Argitalpen-data: 2014/09/30

Lanbidek bere langileen eta instalazioen segurtasuna hobetuko duen protokolo bat sinatuko du

Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila.

Lanbidek eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak sinatutako esku hartze protokoloaren arabera, Ertzaintzak enplegu zerbitzuko egoitzetan gerta litezkeen balizko delituzko ekintzen aurreko erantzun denborak murriztu ahal izango ditu.

Eusko Jaurlaritzako bi estamentuek sinatu duten segurtasun arloko hitzarmenak Lanbideko egoitzetan lan egiten duten langile guztiengan izango du eragina, edozein administrazioko kide direlarik ere. Era berean, enplegu zerbitzuko erabiltzaileengan eta Lanbideko instalazio eta makinerian ere izango du eragina hitzarmenak.

Protokoloak euskal enplegu zerbitzuko instalazioetan gerta litezkeen balizko delituzko ekintzen aurreko zein osteko esku hartzeak aurreikusten ditu, bai zerbitzua ematerakoan azalarazten direnak, bai instalazioak irekita ez dauden orduetan eman daitezkeenak. Bonba mehatxuen eta sabotaje ekintzen aurrean zer egin ere aurreikusten du protokoloak.

Hain zuzen ere, honakoa ezartzen du protokoloak Lanbideko egoitzetan eman litezkeen gertakari edo jazoeren aurrean: «Lehen unean segurtasun pribatuko langileek esku hartuko dute enplegu zerbitzuko langileek zein instalazioek kalteak edo mehatxuak jaso ditzaten saihesteko».

Era berean, segurtasun zerbitzuko langileok gertatutakoaren berri eman beharko diote bai bulegoko arduradunari bai delituzko ekintza Ertzaintzari jakinarazteko zeregina izango duen bitartekariari ere.  Bitartekari zeregina pertsona batek edo gehiagok izango dute, eta, betiere, Lanbidek Gasteizen dituen zerbitzu zentraletan izango dira. Hain zuzen ere, bitartekariek izango dute delituzko ekintzekin edo delituzkoak izan daitezkeenekin lotutako jakinarazpen, salaketa edo ikerketa proposamen guztiak zentralizatzeko ardura. Delitu horien artean genero indarkeriarekin lotutakoak ere izango dira, jarraian Ertzaintzak izango duelarik delituok identifikatu, ikertu eta salaketak jartzeko ardura.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, elkarlan hitzarmen honek polizia zerbitzuen erantzun denborak murriztea ahalbidetuko du, eta, horrenbestez, eskainitako zerbitzua bera ere hobetu ahal izango da.