|
Txosten honetan, boto elektronikorako sistemak ezarri eta sistemok
aztertzen ari diren munduko herrialdeen egoera azalduko dugu.
Era berean, agerpenezko eta urrutiko boto elektronikorako sistemak
eta arlo horri buruzko hauteskunde-legeria ere izango ditugu hizpide.
|
Ezarrita
|
|
|
|
|
 |
EUROPA
Belgika
EBelgikako gobernua aitzindaria da munduan, boto elektronikorako
sistemen ezarpenean. 1989. urtean hasi zen, ohiko sistema teknologia
aurreratuak erabiltzen zituzten beste prozesu batzuen bitartez
ordezkatzeko azterketa egin zuenean. Izan ere, aukeratutako hautagaiak
ahalik eta lasterren ezagutzea zen helburu nagusia, oso-oso larria
delako emaitzak zenbait eguneko atzerapenaz lortzea, zerrenda
irekien hauteskunde-sistema konplexuan eskuz zenbatzean.
Banda magnetikodun txartela aukeratu zuten. Bertan, datuak grabatzen
dira, aukeren berri eman eta hautatzeko arkatz optikoa eskaintzen
duen pantailaren laguntzaz. Ondoren, hautesleek hautestontzi elektronikoan
sartzen dute txartela eta era automatikoan zenbatzen ditu emaitzak.
Lehen esperientzia eredugarria 1991. urtean egin zuten Verlaineko
kantoian. 1994. urteaz geroztik, Europako, federazioko, eskualdeko
eta udaleko hauteskunde guztietan erabili dute boto elektronikorako
sistema.
2000ko urriaren 8an egindako udal-hauteskundeetan, hautesleen
%44k erabili zuten sistema. Ez zen Belgikako lurralde osoan erabili,
kostua handi-handia zelako.
3 milioitik gora belgikarrek boto elektronikoa erabili zuten
2003ko maiatzaren 18ko hauteskunde nazionaletan. Steria enpresak
utzitako sistemari esker, Belgikako hautesleen %44k (3,2 milioi
hiritarrek) modu elektronikoan aukeratu zituzten 150 diputatu
eta 40 senatari. Sistema horri esker, gainera, lehen emaitzak
hauteslekuak itxi eta 15 minutura iragarri zituzten. Hori dela
eta, botoak fidagarritasunez zenbatzeko beharrezkoa zen denbora
aurreztu zuten. "2006. urtean Belgikako hautesle guztiek
modu elektronikoan bozkatzea dugu helburu, eta xede hori lortzekotan
gaude. Oraindik ere, Belgika aitzindari europarra da boto elektronikoari
dagokionez", adierazi du Luc Van Nestek, Belgikako Barne
Ministerioko Errolda eta Estatistika Bulegoko Kudeaketa zuzendariak.
2004ko ekainaren 13an, Belgikako hautesleen %44k, 3.200.000 inguru
hiritarrek, modu elektronikoan aukeratu zituzten Europako Parlamentuko
ordezkariak zein eskualde-gobernuak.
2005eko uztailaren 20an, Wallonieko eskualdeko barne-ministroak,
Philippe Courardek, arlo teknikoan, antolamenduan eta finantza-arloan
gobernu federalarekin eta eskualdeetako gobernuarekin batera lan
egiteko hitzarmena sinatu zuen. Izan ere, 2006ko eta 2007ko hauteskundeetatik
aurrera Belgikan boto elektronikoaren ezarpena homogeneizatzea
da ekimenaren helburua. Ekimen honen bitartez, Belgikako boto
elektronikoaren aplikazioa homogeneizatu nahi da 2006 eta 2007.
urteetan.
2006ko urriaren 8an egindako udal hauteskundeetan, banda magnetikoko
txartela zuen boto elektronikoa herrialdeko hautesleen %46,4rentzat
zegoen eskuragarri, eta Bruselako hautesleen %100entzat, datu
ofizialen arabera.2007ko ekainaren 10ean egindako legegintzarako
hauteskundeetan ere, hautesleen %44k sistema elektronikoaren bidez
eman zuten botoa.
2008an, ikerketa bat argitaratu da boto elektronikoaren bidezko
sistemei buruz. Belgikako zazpi unibertsitateren artean egin zuten:
"BeVoting:
boto elektronikoaren bidezko sistemen ikerketa". Ikerketa
hori bi zatitan banatuta dago. Lehenengoan, hainbat herrialdetako
boto elektronikoaren ikuspegi orokorra eskaini da, Belgika, Estonia,
Suitza, Irlanda, Herbehereak, Frantzia eta Alemanian, besteak
beste, eta haien arteko azterketa erkatzailea egin da. Bigarrenean,
Belgikako sisteman oinarritzen da.
Legeria.- Belgikako boto elektronikoa 1994ko apirilaren
11ko Legearen bidez arautu zuten.
Estonia
2001ean, Justizia Ministerioak proposamen bat egin zuen 2003ko
Parlamenturako hauteskundeetan bozketa elektronikorako aukera
sartzeko. Planaren proposamenaren arabera, herritarrei aukera
eman zitzaien e-hautesle legez erregistratzeko; horrela, boto-txartelak
elektronikoki sinatu behar zituzten sinadura digitalarekin, horrek
emango baitzien eskubidea etxetik Internet bidez bozkatzeko.
Zehazki, 2005eko urriko tokiko hauteskundeetan, 10.000 hautesle
inguruk bozkatu ahal izan zuten Internet bidez, banku, estatuko
bulego eta udal bulegoetan eta telekomunikazio konpainien bitartez.
Estoniako Parlamenturako legebiltzarrerako hauteskundeetan ("Riigikogu")
-2007ko martxoaren 4a-, 940.000 herritarrek bozkatu zuten Internet
bidez, boto-txartelak bide elektronikotik bidaliz hauteskunde
eguna baino lehen. Gainontzeko hautesleek ohiko eran erabili zuen
bozkatzeko eskubidea, hau da, hautestontzi eta boto-txartelekin.
Internet bidez bozkatu ahal izateko, hautesleek nortasun agiri
elektronikoa erabili zuten. Agiriak sinadura elektronikoa zeukan,
eta bozketa elektronikoa ahalbidetzen duen irakurgailu batean
sartzen zen.
Holanda
Hauteskunde-legeak boto elektronikoa erabiltzeko
aukera ematen du 1965etik, ukitzekoa ez den pantaila duen taula
elektronikoaren sistemaren bitartez.
Une honetan, Holanda polemika handi baten
erdian dago, herrialde horretan erabilitako boto elektronikoaren
sistema dela eta. Izan ere, 2006ko urrian, telebistako saio batean
eta txostenetan oinarrituta, ikertzaile talde batek erakutsi zuen
Holandan erabilitako boto elektronikoaren sistemak (Alemania,
Frantzia eta Irlandan ere probatu zen sistema hori) segurtasun
akatsak zituela. Hain zuzen ere, esan zutenez, kontrol programa
eraldatu egin zitekeen, bozketa-taulan kokatutako memoriak aldatuz.
Hori horrela, hautesleek eta agintariek ez lituzkete manipulazio
horiek detektatuko. Gainera, makina guztiak giltza berarekin ireki
daitezke, eta giltza hori erraztasun osoz eskuratu daiteke Internet
bidez. Beste alde batetik, herritar bakoitzaren botoa identifikatu
egin daiteke, sistemaren irrati-frekuntziako soinuen bitartez.
Txosten horretan (http://www.wijvertrouwenstemcomputersniet.nl/images/9/91/Es3b-en.pdf)
aipatzen denez, ez dago ekipoen biltegiratzearen segurtasunari
buruzko araudirik, lehendik existitzen den arren makina elektronikoen
baldintzak zehazten dituen boto elektronikoaren legea.
Aipatutako txostenaren ondorioz, eta botoaren
isilpekotasuna babesteko bermeak falta zirela eta, azaroaren 22ko
legebiltzarrerako hauteskundeetan, 25 udaletan debekatu egin zen
bozketa elektronikorako makina horien erabilera, eta txartel eta
arkatz bidezko ohiko sistemara itzuli zen. Dena dela, Holandako
gainerako lurraldeetako 9.000 edo 10.000 hauteskunde-lokaletan
aipatutako konputagailu elektronikoak erabili ziren.
2007ko martxoaren 12an, Europako Segurtasun
eta Lankidetzako Antolakundeak (ESLA) 2006ko azaroaren 22ko legebiltzarrerako
hauteskundeei buruzko txostena argitaratu zuen. Bertan, Herbeherek
hauteskunde horietan erabilitako boto elektronikoaren sistema
bertan behera uzteko iradokizuna egin zen.
Hona hemen herrialde horretan egindako
beste esperientzia batzuk:
- 2004ko hauteskundeak: Europako hauteskundeetan, hauteskundearen
egunean atzerrian zeuden herritarrek Internet bidez edo telefonoz
eman ahal izan zuten botoa.
- 2002ko hauteskundeak: Maiatzean egindako hauteskunde orokorretan,
Holandako udalerrien %95ek boto elektronikorako makinak zituzten.
- 1995eko azaroa: Hauteskunde sindikalak Philips Nijmegenen.
Holandan egindako testak positiboak izan dira. Hauteskunde Kontseiluaren
barruan boto elektronikoaren sistema aztertzeko eratutako Batzordeak
sistema horren aldeko txostena egin du.
- 1995eko martxoa: Udal hauteskundeak Eden eta Helmanden.
Une honetan, Holanda interesatuta dago
telefono eta Internet bidezko botoan.
Legeria.- Bozketa elektronikoa arautzen duen legediak
zenbait aldaketa izan ditu. Besteak beste:
- 2001eko irailaren 10a: Aldaketa Bozketari buruzko Dekretuan:
Bozketarako gailuek aldi bereko bozketa bi baino gehiagotan
erabiltzeko lizentzia jaso zezaketen.
- 1997ko uztailaren 11: "Regeling voorwaarden en goedkeuring
stemmachines" (bozketarako gailuen baldintza eta onarpenerako
araudia) delakoa ezarri zen, 1989ko bozketarako gailuen onarpenerako
Araudiaren ordez.
- 1997ko apirilaren 9a: Aldaketa bi Bozketari buruzko Dekretuan:
|
1.-
|
Bozketarako gailuetan baimendutako
fasekako botoa: lehenengo, alderdi bat aukeratzen da, eta,
gero, hautagai bat. |
|
2.-
|
Bozketarako gailuak aldi bereko bi hauteskundetarako
erabili ahal izango lirateke. |
- 1989: Bozketarako gailuen onarpenerako araudia.
Irlanda
2002ko maiatzaren 4ko hauteskunde
orokorretan, Irlandako gobernuak proba eredugarria egin zuen Iparraldeko
Dublineko, Mendebaldeko Dublineko eta Metako hiritarren artean.
Sistema honetan, hautesleak hautagaien botoia aukeratzen du nahi
duen hurrenkeran; horretarako, pantaila bat daukan taula elektroniko
bat erabiltzen du.
2002ko urriaren 19an, 42
zirkunskripzioetatik zazpitan Nizako Itunari buruz egindako erreferendumean
boto elektronikoa erabili zutenez, azkar-azkar lortu zituzten
lehen emaitzak eta amaierako emaitzaren zenbatespena.
2004. urtean, Irlandan bertan
boto elektronikoaren erabilera eten zutenez, ez zuten erabili
ez Europako hauteskundeetan ez tokian tokikoetan. Urte horretan,
Irlandako gobernuak Boto Elektronikoaren Batzorde Independentea
sortu zuen, hau da, "Independent Commission on Electronic Voting"
(ICTE))", boto elektronikorako sistemaren segurtasuna eta fidagarritasuna
ebaluatu ahal izateko. Batzordeak erabakitakoaren arabera, sistemak
ez zituen hauteskunde ofizialetan erabiltzeko beharrezko baldintzak
betetzen. 2005. urtean, Ingurumen Sailak iragarri egin zuen 97.000
euro inguru inbertituko zituela, sistemaren inguruko proba berriak
egiteko. Bien bitartean, Boto Elektronikoaren Batzordeak 280.000
euro eman zituen, aparteko probak egiteko asmoz. Independent Commission
on Electronic Voting delakoaren web orrian (www.cev.ie)
iragartzen denez, 2006ko irailaren 4an indargabetu egin zen.
Legeria.- 2000ko otsailean,
gobernuak boto elektronikoaren erabilera onartu zuen eta legeriaren
zirriborroa prestatu zuen.
AMERIKA
Brasil
1996. urtean, boto elektronikorako
sistemak ezartzen hasi zen Brasil. Urte horretan, hain zuzen ere,
botoen %32 eman zituzten hautestontzi elektronikoen bidez. 1998ko
presidentetza-hauteskundeetan, ehunekoa %58ra igo zen, eta, 2002ko
hauteskundeetan, hautesleen %100ek erabili zuten boto elektronikoa.
2002ko urriaren 6ko hauteskundeetan, sistema konputerizatua erabili
zuten. Bertan, zenbaki eta argazki baten bidez adierazten zuten
nor zen hautagai bakoitza, eta, bozketa itxitakoan, euren datuak
inolako interferentziarik gabe igortzen zituzten sare pribatuaren
bitartez eskualdeko hauteskunde-auzitegietara. Sistemak 414.000
"hautestontzi elektroniko" zituenez, 24 ordutan, besterik
ez, lurralde nazional osoko emaitzak ezagutu ahal izan zituzten.
Bertan, Unisys eta Procomp
enpresek ekoitzitako zenbakizko teklatudun hautestontzi elektronikoa
erabiltzen dute.
Nolanahi ere, 2001. urtean,
hautestontzi elektronikoaren segurtasunaren inguruko mesfidantzak
areagotu ziren, senatuko panel elektronikoa urratzean gertatutako
eskandaluaren ostean.
Brasilgo boto elektronikorako
sistema Amerikako kontinenteko beste herrialde batzuetara esportatu
dute (Paraguaira, Argentinara
), eta Brasilgo hauteskunde-agintariek
Austriako, Japoniako, Turkiako eta antzeko herrialdeetako kontsultak
jasotzen dituzte.
Brasilek bere hautestontziak
ekoizten ditu Hauteskunde Auzitegi Nagusiaren (TSEren) aginduz,
eta estatuarenak dira.
Esperientzia horretan oinarrituta,
Argentinak boto elektronikoaren prozesua sustatu zuen. Horrez
gain, Paraguai, Kolonbia, Mexiko, Txile, Bolivia, Peru eta beste
herrialde batzuk antzeko esperientziak garatzen ari dira, brasildarren
aholkularitzaz.
2006ko urriaren 1ean eta
29an bi bueltatan egindako presidentetzarako hauteskundeetan,
hautesle guztiek, 126 milioi inguruk, hautestontzi elektronikoaren
bitartez eman zuten botoa. Komunikabideen arabera, bozketarako
makinek gertakari aipagarririk gabe funtzionatu zuten hauteskunde
egunean.
Legeria.- 1995eko
urrian, boto elektronikoaren gidalerroak zehazteko hauteskunde-legea
onartu zuten. Herrialde honetako boto elektronikoa oso-oso aurreratuta
dagoenez, hauteskundeetarako arauak xedatzen dituen 1997ko irailaren
30eko 9.504. Legearen 59. artikuluan boto elektronikoa ohiko prozedura
izango dela eta paperezko botoa ezohikoa izango dela adierazten
da (lege bereko 82tik 89rainoko artikuluen arabera).
AEB
Estatu Batuetako kasua oso
interesgarria da, botoak erregistratzeko eta zenbatzeko dituzten
metodoak tradizio handikoak eta oso ugariak direlako.
Bozkatzeko makinaren ("Myers
Automatic Booth" bozketa-kabina automatikoaren) lehen erabilera
ofiziala New Yorken garatu zen 1892. urtean. 1930ean, gutxi gorabehera,
makina horiek Estatu Batuetako hiri nagusietan jarrita zeuden,
eta, 1960an, biztanleen erdiek baino gehiagok makina horien bitartez
bozkatzen zuten.
Herrialde honetan, modu automatikoan
zenbatzeko metodo ugari daude. 2000ko presidentetza-hauteskundeetan,
hautesleen %1,6k baino ez zituzten paperezko ohiko hauteskunde-txartelak
erabili, %9,1ek erregistro elektroniko zuzena erabili zuten, %18,6k
palankadun bozketa-makinak erabili zituzten, %27,3k irakurgailu
optikoak erabili zituzten eta %34,3k zulatutako txartelak erabili
zituzten. Hauteskunde Batzorde Federalak (FECek) bozketa-sistemok
bete behar dituzten estandarrei eusten dizkie.
Kalifornian, Alaskan eta
Arizonan, sakon-sakon aztertzen ari dira Internet bidezko botoa.
Horiek horrela, esate baterako, Kaliforniako lau estatutan Internet
bidezko botorako probak egin zituzten 2000ko arazoko hauteskundeen
aurretiko asteetan. Era berean, Internet bidezko botorako esperientziak
ere egin zituzten Alaskan (VoteHere enpresak antolatu zituen 2000ko
urtarrilean) eta Arizonan (Election.com enpresak antolatu zituen
2000ko martxoan). Presidentetzarako azken hauteskundeetan, herrialdetik
kanpo dauden 200 militarrek lehen aldiz eman zituzten Internet
bidez balioa zeukaten botoak. Dena dela, ohiko postaz ere bidali
zituzten.
Floridan, 2000ko presidentetza-hauteskundeetan
sortutako arazoen ondorioz garrantzi berezia duela kontuan hartuta,
63 konderrik boto elektronikorako onartutako metodoren bat erabili
zuten.
2002ko irailean, Floridako
hegoaldeak presidentetzarako hauteskundeak hilabeteetan zehar
kolokan eduki zituenetik bi urte igaro zirenean, demokraten hauteskunde
primarioetan, milaka hauteslek sekulako nahaste-borrastea bizi
izan zuten berriro, euren eskubide konstituzionala zaildu edo
eragotzi zuten oztopoak sortu zirenean. Hauteskunde-makina berria
oso korapilotsua izan zen adinekoentzat, eta hauteskunde-langileen
laguntza jaso behar izan zuten ezinbestean. Hauteskunde horretako
anabasari erantzuteko asmoz, Legegintzako Kongresuak Hava Legea
(Help America Vote Act) onartu zuen, herrialde osoko hauteskundeak
hobeto antolatu ahal izateko. Oraindik, lege horrek ez ditu arazo
haiek konpondu, eta, adituen esanetan, mesfidantza handia sortu
dute Estatu Batuetako hautesleen artean.
2004ko presidentetza-hauteskundeetan,
Hava Legeko eguneraketa-eskakizunak ondoen bete zituen estatua
izan zen Nevada. Beraz, ez zen egon ez iruzur-salaketarik ez irregulartasun
handirik. Bertako makinek, hain zuzen ere, boto-egiaztagiri ukigarria
zeukaten. Horrez gain, konderri guztiek bozketa-sistema bera erabili
zuten (ukitzeko pantaila edo touch screena). 2005. urtean, Kaliforniako
estatuak eta gobernu federalak sistema hori onartu zuten, 2006ko
urtarrilaren 1etik aurrera erabiltzeko.
2005eko otsailaren 9an, "Voting
Integrity and Verification Act" (VIVA) hauteskunde-lege berria
aurkeztu zuten Estatu Batuetako Kongresuan, botoaren egiaztagiria
ezinbestean inprimatu dadin. Horiek horrela, makina elektronikoen
bidez bozkatzen duten hautesleek euren botoa egiaztatu eta zuzendu
egin ahal izango dute, beharrezkoa izanez gero. Horrez gain, hauteskunde-agintarien
esku geratuko litzateke, eta, botoak eskuz zenbatu behar izanez
gero, erabili egingo litzateke. Neurri berri horiek touch screen
sistemetan, palankadun makinetan eta eskaneaketa optikoko sistemetan
ezarriko liratekeenez, arauaren irismenetik kanpo geratuko lirateke
zulatutako txartelen sistemak, eskuzko sistemak edo aldez aurretiko
bozketa edo posta bidezko bozketa. Legeak estatu batzuetan Hava
Legeari buruz egin zuten interpretazio okerra zuzentzea dauka
helburu. Bestetik, Amerikako Informazioaren Teknologiaren Elkarteak
(ITAAk) eta bozketa-sistemen hornitzaile askok iradoki dutenez,
oso garestia izango litzateke makinei inprimagailuak eranstea,
huts egin lezakete eta atzerapenak sortu litezke hauteskunde-prozesuan.
Era berean, 2005. urtean,
Jimmy Carter presidente demokrata ohiak eta James Baker estatu-idazkari
errepublikano ohiak bi alderdiko batzordea eratu zuten. Batzordeak
txostena argitaratu du, eta, bertan, 87 gomendio eskaintzen dira,
boto elektronikorako gaur egungo sistemak hobetzeko.
Batzordeak bozketa-makina
elektronikoak erabiltzeko aldaketak iradoki ditu, eta, horrez
gain, hauteskunde-prozesuan egin beharreko honako aldaketa hauek
ere proposatu ditu:
- Kongresuak legea berronetsi beharko luke, makina elektronikoetan
emandako botoen egiaztagiri inprimatua ("voter-verified
paper audit trail") derrigorrean erabiltzeko.
- Estatuek hautesleei eskatu beharko liekete euren identifikazio-piezetan
argazkia jartzeko. Argazkirik egon ezean, estatuek eurek doan
eman beharko lituzkete.
- Presidentetzarako hauteskunde primarioa (edo barrukoa) berrantolatu
egin beharko litzateke. Beraz, eskualdeko lau primario egin
beharko lirateke.
- Nazioko eta nazioarteko hauteskunde-ikuskatzaile onetsi guztiek
mugarik gabeko baimena izan beharko lukete hauteskunde-prozesuko
fase guztietan sartzeko.
- Albiste-agentziek harik eta estatu guztietako bozketa-mahaiak
(Alaskakoak eta Hawaiikoak izan ezik) itxi arte itxaron beharko
lukete presidentetzarako hauteskundeetako emaitzen berri emateko.
American University Center for Democracy and Election Managementek,
James A. Baker III Institut for Public Policy at Rice Universityk,
Carter Zentroak eta Electionline gobernuz kanpoko erakundeak egin
zuten txostena.
Era berean, segurtasun zibernetikoarekin lotutako ikerlanak sustatzen
dituen Zientzietako Fundazio Nazionaleko Cyber Trust 2005 programak
7,5 milioi dolarreko dirulaguntza eman dio Hopkins Unibertsitateari,
Zientzietako Fundazio Nazionalarekin batera bozketa-makina elektronikoen
errendimenduaren hobekuntzarako azterketa egiteko. Azterlanak
ahalik eta bozketa-sistema errazena, fidagarriena eta gardenena
diseinatzea dauka helburu.
Electionline.org gobernuz kanpoko erakundeak 2006. urtearen hasieran
argitaratutako txostenaren arabera, estatuen erdiek ez zuten bozketa-sistema
elektronikoak eguneratzeko epea bete, Hava Lege Federalean horrelaxe
xedatuta egon arren. Doug Chapinek, erakundeko zuzendariak, ez
du uste estatuek epeok beteko dituztenik 2006ko azaroko legegintza-hauteskundeak
baino lehen.
Beste alde batetik, botoa eman aurretik hautesleei dokumenturen
batekin identifikatzeko eskatzen zien estatuen kopuruak gora egin
zuen: 2000. urtean 11 izan baziren ere, 2006an 22 izan ziren.
Horrez gain, txosten horren arabera, oraindik estatuen herenek
ez dute elbarriek bozkatzeko egokituta dagoen makina bat bozketa-zentro
bakoitzean, Hava Legean horrelaxe xedatuta egon arren.
Gainera, txosten horren arabera, oraindik ere, estatuen herenak
ez dauka minusbaliatuentzat egokitutako makinarik bozketa-zentro
guztietan, Hava legeak eskatzen duen moduan.
2006ko azaroaren 7ko hauteskunde legegileetan, zailtasun teknikoak
egon ziren zenbait estatutan. Botoa ematera deitutako 200 milioi
estatubatuarretatik, bi heren inguruk sistema elektroniko berria
erabili zuten. Hautesleek pantaila ukigarriak erabili zituzten
33 estatutan, baina, horietako 15 estatutan, makinek ez zuten
boto-egiaztagiririk ematen. Estatu batzuetan (Missouri eta Ohion),
makinek egiaztagiri hori inprimatu behar dute, baina beste batzuetan
ez (Pensilvania, Tennessee eta Virginian). Izan ere, Estatu Batuetako
Konstituzioak dio estatuetako gobernuek jurisdikzio propioa dutela
bozketa bakoitzari buruzko metodo eta xehetasunen inguruan.
Hauteskunde horietan, akats tekniko nabarmenak aurkitu ziren
bozketa elektronikoko makinetan. Besteak beste, Indiana, Ohio,
Pensilvania, Colorado eta Utah estatuetan. Hori dela eta, zenbait
estatutan, epaileek erabaki zuten zentroak beranduago itxi behar
zirela, eta, beste estatu batzuetan, bozketa elektronikoaren ordez
ohiko bozketa egin zen.
Beste alde batetik, behatzaile federalek hauteskunde prozesua
zaindu zuten 22 estatutan, dena modu egokian egiten ari zela bermatzeko.
Talde demokrataren 2008ko hauteskunde primarioetan, otsailaren
5eko asteartean hain zuzen ere, AEBetatik kanpo bizi diren milaka
amerikarrek on line bidez aukeratu ahal izan zuten beren hautagaia,
"Democrats Abroad" erakundearen ekimenari esker. Erakunde
horrek atzerrian bizi diren talde demokrataren boto emaileak ordezkatzen
ditu. Bere esanetan, urrutiko boto elektronikoaren sistema guztiz
segurua da, eta horri esker, pertsona askok parte hartu ahal dute,
bestela ez lukete botorik emango.
Paraguai
2001eko azaroaren 18ko udal-hauteskundeetan,
boto elektronikorako lehen plan eredugarria egin zuen Paraguain.
Hauteskunde Justiziako Auzitegi Nagusiak 75/2001 Ebazpenaren bidez
hartu zuen erabaki hori. Plan hori, ordea, Paraguaiko Hauteskunde
Justizia Auzitegi Nagusiak (TSJEk), Amerikako Estatuen Erakundeak
(OEAk) eta Brasilgo Hauteskunde Auzitegi Gorenak (TSEk) sinatutako
lankidetza-hitzarmenaren esparruan zehaztu zen. Brasilgo Hauteskunde
Auzitegi Gorenak, gainera, laguntza teknikoa eskaini zuen, eta
178 hautestontzi elektroniko mailegatu zituen. Guztira, 119 hautestontzi
elektroniko jarri zituzten barrutietako lokaletan, 34.098 hautesleren
botoa jasotzeko.
2003ko apirilaren 27an presidentetzarako,
parlamenturako eta senaturako egindako hauteskundeetan, hautesleen
%53k lehen aldiz modu ofizialean bozkatu zuten hautestontzi elektronikoetan.
Brasilgo justiziaren eta Amerikako Estatuen Erakundearen (OEAren)
laguntzaz garatu zen sistema.
2004. urtean, Amerikako Estatuen Erakundeak
(OEAk) eta Brasilek lankidetza teknikorako hitzarmena sinatu zuten,
Paraguain bertan boto elektronikoa ezartzeko asmoz.
2006ko azaroaren 19an, hautesleen %65ek
boto elektronikoa erabili zuen udal agintariak berritzeko; gainontzekoek,
%35ek, boto tradizionala erabili zuten. 3017 Legeko 7. artikulua
betez, 60 hautestontzi ikuskatu ziren. Ikuskatutako hautestontziak
zozketa bidez aukeratu ziren. Probek erakutsitakoaren arabera,
ez zen alderik izan ohiko zenbaketaren eta zenbaketa elektronikoaren
artean. Nazioarteko begiraleen ondorioak aho batekoak izan ziren,
eta Paraguaiko hauteskunde-erakundeari zorionak eman zizkioten
udal hauteskundeen antolaketan egindako kudeaketagatik.
2008ko apirilaren 20an egindako presidentziarako hauteskundeetan,
ez zen boto elektronikoa erabili. Izan ere, adostasun falta egon
zen talde politikoen artean sistema hori erabiltzeko.
Legeria.- Lege-aldaketa honek eta
ebazpen hauek boto elektronikoa arautu zuten:
- 1825/2001 Legea: 2001. urterako boto elektronikoari buruzkoa
(boto elektronikoa ezartzen du zenbait udalerritan eta bozketa-lokaletan
eta botoak jasotzeko zenbat mahai egon behar diren zehazten
du 2001eko udal-hauteskundeei begira. Era berean, Hauteskunde
Kodeari buruzko 834. Legearen artikulu hauen ondorioak uzten
ditu indarrik gabe: 103, 104, 170, 171, 174, 198 (b), d) eta
e) tartekiak), 200, 203, 211 (azken lerroa izan ezik), 222,
223, 224, 226 eta 227).
Ebazpenak:
- 77/2002: hautestontzi elektronikoak erabiltzekoa (hautestontzi
elektronikoen erabilera ezartzen du 2003ko hauteskunde orokorrei
begira).
- 93/2002: 2003ko hauteskunde orokorretarako barrutiak zehaztekoa
(2003ko apirilaren 27ko hauteskunde orokorretan hautestontzi
elektronikoen bidez zer barrutitan bozkatuko duten zehazten
du).
- 28/2003: hautestontzi elektronikoen erabilera arautzekoa (hautestontzi
elektronikoen erabilera arautzen du 2003ko hauteskunde orokorrei
begira).
Venezuela
Venezuelan, 1998. urteaz geroztik, boto
elektronikoaren bidezko hauteskundeak antolatzen dituzte Indra
enpresarekin. Denok dakigunez, Venezuelako hauteskundeetan boto
elektronikoaren inguruan egin zituzten lehen ezarpenak ez diren
lar onak izan, eta, arazo asko sortu zirenez, zenbait hilabetez
atzeratu behar izan zituzten hauteskundeak.
1998. urtetik 2003. urtera, botoaren irakurketa
optikoaren bidez bozkatu zuten, eta, horri esker, askoz azkarrago
zenbatzen zituzten botoak. Nolanahi ere, sistema hori behar bezain
arina, erraza eta eraginkorra ez zenez, 2004. urtean Hauteskunde
Batzorde Nazionalak (CNEk) botoa ukitzeko pantailen (touch screenen)
bitartez zuzenean erregistratzeko sistemak jarri zituen abian.
Sistema berria, hain zuzen ere, presidentearen oposizioak 2004an
deitutako presidentetza-erreferendumean eta urte bereko eskualde-hauteskundeetan
erabili zuten.
Era berean,2005eko abuztuan ere erabili
zuten, 2.389 zinegotzi, parrokia-batzarretako 3.207 kide, Amazonasko
gobernadorea, 2 alkate eta 45 zinegotzi indigena aukeratzeko.
9.270 bozketa-zentro jarri zituzten, eta, euren artean, %60 egon
ziren automatizatuta. Zentro horietan, 9.000 bozketa-makina jarri
zituzten, eta CNEk 1.300 totalizazio-sistema zein ukitzeko 16.000
pantaila eduki zituen. Emaitzak egun hartako gauean egon ziren
prest. Amerikako Estatuen Erakundeak (OEAk) eta Carter Zentroak
egindako "Presidentetza ezeztatzeko erreferendumeko emaitzen
ikuskaritza" txostenaren arabera, bozkatzeko erabilitako
sistema elektronikoa ondo dabilela egiaztatu da. 2005eko abenduaren
4ko legegintza-hauteskundeetan ere, sistema bera erabili zuten.
2006. urterako, CNEk erabat automatizatutako
sistema eduki nahi du, eta, horri esker, hautesleek modu automatikoan
aktibatu ahal izango dute bozketa-makina (gizakiei hauteskunde-materiala
manipulatzen uzten ez dien hauteskunde-koaderno automatizatuaren
bidez). CNEren esanetan, teknologia hori erabiliz gero, erantzuteko
denbora eta prozesuen gaineko inpugnazioak murriztuko lirateke
eta hautesleek konfiantza handiagoa edukiko lukete sisteman. 2006ko
abenduaren 3ko Presidentziarako hauteskundeetan Smartmatic enpresaren
bozketa elektronikorako 33.000 makina erabili ziren, eta ez zen
gorabehera garrantzitsurik izan. Hauteskundeotan, hautesleen %74,9k
hartu zuten parte, eta, guztira, 11.110.640 herritarrek bozkatu
zuten.
Venezuelako Konstituzioa aldatzeko erreferenduma boto elektroniko
presentzialaren sistemaren bidez egin zen 2007ko abenduaren 2an,
eta ez zen gorabeherarik izan. Oposizio politikoak onetsi egin
zuen lehenengo aldiz sistema hori, eta 15 ikuskaritza egin zioten
informatika sistema osoari, errorerik aurkitu gabe. Boto elektronikoaren
sistema hatz-aztarnen makina baten bidez osatuko da. Makina horrek
hauteslea egiaztatuko du hautestontzietara lotuta egon gabe. Horrela,
isileko botoa ziurtatuko da.
Legeria.- Bozkatzeko sistema automatikoa
nolakoa den azaldu ez arren, Hauteskundeei buruzko Araudi Orokorraren
153. eta 154. artikuluetan Venezuelak Brasilek bezala zehaztu
du bozkatzeko prozesua automatikoa izango dela eta, Hauteskunde
Batzorde Nazionalaren iritziz, salbuespenetan baino ez dela eskuz
egingo.
154. artikulua.- Bozkatzeko,
zenbatzeko, totalizatzeko eta esleitzeko prozesua automatizatuta
egongo da erabat. Hala ere, Hauteskunde Batzorde Nazionalak ebazpen
bereziaren bidez garraioaren, segurtasunaren eta zerbitzu-azpiegituren
ondorioz sistema hori ezartzerik ez dagoela berariaz eta aldez
aurretik erabakiz gero, bozkatzeko, zenbatzeko, totalizatzeko
eta esleitzeko prozesu guztia eskuz egingo da, eta lege honetan
zein bere arautegietan xedatutakoa beteko da zehatz-mehatz.
Horrez gain, bi lege ditu, eta, bertan, oinarrizko alderdiak
daude jasota, bozketa elektronikoak baliorik duen ala ez zehazteko
eta programazioan zein datuak igortzeko eta zenbatzeko prozesuetan
egin daitezkeen delituei aurre egiteko:
- 2001eko otsailaren 28ko 37.148. Aldizkari Ofizialean Datuen
Mezuei eta Sinadura Elektronikoei buruz argitaratutako Legea.
- 2001eko urriaren 30eko 37.313. Aldizkari Ofizialean Delitu
Informatikoen aurka argitaratutako Lege Berezia.
ASIA
Filipinak
Filipinetan, Muslim Mindanaoko
autonomia-hauteskundeetan egin zituzten lehen proba eredugarriak
1996. urtean. 1998ko maiatzaren 11ko hauteskunde orokorretan,
lehen aldiz bozkatu zuten boto elektronikoaren bitartez, Muslim
Mindanaoko eskualde horretan. Horretarako, irakurketa optikodun
sistema erabili zuten, ES&S (Electoral Systems & Software)
enpresari erositako makinen bidez. 68 makina erabili zituzten
6 zenbaketa-zentrotan.
Adierazi egin beharra dago
laur urte geroago Filipinetako Hauteskunde Batzordeak makinok
erretiratu zituela, konponbidea barik arazoa zirelakoan (albistea
2000ko martxoaren 19an agertu zen Philippine Daily Inquirer egunkarian).
Nolanahi ere, Hauteskunde Batzordea gogor lan egiten ari da, bozketarako
prozesua eraberritzeko asmoz. 2006ko urtarrilean, Indiako hauteskunde-agintariek
boto elektronikorako garatu zuten sistema aurkeztu zioten Filipinetako
Hauteskunde Batzordeari. Batzorde horretako presidenteak, Benjamín
Hablaosek, adierazi zuenez, aurkezpenari esker euren hauteskunde-prozesua
eraberritzen ikasiko dute, 8436. Legeak Indian erabilitakoak bezalako
teknologiak erabiltzea debekatzen badu ere.
2007ko maiatzean, Kongresurako
eta Senaturako hauteskundeetan, atzerrian bizi diren eta Singapurren
erregistratuta dauden 30.000 filipinar inguruk erabiliko dute,
lehenengo aldiz, Internet bidezko botoa era loteslean; horretarako,
Filipinetako Hauteskunde Batzordeak (COMELEC) kontratu bat sinatu
du Scytl enpresa espainiarrarekin.
2007ko uztailean, lehen proba pilotua egin zen Internet bidez
botoa emateko. Bi astetan, egoiliarrak ez diren eta Singapur-en
erregistratuta dauden 30.000 filipinarrek hartu zuten parte.
Filipinetako Hauteskunde Batzordeak (Comelec) proiektu bat egin
du Scytl enpresarekin, boto elektronikoaren lehen sistema garatze
aldera, Internet bidez botoa eman ahal izateko.
Legeria.- 1997ko abenduaren
22ko 8436. Legeak boto elektronikoa arautu zuen. Lege horren arabera,
botoak irakurketa optikoaren bidez (barra-kodeen edo marken irakurketaren
bitartez) modu automatizatuan zenbatzeko sistema erabiltzeko baimena
dauka Hauteskunde Batzordeak.
India
Denok dakigunez, Indian garrantzi handia
ematen diote garapen teknologikoari. Hori dela eta, Informazioaren
Teknologietarako Ministerio berezia daukaten herrialde bakarrenetakoa
da. Beraz, ez da harritzekoa bere hauteskunde-sisteman boto elektronikoa
ezarri nahi izatea. Nolanahi ere, hauteskunde-sistemaren informatizazioa
berantiar samarra da: hautesleen errolda 1998. urtean informatizatzen
hasi ziren eta herrialdeko iparraldeko estatu batzuetan baino
ez dute ezarri.
Taula elektronikoaren metodoa (Electronic
Voting Machine) aukeratu dute. Bertan, hautagaien zerrenda agertzen
da lerrotuta, eta bi etengailu daude. Hautesleek etengailuaren
bidez aukeratzen dituzte euren gustuko hautagaiak. Bozkatzeko
makinak Electronic Corporation of India Limited (ECIL) eta la
Bharat Electronics Limited enpresek egin dituzte.
Ez da datu orokorrik lortu, baina, esate
baterako, tamainari begira Indiako bigarren estatua den Rajasthanen,
1.079 taula elektroniko erabili zituzten, 1998ko parlamentu-hauteskundeetako
(Lok Sabhako) ohiko botorako 39.754 hautestontzien aldean.
2003. urtean, hauteskunde estatal guztietan
bozketa-makina elektronikoak (EVM) erabili zituzten. Arazorik
sortu ez zutenez, 2004. urtean Lok Sabhako hauteskundeetan mekanismo
hori erabiliko zutela erabaki zuten. Parlamenturako hauteskundeotan,
670 milioitik gora hauteslek milioi bat makina elektroniko erabili
zituzten hiru astean zehar. 2005. urtean ere, hautesleek boto
elektronikorako sistemaren bidez bozkatu ahal izan zuten Kolkatan,
Bidhannagarren eta Uttaparan egindako udal-hauteskundeetan.
2006ko maiatzaren 8an, Assam, West Bengal,
Kerala eta Tamil Nadun, Braille sistema sartu zen bozketa elektronikoko
makinetan.
|