Logo Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco Logo Euskadi.net
Inicio
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

Aldizkari honetan argitaratua: 2009055 zk.- 2009/03/20 Laburpena Pdf forma tuan
Lehenengo orria: 200901564 Xedapena Pdf formatuan

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila

EBAZPENA, 2009ko otsailaren 17koa, Merkataritza, Kontsumo eta Industria Segurtasuneko sailburuordearena; honen bidez, merkataritza-ekipamenduak modernizatzeko laguntzen programa ezarritako diru-laguntzak 2009ko ekitaldian emateko deialdia jakinarazten da jende aurrean.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko maiatzaren 8ko Aginduaren bidez (2006ko maiatzaren 25eko Aginduak aldatua) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ematen dituen diru-laguntzen nondik norakoak ezartzen dira, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten enpresek merkataritzako ekipamenduak modernizatzeko inbertsio-proiektuak gara ditzaten.

Aipatutako aginduaren 7. artikuluan ezarritakoaren arabera, egoki da hor iragarritako diru-laguntzak emateko 2009ko ekitaldirako deialdia egitea, eta, horretarako, eman beharreko arau guztiak ematea.

Horrenbestez, aipatutako aginduaren 7. artikuluan ezarritako ahalmena erabilita, honako hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak 2003ko maiatzaren 8an emandako Aginduaren bitartez (2006ko maiatzaren 25eko Aginduak aldatua) arautu zen merkataritzako ekipamenduak modernizatzeko laguntza-programa, eta, hain zuzen ere, 2009ko ekitaldirako laguntza horien deialdia egitea da ebazpen honen xedea.

Helburu hori betetze aldera, 1.500.000,00 euro zuzenduko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren abenduaren 29ko 19/2008 Legean 2009ko ekitaldirako eta arlo horretarako izendatutako aurrekontu-kredituari jarraituz.

Deialdi honi lotuta, gehienez jota eta guztira emango den diru-laguntzen zenbatekoa ez da izango artikulu honetan finkatutako diru-kopurutik gorakoa, edo, indarrean dagoen legeriari jarraituz, kredituen arteko loturarik edo aurrekontu-aldaketarik badago, lehengoa eguneratuta sortutako diru-kopurutik gorakoa. Horrenbestez, diru-kopuru hori ahitutakoan, ezin izango da diru- laguntza gehiago eman, eta, beraz, hortik aurrera, baliorik gabe geratuko da ebazpen hau. Egoera horietakoren bat gertatuz gero, horren berri jakinaraziko da Merkataritza, Kontsumo eta Industria Segurtasuneko sailburuordearen ebazpenaren bidez.

2. artikulua.- Betekizunak.

Eskabidea egin nahi dutenek, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko maiatzaren 8ko Aginduan (2006ko maiatzaren 25eko Aginduz aldatua) iragarritako diru-laguntzetakoren bat eskuratu ahal izateko, agindu horretako 2. artikuluan ezarritako betekizunak errespetatu beharko dituzte.

Aipatutako aginduaren 2. artikuluak aurreikusten du laguntza horiek jaso ahalko dituztela enpresa ertain eta txikiek, baldin eta bertan jasotako betekizunak betetzen badituzte, apirilaren 3ko 1996/28/CE Gomendioan (edo hura ordezkatu nahiz aldatzen dutenetan) enpresa ertain eta txikien definizioaz xedatutakoaren arabera ulertuta.

2005eko urtarrilaren 1etik aurrera, gomendio horren ordez maiatzaren 6ko 2003/361/CE Gomendioa eman da; ondorioz, enpresa ertain eta txikiek horrelakotzat jo ahal izateko bete behar dituzten betekizunak azken gomendio horretan finkatzen direnak izango dira.

3. artikulua.- Eskabideak eta epea.

1.- Eskabideak eta gainerako dokumentazio osagarria Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko lurralde-bulegoetakoren batean aurkeztuko dira, aurkeztutako proiektua nongoa den, horko lurralde-bulegoan; bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan zehaztutako lekuetan ere aurkez daitezke agiriok.

Eskabidea eta inprimakiak betetzeko ereduak Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko lurralde-bulegoetan jaso daitezke, edo, bestela, interneteko helbide honetan ere bai: www.euskadi.net/comercio.

2.- Eskabideak aurkezteko epea, hasi, deialdi-ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta, bukatu, 2009ko irailaren 4an bukatuko da, betiere aldizkari horretan argitaratzen ez bada horretarako izendatutako kreditua ahitu egin dela.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Deialdi-ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Bigarrena.- Ebazpen honen aurka gorako errekurtsoa jarri ahal izango da Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren aurrean, hilabeteko epean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko otsailaren 17a.

Merkataritza, Kontsumo eta

Industria Segurtasuneko sailburuordea,

RODRIGO GARCÍA AZURMENDI.


Deskribatzailea: