Logo Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco Logo Euskadi.net
Inicio
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

Aldizkari honetan argitaratua: 1999138 zk.- 1999/07/21 Laburpena Pdf forma tuan
Xedapenaren lehenengo orria: 13036 Xedapena Pdf formatuan

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saila

AGINDUA, 1999ko ekainaren 15ekoa, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuarena, Legazpiko udalerrian VISESA sozietate publikoaren babes ofizialeko etxebizitza bat esleitzeko prozedura finkatzen duena.

AURREKARIAK

1.– «VISESA» sozietate publikoa, eskritura publiko baten indarrez, Legazpiko udalerrian dagoen etxebizitza baten jabea da.

2.– Etxebizitza hori VISESA sozietate publikoak erosi zuen salerosketa eskritura publiko batez.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Babes ofizialeko etxebizitzen eskualdaketetan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak duen erosteko lehentasun eskubideari buruzko apirilaren 15eko 7/1988 Legea maiatzaren 6ko 103/1997 Dekretuaren bidez garatu zen eta Dekretu horretako 9. artikuluak eta Xedapen Gehigarrietatik Bigarreneko bigarren idatz-zatiak ezartzen dutenari jarraituz, etxebizitza hori esleitzeko prozedura zehaztu behar da.

2.– Herri-Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 14. artikuluarekin bat etorriz eta gizarte-etxebizitzetarako finantza neurriei eta lege-araubideari buruzko uztailaren 30eko 212/1996 Dekretuaren 29. artikuluan ezarritakoari atxikiz, Sail honetako sailburua da egintza hau emateko eskumena duen organoa.

Aipatutako lege manuak eta oro har gai honetan erabilgarri diren gainerakoak ikusi ostean, honakoa

XEDATU DUT:

Legazpiko udalerriko babes ofizialeko etxebizitza horren onuradunak aukeratzeko modua eta etxebizitza esleitzeko bidea onartzea, etxebizitzen erosleak onartzeko baldintzen pleguaren arabera. Plegua agindu honen eranskinean agertzen da.

Etxebizitza Legazpin dago, Lau Bide kalean, 23 zk.an, 4. eskuman. 78,91 m.2-ko azalera erabilgarria du. Esleitzeko prezioa 9.150.000 PTAkoa da eta esleipenaren erregimena erabateko jabetzakoa da.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita; edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Herriko Auzitegi Nagusian, hilabete biko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 1999ko ekainaren 15a.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburua,

FRANCISCO JOSÉ ORMAZABAL ZAMAKONA.

VISESA SOZIETATE PUBLIKOAK LEGAZPIKO

UDALERRIAN DUEN BABES OFIZIALEKO

ETXEBIZITZAREN EROSLEAK ONARTZEKO

BALDINTZEN PLEGUA.

Lehenengoa.– Baldintzak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren jabetzako gizarte etxebizitzak esleitzeari buruzko Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren 1997ko azaroaren 12ko Aginduari atxikiz, ondoren aipatzen diren pertsona naturalek eskatu ahal izango dituzte etxebizitzak, bai bakarka bai jadanik egon dauden edo geroko batean egongo diren elkarbizitza-unitateetan, baldin eta agindu honetan finkatu eta ondoren azaltzen diren baldintzak betetzen badituzte:

1.– Etxebizitza eskatzen duen elkarbizitza-unitateko kide guztiei dagokienez, agindu hau argitaratzen den egunaren aurre-aurreko bi urteetan jabetzapean, azalera eskubidepean edo gozamenpean etxebizitzarik ez dutela izan egiaztatu beharko dute, eta egoera horretan egon beharko dute etxebizitza hauen esleipena eratu artean.

2.– 1997. urteko lanbidearteko gutxieneko lansaria (932.820 PTA) halako 5,5ekoak edo bajuagoak izango dira 1997. urtean irabazitako urteko diru-sarrera haztatuak.

3.– Eskatzaileek, edo beren ezkontideek edo bizikideek, nolanahi ere, agindu hau argitaratzen denetik hasi eta atzera begira utebeteko epean gutxienez ondoren zerrendatzen diren udalerriren batean eten barik bizi izan direla egiaztatu beharko dute.

Altzaga.

Arama.

Ataun.

Beasain.

Ezkio-Itsaso.

Gabiria.

Gaintza.

Idiazabal.

Itsasondo.

Lazkao.

Legazpi.

Legorreta.

Mutiloa.

Olaberria.

Ordizia.

Ormaiztegi.

Segura.

Urretxu.

Zaldibia.

Zegama.

Zerain.

Zumarraga.

4.– Eskatzaileek agindu hau ematen den egunaren aurre-aurreko hamar urteetan gizarte etxebizitzaren edo sustapen publikoko etxebizitzaren esleipendunak ez direla izan egiaztatu beharko dute ez eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak etxebizitza erosteko eskaintzen dituen finantza-neurrien onuradunak ere.

Bigarrena.– Eskabideak.

Erroldan aurkeztutako etxebizitza-eskabideak baino ez dira kontuan hartuko, hain zuzen ere Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak horretarako duen Erroldan, eta betiere 1998ko abenduaren 31 baino lehen.

Hirugarrena.– Onartutako eta baztertutakoen zerrenda.

1.– Eskabideetan agertutako inguruabarrak benetakoak direla egiaztatu ostean, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saileko Gipuzkoako lurralde ordezkariak ebazpen baten bidez finkatuko ditu onartutako eta baztertutakoen zerrendak.

Zerrendak Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzako iragarki oholean jarriko dira jendaurrean, hamabost egun naturaleko epean, eta epe horren azken egunaren biharamunetik hasita eskatzaileek hamabost egun naturaleko epea izango dute zerrendak onartzen dituen ebazpenaren aurka erreklamazioak aurkezteko lurralde ordezkariari.

Agindu hau argitaratu eta hiru hilabeteko epean ebazpen adierazirik ematen ez bada, ezetsitzat jo beharko da eskabidea.

2.– Aurkeztutako errekurtsoak erabaki ostean, lurralde ordezkariak prozeduran onartutakoen eta bertatik baztertutakoen behin betiko zerrendak gauzatuko ditu. Zerrenda hauek aurreko idatz-zatian adierazitako modu berean jarriko dira jendaurrean. Zerrenda horiek onartzen dituen administrazio ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari, hilabeteko epean, jendauarrean jartzeko azken egunaren biharamunetik hasita.

Laugarrena.– Esleipena.

Etxebizitzen esleipendunak aukeratzeko modua zozketa izango da, notario baten aurrean. Horretarako eguna eta tokia Lurralde Antolamedu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak zehaztuko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren jabetzako gizarte etxebizitzak esleitzeari buruzko Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren 1997ko azaroaren 12ko Aginduaren 11. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan adierazitakoaren arabera.

Hautatutakoen zerrenda eta itxaron-zerrenda onartzen dituen ebazpena aurreko klausulan adierazitako moduan argitaratuko da. Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari, hilabeteko epean, jendaurrean jartzen den azken egunaren biharamunetik hasita.

Bostgarrena.– Eskabiderik ez badago.

Eskabiderik ez badago edo etxebizitza guztiak esleitu barik itxaron-zerrenda amaitzen bada, etxebizitzen erosleak Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailean erroldatuta dauden eskatzaileen artean aukeratuko dira, baldin eta eskabideek Plegu honetan araututako baldintza guztiak betetzen badituzte. Horretarako, etxebizitzak hutsik daudela jakinarazi besterik ez da egin behar, eta Plegu honetan ezarritako eskakizunak betetzen dituzten eskabideak aurkeztu ahala esleituko dira.

Seigarrena.– Ordezko araudia.

Agindu honetan aurreikusi gabeko gaietan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren jabetzako gizarte etxebizitzak esleitzeari buruzko Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren 1997ko azaroaren 12ko Agindua eta gizarte-etxebizitzetarako finantza neurriei eta lege-araubideari buruzko uztailaren 30eko 212/1996 Dekretua aplikatuko dira.


Deskribatzailea: