Segurtasun Saila. Eusko Jaurlaritza

Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco Segurtasun Saila Euskadi.net
Logo twiter
Hemen zaude:  HasieraTeknologia BerriakBozketa elektronikoa munduan | Ezarrita daukaten herrialdeak

Ezarrita daukaten herrialdeak

Txosten honetan, hauteskunde-prozesuetarako teknologia berriak ezarrita dauzkaten munduko Estatuen egoera azalduko dugu. Era berean, boto elektronikoa tokian bertan nahiz urrutitik emateko sistemak aipatuko ditugu, eta, hala badagokio, arlo horri buruzko hauteskunde-legeria ere bai.

Teknologia berriak ezarrita dauzkaten herrialdeak

AEB | Belgika | Brasil | Estonia | Filipinak | Holanda | India | Irlanda | Paraguai | Venezuela

Europa

Belgika

Belgikako gobernua aitzindaria da munduan, boto elektronikorako sistemen ezarpenean. 1989. urtean hasi zen, ohiko sistema teknologia aurreratuak erabiltzen zituzten beste prozesu batzuen bitartez ordezkatzeko azterketa egin zuenean. Izan ere, aukeratutako hautagaiak ahalik eta lasterren ezagutzea zen helburu nagusia, oso-oso larria delako emaitzak zenbait eguneko atzerapenaz lortzea, zerrenda irekien hauteskunde-sistema konplexuan eskuz zenbatzean.

Banda magnetikodun txartela aukeratu zuten. Bertan, datuak grabatzen dira, aukeren berri eman eta hautatzeko arkatz optikoa eskaintzen duen pantailaren laguntzaz. Ondoren, hautesleek hautestontzi elektronikoan sartzen dute txartela eta era automatikoan zenbatzen ditu emaitzak.

Lehen esperientzia eredugarria 1991. urtean egin zuten Verlaineko kantoian. 1994. urteaz geroztik, Europako, federazioko, eskualdeko eta udaleko hauteskunde guztietan erabili dute boto elektronikorako sistema.

2000ko urriaren 8an egindako udal-hauteskundeetan, hautesleen %44k erabili zuten sistema. Ez zen Belgikako lurralde osoan erabili, kostua handi-handia zelako.

3 milioitik gora belgikarrek boto elektronikoa erabili zuten 2003ko maiatzaren 18ko hauteskunde nazionaletan. Steria enpresak utzitako sistemari esker, Belgikako hautesleen %44k (3,2 milioi hiritarrek) modu elektronikoan aukeratu zituzten 150 diputatu eta 40 senatari. Sistema horri esker, gainera, lehen emaitzak hauteslekuak itxi eta 15 minutura iragarri zituzten. Hori dela eta, botoak fidagarritasunez zenbatzeko beharrezkoa zen denbora aurreztu zuten. "2006. urtean Belgikako hautesle guztiek modu elektronikoan bozkatzea dugu helburu, eta xede hori lortzekotan gaude. Oraindik ere, Belgika aitzindari europarra da boto elektronikoari dagokionez", adierazi du Luc Van Nestek, Belgikako Barne Ministerioko Errolda eta Estatistika Bulegoko Kudeaketa zuzendariak.

2004ko ekainaren 13an, Belgikako hautesleen %44k, 3.200.000 inguru hiritarrek, modu elektronikoan aukeratu zituzten Europako Parlamentuko ordezkariak zein eskualde-gobernuak.

2005eko uztailaren 20an, Wallonieko eskualdeko barne-ministroak, Philippe Courardek, arlo teknikoan, antolamenduan eta finantza-arloan gobernu federalarekin eta eskualdeetako gobernuarekin batera lan egiteko hitzarmena sinatu zuen. Izan ere, 2006ko eta 2007ko hauteskundeetatik aurrera Belgikan boto elektronikoaren ezarpena homogeneizatzea da ekimenaren helburua. Ekimen honen bitartez, Belgikako boto elektronikoaren aplikazioa homogeneizatu nahi da 2006 eta 2007. urteetan.

2006ko urriaren 8an egindako udal hauteskundeetan, banda magnetikoko txartela zuen boto elektronikoa herrialdeko hautesleen %46,4rentzat zegoen eskuragarri, eta Bruselako hautesleen %100entzat, datu ofizialen arabera.2007ko ekainaren 10ean egindako legegintzarako hauteskundeetan ere, hautesleen %44k sistema elektronikoaren bidez eman zuten botoa.

2008an, ikerketa bat argitaratu zuen boto elektronikoaren bidezko sistemei buruz. Belgikako zazpi unibertsitateren artean egin zuten: "BeVoting: boto elektronikoaren bidezko sistemen ikerketa". Ikerketa hori bi zatitan banatuta dago. Lehenengoan, hainbat herrialdetako boto elektronikoaren ikuspegi orokorra eskaini da, Belgika, Estonia, Suitza, Irlanda, Herbehereak, Frantzia eta Alemanian, besteak beste, eta haien arteko azterketa erkatzailea egin da. Bigarrenean, Belgikako sisteman oinarritzen da.

Barne Zerbitzu Publiko Federalaren Hauteskunde Sailaren webgunearen arabera (www.elections.fgov.be), Ordezkarien Ganberak eztabaida parlamentarioa egin ondoren, boto elektronikoak Belgikan izango zuen etorkizunari buruzko ebazpena onartu zuen 2008ko uztailean. 2007ko legegintzarako hauteskundeetan jada boto elektronikoa erabili zuten herriek Europako Parlamenturako hauteskundeetan ere hala egitea bermatzeko beharrezko neurriak hartzea eskatzen zitzaion Gobernuari, baita bozkatzeko sistema elektronikoa eskualde-hauteskundeetan erabiltzeko aukera aurreikustea ere.

2009ko ekainaren 7an, Europako eta Erregioetako Hauteskundeak egin ziren; 200 udalerritan boto elektronikoaren sistema erabili zuten, hau da, hautesle guztien %44. 2011ko hauteskundeetan, ordea, sistema hori beste berriago batek ordezkatuko du. Zenbait komunikabideren esanetan, arazoren bat edo beste gertatu zen; izan ere, Europar Batasuneko hautesle atzerritar batzuek Parlamentu Erregionalerako boza eman zuten, horretarako eskubiderik izan ez arren. Boto elektronikoa emateko behar den txartel magnetikoa hauteskunde bietarako aktibatu zelako gertatu zen hori.

2010eko ekainaren 13ko legebiltzarrerako hauteskundeetan, 15.391 hauteskunde-bulegoetatik %40an boto elektronikoa erabili zuten. Bruselako eskualdean eta alemanez hitz egiten duten kantoietan, hautesle guztiek elektronikoki eman zuten botoa; Flandes eskualdean, hautesleen %49k gauza bera egin zuen, eta Walonian, berriz, %20k.

Boto elektronikoari buruzko informazioa lortzeko, Barneko Zerbitzu Publiko Federaleko Hauteskunde Departamentuaren web orria kontsultatu daiteke: www.elections.fgov.be.

Legeria.- Belgikako boto elektronikoa 1994ko apirilaren 11ko Legearen bidez arautu zuten.

Estonia

2001ean, Justizia Ministerioak proposamen bat egin zuen 2003ko Parlamenturako hauteskundeetan bozketa elektronikorako aukera sartzeko. Planaren proposamenaren arabera, herritarrei aukera eman zitzaien e-hautesle legez erregistratzeko; horrela, boto-txartelak elektronikoki sinatu behar zituzten sinadura digitalarekin, horrek emango baitzien eskubidea etxetik Internet bidez bozkatzeko.9

Zehazki, 2005eko urriko tokiko hauteskundeetan, 10.000 hautesle inguruk bozkatu ahal izan zuten Internet bidez, banku, estatuko bulego eta udal bulegoetan eta telekomunikazio konpainien bitartez.

Estoniako Parlamenturako legebiltzarrerako hauteskundeetan ("Riigikogu") -2007ko martxoaren 4a-, 940.000 herritarrek bozkatu zuten Internet bidez, boto-txartelak bide elektronikotik bidaliz hauteskunde eguna baino lehen. Gainontzeko hautesleek ohiko eran erabili zuen bozkatzeko eskubidea, hau da, hautestontzi eta boto-txartelekin. Internet bidez bozkatu ahal izateko, hautesleek nortasun agiri elektronikoa erabili zuten. Agiriak sinadura elektronikoa zeukan, eta bozketa elektronikoa ahalbidetzen duen irakurgailu batean sartzen zen.

Estoniako Parlamentuak hartutako erabaki baten arabera, datorren 2011ko hauteskundeetan hautesleek sakelako telefonoko SIM txarteletan dauden egiaztagiri digitalak erabili ahalko dituzte beren burua egiaztatzeko. Ordenagailu bat eta Interneterako konexioa ere beharko dira bozkatzeko. Horrela, bozketa elektronikoan, geure burua identifikatzeko nortasun agiri elektronikoaz gain, modu hori ere erabil dezakegu, hots, beste aukera bat da.

Europar Parlamenturako 2009ko ekainaren 7ko hauteskundeetan Estonia aitzindari izan zen boto elektronikoaren erabilerari dagokionez; izan ere, hautesleen %14k aurretiaz eman zuen botoa, Internet bidez, maiatzaren 28 eta ekainaren 3 artean. Komunikabideen esanetan, Internet bidezko botoaren erabilerak nabarmen areagotu zuen parte-hartzea, hau da, %26,8tik %43,2raino. Aurreko hauteskundeetan bezala, hautesleek Estoniako Identifikazio Txartela eta horiek irakurtzeko gailua erabili zuten.

2009ko urrian egin ziren tokiko hauteskundeetan, 104.415 pertsonak internet bidez eman zuten botoa; gutxi gorabehera, hautesleen %9,5.

Holanda

Hauteskunde-legeak boto elektronikoa erabiltzeko aukera ematen du 1965etik, ukitzekoa ez den pantaila duen taula elektronikoaren sistemaren bitartez.

Holanda polemika handi baten erdian zegoen , herrialde horretan erabilitako boto elektronikoaren sistema zela eta. Izan ere, 2006ko urrian, telebistako saio batean eta txostenetan oinarrituta, ikertzaile talde batek erakutsi zuen Holandan erabilitako boto elektronikoaren sistemak (Alemania, Frantzia eta Irlandan ere probatu zen sistema hori) segurtasun akatsak zituela. Hain zuzen ere, esan zutenez, kontrol programa eraldatu egin zitekeen, bozketa-taulan kokatutako memoriak aldatuz. Hori horrela, hautesleek eta agintariek ez zituzketen manipulazio horiek detektatuko. Gainera, makina guztiak giltza berarekin ireki zitezkeen, eta giltza hori erraztasun osoz eskuratu zitekeen Internet bidez. Beste alde batetik, herritar bakoitzaren botoa identifikatu egin zitekien, sistemaren irrati-frekuntziako soinuen bitartez. Txosten horretan (http://www.wijvertrouwenstemcomputersniet.nl/images/9/91/Es3b-en.pdf) aipatzen zenez, ez zegoen ekipoen biltegiratzearen segurtasunari buruzko araudirik, lehendik existitzen zen arren makina elektronikoen baldintzak zehazten zituen boto elektronikoaren legea.

Aipatutako txostenaren ondorioz, eta botoaren isilpekotasuna babesteko bermeak falta zirela eta, 2006ko azaroaren 22an legebiltzarrerako hauteskundeetan, 25 udaletan debekatu egin zen bozketa elektronikorako makina horien erabilera, eta txartel eta arkatz bidezko ohiko sistemara itzuli zen. Dena dela, Holandako gainerako lurraldeetako 9.000 edo 10.000 hauteskunde-lokaletan aipatutako konputagailu elektronikoak erabili ziren.

2007ko martxoaren 12an, Europako Segurtasun eta Lankidetzako Antolakundeak (ESLA) 2006ko azaroaren 22ko legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko txostena argitaratu zuen. Bertan, Herbeherek hauteskunde horietan erabilitako boto elektronikoaren sistema bertan behera uzteko iradokizuna egin zen.

Hauteskunde Prozesuaren Aholku Batzordeak "Voting with confidence" txostena argitaratu zuen 2007ko irailaren 27an, eta ondoren, Barne Idazkaritzak "bozkatzeko makinak onartzeko 1997ko Araudia" baztertzen zuela azaldu zuen. Azkenean, 2007ko urriaren 21ean baztertu zuten "bozkatzeko makinak onartzeko 1997ko Araudia".

2008ko maiatzaren 16an, Holandako gobernuak bozkatzeko sistema elektronikoa erabiltzeari utziko ziola ofizialki adierazi zuen, ez baitziren esperotako eta beharrezko gutxieneko segurtasun, izengabetasun eta fidagarritasun baldintzak betetzen. Beraz, paper eta arkatzaren sistema erabiliko dute berriz.

2010eko ekainaren 9ko hauteskunde orokorrak ohiko sistemaz, arkatzez eta paperez, egin zituzten.

Hona hemen herrialde horretan egindako beste esperientzia batzuk

  • 2004ko hauteskundeak: Europako hauteskundeetan, hauteskundearen egunean atzerrian zeuden herritarrek Internet bidez edo telefonoz eman ahal izan zuten botoa.

  • 2002ko hauteskundeak: Maiatzean egindako hauteskunde orokorretan, Holandako udalerrien %95ek boto elektronikorako makinak zituzten.

  • 1995eko azaroa: Hauteskunde sindikalak Philips Nijmegenen. Holandan egindako testak positiboak izan dira. Hauteskunde Kontseiluaren barruan boto elektronikoaren sistema aztertzeko eratutako Batzordeak sistema horren aldeko txostena egin du.

  • 1995eko martxoa: Udal hauteskundeak Eden eta Helmanden.

Une honetan, Holanda interesatuta dago telefono eta Internet bidezko botoan.

Legeria.- Bozketa elektronikoa arautzen duen legediak zenbait aldaketa izan ditu. Besteak beste:

  • 2001eko irailaren 10a: Aldaketa Bozketari buruzko Dekretuan: Bozketarako gailuek aldi bereko bozketa bi baino gehiagotan erabiltzeko lizentzia jaso zezaketen.

  • 1997ko uztailaren 11: "Regeling voorwaarden en goedkeuring stemmachines" (bozketarako gailuen baldintza eta onarpenerako araudia) delakoa ezarri zen, 1989ko bozketarako gailuen onarpenerako Araudiaren ordez.

  • 1997ko apirilaren 9a: Aldaketa bi Bozketari buruzko Dekretuan:

  • 1.- Bozketarako gailuetan baimendutako fasekako botoa: lehenengo, alderdi bat aukeratzen da, eta, gero, hautagai bat.

    2.- Bozketarako gailuak aldi bereko bi hauteskundetarako erabili ahal izango lirateke.

  • 1989: Bozketarako gailuen onarpenerako araudia.

Irlanda

2002ko maiatzaren 4ko hauteskunde orokorretan, Irlandako gobernuak proba eredugarria egin zuen Iparraldeko Dublineko, Mendebaldeko Dublineko eta Metako hiritarren artean. Sistema honetan, hautesleak hautagaien botoia aukeratzen du nahi duen hurrenkeran; horretarako, pantaila bat daukan taula elektroniko bat erabiltzen du.

2002ko urriaren 19an, 42 zirkunskripzioetatik zazpitan Nizako Itunari buruz egindako erreferendumean boto elektronikoa erabili zutenez, azkar-azkar lortu zituzten lehen emaitzak eta amaierako emaitzaren zenbatespena.

2004. urtean, Irlandan bertan boto elektronikoaren erabilera eten zutenez, ez zuten erabili ez Europako hauteskundeetan ez tokian tokikoetan. Urte horretan, Irlandako gobernuak Boto Elektronikoaren Batzorde Independentea sortu zuen, hau da, "Independent Commission on Electronic Voting" (ICTE)", boto elektronikorako sistemaren segurtasuna eta fidagarritasuna ebaluatu ahal izateko. Batzordeak erabakitakoaren arabera, sistemak ez zituen hauteskunde ofizialetan erabiltzeko beharrezko baldintzak betetzen. 2005. urtean, Ingurumen Sailak iragarri egin zuen 97.000 euro inguru inbertituko zituela, sistemaren inguruko proba berriak egiteko. Bien bitartean, Boto Elektronikoaren Batzordeak 280.000 euro eman zituen, aparteko probak egiteko asmoz. Independent Commission on Electronic Voting delakoaren web orrian (www.cev.ie) iragartzen denez, 2006ko irailaren 4an indargabetu egin zen.

2009ko apirilean, Irlandako Gobernuak bozketa elektronikoa alde batera uzteko erabakiaren berri eman zuen. Horren harira ateratako jakinarazpenean azaldu zuenez, erabakia hartzeko arrazoiak bi izan ziren: batetik, krisi ekonomikoa; izan ere, Gobernuaren arabera, egoera honetan ezin dira justifikatu sistema hori ezartzeko kostuak; eta bestetik, hautesleek asetasun handiagoa dutela bozketa sistema tradizionalaren bidez egiten bada.

Legeria.- 2000ko otsailean, gobernuak boto elektronikoaren erabilera onartu zuen eta legeriaren zirriborroa prestatu zuen.

Amerika

Brasil

1996. urtean, boto elektronikorako sistemak ezartzen hasi zen Brasil. Urte horretan, hain zuzen ere, botoen %32 eman zituzten hautestontzi elektronikoen bidez. 1998ko presidentetza-hauteskundeetan, ehunekoa %58ra igo zen, eta, 2002ko hauteskundeetan, hautesleen %100ek erabili zuten boto elektronikoa. 2002ko urriaren 6ko hauteskundeetan, sistema konputerizatua erabili zuten. Bertan, zenbaki eta argazki baten bidez adierazten zuten nor zen hautagai bakoitza, eta, bozketa itxitakoan, euren datuak inolako interferentziarik gabe igortzen zituzten sare pribatuaren bitartez eskualdeko hauteskunde-auzitegietara. Sistemak 414.000 "hautestontzi elektroniko" zituenez, 24 ordutan, besterik ez, lurralde nazional osoko emaitzak ezagutu ahal izan zituzten.

Bertan, Unisys eta Procomp enpresek ekoitzitako zenbakizko teklatudun hautestontzi elektronikoa erabiltzen dute.

Nolanahi ere, 2001. urtean, hautestontzi elektronikoaren segurtasunaren inguruko mesfidantzak areagotu ziren, senatuko panel elektronikoa urratzean gertatutako eskandaluaren ostean.

Brasilgo boto elektronikorako sistema Amerikako kontinenteko beste herrialde batzuetara esportatu dute (Paraguaira, Argentinara.), eta Brasilgo hauteskunde-agintariek Austriako, Japoniako, Turkiako eta antzeko herrialdeetako kontsultak jasotzen dituzte.

Brasilek bere hautestontziak ekoizten ditu Hauteskunde Auzitegi Nagusiaren (TSEren) aginduz, eta estatuarenak dira.

Esperientzia horretan oinarrituta, Argentinak boto elektronikoaren prozesua sustatu zuen. Horrez gain, Paraguai, Kolonbia, Mexiko, Txile, Bolivia, Peru eta beste herrialde batzuk antzeko esperientziak garatzen ari dira, brasildarren aholkularitzaz.

2006ko urriaren 1ean eta 29an bi bueltatan egindako presidentetzarako hauteskundeetan, hautesle guztiek, 126 milioi inguruk, hautestontzi elektronikoaren bitartez eman zuten botoa. Komunikabideen arabera, bozketarako makinek gertakari aipagarririk gabe funtzionatu zuten hauteskunde egunean.

2008ko udal hauteskundeetan 43.000 hautestontzi biometriko erabili zituzten Sao Joao Batista (Santa Catarina estatua), Fátima do Sul (Mato Grosso do Sul) eta Colorado d'Oeste (Rondonia) hirietan. Hortaz, hautesleek ez zuten inolako nortasun agiririk behar izan, hatz-markaren bidez identifikatzen baitzituzten. Zortzi urte barru hautesle guztiak hatz-markaren bidez identifikatzea espero dute Brasileko agintariek, boz-emaileak identifikatzerakoan iruzurrik egon ez dadin. Horrez gain, bozkatzeko sistema elektronikoa erabili zuten berriro, baina satelite bidezko teknologia baliatu zuten; hortaz, sare pribatu baten bidez, Eskualdeko Hauteskunde Epaitegiek urrutien zeuden eremuetako datuak (15 eskualde) interferentziarik gabe eta ordu gutxiren buruan lortu ahal izan zituzten.

Hauteskunde Auzitegi Nagusiak (TSE) esan zuenez, Presidentziarako 2010eko hauteskundeetan gutxienez lau milioi lagunek erabiliko zituzten hautestontzi biometrikoak. TSEko presidentearen esanetan, 2012ko udal-hauteskundeetan edota, beranduen jota, 2014ko hauteskunde presidentzialetan, hautesle guztiek sistema berri hori erabiliko zutela uste zen. Hautestontzi biometrikoen bidez iruzurrari aurre egiteko helburua ezarri zen; izan ere, sistema horrek hatz-marken bidez identifikatzen ditu hautesleak. Azken horiek, baina, aurretiaz hatz-markak erregistratu beharko dituzte, hautestontziak ezagutu eta botoa baimendu dezan. Hautestontzi berri horiek Brasilgo teknologiarekin egin dira.

Hauteskunde Auzitegi Nagusiak (TSE) 2010ean egingo diren presidentetzarako hauteskundeetan erabili beharreko bozketa elektronikoaren aurkako erasoa prestatu zuen, 2009ko azaroaren 10etik 13ra bitartean, lau egunez jarraian, sistema hobetzeko asmoz. Horretarako, 38 "hackerrek" hartu zuten parte; horien artean erakunde publikoetako ordezkariak zeuden, Polizia Federala, esaterako; baita erakunde pribatu eta nazioarteko ordezkariak ere. Hauteskunde Auzitegi Nagusiak (TSE) hiru saiakera onenak saritu zituen: bat, botoaren sekretutasuna hausten saiatu zen, hautestontziak igortzen zituen uhin elektromagnetikoak harrapatuz; beste batek, bozketa prestatzeko prozedurak aztertu zituen; eta hirugarrenak, bozketan erabiliko den softwarea jarri zuen proban. Nolanahi ere, informatikako adituek ez zuten lortu bozketa elektronikoaren sistema haustea. Hainbat behatzaile izan ziren probak ikusten: Amerikako Estatuen Erakundekoak (AEE), Diputatuen Ganberakoak, Armadakoak, Poliziakoak, Datuak Prozesatzeko Zerbitzu Federalekoak (Serpro), Batasuneko Kontu Auzitegikoak (TCU) eta Informatikako Enpresen Federazio Nazionalekoak (Fenainfo).

Hauteskunde orokorretan, 2010eko urriaren 2ko lehen itzulian, hautestontzi biometrikoa arrakasta osoz erabili zen, TSEko presidentearen arabera. 135,8 milioi hautesleetatik 1,2 milioik 5.000 hautestontzi biometriko erabili zituzten 60 hiritan; aurretik, aldiz, hatz-markak eskaneatu behar izan zituzten. Izena emandako hautesleen %6,5en kasuan hatz-marka bidezko ezagutzeak huts egin zuen eta nortasun agiria aurkeztu behar izan zuten. Beti ere TSEren datuen arabera, arazo gehienak ez ziren izan hautestontzien ondorioz eta bai, ordea, erabili behar zituzten langileak ez zeudelako behar bezala prestatuta edota erregistratutako hatz-markak ez zirelako aski zehatzak. Aitzitik, eta balorazioa positiboa bada ere, ohiko hautestontzietan botoa emateko 60-90 minutu inguru behar izan baziren, teknologia berriko hautestontzietan denbora bikoitza behar izan zen. Beste aldetik, TSEk botoen %97, 120 milioi boto inguru, zenbatu zituen hautestontziak itxi eta bost ordura.

Hauteskunde orokorren bigarren itzulian, 2010eko urriaren 31n, 135 milioi hautesle inguruk bozkatu zuten. Bi ordu ingurutan, 400.000 hautestontzirekin eta boto elektronikoaren sistema erabiliz, gutxi gorabehera hautesleen %90 zenbatuta zegoen.

Legeria.- 1995eko urrian, boto elektronikorako arauak ezartzen dituen hauteskunde-legea onartu zen. Herrialde horretan boto elektronikoa oso aurreratuta dago; horregatik, 1998ko hauteskunde orokorretarako eta hurrengoetako arauak xedatzen dituen 1997ko irailaren 30eko 9.504. Legearen 59. artikuluan, boto elektronikoa ohiko prozedura izango dela adierazten da, eta paperezkoa, berriz, salbuespenezkoa (lege bereko 82tik 89rainoko artikuluen arabera). 2003ko 10.740. Legea, hautestontzi elektronikoei buruzkoa. Informazio gehiago:
http://www.tse.gov.br/internet/eleicoes/votoeletronico/historico.htm
http://www.tse.gov.br/internet/legislacao/eleitoral.htm

AEB

Estatu Batuetako kasua oso interesgarria da, botoak erregistratzeko eta zenbatzeko dituzten metodoak tradizio handikoak eta oso ugariak direlako.

Bozkatzeko makinaren ("Myers Automatic Booth" bozketa-kabina automatikoaren) lehen erabilera ofiziala New Yorken garatu zen 1892. urtean. 1930ean, gutxi gorabehera, makina horiek Estatu Batuetako hiri nagusietan jarrita zeuden, eta, 1960an, biztanleen erdiek baino gehiagok makina horien bitartez bozkatzen zuten.

Herrialde honetan, modu automatikoan zenbatzeko metodo ugari daude. 2000ko presidentetza-hauteskundeetan, hautesleen %1,6k baino ez zituzten paperezko ohiko hauteskunde-txartelak erabili, %9,1ek erregistro elektroniko zuzena erabili zuten, %18,6k palankadun bozketa-makinak erabili zituzten, %27,3k irakurgailu optikoak erabili zituzten eta %34,3k zulatutako txartelak erabili zituzten. Hauteskunde Batzorde Federalak (FECek) bozketa-sistemok bete behar dituzten estandarrei eusten dizkie.

Kalifornian, Alaskan eta Arizonan, sakon-sakon aztertzen ari dira Internet bidezko botoa. Horiek horrela, esate baterako, Kaliforniako lau estatutan Internet bidezko botorako probak egin zituzten 2000ko arazoko hauteskundeen aurretiko asteetan. Era berean, Internet bidezko botorako esperientziak ere egin zituzten Alaskan (VoteHere enpresak antolatu zituen 2000ko urtarrilean) eta Arizonan (Election.com enpresak antolatu zituen 2000ko martxoan). Presidentetzarako azken hauteskundeetan, herrialdetik kanpo dauden 200 militarrek lehen aldiz eman zituzten Internet bidez balioa zeukaten botoak. Dena dela, ohiko postaz ere bidali zituzten.

Floridan, 2000ko presidentetza-hauteskundeetan sortutako arazoen ondorioz garrantzi berezia duela kontuan hartuta, 63 konderrik boto elektronikorako onartutako metodoren bat erabili zuten.

2002ko irailean, Floridako hegoaldeak presidentetzarako hauteskundeak hilabeteetan zehar kolokan eduki zituenetik bi urte igaro zirenean, demokraten hauteskunde primarioetan, milaka hauteslek sekulako nahaste-borrastea bizi izan zuten berriro, euren eskubide konstituzionala zaildu edo eragotzi zuten oztopoak sortu zirenean. Hauteskunde-makina berria oso korapilotsua izan zen adinekoentzat, eta hauteskunde-langileen laguntza jaso behar izan zuten ezinbestean. Hauteskunde horretako anabasari erantzuteko asmoz, Legegintzako Kongresuak Hava Legea (Help America Vote Act) onartu zuen, herrialde osoko hauteskundeak hobeto antolatu ahal izateko. Oraindik, lege horrek ez ditu arazo haiek konpondu, eta, adituen esanetan, mesfidantza handia sortu dute Estatu Batuetako hautesleen artean.

2004ko presidentetza-hauteskundeetan, Hava Legeko eguneraketa-eskakizunak ondoen bete zituen estatua izan zen Nevada. Beraz, ez zen egon ez iruzur-salaketarik ez irregulartasun handirik. Bertako makinek, hain zuzen ere, boto-egiaztagiri ukigarria zeukaten. Horrez gain, konderri guztiek bozketa-sistema bera erabili zuten (ukitzeko pantaila edo touch screena). 2005. urtean, Kaliforniako estatuak eta gobernu federalak sistema hori onartu zuten, 2006ko urtarrilaren 1etik aurrera erabiltzeko.

2005eko otsailaren 9an, "Voting Integrity and Verification Act" (VIVA) hauteskunde-lege berria aurkeztu zuten Estatu Batuetako Kongresuan, botoaren egiaztagiria ezinbestean inprimatu dadin. Horiek horrela, makina elektronikoen bidez bozkatzen duten hautesleek euren botoa egiaztatu eta zuzendu egin ahal izango dute, beharrezkoa izanez gero. Horrez gain, hauteskunde-agintarien esku geratuko litzateke, eta, botoak eskuz zenbatu behar izanez gero, erabili egingo litzateke. Neurri berri horiek touch screen sistemetan, palankadun makinetan eta eskaneaketa optikoko sistemetan ezarriko liratekeenez, arauaren irismenetik kanpo geratuko lirateke zulatutako txartelen sistemak, eskuzko sistemak edo aldez aurretiko bozketa edo posta bidezko bozketa. Legeak estatu batzuetan Hava Legeari buruz egin zuten interpretazio okerra zuzentzea dauka helburu. Bestetik, Amerikako Informazioaren Teknologiaren Elkarteak (ITAAk) eta bozketa-sistemen hornitzaile askok iradoki dutenez, oso garestia izango litzateke makinei inprimagailuak eranstea, huts egin lezakete eta atzerapenak sortu litezke hauteskunde-prozesuan.

Era berean, 2005. urtean, Jimmy Carter presidente demokrata ohiak eta James Baker estatu-idazkari errepublikano ohiak bi alderdiko batzordea eratu zuten. Batzordeak txostena argitaratu du, eta, bertan, 87 gomendio eskaintzen dira, boto elektronikorako gaur egungo sistemak hobetzeko. Batzordeak bozketa-makina elektronikoak erabiltzeko aldaketak iradoki ditu, eta, horrez gain, hauteskunde-prozesuan egin beharreko honako aldaketa hauek ere proposatu ditu:

  • Kongresuak legea berronetsi beharko luke, makina elektronikoetan emandako botoen egiaztagiri inprimatua ("voter-verified paper audit trail") derrigorrean erabiltzeko.

  • Estatuek hautesleei eskatu beharko liekete euren identifikazio-piezetan argazkia jartzeko. Argazkirik egon ezean, estatuek eurek doan eman beharko lituzkete.

  • Presidentetzarako hauteskunde primarioa (edo barrukoa) berrantolatu egin beharko litzateke. Beraz, eskualdeko lau primario egin beharko lirateke.

  • Nazioko eta nazioarteko hauteskunde-ikuskatzaile onetsi guztiek mugarik gabeko baimena izan beharko lukete hauteskunde-prozesuko fase guztietan sartzeko.

  • Albiste-agentziek harik eta estatu guztietako bozketa-mahaiak (Alaskakoak eta Hawaiikoak izan ezik) itxi arte itxaron beharko lukete presidentetzarako hauteskundeetako emaitzen berri emateko.

American University Center for Democracy and Election Managementek, James A. Baker III Institut for Public Policy at Rice Universityk, Carter Zentroak eta Electionline gobernuz kanpoko erakundeak egin zuten txostena.

Era berean, segurtasun zibernetikoarekin lotutako ikerlanak sustatzen dituen Zientzietako Fundazio Nazionaleko Cyber Trust 2005 programak 7,5 milioi dolarreko dirulaguntza eman dio Hopkins Unibertsitateari, Zientzietako Fundazio Nazionalarekin batera bozketa-makina elektronikoen errendimenduaren hobekuntzarako azterketa egiteko. Azterlanak ahalik eta bozketa-sistema errazena, fidagarriena eta gardenena diseinatzea dauka helburu.

Electionline.org gobernuz kanpoko erakundeak 2006. urtearen hasieran argitaratutako txostenaren arabera, estatuen erdiek ez zuten bozketa-sistema elektronikoak eguneratzeko epea bete, Hava Lege Federalean horrelaxe xedatuta egon arren. Doug Chapinek, erakundeko zuzendariak, ez du uste estatuek epeok beteko dituztenik 2006ko azaroko legegintza-hauteskundeak baino lehen.

Beste alde batetik, botoa eman aurretik hautesleei dokumenturen batekin identifikatzeko eskatzen zien estatuen kopuruak gora egin zuen: 2000. urtean 11 izan baziren ere, 2006an 22 izan ziren.

Gainera, txosten horren arabera, oraindik ere, estatuen herenak ez dauka minusbaliatuentzat egokitutako makinarik bozketa-zentro guztietan, Hava legeak eskatzen duen moduan.

2006ko azaroaren 7ko hauteskunde legegileetan, zailtasun teknikoak egon ziren zenbait estatutan. Botoa ematera deitutako 200 milioi estatubatuarretatik, bi heren inguruk sistema elektroniko berria erabili zuten. Hautesleek pantaila ukigarriak erabili zituzten 33 estatutan, baina, horietako 15 estatutan, makinek ez zuten boto-egiaztagiririk ematen. Estatu batzuetan (Missouri eta Ohion), makinek egiaztagiri hori inprimatu behar dute, baina beste batzuetan ez (Pensilvania, Tennessee eta Virginian). Izan ere, Estatu Batuetako Konstituzioak dio estatuetako gobernuek jurisdikzio propioa dutela bozketa bakoitzari buruzko metodo eta xehetasunen inguruan.

Hauteskunde horietan, akats tekniko nabarmenak aurkitu ziren bozketa elektronikoko makinetan. Besteak beste, Indiana, Ohio, Pensilvania, Colorado eta Utah estatuetan. Hori dela eta, zenbait estatutan, epaileek erabaki zuten zentroak beranduago itxi behar zirela, eta, beste estatu batzuetan, bozketa elektronikoaren ordez ohiko bozketa egin zen.

Beste alde batetik, behatzaile federalek hauteskunde prozesua zaindu zuten 22 estatutan, dena modu egokian egiten ari zela bermatzeko.

2007an Kaliforniako Unibertsitateko aditu-talde batek arazoak antzeman zituen DESek (Data Encryption Standard, edo euskaraz, Datu Kodeketa Estandarra) egindako bozkatzeko sistema elektronikoetan. Stanfordeko Unibertsitateko David Dill irakaslearen arabera, azterketak jakinarazi die hautesle baten botoa atzitu daitekeela, baita konderri oso batean emandako boz guztiak ere. Azterketaren ondorioz, Kaliforniako estatuko idazkaritzak DES eta Sequoia Botazio-sistema enpresako makinak erabiltzea debekatu zuen 39 konderritan.

New Jersey, Louisiana edo Pensilvaniako estatuek Sequoia Voting System enpresak egindako AVC Advantage bozkatzeko sistema elektronikoa erabiltzen zuten, baina 2008ko urrian, sistema hori zazpi minututan manipula zitekeela argitaratu zuten hainbat komunikabidek. Justiziako Goi Gorteak eskatutako ikerketaren emaitza horrek azaltzen du oso erraza dela bozkatzeko sistema elektronikoak manipulatzea; makina barruko txip bat aldatu, eta, orduan, hautagai baten boto-kopurua beste bati pasa dakioke. Teknologia horren ordez, irakurgailu optikoa eta kontaketa-sistema zigilatua erabiltzea proposatu zuten adituek irtenbide gisa.

Talde demokrataren 2008ko hauteskunde primarioetan, otsailaren 5eko asteartean hain zuzen ere, AEBetatik kanpo bizi diren milaka amerikarrek on line bidez aukeratu ahal izan zuten beren hautagaia, "Democrats Abroad" erakundearen ekimenari esker. Erakunde horrek atzerrian bizi diren talde demokrataren boto emaileak ordezkatzen ditu. Bere esanetan, urrutiko boto elektronikoaren sistema guztiz segurua da, eta horri esker, pertsona askok parte hartu ahal dute, bestela ez lukete botorik emango.

2008ko urritik aurrera, atzerrian bizi ziren amerikarrek Internet bidez bozkatu ahal izan zuten Estatu Batuetako presidentea aukeratzeko. Lehen aldiz, Floridako estatuan erregistratuta dauden baina kanpoan, hots, Alemanian, Erresuma Batuan eta Japonian bizi diren hautesleek Internet bidez bozkatu ahal izan dute Scytl enpresak garatutako teknologia erabilita.

2008ko azaroko presidentetzarako hauteskundeetan, astronauta estatubatuarrek espaziotik bozkatu zuten bozkatzeko sistema elektroniko berri baten bidez eta Texaseko Parlamentuak 1997an onartutako lege batek baimenduta.

Paraguai

2001eko azaroaren 18ko udal-hauteskundeetan, boto elektronikorako lehen plan eredugarria egin zuen Paraguain. Hauteskunde Justiziako Auzitegi Nagusiak 75/2001 Ebazpenaren bidez hartu zuen erabaki hori. Plan hori, ordea, Paraguaiko Hauteskunde Justizia Auzitegi Nagusiak (TSJEk), Amerikako Estatuen Erakundeak (OEAk) eta Brasilgo Hauteskunde Auzitegi Gorenak (TSEk) sinatutako lankidetza-hitzarmenaren esparruan zehaztu zen. Brasilgo Hauteskunde Auzitegi Gorenak, gainera, laguntza teknikoa eskaini zuen, eta 178 hautestontzi elektroniko mailegatu zituen. Guztira, 119 hautestontzi elektroniko jarri zituzten barrutietako lokaletan, 34.098 hautesleren botoa jasotzeko.

2003ko apirilaren 27an presidentetzarako, parlamenturako eta senaturako egindako hauteskundeetan, hautesleen %53k lehen aldiz modu ofizialean bozkatu zuten hautestontzi elektronikoetan. Brasilgo justiziaren eta Amerikako Estatuen Erakundearen (OEAren) laguntzaz garatu zen sistema.

2004. urtean, Amerikako Estatuen Erakundeak (OEAk) eta Brasilek lankidetza teknikorako hitzarmena sinatu zuten, Paraguain bertan boto elektronikoa ezartzeko asmoz.

2006ko azaroaren 19an, hautesleen %65ek boto elektronikoa erabili zuen udal agintariak berritzeko; gainontzekoek, %35ek, boto tradizionala erabili zuten. 3017 Legeko 7. artikulua betez, 60 hautestontzi ikuskatu ziren. Ikuskatutako hautestontziak zozketa bidez aukeratu ziren. Probek erakutsitakoaren arabera, ez zen alderik izan ohiko zenbaketaren eta zenbaketa elektronikoaren artean. Nazioarteko begiraleen ondorioak aho batekoak izan ziren, eta Paraguaiko hauteskunde-erakundeari zorionak eman zizkioten udal hauteskundeen antolaketan egindako kudeaketagatik.

El 19 de noviembre de 2006, el 65% de los electores renovó sus autoridades municipales a través del voto electrónico, el resto 35% lo hizo mediante el voto tradicional. En cumplimiento del artículo 7º de la Ley 3017 se auditaron 60 urnas, elegidas mediante sorteo, las pruebas demostraron que no hubo diferencia entre el escrutinio tradicional y el electrónico. Las conclusiones de los observadores internacionales fueron unánimes en el sentido de felicitar la gestión del organismo electoral paraguayo en la organización de las elecciones municipales.

2008ko apirilaren 20an egindako presidentziarako hauteskundeetan, ez zen boto elektronikoa erabili. Izan ere, adostasun falta egon zen talde politikoen artean sistema hori erabiltzeko.

Legeria.- Lege-aldaketa honek eta ebazpen hauek boto elektronikoa arautu zuten:

  • 1825/2001 Legea: 2001. urterako boto elektronikoari buruzkoa (boto elektronikoa ezartzen du zenbait udalerritan eta bozketa-lokaletan eta botoak jasotzeko zenbat mahai egon behar diren zehazten du 2001eko udal-hauteskundeei begira. Era berean, Hauteskunde Kodeari buruzko 834. Legearen artikulu hauen ondorioak uzten ditu indarrik gabe: 103, 104, 170, 171, 174, 198 (b), d) eta e) tartekiak), 200, 203, 211 (azken lerroa izan ezik), 222, 223, 224, 226 eta 227).

  • Ebazpenak:

  • 77/2002: hautestontzi elektronikoak erabiltzekoa (hautestontzi elektronikoen erabilera ezartzen du 2003ko hauteskunde orokorrei begira).

  • 93/2002: 2003ko hauteskunde orokorretarako barrutiak zehaztekoa (2003ko apirilaren 27ko hauteskunde orokorretan hautestontzi elektronikoen bidez zer barrutitan bozkatuko duten zehazten du).

  • 28/2003: hautestontzi elektronikoen erabilera arautzekoa (hautestontzi elektronikoen erabilera arautzen du 2003ko hauteskunde orokorrei begira).

Venezuela

Venezuelan, 1998. urteaz geroztik, boto elektronikoaren bidezko hauteskundeak antolatzen dituzte Indra enpresarekin. Denok dakigunez, Venezuelako hauteskundeetan boto elektronikoaren inguruan egin zituzten lehen ezarpenak ez diren lar onak izan, eta, arazo asko sortu zirenez, zenbait hilabetez atzeratu behar izan zituzten hauteskundeak.

1998. urtetik 2003. urtera, botoaren irakurketa optikoaren bidez bozkatu zuten, eta, horri esker, askoz azkarrago zenbatzen zituzten botoak. Nolanahi ere, sistema hori behar bezain arina, erraza eta eraginkorra ez zenez, 2004. urtean Hauteskunde Batzorde Nazionalak (CNEk) botoa ukitzeko pantailen (touch screenen) bitartez zuzenean erregistratzeko sistemak jarri zituen abian. Sistema berria, hain zuzen ere, presidentearen oposizioak 2004an deitutako presidentetza-erreferendumean eta urte bereko eskualde-hauteskundeetan erabili zuten.

Era berean,2005eko abuztuan ere erabili zuten, 2.389 zinegotzi, parrokia-batzarretako 3.207 kide, Amazonasko gobernadorea, 2 alkate eta 45 zinegotzi indigena aukeratzeko. 9.270 bozketa-zentro jarri zituzten, eta, euren artean, %60 egon ziren automatizatuta. Zentro horietan, 9.000 bozketa-makina jarri zituzten, eta CNEk 1.300 totalizazio-sistema zein ukitzeko 16.000 pantaila eduki zituen. Emaitzak egun hartako gauean egon ziren prest. Amerikako Estatuen Erakundeak (OEAk) eta Carter Zentroak egindako "Presidentetza ezeztatzeko erreferendumeko emaitzen ikuskaritza" txostenaren arabera, bozkatzeko erabilitako sistema elektronikoa ondo dabilela egiaztatu da. 2005eko abenduaren 4ko legegintza-hauteskundeetan ere, sistema bera erabili zuten.

2006. urterako, CNEk erabat automatizatutako sistema eduki nahi du, eta, horri esker, hautesleek modu automatikoan aktibatu ahal izango dute bozketa-makina (gizakiei hauteskunde-materiala manipulatzen uzten ez dien hauteskunde-koaderno automatizatuaren bidez). CNEren esanetan, teknologia hori erabiliz gero, erantzuteko denbora eta prozesuen gaineko inpugnazioak murriztuko lirateke eta hautesleek konfiantza handiagoa edukiko lukete sisteman. 2006ko abenduaren 3ko Presidentziarako hauteskundeetan Smartmatic enpresaren bozketa elektronikorako 33.000 makina erabili ziren, eta ez zen gorabehera garrantzitsurik izan. Hauteskundeotan, hautesleen %74,9k hartu zuten parte, eta, guztira, 11.110.640 herritarrek bozkatu zuten.

Venezuelako Konstituzioa aldatzeko erreferenduma boto elektroniko presentzialaren sistemaren bidez egin zen 2007ko abenduaren 2an, eta ez zen gorabeherarik izan. Oposizio politikoak onetsi egin zuen lehenengo aldiz sistema hori, eta 15 ikuskaritza egin zioten informatika sistema osoari, errorerik aurkitu gabe. Boto elektronikoaren sistema hatz-aztarnen makina baten bidez osatuko da. Makina horrek hauteslea egiaztatuko du hautestontzietara lotuta egon gabe. Horrela, isileko botoa ziurtatuko da.

2008ko azaroaren 23ko eskualde-hauteskundeetan, lehen aldiz, bozketa-lekuen %100 (11.392 leku) automatizatua egon zen satelite bidezko antena-sare baten bidez. Hauteslea sistemara ohitzeko, Hauteskunde Kontseilu Nazionalak (CNE) hauteskunde-simulazio bat egin zuen urriaren 26an, eta horrela, hautesleak bozkatzeko hiru minutu behar zituela jo zuen. Bozkatzeko makinak, softwarea eta aplikazioaren iturri-kodea ikuskapen-prozesu batean ebaluatu zituzten. CNEren iturrien arabera, bozkatzeko makinan erregistratutako botoen eta hautestontzietako botoen frogagirien arteko zehaztasuna egiaztatzea izan zen ikuskapenen helburua, eta horrela, prozesuan legezkotasun-, egiazkotasun- eta fidagarritasun-ereduak ezarri. Horrela, Smartmatic enpresak azaroaren 25ean egindako balantze baten arabera, sistemak zehaztasun eta fidagarritasun osoz funtzionatu zuen eta emaitzak minutu batean iritsi ziren, gutxi gorabehera, bozketa-leku automatizatuetatik Udal Batzordera. Horrez gain, enpresak esan zuen erabilitako 35.000 makinetatik oso gutxik huts egin zutela. Nazioarteko begiraleek ere uste osoa agertu zuten erabilitako sistemarengan.

2009ko otsailaren 15ean Konstituzioa zuzentzeko egindako erreferendumean hauteskunde-prozesua erabat automatizatua izan zen. Bozkatzeko sistema elektronikoa 11.422 bozketa-lekutan jarri zuten, eta 34.541 hauteskunde-mahai izan ziren.

2010eko irailaren 26an egindako legegintza-hauteskundeetan, bai bozketa bai zenbaketa, erabat automatizatuak izan ziren. 17,5 milioi hautesletatik 11,8 milioi inguru joan ziren botoa ematera, hau da, %67ko parte-hartzea egon zen. Gutxi gorabehera, 36.500 hauteskunde-mahaitan instalatu zen bozketa elektronikoa; gainera, horietatik 12.600 mahaitan hatz-markak erregistratzeko makinak erabili ziren, nortasun-ordezkapenik gerta ez zedin.

Bozketa sistemak lau urrats zituen:

    1. Boto-emailearen autentifikazioa.- Boto-emaileak nortasun agiria erakutsi behar zion mahaiko kideari, sinatu eta bere hatz-marka utzi.

    2. Bozketa.- Hautesleak makina elektronikoaren bidez botoa ematen zuen bitartean, haren hautua makinan gordeta geratzen zen, eta gainera, paperezko egiaztagiri bat inprimatzen zuen, gero hautesleak ohiko hautestontzi edo "Boto Egiaztagiriak Gordetzeko Kutxa" batean sartu zezan.

    3. Zenbaketa eta igorpena.- Hautesleek emandako botoak bozkatzeko makinaren memorian gordetzen ziren ausazko ordenan, eta bozketa prozesua itxi ondoren, zenbaketa-aktak inprimatzen ziren.
      Gero, datuak enkriptatu eta Totalizazio Zentro Nazionalera bidaltzen ziren, estatuko telefono-sare baten bidez. Totalizazio sistemak hauteskunde agintaritzak autentifikatu eta baimendutako makinen datuak besterik ez zituen onartzen.

    4. Itxierako ikuskaritza.- Jendaurreko prozesu hori egin zen hauteskunde-mahaien %54an, mahai guztiak itxi eta bozketa elektronikorako makinen datuak igorri eta inprimatu ondoren. Hauteskunde-mahaiko kideek boto-egiaztagirien kutxan sartutako egiaztagiriak kontatzen zituzten, eta boto fisikoak edo makinak emandako boto-egiaztagiriak makina berak inprimatu eta igorritako guztizko emaitzekin alderatuz.

Nazioarteko behatzaileek Hauteskunde Kontseilu Nazionalari emandako txostenean nabarmendu zutenez, prozesu gardena izan zen eta biztanleriak konfiantza zeukan bozketa sisteman. Bestalde, emaitzak berandu hedatu izanaren errua herrialdeko zenbait estatutan bozketa-makinek izandako arazoei egotzi behar zaie.

Legeria.- Hauteskundeei buruzko Araudi Orokorraren 153. eta 154. artikuluetan Venezuelak Brasilek bezala zehaztu du bozkatzeko prozesua automatikoa izango dela eta, Hauteskunde Batzorde Nazionalaren iritziz, salbuespenetan baino ez dela eskuz egingo.

154. artikulua.- Bozkatzeko, zenbatzeko, totalizatzeko eta esleitzeko prozesua automatizatuta egongo da erabat. Hala ere, Hauteskunde Batzorde Nazionalak ebazpen bereziaren bidez garraioaren, segurtasunaren eta zerbitzu-azpiegituren ondorioz sistema hori ezartzerik ez dagoela berariaz eta aldez aurretik erabakiz gero, bozkatzeko, zenbatzeko, totalizatzeko eta esleitzeko prozesu guztia eskuz egingo da, eta lege honetan zein bere arautegietan xedatutakoa beteko da zehatz-mehatz.

Horrez gain, bi lege ditu, eta, bertan, oinarrizko alderdiak daude jasota, bozketa elektronikoak baliorik duen ala ez zehazteko eta programazioan zein datuak igortzeko eta zenbatzeko prozesuetan egin daitezkeen delituei aurre egiteko:

  • 2001eko otsailaren 28ko 37.148. Aldizkari Ofizialean Datuen Mezuei eta Sinadura Elektronikoei buruz argitaratutako Legea.

  • 2001eko urriaren 30eko 37.313. Aldizkari Ofizialean Delitu Informatikoen aurka argitaratutako Lege Berezia.

2010eko legegintza-hauteskundeetarako, Hauteskunde Prozesuetako Lege Organikoaren 4. Araudia onartu zen, hots, Hauteskunde Prozesuko Instalazio, Eraketa, Bozketa, Zenbaketa eta Ikuskaritzari dagokiona.

Asia

Filipinas

Filipinetan, Muslim Mindanaoko autonomia-hauteskundeetan egin zituzten lehen proba eredugarriak 1996. urtean. 1998ko maiatzaren 11ko hauteskunde orokorretan, lehen aldiz bozkatu zuten boto elektronikoaren bitartez, Muslim Mindanaoko eskualde horretan. Horretarako, irakurketa optikodun sistema erabili zuten, ES&S (Electoral Systems & Software) enpresari erositako makinen bidez. 68 makina erabili zituzten 6 zenbaketa-zentrotan.

Adierazi egin beharra dago laur urte geroago Filipinetako Hauteskunde Batzordeak makinok erretiratu zituela, konponbidea barik arazoa zirelakoan (albistea 2000ko martxoaren 19an agertu zen Philippine Daily Inquirer egunkarian). Nolanahi ere, Hauteskunde Batzordea gogor lan egiten ari da, bozketarako prozesua eraberritzeko asmoz. 2006ko urtarrilean, Indiako hauteskunde-agintariek boto elektronikorako garatu zuten sistema aurkeztu zioten Filipinetako Hauteskunde Batzordeari. Batzorde horretako presidenteak, Benjamín Hablaosek, adierazi zuenez, aurkezpenari esker euren hauteskunde-prozesua eraberritzen ikasiko dute, 8436. Legeak Indian erabilitakoak bezalako teknologiak erabiltzea debekatzen badu ere.

2007ko maiatzean, Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetan, atzerrian bizi diren eta Singapurren erregistratuta dauden 30.000 filipinar inguruk erabiliko dute, lehenengo aldiz, Internet bidezko botoa era loteslean; horretarako, Filipinetako Hauteskunde Batzordeak (COMELEC) kontratu bat sinatu du Scytl enpresa espainiarrarekin.

2007ko uztailean, lehen proba pilotua egin zen Internet bidez botoa emateko. Bi astetan, egoiliarrak ez diren eta Singapur-en erregistratuta dauden 30.000 filipinarrek hartu zuten parte. 2007an Filipinetako Hauteskunde Batzordeak (Comelec) proiektu bat egin zuen Scytl enpresarekin, boto elektronikoaren lehen sistema garatze aldera, Internet bidez botoa eman ahal izateko.

2008ko abuztuan proba pilotu bat egin zuten Filipinetan, 2010eko hauteskundeetan erabiliko duten teknologia erabakitzeko. Gobernuak 13,6 milioi dolar gastatu zituen sisteman. Bi bozketa-sistema erabili zituen: zuzeneko grabaketa elektronikoa (DRE) eta irakurgailu optikoa (OMR). Maguindanao probintzian ukipen-pantaila duten bozkatzeko makinen teknologiaz baliatu ziren lehen sistema erabiltzeko, eta 3.300 makina erabili zituzten. Bigarren sistema Basilan, Sulu, Tawi-Tawi, Shariff Kabunsuan eta Hegoaldeko Lanao probintzietan aplikatu zuten, eta bertan 156 makina jarri zituzten.

2010eko maiatzaren 10eko legegintza-hauteskundeak bozketa elektronikoz egin ziren, ordura arte izandako hauteskunde-iruzurra amaitzeko asmoz. Argitaratu diren albisteen arabera, hauteskunde aurreko egunetan, etengabeko atzerapenak izan ziren makina elektronikoen bidalketetan, baita aldez aurretiko salaketak ere. Horrez gain, hauteskundeak egin baino lau egun lehenago, 76.000 makina elektronikoren memoria-txartelak berriz konfiguratu behar izan ziren, akats tekniko baten erruz. Hauteskunde egunean, akats tekniko ugari eta makina gutxi egon ziren; horren ondorioz, itzelezko ilarak sortu ziren eta hautesleek sei ordu itxaron behar izan zuten botoa emateko. Filipinetako Hauteskunde Batzordeak (Comelec) aitortu zuenez, irregulartasunak izan ziren botoen kontaketan; hala ere, antzemandako akatsak ez ziren izan azken emaitza zalantzan jartzeko bezain Larica, larriak. Hautestontzi elektronikoak fabrikatu zituen enpresak -Smartmatic- esan zuen instalatutako 76.000 hautestontzietatik 328 akastunak zirela, eta ordezkoak jarri behar izan zirela. Bestalde, nazioarteko begiraleen ustez, hauteskunde horiek "onargarriak izan ziren hainbatean", antzemandako irregulartasunak gorabehera. Maiatzaren bukaeran, Filipinetako Kongresuak batzorde bat eratu zuen bozketa elektronikoaren sisteman izandako irregulartasun-salaketak ikertzeko. Bestalde, Smartmatic enpresak hilabeteko epea eskatu zion Kongresuari 76.000 makina elektronikoak berrikusi eta irregulartasunik egin ote zen egiaztatzeko.

Legeria.-

  • 1997ko abenduaren 22ko 8436. Legeak boto elektronikoa arautu zuen. Lege horren arabera, botoak irakurketa optikoaren bidez (barra-kodeen edo marken irakurketaren bitartez) modu automatizatuan zenbatzeko sistema erabiltzeko baimena dauka Hauteskunde Batzordeak.

  • 8436. Legea aldatzen duen 2007ko urtarrilaren 23ko . Legea: 9369.

India

Denok dakigunez, Indian garrantzi handia ematen diote garapen teknologikoari. Hori dela eta, Informazioaren Teknologietarako Ministerio berezia daukaten herrialde bakarrenetakoa da. Beraz, ez da harritzekoa bere hauteskunde-sisteman boto elektronikoa ezarri nahi izatea. Nolanahi ere, hauteskunde-sistemaren informatizazioa berantiar samarra da: hautesleen errolda 1998. urtean informatizatzen hasi ziren eta herrialdeko iparraldeko estatu batzuetan baino ez dute ezarri.

Taula elektronikoaren metodoa (Electronic Voting Machine) aukeratu dute. Bertan, hautagaien zerrenda agertzen da lerrotuta, eta bi etengailu daude. Hautesleek etengailuaren bidez aukeratzen dituzte euren gustuko hautagaiak. Bozkatzeko makinak Electronic Corporation of India Limited (ECIL) eta la Bharat Electronics Limited enpresek egin dituzte.

Ez da datu orokorrik lortu, baina, esate baterako, tamainari begira Indiako bigarren estatua den Rajasthanen, 1.079 taula elektroniko erabili zituzten, 1998ko parlamentu-hauteskundeetako (Lok Sabhako) ohiko botorako 39.754 hautestontzien aldean.

2003. urtean, hauteskunde estatal guztietan bozketa-makina elektronikoak (EVM) erabili zituzten. Arazorik sortu ez zutenez, 2004. urtean Lok Sabhako hauteskundeetan mekanismo hori erabiliko zutela erabaki zuten. Parlamenturako hauteskundeotan, 670 milioitik gora hauteslek milioi bat makina elektroniko erabili zituzten hiru astean zehar. 2005. urtean ere, hautesleek boto elektronikorako sistemaren bidez bozkatu ahal izan zuten Kolkatan, Bidhannagarren eta Uttaparan egindako udal-hauteskundeetan.

2006ko maiatzaren 8an, Assam, West Bengal, Kerala eta Tamil Nadun, Braille sistema sartu zen bozketa elektronikoko makinetan.

2009ko legegintza-hauteskundeetan 400 milioi pertsonak, hau da, hautesle guztien %60k, boto elektronikorako 1.100.000 makinatik gora erabili ahal izan zituzten (EVM sistema) 830.000 hauteskunde zentrotan banatuta.

2010eko abuztuan, Indiako ikertzaile talde batek, telebista-saio batean emandako bideoan, Indian erabiltzen ziren hautestontzi elektronikoak erasogarriak zirela frogatu zuen. Hauteskunde Batzordeko arduradunen esanetan, ordea, makinak ezin hobeak ziren eta segurtasuna hobetzeko aholku oro arbuiatu zituzten. Ikerlan hori zela eta, ikertzaileetako bat atxilotu eta ikerketarako erabili zuten hautestontzia lapurtzea egotzi zioten.

Abuztuaren 12an, 2010 Electronic Voting Technology Workshop-en, nazioarteko teknikari talde batek Indiako bozketa-makinen egoeraren inguruko mahai-inguru batean parte hartu eta Indiako Hauteskunde Batzordeari eskutitz bat idatzi zioten esanez herrialde horretan erabiltzen ziren bozketa-makinek ez zutela eskaintzen "hauteskundeen emaitzetan konfiantza izateko segurtasun, egiaztagarritasun eta gardentasun nahikorik". Ondorioz, Hauteskunde Batzordeari dei egin zioten "beste bozketa era batzuk aztertzeko".

Nabarmenduak

Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritza Azken aldaketa 2014/01/16
» Lege informazioa © 2012 - Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Pertsona helburu
Subir
Menú general