Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2024ko maiatzaren 8koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan enpresen gizarte-erantzukizuna hedatzeko eta ezartzeko laguntzen deialdirako oinarriak onartu eta 2024rako deialdia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Lan eta Enplegu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 96
  • Hurrenkera-zk.: 2339
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2024/05/08
  • Argitaratze-data: 2024/05/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Ekonomia

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuaren 2024ko martxoaren 5eko Aginduaren bidez onartutako Lan eta Enplegu Sailaren 2024-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak eta Eusko Jaurlaritzaren 2024ko Aurrekontuaren Memoriak aurreko ekitaldiko dirulaguntza-lerroei eusten diete, eta EAEko enpresei emandako laguntza eta bultzada indartzen dute, Garapen Jasangarriko Helburuekin bat egiteko. Dirulaguntzen Plan Estrategiko hori Eusko Jaurlaritzaren «www.euskadi.eus» web-orrian dago argitaratuta, sailari eskainitako espazioaren barruan, eta «Plan estrategikoa» atalean.

Laguntza-lerro honek aurreko urteetako dirulaguntza-jarduerak indartzen ditu. Aurreko ekitaldietako emaitzak aztertuta, ikusten da EAEko enpresek jasangarritasun-estandarretara egokitzeko duten interesa pixkanaka handitzen ari dela, eta onuradunen kopurua esponentzialki hazten ari dela.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legea onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak adierazitakoa kontuan hartuz, lehendakariaren apirilaren 26ko 16/2024 Dekretuak, Jaurlaritzaren Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua kargutik kentzea xedatzeko denak, 2. artikuluan ematen dizkidan ahalmenez, honako hau

Onartzea enpresen gizarte-erantzukizuna euskal autonomia erkidegoan hedatzeko eta ezartzeko 2024. urterako laguntzen oinarriak. oinarri horiek agindu honen eranskinean daude jasota.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Aplikatu beharreko araudia.

Oinarrietan aurreikusita ez dagoen guztian, honako hauek aplikatuko dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak (lege orokor hori garatzeko, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua eman zen, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena), eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 8a.

Lehendakariaren apirilaren 26ko 16/2024 Dekretuak 2. artikuluan ematen dizkidan ahalmenez baliatuz.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.

  1. oinarria. Xedea.

    Agindu honen xedea da Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Enplegu Sailaren bitartez, 2024. urtean Euskal Autonomia Erkidegoan enpresen gizarte-erantzukizuna hedatu eta ezartzeko emango dituen laguntzen deialdia egiteko oinarriak onartu eta 2024. urterako deialdia egitea.

  2. oinarria. Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

  1. Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jarduera hauetakoren batek zuzenean eragindako gastuak finantzatzeko dirulaguntzak izango dira:

    1. Enpresen gizarte-erantzukizuna ezartzea enpresetan, jasangarritasun-memoriak eginez. Jasangarritasun-memoriek GRI, SG21, ISO2300 edo gisako metodologiei jarraitu beharko diete. Kontabilitate sozial aplikatuari buruzko memoriak egitea ere diruz lagundu ahal izango da.

    2. Garapen Jasangarriko Helburuei (GJH) egindako ekarpenaren diagnostikoa egitea Gizarte Ekonomiakoak ez diren enpresetan, behar bezala kualifikatutako eta estandarizatutako tresna edo formularioen bidez, oinarri honetako a) letran aipatutakoak egokitzeko aukera barne.

    3. Diagnosia egitea jakiteko zer ekarpen egiten zaien garapen jasangarrirako helburuei (GJH) gizarte-ekonomiako enpresetan; horretarako, enpresa horientzat berariaz diseinatutako tresnak edo formularioak erabiliko dira.

    4. Enpresen gizarte-erantzukizunaren kultura eremu publikoetan, enpresarialetan eta korporatiboetan hedatzeko eta haren inguruko ikerketa egiteko jarduerak. Gizarte-kontabilitate aplikatuaren inguruko ikerketa ere diruz lagundu ahal izango da.

      2.1.b) eta 2.1.c) oinarrietako GJHei egindako ekarpenaren diagnostikoak eduki hauek izan beharko ditu:

      GJHei buruzko banakako AMIA diagnostikoa, enpresarentzat eta haren interes-taldeentzat garrantzitsuak diren GJHak identifikatzeko aukera emango duena.

      Enpresan epe ertainerako Jasangarritasun Plan bat egitea.

      Etengabeko komunikazio-plana garatzea AMIAren eta haren ondorioen ondoren identifikatutako alderdi materialei buruz, gutxienez urtean behin.

      1. Agindu honen indarrez diruz lagunduko diren jarduerek aurten hasi behar dute, eta 2024ko abenduaren 31 baino lehen amaiturik egon.

      2. Deialdi honen ondorioetarako, dirulaguntza bakarra eman ahal izango zaio entitate eskatzaile bakoitzari, eta diruz lagundu daitekeen jarduera bakarra egiteko.

        2.1.a), 2.1.b) eta 2.1.c) oinarrietan jasotako jarduerak behin bakarrik lagundu ahal izango dira diruz enpresa eskatzaile bakoitzeko; eskatzailea enpresa-elkarte bat bada, berriz, behin bakarrik lagundu ahal izango da diruz enpresa elkartu bakoitzeko.

        2.1.a) oinarrian jasotako jarduera ezartzearen ondoriozko ziurtagirien kasuan, egindako lehen ziurtagiria bakarrik lagundu ahal izango da diruz. Gerora egiten diren berritzeak ez dira inola ere diruz lagunduko.

      1. oinarria. Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

      1. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari inolako zalantzarik gabe dagozkionak, behar-beharrezkoak direnak eta epearen barruan egiten direnak. Eskabidearekin batera aurkeztuko den aurrekontu-plangintza Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak egiaztatuko du, erabakitzeko ea plangintza hori egokia den aurkeztutako jarduerak egiteko.

      2. Gastu hauek lagundu ahal izango dira diruz:

        1. Barruko gastuak: Enpresa edo entitate onuraduneko langile propioen gastuak, baldin eta esku-hartzaileek diruz lagundutako jarduerak garatzen zuzenean parte hartu dutela eta horretarako trebakuntza dutela egiaztatzen bada. Kasu horretan, barneko langileen ordainsariak egotzi ahal izango dira, onartutako jardueran aritutako denboraren proportzioan.

        2. Kanpoko gastuak. Diruz lagundu ahal izango dira aurkeztutako ekintzak egiteko beharrezkoak diren zerbitzuak, aholkularitza-lanak eta abar kontratatzeko gastuak.

      3. Dirulaguntza jaso dezaketen gastuen erosketa-kostua inoiz ez da izango merkatuko balioa baino handiagoa.

      4. Egindako gastutzat hartuko dira dirulaguntzaren oinarri arautzaileetan ezarrita dagoen justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak.

      5. Tributuak diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira, baldin eta dirulaguntzaren entitate onuradunak egiazki ordaintzen baditu eta diruz lagundu daitekeen jarduerarekin zerikusia badute. Zeharkako zergak ez dira inoiz diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko, berreskuratu ahal baldin badira.

      1. oinarria. Baliabide ekonomikoak, esleipen-prozedura eta emateko mugak.

      1. Agindu honen xedea betetzeko, ehun eta berrogeita hamar mila euro jarriko dira (150.000).

      2. Laguntzak esleitzeko, lehiaketarik gabeko norgehiagoka-prozedura erabiliko da. Prozedura horretan, eskabide guztiek izango dute aukera deialdiaren xede diren laguntzak jasotzeko, garaiz eta behar bezala formulatzen badira eta betekizun objektiboak eta subjektiboak betetzen dituztela egiaztatzen badute. Horretarako, kalkulatuko da zer zenbateko dagokion eskabide bakoitzari, aintzat hartuta zein diren agindu honetako 9. oinarrian aurreikusten diren gehieneko portzentajeak eta zenbatekoak.

      3. Zenbateko horiei dagozkien dirulaguntzak esleituko dira, baldin eta artikulu honetako 1. apartatuan adierazitako zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada aurreko apartatuan adierazitakoaren arabera hasiera batean kalkulatutako zenbatekoak ordaintzeko. Hala ez bada, sobera geratzen den zenbatekoarekin, murrizketa proportzionala aplikatuko zaie kalkulatutako zenbatekoei, harik eta zuzkidura hori nahikoa izan arte eskabide guztiei aurre egiteko.

      4. Ezin izango da guztira 50.000 euro baino gehiago bideratu 2.1.d) oinarriko hedapen-jardueretarako. Onuradun izateko baldintza guztiak betetzen dituzten entitate eskatzaileen arabera, onartutako zenbatekoa nahikoa ez bada, haien arteko murrizketa proportzionala aplikatuko da.

      5. oinarria. Entitate onuradunak.

      1. Jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten entitateek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak, zehaztapen hauei jarraikiz:

        a) oinarriko jardueretarako: enpresa txiki eta ertainak, bai eta enpresa-elkarteak ere, enpresa elkartuak biltzen dituen eskabidea aurkezten badute. Azken kasu horretan, elkarteek jasangarritasun-memoriaren kostu osoa ordainduko dute elkartutako enpresa bakoitzeko, eta agindu honen 11. oinarrian jasotako zenbatekoen arabera zehaztutako kopuruaren onuradun izango dira.

        b) oinarriko jardueretarako: Gizarte Ekonomiakoak ez diren enpresak.

        c) oinarriko jardueretarako: Gizarte-ekonomiako enpresak

        d) oinarriko jardueretarako: Unibertsitateak, enpresaburuen elkarteak eta enpresen gizarte-erantzukizunaren sustapenean edo kudeaketa aurreratuan espezializatutako entitateak.

        2.1.a) oinarriko jardueretarako, enpresa-elkarteek eskabide bakarra aurkeztu ahal izango dute, diruz lagun daitekeen aipatutako ekintzarako eskaera egin nahi duten enpresa elkartuak biltzen dituena. Enpresa horiek espresuki emango diote ordezkaritza, izapide honetarako, kide diren enpresa-elkarteari, 6.8 oinarrian ezarritako baldintzetan.

      1. Agindu honen bidez iragarritako laguntzen onuradun izateko, entitate eskatzaileek betekizun hauek bete behar dituzte:

        1. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea. Gainera, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izan beharko dituzte.

        2. Ez izatea ezarrita zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako desgaitzen duen debekurik ere.

        3. Ez izatea ezarrita zigor administratibo edo penalik, sexuan oinarritutako diskriminazioa egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik.

        4. Beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuei dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari.

        5. Hala badagokio, erantzukizunpeko adierazpena egitea agindu honen xede den laguntza eman baino hiru urte lehenagoko de minimis laguntzei buruz. Baterako eskabideak badira, enpresa edo entitate bakoitzak berari dagokion egoerari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du.

        6. Berdintasun-plana indarrean edukitzea, Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurriak izatea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

        7. 50 bazkide baino gehiago dituzten kooperatiba-sozietateen kasuan, bitarteko espezifikoak jartzea kooperatiba indarkeria sexistarik gabeko eremua izan dadin.

        8. Hitzematea ez duela enpresa deslokalizatuko.

        9. Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1., 2., 3. eta 4. apartatuetan aurreikusitako egoeretako batean.

      2. Aurreko apartatuan adierazitako betekizunak betetzea beharrezkoa da onuradun izatera iristeko, eta, orobat, onuradun izaten jarraitzeko dirulaguntza likidatu arte. Zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean izateko betekizuna bi unetan egiaztatuko da: dirulaguntza ematea erabakitzen denean eta ordainketak egiten direnean.

      1. oinarria. Eskabideak aurkeztea.

      1. Dirulaguntzen eskaerak egoitza elektroniko honetan egongo dira: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1011807/

      2. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

      3. Entitate eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, aukeran. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

      4. Agindu honetan aurreikusitako laguntzetarako eskabideak bitarteko elektronikoak erabiliz izapidetuko dira.

      5. Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (hor daude jasota izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak) helbide honetan dago: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1011807/

      6. Eskabidearen ondorengo izapideak egiteko (jakinarazpenak barne), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

      7. Helbide honetan daude eskuragai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

      8. Prozedura osoa ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango da; horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ahalordeen Erregistroan inskribatu behar da ordezkaritza, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

      9. Eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela, salbu eta, arrazoiak emanez, baimen horren aurka agertzen bada. Kasu horretan, entitate eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako agintaritza eskudunen ziurtagiriak.

      1. oinarria. Nahitaezko dokumentazioa.

      1. Agindu honetan araututako laguntzak eskuratzeko eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

        1. Aurreikusitako jarduerak zergatik eta zertarako egin nahi diren zehatz-mehatz azaltzen duen memoria. Memoria horrek nahitaez jaso behar ditu honako hauek:

          Erabili beharreko giza baliabideak eta baliabide materialak.

          Aurkeztutako proiektuaren partiden aurrekontu zenbatetsia eta zehatza, barne hartuta aurreikusitako diru-sarreren zerrenda edo gastuen finantzaketa-plana.

          Diruz lagundu daitekeen jardueraren garapena deskribatzen duen egutegia.

        2. Alderdi hauek egiaztatuko dituen erantzukizunpeko adierazpena:

          Entitate eskatzailea xede eta helburu bererako laguntza edo dirulaguntzarik jasotzen ari den administrazio publiko edo entitate pribatuetatik.

          Entitate eskatzaileak ez duela ezarrita zigor penalik edo administratiborik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzea galarazten dionik.

          Entitate eskatzaileak ez duela ezarrita dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko desgaikuntza berekin dakarren legezko debekurik, berariaz kontuan hartuta sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak.

          Entitate eskatzaileak hitzematen duela ez duela enpresa deslokalizatuko.

          Entitate eskatzaileak konpromisoa hartzen duela agindu honetan araututako dirulaguntzaren xede den jarduerarako gainfinantzaketarik ez izateko.

          Entitate eskatzaileak de minimis araubideari lotutako dirulaguntzarik eskuratu duen, agindu honetan ezarritako laguntza eman baino hiru urte lehenagoko aldian.

          Entitate eskatzaileak berdintasun-plana indarrean duela, Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Betekizun hori ofizioz egiaztatuko da, gerora Euskal Autonomia Erkidegoko Hitzarmenen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroa kontsultatuz. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurriak dituela, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

          50 bazkide baino gehiago dituzten kooperatiba-sozietateen kasuan, entitate eskatzaileak bitarteko espezifikoak jarri dituela kooperatiba indarkeria sexistarik gabeko eremua izan dadin.

          Indarrean dauden legeetan ezarritako betebeharrak betetzen dituela.

          Egiazkoak eta osoak direla eskabideko datuak eta aurkeztutako dokumentuak, eta haien egiazkotasunari buruzko erantzukizuna bere gain hartzen duela.

      2. Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin baino lehen, gehienez ere 15 eguneko epean, eskatzaileei eskatuko zaie aurkez ditzatela aurreko apartatuan aipatu den erantzukizunpeko adierazpenean adierazitako betekizunak betetzen dituztela egiaztatzeko agiriak, baldin eta betekizun horiek positiboki egiaztatzea posible bada.

      1. oinarria. Eskabideko akatsak zuzentzea.

      1. Dirulaguntza-eskabideak ez badaude osorik beteta edo ez badira nahitaezko dokumentazioarekin batera aurkezten, entitate eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpen espresua eman eta jakinarazi beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

      2. Entitateren batek eskabidea aurrez aurre aurkeztu nahi izango balu, bide elektronikoz aurkeztu beharra dagoela adieraziko zaio. Ondorio horietarako, eskabidea bide hori erabiliz aurkeztu den eguna hartuko da aurkezpen-datatzat.

      1. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

        Hauek izango dira dirulaguntzaren zenbatekoak eta aplikatuko diren mugak:

        2.1.a) oinarriaren arabera diruz laguntzekoak diren jardueretarako: jardueraren kostuaren % 75; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 3.000 euro jaso ahal izango ditu.

        2.1.b) oinarriaren arabera diruz laguntzekoak diren jardueretarako: jardueraren kostuaren % 75; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 2.000 euro jaso ahal izango ditu.

        2.1.c) oinarriaren arabera diruz laguntzekoak diren jardueretarako: jardueraren kostuaren % 75; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 2.000 euro jaso ahal izango ditu.

        2.1.d) oinarriaren arabera diruz laguntzekoak diren jardueretarako: jardueraren kostuaren % 75; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 25.000 euro jaso ahal izango ditu.

      2. oinarria. Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

      1. Agindu honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein administraziok edo ente publikok xede eta helburu bererako ematen dituen bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen baturak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren kostu osoa gainditu, ezta agindu honen 9. oinarrian aurreikusitako muga aplikagarriak ere.

      2. Agindu honen babesean emandako laguntzarekin batera entitate onuradunak beste laguntzaren bat jaso badu beste administrazio publiko edo ente publiko batetik, arrazoi eta xede berarekin, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jarduketaren kostua edo agindu honen 9. oinarrian jasotako muga aplikagarriak gainditzen baditu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa murriztuko.

      1. oinarria. Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.

      1. Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzako teknikariei dagokie agindu honetan aurreikusitako laguntzak aztertu eta kudeatzea.

      2. Gizarte Ekonomiaren zuzendariak emandako ebazpen bakar baten bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar hori eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatutakoaren arabera.

        Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortzen; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

      3. Agindu honen babesean aurkeztutako eskabideak espresuki ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabete izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe horretan ez bada ebazpen espresurik eman eta jakinarazi, eskabideak ezetsi direla ulertuko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.

      4. Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta hargatik eragotzi gabe eskatzaileei banaka egingo zaien jakinarazpen espresua, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean dirulaguntza zer entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer entitateri aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak.

      1. oinarria. Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

      1. Dirulaguntzak zatika ordainduko dira, honela:

        1. Lehenengo zatia, guztizko dirulaguntzaren % 60, gutxienez zenbateko horren adinako gastua justifikatutakoan.

        2. Bigarren zatia, gainerako % 40a, diruz lagundutako jarduera edo jarduerak amaitutakoan.

      2. Dirulaguntzaren bigarren zatia ordaintzeko, entitate onuradunak dirulaguntzaren justifikazio-kontua aurkeztu behar du; informazio hau jaso beharko du kontu horrek:

        1. Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria.

        2. Jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua, zenbatekoa adierazita, hartzekoduna identifikatuta eta ordainketa efektiboa egin den data zehaztuta. Gastuak eta diru-sarrerak justifikatzen dituen eredua erantsi da, egoitza elektronikoan ere eskuragarri dagoena: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1011807/

        3. B letran adierazitako zerrenda sailkatuan jasotako gastuak justifikatzeko dokumentazioa. Gastu horiek fakturen bidez egiaztatuko dira, edo merkataritza-trafikoan fakturen froga-balio bera duten edo administrazioan eraginkorrak diren bestelako agirien bidez.

        4. Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera eta dirulaguntza batzuen zerrenda, zenbatekoa eta jatorria adierazita, halakorik badago.

        5. Hala badagokio, Gizarte Segurantzako TC1 eta TC2 ereduen kopia, proiektua garatu den hilabeteei dagokiena, jardueran parte hartu duten langileak TC2 ereduan identifikatuz. Enpresaren edo entitatearen legezko ordezkariaren ziurtagiri bat aurkeztuko da, partaideek diruz lagundutako proiektuan izan duten partaidetzaren ehunekoari buruz.

        6. Hala badagokio, itzulketaren ordainketa-gutuna, baldin eta aplikatu gabeko gerakinik badago edo gerakin horietatik eratorritako interesik badago.

      3. Aurreko apartatuan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilekoa izango da, diruz lagundutako ekintzak amaitzen direnetik aurrera, eta, betiere, 2025eko urtarrilaren 15a baino lehen aurkeztu beharko da dokumentazio hori.

      4. Entitate eskatzaileari laguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, emandako laguntzaren ordainketa jasotzeko Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena. Erregistratu gabe egonez gero edota jasota dauden datuak aldatu nahi izanez gero, alta edo aldaketa egin daiteke https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

      1. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.

        Entitate onuradunek betebehar hauek konplitu beharko dituzte:

        1. Dirulaguntza zertarako eman zaion, jarduera hori egitea.

        2. Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren aurrean justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela.

        3. Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren egiaztatze-jarduketei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jarduerei men egitea, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoan ezarritako jarduerei eta beste kontrol-organo batzuek finantzaketa dela-eta egin ditzaketen jarduketei men egitea ere.

        4. Beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuetatik dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jasotzen badituzte xede bererako, horren berri ematea Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari. Dirulaguntzak edo dena delako baliabideak jaso direla jakin bezain laster bidali beharko da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

        5. Dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein egoera objektibo zein subjektibo aldatu bada, horren berri ematea Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari. Dirulaguntzak edo dena delako baliabideak jaso direla jakin bezain laster bidali beharko da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

        6. Egiaztatzea egunean dituela hala zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak nola dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraituz (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).

        7. Jasotako funtsen aplikazioa justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapen- edo kontrol-jardueren xede izan daitezkeelako.

        8. Hala badagokio, jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotako zenbatekoa itzultzea.

        9. Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituzten hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.

        10. Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea, eta, bereziki, euskararen erabilera.

        11. Berdintasun-plana indarrean edukitzea, Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurriak izatea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

        12. 50 bazkide baino gehiago dituzten kooperatiba-sozietateen kasuan, bitarteko espezifikoak jartzea kooperatiba indarkeria sexistarik gabeko eremua izan dadin.

        1. Enpresa ez deslokalizatzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

        2. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotako beste edozein betebehar.

      2. oinarria. Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

      1. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 16.4 artikuluan ezartzen duenez, oinarri erregulatzaileetan baimendutako kasuetatik aparte beste ekarpen batzuk ere izaten badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da. Ondorio horietarako, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluko eskakizunak betetzen direnean, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak aldaketa egiteko ebazpena emango du, zeinaren bidez emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko baitira, eta, hortaz, entitate onuradunek itzuli egin beharko dituzte neurriz gain jasotako zenbatekoak.

        2.1.a), 2.1.b) eta 2.1.c) oinarrietan jasotako jardueren kasuan, dirulaguntzaren behin betiko onuradun izateko gutxieneko baldintza jasangarritasun-memoria edo diagnostikoa egitea izango da. 2.1.d) oinarriko jarduerei lotutako ez-betetze partzialik bada, agindu honen 15.2 oinarrian adierazitakoaren arabera jokatuko da.

      1. oinarria. Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

      1. Entitate onuradunak ez baditu betetzen Agindu honetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betekizunak, eta, halakorik bada, dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, dirulaguntza galdu egingo da, eta bi hilabeteko epean itzuli egin beharko zaizkio Eusko Jaurlaritzako Diruzaintza Nagusiari jasotako zenbatekoak, osorik edo zati batean, bai eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesa ere. Horretarako, Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak espedientea ireki beharko du, eta entzunaldia eman beharko dio entitate interesdunari, hamabost eguneko epean.

      2. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez-betetzeen maila zehazteko, eta beti proportzionaltasun-printzipioa betez, entitate onuradun batek hasieran aurkeztutako aurrekontuaren % 60 gutxienez gauzatzen duenean, gauzatu gabeko jarduerari dagokion zenbatekoa itzuli beharko du edo, hala badagokio, ordainketa partziala egingo zaio eta galdu egingo du gauzatu ez duen jarduketari dagokion zati proportzionala kobratzeko eskubidea, betiere proiektuaren edo proiektuko fasearen helburuen betetze maila nabarmen hurbiltzen bada erabateko betetze mailara eta entitate onuradunak egiaztatzen badu bere jarduna konpromisoak betetzera bideratuta egon dela zalantzarik gabe.

      3. Arau-hauste administratibo diren kasuetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen IV. titulua aplikatuko da, han arautzen baitira dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboak.

      1. oinarria. Dirua itzultzeko prozedura.

        Aurreko oinarrian aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

        1. Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpen bidez jakinaraziko dio entitate onuradunari dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta zergatik hasi den prozedura hori; horretaz gainera, 15 eguneko epea emango dio, egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

        2. Alegazioak jasota edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, organo eskudunak ebazpen baten bidez xedatuko du dagozkion kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, bi hileko gehienezko epea emanez horretarako, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko epea izango da.

          Itzulketa-prozedura ebazteko gehienezko epea hamabi hilabete izango da.

        3. Borondatez ordaintzeko epean itzulketarik egiten ez bada, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, hark premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa diren legezko arauek xedatutakoari jarraikiz.

          17 oinarria. Datuen babesa.

          1. Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu behar diren gainerako arauetan ezarritakoaren arabera tratatuko dira.

          2. Datu-babesari buruzko informazio xehatua lortzeko, helbide honetara jo daiteke: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2023/rse-2023/web01-tramite/eu/

          1. oinarria. De minimis laguntzak.

          1. Agindu honetan jasotako eta 2.1.a), 2.1. b) eta 2.1.c) oinarrien babesean onartutako laguntzek edo dirulaguntzek erregelamendu hau bete beharko dute: Batzordearen (EB) 2023/2831 Erregelamendua, 2023ko abenduaren 13koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L, 2023/12/15ekoa).

          2. Laguntza eskatzen duenak aurreko hiru urteetan jasotako beste de minimis laguntzei buruzko aitorpena egin beharko du, ziurtatzeko «de minimis» laguntza berriak ez duela gainditzen aipatu erregelamenduan ezarritako gehieneko muga. Beste finantzaketa-iturri batzuk deklaratzeko eredua eta de minimis laguntzak deklaratzeko eredua agindu honen 6.5 oinarrian adierazitako informazio-fitxan jasota daude.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik