|
1996. urteaz geroztik, Eusko Jaurlaritzako Hauteskunde eta Dokumentazio
Zuzendaritzak ahalegin handia egin du teknologia berriak prozedura
demokratikoetan ezartzeko. Horretarako, garapen teknologikoa sustatu
du bete-betean, bai eta garapen horrek bizitza politikoan zein
hiritarren partaidetzan dituen inplikazioak ere. Horiek horrela,
euskal administrazioa modernizatu du, eta Euskadi bera herrialde
aurreratuenen artean dago hauteskunde-prozesuen kudeaketa automatizaturako
teknologia berrien ezarpenari dagokionez. Ekimen horri esker,
Demotek© sistema sortu da, hau da, boto elektronikorako
sistema berritzailea. Sistema horrek, hain zuzen ere, gaur egun
bozkatzeko erabilitako modua errespetatzen du, baina azkarrago
zenbatzen ditu hauteskunde-txartelak eta azkarrago igorri eta
jakinarazten ditu hauteskundeetako emaitzak.
Munduan bertan, botoaren automatizazioaren bilakaera oso luzea
izan da, bere heldutasunaren ondorioz aurrerapen teknologikoak
behar dituelako eta ahalik eta ondoen bermatu behar duelako prozedura
demokratikoetan ezinbestean errespetatu beharreko pribatutasuna,
segurtasuna eta isilekotasuna betetzen direla. Horren adibide
moduan, botoa automatizatzeko lehen saialdiak joan den mendearen
amaieran egin zituztela esan beharra dago. Duela 100 urte, gutxi
gorabehera, bozkatzeko lehen makinak erabili zituzten Estatu Batuetan.
Harrezkero, herrialde askok bozkatzeko prozesu automatikoak jarri
nahi izan dituzte abian, baina herrialde gutxi batzuek baino ez
dituzte ezarri (horra hor Estatu Batuak, Belgika, Estonia, Holanda,
Irlanda, Brasil, Venezuela, Paraguai, India eta Filipinak). Beraz,
gaur egun oso gobernu gutxik egokitu dute euren legeria boto elektronikoaren
prozeduretara.
Orrialdeotan, boto elektronikoaren artea munduan zer egoeratan
dagoen azalduko dugu, eta, horretarako, Europan, Amerikan, Asian,
Afrikan eta Ozeanian zer gertatzen den izango dugu hizpide. Era
berean, boto elektronikoa ezarri duten herrialdeak eta boto elektronikoa
aztertzen edo esperientzia eredugarriak egiten ari diren herrialdeak
bereiziko ditugu.
|