Argitalpen-data: 2014/11/20

Euskarazko IKTak mintegia

2014ko abenduaren 17a, Bizkaia Aretoa, Baroja entzunaretoa, Abandoibarra etorbidea, 3 Bilbo.

Denok ondo dakigunez, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiek izugarrizko garrantzia dute gure eguneroko bizitzan. Gure bizitza profesionalean ez ezik, gure bizitza pertsonalean ere ezinbesteko bilakatu dira.

Horregatik guztiagatik, oso garrantzitsua da euskara teknologia horietan integratuta egotea, aurrerantzean hizkuntza bizia izango bada. Azken urteotan, esan dezakegu euskarak, hizkuntzen teknologien arloan, bere lekutxoa egin duela gainerako hizkuntzen artean eta, orain hogei urte baino askoz ere tresna gehiago dugula euskaraz lan egiteko eta, oro har, euskaraz bizitzeko.

Aurrera egin behar dugu, etengabe, baita arlo horretan ere eta, hori da, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak datozen urteotarako onartua duen Euskararen Agenda Estrategikoa, 2013-2016, Bizikidetzarako hizkuntza bizia dokumentuaren 3.11 puntuan jasotzen dena. Horrekin lotuta, pentsatu dugu interesgarria eta probetxugarria izango dela, egun batez, gaur egun modu batera edo bestera, euskarazko IKT produktuak merkatuan dituzten entitateak, enpresak eta agenteak biltzea mintegi batean, haien produktuak aurkezteko. Hori dela eta, ‘"Euskarazko IKTak Mintegia’ antolatu dugu Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzan.

Mintegiaren helburu nagusia da profesionalei eta euskal ekonomiako sektoreei euskaraz eskuragarri dauden tresna eta baliabide teknologikoen berri ematea.

Helburu zehatzak hauek dira:

  • Euskaraz dauden baliabide teknologikoak guztion begi bistan jartzea, eta euskal ekonomiaren sektore eta arlo profesional esberdinetan horien erabilgarritasuna erakustea.
  • Euskarazko IKTen garapenari nahiz tresnen erabilerari lotutako “eskaintza-eskaria” dela eta, espazio bat sortzea:
    • Euskaraz dauden produktu teknologikoak elkarrekin partekatzeko eta kontrastatzeko.
    • Behar berriak identifikatzeko, gerora begira, lankidetza-proiektuak antzemate aldera.

Mintegiaren agenda (PDF, 134 KB)

Honen bidez, Mintegian parte hartzeko gonbita luzatu nahi dizut zure interesekoa izango delakoan. Izan ere, gure erronka izan behar da produktu horiek guztiak erabiltzea eta, ondorioz, euskarazko IKTen merkatua handitzea. Gainera, uste dut Mintegia aukera ezin hobea izango dela euskarazko IKTen inguruan ideia eta proposamen berriak mahai gainean jartzeko.

Hona Mintegiaren xehetasunak:

EGUNA: 2014ko abenduaren 17a
LEKUA: Bizkaia Aretoa, Baroja entzunaretoa, Abandoibarra etorbidea, 3 BILBO


* Abenduaren 2a baino lehen

Aforoa beteta dago.
Izena emanez gero, erreserba-zerrendan geldituko zara. Ahalik eta lasterren esango dizugu lekurik izango duzun.
Barkatu eragozpenak!

Zure arreta eskertuz, agur bero bat

Patxi Baztarrika Galparsoro
Hizkuntza Politikarako sailburuordea