Balorazioa: Santiago Brouarden erailketaren gaineko epaiketan inputatuko pertsonen absoluzioari buruzkoa.
Lege proiektua: titularitate publikoko eta izaera pertsonaleko datuen fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzkoa.
Erabakia: Hezkuntza Sailak zuzenean burutzen ez dituen IRALE programako jardueretan parte hartzeko deialdia egiteari buruzko Agindua dela eta, gasturako baimena emateari buruzkoa.
Erabakia: IRALE programaren baitan 2003. urtean irakastordu barneko ikastaroren batean jarduteko irakasleak liberatu nahi dituzten ikastetxe pribatu edo gizarte-ekimenezkoentzako laguntzetarako dei egiten duen Agindua dela-eta, 3.000.000 eurotik gorako gasturako baimena emateari buruzkoa.
Agindua: hezkuntza-behar bereziak dauzkaten ikasleak eskolaratzen dituzten itunpeko ikastetxeei, 2003/2004 ikasturterako hezkuntza bereziko laguntzaileak kontratatzearren laguntzak emateko deialdia egiteari buruzkoa.
Agindua unibertsitateko edota goi mailako irakaskuntzarako euskarazko liburuentzako dirulaguntzetarako deia egin eta laguntza horien arau erregulatzaileak onartzeari buruzkoa.
Erabakia: Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetza hitzarmen bat izenpetzeko baimena emateari buruzkoa. Helburua: egoitza-unitate soziosanitarioetan osasun laguntza ematea.
Dekretua: Zurbanoko [Arrazua-Ubarrundia (Araba)] Zurbano jauregia, Monumentu izendapenaz, sailkatutako Kultura Ondasun izendatzeko espedientea Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legera egokitzeari buruzkoa.
Dekretua: Güeñesko (Bizkaia) Andre Mari eliza, Monumentu izendapenaz, sailkatutako Kultura Ondasun izendatzeko espedientea Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legera egokitzeari buruzkoa.
Dekretua: Faidon, Peñacerrada-Urizaharran (Araba) dagoen Nuestra Señora de la Peña eliza, Monumentu izendapenaz, sailkatutako Kultura Ondasun izendatzeko espedientea Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legera egokitzeari buruzkoa.
Dekretua: Foruako (Bizkaia) erromatarren herrixkako arkeologi eremua, Monumentu Multzo izendapenaz, Kultura Ondasun deklaratzeari buruzkoa.
Erabakia: Zigor operaren zabalkunderako, Operaren Lagunen Bilboko Elkarteari diru-laguntza emateari buruzkoa.
Agindua: antzerki alorreko profesionalen prestakuntza sustatzera bideratutako dirulaguntzak dei egiteari buruzkoa.
Kargu-kentze eta izendapenen zerrenda: Kultura Saila.
EUSKO JAURLARITZA:
JAURLARITZAREN BALORAZIOA:
SANTIAGO BROUARDEN
ERAILKETAREN GAINEKO EPAIKETAN
INPUTATUKO PERTSONEN ABSOLUZIOARI
BURUZKOA
Lehendakariak proposatuta, Eusko Jaurlaritzak Santiago Brouard euskal agintari politikoaren erailketaren gaineko azken egunotan izan den epaiketaren emaitza aztertu du. Izan ere, gertatutakoaren inguruko egia ezagutzeko modurik egon ez denez akusatuen absoluzioa izan da epaiketaren emaitza.
Jazotakoak agerian uzten du, batzutan, indarkeriak eta terrorismoak bere ondorioak gizaki bat erailtzeko ekintza basati eta krudelaren haraindian zabaltzen dituela. Eta ondorio horiek ageri agerikoak dira hogei urte geroago sistema demokratikoa gizarteari geratutakoa azaltzeko gai ez denean.
Jaurlaritzak atsekabe sakona eta haserrea adierazi nahi du, indar polítiko jakin baten eta hiritarren ordezkari zen Santiago Brouard doktorearen duela 20 urte izandako erailketa politikoaren gaineko ikerketa eta epaiketak izan duen azken ebazpena dela eta.
Ohi kanpokoa da, eta hortaz erdiragarria, aukera politiko baten eta hiritarren ordezkari zenaren aurkako erailketa politikoa argitzeko 20 urte ez direla nahikoa izan egiaztatzea.
Sistema demokratikoek bere funtzionamendua erregulatu eta elkarbizitza bermatzen duten botereen jarduera independentea dute ardatz. Eta, agintari politiko baten erailketa bezalako delitu larriak egitearen ikuspuntutik, sistema demokratiko sendotuen zilegitasuna gertatutakoa ikertu eta argitzeko gaitasunak, justizia modu independentean eta berme osoz administratzeak, halaber, errudunei dagokien zigorrekin zigortzeak dakar. Eta jarduera honen arduradun, Justizia Administrazioa, epaileak eta auzitegiak ez ezik, botere guztiak ere badira, euren arteko elkarlana ezinbestekoa baita gertatutakoa ikertu eta argitzeko. Hau da, azken batez, egia ezagutzeko.
Jaurlaritzak ezin du ahaztu Brouard jauna erail zutenean Frantziako autoritateekin harremanetan zegoela elkarrizketarako bide eta espazioak irekitzeko, beti ere, indarkeriarekin bukatzearren.
Hogei urte pasa ondoren ezer ere jakin barik jarraitzen dugu: ez identitatea, ez zioa, ezta indarkeria indar gehiago erabiliz bukatzen dela deritzoten eta euren interesen alde erailketaz baliatzea eta Santi Brouard euren helburu makabroen objektu hautatzea erabaki zutenen asmoak ere.
Epaileek egia argitzea ezinezkoa bihurtu duten lekukoak egon direla ondorioztatu dute. Eta Jaurlaritzak, baita euskal gizarteak ere, lekuko horietako asko Madrilgo Gobernuaren zerbitzura dauden polizia-funtzionarioak direla egiaztatu du.
Herri serio eta demokratiko batek ezin du inolaz ere zuzen eta zilegitzat jo ikerketa polizial zorrotz eta formalik izan ez dela eta egindako ikerketa arinak jazotakoaren ezagupena oztopatzera eta benetako eragile eta errudunen nortasuna ezkutatzera bideratua egon dela ondorioztatzea Gizarteak benetan gertatutakoa ezagutzeko eskubidea du. Eta hogei urte ez dira aski izan.
Hortaz, Jaurlaritzak bere desilusio eta etsipena adierazi nahi du, elkarbizitzak ezin baitu agintari politiko bat erail dutenen zigorgabetasuna oinarri izan, krimenaren egileak direnak direla eta krimena burutu zezaten baimena eman eta urteetan gorde eta gordetzen jarraitzen dutenak direnak direla. Santi Brouar-en erailketa politikoaren epaiketak emaitza atsekabegarria utzi du: Estatuaren oinarrizko botereen, besteak beste, Botere Judizial eta Botere Exekutiboaren gizarte-legitimazioa galtzea, biak baitira gertatutakoari buruzko ikerketa eta azterketaren arduradun.
Egia ezagutzea egiteke jarraitzen duen zeregina da, erredunei justizia administratzea egiteke dagoen antzera.
LEHENDAKARIORDETZA:
DATU-FITXATEGIAK ETA DATUEN BABESERAKO
EUSKAL AGENTZIA SORTZEKO
LEGE PROIEKTUA ONARTU DA
Gobernu Batzordeak, gaur ospatu duen bileran, titulartasun publikoko datu pertsonalen Datu-fitxategiak eta Datuen Babesereako Euskal Agentzia sortzeko Lege Proiektua onartu du.
Legearen elaborazioaren arrazoiak
Kontutan hartuta gaur egun informatika eta teknologi berrien erabilpenak pertsona fisikoei buruzko datu ugariak maneiatzeko aukera ematen duela, pertsona horien inguruko gauzak ezagutuz horien intimitatea arriskuan jartzea gerta daiteke.
Arrazoi honengatik, Eusko Jaurlaritzak legegintza-jarduera beharrezkotzat jo du azken finean babes juridikoa behar duten bi alorren arteko oreka lortzearren. Alde batetik, teknologiaren garapenari mugak ezartzeak ez dio gizarteari mesederik egiten, teknologi berrien gaitasunak sekulakoak baitira eta ongizatearen alde ipini behar bait ditugu; baina bestalde, hiritarrek euren intimitate pertsonala babesteko eskubidea dute, gaur-egungo teknologi berriek eskaintzen dituzten aukerek euren intimitatearen babesa murriztu ez ditzaten.
Arrazoi juridikoak
Gaur onartu den lege Proiektuarekin, Jaurlaritzak gai honen inguruan dagoen Europako araudiari erantzuten dio, bereziki Europako Ekonomia Erkidegoa eratzeko Itunaren 286 artikulua, non Erakunde komunitarioei, datu-pertsonalen eta hauen zirkulazio libreari dagokion pertsonen babesaren inguruan onartutak dauden ekimen komunitarioak aplikatzea eskatzen zaien. Zentzu honetan, hiritarren babesean aurkitzen den oinarrizko elementua, datu pertsonalei dagokion alorrean, kontrol-agintaritzaren eraketa dugu. Kontrol-agintari honek estatu-kide bakoitzean askatasun osoz gauzatzeko bere eginkizunak izango lituzke, eta Estatu-kideak eginkizun hauek burutzeko baliabideak eduki behar ditu, bai ikerketarako ahalmena denean edota esku-hartzearen ahalmena betetzeko denean.
Datu pertsonalen babesa eta Datuen Babesarako Agentzia, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak arautzen ditu. Lege honen arabera, aipatutako Agentziari dagozkion eginkizun gehienak, hauek Autonomi Erkidegoek eta Herri Administrazioek kudeatutako datu pertsonalen fitxategiak direnean, Erkidego bakoitzari dagokion organoak gauzatuko ditu. Aipatutako organoak kontrolerako ahalmena izango du eta bere lanean askatasun osoa eta objektibitatea ziurtatuko zaio.
Lege Proiektua hiru titulutan zatituta dago
Igo TITULUA: XEDAPEN OROKORRAK
Legearen xedea eta ezarpenaren esparrua zehazten da. Erregulatzen dituen fitxategiak aipatzen ditu, eratzen dituen Administrazio Publiko, Erakunde eta korporazioaren arabera. Legearen mugak ere jasotzen dira, legea ezartzen ez den fitxategien zerrendan eta erregimen berezia edukitzeagatik aplikazio mugatuagoa duen fitxategiak aipatzen dituenean. Dena den, titulartasun pribatua duten fitxategietan ez da legea aplikatuko.
Fitxategien eraketa, aldaketa eta ezabapena erregulatzen du; datu pertsonalen bilketaren mugak; pertsona interesdunentzat informazioa; datu fitxategien segurtasuna eta Datuen Babeserako Euskal Agentziaren aurrean egin beharreko erreklamazioen prozedura erregulatzen du.
II. TITULUA: DATUEN BABESERAKO EUSKAL AGENTZIAEN ERAKETA
Agentziaren Erregimen juridikoaren oinarrizko ezaugarriak erregulatzen dira. Gainera, bere zerbitzura dituen langileen inguruko aginduak jaso dira, baliabide ekonomikoak, aurrekontu-erregimena, gobernu organoak, hauen eginkizunak eta Agentziaren ahalmenak erregulatzen dira.
Zentzu honetan, azpimarratzekoa da Agentziarentzat, organo gisa, beharrezkoa den Babeserako Datu-Erregistroa.
III. TITULUA: ZEHAPEN ERREGIMENA
Subjektu arduradunak zehaztu, arau-haustea tipifikatu eta kasu bakoitzeko zigorrak zehazten dira. Fitxategien titulartasunaren ezaugarri bereziak kontutan hartuta, Administrazio, Erakunde eta Korporazioetako langileek Legeak erregulatzen dituen datu-fitxategiaren erabilpenean egin dezaketen ustezko arau-haustea arretaz aztertu da.
Aipatutakoaz gainera, Legeak hiru xedapen gehigarri ditu, existitzen diren fitxategiak Datuen Babeserako Euskal Agentziari jakin arazteari buruzkoak; Erkidegoko Administrazioek euren eskumenak gauzatzeko udal-erroldako datuen erabilpenari buruzkoak; eta Arartekoaren eta Estatuko Datuen Babeserako Agentziaren eskumenenganako derrigorrezko errespetuaren ingurukoak.
Lege priektuak azken xedapenarekin amaitzen du, non Eusko Jaurlaritzari Legearen garapena eta aplikazioa bahimentzen zaion.
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA:
2,086 MILIOI IRAKASLEAK EUSKALDUNTZEKO
Jaurlaritzaren Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bilkuran onartu duen Aginduak deialdia zabaltzen du IRALE programako jardueretan, Hezkuntza Sailak zuzenean burutzen ez dituenetan, parte hartzeko.
Agindu honen helburua irakasleak euskalduntzeko, alfabetatzeko eta hobetzeko programako (IRALE) jardueretan, Hezkuntza Sailak zuzenean burutzen ez dituenetan, parte hartzeko interesa duten erakundeei dei egitea da. Jarduera horiek 2003ko udan eta 2003/2004 ikasturtean egingo direnak dira.
Jarduera horiek irakasleen hizkuntza gaitasuna lortzeko ikastaroak izango dira eta irakasorduetatik kanpo emango dira. 2,086 milioi euroko diru kopurua duen deialdi honek ZULEI (irakaslanean eta ordutegiz kanpoko ekintzetan laguntzeko irakasleak) programaren barruan eskaintzen diren euskalduntze-aldien finantzazioa ere arautuko du.
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA:
5.077.559 EURO IRALE PROGRAMARI
ATXIKITAKO LANGILEAK DITUZTEN
IKASTETXE PRIBATUENTZAT
Jaurlaritzaren Kontseiluak, gaur egindako bilkuran, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, agindu bat onartu du jendaurrean jartzeko dirulaguntzetarako deia, hain zuzen, 2003 urtean zehar irakastorduetan IRALE programaren euskara ikastaroetan parte hartzeko irakasleak liberatu nahi dituzten ikastetxe pribatu edo ekimen sozialeko zentroentzat.
5.077.559 euroko diru kopurua duten dirulaguntza horien helburua euskara ikasteko liberatzen diren irakasleen ordezkapenek sortutako gastuak ordaintzea da.
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA:
HEZKUNTZA BEREZIKO LAGUNTZAILEAK
KONTRATATZEKO LAGUNTZAK
Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren agindu bat onetsi du. Agindu horren bidez, hezkuntza-behar bereziak dauzkaten ikasleak eskolaratzen dituzten itunpeko ikastetxeei, 2003/2004 ikasturterako hezkuntza bereziko laguntzaileak kontratatzeko beharra dutenei, laguntzak emateko deialdia egiten da.
Deialdi horien helburua, 2.890.878 eurokoa, hezkuntza-behar bereziak dituzten ikasleak integratzeko programa gehiago garatzea da; horretarako, itunpeko ikastetxeei hezkuntza bereziko laguntzaileak kontratatzeko laguntzak emango zaizkie.
Dirulaguntza hauek jasotzeko eskubidea Euskal Autonomi Erkidegoko ikastetxe pribatuen titularrek izango dute, baldin eta eskaera aurkezteko unean itunpekoak badira; betiere, Berritzeguneko aholkularien iritziz hezkuntza-behar bereziak dituzten ikasleak dauzkaten ikastetxeak izango dira, ikasle horiek normal integratzea eta eskolako jardueretan eskola-orduen barruan parte hartzea errazteko laguntzaileen beharra dutenak.
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA:
UNIBERTSITATEKO IRAKASKUNTZARAKO
EUSKARAZKO LIBURUENTZAKO
DIRULAGUNTZA
Jaurlaritzaren Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta, gaurko bilkuran agindu bat onartu du, unibertsitateko edota goi mailako irakaskuntzarako euskarazko liburuentzako dirulaguntza deia egiten duena eta laguntza horien arau erregulatzaileak onartzen dituena.
164.170 euroko kopuru osoa duten dirulaguntza hauen helburua dirulaguntzak ematea da unibertsitateko lehen eta bigarren zikloko edota goi mailako irakaskuntzan erabiltzeko euskarazko liburuentzat eta, hala badagokio, liburu horien osagarri diren CD-ROMentzat.
OSASUN SAILA:
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAREKIN
HITZARMENA IZENPETU DA
EGOITZA-UNITATE SOZIO-SANITARIOETAN
OSASUN LAGUNTZA EMATEKO
Gobernu Batzordeak Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arteko lankidetza hitzarmena izenpetzeko baimena eman du gaur. Helburua hurrengoa izango da: aipatutako lurralde honetako egoitza-unitate sozio-sanitarioetan osasun laguntza ematea. Izenpetutako akordioa Donostiako Cruz Roja osasun-zentroari dagokio, zeinak 80 plaza dituen.
Gaur baimendutako hitzarmena 2003ko urtarrilaren 30ean Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta EUDEL-ek EAEko laguntza sozio-sanitarioa garatzearren izenpetutako akordioaren emaitza da.
Egoitza-unitate sozio-sanitarioek zerbitzua ematen diete menpekotasun egoeran dauden eta ospitalizazioa eta egoitza-arreta sozialaren arteko trantsizio espazio batetan gizarte- eta osasun-zainketa beharrizan larriak dituzten pertsonei.
KULTURA SAILA:
ZURBANO JAUREGIA
MONUMENTU BERREIZENDATU DA
Kultura Sailburuak aurkezturik, Arrazua-Ubarrundiako Zurbanoko herrian den Zurbano jauregia monumentu gisa Kultur Ondarea kalifikazioarekin babestea erabaki du. Gaur onartu den izendapenaren bidez, Kultura Sailaren 1984ko uztailaren 17an 265/1984 dekretuaren bitartez ezarritako babesa 1990eko Kultur Ondare Legearen aurreikuspenetara ekartzen da. Horrela, Zurbano jauregiari eta beronen inguruari babes eremua ezarri zaio eta Kultur Ondare Legearen araberako ondarearen deskripzioa egin zaio.
Zurbano jauregia izen bereko herrian dago eta ez da auzo desberdinez osatutako herri honetan dagoen jauregi bakarra. Jauregi eta baloreko eraikin ugari dituen Zurbanon, elizaren parean kokatuta; Zurbanotarren jauregia izenez ere ezaguna da. Eraikinaren kokapenak, fatxada nagusia elizaren parean edukitzearren iparrera duela, adierazten du, hein batean, nolako garrantzia duen. Hirigintzaren aldetik, eraikina birbaloratu egiten da elizarekin lotuta dagoelako. Hiri ingurune bat sortzen du elizarekin, nahiz eta banatutako landa gunean egon. Hasiera batean jauregia eraikin exentua izan zen, oin errektangularrekoa; baina denborarekin eraikin berriak erantsi zizkioten. Badirudi Pedro Ruiz de Erenchún batxilerrak eraiki zuela, 1621 aldera, eta obrak egin ahal izateko, Elgeako Pedro de Eguinoa eta Juan de Eguinoaren zerbitzuak kontratatu zirela. Geroago Uriartetarren jabetzakoa izatera pasa zen.
Kultura Sailak Zurbano jauregia Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitutako Kalifikatutako Kultura Ondasunen Erroldan inskribatuko du eta gaur onartutako Dekretuaren berri Jabego Erregistroari, interesdunei, Arrazua-Ubarrundiako Udalari eta Arabako Foru Aldundiko Kultura, Hirigintza eta Ogasun Sailei jakinaraziko zaie. Aldi berean, Kultura Sailak Arrazua-Ubarrundiako Udalari hirigintzako araudia Legeak dion arabera egokitu eta moldatu dezala eskatuko dio eta egokipen hori gauzatu bitartean, Monumentu izendapenaz eragindako eremuan egin beharreko lanak Arabako Foru Aldundiak onartu beharko ditu.
Zurbano jauregiaren deskripzioa:
Vitoria-Gasteizko ekialdean dago Zurbano, Arabako hiriburutik kilometro gutxitara.
Herria egutera aldeko aldapa leuneko hegal batean dago eta hainbat auzotan banatuta. Eraikuntza banatuta dago baina nabarmena da landa izaera.
Herrian paseoan ibiliz gero, txukun eraikitako hainbat etxe ikus daitezke, XVII. eta XVIII. mendeetakoak. Horietako bat Otazu etxea da, Basterrako dorrearen gainean eraikitako jauregia; besteak, hauek dira: Zurbanotarren jauregia, Otalora Gebara jauregia (aurrekoaren oso antzekoa), Ortiz de Zarate etxea, eta garrantzia gutxiagoko beste batzuk.
Iparreko muturrean, punturik gorenean, eliza dago. Elizaren parean Zurbano jauregia dago kokatuta; Zurbanotarren jauregia izenez ere ezaguna da. Eraikinaren kokapenak, fatxada nagusia elizaren parean edukitzearren iparrera duela, adierazten du, hein batean, nolako garrantzia duen.
Hirigintzaren aldetik, eraikina birbaloratu egiten da elizarekin lotuta dagoelako. Hiri ingurune bat sortzen du elizarekin, nahiz eta banatutako landa gunean egon.
Hasiera batean jauregia eraikin exentua izan zen, oin errektangularrekoa; baina denborarekin eraikin berriak erantsi zizkioten. Badirudi Pedro Ruiz de Erenchún batxilerrak eraiki zuela, 1621 aldera, eta obrak egin ahal izateko, Elgeako Pedro de Eguinoa eta Juan de Eguinoaren zerbitzuak kontratatu zirela. Geroago Uriartetarren jabetzakoa izatera pasa zen.
Gorputz nagusiko bolumenen banaketa, jatorrizkoa, bi oin eta estalki artearen ikuspegiari dagokio; lau isurialdeko faldoiak ditu eta iparreko altxaerako ertzetan bi dorre karratu daude. Dorrearen zabaleraren neurria ekialdeko eta mendebaldeko altxaeren erdia da, eta altuera gorputz nagusikoaren oin bat gehiagokoa da gutxi gorabehera.
Harlangaitzeko fabrika kalitate ertainekoa da; ertzetan harlanduak dauzka eta baoak eta inpostak dauzkan markoak. Dorreetako lehenengo oinak moldurazko markoa dauka eta bigarrenak estalki errematea. Gorputz nagusiak interes eta lan handiko egurrezko harburuez egindako estalki errematea dauka.
Sarreran dobelako harlanduzko arku bat dago, eta gainean, Isabel Ortíz de Zurbanoren armarri handi bat. Beraz, etxea baino beranduago eraikitakoa da arkua.
Fatxada nagusiko lehenengo oineko baoak forjazko karelak dauzkaten balkoiak dira. Bost bao ardatz nagusi daude; erdian, aipatutako sarrerako ateak ordezkatzen du ardatz hori, beheko oinean, eta armarriak, lehenengo oinean. Moduluaren estalki-arteak argiztatzeko lau bao txiki dauzka.
Atzeko fatxada sinpleagoa da, adreiluz eraikia lehenengo oinetik gora. Baoen antolaketa ez da fatxada nagusian bezain zehatza. Zutabeen gain eraikitako terraza bat dauka; geroago egindako aldaketaren bat dela dirudi.
Eranskinak harlangaitzekaok dira eta ez dira, inola ere, itsusgarriak. Ekialdeko eranskina eskola izan zen, Zurbanotarrek 1920 inguruan sortutako eskola. Mendabeldeko eranskinak lastategi baten ohiko bolumetria dauka. Gaur egun etxebizitzetarako egokituta dago.
Eranskin horietaz gain, multzoaren xede nagusia jauregia eta bertako bi dorre deigarriak dira.
Beheko oinaren barrualdeak ez du aparteko interesik, egoitzak ez baitziren sarrerako behebarruaren zabalkuntza baizik. Lehenengo oinera hiru ataleko eskailera batetik igotzen da; harrizko eskailera mailez eta balustradaz osatzen da. Hirugarren atalean bitan zatitzen da; batetik gorputz nagusira joaten da, eta bestetik, eranskinetara. Estalki-artea gaur egun areto gisa ipinita dagoen espazio handi bat da.
KULTURA SAILA:
GUENESKO ANDRE MARI ELIZA
MONUMENTU BERRIZENDATU DA
Kultura Sailburuak aurkezturik, Gobernu Batzordeak, Gueñesko Andre Mari eliza, monumentu gisa, Kultur Ondarea kalifikazioarekin babestea erabaki du. Gaur onartu den izendapenaren bidez, 1984an, Eusko Jaurlaritza berak emanda, eliza honek zuen Monumentu izendapena 1990eko Kultur Ondare Legearen aurreikuspenetara ekartzen da. Horrela, Andre Mari eliza eta honen inguruan dagoen plaza eta kale eta kalexkak babestu dira, monumentuari babes eremua ezartzeko eta Kultur Ondare Legearen araberako ondarearen deskripzioa egin zaio.
Güeñesko Andra Mari parrokia Arangurenera eta Galdamesera doazen errepideen bidegurutzean dago kokatuta. Elizaren aurrean plaza eder bat dago eta plazak atari aurreko funtzioa betetzen du, elizaren zabalera guztia hartzen duelarik.Oraingo eliza XVI. mendean hasi ziren eraikitzen, lehendik zegoen beste eliza baten orubearen gainean. Barruko espazioa angeluzuzen handi bat da eta horri absidea eransten zaio. Hiru nabek eta lau tartek osatzen dute espazio hori; lehenengo tartea besteak baino laburragoa da. Absideak poligono forma du.
Kultura Sailak, Gueñesko Andre Mari eliza, Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitutako Kalifikatutako Kultura Ondasunen Erroldan inskribatuko du eta gaur onartutako Dekretuaren berri Jabego Erregistroari, interesdunei, Gueñesko Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura, Hirigintza eta Ogasun Sailei jakinaraziko zaie. Aldi berean, Kultura Sailak Gueñesko Udalari babestutako guneari dagokion hirigintzako araudia Legeak dion arabera egokitu eta moldatu dezala eskatuko dio eta egokipen hori gauzatu bitartean, Monumentu izendapenaz eragindako eremuan egin beharreko lanak Bizkaiko Foru Aldundiak onartu beharko ditu.
Monumentuaren deskripzioa:
Güeñesko Andra Mari parrokia Arangurenera eta Galdamesera doazen errepideen bidegurutzean dago kokatuta. Elizaren aurrean plaza eder bat dago eta plazak atari aurreko funtzioa betetzen du, elizaren zabalera guztia hartzen duelarik. Oraingo eliza XVI. mendean hasi ziren eraikitzen, lehendik zegoen beste eliza baten orubearen gainean. Barruko espazioa angeluzuzen handi bat da eta horri absidea eransten zaio. Hiru nabek eta lau tartek osatzen dute espazio hori; lehenengo tartea besteak baino laburragoa da. Absideak poligono forma du. Absideak, lehenengo tarteak eta portada nagusiak altuera ezberdinak dituen hiru nabeko eliza baten gotiko berantiarreko ezaugarriak dituzte. Hala ere, XVI. mendearen erdialdera, kabildoak proiektua aldatzea erabaki zuen eta alboetako nabeak nabe nagusiaren altueraraino igo zituen. Gaur ezagutzen dugun elizak areto nabea du, altura bereko hiru naberekin, lehenengo tartean izan ezik, lehenengoan albokoak askoz ere baxuagoak dira eta.
Hiru zutabe lodiz osatutako bi lerrok bereizten dute nabe nagusia alboko nabeetatik. Kapitelak arkuen abiaduretan kokatuta dauden moldura sinplez osatuta daude. Alboetako hormetan erdi zutabeak daude atxikita. Zutabe nagusien antzekoak dira. Parpain arkuak karpanel motakoak dira eta arku formeroak erdi puntukoak, hirugarren tartekoak izan ezik, horiek arku zorrotzak dira eta.
Gangak gurutzeriakoak dira konplikazio ugarikoak, bata bestearengandik ezberdina, alboko nabeetako ganga simetrikoak izan ezik, horiek binaka berdinak dira eta. Alboko nabe bakoitzeko lehenengo, hirugarren eta laugarren tartea tertzeletak dituen ganga batez estalia dago; trazeria zuzenekoa da. Bigarren tartean nerbio batzuk erditik kanpora doaz.
Ansidearen ganga sei puntako izarraren itxurakoa da eta nabe nagusiko lehenengo tartearekin lotzen da. Bigarren tartekoa polarra da, zirkulu txiki bat eta karratu itzuli handi bat daukan tertzeletea. Hirugarrenak angeluzuzen ertaina dauka poloaren inguruan. Laugarrenak tertzeletak eta konbatuak dauzka. Koruak nabe nagusiko azken tartea hartzen du; arku eskartzano baten gainean dago. Korua XVII.mende hasierakoa da. Beheko korua tertzeleteak eta kontratertzeletak dituen gangaz osatzen da. Argia bao txaranbeldunetatik sartzen da; bigarren tartekoak arrosa leihoa dauka.
Sakristia absidera erantsita dago; absidetik hel daiteke sakristiara. Bi tarte dituen ertz gangarekin eraiki zen XVIII. mendean.
Elizak bi sarrera ditu; albokoa da sarrera nagusia: oso ederra eta lerdena. Eguzkiaren portada du izena eta bertako dekorazioan errenazimentua eta gotiko loretsua nahasten dira. Arku zorrotzekoa da, arkiboltak eta hiru multzo baketoi dauzka, sokaz lotutako dekorazioa eta bolak dituelarik. Bi bao dauzka, arku karpanelean. Baoak mainel batekin bereizten dira eta Ama Birjina umearekin erekusten duen harrizko irudi bat dauka mainelak. Bao bakoitzean aingeru figura bana dago. Ama birjinaren gainean drosel gotiko filigranatu bat dago. Tinpanoa apainduta dago. Arku zorrotzaren gainean erremate konopial bat dago. Albokoak oso zutabe mehez errematatzen dira, orratzak bailiran. Zutabeen kuspidean loroiak antzematen dira. Goiko aldea bolak dituen ilara batean kokatzen da. Beste sarrera, elizaren oinetan dagoena, diseinu klasistagoarekin egin zuten, XVII. mendean. Bi gorputz dauzka: behekoak sartzeko baoa dauka, erdi puntukoa. Lau zutaberen artean kokatzen da; zutabe horiek taulamendu bati eusten diote.
Taulamendua ertzetan pinakuluez errematatuta dago. Gorputz biak elkartuz pinakuluak goiko oineko taulamenduarekin lotzen dituzten erroleoak daude. Oin horrek nitxo laua dauka tinpanoaren azpian eta bola erremateak.
Kanpaien dorreak, harlanduzkoa bera, lau gorputz eta zokalo bat dauzka. Kanpaien gorputzak erdi puntuko lau bao dauzka, kanpaiak edukitzeko, eta gainean harlanduz errematatutako kupula, albo banatan pinakuluak dituela.
Eraikin guztia dago harlanduz eraikia: hormak, kontrahormak, dorreak...
KULTURA SAILA:
FAIDOKO
HAITZETAKO ANDRE MARIAREN ELIZA
MONUMENTU BERREIZENDATU DA
Kultura Sailburuak aurkezturik, Urizaharra-Peñacerradako Faido herrian Haitzetako Andre Mariaren eliza monumentu gisa Kultur Ondarea kalifikazioarekin babestea erabaki du. Gaur onartu den izendapenaren bidez, Kultura Sailaren 1984ko uztailaren 17an 265/1984 dekretuaren bitartez ezarritako babesa 1990eko Kultur Ondare Legearen aurreikuspenetara ekartzen da. Horrela, Faidoko elizari eta beronen inguruari babes eremua ezarri zaio eta Kultur Ondare Legearen araberako ondarearen deskripzioa egin zaio.
Urizahartik pixka bat aparte, hegoaldera joanda eta haitzen inguruan, aurkitzen da Haitzeko Andre Mariaren eliza. Bertaraino joateko bide bat dago, eta bidearen amaieran, eskailera eta plataforma bat, elizako atearen aurrean hain zuzen ere. Haitz baten zuloak aprobetxatuz haitzari itsatsita egindako eraikina da, eta hortik datorkio izena. Bi zati ditu: haitzari atxikitako atondoa eta bertan zulatutako tenplua. Ermitako kanpandorre txikia haitzaren gainean eraiki zen.Aipatutako atondoa harri-hormaz egindako eraikina da eta horma-bular sendoak ditu kanpoaldera. Sarrera arku bikoitzekoa da eta ez du inolako apaingarririk. Portadaren alboan leihate gotiko bat dago, arku bikoitzekoa, maineladuna eta oso primitiboa. Goiko solairuak lau leiho ditu alde handienean eta beste bat aurrealdean.
Kultura Sailak Faidoko Haitzetako Andre Mariaren eliza Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitutako Kalifikatutako Kultura Ondasunen Erroldan inskribatuko du eta gaur onartutako Dekretuaren berri Jabego Erregistroari, interesdunei, Peñacerrada-Urizaharrako Udalari eta Arabako Foru Aldundiko Kultura, Hirigintza eta Ogasun Sailei jakinaraziko zaie. Aldi berean, Kultura Sailak Urizaharrako Udalari hirigintzako araudia Legeak dion arabera egokitu eta moldatu dezala eskatuko dio eta egokipen hori gauzatu bitartean, Monumentu izendapenaz eragindako eremuan egin beharreko lanak Arabako Foru Aldundiak onartu beharko ditu.
Monumentuaren deskripzioa:
Urizaharratik pixka bat aparte, hegoaldera joanda eta haitzen inguruan, aurkitzen da Haitzeko Andre Mariaren eliza. Bertaraino joateko bide bat dago, eta bidearen amaieran, eskailera eta plataforma bat, elizako atearen aurrean hain zuzen ere.
Haitz baten zuloak aprobetxatuz haitzari itsatsita egindako eraikina da, eta hortik datorkio izena. Bi zati ditu: haitzari atxikitako atondoa eta bertan zulatutako tenplua. Ermitako kanpandorre txikia haitzaren gainean eraiki zen. Aipatutako atondoa harri-hormaz egindako eraikina da eta horma-bular sendoak ditu kanpoaldera. Sarrera arku bikoitzekoa da eta ez du inolako apaingarririk. Portadaren alboan leihate gotiko bat dago, arku bikoitzekoa, maineladuna eta oso primitiboa. Goiko solairuak lau leiho ditu alde handienean eta beste bat aurrealdean.
Beheratutako bi arkuk bereizten dituzte portikoa eta haitzean zulatuta dagoen nabea. Erretaula harrizkoa da, zuria eta XVIII. mende amaierakoa. Erretaularen erdian Haitzeko Andre Mariaren irudia dago: “Andra Mari” tankerakoa da, eta gotikoa izanagatik ere, erromanikoaren eragin nabaria du, eta XIII. edo XIV. mendean egindakoa da.
Korua lau harmailaren gainean dago –nabea baino zertxobait gorago, beraz–, eta nabearekin elkartzeko pasabide bat eta bi leihate ditu; biak ere haitzean zulatuta.
Barneko horman bi bao daude, bi-biak harrian zulatuta. Horietako bat bataiategia da: monolito-harri bat du, oso zakarra eta antzinakoa, eta bataiarri moduan erabiltzen dena. Besteak hilobiak ditu lurzoruan. Ermitaren arkupetik bigarren solairura igotzen da. Lehen aipatutako atondoaren gainean eraikita dago eta erromesek eta kofradiakideek batzargela bat eta aterpea izan zezaten eraiki zen.
Bigarren solairu horretatik, beste zenbait baotara joaten da, segur aski, monje-eremutarren gelak izango zirenetara. Solairu horretan, labar-tenplua izan zenaren arrastoak ageri dira: zirkulu-erdi formako absidea zuen, haitzean zulatutako kanoi-ganga, hilobia lurzoruan eta gorriz pintatutako arbola bat horman.
Teilatuaren gainean antzinako inskripzioak dituen bao bat dago.
KULTURA SAILA:
FORUAKO ARKEOLOGIGUNEAREN
MONUMENTU IZENDAPENA
Kultura Sailaren eskariz, Gobernu Batzordeak Foruako Arkeologigunea kultur ondare kalifikatu gisa monumentu multzo izendatzea erabaki du. Era honetara Bizkaiko Foruan kokatutako aztarnategia mugatu eta babesten da. Foruako arkeologigunean Erromatar garaiko herria kokatzen da eta E.A.En diren garratzitsuenetariko da eta gisa hoentako bakarra Bizkaian.
Monumentu izendapenarekin batera babestutako eremua ezarri da eta berorretan onartutako erabilerak zehaztu dira. Foruako arkeologigunea oso garrantzi handiko da, bertan Foruako erromatar-herrixkak maldan zulatutako egitura-multzoak ditu, hegalaren hegoaldean pilatuta. Harearrizko harri-hormaz edo silarrixkaz eginda daude, antza denez, Baldatikatik gertu dagoen eremutik ateratakoez. Harrien arteko elkarketa buztinezkoa da. Zoruak lurrezkoak dira, dela zapaldutakoa, dela egositakoa. Lateres edo harlauzaz egindako zoladurak ere badaude. Estaldurak mota askotakoak dira, batzuk tegulae eta imbrices erabiliz egin dira, baina badaude lauzazko estalkiak, bai eta egurrezkoak ere. Egituren zati handi batek eraikin ofizialaren itxura gehiago dute etxebizitzarena baino. Muinoaren hegoaldean dagoen harresi zatia ere nabarmentzeko modukoa da, nukleoaren defentsa izan zitekeenaren zatia izan daitekeena. Metro bateko lodiera duen murrua da, eta metro bateko sakonerako zulo bat du kanpoaldean.Nabarmentzekoa da, baita ere, aurkitutako egituren barruan, ia modu sistematikoan, burdina lantzeko labeak aurkitu direla. Horrek nolabait pribatua ez zen leku bat dela pentsatzeko bide ematen digu.
Aurkitu diren egituren erakusgarri, baliagarri zaigu aztarnategian estratigrafikoki hobekien dokumentatuta dagoena. Eliza N-634 errepidearekin lotzen duen errepideak mozten du hegoaldeko hegalean. Flavia garaian, buztinaz trabatutako lauzen bidez eraiki zen, baina ertzetan harlanduak ditu, eta horrek egiturari ematen dion sendotasunak solairu bakar bateko eraikin bati legokiokeena baino garaiagoa izan zitekeela adieraz dezake. Lau barruti eta patio bat dira, eta barruti horietako batzuek hormara itsatsitako sutondoak eta zapaldutako lurrezko edo hareharrizko lauzazko lurzoruak dituzte. Barrutiek erregulartasun nabarmena dute: bakoitzak 25 m2-ko azalera du. Kanpoaldean, murruen inguruan, lubaki bat dago, agian, funtzio bikoitza zuena: drainatzea eta babesa ematea. Oro har, eraikin horrek, bere egituragatik eta kokapenagatik, egonlekuaren defentsaren ondoan eta ibaia menderatuz, nolabaiteko izaera militarra islatzen du, edo, behinik behin, izaera ofiziala, nahiz eta hautemate hori, oraindik orain, hipotesi bat baino ez den.
K.o. II. mendean eraikin bat atxiki zitzaion eta eremu horretako zuloa deuseztatu zen. Eraikin horrek bi labe metalurgiko zituen. Ondoren, III. mendearen amaieran eta IV. mendearen hasieran, espazioa berriz moldatu zen, eta erabiltzen ez ziren labeen gainean lurzorua zolatu egin zen. Drainatze-sistema erabiltzen jarraitu zen, bere horretan geratu zen zatian, IV. mendearen erdialdera arte.
Aztarnategiarekin lotutako materialari dagokionez, aipatutako datu epigrafikoek I. mendekoak diren elementu aloktonoak direla adierazten dutela dirudi. Lanetan zehar aurkitutako altzariek ekoizpen sudgalikoko terrakota ugari aurkezten dute, baita Errioxako buztinak ere. Horma finetako zeramika ere badago eta zeramika arruntak mundu erromatarraren ezaugarriak ditu.
KULTURA SAILA:
BILBOKO OLBE-ABAORENTZAKO
DIRULAGUNTZA
Kultura sailburuak aurkeztuta, Gobernu Batzordeak Bilboko OLBE-ABAO opera elkartearentzat dirulaguntza berezia ematea onartu du. Dirulaguntza 150.253 eurokoa izango da eta OLBE-ABAOren 50. urteurrenaren baitan Zigor opera aurkezteko egindako gastuen zati bat finantzatzera luzatuko da.
KULTURA SAILA:
ANTZERKI PRESTAKUNTZARAKO LAGUNTZAK
Gobernu Batzordeak, Kultura Sailaren proposamenaren harira, antzerki alorreko profesionalen prestakuntza sustatzera bideratutako deialdia onartu du. Alor honetan, Kultura Sailak 150.253 euro hornitutako lan ildoa jarri du abian antzerki prestakuntzaren sustatzeko(aktore eta enparauen prestakuntza ) horretara zuzendutako egitasmo desberdinen bitartez.
KARGU-KENTZE ETA IZENDAPENAK:
KULTURA SAILA
KARGU-KENTZEAK
• Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordea: Imanol Agote Alberro jauna.
• Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaaria: José Luis Madrazo Juanes jauna.
Azken eguneratzea: 2003-07-1
Dpto. Lehendakaritza