Logo Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco Logo Euskadi.net
Inicio
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

Aldizkari honetan argitaratua: 2009042 zk.- 2009/03/02 Laburpena Pdf forma tuan
Lehenengo orria: 200901128 Xedapena Pdf formatuan

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila

EBAZPENA, 2009ko otsailaren 11koa, Teknologiako eta Industria Garapeneko sailburuordearena, atzerriko tituludunei bekak emateko 2009ko ekitaldirako deialdia argitara ematen duena, euskal enpresak atzerrian nazioartekotzeko proiektuen garapenean lankidetza-praktikak egin ditzaten.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2007ko martxoaren 21eko Aginduak atzerriko tituludunei bekak emateko programa arautu du, euskal enpresak atzerrian nazioartekotzeko proiektuen garapenean lankidetza-praktikak egin ditzaten (2007ko apirilaren 10eko EHAA, 68. zenbakia).

Agindu horren 6. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, bidezko da bertan finkaturiko laguntzetarako 2009ko ekitaldiko deialdia egitea eta horretarako eman behar diren arauak ematea.

Adierazitakoa kontuan izanik eta aipatutako aginduan ezarritako eskumenak betez, honako hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Ebazpen honen bitartez, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2007ko martxoaren 21eko Aginduan ezarritakoan parte hartu nahi duten enpresen eskaerak aurkezteko 2009. ekitaldirako epea irekitzen da. Atzerriko tituludunentzako beken programa arautzen du agindu horrek, euskal enpresak atzerrian nazioartekotzeko proiektuen garapenean lankidetza-praktikak egin ditzaten.

2009. ekitaldian, programa horretara 200.000,00 euro bideratuko dira guztira, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2009ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 29ko 19/2008 Legean horretarako ezarritako aurrekontu-kredituaren arabera.

Zenbateko hori aldatu ahal izango da, eskatutako laguntzen guztizko kopurua kontuan hartuta, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren beste laguntza-programa batzuk burutu ondoren agortu gabe geratzen diren aurrekontu-baliabideen arabera, eta betiere laguntzei buruzko ebazpena eman baino lehen. Teknologiako eta Industria Garapeneko sailburuordearen ebazpenaren bitartez emango da horren berri.

2. artikulua.- Betekizunak.

1.- Atzerriko bekadunen lankidetza jaso ahal izateko, aipatutako aginduaren 3. artikuluko 2. eta 4. paragrafoetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte enpresa eskatzaileek; hala ezarrita baitago euskal enpresak atzerrian nazioartekotzeko proiektuen garapenean lankidetza-praktikak egiteko atzerriko tituludunentzako beken programa arautzen duen aginduan.

2.- Gainera, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren Nazioartekotze Zuzendaritzara bidali behar dituzte eskaerak eta gainerako dokumentazioa, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak Lurralde Historiko bakoitzean duen Lurralde Bulegoan, zuzenean nahiz Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean zehaztutako bideak erabiliz.

3.- 2009ko ekainaren 30ean amaituko da enpresek eskaerak aurkezteko duten epea.

4.- Bekadun-hautagaiek hilabeteko epea izango dute eskaerak aurkezteko, aipatutako aginduaren 8.1 artikuluak aipatzen duen iragarkia argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita; agindu horrek atzerriko tituludunentzako beken programa arautzen du euskal enpresak atzerrian nazioartekotzeko proiektuen garapenean lankidetza-praktikak egin ditzaten.

5.- 2009ko ekitaldian gehienez hamabost beka (15) emango dira, eta beka bakoitzak gehienez 12 hilabeteko (12) iraupena izango du.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Bigarrena.- Ebazpen honen aurka gorako errekurtsoa jarri ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzaren Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko otsailaren 11.

Teknologiako eta Industria Garapeneko sailburuordea,

JOSÉ IGNACIO TELLECHEA FERNÁNDEZ.


Deskribatzailea: