|
Nabarmendu egin behar dugu estatu espainolean Euskadiko Autonomia
Erkidegoak baino ez duela boto elektronikoaren arloko hauteskunde-legeria
(ekainaren 19ko 15/1998 Legea), eta Eusko Legebiltzarrak onartu
zuen.
BOTO
ELEKTRONIKOAREN LEHEN ARAUPETZEA
Euskadiko Autonomia Erkidegoan, boto elektronikoa
lehen aldiz arautu zen Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko
1998ko ekainaren 19ko 15. Legearen bigarren artikuluan. Arau horren
arabera, boto elektronikorako sistema zehaztu zen, baina ez da
ezarri, horretarako aplikazioa aurkitu baino lehen boto elektronikorako
sistema berria garatu delako eta errazagoa delako gizartean ezartzeko.
Hona hemen 1998ko 15. Legean boto elektronikorako
aurreikusitako sistemaren osagaiak: bozkatzeko banda magnetikodun
txartela, hautestontzi elektronikoa, bozkatzeko pantaila, hauteskunde-kabina
eta hauteskunde softwarea edo programa informatikoa.
15/1998 Legean araututako bozketa elektronikorako
sistemak edozein hauteskunde-prozesuren printzipioak eta ezaugarriak
errespetatzen zituen bete-betean. Sistemak, gainera, sekretua
eta intimitatea ziurtatzen zituen erabat, botorako eskubidea erabiltzeko
orduan, eta, aldi berean, botoak azkar-azkar zenbatzeko aukera
eskaintzen zuen. Edonola ere, sistema hori aldatu egin da, baina
ez arrazoi teknikoak daudelako, ahula delako edo aurreko sistema
ezartzerik ez dagoelako. Izan ere, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza
daukaten alderdi politikoen eragozpenen, kezken eta iradokizunen
ondorioz aldatu da sistema, ohiko botoaren eta boto elektronikoaren
prozedura biak sistema berri bakar batean uztartzeko eskatu zutelako.
Hausnarketa horretan, egiaztatu egin da
bozketa elektronikorako sistemen arazo nagusia hiritarrenganako
hurbiltasuna dela, eurentzat ezin delako arrotza izan. Hori dela
eta, hiritarrek hobeto ulertzeko moduko bozketa-sistema hurbilagoa
sortzea da helburua.
|