Logo Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco Logo Euskadi.net
Inicio
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

Aldizkari honetan argitaratua: 2009144 zk.- 2009/07/29 Laburpena Pdf forma tuan
Lehenengo orria: 200904315 Xedapena Pdf formatuan

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila

AGINDUA, 2009ko ekainaren 17koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Oiartzungo (Gipuzkoa) «Haurtzaro Ikastola» Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuak Haur Hezkuntzako 2. zikloan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan unitateak gehitzeko baimena emateko dena.

Oiartzungo (Gipuzkoa) «Haurtzaro Ikastola» Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren erakunde titularraren ordezkariak ikastetxe horretako Haur Hezkuntzako 2. zikloan unitate bat eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan lau unitate gehitzeko baimena eskatuz abiarazi duen espedientea aztertu da.

Espediente horri Gipuzkoako Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak egin dizkio izapideak, indarrean dauden arauek eskatzen dituzten agiriak erantsi zaizkio eta eskumena duten erakundeek egin diote txostena.

Unibertsitateaz kanpoko araubide orokorreko irakaskuntza emateko ikastetxe pribatuei baimenak emateari buruzko apirilaren 3ko 332/1992 Errege Dekretua (9ko BOE), Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza ematen duten ikastetxeentzako gutxieneko baldintzak ezartzen dituen ekainaren 14koa 1004/1991 Errege Dekretua (26ko BOE) eta arlo honetan aplikatzekoak diren gainerako legeak ikusita,

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Ondoren zehazten den ikastetxe pribatuari 2009-2010 ikasturtetik aurrera Haur Hezkuntzako 2. zikloan unitate bat eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan lau unitate gehitzeko baimena ematea:

Kode-zenbakia: 20003081.

Izen espezifikoa: «Haurtzaro Ikastola».

Titularra: Haurtzaro Ikastola, S. Koop.

Helbidea: Elorrondo, z.g.

Udalerria: Oiartzun.

Lurralde Historikoa: Gipuzkoa.

Baimena:

- Haur Hezkuntzako 2. zikloan 1 unitate bat gehitzea.

- Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan lau unitate gehitzea.

Ikastetxearen osaera:

- Haur Hezkuntzako 2. zikloa: 10 unitate, 250 ikaspostutarako edukiera.

- Lehen Hezkuntzan: 18 unitate, 450 ikaspostutarako edukiera.

- Hezkuntza Berezian: 2 unitate.

- Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan: 12 unitate, 360 ikaspostutarako edukiera.

2. artikulua.- Agindu honen bidez baimendutako unitateetako irakasleen titulazioari dagokienez, indarrean dauden legeak betetzera beharturik gelditzen da ikastetxea. Bestela, emandako baimena baliogabetuta geratuko da.

3. artikulua.- Ikastetxeak Eraikuntzako Oinarrizko Arautegia bete beharko du (martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuak onartua), bai eta indarreko legeriak ezartzen dituen higiene, osasun, akustika, bizigarritasun, segurtasun eta irisgarritasun baldintzak ere. Zentroko titularrarena izango da baldintza horiek ez betetzearen erantzukizuna.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honetan dagoen baimen-emate honek ez dakar, inola ere, hezkuntza-itunen araubidearen bitartezko laguntzak lortzea.

Bigarrena.- Agindu honen kontra aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, hil biko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko ekainaren 17a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.


Deskribatzailea: