Argitalpen-data: 2014/10/24

Poziktibity proiektuaren laugarren bideoaren aurkezpena

Juan Calparsoro, EAE-ko Fiskal Nagusia, eta Idoia Gurrutxaga, Donostia Unibertsitate-Ospitaleko Mediku Zuzendaria, Poziktibity proiektuaren laugarren bideoko protagonistak dira. Gaur goizean Donostia Ospitaleko BioDonostia eraikuntzan egin den bideoaren aurkezpenean parte hartu dute Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordearekin batera

Gaur goizean aurkeztu den bideoa Poziktibity proiektuaren barruan egingo den bideo sortaren laugarrena da eta hizkuntza eskubideen gainean hitz egiten digu. Poziktibity proiektuaren lehen topaketan azaldu zen bezala, bideo hauetan egunero eragiten diguten gaiak jorratuko dira. Lehenengoan, Aritz Adurizek eta Imanol Agirretxek hizkuntzak jakitea eta hizkuntza hauek erabiltzea zeinen inportantea den gogorarazi ziguten. Bigarrenean, berriz, Aritz Aranburuk eta Hodei Collazok euskaraz disfrutatzeko eta gozatzeko eskatu ziguten. Alegia, euskara gure denbora librean ere erabiltzea, beraiek egunero egiten duten bezala. Hirugarrenean, Reyes Pradosek eta Anne Igartiburuk bestelako mezu bat bota ziguten. Eta hau izan zen hizkuntza bat ikasteko inoiz ez dela berandu. Heldutan ere hizkuntzak ikastea oso garrantzitsua dela, alegia. Laugarren bideo honek berriz, norberak bere hizkuntzan aritzeak ematen duen lasaitasunaren gainean hitz egiten digu.

"Poziktibity‟ euskararen erabilera sustatzea helburu duen proiektua da. Positiboa eta atsegina den zerbait iradokitzen digu. Baita energia, poztasuna, aktibitatea, euskara bizitzeko era bat, eta jarrera bat ere. Jarrera berri bat euskararekiko, irekia, jendea erakartzen duena. Euskara dakitenentzako gonbidapen bat da, erabili dezaten, eta gonbidapen bat da ez dakitenentzako ere, euskarara hurbildu daitezen. "Poziktibity‟, beraz, jarrera bat da, tonu bat, balore batzuk, eta "Poziktibity‟ dira jarrera hau konpartitzen duten pertsona guztiak.

Laugarren bideo honek hizkuntza eskubideen gaia bete-betean ukitzen du. Baina zer gertatzen da herritar batek bere hizkuntza eskubideak urratuak izan dituela ikusten duenean? ELEBIDE da honetarako erreminta. ELEBIDEren ezaugarri nagusia da hizkuntza eskubide urraketen gaineko kexak aintzakotzat hartu eta konponbideak bilatzen eta aplikatzen laguntzea, eremu publikoan eta pribatuan. Honela, herritar guzti guztien hizkuntza eskubideak babestea du helburu 2006an sortu zen zerbitzu honek, EAEko bi hizkuntza ofizialen arteko inolako hierarkiarik gabe eta herritarren arteko hierarkiarik gabe.

ELEBIDEk honako zeregin hauek ditu, beste batzuen artean:

1. Hizkuntza eskubideen urraketak zuzen-zuzenean ezagutzea.

2. Herritarrak sentsibilizatzea.

3. Aholkularitza eskaintzea: hizkuntz eskubideen eta araudiaren gainean.

4. Kexak jasotzea, bideratzea eta jarraipena egitea: herritarra babestea eta kexa jaso duen entitateei aholkularitza eta baliabideak eskaintzea, hizkuntz eskubideak errespetatuak izan daitezen.

5. Lankidetzarako protokoloak ezartzea administrazioekin eta bestelako entitateekin.

Patxi Baztarrikak hartu du hitza lehenbizi gaur goizeko prentsaurrekoan: “Badaukagu tresna bat herritarren hizkuntz eskubideak bermatzeko. Euskara eta gaztelania hizkuntz ofizialak direnez, administrazioak zerbitzuak euskaraz eta gaztelaniaz eman ahal izateko bermea eskaini behar du. Eskubide guztiak zaindu behar dira, hizkuntzari dagozkionak ere bai. Eta herritar batek bere eskubide hori urratua ikusten duenean ELEBIDEra jo dezake kexa jartzera. Horixe da administrazioak duen tresna”, azaldu du.

Bideoko protagonistei dagokionez, biek azaldu dute “oso gustura” hartu dutela parte proiektuan. EAEko Fiskal Nagusiak honakoa aipatu du: “Edozein herrialdeko pertsona bat Euskadiko epaitegi batera hurbiltzen denean bere hizkuntzan hitz egin ahal izateko itzultzaile bat jartzen zaio. Eta arraroa iruditu arren, askotan gauza bera egin behar izaten dugu euskaldun batek euskaraz aritu nahi duenean. Hala ere, esan beharra daukat, euskararen normalizazio prozesuan asko aurreratzen ari garela justizian”.

Idoia Gurrutxagak, berriz, honakoa esan du: “Gaixoek euren kezkak, euren minak, nola sentitzen diren… euskaraz adierazi nahi badituzte, horretarako aukera eta bermea eman behar diegu, zer gutxiago? Ezinbestekoa zaigun informazio gehiago lortzen da eurengandik beraien hizkuntzan arituz gero”.