Logo Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco Logo Euskadi.net
Inicio
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

Aldizkari honetan argitaratua: 1996156 zk.- 1996/08/16 Laburpena Pdf forma tuan
Xedapenaren lehenengo orria: 12715 Xedapena Pdf formatuan

Xedapen Orokorrak

Hezkuntza, Unibertsitateak eta Ikerketa

192/1996 DEKRETUA, uztailaren 23koa, Euskal Herriko Unibertsitatean Euskarako Institutua izeneko unibertsitate­institutua sortzeko dena.

Unibertsitate­Erreformari buruzko abuztuaren 25eko 11/1983 Lege Organikoak zientzia eta teknika mailako ikerkuntzara edo artegintzara dedikatutako funtsezko zentru bezala jotzen ditu unibertsitate­institutuak eta irakaskuntza espezializatuei edo doktoretza ikastaroei dagozkien irakaste­jardunak gauzatu ahal izango dituzte eta beren gaitasun arloko gaietan beren aholku­lan teknikoa ere eskaini.

Unibertsitate­institutuak sortzea Unibertsitateko Gizarte­Kontseiluaren proposamenez eta Unibertsitateen Kontseiluak informea eman ondoren dagokion autonomi elkarteak erabakiko duela xedatzen du aipatutako lege horrek.

Martxoaren 18ko 70/1985 Dekretuz onartutako Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuek beren aldetik, beren 257. atalean agintzen dute unibertsitateak unibertsitate-institutu bat sortuko duela, departamentuen artekoa eta fakultateen artekoa izango dena eta euskararen normalkuntzara eta garapenera dedikatuko dena.

Estatutuek institutu horri ematen dizkioten helburuen artean hauek daude: euskararen eta euskaraz didaktikari buruzko ezagutza eta ikerketaren arlo desberdinetan lexikografia­ikerkuntza egitea, halaber unibertsitatean eta beste hezkuntza­mailetan egindako irakaste­esperientzietan lortutako emaitzen jarraipen eta ebaluazioa egitea ere. Gainera, ikastetxeen arteko ikastaro bereziak ematea, edozein mailatan testuak eta irakasteko materialak prestatzea eta bere gaitasun arloan aholkularitza teknikoa eskaintzea.

Estatutuetako manuarekin bat eginik, Gobernu Kontseiluak bere sortze­txostena eta arauteria onartu ondoren, unibertsitateak unibertsitate­institutu hori sortzeko izapideak hasi ditu eta aipatutako institutu hori "Euskarako Institutua" deituko da. Gero EHUko Gizarte­Kontseiluak institutu hori sortzea eskatu dio Jaurlaritzari.

Ondorioz, Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluaren proposamena eta Unibertsitateen Kontseiluaren informea ikusi ondoren eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 1996ko uztailaren 23an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. atala.- "Euskarako Institutua" izeneko unibertsitate­institutua sortzen da Euskal Herriko Unibertsitatean.

GEHIGARRIZKO XEDAPENA

Unibertsitate ­institutu horren jardunak hasteak eskatzen du Unibertsitateko aurrekontuetan behar adinako zuzkidurak egotea eta agintedun organoek dagozkion langile­plantilak onartzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Dekretu honetan agindutakoak garatzeko arauak emateko eskumena ematen zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari.

Bigarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hartuko du indarra dekretu honek.

Vitoria-Gasteizen, 1996ko uztailaren 23an.

Lehendakaria,

JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

INAXIO OLIVERI ALBISU.


Deskribatzailea:

Aurreko Erreferentziak: