Logo Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco Logo Euskadi.net
Inicio
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

Aldizkari honetan argitaratua: 2011148 zk.- 2011/08/04 Laburpena Pdf forma tuan
Lehenengo orria: 201103852 Xedapena Pdf formatuan

XEDAPEN OROKORRAK

Jaurlaritzaren Lehendakaritza

174/2011 DEKRETUA, uztailaren 26koa, Berdintasunaren aldeko Emakunde Saria sortu eta arautu zuen Dekretua aldatzeko dena.

Irailaren 12ko 166/2006 Dekretuaren bidez, Berdintasunaren aldeko Emakunde Saria sortu eta arautu zen. Ordutik, sarirako deia urtero egin da, eta horrek aukera eman du partaidetza handiagoa sustatzearren eta ebazpena azkartzearren aldatu beharreko zenbait alderdi identifikatzeko.

Urte hauetako esperientziari esker, hainbat aldaketa egitea komeni dela ikusi da. Hain zuzen ere, 2. eta 3. artikuluak berridatziko dira.

2. artikuluari dagokionez, alde batetik, aukera ematen da lanak edo proiektuak hiru urte lehenago egindakoak izatea. Eta bestetik, saritu gabe geratzen diren hautagaiek zuzenean -eskaerarik egin beharrik gabe- hurrengo urtean parte hartzea aurreikusten da.

3. artikuluari dagokionez, epaimahaiaren osaera aldatzen da: kide kopurua murriztu, eta kideak espezialistak izan daitezen sustatu nahi da.

Ondorioz, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen Zuzendaritza Kontseiluaren proposamena kontuan hartuta, Lehendakaritzak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko uztailaren 26ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Lehenengo artikulua.- Berdintasunaren aldeko Emakunde Saria sortu eta arautu zuen irailaren 12ko 166/2006 Dekretuaren 2. artikuluko 2. paragrafoa honela geratu da:

«2.- Lan edo proiekturen bat bada hautagaitzat aurkezten dena, deialdia argitaratu aurreko hiru urteetan burutua beharko du izan».

Bigarren artikulua.- Berdintasunaren aldeko Emakunde Saria sortu eta arautu zuen irailaren 12ko 166/2006 Dekretuaren 2. artikuluari beste paragrafo bat erantsi zaio:

«3.- Saritu gabe geratzen diren hautagaitzak hurrengo urtean aurkeztutzat joko dira zuzenean -eskaera egin beharrik gabe-, baldin eta hasierako eskabidean horretarako baimena ematen bada».

Hirugarren artikulua.- Berdintasunaren aldeko Emakunde Saria sortu eta arautu zuen irailaren 12ko 166/2006 Dekretuaren 3. artikuluko 1. paragrafoa honela geratu da:

«1.- Saria nori esleitu proposatzeko, epaimahai bat eratuko da, kide hauez osatua:

Presidentzia: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria

Epaimahaikideak:

- Foru aldundi bakoitzetik ordezkari bat -diputatu maila duena- edo horrek eskuordetzen duena.

- Udalen ordezkari bat, alkate maila duena, edo bestela, zinegotzia, edo horrek eskuordetzen duena, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrien ordezkaritzarik handiena duen elkarteak izendatua.

- Emakunden erantzukizun teknikoa duen kide bat, Erakundeko zuzendariak izendatua.

- Emakumeen eta gizonen berdintasunean aditu diren hiru pertsona, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak izendatuak.

- Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko Aholku Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

Idazkaritza: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko idazkari nagusia. Hitz egiteko eta boto emateko eskubidea izango du».

Laugarren artikulua.- Berdintasunaren aldeko Emakunde Saria sortu eta arautu zuen irailaren 12ko 166/2006 Dekretuaren 3. artikuluko 2. paragrafoa kendu egin da. Ondorioz, 3., 4., 5., 6. eta 7. paragrafoak 2., 3., 4., 5. eta 6. paragrafoak izango dira, hurrenez hurren.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko uztailaren 26an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.


Deskribatzailea:

Aurreko Erreferentziak: