikusirik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.- Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea, egun honetan eta F-325 erregistro-zenbakiarekin, Donostiako (Gipuzkoa) «Puntueus Fundazioa» erakundearen eraketa, eta bai Patronatuaren hasierako osaera ere (patronatu horren kideak zortzigarren aurrekarian agertzen dira), 2012ko urtarrilaren 13an, Juan Ramón Manzano Malaxechevarria notarioaren aurrean emandako eskritura publikoan (38/2012 protokolo-zenbakia) xedatu bezala (eskritura hori zuzendu egin zen 2012ko martxoaren 5ean notario beraren aurrean emandako eskritura publikoaren bidez; protokolo-zenbakia: 232/2012).

Bigarrena.- Fundazio hori, bere helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 3. sekzioan sailkatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Hirugarrena.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko martxoaren 6a.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Deskribatzailea: